Artxiboa gaika: Mikel Taberna

Bi lagunen lanpostuak (1)

Mikel Taberna Irazoki

Bi hilabetetik behin edo, hiru lagun juntatzen gara herrian elkarrekin afaltzeko. «Jende guttixko», pentsatzen ahal luke bakarren batek, baina, bertze hark zioen bezala, hiru hanka aski mahaia ez erortzeko. Gustura egoten gara. Plater konbinatua erraten diogun horietako bana jaten dugu. Badakizue zertaz ari naizen, gurean horrelaxe zabaldu da gaztelaniatik zuzenean, frantsesez assiette anglaise erraten zaiola salatzen du Euskaltermek.

Bi lagun horiek, Jexux eta Txomin, euskaldun «onak» dira (ahantziak nituen zenbat hitz eta erranera ez ote ditudan berrikasi haiei esker!) eta, bai baitakite zer ofizio dudan, ez da misterio izaten tarteka euskara eta itzulpen kontuak ere aipatzea zurrut eta mau-mau ari garen bitartean. Txomin jeneralean isilik gelditzen da, baina Jexuxi gustatzen zaio xorrotx begiratzea komunikabideetan erabiltzen diren forma harentzat berri diren batzuei eta jende ilustratuok egiten ditugun itzulpenei, txartel-kartel-aldizkari eta gainerakoetan ikusten dituenei. Batzuetan xorrotxegi, nire iduriko. Espantu batzuk egin izan ditu horren kontura: «Hausnarketa eguna? Hausnartu?», galdetzen dit harridura keinuak eginez. Ahal dudan bezala defenditzen naiz. Ez du beti arrazoia izaten, nire ustez (alegia, batzuetan izaten du), baina frankotan pentsarazten dit, eta ikasi ere egiten dut haren purrustada batzuk adituta.

Kontua da biak, nire gisara, Administrazioarentzat ari direla lanean. Jexux udal langilea da, funtzionarioa, eta Txomin berriki hasia da Osakidetzan, ordezkapen bat egiten, fabrikan lanean urte mordoxka egin ondotik (krisiak itxi zuen lantegia, eta orain Eusko Jaurlaritzako zerrenda luze horietakoren batean sartua du izena). Euskaraz ari behar izaten dute, baina ahoz gehienbat, deus gutxi idatziz.

Administrazio handi nahiz txikietan hamaika lanpostu klase dago, bakoitza bere izenarekin. Eta izen bakoitzak bere izana, zeinaren ondorioa hilabetearen hondarrean ikusten baita: horrenbertzeko soldata (eta abar). Jexux zirikatzaile horrek (zirikatzea gustatzen baitzaio, lehenago erran ez badut) ez du inolako kexarik bere lanpostuaren euskarazko izenarekin, udaletxeko paper administratiboetan idatziz ikusten duenarekin, ahoz erabiltzen duen bezalaxe ageri baita. Euskara Administrazioan sartu baino lehenago ere jende guziak erabiltzen zuen Bortzirietan lanpostu horren izena halaxe (eta Nafarroako herri euskaldun gehienetan, oker ez banaiz, aldaerak goiti-beheiti): gaztelaniaz, «alguacil»; euskaraz, «albiente»[1] (gure herrian, zehazki, «albinte»).

     Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak «albiente» ez, «almirante» idatzi behar dugula agintzen du. Hala ere, guk (Nafarroako Aldizkari Ofizialean) eta gure probintzian euskaraz ere aritzen diren udaletan «albiente» idazten jarraitzen dugu/dute. Badakit zenbaitentzat eskandalagarria izanen dela gure intsumisioa, baina Hiztegi Batuaren lehenbiziko bertsioak iristen hasi baino dezente lehenago erabiltzen genuen eta zuten forma hori horrela. Orduan (1990. urteaz ari naiz) erabiltzen genituen hiztegietatik, Plazido Mujikarenak bederen berresten zigun gutako batzuek lehendik ezaguna genuen hitza. Garai hartan euskaraz aritzen ginen itzultzaile edo bertzelako administrarientzat hagitz pozgarria izan zen tradiziotik bilduta gure testuetan ustez problemarik gabe txertatzen ahal zen ordain ezin egokiago bat izatea. Eta ordutik honat, erranen nuke forma horretan «normalizatu» dela hitza, eta nik ezagutzen dudan lurraldean onarpen zabala duela (erabatekoa ez errateagatik).

