Artxiboa laburpen hitzeka: generoa

Euskal pertsona izenen generoaz

Aiora Jaka Irizar

Goitik behera irakurri dut aurten Euskaltzaindiaren Euskal izendegia (2002), jaiotzear zen alabarentzat gustuko euskal izen bat aukeratzeko. Eta hainbat izen (niretzat) ezezagun edo bitxik ez ezik, beste kontu batek ere eman dit atentzioa: ustez neska nahiz mutilentzat balio zuten zenbait izen sexu bakar bati dagokion alderdian aurkitu ditut: ezagutzen ditut Lur izeneko neskak eta mutilak, Hodei izeneko neskak eta mutilak, baita Lizar, Aratz, Araitz, Izar, Amets, Iraultza, Amaiur, Izaro eta Aritza izeneko neskak eta mutilak ere. Bada, Euskal izendegiaren arabera, Lur, Izar, Izaro eta Aritza neskei dagozkie, eta Hodei, Lizar, Aratz, Araitz, Amets, Iraultza eta Amaiur, berriz, mutilei. Sahats eta Elorri izeneko bi neska ere ezagutzen ditut, eta ohartu berri naiz Euskal izendegiak gizonezkoentzat soilik proposatzen dituela bi izen horiek.

Beti izan ditut oso gustuko ustez bai neskentzat bai mutilentzat balio zuten izenak, gizarteak jaiotzen garen unetik beretik ezarri nahi izaten digun genero bereizkuntza horri ihes egiten ziotelako, eta dezepzio handia hartu dut Euskaltzaindiaren Euskal izendegiak halako izen «neutroak» «desneutralizatu» eta genero bakar baten barruan sailkatu dituela ikustean. Horrela jokatzeko zein arrazoi izan dituen ulertzeko, izendegiaren hasierako orrialdeetara jo dut, hitzaurrera eta «Euskal izendegia gauzatzerakoan erabilitako irizpideak» atalera. Argi eta garbi zehazten da hor Espainiako legediak ezarritako baldintza dela pertsona izenetan sexua bereiztea. Halaxe dio, hitzaurrean, Henrike Knörrek:

Zerrenda ontzean gogoan izan ditugu aldioro hizkuntzaren aldetikako egokitasuna, izen-eramaileari zor zaion duintasuna eta beharrezkoa den sexu bereizketa. Baldintza hauetatik azken biak indarrean dagoen Espainiako legeak espresuki aipatzen ditu. (9. or.)

Harritu egin nau datuak, eta eman dit zer pentsatua. Onartzen dut beharrezkoa dela hizkuntza bakoitzeko pertsona-izenen zerrendak araututa egotea, eta Knörrek aipatzen dituen hizkuntz egokitasuna eta izen-eramaileari zor zaion duintasuna zerrenda horiek arautzeko irizpide egokiak iruditzen zaizkit. Baina XXI. mendean sexuak bereiztera derrigortzen gaituzten legeak izaten jarraitzen dugula ikusteak halako ezinegon bat sortu dit. Aspaldi hasiak gara gizarteak inposatzen digun genero bereizketa salatzen, emakumeak «emakume moduan» eta gizonak «gizon moduan» jokatzera, janztera, bizitzera… behartzen gaituzten lege nahiz gizarte-arauak zalantzan jartzen. Izan ere, txiki-txikitatik irakasten zaio haurrari mutila ala neska izaten eta horren arabera jokatzen (aurtengo Kilometroetan kamiseta bat erosi nahi izan nion lau hilabeteko alabari, eta «neska ala mutila?» izan zen saltzailearen lehen galdera; lau hilabete zituen!!!!!); txiki-txikitatik ez, izen bat ematen zaion momentutik baizik. Izena «pertsona barru-barrutik markatzen duen baloretzat» jotzen bada, eta «gizarte mailan norberaren ezaugarri bereizlea» baldin bada (12. or.), argi dago neska-izenak eta mutil-izenak bereizita nesken eta mutilen izaerak ere bereizi egiten direla.

