Artxiboa gaika: Karlos del Olmo

Politikera ikasteko metodoa (1. maila)

Karlos del Olmo

Egunero-egunero jasotzen du penintsulako euskarak kazetari eta politikari euskaldunek gaztelaniatik inportaturiko maileguen eragina, zenbateraino eta, euskaraz gero eta entzunago izatearen ondorioz, etengabe «mahaigaineratzen» dizkiguten-eta hamaikatxo berba eta berba ondo nahiz esakune eta esakune ondo, bestela esaterik ez dagoela pentsatzeraino ere hel gaitezkeela.

Aspaldian, adibidez, nazio, estatu, erakunde, talde baten izena esan beharrean, «gure herri hau», «nazio hau», «estatu hau», «gure erakundea», «udal honetan», «gure hiriko bideak»… Gauza da «hau» eta «gure» izen arrunt bati eranstean, dagokion berezko izen berezia aipatu barik, lanbro linguistikoa besterik ez dugula sortzen. Esate baterako, «Gure hiria 2016rako prestatzen ari da…», «Estatu honek ez du onartuko…».

«Bi begi keinu heldu zaizkigu berriki Lisboako Euskal Herriaren Lagunek (ASEH) bidalita bat eta diaspora konprometitutik bestea». «Ezkerrari keinu bat egin zion», «Jarrera hori begi keinu bat da…». Izurrite baten aurrean gaude ala imintzioka ibili ohi dira arduradun politikoak, kazetariak eta «eragile politiko eta sozialak»?

Ildo beretik, egun, zein baino zein «konplizeago» «sopikunago» «kideago» izaten gara: «Konplizitate handia ekipo guztiarekin, musikariekin…». «Konplizitate handia erakutsi dute…»… Erne beste guztiak, makurkeriaren bat dabil hegan!

Zerbait ontzat jo edo onestea ez da nahikoa: nor edo izateko, «balioan jarri» beharra dago, osterantzean, hutsaren hurrengo izango da dena delakoa.

Ez da atzo arratsaldeko kontua, ezta hurrik eman ere, baina edozer egiten dugularik ere, zergura jazoera, «historiko» da. Eta hainbesterainoko inflazioaren eta balio higaduraren ondorioz, historikoa baino «historikoago» den kalifikatzailea topatu beharrean gaude: prehistorikoak edo «posthistorikoak» nahikoa ez, eta «megahistorikoa» edo asmatu beharko, postmodernitatera helduko bagara. «Gogoangarri» hain da zapore bakoa!

«Agenda arazoak direla kausa». Nolako arazoak, baina? Kalitate txarreko agenda da? Ezin da irakurri, ez dute oharra behar bezala idatzi? Galdurik ote?

Negoziatzen amaitu dute, baina oraindik badira zertu beharreko zenbait «kontu, puntu, xehetasun, zertzelada» (azpildurak, alegia). Hortaz, negoziazioa ez da bukatu, baina hain da latza halaxe onartu beharra!

«Hori esanda / esan ondoren, beste gauza bat gaineratu zuen / jo dezagun beste gai batera». Prefosta, bi gauza batera-bateratsu esaterik ez dugu asmatu oraindik pertsonok!

«Ezin bestela gertatu», «ezin zitekeen bestela izan», «hala behar zuen eta»… Zer adierazi nahi dute, benetan, hori darabiltenek, patua aldaezina dela edo… gauza igarria zela hala izango edo gertatuko zela? Oso esangura ezberdinak baitira horiek biak…

Baina, beharbada, erramu galanta merezi duena, guztiz geure egin dugulako, «ibilbide orri» izatezko bikotea da (Mitxelenak zioenez, «geureganatuak eta etxerakotuak ditugunak»). Ezin ezer egin, gaur eta hemen, ibilbide orririk gabe, menturaz, «agertoki» berri honen atarian iparra galdurik, noraezean gabiltza nora ezean.

Neurri politikoak (zerbait izartzen dute, benetan?) gutxi izan, nonbait, eta orain sortaka, paketean edo fardelka onartzen dituzte: «nekazaritza ustiategien titularrak zahartzeak suposatzen duen arazoari modu integralean helduko dion neurri pakete egituratu bat abiaraztea». Egia esan, esaldi horretan dena da mamia (ala hezur gogor hutsa?). Neurrien sorta da ala pakete bete neurgailu?

