Artxiboa gaika: Borja Ariztimuño

Euskara aldagaitz: adizki kuttunenak

Borja Ariztimuño Lopez

Hizkuntzen historiaz dihardugunok sarritan aipatu ohi dugu harako “hizkuntza guztiak etengabe aldatuz doaz” leloa. Eta egia da, izan ere.

Haatik, bada horren alboan beste ezaugarri ezagun bat: erabilera maiztasunak formak higarazten ditu, baina bestelako aldaketetarik (adib. analogiatik) aldentzen.

Paradoxa dirudi motibo beragatik zerbait aldi berean eraldatzea eta zurruntzea. Azalpen ulerterraza du horratik. Oro har, oharkabean-edo darabiltzagu gure hizkuntzaren fonetika-fonologiak (eta hitzak, erabiliaren erabiliaz, higatzen dira). Aldiz, morfologia maizago erabiltzen dugu gogara-edo (eta analogiak egiteko joera dugu, erabat ohartuki ez bada ere); alabaina, maiz erabilitako forma bat (adizki bat kasu), maila morfosintaktikoan osatua izatetik gure buruko “hiztegira” igaro daiteke, jatorrizko paradigma erregularretik atera, eta kideen patua patu, bere horretan iraun dezake, prestu-prestu, guk edo gure sintaxiak eskatzen dion aldiro dagokion hutsunea betetzeko.

Euskarazko aditz erabilienak izan eta *edun dira, hein handi batean laguntzaile bihurtu zirelako; eta haien paradigmetan badira forma irregularrak. Lehendabizikoari dagokionez naiz, da, gara, dira aipa daitezke. Bigarrenaz denaz bezainbatean, mendebaldeko euskalkietan are nabarmenagoa da irregulartasuna: du/dau : det/dot erroko bokal-aldaketak, ditut, gaituzu bezalakoetako -it- pluralgile misteriotsua…

Neure tesirako osatu dudan corpusari begiratuz gero, ikusiko dugu 1625 arteko testuetako adizki guztien artean, izan eta *edun-enak agerraldi guztien %56 direla. Areago, aditz horien oinarrizko forma banak (da, du)[1] corpus osoaren %6 osatzen dute (%12 bi forma soilek!).

borja1

1. irudia: Euskara arkaikoko adizkien corpuseko portzentaiak (izan eta *edun).

Gaurkoan, dena dela, ez dut euskara arkaikoaz (soilik) hitz egin nahi.

Duela lau urte pasatxo, Erramun Turutarenak ikerketatxo baten datu batzuk plazaratu zituen Sustatun. Euskarazko azpitituluen corpus bat erabiliaz, indikatiboko 10 aditz laguntzaile erabilienen zerrenda osatu zuen.[2]

Bada, esperimentua neure corpusarekin albait fidelkienik errepikaturik, emaitza harrigarria (?) atera zait. Erka itzazue ondoko grafikook (ez kopuru absolutuak, baina adizkiak berak zein diren eta haien arteko maiztasun erlatiboa bi corpusetan):[3]

borja2

2. irudia: izan eta *edun adizki erabilienak (azpitituluetako datuen arabera ordenaturik).

borja3

3. irudia: izan eta *edun adizki erabilienak (corpuseko datuen arabera ordenaturik).

Alde batera utzirik nire corpusean hamargarren postuan berez ditu ageri dela (gutxigatik zara-ren aurretik),[4] aditzon erabilera ezer gutxi aldatu dela ikus dezakegu: begikoen ditugun 10 adizkietarik 9tan bat gatoz XVI-XVII. mendeetako euskaldunak eta XXI. mendekook. Edo behinik behin garai zaharretako idazleak, eta egungo (azpitituluen) itzultzaileak.

Azken horrek ere (itzulpenak izateak, hain zuzen) zer pentsatu ematen dit: ba ote daiteke, aurkeztu dudan hizkuntzaren alderdi honi dagokionez, hizkuntza guztietan antzeko joerak izatea?

* * *

[1] Eta bigarrenaren dau, deu aldaerak; aldiz, ez ditut barnean sartu aurrizki-atzizkidun formak (duen, dela, baita eta abar bezalakoak). Hortaz, egiazki %6na baino zertxobait gehiago dagokieke.

