Artxiboa gaika: Beñat Oihartzabal

Kalkoa eta analogia: «artatu»-z arta hartuz

Beñat Oihartzabal

Aditz batek ematen dit egungo gaia: artatu aditzak, zehazkiago erranik, aditz horrek izan ditzakeen argumentu objektuen gaineko murrizketek. Solasa, bizkitartean, beste aditz batekin hasiko dut: sendatu-rekin.

Era iragankorrean erabilia denean, sendatu aditzak bi jokabide onartzen ditu objektuari dagokionaz. Alabaina, alde batetik, eriak ager daitezke haren objektu gisa, edo, orokorkiago erranik,  eritasun batek joak izaten ahal direnak, izan daitezen jendeak, animaliak edo gaitz-leku gerta daitezkeen hauen atributuak (arima, eskua, zauria, …), baita metaforaz gaixotzen ahal direnak ere (hizkuntzak, arteak, …).  Beste aldetik, eritasunak adierazten dituzten sintagmak ere izan daitezke sendatu aditzaren objektuak (gaitzak, sukarra, minak, …). OEHan bi aukerak elkarretarik garbiki bereiziak ez badira ere, argi da han ematen diren adibideetan, XVII. mendeaz geroztik bederen, bi objektu motekin erabilia izan dela sendatu. Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere adierak elkarretarik bereizik biltzen ditu bi aukerak. Hona zenbait adibide, XVII. eta XVIII. mendekoak:

Eriaren sendatzeko indazu iakitea (Etcheberri Ziburukoa)

Ea senda dezakedan eztakit erhasuna / Arima konfesionez senda zazu lehena (Etcheberri Ziburukoa)

Jinkoa othoi ezazu eta hark sendatuko zaitu (Tartas)

Hau da erhasun bat sendatzeko gaitza (Etcheberri Sarakoa)

Sendatuko dut zure aur elbarria (Mendiburu)

Sakramendu Saindu hau arimako eta gorphutzeko salbamendua da, eta gaitz ispiritual guzien erremedioa, hunek gure bizio gustiak sendatzen ditu.  (Arrambillaga)

Euskarak, badu bestalde, beste aditz bat, artatu, Hiztegi Batuak Iparraldekotzat ematen duena, eta Euskaltzaindiaren Hiztegian zaindu aditzaren bidez definitua dena. Ikus hemen aditz horri dagokion sarrera:

artartu, arta/artatu, artatzen du. Ad.  Ipar. Zaindu. Azienda ongi artatuak. Eriak artatu. Nork bere burua artatu. Serorak ditu elizak artatzen.

OEHan ikus daitekeen bezala, artak hartzen ahal dituzten guziak izan daitezke artatu aditzaren objektuak:  jendeak, eta baita animalia edo landareak eta gauzak ere, ondoko adibideek erakusten duten bezala:

Eriak arthatzen zituen, hilak ehorzten. (Arbelbide)

Berak behar zuen bere burua arthatu. (Elissalde)

Osasuntsu naduka ni aize garbiak / artatzen ditudala behi ta ardiak. (Xalbador)

Gorphutz hau, hainbertze arthatzen eta lausengatzen dudana, ustelduko da. (Jauretche)

Nork ditu artatuko, aita-ama maiteak, / Zuen tonba-gainean nik eman loreak? (Elissamburu)

mahastia ongi artatua zuten (JB. Etxarren-Lohigorri)

Haatik, ez da adibiderik agertzen non artatu-ren objektuak artatzearen beharra sortzen duen gaitza, edo kausa, adierazten baitu. Euskaltzaindiaren Hiztegian ere ez da horrelakorik aipatzen (ikus gorago kopiatu sarrerako adibideak).

Iparraldeko XX. mendeko eta gaurko testuak biltzen dituzten corpusei behatuz gero, ordea, honelako adibideak agertzen dira:[1]

Begietarik sofritzen dutenak doazila beren gaitzaren arthatzerat, Miarritzen aurkhitzen den etxe berezirat (1912ko Almanako iragarkia)

paralesia baten artatzeak bide luzean sartzen ditu aitamak, eta xahubidean (J. Etchepare, medikua)

Hezurren antolatzen bezen trebe zen Baltatzar arrunteko gaitz batzuen artatzen (Elissalde)

medikuntzan espezialiszta berriak behar dira eritasun berri horren artatzeko (X. Arbelbide)

Nun ere baita oinhaze bat eztitzeko, eritasun bat artatzeko, …, han kausituko ditutzu Jondoni Bixintxok finkatu kongrega bereziko serorak (JB. Etcheberry)

elgarren arteko multxo batzu egiten dituzte girixtino ainitzek, arras ontsa badakitelarik zer irriskatzen duten: edo lanaren galtzea, edo preso joaitea, edo ospitale berezi batzuetan sartzea, beren buruko nahasduraren artatzeko (J. Hiriart-Urruty gaztea)

1918ko urtetik goiti, hetika edo bularreria artatzen hasten dira Kanbon eta dotzena bat erietxe sortuko dira bi gerlen artean (M. Itzaina)

Ezontsa horiek gaizki edo batere ez dira artatuko, ospitalean oherik aski ez delakotz edo farmazian erremediorik ez (G. Joannateguy)

Ez jin ondoko egunetan gure bila, zure errematismen artatzeko! (P. Larzabal)

Bi eritasun mota artatzen dira hor nagusiki: errumatismak eta hats-nekeak (Herria)

Hamar bat adibide, baxenabartar lapurterazko tradizioaren jarraikitzaile diren idazle batzuenganik hartuak. Erran ote daiteke, orduan, kontuak garbi direla, hots, artatu aditzak, objektu gisa, gaitzak edo eritasunak ere hartzen ahal dituela? Neurri batean, bai, kontuan izanik Etchepare medikua, Elissalde, Etcheberry, Larzabal edo Hirart-Urruty gaztea bezalakoen lekukotasunak agertzen direla horko zerrendan. Halere, artatu aditza agerraldi anitzeko aditza da corpusean, baina goragokoak bezalako adibideak, araberan, guti. Ez da dudarik, beraz, artatu aditzari dagokion objektua, normalean, beste erakoa dela. Horregatik zukeen erabilera hori isildu Euskaltzaindiaren Hiztegiak.