Pentsatzen dut Espainiarenaren antzeko legedia izango dutela beste herrialde askok ere ponte izenei dagokienez. Egin dezatela nahi dutena herrialde horietan, baina iruditzen zait euskarak duen abantailetako bat dela genero gramatikalik eza, eta aukera horretaz balia gaitezkeela behingoz genero markarik izango ez duten izenak sortzeko eta erabiltzeko. Badakit tradizioa aipatuko didatela hizkuntzalari eta araugileek, eta euskal tradizioan izen batzuk gizonezkoentzat erabili izan direla eta beste batzuk emakumezkoentzat. Erantzungo nieke tradizioak ere aldatu egiten direla gizarte-arau, -behar eta -aldarrikapenak aldatu ahala, baina tira, oraingoz ez naiz sartuko erdal izenen ordainak diren eta generoa markatuta dakarten izenekin, ezta santuen euskal izenekin ere, ezta tradizio laburragokoak diren baina arrakasta handia izan duten neologismoekin ere. Baina «azken urteotako proposamenak» deiturikoen kasuan, hots, tradizio laburreko izenen edota are izendegi honetan ageri diren izen berrien kasuan, zergatik mugatu izen bakoitzaren generoa? Naturako izakien, mitologiako pertsonaien, mendi, ermita nahiz herrien edota kontzeptu abstraktuen izenak zeren arabera sailkatzen dira genero baten nahiz bestearen barruan? Zergatik da Enara izen femeninoa eta Ekaitz maskulinoa? Izendegiaren hasieran ematen digu erantzuna Mikel Gorrotxategik:

Hitz arruntetatik eta toponimoetatik hartutako ponte izenen sexu bereizketa, tradizioari segituz egin da, kontuan izanik izen arruntek euskaraz ez dutela genero gramatikalik. Hori dela eta, printzipioz, kontsonantez eta –i, –o, –u bokalez amaitutakoak (Haritz, Ibai…) gizonezkotzat ematen dira, eta –a, –e dutenak berriz, (Ganeta, Iluntze, Loyola…) emakumezkotzat. Baina tradiziozko printzipio honek baditu bi salbuespen. Batetik, Andre Mariaren santutegiak direlako, emakume izentzat ematen direnak (Aitziber, Irantzu, Izaskun…) eta, bestetik, gure historian gizonezkoak izendatzeko erabili direnak, besteak beste, Gartzea, Otsoa, Sendoa… (25. or.)

Ez dakit zenbateraino betetzen den printzipio hori tradizioan; nik behintzat arau bezainbeste salbuespen dagoela esango nuke. Hasieran aipatutako izen-multzoan bertan, Lur, Izar eta Izaro salbuespenak lirateke (kontsonantez edo –o bokalez bukatzen dira; beraz, maskulinoak behar lukete), baita Iraultza ere (printzipio horren arabera, femeninoa behar luke). Eta beste makina bat salbuespen aurki daitezke izendegian, eta ez denak «Andre Mariaren santutegiak direlako» edo «gure historian gizonezkoak izendatzeko erabili» direlako.

Ikusita «tradiziozko printzipio» horrek zenbat salbuespen dituen, ni ez nintzateke hasiko inoiz genero-markarik izan ez duten euskal izen arruntak modu horretan sailkatzen (zinez harrigarriak egin zaizkit hainbat izen-bikote, –a erantsita femenino «bihurtzen» direnak: Amets > Ametsa, Haitz > Haitza, Haize > Haizea, Hodei > Hodeia, Zuhaitz > Zuhaitza…), eta neutro moduan utziko nituzke naturako izakiak (Itsaso, Haizea, Lur, Ekaitz, Sua, Ur, Ibai…), kontzeptu abstraktuak (Amets, Iraultza, Aberri…), izaera-ezaugarriak (Lirain, Eder…), herriak (Nagore, Ainhize, Auritz…) mendiak (Aralar, Aizkorri, Gorbeia…) eta antzekoak izendatzen dituzten izenak.

Badakit oso auzi korapilatsua dela, eta ez dudala nik korapiloa artikulu labur batean askatuko. Badakit, halaber, oso zaila dela Espainiako legediari kontra egitea, eta Euskaltzaindiak ezin diela hainbat gauzari entzungor egin. Badakit, azkenik, Euskal izendegia prestatzen aritu diren hizkuntzalari eta bestelako adituek ikaragarrizko lana egin dutela tradizioa aztertzen eta irizpide batzuk finkatzen. Baina uste dut zilegi dela hainbat kasutan tradizioa auzitan jartzea eta aurrera begirako proposamenak egitea. Eta uste dut oraindik badagoela zer eztabaidatua.

13 Iruzkin

Aiora Jaka atalean

Emakumeak bere buruari nola?