     Jakingarri gisara ekarri dut «albiente/almirante» izenarekin gertatzen denaren gaineko informazioa, eta eztabaidarako gaia ere izan liteke bi forma horien arteko auzia, Jexux adiskidearen lanpostuaren deitura (izanen dira antzeko kasu gehiago segur aski, orain burutan ez ditudanak), baina nik bereziki bertzearena ekarri nahi nuen plaza honetara, Txominen lanpostuaren graziaz hitz egin nahi nuen! Ordea, gaurkoa sobera ez luzatzeko, iruditzen zait hobe izanen dela gai hori bertze aldi baterako uztea.


[1] Bidenabar aipatzeko, harrigarria zenbat hitz ditugun gaztelaniazko alguacil delakoaren ordain (ez dakit frantsesez horren parekoa nola den: agent municipal, huissier…?): albiente/almiente/almirante, amabi, herrizain, txinel, amaina, probestu, nuntzio, merio, aguazil…

Iruzkin bat utzi

Mikel Taberna atalean

1813-2013

Mikel Taberna Irazoki

Ez ziren noski 1813an hasi euskararen inguruko kezkak eta saltsak, baina gaurko lerro hauek idazteko aitzakia ematen dit urte horrek, eta aprobetxatuko dut. Izanez ere, Iberiar Penintsulako Gerra (1808-1814) zela medio, Bidasoaldean ere ibili ziren denbora hartan alde bateko eta bertzeko tropak. Berriki ikasi dugu bertako bizilagunen artean utzi zuten arrastoen berri: bortxakeria, gosea, gaitzak eta heriotza. Lan ederra egin du lagun talde batek aurten Beran, urte haietan eskualdeko herritarrek jasan behar izan zutena ikertzen eta hitzaldien bidez jendeari ezagutarazten.

Bertzeak bertze, 1813ko irailaren 1ean bataila gogor bat izan zen Bidasoaren bi aldeak lotzen dituen San Migel zubian, Alkaiaga (Lesaka) eta Bera artean. Alde batetik, Irungo San Martzialen garaituak izan ondotik gibelera heldu ziren frantses soldaduak zeuden (10.000 gizon, Vandermaesen jenerala buru), aitzineko egunean Donostiako setioa haustera  bidali zituztenak; bertzetik, zubiko  pasaleku hori zaintzen ari zen ingeles armadako eliteko tirari taldea (Cadoux kapitaina eta 80 fusilari). Berriemaileek diote 200dik gora frantses eta 20 bat ingeles hil zirela gudu hartan, tartean bi destakamentuak zuzentzen zituzten militarrak.

Ekintza hartan erakutsi bide zuen adoreagatik, Cadoux kapitaina fuerte goraipatu zuten. Hori zela eta, haren ondorengo batzuek 1921ean hilarri bat paratu zuten zubian bertan, kapitainaren eta batailaren oroigarri.

Horraino ailegatu nahi nuen. Hona hemen horren argazkia.

Begira zer dioten hilarriko ingelesezko testuak (ustez jatorrizkoa) eta haren gaztelaniazko itzulpen egokituak:

To the glory of God and in memory of Captain Daniel Cadoux and his gallant riflemen of the 2nd Battalion 95th (Rifle brigade) who on 1st September 1813 fell gloriously defending this bridge against the furious attack of a French division. His fame can never die.

A la gloria de Dios y a la memoria del capitán Daniel Cadoux y de sus valerosos cazadores del regimiento inglés 95 (Rifle Brigade) que murieron defendiendo este puente el 1 de septiembre de 1813 peleando por la independencia de España en unión de sus heróicos compañeros españoles

Makina bat aldiz gurutzatu dut oinez zubi hori, eta, ingelesez tutik ere ez nekien garaian (orain ere, ez pentsa), beti harritzen nintzen “cazadores” hori irakurrita. Neure baitan, erdarazko hitz horren adiera guztiak jakin gabe:  zer arraio ari ote ziren hor “ehiztari” haiek? Gainerako hitzak normalagoak iruditzen zitzaizkidan, egokiagoak. Gerora ikasi nuen “against the furious attack of a French division” eta “peleando por la independencia de España en unión de sus heróicos compañeros españoles” ere ez zirela gauza berbera.

Blog honetan berean lehenago ere solastatu da jendea itzulpenaren eta ideologiaren arteko loturaz edo testuak itzultzeko joera desberdinez: zorrotz edo libre samar, irakurlea kontuan hartuz testua egokitu-aldatzea, etab. Iruditzen zait kasu honek balio duela gogoeta haiek berriz ere hizpidera ekartzeko.

Iruzkin 1

Mikel Taberna atalean