Kasu honek, ene ustez, franko garbiki agertzen ditu aditzen erabilmoldea kanbiaraz dezaketen bi faktore mota, hizkuntzaren begiraleek modu desberdinetan ikusten ohi dituztenak: kalkoa eta analogia. Azal dezadan hori hobeki.

Euskarazko artatu aditzaren baliokidea frantsesez soigner da. Aditz honek berdin eriak edo eritasunak adierazten dituzten sintagmak har ditzake objektu gisa: soigner les malades / soigner une maladie. Artatu aditzak, aldiz, hastean bederen, osagarriko gaitzen testuinguruan erabilirik, eriak bakarrik agerrarazten ahal zituen objektu gisa, ez gaitzak. Erabilera berria, beraz, frantsesari egin egiturazko mailegu baten ondorioa izan daiteke, euskarazko ‘gaitz baten artatzea’ frantsesezko ‘soigner une maladie’  perpausaren kalkoa izanik.

Bestalde, eriez doalarik solasa, artatu eta sendatu auzo aditz dira (holakorik erran badaiteke). Ez elkarren baliokide beteak halere, lehenak aritzeari berari – arta emateari – behatzen baitio (artatzeak ez du sendatzea segurtatzen), eta bigarrenak, berriz, ondorioari (sendatzeak eritasuna desagertzea edo inplikatzen du). Pentsa daiteke, bizkitartean, batak dituen argumentu egiturako alternantzia jokoak analogiaz hartu dituela besteak.[2] Eta, ondorioz, eriak eta eritasunak sendatzen ahal diren bezala, orain eriak eta eritasunak arta daitezkeela. Ikuspegi horretan, erabilera berria, euskararen barneko bilakaera baten ondorioa da.

Erran gabe doa, bi azalpen horiek ez dutela, baitezpada, elkar kanporatzen, eta kalkoa eta analogia, biak, izan zitezkeela bilakaera horren eragileak.


[1] Mota horretako adibide gehientsuak XX. mendekoak dira. Halere, Hiribarrenen lanetan jadanik agertzen dira horrelako erabilerak. J. P. Arbelbideren liburuetan ere aurki daiteke bat edo beste.

[2] Analogiaren oinarrian den eredua garbitu aditzari dagokiona bide da. Holako aditzetan, kentzen den zerbait (locatum) eta kentzea gertatu den lekua (locus) bi moldetan agertzen dira alternantzia sistematiko batean: ura zikinkerietarik garbitu (objektua: locus) → zikinkeriak garbitu (objektua: locatum). Badaiteke, urrunago joanik, locative alternation deitua izan den alternantziarekin lotura izatea. Halere, kontua ez da guziz  garbia. Literatura zabala bada kontu honetaz, arras guti, haatik, oker ez banago, euskarazko datuetan oinarritzen denik.

4 Iruzkin

Beñat Oihartzabal atalean

‘Kresala’, frantsesera itzuli euskarazko lehen eleberria (1958)

Beñat Oihartzabal

Guti, arras guti, izan dira luzaz euskaratik erdarara itzuliak izan diren idazlanak. Are gutiago, ezinbestez, euskaratik frantsesera bihurtu direnak, bereziki literatura lanak. Hauen artean, lehenbizikoa Kresala dateke, 1958an P. Arburu izeneko edo, menturaz, izengoitiko norbaitek itzuli zuena.

Baionako bigarren eskuko liburuen saltegietan noiz behinka erosgai aurkitzen den liburuxka da, in-16 neurrikoa eta 126 orrialdekoa. Sarean ere aise atzeman daiteke.[1]

KresalaLiburuak, frantsesez ere, Kresala du izenburua, nahiz azaleko orrialdean, azpititulu gisa, parentesien artean La Brume salée ere agertzen den, euskarazko izenaren adieraren azaltzeko. Orrialdearen gaineko aldean egilearen izena emana da, Domingo Aguirre, eta beheko aldean, itzultzailearena, Traduit du basque par P. Arburu.[2] Badirudi gainera, hau, itzultzaile izateaz gainera, argitaratzailea ere izan zela (agerikoa bederen), barneko titulu orrialdeak baitio: Editeur: P. Arburu.