Fernando Rey Escalera

Nire lankide eta adiskide Mikel Vilchesekin batera, Hezurren ondarea liburua euskaratu dut berriki, Dolores Redondoren Legado en los huesos alegia. Edozein itzulpenetan, kontu asko izaten dira zalantza-iturri, baina, oraingoan, bat izan da bereziki bitxia, zer pentsatua eman didana. Azken-azken momentura arte dudan ibili ginen, zer egin ez genekiela: guk gerok hasieran pentsatutakoa egin, edo editoreari kasu egin.

Baina zalantzak eta eztabaidak gogoetarako eta aurrera egiteko bide ona izaten direnez, hemen plazaratuko dut gaia, nahi duenak bere iritzia edo esperientzia kontatu dezan.

Bakarrizketan emakumeak bere buruari nola egiten dion, horixe zen eztabaida.

Liburuan, zenbait pasartetan, Amaia Salazar inspektorearen barne-elkarrizketak ageri ziren, eta zentzuzkoena hiketan jartzea pentsatu nuen, ustez eta hiketan badakienak, normalean, hiketan egiten diola bere buruari.

Eta zer egin genuen? Ba, orain arte genekienari jarraikiz euskaratu. Hiru adibide emanen ditut orain:

1) Zuhurtziaz jokatzeko eskatu zion bere buruari, ongi ohartu zelako horrek guztiak bera probokatzea beste helbururik ez zuela, baina barneko ahots batek erantzun zion: «bai, bazakiat, bazakiat zer lortu nahi duen, baina zergatik ez eman eskatzen duena?».

2) «Odolusten ari nauk, noski!», pentsatu zuen.

3) Eskua armara eraman zuen, baina, une hartan, buru barreneko ahots batek, burla-ahots batek, honela esan zion: «Horixe, polita, pistola bat. Eta horrek, Amaia, zertarako balioko din?».

Ohartuko zaretenez, lehenbiziko bietan toka ari da Amaia, eta hirugarrenean noka, horixe baita (baitzen?) erabilera normalena.

Bilaka ibili naiz han-hemenka, eta zenbait iturrik hala egin behar dela berresten didate.

Hala irakurri dut Euskaltzaindiaren «Euskera» aldizkarian (Leioa, 1994.10.04; Javier Alberdi Larizgoitia, EHU/UPVko irakaslea). «Hitanoa non eta nork erabiltzen duen» izeneko artikuluan, 9. puntuan, honela dio:

Espero zitekeenez, barne-bakarrizketan beste inon eta inoiz baino gehiago erabiltzen bide da hiketa: gizonezkoen kasuan, anaien artean bezainbeste edo maizago eta emakumezkoenean, ahizpen artean baino dezente gehiago.

Bestalde, bada kontuan hartzeko moduko euskaldun-kopuru bat -emakumezkoen artean, bereziki-, bakarrizketaz landa hika noizbait egin arren, bere buruarekin hika mintzatzen ez dena. Datu hau nahiko harrigarria da eta agian hiketaren eta bereziki noketaren izaera markatuarekin du zerikusia.

Hortik aparte, bakarrizketan hika aritzen diren emakumezkoen artean noka da usadioa nor bere buruari mintzatzeko. Hau da, hiztuna bitan banatzen denean, alegia bakarrizketa elkarrizketatuan nahitaez islatu behar da emakumezkoaren sexua (zer egin dun?); emakumea noketa erabili beharrean gertatzen da, solaskide bere burua hartu duela eta bere buruari zuzentzen ari zaiola konturatzen den neurrian. Aitzitik, bakarrizketa den alegiazko elkarrizketan solaskidearen kontzientzia argirik ez baldin badago, hots, hiztun emakumea inori bereziki -ezta bere buruari ere- zuzendu gabe ari baldin bada, orduan toketa nagusitzen da bakarrizketan eta eztabada ere ez da ezinezkoa (Segurola, 1992).