«Larba-egoeran dago gure gizartean…». Gauza larregi gure gizartean dena delako egoera berezi horretan, duela gutxi arte larba urtar eta lehortarrak ezagutzen genituen. Orain, berriz, indarkeria, ustelkeria, egiturak… egoten dira hala, marisorgin edo ugaraxo noiz bihurtuko.

Zer da, bestalde, «sendotze fiskala»? Aurrekontu publikoen defizitak nahitaez mugatuta egon beharra, omen. Zer? Batzuek gerrikoa laxatzea, bestetzuek, berriz, areago estutzea. Zaharrak berri eta guztiak amorragarri.

Iruzkin bat utzi

Karlos del Olmo atalean

Zerrenda beltza, zuzentzeko laguntza ederra

Karlos del Olmo Serna

Esan daroatenez «ez du inor behin ere gaizki jotzen hartzeak», hortaz, nori ez litzaioke gustatuko testuetako terminologia kontrolatu ahal izatea, dela itzultzean, dela idaztean, dela testuak zuzentzean? Zelan eutsi barne koherentziari, zelan errespetatu estu-estu bezeroaren gurari (edo apetaldi) terminologikoak? Wordfast (klasikoa nahiz Pro bertsioa) darabiltenek «ongi ohi dakite Zerrenda Beltza izeneko aukera zein den ona», ikaragarri errazten duelako aipatu programaren aukera horrek zerrenda beltzak eta debekuen ordezko terminoak kudeatzea. Baina, ordenagailuak lagunduriko tresna berezirik gabe ere behar egin dezakegu terminologia kontrolatzen.

Esate baterako, nola jakin dezake zuzentzaileak, modu azkar eta automatizatu samarrean, testu luze bateko terminologia modu koherentetan erabilita ote dagoen, ordenagailuetan ohiko den testu prozesadoreetako bat bitarteko dela? Bezeroak terminologia jakin bat nahi izatea (hortaz, beste aukerak debeku izatea) ez da zerrenda beltzak edo aplikazio baterako hiztegi elektroniko egokituak paratzeko zio bakarra: susmo izan dezakegu testu luze batean ohiko zuzentzaileak txartzat edo ezezaguntzat jo ditzakeela ezagutzen ez dituen berbak, testu horretan ezinbesteko izanik ere; zenbait terminori saihets egin beharko diegula, estandarrean edo are jakintza alor jakin batean ere aukera bat baino gehiago egon daitekeen arren, bat besterik onartzen ez duelako harako testuak; letra larria edo xehea bereiztea muntadun gerta daitekeela («Bunsen metxero bat» ala «bunsen bat»)…

Kode irekiko OpenOffice doako programa, adibidez, erraz molda daiteke zuzenketa eginkizunetarako, zerrenda beltzak (eta zerrendako debekuak zuzentzeko proposamenak) sortzeko aukera eskaintzen duenetik.

Prozedura erraza da, errazik bada: Tresnak menuan Aukerak atalera joko dugu, eta Hizkuntza-ezarpenak aukera hautatuko dugu bertatik zabaltzen zaigun menuan. Hartan, Idazteko Laguntza deritzonera joko dugu, Erabiltzailearen Hiztegiak aukeran Berria botoia sakatu ahal izateko. Hari eragin ondoren, zabaltzen den leihotxoan gure hiztegia bataiatzeko moduan izango gara. Izendatu ostean, zein hizkuntzatarako den aukeratuko dugu menu hedagarrian, kontu muntadun bat ahaztu gabe: klik egitea salbuespena aukeran, horrexek adieraziko baitio programari hura zerrenda beltza dela, erabiltzailearen hiztegi arrunt horietako bat barik. Baietz adierazi ondoren, hiztegia zerrendan agertuko da, lagun dituela (-) bereizgarria eta laneko hizkuntza.

Hiztegia elikatzen hasteko, menu bereko Editatu botoia zapaldu eta behingoan, leiho bat zabalduko da, termino galarazia (Hitza) eta zuzendua (Iradokizuna) idatzi ahal izateko. Elikatu ondoren, erabilgarri izango dugu, besterik gabe. Behar beste hiztegi defini dezakegu eta elikatu, eta beharren arabera, bat edo edo gehiago «piztu» ala «itzungi», laukitxo batean ala batean baino gehiagotan klik eginda.