Liburuko paratestuetan, itzultzaileak ez digu deus erraten. Ez nor den, ez zergatik edo nork galdeginik edo akuilaturik lotu zitzaion holako lan bati. Liburuak, bizkitartean, badu aitzinsolasa, Aita Onaindia karmeldarrak idatzi zuena, eta 1954ko azaroaren 15eko data dakarrena.[3] Lerro hauek itzulpena plazaratu baino lau urte lehenago idatziak izan ziren beraz, eta, gauzak diren bezala agerturik, ez behar bezain landuak. Oso aurkezpen testu laburra da, eleberriaz beraz deusik erraten ez duena, eta ez anitzez gehiago egileaz. Honela zioen Santi Onaindiak, euskarari buruz zenbait informazio orokor eman ondoan, liburuaren egilearen aurkezteko:[4]

L’abbé Azkue dit de l’auteur de Kresala:

“C’était un camarade et un ami, il était simple, observateur, accueillant, doux calmé (sic). Il est mort prématurément le 5 avril 1920, à la cinquantaine. Sa devise: Dieu et le Pays Basque.”

Il a écrit avec talent: Aunemendiko, Lorea (sic), Kresala, Garo, Kitolis. (sic)

Lisez le livre lentement, attentivement à la gloire de Dieu et pour le bien de la langue basque.

Doi bat harrigarri bada ere, Iparraldeko euskalgintza garai hartan biziarazten zuen mundutik kanpo argitaratu zen liburua.[5] Hain segur, Hegoaldeko jelzaleen giroko jende batzuek bultzaturik. Hala ulertzen dut nik, aitzinsolasa Santi Onaindia batek egina izatea, eta hartan Jaungoiko eta lege zaharrak ikurburuaren egokitzapen batez (Dieu et le Pays Basque) baliatzea.

Zer erran itzulpenaz beraz? Lehenik azpimarra dezagun Kresala bezalako eleberri baten frantsesera itzultzea, literaturaren aldetik gauzak molde egokian paraturik, ez dela batere lan erraza. Bi hizkuntzen ongi jakitea baino gehiago eskatzen baitu horrelako lanak, xede hizkuntzaren literatura baliabideen, eta genero jakin bati dagokion estiloaren jabe izatea, bereziki. Ordea, irudipena dut, Arburuk frantsesa ongi menderatzen zuenagatik, ez zirela osoki bete orduan desafio horren altxatzeko behar ziren baldintzak.

Arburuk eleberriko bizkaiera ulertzen zuen, dudarik ez da. Halere, franko maiz, ez du osoki itzultzen jatorrizko testua. Agirrek egin zuen hitzaurrearen itzulpenean, erdia edo itzuli gabe utzi bazuen, hartan euskararen barneko kontuak erabiltzen zirelako izan zela pentsa daiteke. Baina testuan ere badira frantseseratu gabeko pasarteak. Beha, adibidez, ondoko pasarteari, non letra lodiz idatziak ez baitira agertzen frantsesezko testuan (ondotik emana):

Jatorrizko testua:[6]

Anjelek, oñeko miñak iraun eutsan arte guztian, beste indar-galduko gizon da indar-gurako umeakaz batera, euren etxe azpiko upalategian egiten eban lana.

Langille danak lurrean zabal zabal jarri ta, lau aldietatik bardiñak diran otzaratxo zapalak ankartean arturik, antxoba, sardin edo lantzoi zatia amoan ipiñi ta erreskada zuzenean otzaretan tolostu, edo aurreragoko egunean itxasotik ekarririko mokoloiak askatu, arildu ta urkuletan sartzen ebezan, euskal eresi batzuk esaten zituen bitartean.

Iñoiz bein, gazteak eresian aspertuta gero, gizon zarrak, antxiñetako ipuiñen bat edo euren gaztegunetako gertaerak esan eroiezan.

Frantsesezko itzulpena:[7]

Angel, tant que dura son mal au pied, travailla dans la tonnellerie qui se trouvait au-dessous de son habitation, en compagnie des uns et des autres; les jeunes entonnaient de temps à autre quelque vieille mélodie basque, et les anciens, à leur tour racontaient quelque histoire du passé.

Ez dakit nor zen P. Arburu delako hori, eta nehon ez dut atzeman hartaz xehetasun mikorik, ez segurik bederen. Irakurtzaileen artean, nehork hartaz informazio zehatzik balu, on litzateke jakinaraz dezan, euskal itzulpengintzaren historia biltzen duten idazlanetan, nik ikusi ditudanetan bederen, ez baita haren izena agertzen. Oker ez banago, geroztik egin diren Kresalaren euskarazko argitalpenetan ere ez da aipatzen.[8] Alta, ez da merezimendurik gabekoa 1950eko hamarkada hartan, Kresala bezalako eleberri bat euskaratik frantseseratu zuena.


[1] Azalaren argazkia <le-livre.com> helbidetik ateraia da. Beste leku batzuetan ere aurki daiteke liburua.

[2] Liburuak ez dakar argitalpen urterik. Hondar aldean, haatik, zein moldiztegitan, eta noiz, inprimatu zen zehazten du halere: Cino del Duca moldiztegian, Miarritzen, 1958an.

[3] Santi Onaindia izan zen Kuliska Sortan urte hartan berean egin zen Kresalaren argitaraldiaren (3.a zen) arduraduna, eta aitzinsolasaren egilea.

[4] Aipuan diren huts nabarmenak uzten ditut, hain zuzen argitalpena egina izan zen baldintzez zerbait adieraz dezaketelako. Ez dut ulertzen nola gertatu diren holako hutsak, Auñemendiko lorea eleberriaren izenburuaren kasuan inprimategiko hutsa gertatu izan zela pentsa badaiteke, nekez holako azalpenik eman daiteke Kitolisen kasuan. Aitzinsolasaren arabera, Kitolis Agirrek idatzi eleberri baten izenburua da, Garoa edo Kresala bezala. Ez da hala. Kresalako marinel zahar baten izena da, eleberriaren kapitulu famatu bati izenburua ematen diona.

