Artxiboa gaika: Iratxe Goikoetxea

Herri kirolaz

Iratxe Goikoetxea Langarika

Gizarteko eta kiroleko beste arlo askotan bezala, hainbat aldaketa gertatu dira herri kiroletan azken hamarkadetan, materialetatik hasi eta arauetara. Eta guztiotatik bat aipatu nahi dut hemen: emakumeen parte hartzeak hizkeran eragindakoa.

Gizon proba edo gizon dema entzunda, berehala ulertzen dugu denok zer den: probarriari tiraka, gizasemeak indarrak neurtzeko proba. Harri jasotzea ere izan liteke gizon proba berez, baina ez: gizon proba vs idi proba, hortik datorkio izena. Gerri proba ere esaten zaio bakarkako gizon probari, gerri kolpeka eramaten baita harria narras. Nik dakidala, bakarkako saioetan oraindik ez da emakumezkorik plazaratu; bai, ordea, taldeka, eta horrek probaren izena aldatu beharra ekarri du. Neskek neskei jokatzen dietenetan, arazorik ez: emakume proba. Talde edo proba mistoak direnetan, zer? Garbi dago izen tradizionalak ez digula balio; beraz, eman diezaiogun izen argiago bat.

Giza proba? Hori zabaldu da bazterretan, eta sarrera ere badu Wikipedian. Egokia ote da?

Harri proba? Harri jasotzaileena ere bada harri proba.

Harri tiratze? Abereekin egiten dena ere bada harri tiratzea. Halere, argia eta erabilgarria dela deritzot, honelakoetan erabiltzeko: emakumeak gizonen kontra harri tiratze desafioan. Eta izendapen horren alde egitea aholkatu diegu herri kiroletan diharduten kazetariei.

Harri, barkatu, hari horri tiraka, ETBko herri kirolen emanaldietako esatari, aditu eta kirolariei entzundakoak jaso, Ahotsak eta Bizkaieraren ataria webguneetako lekukotasunak batu, eta zerrenda honetan antolatu ditugu, denen erabilgarri. Aizkora arloa kanpoan utzi genuen, luze eta zabal jorratuta baitago EHUk 2012an argitaratutako Aizkora hiztegian[1].

Lehenago ere landu izan ditugu antzeko hiztegiak kiroletako kazetariekin (futbola, errugbia, saskibaloia, atletismoa, automobilismoa…), baina honek badu berezitasun bat: abiapuntua. Aurreko glosarioetan, erdarazko hitzei ordaina eman behar genien. Oraingoan, euskarazkoak batu, sailkatu eta azaldu ditugu, emanaldietako beharrizanak kontuan hartuta. Segan, esate baterako, ekintzak, tresnak, belarra, lehia eta lantaldea dira eremuak. Eta euskarazko berbaren ondoan, gaztelaniazkoa eman dugu, ez buruko min gutxirekin. Esaterako, idi probetan, itzainei carretero esaten zaie normalean. Eta emakume direnean? Carretera? šŸ˜‰


[1] Bidez batez, inork jakin-minik balu, jakizue erdi-lanak egin eta lan-erdiak egin, biak jasota daudela aizkora hiztegi horretan, sinonimo moduan.

2 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

Trufaz

Iratxe Goikoetxea Langarika

Inuzente eguna dugu, eta trufaz jarduteko egun aproposa denez, horixe dakarkizuet: trufa kontuak eta igarkizun bat.

Zer dela eta nor dela daude lotuta irudiotako gauzak?

Breastfeeding_a_baby

Bulbs copy

Trufa copy

Lotura orain hirurehun urteko hiztegi bat eta haren egilea direla esaten badizuet, askok berehala igarriko duzue erantzuna. Dena dela, berbarik berba, ibilaldi bat egitera gonbidatu nahi zaituztet, nik oraintsu ezustean egindakoaren bidetik.

boladunaAbiapuntua, niretzat, Hernaniko 1974ko jaietako egitaraua izan zen. Beste zerbaiten bila nenbilela, atentzioa eman zidan hitz batek: Ā«zekor txiki bat adar boildua askatuko daĀ». Lehenengo burutazioa, boildu barik ez ote zen bildu izango; baina ez, aurreko bi urteetako egitarauan ere holaxe eman baitzuten gaztelaniazko emboladoren ordainetan. OEHn begiratu, eta ikusi nuen boildu hitzak sarrera duela, bi adierarekin: 1. Redondear. 2. Envolver. Egia aitortu behar badut, inoiz ez dut holako zezenik ez zekorrik ikusi, eta gaurko hiztegiek boladun eta bolaztatu proposatzen dutenez, zalantza gelditu zitzaidan: zer ote dute zezenok, adarrak bilduta ala bolak ipinita? Eta zergatik ez du hiztegi batek ere aintzat hartu Orotarikoan datorren boildu hura?