Mugakizun batzuk ditu, dena dela: sintagmarik ez ezagutzea eta puntuazio ikurrik edo espaziorik erabili ezina, hitzak mugatzeko erabiltzen dituelako halako ikurrak programak.

Hortaz, zuzendu beharreko dokumentua «hiztegi beltz» horrekin edo horiekin aztertzen hasiko litzateke zuzentzailea, gorriz azpimarraturiko ele bakoitzean programak proposaturiko iradokizuna ontzat eman ala dagoen-dagoenean uzteko.

Hiztegiok, zertan esanik ez, idazle, itzultzaile eta zuzentzaileen artean partekatu daitezke. Hartarako, nahikoa da sistema eragilean ezkutatuta dagoen karpeta hau bilatzea —karpeta ezkutuak agerian jartzeko adierazi beharko diogu, aurretik, sistema eragileari, Windowseko esploratzailean karpeta aukeretan artxibo eta karpeta gordeak erakusteko aginduta—.

Karlos1Zerrenda beltzerako irispidea honen moduko bat izango da, nahiz eta sistema eragilearen arabera alda daitekeen:

C:\Documents and Settings\”Erabiltzailearen izena”\Datos de programa\OpenOffice.org2\user\wordbook\

Mac OS sistema eragilean ere karpeta hori topatu behar genuke, Liburutegian, hortxe artxibatzen dituelako hiztegi berezi horiek sistemak.

Gaurko zuzenketak eman du berea, laguntza hau bitartea, biharkoak balekar hobea.

 

Iruzkin bat utzi

Karlos del Olmo atalean

Tratu txarra balioetsi?

Karlos del Olmo

«Bileran, zer esku-hartze behar den aztertuko eta balioetsiko da tratu txarrik badagoen edo ez dagoen zehaztuko duen informazioa biltzeko». «(…) ongi balioetsi behar da biktima eta pertsona erasotzaileak edo ikusleak fisikoki banantzeko babes-neurri bat hartu behar den edo ez». «Ongizate Sailak abian jarritako pertsona adindunen tratu txarra hauteman, balioetsi eta desagerrarazteko programak». «IKUSI, BALIOETSI, EKIN: indarkeria lesbianen eta homosexualen harremanetan». «Gero, 101 pertsonetan —programa erabat bukatu zutenak— balioetsi zuen egindako tratamenduaren eraginkortasuna, zeinak bere barnean hartzen baititu tratamendu aurreko eta tratamendu ondoko neurriak eta jarraipen-neurriak». «Ezintasunak balioesteko taldea».

Aurreko adibideetan, balioetsi aditzak duen erabilera ez omen dator bat, aditu batean, izan ohi duen tasun semantikoarekin: ‘zerbait baliozkotzat edo balioduntzat jotzea’. Balioetsiren ordez, haren sinonimo bat ezarriko bagenu, estimu egin, esaterako, onartezinago emango lukete laginok. Zein izan daitezke lerratze horren zioak? Lehenengoa, ageri-agerikoa da: Euskaltzaindiak baloratu aditza hiztegian jaso arren, balioetsi eta balioztatu hobesten ditu. Hortaz, baloratu ez beste aukeretako bat erabili besterik ez du idazle edo itzultzaile txukunak. Kontua da «balorazio» horietako batzuen muina ez dela izango baliokotzat edo balioduntzat jotzea, ebaluatzea edo beste ekintzaren bat baizen.

Bestalde, balioztaturik ez da agertzen adibide horietan, menturaz, argiago hautematen direlako honen ohiko esangurak: ‘gauza bati delako balioa taxutzea’. Gaztelaniazko validar-en ordaintzat jotzen dugunez gero, nekezago sortuko dugu «txartu txarra baliozkotu» edo antzekorik.

Kontua da, DRAEren arabera, valorar aditzak gaztelaniaz ondoko esangurak dituela:

  1. tr. Señalar el precio de algo.
  2. tr. Reconocer, estimar o apreciar el valor o mérito de alguien o algo.
  3. tr. Aumentar el valor de algo (valorizar).
  4. tr. Quím. Determinar la composición exacta de una disolución.