[2] Egiazki izan eta *edun-en adizki erabilienak lirateke, forma hutsen (naiz, haiz, da, gara…) zenbaketa automatikoan oinarriturik egin baitzuen lana, nonbait, nire anaia etorri da eta nire anaia da modukoak bereizi gabe.

[3] Azpitituluak: Erramun Turutarenaren datuak. Corpusa: nire corpuseko datuak.

[4] Eta gainerakoetan ere ez dela ordena bera gordetzen (hori bai, bi corpusetan da nagusi, eta dut 2. edo 3. postuan). Horrez gain, zen-dira-zuen eta naiz-zara/dugu-dugu/zara “blokeak” (3. pertsona vs. 1. eta 2. pertsonak, barneko ordena ia berbera eta guzti!) nabarmenduko nituzke. Lehen taldekoak erabiliagoak dira oro har kontakizunei lotuak diren idatzizko testu zaharretan; bigarrenekoak nagusitzen dira, aldiz, gehienetan elkarrizketei dagozkien azpitituluetan.

Iruzkin 1

Borja Ariztimuño atalean

Higuina akuilu III

Borja Ariztimuño López

 

Haik(u)a I

Doinuak zatitzen zituelakoan
ebaki nahi izan zituzten
ez zutenen belarriak

 

Haik(u)a II

Ahairearen itolarria
arintze aldera
zintzurmotz otzan
egon hadi

Iruzkin bat utzi

Borja Ariztimuño atalean

ITZULEKTOLOGIA: dialektologi itzulpengintzatik itzulpen-dialektologiara(ntz)

Borja Ariztimuño López

Atzokoa aitaren eguna izan bazen, gaurkoa aitaren-eguna izango da blog honetan. Izan ere, euskal testu zaharretan gehien aipatzen den aita (Gure Aita edo Aita Gurea) izango da hizpide, edo hobeto esanda, hari eskainitako otoitz ezaguna. Baina, has gaitezen hasiera-hasieratik (kronologikoki ez bada ere).

Ezagun izango zaizue, noski, euskarazko testuen urritasun eta berankortasuna (erlatiboa, dena den), eta are gehiago homogeneotasun temati(ko)a: hala biz.

Hortaz, berebiziko garrantzia dute “kanon” horretatik aldentzen diren testuek, erlijiozkoetan ageri ohi ez diren egiturak eta formak biltzen dituztelako, eta, bide batez, lan filologikoari zirrara apur bat eransten diotelako!

Filologi lan hori egoki eta xeheki egitea ezinbestekoa zaigu hizkuntzalaritza historikoan gabiltzanoi, denboran atzera eta ikerketan aurrera urrats sendoz eta fidagarriz egin ahal izateko. Azter-eremu zabal horren barruan, dialektologia historikoak du, beharbada, oztoporik handiena.

L. L. Bonaparteren XIX. mendeko landa-lan eskergak (lan da lan) datu asko utzi ditu gure eskura, baina, egia da ere hein handi batean itzulpenetan oinarriturikoak direla, sistematikoki eta helburu jakin batekin e(ra)gindako itzulpenetan hain zuzen. Ezin zaie ukatu daukaten balioa, jakina, halako corpus paralelo erraldoirik ez baitugu beste inoiz izan, dakidala. Alabaina, desberdintasunak erakustea xede zuten itzulpenak (printze-zuzendariaren “aurreiritziak” tarteko), ez bide dira litekeen iturririk aratzena, halakorik inon bada. Kantitateak berdintzen-edo kalitatea.

Edonola ere, testuok berriegi, modernoegi begitantzen ahal zaizkio euskalki zaharren egituraketa, eta euskalkien sorrera eta hasierako garapena aztertu nahi dituenari. Horretarako, lekukotasun askoz ere zaharragoak behar, eta horiek exkax gurean (geroz eta gehiago badira ere, zorionez!).

Hemen sartzen da gure aita. Edo aitagurea.

Zein da, bada, euskalki gehienen lekukotasun zaharrenetarikoa? Bada, hain zuzen ere, horien corpusa osatu dut (hogeitaka itzulpen ezberdin), eta haren azterketan dihardut orain, aurki-edo emaitzaren bat argitaratzeko esperantzan.[1]

Jabetzen naiz, halere, Bonaparteren bildumaren pareko eragozpenak dituela honek ere. Hasteko, itzulpenak dira, eta horrelakoetan (bereziki erlijio-testuetan) iturriari zor zaion fideltasunak eta iturriaren ezaugarriek berek (jatorrizko hizkuntza desberdinak, adibidez) izan dezaketen eragina kontuan hartu behar da. Gainera, helburu dialektologikorik ez, baizik eta aitaren hitza albait zabalen hedatu nahi izanik, hizkuntz eredu jakin bati (tokian tokiko “estandarrari”, aldaera prestigiodunari) jarraitu izana ere espero izatekoa da. Azkenik, honelako testuetan arkaismoak eta berrikuntzak nahaska topatuko ditugu, alde orotako indarrak izaten baitira tradizio zahar-berrietan.