2003ko urriaren 27an, Erabili.com webgunean ere idatzi zuen Xabier Alberdi Larizgoitiak gai berberaz, eta honela zioen:

Hots, itxura guztien arabera, hikako bi generoen arteko aurkakotasunean, noka da buru markatua (edo markaduna) eta toka markatu gabea (edo markagabea). Horretaz, Iñaki Segurolari (1992) eskertu behar diogu duela gutxi egin berri duen ohar argigarria: emakumeak bere buruari zuzentzerakoan nahitaez noka mintzatu beharra du, bera, emakumea, ekintzako “aktantea” den neurrian eta “hik esan ditun esatekoak” tankerakoak erabili behar ditu baitezpada; besterik da (bere buruarekin) alegiazko elkarrizketa dirudien barne-hizketan ari denean baina inori bereziki zuzendu gabe (ezta bere buruari ere) eta bera “aktantea” izan gabe, orduan toka ariko da eta “mamalatu egin nok” bezalakoak jalgiko ditu bere pentsamenduak, hots, mintzalagun jakinik eduki ezean alokutibotasunak eskatzen duen komunztadura tokakoa izango da.

Emakunde-k ere gaiari heldu zion Euskararen erabilera ez sexista izeneko gidaliburuan, 2.1. puntuan (Generoa aditzean: hitanoa).

Ritxi Lizartzak ere argi azaltzen du auzia bere Hitanoa. Mintza hadi lagun! liburuan

Inguruko lankide eta lagun batzuei galdeka ere ibili naiz, eta Gipuzkoako eta Nafarroako erreferentzia batzuk jaso ditut, erabilera halakoa dela diotenak.

Laburbilduz:

Nork bere buruari egiteko, bi egoera desberdin izaten ahal ditugu, bi modutan egiten ahal dugu barne-elkarrizketa hori:

a) 1. pertsonan

Ozen hitz egitearen parekoa da, 1. pertsonan mintzatzen baikara, eta hiztunak, gizona izan edo emakumea izan, toka egiten du.

Pentsatu nuen neure artean, «Gaur ez nagok batere ongi. Beste egun batzuetan baino lan gutxiago egin diat, eta, halere, ez nauk gauza deusetarako ere. Hobe diat siesta pixka bat egin, eta gero paseo bat». Pentsatu eta egin.

b) 2. pertsonan, proiekzioa eginez

Neure buruarekin egiterakoan, «neure burua» beste pertsona bat balitz bezala egitea. Ni eta neure burua, neuregandik kanpo dagoen norbait.

Esan nion neure buruari, «Fernando, gaur ez hago batere ongi. Beste egun batzuetan baino lan gutxiago egin duk, eta, halere, ez haiz gauza deusetarako ere. Hobe duk siesta pixka bat egin, eta gero paseo bat». Pentsatu eta egin.

Esan nion neure buruari, «Amaia, gaur ez hago batere ongi. Beste egun batzuetan baino lan gutxiago egin dun, eta, halere, ez haiz gauza deusetarako ere. Hobe dun siesta pixka bat egin, eta gero paseo bat». Pentsatu eta egin.

Kasu honetan, gizonak toka eginen du, gizon bati ari zaiolako. Emakumeak, emakume bati ari zaionez, noka.

Editoreari, argitaletxeak jarritako zuzentzaileari, oso bitxia iruditu zitzaion, eta inguruko emakumeei galdetu zien. Erabilera horren arrastorik ere ez. Eta, azkenean, hark iradokita, zuka utzi genuen, nahasgarria izan zitekeelakoan. Ongi egin genuen? Ez dakit? Baina ez naiz ni gehiegi tematzen diren horietakoa argudioak zentzuz azaltzen dizkidatenean. Hainbat gauzatan testua hobetu digu, eta, honetan, dudarekin bada ere, kasu egin genion azkenean.

Hori bai, zer pentsatua eman dit, eta zenbait kontu eta zalantza ibili zaizkit –dabilzkit– buruan:

– Zenbateraino egin behar zaion kasu tradizioari, eta orain arteko erabilera hori arkaismotzat har ote daitekeen.

– Erabilera hori aldatzen ari ote den.

– Hizketa ez sexista bultzatzeko ahalegin horiekin nolako lotura duen afera honek.

Horixe, da, bada, kontatu nahi nuena. Seguru nago zuetako askok baduzuela zer esana kontu honi buruz, emakumeek batez ere.

35 Iruzkin

Fernando Rey atalean

Izenburuak eta genero markak

Bego Montorio Uribarren

Hitz pare bat, izen bat, esaldi izatera heltzen ez diren enuntziatu motzak izan ohi dira izenburuak —literatur lanen izenburuez ari naiz—; eta, beren laburrean, esanahi, oihartzun eta erreferentzia askoren biltzaile. Gauza handia da izenburu on bat, egilea ezagutu ere egin gabe liburua irakurtzera bultza baitezake, edo, kontrara, obra osoa bazterrean uztera. Ondo dakite hori dena idazleek eta editoreek; ondo dakigu itzultzaileok zein neketsua izan daitekeen horren ordain egokia ematea beste hizkuntza batean.