Hortaz, pentsatu beharrekoa da nahiz gaztelaniaz nahiz euskaraz ohiko erabileratik harantzago doan beste erabil ohitura berri honek beste jatorriren bat izan lezakeela, beharbada, itzulpen bidez sasiko kideren modura heldu zaigula. Zantzuetan ibiliz gero, Euskaltermek lorratz egoki-egoki bat eskaini zigun 1998an, baina urteen poderioz, atzendu egin bide zaigu:

valorar
– Merkataritza > Aseguruak –
eu: ebaluatu
Definizioa: ebaluazio bat egin.
es: evaluar, valorar, estimar
en: evaluate, to; rate, to; appraise, to; estimate, to
[Hiztegi terminologikoa] [1998]

Eta 2004an ere beste makulu bat ere eskaini zuen:

valorar
– Kimika > Orokorra –
eu: baloratu, balioetsi
es: valorar
fr: évaluer
en: value, to
[Hiztegi terminologikoa] [2004]

Ez ginateke, beharbada, oso oker ibiliko pentsatuko bagenu to value hori izan daitekeela kulpantea —errugabea, jakina—, dela euskaraz dela gaztelaniaz, ebaluatu edo neurtu barik, balioetsi / baloratu / balioztatu / baliozkotu erabilirik ordaintzen dugunean.

Elhuyar hiztegian, to value honela ematen dute:

value, to
1 vt. [estimate price of] prezioa / salneurria finkatu, prezioa / salneurria ipini
2 vt. [cherish] estimatu, aintzat hartu

Begiratzeaz batera ohartuko gara hasierako adibide horietako batzuetan (guztietan?) zaila ere zaila gertatuko zaigula adiera horien oihartzunak onartzea. Eta ez da harritzekoa, azken buruan, hurbilago dagoke-eta esangura mota hori gaztelaniazko tasar aditzetik:

Euskalterm:

tasar
– Merkataritza > Aseguruak –
eu: tasatu, peritatu
Definizioa: tasazio baten mende jarri.
es: peritar, tasar
fr: évaluer, estimer, priser, taxer
en: appraise, to

Beste hainbeste gertatzen da valoración etsaminatzen hasiz gero: zenbaitetan hurbilago egon ohi da ebaluaziotik edo azterlanetik; bestetzuetan, ostera, tasaziotik; noizbehinka, ontzat jotzetik ere bai, zertan esanik ez. Hortaz, erabiltzaileei dagokigu sustraietara jotzea, ustezko «balorazio» ekintza horren azpian zer datzan so egitera; tratu txarrei gagozkiela, adibidez, gertatu diren eta gertatu diren aztertzea izan daiteke auzia, edo tratu txarrak zenbaterainokoak diren neurtu, ebaluatu nahiz tasatzea; jakina, irizpide moral, etiko, mediko, psikologiko edo juridikoren baten arabera, bestela esanda, neurgarriren bat erabilita. Inondik inora ere baliozkotzat jo barik, aurki!

Iruzkin bat utzi

Karlos del Olmo atalean

Hegazkina, mendiaren kontra dart-dart

Karlos del Olmo

Oraindik ondo josita dugu denok gomutan duela gutxi Alpeetan izandako gertaera lazgarria, eta izan dituen mota guztietako ondorenak, besteak beste, hizkuntzazkoak, gure hizkuntzari (baina ez geureari bakarrik) dagokionez. Lantokian berehala hasi ginen gogoeta egiten alderdi semantikoaz, besteak beste, honen moduko esaldiak irakurri ondoren:  ”Kopilotuak propio erorarazi zuen A320 hegazkina, bakarrik geratu zenean”; “Lubitzek hegazkina nahita amildu zuela berretsi du bigarren kutxak”, “Hegazkina arinago erortzeko agindua eman zuen hainbatetan Germanwingseko kopilotuak”, “Hegazkinak behera egiteko maniobra abiatu zuen ‘nahita’ kopilotuak”…

Azal dezadan sortu ziren zalantzetako batzuk: “Norbera barruan dela, erorarazi ala amildu esan ote daiteke?”, “Arinago erortzeko agindu ote diezaioke pilotuak motorrak piztuta dituelarik?”, “Motorrak piztuta egonik, zeru goietatik amildu ote daiteke aireplanoa, erabat kontrolatuta doala?”.