Datorrena datorrela, gogotsu ekin diot aztergaiari: txarrenean, bagenekiena edo uste genuena berrestera etorriko da (lankide gutxiko alor batean, pixka bat es…), eta, onenean, ondo ulertu gabeko edo oharkabean igarotako ezaugarriren bat edo beste hobeto konprenitzea ekarriko ahal du!

[1] Aurrerago sinesten dut edo kredo deritzona sartzeko asmoa ere badut, konturaturik ia beti elkarrekin doazela eta, beraz, corpus paraleloa zabaltzeko aukera dagoela.

Iruzkin bat utzi

Borja Ariztimuño atalean

Higuina akuilu II (edo #euskaraakastasunez)

Borja Ariztimuño López

Jatorrizkoa gaztelaniaz pentsatua izatea, itzuli duenak euskara ez menderatzea (berak kontrakoa uste izan arren), norberaren lanean axolagabe jardutea… Hainbat arrazoi ekar litezke idazpuru, eskuorri eta bestelako testu laburretako itzulpen okerrak zuritzeko; bakar bat ere ez onargarri.

Tamalez, uste baino gehiagotan gertatzen dira halakoak (zer esango dizuet zuei, blog honen ohiko irakurleoi), gaizki itzultzea ez baita gramatika-akatsak egitea bakarrik; ondo itzultzea hitzez hitz, sintagmaz sintagma, bana-banako ordainak ematea baino gehiago baita.

Ez dut iruzkinduko ondoko testua, ez eta nola itzul litekeen euskal sen handiagorekin, bereziki euskarak berezko duen elipsirako joera eta gaitasunaren bitartez (egoki erabiliz gero, jakina); zuen esku:

GUIA “no te (lo) pierdas”

ez (ezazu) galdu” GIDA

(Gipuzkoako Campuseko Biblioteka, UPV/EHU, Donostia)

Arazoa, maluruski, mezuen eduki linguistiko hutsetik haratago doa, eta nabarmen uzten du, berriro ere, gaztelaniazko (sorburuko) bertsioarekiko morrontza; ikus:

PLANTEMOS
CARA

AURRE
EGIN

(Gazte KomunistakJuventudes Comunistas)

Baina ez pentsa soilik erakunde publikoak eta marxistak ditudanik jomugan eta gaitzesgarri; ez. Ustezko “sozialista” zenbaitek ere badute merezimendurik, hizkuntzaz bezainbat edukiz, hain lotsagarri. Pse…

Bego.

2 Iruzkin

Borja Ariztimuño atalean

Hizkuntzaren historiak III: gramatikalizazioa

Borja Ariztimuño López

Hitz potoloak, hitz arraroak, eta askotan itsusiak, zenbat eta halakoagoak hobe, iduriz. Terminologia zehatza, delako alorrean adituxea ez den inori, oztopo gertatu ohi zaio. Horregatik komeni da adibide ulerterrazak jartzea, bereziki lan dibulgatibo batean.

Iazko udan Eibarko UEUn antolaturiko ikastaro batean azaldutako kontu bat ekarri nahi dut gaur hona, izenburuan adierazitakoa (aurrekoren batean zeharka-edo aipatu dudana), adibide ene ustez polit batekin.

Gramatikalizazioa, labur esanda, hitz edo egitura batek izaera geroz eta gramatikalagoa hartzea da, esanahi lexikoa lausotuz eta galduz, testuinguru berrietara zabalduz, fonologikoki higatuz… baina maiz sorburuko esanahiaren parte bat gordeaz, eta berak baldintzaturiko bilakabidean barrena.

Adibide ohikoena aditz laguntzaileena da: jatorrian esanahi osoko aditzak izanik, ondoren aditz jakin batzuekiko konbinaketan erabiltzen hasi eta, azkenean, zeinahi aditzekin eta haren esanahia aldatu gabe, soilik informazio gramatikala adierazteko elementu bilakatzen baitira.