Jakinmintsua naiz, eta Orotarikoan azterka jarraitu nuen. Halaxe ikusi nuen boildu aditza izen batetik datorrela: boil. OEHren arabera, birbiltasuna edo esferikotasuna adierazten du: globo, esfera; cĆ­rculo, circunferencia; redondo, orbicular… Atzetik, berba sorta luzea[1] dago, boil- aurrizki dela, eta Larramendi da iturria denetan. Adibidez: boilajiratu (circundar; circular, andar alrededor), boilebaki (cercenar), boilesi (circo, coliseo)… Eta niri graziarik handiena egin zidana: boilezna (pechos de mujer). Zuzen ibili ote zen hor Larramendi? Ez ote zatekeen egokiagoa, mamiz eta itxuraz, eznaboil?

Balizko eznaboil horrek beste pentsamendu bat ekarri zidan gogora: atzizki moduan ere agertuko zela beharbada. Urriago, baina badira ale batzuk. Esaterako, erraboilla. Erro biribila. Geroagoko hiztegietan, -a hori artikulua zela iritzita edo, erraboil forman eman da. Eta adiera ere zabaldu zaio: landare batzuen lurpeko Ā«tipulaĀ» edo Ā«patataĀ» izendatzetik, garunaren atal bat[2] eta galaxien parte bat izendatzera.

Lurpetik atera eta izarretaraino joan da gure ibilbideko azken hitza ere: boilur. Kasu honetan, izar gastronomikoetan izarra da bera. Boilur izena ere Larramendik asmatu zuen, itxuraz. Apalagoa zen lehen, gure amarentzat eta. Umeak zirela, lurpetik atera, lurra astindu, eta zegoen bezala jaten zuten. Lurlur[3] esaten zioten. Gerora jakin zuten haxe zela trufa preziatua.

Trufazalea ez dakit, baina trufaria bazen Larramendi. Trebea hitzberrigintzan, eta asmamen handikoa gaztelaniazko hitzei euskarazko jatorria bilatzen. Inozentziaz egiten zuen ala besteak inuxentetzat hartuta, batek daki. Hona zer idatzi zuen bola hitzaren jatorriaz.

BOLA

Viene de el Bascuence, Ć² de boillĆ”, redondo; Ć² de bil-ola sĆ­ncope de biribil-ola, madera redonda, redondeada: Ć² de bebil-ola, ande la madera, y por su figura es acomodada para andar, y moverse. Bola. Lat. Globus, sphaera.


[1] Horri lotuta, beste ezusteko bat: OEHren bertsio digitalean idatzizkoan baino askoz sarrera gehiago ageri dira, nahiz eta boil- hasierako hitz guztiok Larramendiren hiztegikoak izan. Digitalekoak ikusi ahal izateko, boila, boile, boilo… tekleatu behar da.

[2] Plazido Mujikaren hiztegian, beste proposamen polit bat dago bulbo raquĆ­deoren ordainetan: ornagun-tontor. Ornaguna bizkarrezurraren sinonimotzat dakar.

[3] Larramendiren hiztegiko interpretazio oker bategatik, edo gaztelaniaz Ā«criadilla de tierraĀ» esaten zaiolako, beste hitz bat ere bultzatu zen garai baten trufa izendatzeko: grisola. Abereen barrabila.

Iruzkin 1

Iratxe Goikoetxea atalean

Nazio Batuakek?

Iratxe Goikoetxea Langarika

Ā«Nazio BatuakekĀ» bilatu, eta ā€“eskerrak!ā€“, emaitza bakarra interneten. Zerk bultzatu nauen bilaketa xelebre hori egitera? Fagorren etxetresna elektrikoen arloa aipatzeko moduek.