Orotariko Hiztegian oso soka luzea duen tradiziozko erabilera bat agertzen da: “Ekusi zituala animak infernura amiltzen, elurra ugari ari danean elur-maloak lurrera erori oi diran eran” (ikus zelako joko polita amilduren eta eroriren artean). “Jesu-Kristok denbora danean utziko du [Ante-Kristoa] ill otza; eta amilduko da infernura sufre erazekizko ainzira edo osin batera”. “Aberatsa ere il zan; eta infernura amildu zan”. Tamalez, arimak ez dira hegazkinak, eta ez dute hegan egiten ere hilotzik daudela. “Aingeru gaixtoak bezala, zerutik ifernura anbiltzen gaitu” adibidetik hurbilago dago aipatu hegazkinarena? Lizentzia poetiko halako bat hartuta, baliteke. Amilduz eraturiko adibide ugariak ere ugariak agertzen dira, gutxi, berriz, auzi honetan argi egingo digunik… ez bada sarrera hau: “AMILDU ERAGIN. Hacer caer, precipitar. v. ~amilerazi.~ |*| “Ogasunetan amildu eragin eta neskatxaren matrail leunetan atustan kokatzen aizen maitasun ori!”, Zaitegirena. Beharbada, euskaldun askoren buruan, amildegiei fisikoki lotuegi dago amildu aditza, eta, hegazkina, berez, ez zen amildegian behera joan, ezta halako batetik inork bota ere (iruditeria poetikoaren aldetik oso litekeen kontua izan arren).

Eroraraztearena antzeko kontua dateke; Orotarikoan, esaterako, ondokoa ikusten dugu: ERORI ERAGIN. Hacer caer. v. ~erorarazi.~: “Pekatuan erori eragiteko”. “Zure arrotasun andiak eta humiltasunik ezak estropezatu eta erorieragiten zaituztela”. Argitasun handirik ez dugu eskuratzen horretatik, ez, bederen, bizidunak barruan daramatzala  pertsona batek gobernatuta hegan doan tramankulu motordunaren ekintza zedarritzeari dagokionez.

Guztiarekin ere, beste hizkuntzek ere lantegi izan dute gertaera behar bezala azaltzea: “deliberately crashed the plane”, “ hizo estrellar el avión”, “Volontairement avion de passagers se est écrasé Germanwings, que la boîte noire (…) a été volontairement détruit par son copilote”. Hortaz, abia gaitezen gu ere bide horretatik:

Esparru horretatik hurbilago, Elhuyar hiztegiak, adibidez, hau dakar: “el motorista se ha estrellado contra una pared”: “motoristak horma jo du”. Hegazkinen gaineko adibiderik ez du, baina zabalkuntza halako bat eginda,  “Kopilotuak mendia jo zuen” idatz genezake; dena dela, nahikoa litzateke gertaera zehazki esplikatzeko? “Borondatez, nahita…” erantsiz gero, beharbada.

5000 hiztegiak “ha estrellado el coche contra la pared”: “automobila hormaren kontra jaurti du” adibideaz gidariaren borondatea, nahitasuna, agerian jartzen digu (filmetan bezala, azken unean jauzi egin duen ala ez elipsian utzita) jaurti aditzaren baranora igarorik.

Itsasontziak ere, tradizioan, “bazterraren kontra”, “haitza jota” desegiten dira, baina adiera horri, hegazkin triskantzari gagozkiola, eragilea edo arazlea atxiki behar genioke. Autoek ere bazterra jo ohi izaten dute, istripua arina edo guztiz txikitzerainokoa izan daitekeelarik.  

Ezbairik gabe, adibide hurbilena dugu Zehazkin jasoa: “se ha estrellado un avión en Colombia”: “hegazkin batek lur jo du Kolonbian”. Honako honetan ere ez dakigu ziertotik pilotuak gurata jokatu zuen ala ez; hortaz, berriro ere zehazkiago esan edo idatzi beharrean geundeke eragiletza edo borondatea aipatuta.

Mokoroak jasotako erakusburu bat ezinago egoki da hau dena finitzeko: “Aize ta olatuak eroèn lekurantz joian ontzia, zuzenbide-baga; ta goizeko iruretan, dart-dart jo ebazan atxak”.