Zailtasun ugari eta askotarikoak topa ditzakegu izenburuak euskaratzerakoan, eta, gaurkoan, horietako bati heldu nahi diot: nola euskaratu jatorriz genero marka (maskulinoa/femeninoa) duten izenburuak? Badakit mataza oso korapilatsu baten haria baino ez dela, izenburuetatik askoz haratago doan kontua, baina, gaia labur aurkezteko modua eskaintzen duenez, eutsi egingo diot.

Bilaketa ez erabat zehatza egin dut Literatur itzulpenen katalogoan, eta jatorrizko testuan gizonezko marka duten hamaika izenburu aurkitu ditut (Pedro y el capitán; L’étranger; El amigo de la muerte; Il Compagno; El buscón; The hunter; El capitán Alatriste; El licenciado Vidriera; Le neveu de Rameau; El amante; El amante liberal), eta beste zazpi, femeninoaren markarekin (La chantatrice chauve; La gitanilla; La romana; La vagabonde; La herbolera; La española inglesa; La petite fille de Monsieur Linh). Lagin txiki bat baino ez da, beste asko aurkituko baikenituzke poema eta ipuinen izenburuei begiratu bat emanez gero, baina joera batzuk antzemateko balio duelakoan nago.

Nola eman dira izenburu horiek euskaraz? Gorde al dira genero markak? Noiz bai, noiz ez? Hona erantzunak.

Jatorrizkoan maskulinoaren marka duten kasu guzti-guztietan, euskaraz ez dago inolako genero markarik: Rameauren iloba, gurean, neska zein mutila izan daiteke liburua irakurri ezean; Amorante eskuzabalaren sexua irakurleak berak erabaki dezake, izenburuari erreparatuta.

Bestelako aukera batzuk ere egon litezke, baina, oro har, zeharo onargarria deritzot baliatutako itzulpen estrategia horri.

Eta, zer gertatu da jatorrizkoaren genero marka femeninoa izan denean? Bada, kasu horietan, ia inork ez du estrategia hori erabili. Aipatu izenburuetako bakar batean —Linh jaunaren biloba— eutsi zaio joera inklusiboari, eta, beste haren ilobarekin bezala, bilobarekin ere ez dakigu neska edo mutila den; liburu barrukoa irakurri arte, jakina.

Gainerako guztietan, genero marka femeninoa ezarri dute itzultzaileek, artez edo moldez, xede testuan; dela «emakume» edo antzeko hitzen bat sartuta (Erromako emakumea; Ijito nexka; Espainiar andere ingelesa; Emakumezko abeslari burusoila), dela izen propioak erabilita (La vagabonde – Mari alderrai; La herbolera – Kattalin). Esan beharra dago Ionescoren obrari izena ematen dion eta inon agertzen ez den chantatrice hori, lehen edizioan, «abeslaria» baino ez zela, eta duela gutxiko edizio zuzenduan (Urrezko Biblioteka bilduman) bilakatu dela «emakumezko abeslaria».

Lagina txikia da, badakit; obra bakoitzaren baitan bilatu behar da arrazoia, badakit.

Eta, hala ere, ukaezina da euskarak berezkoa ez duen arau bat agertzen dutela adibide horiek: erdal maskulinoak (argi eta garbi generikoa ez den kasuetan) ez omen du markarik behar euskarazkoan; erdal femeninoak, ordea, bai, horrek marka behar omen du. Durasen maitalea gizon txinatar gazte bat dela dudarik ez zaio geldituko obra irakurtzen duenari, izenburuan «Maitalea» baino agertu ez arren; zergatik da, orduan, hain garrantzitsua Moraviaren erromatarra emakumezkoa dela izenburuan bertan agertzea?; irakurri ahala jakingo dugu Adrianaz ari dela.

Itzulpenetan antzemandakoak dira horiek, baina seguru nago ez dela bakarrik itzultzaileon kontua, neurri handi batean gure artean hedaturik dauden erabilera eta jokamoldeak islatu baino ez baitugu egiten. Hain hedatuak non egon badaudela konturatu ere ez garen egiten, ez itzultzaileak ezta hiztun arruntak ere.

Niri gutxienik, zer pentsa eman dit.

6 Iruzkin

Bego Montorio atalean