Itxura denez, izena gaztelaniaz du enpresak, Fagor ElectrodomƩsticos Koop. ageri da lantegiko fatxadan, baina hedabideetan izena euskarara egin diogu: Fagor Etxetresna Elektrikoak, batzuetan; Fagor Etxetresnak, gehienotan.

Kooperatibaren egoera albiste izaten hasi zenetik, plulareko izen bereziekin sortzen den tirabira azaldu zen berriro. Asteotan, konbinazio guztiak ikusi ditut erabileran:

  • Fagor Etxetresna da… (izena singularrean)
  • Fagor Etxetresnak dira… (aditza pluralean)
  • Fagor Etxetresnek dute…
  • Fagor Etxetresnak-ek dute…

Ā Eta azken hori latza egiten zait.

Pluraleko toponimoak euskaraz ematean, geuretu egiten ditugu. Berdin esaten dugu Pirinioetan zein Filipinetan, Malloek zein Amerikako Estatu Batuek. Eta elkarte eta erakundeen izenekin ere, berdin: Nazio Batuek (berez Nazio Batuen Erakundea), Petrolio Esportatzaileek (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea)…

Urruneko erakundeen izenekin, Ā«Nazio BatuakekĀ» bezalako lantzean behingo adibideak kenduta, ez dago arazo handirik. Etxekoekin, ostera, bai. Itzelezko begirunea-edo izan nahi zaio Ā«jatorrizko izenariĀ», eta bere horretan erabiltzera jotzen dute askok, euskararen senaren kontra eginda bada ere. Lantegi Batuakek, Iparretarraken

Marka errespetatu gura bada, badago beste aukera bat: Ā«enpresaĀ», Ā«taldeĀ» edo dena delako izena erabiltzea makulu gisa: Gureak elkartea, Fagor Etxetresnak enpresa

Tranpa txiki bat egin dut: haritxo bati bakarrik heldu diot, badakit-eta izen berezi artikuludunei tiraka mataza lodi eta korapilotsua topatuko nukeela.

5 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

Denengan, denean

Iratxe Goikoetxea Langarika

Ā«Herritarrengan familiaren aldeko korrontea sumatu duguĀ». Brasta-brasta bota zuen esaldi hori kazetari batek lehengoan. Eta ezin hobeto etorri zait NORENGAN kasuak hartu duen abiada geldiezinaz berba egiteko.

Konturatuta zaudete gaur hitzetik hortzera darabilgun -gan hori oso-oso urri erabili izan dela orain 50 bat urtera arte? Oso urri, eta testuinguru eta aditz jakinekin. Sinistu, fedea izan, ustea izan, itxaron… eta noizbehinka bestetxoren bat: Ā«zer ikusten duzu nigan?Ā»,Ā  Ā«zugan dut aterpeaĀ», Ā«harengan bizi daĀ»…

Orain, barra-barra erabiltzen da, eta ez fede eta sinesmenaz lehen baino gehiago dihardugulako. Hiztunon esateko moduak eta ikuspegia aldatu egin dira. Hedabideetako hizkeran, izenen inguruan egituratzen dira esaldiak, hiru-lau aditz euskarri hartuta. Adibidez, Ā«auzokoak beldurtu diraĀ» esan beharrean, Ā«beldurra sortu / piztu du auzokoenganĀ». Edo Ā«grebak mila pertsonari eragin dieĀ» barik, Ā«grebak mila pertsonarengan izan du eragina[1]Ā».

Horixe da joera, bai, eta eten barik doa aurrera, bidean gero eta gauza gehiago harrapatuz. Esaterako, ERAGINA IZAN + NORENGAN lotura automatikoa egiten dute hainbatek, bizidun zein bizigabeekin: Ez dakigu EPOak zein eragin duen minbiziarengan. Jakina da -gan bizigabeekin ere erabil daitekeela, pertsona edo pertsonifikazio ideia dagoenean. Gizartearengan bai, baina minbiziarengan?

Kontrara, bizidunak Ā«gauzatzatĀ» darabiltzagunean (esaterako, medikuntzaren ikuspegitik begiratuta), -etan erabili izan da tradizioan: Gaitz hau emakumeetan larriagoa da gizonetan baino. Azkenaldian, ostera, -engan hasi da zabaltzen testuinguruotan ere: Txerriengan hasi zen gripea.