[5] Oro har, ez da batere argi norentzat egina izan zen liburua. Miarritzen argitaratua, zabalbide arruntetarik kanpo, pentsa daiteke Iparraldeko irakurleak gogoan izanik, egin zela. Baina, bestalde, deusetan ez zaie irakurle horiei keinurik egiten, non ez den molde horretan hartzen azaleko orrialdean agertzen den ezkutua, Zazpiak Bat  izeneko goiburuari dagokiona.

[6] Armiarmako Klasikoen Gordailua, Josu Lavinek eginikako bertsio elektronikoa dakarrena.

[7] P. Arbururen itzulpena, 52. orr.

[8] Adierazgarria da Villasantek Kresalaren ondoko argitaraldian (1967koa, Arantzazun) egin zuen aitzinsolasean hitzik ez baitzuen erran bederatzi urte lehenago egin zen itzulpen hartaz. Hain segur, haren berri ez zuelako.

4 Iruzkin

Beñat Oihartzabal atalean

Egun aipatzera noazkizuenak… ohiko arauez harago doaz

Beñat Oihartzabal

Duela bi aste jin zitzaidan galdera gure alderdi hauetako euskararen teknikari batek egina. Gutun batean hauxe zuen itzuli beharra:

(1)     Tous les éléments que je vais évoquer dans ce courrier sont déjà connus et rendus publics.

Itzulpen gisa hau eman gogo zuen:

(2)     Gutun honetan aipatzera noazkizun gauza guziak jadanik ezagunak eta  plazaratuak izan dira.

Haren galdea zen, zehazki, noazkizu(n) adizkera euskara batuak onartzen ote zuen. Berak hala ezarri gogo zuen, baina dudan zegoen euskara batuan horrelakorik erabil ote zitekeen.

Euskara batuaren kontuak bazterrean utzirik –argi da euskara batuan onartuak diren aditz paradigmetan noazkizu formarik ez dela– galde horrek blog honetan menturaz aipa nezakeen kontu bat ekarri zidan gogora, hau da, ohiko arauen aurkako numero komunztadura erakusten duten adizkeren gaia.

Gaia ezaguna da gramatikalarien artean, nahiz, ahozko hizkeretan bereziki, hartzen dituen formak, eta dituen mugak, ez diren guziz argiak, ez eta behar bezain barnaki aztertuak ere.  Egungo solasean, (2)ko adizkera berezia (noazkizu) aipatuko dut soil-soilik. Zehazkiago, joan aspektu aditz gisa jokabide trinkoan erabilirik, perpaus erlatiboetan ager daitekeen ustekabeko numero komunztadura.

Lehenik, azal dezadan laburki zertan datzan auzia. Has gaitezen ondo perpaus honetarik:

(3)     Sekretu batzuen salatzera noakizu

(3) perpausean adlatiboan den perpaus jokatu gabe bat (sekretu batzuen salatzerajoan aditzaren  osagarri gisa agertzen da.[1] Perpaus horretako aditzak (salatzera) osagarri datiboa (zuri) baldin badu, aise igaten da hau goragoko matrize perpausera, aspektu aditzari lotzeko (noakizu).

Honaino arazorik ez. Orain, eman dezagun (3) bezalako perpaus batean, objektua perpaus erlatibo bateko sintagma erlatibatua dela, ondoko perpausean bezala:

(4)     Jende askok jakin nahi lituzkete orain salatzera noakizun sekretuak

(4) perpausa ongi eratua da eta akats gabekoa, dudarik batere gabe. Halere, hiztun anitzek halako maingu aire bat kausituko diote, (5) hobetsiz :

(5)     Jende askok jakin nahi lituzkete orain salatzera noazkizun sekretuak

(5)ko ereduari darraio delako teknikari hark proposatzen zuen (2)ko itzulpena, bi perpausetan noazkizun adizkera erabilia izanik. Euskal gramatika ohikoaren arabera, gaizki eratua da adizkera hau, alde batetik NOR argumentuari (lehen pertsona) dagokion indizea (n-) singularra delako, eta bestetik adizkerak teorian NOR/ZER argumentuari dagokion pluraleko numeroa marka baitakar (-z-). Argi da, halere, (5) adibidean pluraleko komunztadura dakarren NOR/ZER argumentua ez dela lehen pertsona, baina sekretuak, erran nahi baitu, ez joan aditzaren osagarri bat, baizik ere salatu aditzaren objektu zuzena, holako perpaus erlatibo batean erabiltzeak komunztadura hori ekartzen balu bezala.[2] Gauzak hala izanik, noazkizu adizkera NOR-ZER-NORI adizkera da komunztaduraren aldetik, hots, normalean euskal gramatikak onartzen ez duen zerbait, eta gisa oroz adizkera batuetan bildua ez den komunztadura eredu bat.

Gramatikalarien lehen lana ez baita gauzak nola izan behar luketen erratea, baina nola diren arrazoituz azaltzea, egitura bat agertzen bada hiztun askorentzat ongi egina dena, bi aldiz pentsatu beharra du, hura besterik gabe gaizki eratutzat jo aitzin. Euskararen egoera den bezalakoa izanik, eta eredu finkatu argi-argirik ez baitugu batzuetan, josbide estandarren zilegitasuna, iraganeko lekukotasunetan, eta euskararen erabiltzaile trebe eta fidagarri gisa famatzen diren idazleetan oinarritzen ohi dugu. Behatu dut, beraz, delako teknikariak izan ote zuen puntu horretan aitzindaririk, Iparraldean bederen. Egitura ez da maiz agertzen diren horietarik, eta adibideak, beraz, ez zitezkeen asko izan. Hona bildu ditudan eredu  horretako hiru adibideak:

  • Erraitera noazkitzunak ez othe dira zuzenaren eta arrazoinaren kontrako bideak (Pouvreau, Filotea, 36. kap.)[3]
  • deskantsa zaitezte Jaunaren baithan, segituz orai erratera nohazkitzuen erlisionezko eta karitatezko pratika sainduak (Arbelbide, Igandea, VII. kap.)
  • hainitzek ez dazkite orai erraitera noazkitzunak (J. Etchepare, Idazlanak, 3-48, 1910)

Ikus daitekeen bezala, hiru adibideak garai desberdinetakoak dira (17., 19. eta 20. mendekoak), eta euskararen erabileraren aldetik oso idazle antzetsuek eskainiak: Pouvreau, J-P. Alberbide eta J. Etchepare medikuak. Hiru adibideetan, erran da perpaus jokatugabeko aditza, eta haietako bitan perpaus erlatiboaren ondotik buru lexikalik ez bada agertzen, bai ordea hirugarrenean (Arbelbide).

Konparantza egin ahal izateko, xerkatu dut gero Iparraldeko testuetan holako ingurumen batean erabili adizkera erregularrik ba ote zen. Ez dut bihirik aurkitu. Halaber, ez EPG eta ETC corpusetan ez dut molde horretako adibiderik atzeman (ez erregularrik, ez hemen aipatzen dudan bezalakorik). Badirudi, beraz, konfigurazio hori baliatua izan den neurrian –neurri hertsian–, ohiz kanpoko numero komunztadura hobetsia izan dela.[4]

Gisa hartara ihardetsi nion teknikari hari: euskara batuak delako adizkera biltzen ez bazuen ere, tradizioan erroak bazituela, eta aukerako beste aterabidea (noakizun) bortxatua edo gogorra iruditzen bazitzaion, dudarik gabe, ene ustez, noazkizun erabil zezakeela ingurumen hartan.[5]


[1] Iparraldeko molde batez ari izanez, (3) adibideko perpaus jokatugabeko objektua genitiboan (sekretu batzuen) uzten dut. Horrek ez du deus funtsezkorik aldatzen aztertua den puntuan.

[2] Egia erran, erlatibatzerik gabe ere agertzen dira horrelako formak Iparraldean, joan aditza jokabide trinkoan erabilirik. Bazterrean utziko dut holako adizkeren kasua hemen. Ikus Lafitteren Grammaire basque (§ 531); EPG corpusean ere bada holako adibide bat.

[3] Pouvreauren testua itzulpena izanik, hemen ematen dut itzulgai zuen perpausa: Ce que je m’en vay vous dire, sont-ce pas iniquités et des raysons ? Ikus daitekeenaz, frantsesezko erlatibo libroa singularrean da (ce que …). Euskararen beraren joskerak ekarria du Pouvreauk aditzean sartu plural marka.

[4] Hegoaldeko testuetan, bada adibide ezagun bat, pixka bat eredu horretakoa. Baina Mitxelenarena izanik badaiteke Iparraldeko tradizioari lotzekoa den. Mitxelenaren adibidean, joan aditzaren orde ibili aditza erabilia da molde ezohiko horretan:

  • … [puntu hori] tratatua izan bada ere, ez ditut gehienbat aurkitu [bila nenbiltzanak] (Euskal Idazlan Guztiak VI, 153. orr.)

Mitxelenak berak, ohar batean, ikaragarrizko mustro gisa aurkeztu zuen ustekabean itzuri zitzaion adizkera (nenbilenak erregularraren orde). Halere, han utzi zuen, aditz kontuan sor ditzakegun saltsen mostra izanik.

[5] Euskaltzaindiaren gramatikan gaia aipatua baita, han, hizkuntza jasoan adizkera erregularrak baliatzeko gomendatzen da, hiztunen hizkuntza sena bortizkiegi joa ez denetan bederen (EGLU-V, 195. orr.).

Iruzkin bat utzi

Beñat Oihartzabal atalean

Zuk baizik ez nauzu maite, ni baizik ez duzu maite

Baizik-en erabilera murriztailea eta komunztadura

Beñat Oihartzabal

Gramatika solasa nire gaurkoa, gehienetan bezala. Gramatika liburuetan aipatzen ez ohi den puntutxo batez: baizik-en erabilera murriztailea eta pertsona komunztadura.

Has gaitezen baizik-ek juntaduretan duen erabilerarekin, komunztadurari dagozkionetan argiago delakoan hau. Baizik morfemaren bidez eratzen diren juntaduretan bi osagai agertzen dira aurkaritzan direnak: bata, ezaren besarkaduran da, bestea, baizik-en pean dena, ez. Ondoko adibideek erakusten dute erabidea:

(1a)    Niri nehork ez dit deus erran, zuk baizik.
(1b)    Ez dizute zuri eman, niri baizik.
(1c)    Ez gara gu mintzatuko, haiek baizik.

(1)eko adibideei soako bat emanez, ikus daiteke aditzak pertsonan komunztatzen direla ezaren pean den osagaiarekin (nehork, zuri, gu), eta ez, beraz, harekin aurkaritzan den baizik-en peko denarekin (zuk, niri, haiek).