Iruzkin bat utzi

Karlos del Olmo atalean

IDITE eta Hobelex, ezinbesteko tresna bi

Karlos del Olmo

Eguneroko lanean, itzultzaile, interprete eta zuzentzaileok noraezekoa dugu Euskaltzaindiak lexiko alorrean erabaki berri dituenen jakitun egotea (betetzea, gero, norberaren erantzukizuna eta erabakia), eta geure barneko datu baseak eguneraturik izatea ez da beti erraza gertatzen, egunerokotasunak berak autoprestakuntzarako tarterik eskaini ezean. Eginkizun horretan, laguntzaile fin eta maratzak dira UZEIk eskaintzen dituen bi tresna: Hobelex eta IDITE.

Hobelex Microsoft Officerako plugin bat da, eta instalatu ondoren, ortografia eta lexikoa zuzentzen laguntzen digu, euskaraz akats ortografikorik gabe idazteaz gain, lexiko zuzen eta eguneratua erabiltzea bideratzen ere du eta. Zuzentzaile ortografikoa da; hortaz, erratak edo akatsak markatu eta zuzentzeko hautabideak proposatzen ditu.

Hori ez ezik, lexikoa kontrolatzeko bidea ere ebakitzen du —hortxe datza haren ekarririk onuragarriena—: Euskaltzaindiaren arauetan eta Terminologia Batzordearen erabakietan “baztertzekotzat” edo “bigarren mailakotzat” jotako berbak nabarmentzen ditu, bai eta hobetsitakoak edo gomendatutakoak proposatzen ere.

Beste tresna batzuek ez bezala, Hobelexek bermatzen du erakunde arautzaileek etengabe arautzen, hobesten eta baztertzen duten lexikoa erabili ahal izatea, ia unean-unean eguneratzen baitute arduradunek.

Nork bere hiztegia txertatzeko atea ere zabalik du, jakina, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula; dena dela, altxorrik handiena, ezbairik gabe, 130.000 bat lexiko sarreradun euLEX datu-basea da, Euskaltzaindiaren arauak eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen erabakiak zein irizpideak baitarabiltza, modu automatizatuan. Hitz edo forma onartuez gainera, bigarren mailakoak eta baztertzekoak ere daramatza, hala, forma hobetsia erakusten du fidagarritasun maila handiz, arau edo gomendioak plazaratu orduko eta ahala, datu-basean txertaturik geratzen dira eta.

Teknika aldetik, euLEMA euskararako analizatzaile morfologiko automatikoa da bion eragilea, berbak analizatu eta sortzeko gauza baitugu. Hori bitarte dela, zuzenduriko berbak deklinatuta eskaintzen ditu.

IDITE beste maila bateko laguntzailea da, harroinean arestikoaren datu-base ahaltsu bera badu ere, bai eta euLEMA analizatzailea ere. Bigarren hau weberako aplikazio moduan dabil, eta berbak idatzi ahala lan egin beharrean, testu osoa (laburra ala luzea) aztertzen du, bai eta haren gaineko txostena eskaini ere: hau da, ohar lexikoak eta hitz ezezagunak batzen dituen zerrenda erakusten du, PDFan esportatu nahiz norberaren zerrendan gordez joateko.

IDITE Euskaltzaindiak berak darabil, berberak emandako arauekiko adostasuna egiaztatzeko.

Nabarmentzekoa da marra aukerakoa duten hitz elkartuetan, lanabes biok beti proposatzen dituztela marradunak.

Presaka jardun beharra edo ikasteko astirik ez izatea, dagoeneko, ez dira akiakula lexikoa “txukun” ez erabiltzeko (hala gura izanez gero, jakina). Zertan esanik ez, estandarizazioa errazago egiteko tresna on-onak dira, bi-biak.

Iruzkin 1

Karlos del Olmo atalean

Bedita Larrakoetxea eta Shakespeare

Karlos del Olmo

«Yaietako soñeko lirain, dotore, txairo, orratzetik arakoz jazten dauz Shakespeare’k bere bulko, pentsamentu, biotzaldi ta irudi zoragarri-arrigarriak ingalanderaz. Au onan dala egoki ete zan ba, aren olango lanak euskera baldar-traketsez emotea? (…)

Euskera jatorrez al izan dodanik liraiñen, dotoreen, txairoen eta txukunenez euskeraztu dot Shakespeare, irakurriago ta zoragarriago, atsegingarriago egiten jakun Shakespeare».