Horrekin lotuta, ez dakit nire irudipena den, baina -gan entzuten dudanean barruragoko edo sakonagoko zeozer ulertzen dut. Ā«Harengan eragina duĀ» entzunda, haren barrua, haren izatea, haren sentimenduak ukitzen dituela ulertzen dut. Horregatik, bitxia egiten zait autobusen grebak mila erabiltzailerengan eragina izan duela entzutea. Erabiltzaileei eragin edo erasan egin diela esan beharrean.

NORIdun aditzen ildotik dator nire azken gogoeta. NORENGAN lekua jaten hasi zaio NORI kasuari ere: Auzo-herriengan erreparatzeko esan zien eskoziarrei. Datiboa erabili ez eta dena Ā«norenganatzekoĀ» joera hori edonon ikusten da: Zaleengan zapore gazia utzi du Euskaltelen agurrak.

Hizkuntza erraztu nahia ote dago joera honen atzean? Horixe da nire susmoa, berbaera automatizatura bideratzen ari garela, Ā«trabaĀ» egiten duten NORIdun aditzak baztertuz eta izenetan oinarrituz. Horregatik esaten da mila bider gehiago Ā«haurrengan irakurzaletasuna piztuĀ» eta ez Ā«haurrak irakurzaletuĀ» (bai gaitza!), Ā«haurrak irakurtzera zaletuĀ» edo Ā«haurrei irakurzaletasuna piztuĀ».


[1] Foko aldatze hori nabarmena da emozioen berri emateko esaldietan. Horri buruzko txostentxo bat prestatu genuen ETBko kazetarientzat orain urte batzuk, eta erabili.com-en dago irakurgai.

4 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

En popare

Iratxe Goikoetxea

Ez, ez nabil italieraz. Gaztelania da hori. Edo euskaƱola?

Interpretazio oker batetik sortutako esapide bat da. Txarto ulertuak eguneroko kontua dira hizkuntzan, eta denok ikusten ditugu halakoak inguruan. Adibide pare bat ekarriko dut hona, ilustratzeko.

Orain urte batzuk Mazda bat geneukan. Eta gure mutikoa tematuta zegoen Ā«MazĀ» zela markaren izena, eta ez Mazda. Aditzarekin lotzen zuen amaierako –da. Antzera gertatzen zitzaion pistatxoekin. Ā«PistakĀ» esaten zien berak, –txo hori txikigarria zela pentsaturik.

Osaba bat, berriz, gaztelaniazko berba batzuekin trabatzen da: Ā«marilloĀ» eta Ā«arradioĀ» esaten ditu, artikuluen generoak eta mugak argi ikusi ezinik.

Denok entzunda daukagu, bestalde, hizkuntzen arteko interferentziek zelako eragina izan duten toponimian. Adibidez, euskarazko toponimoen hasierako La– gaztelaniazko artikulutzat jo, eta Trapagaranen Larraineta La Reineta bihurtzea eta Galdamesko Laia auzoa La Haya interpretatzea.

Hizkuntza barruko nahasteak, hizkuntzen artekoak… Bietarik apur bat du hona ekarri nahi dizuedan esapideak: poparean > en popare.

Poparean arraunean sarri erabiltzen da Ā«olatuen alde, olatuen gailurreanĀ» adierazteko. Ā«Haizeak bultzatutaĀ» ere esan nahi du arrantzaleen hizkeran. Berba bitxia da, berezia, –rean ablatibo zaharra fosildurik gorde duen berba bakanetako bat baita. Ablatibo zahar hori usu erabili zen Bizkaian XVI. eta XVII. mendeetan[1]:

Ā·Ā Ā Ā Ā Ā Ā  Jausi da zerurean harria (Milia Lasturren eresia)

Ā·Ā Ā Ā Ā Ā Ā  Eskurean ahora okelea galdu doa (RS 1596)

Ā·Ā Ā Ā Ā Ā Ā  Ez ohean, ez oherean gora (Garibai)

Ā·Ā Ā Ā Ā Ā Ā  Negar egingo dau zizpuru handiagaz eta bihotzerean (Kapanaga)

Hau da, gaur egun zerutik, eskutik, ohetik, bihotzetik… esango genukeena. Izan ere, –tik eta ā€“rik kasuek lekua jan zioten ā€“rean hari, ia guztiz desagerrarazteraino. Ozta-ozta gorde da baladetako arkaismoetan, bai eta Bizkaiko euskara batzuetan darabilten arean berban eta kostaldean iraun duen poparean esapidean ere.