Euskara bezalako mintzaira “isolatu” eta historia laburreko baten iragana argitzeko, baliagarri izaten da oso hizkuntza askotan antzera gertatzen diren bilakabideak aztertzea eta horien bila gure hizkuntza arakatzea. Esaterako, erabilera ezberdin askoko esapide baten esanahi zaharrena, berriena eta tarteko bidea zein izan diren argitzen lagun diezaguke, lekukotasun idatziek nahikoa argi egiten ez dutenean.

Adibide baterako, behar izen-adjektiboaren eta behar izan (edo ukan, edo hobeto *edun) perifrasiaren arteko harremana, eta azken horren adiera guztien jatorri eta bilakaera modu berean azal genitzake.

Perifrasi bateko elementu bakoitzak, logikoki, perifrasia bera baino zaharrago behar du izan, hortaz, behar izen edo adjektibo moduan soilik erabiliko zen hasieran, baita horrelako elementuek parte hartzen duten ohiko perifrasietan ere (izen-predikatuetan), jatorrizko ‘premia(zko)’ adieraz:

(1)       ura behar dut ‘ura beharrezko dut, ura(ren) beharra dut’ (cf. ardoa gogoko dut)

Jakina, egitura horrek ez du bestelako interpretaziorik ahalbidetzen, baina, izen sintagmari beharrean aditz sintagma bati lotzen badiogu:

(2)       ura edan behar dut ‘ura edateko beharra dut’ (cf. ura edan gogo dut)

Hor bai, ‘premia’ > ‘obligazio’ aldaketa (hizkuntz askotan lekukotua dena) erraz gerta daiteke.

(3)       ura edan behar dut [egarri naizelako-edo] → [medikuak agindurik-edo]

Hortik aurrera, partikula modal gisa gramatikalizaturik (pentsa mugagabean erabiltzen dela, iharturiko hainbat esapidetan legez), obligazioaren modalitate deontikoaren bidez “xede” edo “asmo” adiera hartzea ere ohikoa da:

(4)

a. atera ezank patxaran botila, gaur parranda egin behar dut!
b. normalean ura edaten duzu eta, gaur ardoa edan behar al duzu?

Azken esaldiok, bereziki (4b)-k ene iritziz, badute geroaldi kutsu bat ere; izan ere, hori da modalitate deontikoaren ohiko bilakabideetako bat (obligazioarena ere bai, oro har):

(5)       bihar elurra egin behar omen du (hor ez da “asmorik”…)

Gramatikalizazio kate bat da, beraz, behar-en erabilera guztiak batzen dituena eta horien arteko harremanak eta kronologia erlatiboa azaltzen dituena, ingelesezko literaturan aipatu ohi den modura: NEED > OBLIGATION (> DEONTIC MODALITY~PURPOSE) > FUTURE. Ugariak dira horren adibideak mundu guztiko hizkuntzen artean.

Kateok, baina, behin eta berriro gertatzen diren prozesuak ditugu eta, hala, adiera oinarrizkoenetarako beste perifrasi bat sortu zen, Bizkai-Gipuzkoetan gutxienez: beharra eduki. Ikusten denez, bi berrikuntza ditu egitura honek aurrekoarekin alderatuta, mugatzailearen eta eduki aditzaren erabilera areagotuz joan baita historian zehar. Proba ezazue aurreko adibideetako behar *edun egituraren ordez beharra eduki-rekikoa txertatzen,[1] ea zenbagarreneraino iristen zareten aldi bakoitzeko aldaketa semantikoak eginez… Hain zuzen ere, oraingoz, premiatik obligaziorakoa besterik ez bide du egin, hartaraino egin duen hizkeretan. Areago, (1) adibiderako gehienok beharrezko dugun beharrezko(a) are berriagoaren kasuan, aditzekin erabili ahal izatera igaro da, bai, baina betiere hasierako NEED esanahia gordeaz.