Bosgarren liburuko hitzaurrea, Bedita Larrakoetxea

«Shakespeare’k ingeles berezia dau, labur oparoa, esaera zaar ederrez josia, eta guzti au euskera bizi jatorrean iraulita emotea, naitaez aldatz-gorako lana izan bear».

Oroi-txinpartak. Santi Onaindia, 103. or.

Bedita

Arratiarra zen Benito Larrakoetxea, Zeanuri herrian jaio zen-eta 1894ko ekainaren 23an, eta 1990eko uztailaren 10ean eman zuen azken hatsa, Oñatiko Laterandar Kanonigoen komentuan. Baina 96 urteko bitarte horretan, itzultzaile porrokatu hark bi herri horiek elkartzen dituen bidea baino askozaz bide luzeagoak egin behar izan zituen; haietako batzuk, gurata, beste asko eta asko, noraezean.

Euskal itzulpengintzan ohorezko lekua izango du beti gorderik, Shakespeareren antzezlan guztiak euskaratu zituelako, prosaz euskaratu ere. 1928an hasia zen Kornuallesko agustindarren egoitza batean ingelesa lantzen, eta 1937an, Wigth uhartera joan zen, Euskal Herritik erbesteraturiko ume euskaldunen zaintzaile, bi urteko egonaldi batean. Ingelesa ikasi izanak, edo sakonago jorratu gura izateak, dena dela, ez du, berez, Shakespeare osoa itzultzeko bultzada esplikatzen.

Beste eragile bat izan beharra dago ondo kontuan: Espainiako Gerra Zibila eragin zuen militarren estatu kolpearen aurreko urteetan, euskal kulturan oso giro berezia nagusitu izana, pizkunde halako bat, eta, haren ondorioz, Gaizka Barandiaran, Andima Ibinagabeitia, Hipolito eta Benito Larrakoetxea anaiak, Santi Onaindia, Orixe, Jokin Zaitegi, besteak beste, literatur unibertsaleko lan esanguratsu batzuk hasi ziren euskarara ekartzen, besteak beste, hizkuntza (batez ere, mendebaldeko euskalkietakoa) goi mailako helburuetarako trebatzeko asmoz.

Horregatik ekin zion bakarlan gaitz horri, Argentinako Salta hiriko ikastetxeko eguneroko eginkizun arruntak amaitutakoan ziharduela ekin hartan. Hala, Macbeth (1957), Lear Errege (1958) eta Ekatxa (1959) Jokin Zaitegik eraendutako Euzko-Gogoa aldizkarian agertu ziren. Azken lana itzultzen 1968. urtean amaitu zuen.

Lanok plazaratzeko asmoz, 1972. urtean Oñatira itzuli zen, eta 1974. eta 1977. urteen bitartean kaleratu zituen, Gasteizko Seminarioko Eset inprimategiaren bidez, bost aletara bildutako sei sailetan. Hona hemen:

1.- Komediak A (1974)

2.- Komediak B (1974)

3.- eta 4.- Odol-antzerkiak A (1976)

5.- Odol-antzerkiak B (1976)

6.- Dramak (1977)

Badakigu, berberak kontatuta, ingelesezko bertsioen ondoan gaztelaniazkoak ere izaten zituela, “ondo gazteleraraturik dagonez ikusteko”. Gaztelaniazko bertsioa, Luis Astrana Marín-ena izan zitekeen, hark ere antzezlan guxtiak osoa prosaz argitara eman zituelako 1941. urtean.

Amaitu behar larri batek bultzaturik, itzultzaileak ondokoa idatzi zuen: “Nire irakasletzari ordurik ostu bagarik egin dot nire lana, tarteka-marteka. Barrien barri egin bear ba’neu, txukunago ta ederrago leroke, bai orixe! Baña noz amaitzeko?”. Eta, beste batean: “Eun bider orriztuko baneuz be oraindik zer orrazturik aurkituko neuke. Birgili Erromar idazle ospetsua egoanean bere Enearena bikaña suari emoteko asmotan ei egoan, eta orrako orrek enau bape arrituten. Eder da Enearena ta tamalgarri litzakean lan bikain ori suak irunstea”.