Beraz, poparean eta popatik gauza bera litzateke. Baina, filologook kenduta, inork gutxik daki zer den –rean hori, eta ez da harritzekoa hiztun batzuek horren atzean popare + –an ikustea. Kontua da interpretazio oker hori gaztelaniara aldatu dela, eta en popare esapidea zabaldu dela, kutsu jatorragoa eman nahirik edo: Ā«La trainera de Bermeo volviĆ³ a demostrar que en popare vuela. DominĆ³ de brankas y en popareĀ».

Hizkuntza bakoitzak bere esateko moduak ditu. Eta gaztelaniaz de empopada edo de popa esaten zaio horri[2].


[1] Informazio zehatza eta argigarria duzue Joseba Lakarraren artikulu honetan.

[2]Alfredo Lopez de Sosoaga; Jose Luis Ormaetxea, Estropada hiztegia, EHU, 2006

3 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

Engendrotxoak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Hizkuntzek berezkoa dute aldatzea eta bilakatzea. Ahoskera, doinua, hitzen adiera eta erabilera, joskera… Arinago edo astiroago, denak aldatzen dira. Aldaketa horietako asko ahoz aho zabaltzen dira gero, han-hor entzunak imitatuz. Baina ez duzue irudipena ā€œokerrakā€ errazago barreiatzen direla ā€œzuzenakā€ baino[1]? Esaterako, berba mutanteak, halamoduz eta akastun sortuak. Iraun eta iraun egiten dute, azkena emateko ahaleginak gorabehera.

Diska. 1993an eman zion zartakoa Euskaltzaindiak, baturako disko forma erabakitzean. Baina gogorra da, eta noiznahi jotzen dizkigu erasoak.

Filme. Batez ere zinemaldietatik elikatzen da piztiatxo hau, orain hamasei urte ā€˜filmā€™ formaren alde egin zenetik.

Ekipaia, erreportaia, makilaia, sabotaia, tatuaia eta konpainia. Hiztegi Batu oinarridunak honela dio: ā€œ-aia/-aje: irizpide gisa, ez da -aia moduan egokituko mailegu berririk, tradiziokoak bere hartan utzirik, noski.ā€ Tradizioko multzoan, ekialdeko euskaran aspaldi errotutako bidaia, bisaia, domaia, kuraia, muntaia, pasaia, pertsonaia, usaia eta xantaia ditugu erabilienak. Baina -aje > -aia bide emankorra izan da munstroak sortzeko eta ugaltzeko. Masaia-k masailari munduratu zuen (eta ez masailetan masajeak ematen dituena aipatzeko), eta mundualdi laburreko metraia-k bi kume itxurabako izan zituen, zein baino zein ibiltariagoak: luzemetraia eta laburmetraia. Luzemetrai eta laburmetrai, lagunentzat[2].

Ingelera. Errimea, orain gizaldi bat berarekin bateratsu jaio zen prantzera mengelaren aldean. Bizi da bizi ingelera, eta ez nonahi: irakasleen ahotan eta eskola umeen notetan ageri da sarritan.

Suposatu. Berba mamua. OEHk jasota dauka, 1733ko katixima baten adibidea ekarrita. Ez ikusi egin diote, ordea, gainerako hiztegi orokorrek. Kalkoen behatokiak adiera bat salatu dio (ekarri edo eragin-en lekua hartzen duenekoa), baina hor dabil suposatu, hormak nahi bezala zeharkatzen[3].

Sukaldatu. Aurrekoa mamua bada, hau mamu eta erdi. Hiztegi batek ere ez dakar, baina kate hotsean dabil hara eta hona, kozinatu ā€œerdaldunariā€ janari lapurren. 178 agerpen ETCn; lehenengoa, 2001ekoa.

Eta atzena, baina ez hutsena, husna. Zenbakiekiko mimetismoz ez-zenbaki baten gainean sortua. Orain dela hogeitaka urte Euskaltzaindiak ETBri egindako oharretan egin zen akabatzeko lehenengo saioa. Beste hainbat etorri dira gerora. Alferrik.