Honenbestez, gramatikalizazio isolatuetatik gramatikalizazio kateetara eta, horietarik, gramatikalizazio kate ezberdinak geruzaz geruza nola teilakatzen diren ikustera iritsi gara. Gramatikalizazioaren teoriak, zehazki, sare itxuraz nahaspilatuen artean eta geruza erdi-estalien azpian murgiltzen, eta anabasari azalpen koherente eta ordenatu bat (aski ziurtasun eta berme sendoekin) ematen laguntzen digu hizkuntzaren historian eta historiaurrearen berreraiketan dihardugunoi, beti ere, zientzia guztietan bezala, hatsarre zenbait onartuz gero: batetik, munduko hizkuntza natural bizi guztiek printzipio berberei erantzuten dietela eta, bestetik, uniformitarismo delakoari jarraiki, gizakiaren historian zehar izan diren hizkuntza eta hizkuntza-egoera guztietan aldaketarako mekanismoak berberak izan direla.

Ariketa modura, zein katebegitan ezarriko zenukete ondoko esaldi bakoitza? Bada zuen hizkeran ezinezkoa denik? Etorkizun hutsa adierazten ote du behar partikulak? Zer dela-eta (ez)?

  1. Bihar zinemara joan behar dut.

 

  1. Azkenean zer, etorri behar al duzu?

 

  1. Ardoa behar dut.

 

  1. Hurrengo hauteskundeak irabazi behar ditugu.

 

  1. Gauean etxekolanak egin behar ditut.

 

  1. Datorren urtean goenkale bukatu behar omen da.

 

  1. Pixa egin behar dut.

 

  1. Bazkaldu behar duzu?

______________________________________

[1] Beharbada, (1) adibidean ez bere horretan, baina bai beharrezko(a) eduki (edo *edun) erabilita; kontua da mendebaldeko hizkerek, bederen, behar (edo beharrizan) izena eta beharrezko adjektiboa bereiztera egin dutela.

Iruzkin bat utzi

Borja Ariztimuño atalean

Lehengoaiarenak II: izen(k)izunak

Borja Ariztimuño

Itziar Diezek, duela hilabete gutxi gorabehera, ekarritako “toponimo itzulezinen” kontuak[1] gogorarazi zidan askotan aipatzen den (eta Koro Garmendiak bestelako adibide interesgarriekin hornitu zigun)[2] Nafarroako Dos Hermanas leku-izenaren afera. Zilegi bekit bestetan adierazitakoa laburbiltzea: gaztelaniazko izena euskarazkoaren interpretazio oker baten ondorioz sortu zen, Bi haizpe (< *bi haitz-be(he)) → **Bi ahizpe = Dos Hermanas. Noski, nahaste hori aski (edo erlatiboki) berria dateke, orduko euskararen ahoskeraz ondoriozta dezakegunez: alde batetik, ez bide zen hasperenik ahoskatzen (eta areago /ai/ bokalek diptongoa osatzen zuketen) eta, bestetik, are berriagoa dirudien a > e / i(C)_ (hau da, i ondoko a bokala e bihurtzea) gertatua zatekeen, horrela ahizpa > aizpe bilakaturik, beste (h)aizpe-ren erabateko homofono.

Baina badira mota honetako edo antzeko aldaketa gehiago Euskal Herrian zehar, bitxikeria moduan aipatu nahi nituzkeenak (ezagunak dira oro, baina menturaz ez duzue guztien gaineko hausnarketarik egin eta hortaz ez zaituztet berriketa honekin gogaituko!).

Nafarroako Foru Erkidegotik atera gabe, famatua da (nahiz eta ez dakidan zenbateraino dagoen garbi) Estella izena Lizarra-ren sasi-itzulpena delako ideia, L’izarra zelakoan erromantzez emana. Nahiz egia, nahiz ipuin, istorio polita dela ukatu ezin.

Ipar-ekialderago joaz, duela urte t’erdi pasatxo Eneko Bidegainen arrazoizko arranguren[3] eragileetako bat topatuko dugu: Donibane Lohizune. Lekukotasun zaharrenetarik ageri omen zaigu azken zatia desitxuraturik, Luis, Luk, Lux, Luce eta abarren azpian, baina, edonola ere, jatorrizkoa euskarazkoa dela pentsatzea logikoa da, kontuan harturik Zuberoan ere badela beste Lohitzüne aski zahar bat.

Badira beste batzuk euskaldunek eraldatuak zirela uste izaki eta ustezko aldaketa horiek “deseginik” sortu zirenak, Recalde eta Retolaza, esate baterako, erreka alde eta erret ola-tza sintagmetatikoak, hurrenez hurren.

Bukatzeko, ordea, ez dut itzulpen edo egokitzapen bat aipatuko, baizik eta izen konposatu bat, Vitoria-Gasteiz ereduaren aurrekaria izan baitzitekeen, auskalo!

Euskaraz Iruñ(e)a denaren erdal ordainaz ari naiz: Pamplona, Pampelune… eta, azken batean, horien jatorrian den Pomp(a)elo(n). Aspaldiko kontua da azken horrek euskarazko izena bera daukala barnean, Estrabonek Pompeios polis gisa “itzuli” baitzuen (hortik hiri hitzarekin lotu izana). Hizkuntzalaritza master amaierarako prestatu nuen tesinan, besteak beste, izen hauen jatorriaz aritu nintzenez, hona ekarriko dut ondorioetako pasarte bat (zertxobait zuzendu/moldatua), Iruñea izenaren jatorriaz eta, beraz, Pamplona-ren eraketaz dudan iritzia argi geratuko delakoan:

«Irun- hasiera duten toponimoak (antzinateko Ilun- lekukotasunekin lotuak badira, bederen) ez lirateke jatorrian *hiri (h)on, ez *ili (h)on, baizik eta *ilun, osorik, azken horren euskal jatorria eta sorburuko etimologia gorabehera. Iruñ(e)a-ra, esaterako, bilakaera luze xamar baina azalerraz honen bidez irits gintezke:[4] *Ilun → [non?] *Ilun-en → [mozketa okerraz, cf. Uztarroze, Akize, Parise…] *Ilune(-n) > *Ilũ(h)ẽ > *Irũ(h)ẽ > *Irũĩ(n) > Iruin [deitura ezagunean eta iruinxeme-n gordea, zeinek artikuluarekin Iruña eman duen] → [berriro: non?] Iruñ-en → [berriz ere mozketa okerraz] Iruñe-n[artikuluarekin] Iruñea. Iruña forma, beraz, bigarren -e paragogikorik gabea izango litzateke, eta Irun, argi da, jatorrizkotik gertuen dagoena, VlV > VrV aldaketa bakarrik pairatu duena (cf. Irunberri ere). Besterik da izenok antzinako Ilun-ekin lotzen ez baditugu proposa litekeen etimologia: *hiri-hon edo *hiri-(g/h?)un(e)? Hala ere, Ilumberri- zaharrak eta Pomp(a)elo(n)-go akabuko zatiak iradokitzen digutenari kasu eginez, *ilun-en alde egingo nuke.[5]»

[1]    https://31eskutik.com/2014/11/21/25-de-noviembre/
[2]    https://31eskutik.com/2013/06/18/toponimiarekin-lotutako-hainbat-bitxikeria/
[3]    https://31eskutik.com/2013/05/22/luzerako-bidaia-san-juanera/
[4]    Irakur Mitxelenaren oharrak izen hauez, hemen.
[5]    Jakina, ilun horrek ez du zerikusirik euskara historikoko il(h)un hitzarekin; orain azalduko ez ditudan zenbait arrazoik eragozten dute lotura hori egitea.

Iruzkin bat utzi

Borja Ariztimuño atalean

Lazarraga zaharra, Lazarraga gaurkoa*

Borja Ariztimuño Lopez

Hamar urte pasatxo dira Lazarragaren eskuizkribua jendartera zabaldu zenetik. Harrezkero hainbat artikulu (eta libururen bat) idatzi dira hartaz, dela hizkuntzaren ikuspegitik, dela literaturarenetik edo are historiko-bibliografikotik ere. Irudipena dut, dena den, ez dela jendartean aski ezaguna oraindik ere, eta kontuan harturik euskal literaturako obra zaharrenetarikoa ez ezik egiazko literatura zahar bakanetakoa dugula (Oihenart dukegu bestea), irakaskuntzan leku handiagoa eman beharko litzaiokeela uste dut. Eta esango nuke haren poesia dela ezezagunena.[1]

Horregatik, gaurkoan, eta Lazarragaren eskuizkribuaren edizioaren egileen baimenaz, A25 edo Dichabagueau joan ninçan… poemaren bi bertsio dakartzat: lehendabizikoa grafia eta puntuazioa gaurkotuaz (funtsean aipatu ediziokoa bera, aldaketatxoren batekin) eta bigarrena egungo euskara batu(ago)an emana.[2]

Poemaren edizioko sarreran irakur dezakezuenez, ezin esan istorioa oso originala denik, baina, seguru nago XVII. mendearen hasieran euskaraz idatzitako halako testu bat (eta nahi izanez gero garai hartako euskaraz) irakurtze hutsa atsegin izango duzuela, nik bezainbeste.

Ditxabageau joan ninzan ezer baga eskuetan;
etsaiorrez topa nindin gradaetan
legoala ballesta bat armaetan:

― Traidorea, zer da honela? Zer egin deuk jauregietan?
― Ehiz’ona itxi dinat menaetan.
Igo egin da hasi hadi motzietan;
ni banajoan salsearen aurkietan.
― Ez ahal deustak bardin egia kontaetan!
― Igo egin laster, eze heurk dakusken erietan.

Igo neben bista baga begietan.
Neure jaunak baesadan:

― Nora zatoz penaetan?
― Ene jauna, zer diostazu? Zer daukazu bularretan?
― Zagita bat eben daukat; azarri ez nax tiraetan.
Konfesorea bekardae lasterretan.
― Ene jauna, jarri zatez sillaetan.
Nork egian kolpeori zure haragi ederretan?
― Garzilasok, ene andrea, nengoala menaetan,
bigueleaz kanzio baten kantaetan.
Hil banadi, nik deutsat parkaetan;
bizi banax, jakingo deut bengaetan.

Hau esan da hil ekidan eskuetan.
Andra ditxabageau, barriz, sei hilekoaz maiaetan;
ene etsai traidorea pozik kalza-juponetan.

Tristea nengoan hiru hileko egunetan,
atsekaba garratz asko, oi, nebela sufrietan,
sabelekoaz ez ninzala gozaetan.
Senar baga jarri ninzan belaunetan.

Hamaeka hilabete neure jauna goza nezan.
Ala andrea ditxabaga sortu bazan neskaetan!
Zerren hil ez ete ninzan jaio ninzan egunetan?

Seme batez erdi ninzan; digna ez ninzan gozaetan:
hilabete ez egian ama bereaen ugatzetan;
harrezkero ene semea eztakust neure begietan.

Ondo uste dot galdu zala itsasoaren hondarretan;
Garzilaso traidoreak agindu eben hundaetan;
hatz txikirra bihotzagaz lekarroela señaletan,
gumutatu ez lekion bere aita eskaetan.

Hala bada, eroan euen mandamentua kunplietan.
Ahaide baga bakotx nago desditxadeau eresketan.

Gizon batek hor daroa inozentea besoetan;
itsasaldea behera doa bere buruaz berbaetan:

― Hil hagidala jaunak jaustak aginketan;
bihotza ta hatz txikirra daroadala señaletan.
Inozentea, damu diat hain gatx handia obraetan;
borondate jaukaat ahal badagit salbaetan.

Bere begiak eratzala negarretan,
gizon onau baegoan zer leikean pensaetan.

Txakurtxo bat han heldu zan uraldeti ehizketan.
Gizon onak dei egin da lotu eben gidaletan;
atera deutso bihotzori, gorde dau kalza-mudoetan.
Inozentea efini dau lau atzetan;
lotu deutso eskutxoa, hutsi eztidin odoletan;
estali dau seitxoa arrai batzuen kontxaetan.

Garzilasok esan eutsan señaleagaz kunplietan,
hatz txikirra bihotzagaz emun deutso eskuetan.
Utra kontenturik dago forma honetan berbaetan:
[…]

Dohakabea joan nintzen ezer gabe eskuetan;
etsaiarekin topatu nintzen eskaileretan,
zegoela balezta bat armatzen:

― Traidorea, zer da honela? Zer egin duk jauregian?
― Ehiza ona utzi dinat almenan.
Igo hadi eta has hadi mozketan;[3]
     ni banoan saltsa aurkitzera.
― Ez ahal didak, menturaz, egia kontatzen!
― Igo hadi laster, ezen heuk ikusiko dun zauriturik.

Igo nintzen bista gabe begietan.
Neure jaunak esan zidan:

― Nora zatoz penetan?
― Ene jauna, zer diostazu? Zer daukazu bularrean?
― Gezi bat hemen daukat; ausartu ez naiz tiratzen.
Konfesorea ekar biezadate laster.
― Ene jauna, eser zaitez aulkian.
Nork egin du kolpea zure haragi ederrean?
― Garzilasok, ene andrea, nengoela almenan
bihuelaz kantu bat kantatzen.
Hiltzen banaiz, nik diot barkatzen;
bizi banaiz, jakingo dut mendekatzen.

Hau esan eta hil zitzaidan eskuetan.
Andre dohakabea, berriz, sei hilekoarekin[4] maietan;[5]
ene etsai traidorea pozik galtza-jipoietan.[6]

Triste egon nintzen hiru hileko egunetan,[7]
atsekabe garratz asko, oi, nuela sufritzen,
sabelekoaz ez nintzela gozatzen.
Senar gabe jarri nintzen belaunetan.[8]

Hamaika hilabete neure jauna gozatu nuen.
Ala[9] andrea dohakabe sortu zen nesken artean!
Zergatik hil ez ote nintzen jaio nintzen egunean?

Seme batez erdi nintzen; duina ez nintzen gozatzeko:
hilabete ez zuen egin bere amaren ugatzetan;
harrezkero ene semea ez dakusat neure begietan.

Badut uste galdu zela itsasoaren hondarrean;
Garzilaso traidoreak agindu zuen hondoratzeko;
hatz txikia eta bihotza ekar ziezaiotela seinaletzat,
bururatu ez zekion bere aitaz galdetzea.

Hala bada, eraman zuten mandamentua konplitzera.
Ahaide gabe bakarrik nago, dohakabea erosta jotzen.

Gizon batek hor darama errugabea besoetan;
itsasaldean behera doa bere buruarekin hizketan:

― Hil hazadala jaunak zidak agintzen;
bihotza eta hatz txikia eraman ditzadala seinaletzat.
Errugabea, damu diat hain gaitz handia egitean;
borondatea zaukaat, egin ahal badut, salbatzeko.

Bere begiak apaltzen zituela negarretan,
gizon ona bazegoen zer egin zezakeen pentsatzen.

Txakurtxo bat han heldu zen ur ertzetik ehizan.
Gizon onak dei egin eta lotu zuen hanketan;
atera dio bihotza, gorde du galtza-mudetan.[10]
Errugabea ipini du lau hanketan;
lotu dio eskutxoa, hustu ez dadin odoletan.
Estali du umetxoa molusku batzuen oskolen azpian.

Garzilasok esan zion seinalearekin konplituz,
hatz txikia eta bihotza eman dizkio eskuetan.
Oso kontenturik dago, modu honetan hizketan:

[…]

* Izenburua Patxi Salaberri Muñoaren Leizarraga zaharra, Leizarraga gaurkoa liburuari zor zaio, haren asmo bertsuaz idatzi batitut honako hau, Lazarragari egokiturik.

[1]    Salaberrik egina du Lazarraga hurbiltzeko saio bat (lehenago Leizarragarekin bezala), baina artzain-nobelaz bakarrik: Lazarragaren artzain-nobela irakurtzen.
[2]    Bigarren horretan hitzen formak eta adizkiak aldatu ditut batik bat, eta inoiz hitza sinonimo batez ordezkatu, noiz erdi-ekialderagoko batez, noiz mordenoago batez, oro har irakurle gehiagok erosotasunez irakurtzeko moduan (irakurle ez adituengan pentsatuz); ondorioz, hainbat puntutako errima galdu da, baina ez dut gehiago aldatu nahi izan (hortaz, poema libre edo prosa gisa irakur bedi). Hitz-ordena, aldiz, ez dut ukitu, oro har irakurketa eragozten ez duelakoan. Azkenik, hizkuntzazko ahalik eta ohar gutxien egiten saiatu naiz, ulertzeko zailak gerta litezkeen formak “baturatzean” aldatu baititut ahal izan dudan guztietan (jatorrizko bertsioko hitz eta adizkiez argigarri gehiago nahi duenak jo beza edizioaren webgunera).
[3]    Ehizakia larrutzen, alegia.
[4]    Sei hilabeteko haurdun.
[5]    Erdarazko esapide batetik: ‘oso apain jantzirik’; ediziogileen arabera, beharbada egoera horretarako gehiegi eta, ondorioz, barregarri.
[6]    Erdarazko esapide batetik: ‘narras jantzirik’.
[7]    Haurdunaldiko azken hiru hilabetean.
[8]    Belauniko, hots, garai hartan erditzeko ohiko jarreran.
[9]    ‘Zeinen dohakabe sortu zen andrea nesken artean!’.
[10]  Galtzetan, galtzen eta barruko arropen artean (cf. gazt. muda).

Iruzkin bat utzi

Borja Ariztimuño atalean