Lehen aipatu ditugun beste kultur asmokide eta “itzulkide” ospetsu horien antzera, Benitok garai hartako euskara landua ondo menderatzen zuen, eta Arratiako berbetaren baliabide asko eta asko erabili zituen, azpieuskalki haren lekukotasun ederra direla Beditaren itzulpenak. Zailtasunak zailtasun, ahozkotik oso hurbil daude zenbait pasarte, baina gaurko zaleentzat ulergarri izateko, txukundu lan apur baten beharra dute, Sabino Aranaren eskolakoek bezala, berbak asmatzen zituenez gero, maileguetara ez jotzearren.

Prosaz eman arren, eta XX. mendeko euskararen eta euskaldunen egoera soziolinguistikoa ondo begien aurrean izanda, halere, Bardoari  traiziorik ez egiteko guraria azaltzen da Benito Larrakoetxearen itzulpenetan.

Iruzkin bat utzi

Karlos del Olmo atalean

Itzulpena Europako erakundeetan: zenbait datu (1)

Karlos del Olmo

Europar Batasunak 2015erako ondu dituen aurrekontuei erreparatuz gero, itzulpengintzarekin zerikusia duten zenbait datu jakingarri topatuko ditugu, lanbidearen garrantzia eta zama hobeto ulertzeko urgazle. Parlamentuari dagokionez, esaterako, kanpoko itzulpen zerbitzuetarako (hau da, barruko itzulpen zerbitzu ofizialek egiten ez dituzten lanak), 10.000.000 euro dituzte izendatuta. 2014an, 7.000.000 izan ziren (azken likidazioa egin gabe dago), eta 2013an, 11.904.660,85 erabili zituzten, likidazioak erakutsi bezala. Kreditu horrek itzulpena bera, mekanografia, kodetzea eta laguntza teknikoa ordaintzen ditu. Beste aurrekontu sail batzuk ere erlazionatuta daude itzulpengintzarekin, informatika eta telekomunikazioetarako kredituen zati bat itzultzen laguntzeko tresna informatikoetarako dira eta.

Baina ez da atal bakarra. Beste kapitulu batek (3.2) 4.5. atalean 5.077.120 euro ditu gordeta mahai-inguruak, mintegiak eta kultur ekimenak antolatzeko. Eta berariaz aipatzen dituzte horien artean eleaniztasunari laguntzeko neurri eta tresnetako batzuk: “interprete eta itzultzaileen trebatzaileekin elkartzea”, “interpretearen eta itzultzailearen lanbidea sustatzeko neurri eta ekintzak”, “interpretazioa eta itzulpengintza irakasten dituzten unibertsitate, eskola eta bestelako erakundeei diruz laguntzeko programa bat”…

Aipatu datuetan ez daude jasota barruko langileei ordaintzeko kantitateak, ezta gastu orokorretan horiei dagozkien hainbanaketak ere.

Eta interpretazioari dagokionez? Kapitulua mardulagoa da, izan ere. 49.524.900 euro, ondokoak ordaintzeko:

  • barne zerbitzuek bete ezin dituzten interpretazio zerbitzuak kontratatzearen ingurukoak (lansariak, gizarte segurantza, bidaiak, otorduak eta bestelako gastuak),
  • interpreteen lana bideratzeko beharrezko diren gainerako kanpoko teknikarien eralgitzeak,
  • beste erakunde ofizial batzetako interpreteek Parlamentuari emandako zerbitzuak eta
  • interpretazio zerbitzuei berez datxezkien bestelako irioteak: bilkurak prestatzea, interpreteak trebatu eta aukeratzea.

Itzulpenean legetxe, beste kreditu batzuetako (informatika, eleaniztasuna, esaterako) diru hornietako batzuk ere interpretaziora joaten dira.

Gogoan izan beharra dago aurrekontu osoan, funtzionarioek eta barruko aldi baterako agenteentzako aurrekontua 609.133.635 euro direla (itzultzaileak eta interpreteak barne); kanpokoena, berriz, 121.114.400 (kanpoko itzultzaile eta interpreteek horren erdia jotzen bide dute, gutxi goiti-beheiti).

Hurrengo atal batean beste datu batzuk ere aztertuko ditugun arren, itaun bat utz genezake airean, ea erantzuna ere haizean jotzen ari ote den: zenbat itzultzaile eta interprete kontrata lezake Parlamentuak kanporako lanetarako diru hori erabilirik?

Iruzkin bat utzi

Karlos del Olmo atalean