Badira gehiago ere. Egunotan inguratu zaizkidanak baino ez ditut ekarri hona.

Ā 


[1] Okerra eta zuzena zer den, oso erlatiboa da (Euskaltzaindia izena bera okerra da sorkuntzaz), baina oro har euskarazainen eta preskriptoreen iritzia hartzen dugu horretarako irizpide.

[2] Munstro guztiok badute alter ego formalagoa: masaje, masajista, film labur eta film luze.

[3] Nola Erran hiztegiak badakar, Iparraldean forma arrunta den seinale.

8 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

Zaparradapean

Iratxe Goikoetxea Langarika

Aurreko post batean, Bego Montoriok harridura agertu zuen El PaĆ­s egunkariko irakurlearen defendatzaileak itzulpenaz jardun zuelako. Hedabideetan, itzulpena eguneroko kontua da, eta are gehiago euskaraz diharduten kazetarien lanean. Albistegietan, era guztietako itzulpenak egin behar izaten dira, sarritan di-da, eta beste hainbatetan hausnartuta; batzuetan kontzeptuak euskaratu behar ditugu, esaldi osoak noizbehinka.

Zuzentzaileok galdera zaparrada batez bonbardatzen gaituzte: Nola esaten dugu Ā«agencia inmobiliariaĀ»? Zelan da Ā«aportaciones financieras subordinadas de EroskiĀ»? Eta Ā«preferentistaĀ»? Rubalcabak esan du kupoa Ā«revisableĀ» izan daitekeela; nola esango dugu hori? Hirietarako Ā«mĆ”s habitableĀ» kontzeptua, zelan da? Eta Ā«discapacidad motoraĀ»? Eta Ā«puƱo americanoĀ»?

Aspaldi honetan itaundu dizkiguten kontzeptuetako batzuk dira. Adjektibodunak asko.

Har dezagun lehenengoa, Ā«agencia inmobiliariaĀ». Arazorik ez: etxebizitza agentzia. Antzeko hautua egin dute nolaerran hiztegian, Ā«immobilierĀ» hitzaren ordainetan etxe- proposatuta: etxe agentzia, etxeen merkatuaHigiezin aukera ere jasota dago, zuzenbide arlorako.

Bigarrena: Eroskiren menpeko finantza ekarpenak? Barkatu, Eroskiren mendeko finantza ekarpenak? Baina ekarpenok ez daude Eroskiren edo dena delako enpresaren mende. Ā«SubordinadoĀ» hori kategoriari ei dagokio[1]. Beraz, hiztegiei ez ikusi egin, eta finantza ekarpen subordinatu esaten dugu. Bide batez, ez ote zaio eremu zabalegia eman mendekotasun hitzari? Dependentzia ere ageri da Hiztegi Batuan.

Hirugarrenean, luzera da arazo: lehentasunezko akzioak edo lehentasunezko partaidetza esaten dugu. Eta akzioen jabeak akziodunak dira. Baina lehentasunezko akziodunak esanda, akziodunek eurek dutela lehentasuna ematen da aditzera. Idatzietan lekuz estu gabiltzanean, zilegi ote da preferentista erabiltzea, mileurista darabilgun bezala?

Laugarren galdera: Ā«revisableĀ». Rubalcabak kupoaz adierazitakoa erraz konpontzekoa da kupoa berrikusi daitekeela esanda. Gaitzagoa da ordaina ematea termino baten parte denean, PPk proposatutako Ā«cadena perpetua revisableĀ» kontzeptuan legez. Berrikusgarria esan liteke, baina -garri atzizkidun adjektiboek arazoa sortzen digute askotan, beste adiera batzuk nagusitu direlako. Hor dago ikusgarri (=ikustekoa, miresgarria), eta hor dago bizigarri[2] (=bizia ematen duena, pizgarria). Eta hor dago urteetako eztabaida ere: istripu hilgarri erabiltzekoa da?


[1] Deuda subordinada ere esaten zaio, eta berdin ingelesez. Esanahia argi adierazita dago onelook hiztegian.

[2] Hiztun arruntontzat arrunta ez bada ere, bizigarritasun kontzeptua errotuta dago arkitektura eta urbanismoari lotuta.

5 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean