Artxiboa gaika: Gotzon Egia

Bide barrijak

Gotzon Egia Goienetxea

Ken dezagun, aurrera baino lehen, zalantza hori gure gainetik: itzulpenak, itzulpen onak, gizakiok egiten dituzte, ez makinek. Zer esanik ez, interpretazio onak, gizaki interpreteek egiten dituzte.

Bainaka hasi gabe, baina, aitor dezagun saio asko egin direla ordenagailuak itzultzaile lanetan jartzeko. Aurrerabidea galanki hobetzera iritsi dira hizkuntzalariak eta ingeniariak elkar hartuta, egia da hori, tresna ugari dira sarean, hizkuntza batetik bestera esaldiak zehaztasun handi samarrez aldatzeko gai direnak. Adibide ziur aski ezagunenak euskara ere jasotzen du hizkuntzen eskaintza luzean: Google Translate. Esaldi lau gehienak txukun ematen ditu, esanahia ulertzeko adina; aski, agian, esamoldea à la lettre itzultzea ezinbestekoa ez denean.

Alabaina, teknologia itzulpengintzarekin ­(eta, garabidez, ahozko hizkuntzaren interpretazioarekin) konbinatzen denean, bide berrietan abiatzeko aukerak zabaltzen zaizkio gure lanbideari.

Urrutira gabe, gertuko adibide bat, Dualia etxearena, Arrasaten. Interpretazioak telefono bidez eta denbora errealean eskaintzen ditu, 51 hizkuntzatan: telefonoaren alde batean A hizkuntzan esandakoa, B hizkuntzan entzuten da beste aldean, Dualiarenetik igaro ostean. Teknologiak laguntzen du, pertsonak dira interpretatzen, noski.

Aukera bihurrituagoak eratzeko sormena erakusten du Will Powell britainiar teknologoak. Google Glass proiektuan oinarri harturik, Vuzix betaurrekoak, Raspberry pi miniordenagailuak eta beste elementu arrunt batzuk konbinatuta, hizkuntza banatan ari diren bi pertsonen arteko solasa aldi berean itzuli eta azpidatzi gisa erakusten du betaurreko adimendunetan, Projet Glass izeneko esperimentuan.

Xedez eta hedaduraz, ausartagorik ere bada, adibidez Luis von Ahn guatemalarra; ikertzaile ospetsua da, besteak beste, Interneteko formularioetan ordenagailuei bidea oztopatzeko captcha ezagunen asmatzaileetako bat. Orain, proiektu handizale bat du esku artean: Duolingo, Internet osorik itzultzea, gratis et amore hominis, hizkuntza bat doan ikasteko aukeraren truke. Irudi luke asmo guztiz burugabe bat dela, baina erne, hiztun ugari duten hizkuntzen kasuan, hizkuntza bat ikasteko amuari heltzen diotenen kopurua atalase mailara heltzen bada.

Poetak esana: bide berriak? Bide guztiak!

Iruzkin bat utzi

Gotzon Egia atalean

Poetak ez dira itzultzaile onak

Gotzon Egia Goienetxea

Osip Emilievitx Mandelstam (1891-1938) XX. mendeko errusiar poeta onenen artean dago, aditu gehienen iritzia sinestera. Poesiaren uhin akmeista besarkatu zuelarik, haren ordezkari gorena izan zen, Anna Akhmatova, Nikolai Gumiliov eta Mikhail Kuzminekin batera. Poesia kultura unibertsalaren oroimina da beretzat, hitzak materiaren ahots dira, eta ahotsaren materia, harria. Hitz zuzen eta argiak maite ditu. Ez du sinbolisten bidea onartzen, haien ikuspen erlijiosoa, beste munduaren alderdi ezkutuak etengabe aditzera eman nahi hori.

Gaztaroan, boltxebikeen iraultzaren aurretik, ikasketak Frantzian eta Alemanian egin zituen. Iraultzaren osteko lehen urteetan, haurrentzako ipuin laburrak eta itzulpenak eginez irabazten zuen bizibidea. Bere burua outsider-tzat hartu zuen beti, berehala izan zituen arazoak agintari boltxebikeekin. Jazarpen propagandistikoa hasieran, gogortzen joan zena; Armeniara joan zen, gauzak baretuko ote ziren… Horrela, 1932an Stalinen aurkako poema bat idatzi zuen arte: handik aitzina, sobietar boterearen esetsaldi atergabea ibiliko zuen orpoz orpo. Askok diote, baina, epigrama bera baino larriago izan zela Aleksei Tolstoi sobietar idazleen buruzagiari 1934an eman zion masailekoa, auzi eztabaida hutsal baten erdian. Batera izan zein bestera, atxilo hartu zuten, lehenengoz, 1934an; deserrira bidali zuten, Ural mendien bazter ezkutu batera lehenik, Errusia erdialdeko Voronezh hirira gero, hiru urtez. Moskura itzulita, ostera preso altxatu zuten 1938an; hotzak eta goseak hil zen, urtearen amaieran, Ekialde Urruneko Vtoraya Rechka kontzentrazio esparruan, Vladivostoketik hurbil.

Haren alargun Nadezhda Mandelstam-ek Itxaropen guztien aurka oroimen liburuan bildu zituen senarrarekin batera ibili zuen bizialdi oinazetsua. Ihesaren eta miseriaren oldarraren erdian, hausnar egiten du literaturaz, gizatasunaz, poesiaz eta itzulpenez. Gauza gogorrak esaten ditu itzultzaileen gainean, senarraren iritziak bere hitzetara bilduta:

«Itzulpen prozesua guztiz sorkuntza poetikoaren alderantzizkoa da (…) Ez dut horrekin aipatu nahi, jakina, poeten fusioen mirakulua, Zhukovskirenean edo A. K. Tolstoirenean gertatzen dena, itzulpenak arnas berri bat dakarrenean gure poesiara (…) Halako arrakastak benetako poetek bakarrik lortzen ahal dituzte, eta horiek ere, gutxitan. Itzulpen soila ekintza arrazional bat da, hotza, bertsogintza soil bat (…) Itzulpen lana kontraindikatua zaio benetako poetari, poesiaren sorkuntza eragoztera ere iristen baita.(…)

Bolada batez, gure herrian poesia irakurtzeari utzi zion jendeak. Akhmatovak hala esan zuen horretaz: «Benetako poesiaren izatasuna da horrenbesterainokoa, non ordezko zerbait behin irensten duena pozoituta gelditzen baita betiko». Orain ostera irakurtzen da poesia, inoiz baino gehiago, jendeak ikasi baitu itzultzaile lanbidearen emaitza guztietatik bereizten».

Sinetsita hitz egiten dute Mandelstamdarrek pasarte horietan, benetako poeten talaiatik, goitik behera begiratzen digute traduktore aizundu eta faltsutzaileoi. Ez dira bakarrak, zoritxarrez: esango nuke letren hierarkia hori (goien, idazleak; behean, itzultzaileak) ikuspen zabaldua dela, gure artean ere, kirol izpiritu batek gobernatuko balu bezala egileen sailkapena. Idazle izan gaitezke mundura jaiotakoak, baina, horra, batzuek ez dute inoiz sormenaren Parnasora sartzeko giltzarik aurkituko, eta, besterik ezean, itzulpenak egitera ikusiko dute mugatuta beren arrunkeriazko existentzia. Hitz batera, idazle izateko balio ez duenak, itzultzaile izatera nahikotu beharko du. Alderantziz, jakina, Parnasoren giltzak sakelan dituenak ez du debekurik, ez mugarik, itzulpenaren ogiari kosk egiteko, behar duen guztietan, goseak hartara estutzen badu.

Agian, bizi beharrak bultzaturik egindako itzulpenen kalbarioaz ari da Mandelstam, itzulpengintza hain estimu apurrean hartzen duenean, urtetan bizibidea eman dion langintzarekin hain esker txarreko azaltzen denean. Poesiaren barne iturria ahitua aurkitzen zuenean, Mandelstamek frustrazioz beterik atxikitzen zituen ogibidezko itzulpen haiek. Etsipenaren gailurrera iritsi zen 1928an, Till Eulenspiegel, Herbehereetako eta Alemaniako folkloreko kontakizunaren bigarren argitalpen bat itzultzeko eskatu ziotenean. Lehen edizioaren itzultzailearen izena jartzea ahaztu zitzaion Mandelstami; plagio salaketa bat jarri zion hark, eta, atzetik, sobietar agintarien susmo guztiak abiatu ziren Mandelstamen urratsak gertutik zelatatzera. Armeniara joateko garaia heldu zen, baina nori itzuriz? Sobietar jazarpenari ala itzulpenaren lokatzetan zikintzera behartutako poeta zapuztuari?

Poeta onak, gehienetan, itzultzaile kaskarrak izaten dira. Okerrenak, itzulpena zer den ulertu gabe ere itzulpengintzan aritzeko oilarkeria dutenak. Zorionez, salbuespenak badira, noski; hor dugu Gabriel Aresti bat, edo hor dugu itzultzaileen lana eskuzabaltasunez begiratzeko adimena zuen Jorge Luis Borges bat:

«Yo he sido inventado por mis traductores. Y los prefiero, ya que salgo muy mejorado».

Justo R. Molachino, Jorge Luis Borges, Jorge Mejía Prieto, Borges ante el espejo

Iruzkin bat utzi

Gotzon Egia atalean

Hiztegi demokratikoa

Gotzon Egia Goienetxea

Indarrak ahituta aurrera egiteko, ez duela karguan jarraituko iragarri zuen otsailaren 11n Joseph Aloisius Ratzingerrek, Eliza Katolikoaren eta Vatikanoko estatuaren burutzak utzita mojen komentu batera erretiratuko dela. Azken boladan, ez omen zebilen oso katoliko… atx, barka esamoldea!

Aitaren batean —hitz egiteko modu bat da, berriro— zabaldu zen albistea. Eguerdirako, Berria-k emana zuen izenburu azkar bat: «Aita santuak dimisioa emango du», azken ordukoen atalean. Hedabide handiek nola txikiek aho batez heldu diote sokari, besteak beste Sustatu-k, Zuzeu-k, Kazeta.info-k edo naiz:-ek. EITBk ere bideo sail bat zabaldu du, «Aita Santuaren dimisioa» errubrikaz. Wikipediak, zer duda, berehala eguneratu du Benedikto XVI.a orria, «Dimisioa» izeneko atal berri bat erantsita.

Albistearen hotsaz jabetuko zen Berria­-ko kazetaria, ziurrenik, agian berripapereko zuzendaritza ere bai, bi orduren buruan beste jira bat eman baitiote albiste buruari, berriaren gorputza ezertan aldatu gabe: «Aita santuak uko egin dio karguari». Dimisioa eman, estatu buru batez ari gara, estatu txiki bat, arrazoi, baina estatua, azkenean! Berehala hartzen diogu, baina, esamoldeari usain berezi bat, «hartarako hautatua izan zenak» ematen baitu dimisioa. Hala gertatuko zitzaion, diot nik, Berria-ko kazetariari: pentsatzen hasita, demokratikoegia iruditu zitzaion barrukietatik, bitan pentsatu gabe, sortutako dimisio hura.

Izan ere, hiztegi guztiak zentzu demokratiko hori indartzera datoz, nahita edo nahigabe, dimisio hitzaren definizioa argitzeko ematen dituzten adibideetan. Esate baterako, bazoaz Zehazki hiztegira:

dimisión f dimisio, kargu-uzte: el presidente ha aceptado la dimisión del primer ministro, lehendakariak onartu du lehen ministroak kargua uztea, lehendakariak onartu du lehen ministroaren kargu-uztea.

Eta hasten zara pentsatzen, Berria-ko kazetaria izango bazina bezala, nor izan daitekeen gai, katolikoen Erromako artzain nagusiaren dimisioa onartzeko, nor ote den haren gainetik dagoena.

Frantses gehienak, badakizu, ez ditu elizak azpian harrapatuko, gu baino aise ohituagoak dira laikotasunean, barneratuagoa dute demokraziaren zentzu sakona… Frantsesezko Wikipediara joan beharko duzu erantzun eta argi bila:

Renonciation du pape

La traduction française de la constitution apostolique Universi Dominici Gregis (22 février 1996) emploie une fois le mot « démission » et une fois le mot « renonciation ». Mais dans l’original latin, c’est bien le seul mot “renuntiationem” qui est employé les deux fois. Le pape, n’ayant pas de supérieur ecclésiastique, ne peut remettre sa démission à personne. Il ne peut que renoncer à sa charge, ou encore abdiquer, ce qui a le même sens.

Kontrara, baina berdin, gertatzen zaio aita santu berria izendatzeari: hautatu darabilte, orobat, hedabideek. Burua berehala joaten zaizu hauteskunde batzuk irudikatzera, frantsesezko Wikipedia, berriro ere, infernuko etsai guztiak epeltzera datorkizun arte:

Conclave de 2013

Les cardinaux élisent en principe l’un des leurs, bien qu’il leur soit théoriquement possible d’élire tout catholique adulte de sexe masculin.

Elizakin topo egin diagu… Konklabea, giltzez ixten dena zentzu hertsian (hertsiago, ezin!) ulertzen badugu, hautatze libre baten antonimoa da, ilunkeriaren paradigma, itzal arteko deliberamendu sekretuen harpe zuloa. Zer hauteskunde da hori, aukera teorikoak mugatzen badira «tout catholique adulte»-ra, baina, hori bai, «de sexe masculin»?

Eliza Katolikoaren aita santua, Erromako Burulehena edo, nahiago baduzue, ELMEB, sexu bakar eta bereko kardinal guztiek batera bilduta izendatuko dute, kuria iltzez eta giltzez itxirik. Bitartean, arrazoi emango diot Berria-ko kazetariari, hitzak zentzuz hautatzeagatik, bigarren idatzaldian bada ere.

Iruzkin bat utzi

Gotzon Egia atalean

Itzulpenaren ideologiak

Gotzon Egia Goienetxea

Dezső Kosztolányi hungariar idazlea 1885ean jaio zen, austrohungariar inperioaren ertzean, gaur egun Serbiako lurretan den herri batean. Kazetari saiatua, XX. mendearen hasieran hungariar poeta eta idazle ezagunenetakoa izan zen. Itzulpen lan ugari egin zituen: Maupassant, Molière, Lord Byron, Oscar Wilde eta japoniar haiku asko eraman zituen hungarierara… Gizon kultura handikoa zen, ezkertiarra pentsaeraz.

Ipuin edo narrazio laburrak idatzi zituen; ederrenetako bat, 1933an argitaratua, Itzultzaile kleptomanoa deitua. Laburra da istorioa, bitxia: lapurretarako joera azkengabea, eutsiezina zuen gizon baten kasua da. Horrek sortzen dizkion arazoen erruki harturik, lagunek itzultzaile lan bat aurkitzen diote argitaletxe batean. Polizia nobela ingeles bat eman diote itzultzeko. Denbora laburrean lana amaituta, miretsirik irakurri ditu editoreak itzulpenaren lehen pasarteak: estilo ezin landuagoa, hitzen eta esaldien inoiz ikusi gabeko tolesdura, argudioaren giroa bikainki atzemana… Baina itzulpena ez dago argitaratzerik: testuak zilarrezko hamabi laban aipatzen zituen lekuan, itzultzaileak hamar utzi ditu; harribitxi eta urrez apaindurik zetorren emakume protagonista, gau soineko zarpail batera soildu du; narrazioaren mila eta bostehun liberen ordez, bostehun laga ditu agerian, gainerako mila liberak bere kolkorako, edo –nork jakin– poltsikorako gordeta.

Gatazka ironiaz betetako bat kontatzen du Kosztolányik, itzultzaileari arrisku batez ohartarazi nahirik bezala: ideologia bat dago beti hitzen atzean, agerian ez bada ezkutuan. Erne ibili behar du, beraz, itzultzaileak, ideien hostotzak ez diezaion hitzen zentzua lainotu, eta bere ulermen baldintzatua  (istorioan, lapur joera eutsiezina; fikzioaz gaindiko bizitzan, norberaren usteak eta iritziak) ez dakion gailendu itzulgaiari.

Herbert Marcusek zioen, bere One-Dimensional Man entseguan (1964), hizkuntzaren laburtzapenak, batzuetan, galdera maltzurrak saihesteko bide bat izan daitezkeela. Beste adibide batzuen artean, zioen «NATO» siglak ez zuela aditzera ematen «Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea» izendapen osoak agerian uzten zuen hori bera, hau da Ipar Atlantikoko herrialdeen arteko adostasun bat. Izan ere, bestela, baten bat has zitekeen galdezka nola zitekeen Grezia eta Turkia izatea erakunde horren kide, baina ez Suedia.

Arrazoia bere alde izango zuen, ziurrenik, Marcusek, hizkuntza eta boterea loturik joan baitira beti. Izan ere, esadazue, ba al da ideologietatik libre den hitzik, gutxiago esaldirik?  Aspaldi ez dela, Juan Garziak hemen bertan (Kalko fraseologikoak eta ideologikoak) aldarri egiten zuen, nominalizazioen kalko mekanikoaren aurka, besteak beste, esaldien egiletasuna  guztiz ezkutatzera eraman dezakeen bidea delakoan. Egilea, batez ere erabaki ofizial maizegi mingarrien egilea, nor den ageria(go)an uztea gauza ona da, zalantzarik ez, baina itzultzailearentzat kontu apur batez ibili beharreko bidezidorra izan daiteke askotan. Ederki gogorarazten zigun, sotiltasun handiz, gure Iñigo Aranbarrik, kazetari itzultzailearen ikusmoldea salatzen zuen adibide hartan: «En Iparralde, se podrá obtener el permiso de conducir por un euro al día», euskaratuta «Gidabaimena egunean euro bat ordainduta atera ahalko dute Ipar Euskal Herrian». Dute, haiek, guk ez.

Adibide huts bat jartzearren, «los indicadores financieros de la economía española sugieren que estamos en una situación…» esaldiaren aurrean (eta zenbat halako!), nola jokatu behar du itzultzaileak? Itzulinguru bat bilatu behar du, «..egoera halakoa da» gisara, gaude/daude auziari ihes egiten?

Uste dut bide horretatik, fikzio handirik behar gabe, laster ginatekeela Kosztolányiren pertsonaiaren lapur bidean, edo, auskalo, okerragoetan.

Iruzkin bat utzi

Gotzon Egia atalean

Adiskide aizun horiek

Gotzon Egia Goienetxea

Hotz dira letrak, ordenagailuaren moldean ematen direnean. Arial edo Times Roman izoztuetan bidali behar ote zion zorion agur bat François Hollandek, nori eta Barack Obamari (munduko buruzagi gorenari!), bigarrenez presidente hautatu zutelarik. Itzultzailearen ingeles sotilaren segidan, luma hartu eta hizki batzuk eskuz izkiriatu zizkion izenpearen aitzin, gutunari epeltasun lagunkoi apur bat gaineratu nahirik. «Friendly» abegitsu bat otu zitzaion, labur eta dotore.

Nahi gabe, begi bat erantsi zion Hollandek kate luze bati. Bere aurreko Sarkozy jaunak irrist sonatuak eginak zituen, Hillary Clintoni harrera egitera iritsi zenean euripean, «sorry for the time» esanez, frantsesez beti temps diren denbora time eta eguraldia weather nahasita; edo Elizabeth II erreginari «It is magnifical!» bat bota zionean, atzerriko agintariari eskainitako galako afarian.

Bi hizkuntzatan forma antzekoa duten adiskide aizun horien erruz egiten omen dugu labainka hainbatetan. Nahigabeko zirristak izango dira gehienetan (Kalkoen Behatokiak eman zizkigun ale eder batzuk hemen bertan), ez dizuet ukatuko, baina, bertsolarietan nola, hitzen arteko antza indartsua izan ohi da zentzuak —zentzu berriak— esnarazteko. Ados, «emendakin iz. ‘eranskina’ (ez du gaztelaniazko enmienda adierazten)» tematzen da Hiztegi Batua, baina Google-k bilaketa azkar batean gezurtatzen digu hori: emendakin ia guztiak gaztelaniazko enmienda dira gaur egun.

Izan ere, batzuetan badirudi zentzuaren hurbiltasunak ekartzen duela hitzak forman ere antzekoak izatea. Hala, ez al da zentzuzkoa armadaren mandoak izatea, zer esanik ez mando horiek tradizioaren alarde egiten den gure herrien mando direnean?

Nahitara bilatutako adiskide aizunak dira, alderik gabe, ederrenak. Zer esaten didazue, hirietako trafiko kutsadura murrizteko inoiz asmatu den ekuazio indartsuenaz, bici=bizi? Zoragarria. Edo gure hizkuntzari berandu gabe arnas handiagoa eman nahi liokeen euskara ahora lema horretaz? Pentsatzen jarrita, ixo, nahi dugun portura eramango ote gaitu lema horrek?

3 Iruzkin

Gotzon Egia atalean

Paragogikoa

Gotzon Egia Goienetxea

Liburu berezia, oso berezia dela aitortzen zuen Xabier Olarrak 2005ean, Exercices de style liburuaren itzulpenaren atarikoan:

«Eguneroko bizitzako gertaera bat, hutsal bezain harrigarria, modurik xumeenean kontatua, eta ia beste 100 bariazio, gai horixe bera dutenak. Hori besterik ez da Estilo ariketak». Xabier Olarra

Azalduta utzi zuen Raymond Queneau egileak, ariketak nola sortuz eta gehituz joan zen, hamabost bat urtetan, istorio hutsal hari jira eta bira emanez:

«Laurogeita hemeretzigarrenean gelditu nintzen; gehiegi ere ez da komeni; ideial greziarra, aizue».

Txantxa literario bat hasieran, ikuspegi parodiko batez egina, baina berehala hizkuntzaren ahal-mugak muturreraino eramateko ariketa bilakatu zen: mintzairaren eta hizke(ra)ren goma elastikoa noraino izan daitekeen malgua esperimentatzeko laboratorio literarioa.

«Ung jourz verse midir, surl laa plateformet arrièreu d’uno autobusi…» hasten da Queneau «Paragoges» ariketan; «Egune bateze eguerdis alderat, autobust batena plataformantz…» erantzuten dio Olarrak. Hitzen amaieran hots bat eranstea omen da paragogea.

Olarrarena ez da euskarazko bertsio bakarra; berea, kanonikoa dela esan genezake, baina bada askoz lehenagoko beste bertsio pirata bat, 1993an libreago egina Luistxo Fernandezek:

«Gaura eguerdiana, SA bidekok autobuserak igok naiza. Atzekok plataformak jendezk betetak zegoenk…». Luistxo Fernandez

Ohar bat erantsi zion itzultzaileak bere bertsioari, 2006an sarean argitaratu zuenean: «Atzekok plataformak jendezk betetak zegoenk, irakurtzen dudalarik gaur, Rafa Diez LABeko idazkari nagusia datorkit burura, ergatiboak (edo holako zeozer) gehitzeko duen ohitura horrekin».

Hizkera paragogiko deitu genezakeen hori ez da berria, beraz, dela efektu literario bat sortu nahirik, dela agindu gramatikal neurriz gaindiko bat isildu ezinik, dela —egungo kazetaritza mintzatuan— mintzoa edertu guran.

Ipini belarria, bereziki kirol esatari batzuen jardunari, eta aurkituko duzue hizkera paragogiko garbi bat: «Realake partidarene amaierane gol bate lortzene badu…».

Olarrak «kirol-literatura» deitzen die Queneau-ren ariketei, jolasa eta norgehiagoka, biak batera direlakoan. Hizkera paragogikoa kirol esatarien artean ari da ugaltzen. Ez zaizue paradoxikoa iruditzen?

2 Iruzkin

Gotzon Egia atalean

Hibridoak

Gotzon Egia Goienetxea

Hibrido gaiztoen gainean Alfontso Mujikak idatzitako zutabeaz oharturik, hitz bi nahi nituzke gaineratu.

Giza jakintzaren ertz askotan, teknikaren esparruetan bereziki, hibridazioari balio erabat positiboa ematen zaio. Urrutira gabe, biologia molekularrean urrats handiak egin dira aurrera hibridazioari esker, DNAren azterketa sakontzeko; edo kimikan, karbonoaren hibridazioak produktu aukera zabala eratu du, erabilera industrialetarako. Ibilgailu hibridoa aurrerakuntzaren eta erantzukizun sozialaren paradigmatzat dugun garaiotan, hibridazioa bizikletara  ere iritsi da!

Hizkuntzalaritzan ere hibridazioa oso erabilia da, eztabaidatua den bezainbatean. Hizkuntza batetik zatiki bat hartu, beste hizkuntza batetik beste zatiki bat hartu, hitz baten irudipena emateko adina doitu: horra hibridoa. Hala sortu genituen, eta hala darabiltzagu, ikara errainurik gabe, soziologia, homosexual, metadatu, klaustrofobia edo liposukzio, latina eta grekoa nahas-mahas; edo telebista, grezierazko aurrizki garbi bati, ziurrenik gaztelaniatik euskarara ekarritako mailegu bat erantsiz.

Neologismoen munduan nagusi joko nituzke hitz hibridoak, hartarako datu zehatzik ez badut ere. Zernahi gisaz, hitz hibridoak maiz izaten dira euskal itzultzaileen hizpide, hibridazioak aurpegi desberdin asko baititu, ez arazorik gabeak gehienak. Adibide bi ekarri nahi ditut hona, ItzuL posta zerrendatik hartuak, ongi erakusten baitituzte hitz hibridoen behaztopa ezkutuak.

ItzuLkide batek hala zioen, ko- aurrizkiaren bidez sortutako hitz hibridoen hedaduraz eta hautabideez:

Aipagarria da ko- aurrizkia ez dela, guk dakigula, euskarazko hitzei loturik erabili (*kohezkuntza, *koekoizpen); beste erdal aurrizki batzuk, berriz, bai: ultramore, infragorri, superoale, exoelkarte (LEF batzordeak erabilia) eta abar.

ItzuL 2001

Uste dut argigarria eta aintzat hartzetakoa dela: hibridazio bidez neologismoak sortzeko mekanismoak (esate baterako, kasu honetan “erdal aurrizki bat + euskarazko hitza”) ez dira beti hautabide guztietan ernaltzen, ez behintzat era automatikoan.

Hitz hibridoen jatorria ere kontuan hartu behar da: zatiki bakoitza hizkuntza banatatik hartua ote den, ala hibridoa, osorik eratuta, beste hizkuntza batetik mailegatua den jakitea komeni da, erabileraren bide hertsietan barrena estropezu egin nahi ez bada. Idazkera zen eztabaidagai ItzuLen, hibrido baten kasu zehatzean, bigarren zatia r-z hasten den kasuetan erre- idatzi behar ote den, alegia. Honela erantzuten zuen blog honetan partaide den Alfontso Mujikak eztabaida hartan:

Euskal hitz bati aurrizki kultu bat eransten badiogu hitz eratorri (exoeratorri edo exoelkarte) bat sortzeko (hala nola hiperesteka edo infragorri), logikoa da zuk proposatzen duzuna: auto + erradioaktibo = autoerradioaktibo.

Baina ez da hori izaten erabidea. Hitz hori erdararen batean sortua da, eta guk mailegatu egiten dugu. Kasu honetan, litekeena da ingelesezko autoradioactive hitza izatea abiapuntua. Beraz, hitz hori mailegatu behar badugu, autorradioaktibo egingo dugu; hau da, hitza mailegatuko dugu eta maileguen ohiko irizpideak erabiliko ditugu horretarako, baina ez dugu hitz horren erabidea kalkatuko.

Horregatik, adibidez, korrelazio agertzen da Hiztegi Batuan, eta koerlazio, berriz, debekatu egiten da. Antzeko kasuak dira, adibidez, hiperrealismo edo korreferentzia.

ItzuL 2005

Hibridazio mailegatuaz hitz egin behar genuke kasu horietan, beraz, hitz hibridoa beste hizkuntza batean eratua baita, eta euskarara handik mailegatua.

Ondorio moduan, esango nuke hibridazioaren erabidea hobeki deskribatu beharko genukeela, neologien iturri oparoenetako bat ben neurrian. Mekanismoak ulertu, kasu bakoitzean hedadura noraino iristen den neurtu, zerrenda muinbakar bat osatu, bada zer aztertua hitz hibridoen eremuan. Bitartean, hibrido gaiztoen azterketari eransteko, bi hipotesi formulatzera ausartuko naiz:

  • Hezkuntza mundua eta hizkera politikoa dira hibrido aizunen sortzaile indartsuenetakoak. Magisteritza eta delegaritza antologikoen ondoan, are eta gaiztoago den tutoritza aspaldikoa dago, gaztelaniazko tutorí(a) hitza euskal -tza atzizki naroaz jatortuta.

  • Hipotesi horri loturik, atzizki batzuek kemen naturalizatzaile handiagoa dute, beste batzuek baino, hitz hibridoei euskal usaina emateko. Guztien artean, esango nuke -tza dela gailena: aurreko hiru adibideez gain, subirautza edo solidaritza kutsu soziopolitikoko izaki zirkulatzaileak hor ditugu, garai bateko aitortza edo sendotza jator erlijiosoen edo, berrikiago, osakidetza edo ertzaintza instituzional zalantzagarriagoen oihartzunera eratuak.

5 Iruzkin

Gotzon Egia atalean