Erabide hau garatuz edo haren ildotik, baizik-en beste erabilera bat ere bada, hartan ez baitira (1)eko adibideetan bezala bi osagai aurkaritzan agertzen, baina osagai bakarra. EGLU-IVk, [1] baizik-en erabilera hau murriztailea deitzen du, eta nik ere hala eginen dut hemen. Ondoko adibideek erakusten dute baizik-en erabilmolde hori:

(2a)    Zuk baizik ez dakizu hori.
(2b)    Horrelakoak guri baizik ez zaizkigu gertatzen.
(2c)    Zu baizik ez zara mintzatu.

(2)ko adibideetan, (1)ekoetan ez bezala, baizik-en pean den osagaiarekin egiten da komunztadura, ergatiboa izanik lehen adibidean (zuk/dakizu), datiboan bigarrenean (guri/zaizkigu), eta absolutiboan hirugarrenean (zu/zara). Holako adibideetan pertsona komunztadura agertzea naturala dela erran nezake. Konpara ditzagun (2)ko perpausak, komunztadurarik ez duten hauekin:

(3a)     *Zuk baizik ez daki hori.
(3b)    *Horrelakoak guri baizik ez da/zaizkio gertatzen.
(3c)     *Zu baizik ez da mintzatu.

Ez dakit irakurle guziek eman lezaketen izarñoa holako perpausetan, baina, eskuin eta ezker galdatu ondoan, badirudi holako testuinguruetan baizik erabiltzen duten hiztun gehienentzat ez direla ongi eratuak (3)ko perpausak.

Alta bada, ez da hori EGLUk baizik-en erabilera hori aztertzerakoan dioena. Alabaina, Euskaltzaindiko Gramatika batzordearen lanean franko garbiki aditzera ematen da erabilera murriztaile horretan ohiko jokabidea dela baizik-en pean den osagaiarekin komunztadurarik EZ egitea (aditza 3. pertsona singularrekoarekin komunztatzen balitz bezala). Honela dio EGLUk baizik-en erabilera murriztaileaz ari izanez: Komunztadura hura-rekin egiten du sarritan aditzak, sintagmaren lehen osagaia 1. edo 2. pertsonari dagokionean ere.

Bi adibide ekartzen dira ondotik, erranaren erakusgarri:

(4a)     Zu baizik ez dut maite.
(4b)    ?Zu baizik ez zaitut maite. (Galdera marka aipuaren parte da)

Ikus dezakegunaz, EGLUk zalantzazkoa ematen du zu osagaiarekin komunztadura dakarren adibidearen onargarritasuna (4b), bestea hobestekoa dela azpimarratuz. Azalpena ere ematen du: Horrelakoetan badirudi zu baizik gisako egitura horren hura-ri dagokion beste elementuren bat duela bere baitan, isilpean-edo, eta horrexekin egiten duela aditzak komunztadura:

(5)       Ez dut inor maite zu baizik.

Zertan gaude, beraz: EGLU bide okerretik ote dabil komunztadurarik eza hobestean? Ala makurrak ote dira hemen gorago, (3)an, eman gramatika epaiak, komunztadurarik eza baztertzen dutenak? Ez bata, ez bestea, nik uste. Goazen ikus hurbilagotik.

Kontu hau aipatzean, EGLUk erabilera murriztailearen konfigurazio mugatu jakin bat kontuan hartzen du, bere adibidean agertzen duena, eta testuetan maiztasun handi-handikoa dena. Perpaus eramolde horren arabera aztertzen ditu komunztadurako jokabideak, beste konfigurazioez deusik erran gabe. Halere, oker legoke, ene ustez, konfigurazio berezi bateko jokabideaz han errana erabilera murriztailearen arau orokorra egin nahi lukeena.

Zer desberdintasun da gorago agertzen diren adibideen artean? (2-3)ko hiru adibideetan, baizik-en pean den osagaia subjektu bati edo osagarri datibo bati dagokio. Orduan, ikusi dugunaz, komunztadura egiten ohi da, eta zalantzazkoa da komunztadurarik ez egitea bigarren mailan ere batere onartzekoa den. Aldiz, EGLUk aipatzen duen kasuan, objektu zuzen bati dagokio osagaia. [2] Azken kasu honetan, bi jokamoldeak ager daitezke, pertsona komunztadurarik gabekoa, EGLUren arabera hobestekoa dena, eta, bigarren mailan, komunztadura duena.

Baizik-en erabilera murriztailearen jokabide orokorra, honela, eman daiteke orduan:

Erabilera murriztailean, baizik-en peko osagaiarekin pertsona komunztadura erakusten du aditzak, non ez den osagai hura objektu zuzena (edo existentzia predikatu baten subjektua), orduan, pertsona komunztadurarik gabe geldi baitaiteke aditza (EGLUk hobesten duen jokabidea, objektuaren kasuan behintzat).

Adibideak:

(6a)     Gu baizik ez gara joanen. (Subjektu absolutiboa: komunztadura)

(6b)    Zuk baizik ez didazu horrelakorik kontatzen. (Subjektu ergatiboa: komunztadura)

(6c)     Zuri baizik ez dizkizut horrelakoak kontatzen. (Osagarri datiboa: komunztadura)

(6d)    Zuri baizik gustatzen zaizkizu  horrelako janariak. (Osagarri  datiboa: komunztadura)

(6e)    Zu baizik ez dut ikusi / Zu baizik ez zaitut ikusi. (Objektu zuzena: komunztadurarik eza hobetsia)

Uste dut piska bat barnago ikertu behar litzatekeen objektu zuzenarekin agertzen den aukera asimetriko hori, eta baita subjektu absolutiboen tratamendua ere. [3]

Beldur naiz, ordea, luzeegi lihoakedala orduan egungo lerroaldia. Beste aldi bateko utziko dut.

**************

Gehigarria:

Hemen errana erakusten duten testuetako zenbait adibide (gehienak Ereduzko Prosa Gaur corpusekoak):

Subjektu ergatiboa:

  • Nik baizik ez bide nuen solasa hiltzera ez uzteko nahikeria. (Rock’n’roll, Aingeru Epaltza, Elkar, 2000, 137)
  • Hastapenean, zuk baizik ez zenituela aditzen uste zenuen, paranoiak ozenagotzen zizkizula. (Elektrika, Xabier Montoia, Susa, 2004, 102)

Subjektu absolutiboa:

  • Ni baizik ez bide nintzaion Ximurraren mintzoari erreparatzen ari. (Rock’n’roll, Aingeru Epaltza, Elkar, 2000, 26)
  • Gu baizik ez ginauden egoitza hartan (Xabier Soubelet, Orroitzirriak, Maiatz, 19. at.)

Osagai datiboa:

  • Badakizua, bizkonde, zure gutuna bakana dela bere ausardian, eta karia horretara ez haserretzea niri baizik ez legokidakeela? (Arima hilak, Nikolai Gogol / Jose Morales, Ibaizabal, 1998, 48)
  • niri baizik zor ez didaten desira horren karra; horri ere on deritzot (Harreman arriskutsuak, Choderlos de Laclos / Jon Muñoz, Ibaizabal, 1997, 247)

Objektu zuzena, komunztadura duena:

  • Badakit, badakit, nire semea bart hil da… orain zu baizik ez zauzkat munduan, zu baizik ez (Emakume ezezagun baten gutuna, Stefan Zweig  / Eduardo Matauko, Igela, 2005, 9)
  • Hi hiz bakarrik ona! Ehut hi baizik maite! (Maitasunaren ikasten, Flaubert / JB. Orpustan, IV. kap.)

Objektu zuzena, komunztadurarik gabea:

  • badakik hi baizik ez dudala lur huntan! (JP. Arbelbide, Bokazionea, VI. kap.)
  • Eztakusat zu baizik (Sponde / JB. Orpustan, Maitasunezko hamalaurkunak, XXIV.a)

[1] EGLU-IV, 216-219. orr.

[2] Gauza ezaguna da existentzia predikatuekin subjektuen joskera berezia dela hizkuntza anitzetan. Badaiteke aztertzen ari garen kontuan ere horren ondorioak ager daitezkeen. Alabaina, Iparraldeko testu batzuetan bederen, holako predikatuen subjektuek ez dute baitezpada komunztadura ekartzen:

     Guretzat zu baizik ez da. (J. Irigaray, Amazonen deia, XVI. kap.)

Ez dakit, existentzia adierazteko egon erabiltzen duten hiztunek ere aukerakoa duten komunztadura:

     Gu baizik ez gaude hemen. / Gu baizik ez dago hemen.

[3] Halaber, ez dut ikertu hemen erranak zenbatetaraino balio duen besterik edo baino morfementzat ere,  hauek ere, oker ez banago, baizik-ek  bezalako erabilera murriztailea izan baitezakete.

Iruzkin bat utzi

Beñat Oihartzabal atalean

Zer adierazten du eskuak? Etimologiaren erakuspenak

Beñat Oihartzabal

Izan dut berrikitan, P. Urteren Grammaire cantabrique basque delakoaren eskuizkribuari soako baten emateko parada. XIX. mendearen azken urteetako argitalpena aspaldi hostokatua nuen, baina kuriostatea banuen eskuizkribua nola egina zen ikusteko. Hain zuzen, orain Sancho el Sabio fondazioko EMDk sarean irakurtzeko gisan ezarria baitu jatorrizko bertsioa,  hartan ikuska ibili naiz. Lehenbizikiko orrialdeetan, Urtek letren ahoskeraren deskribapena egiten duen orrialdeetan, bada begia jo didan etimologia bat, euskaldun hitzari dagokiona. Honela dio Urtek u letraren ahoskera aipatzean: [1]

Qua silaban den u ere ondoriorik gabekoa da: esquäldúna ‘cantabre’; esqualherria ‘cantabrie, pays de cantabres’. Zenbaitek, ca edo ka, u gabe idatzia balitz bezala ahoskatzen dute qua, eta beste batzuek, escaldúna, eskaldúna  idazten dute. Baina beste batzuek u ahoskatzen dute, hala nola latindarrek qua; haatik, azpiko hautsi-markarik gabeko c batekin izkiriatzen dute: escualdúna. Hitz hau, ‘main’ erran nahi duen escúa, eta ‘ayant’ edo ‘celuy qui a’ erran nahi duen aldúna hitzez osatua da. Horrela, diotenaren arabera, escualdúna dioenak ‘un homme tout main et tout bras’ dio, erran nahi baitu ‘un homme très agissant’.

Blog honetan berean, duela zenbait aste, euskaldun hitzaren osamoldeaz ari izan zitzaigun  I. Segurola, eta bere dudak agertu zituen noizkoa zen euskalduna “euskara duena” dela dioen ipuina. Zahar-usain haundirik ez zion hartzen ixtorioari. Urteren etimologiak erakustera ematen digu, preseski, duela hirurehun urte ez zela hain argi euskaldun hitzak euskara izan zezakeela oinarrian. Alabaina, hark eskualdun hitzaren etimologiaz gogoeta egin zuelarik, ez zitzaion eskuara gogoratu, esku baizik, –aldun izanik orduan hitzaren beste osagaia (esku+aldun).

Ez dakit noizez gero onartua den euskalarien artean euskaldun hitza euskara hitzetik abiaturik eratua dela. Chahok argiki hala erran zuen bere 1836ko gramatikan,[2] baina ez du iduri mende bat lehenago holakorik aitzinatua izan zen, edo, orduko norbaitek jadanik egina bazuen, biziki zabaldua izan zen. Etxeberri Sarakoak, adibidez, Urtek bere gramatika idatzi zuen urteetan euskararen hastapenak goraipatu zituenak, ez zuen holako lotura formalik egin, nahiz argi zeukan eskualdun herriak zirela eskuaraz mintzo zirenak. XVIII. mendeko ezin baztertuzko erreferentzia den Larramendik ere ez zuen egin, ez behintzat, usteak engainatzen ez bainau, Arte delakoan, ez eta ere, ez modu argian behintzat, hiztegi hirukoitzean.

Baina itzul nadin ene harira: esku-ra.

Urteren gramatika ez zen bere garaian argitaratu, kasik bi mende geroago baizik. Eskuizkribua Ingalaterran izanki, ez zuten haren berririk izan, ez Larramendik, ez Chahok. Bizkitartean, bien lanetan ageri da euskara hitzaren oinarrian esku ezartzen duen ideia, Urtek ere, ikusi dugun bezala, beste gisaz, euskaldun hitza aztertzean lehenago agertu zuena.

Interesgarri da ikustea euskara izenaren oinarrian esku emanik, beren aldetik zer interpretazio egin zuten bi autoreek hitz honetaz, zer kolore eman zioten motibazioa azaltzerakoan. Larramendik honela zioen: [3]

Eusquera, escara, escuara significa modo de hablar manual, y libre, como si dixera escuera, escucoera, de era que significa forma, modo, y tiempo, y de escu, escua ‘mano’, y escuco ‘libre’, y dueño, eznaiz escuco ‘no soy libre, ni dueño de hacer algo’: todo lo qual quadra bellamente a la lengua vernacula, y materna. Al Bascongado generalmente llamamos Euscalduna, y à todo los paìses en que se habla el Bascuenze, Euscalerria.

Euskara hitzaz esku/eskuko+era azterketa eginez, Larramendik ez zion esku(ko) izenari Urtek bezalako interpretaziorik eman, haren arabera, libertatea eta eskukotasuna adierazten baitzituen. Herri hizkuntzaren izenean berean aurkitu nahi zituen kontzeptu haien zigiluak, harentzat aitzinako euskal herriari zegozkion hatzak.

Chahok, berriz, urrunago eraman zuen euskararen zahartasuna, ez baitzuen noizbaiteko Euskal Herrira mugatu, baizik ere giza mintzoaren urruneko hastapenetan kokatu, gizakia oraino eskuz mintzatzen zen garaietan. Etimologia jokoetan arau hertsiegirik gabe ibiltzea gustatzen baitzitzaion Chahori ere, Aitorren leienda Lara bardoari kontarazi ziolarik, ele hauek eman zituen haren ezpainetan: [4]

Eskua mihiaren laguntzailea da, eta haren lehenbiziko adiera lehenbiziko mintzairatik ezin bereizizkoa da. Jestua begiei mintzo zaie. Hotsak belarria jotzen du. Biak gogoari ari zaizkio. Zein populuk izan du, eneak baino goragoko mailan, elearen inspirazioa eta jestuaren eta pentsaeraren arteko adostasuna? Imitazioaren antze horrek, besoen, eskuen, erhien mugimendu kalkulatuek laguntzen zuten hizkuntza artikulatua, beharrez ordezkatzen: Eskuara izena eman zitzaien, erran nahi baitu jestuaren zientzia, eskuekin mintzatzeko artea. Hitz bera ene populuaren hatsarreko mintzairaren izendatzeko ere baliatu zen, eta haren beraren izena araberan eratu zen: Eskualduna!

Hiru euskalari, euskaldun edo euskara hitzez etimologia bertsua, zeinek bere aldetik aitzinatu zutenak, hiruek esku oinarritzat emanik. Bizkitartean, etimologia bakar horren gibelean euskaldunez eta haien jatorrizko eta berezko izaeraz hiru itxuratze desberdin, nozio adierazgarri batzuetan gorpuztuak: aritzea (Urte), libertatea eta beregaintasuna (Larramendi), giza hizkuntza agertu zen garaiko primitibotasuna eta jatorrizko hizkuntza-naturaltasuna (Chaho).

Iraganeko euskalarien etimologiek ez zuten beti hitzen erabidea arras zuzenki argitzen, bai, haatik, molde segurago batean menturaz, haien egileen eta hauen garaiko zenbait ikusmolde erakusten.


[1] Grammaire cantabrique basque [eskuizkribua, datarik gabekoa, baina 1716 ingurukoa], 11. argazkia. Sarean: http://www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/2105

[2] “Les Basques pyrénéens donnent à leur langue le nom de Eskuara; ils s’appellent entre eux Eskuaradun, ‘qui a, possède, connaît, ou parle l’idiome eskuara et par euphonie, Eskualdun.” Etudes grammaticales sur la grammaire euskarienne, Paris, 1836, 2. liburua, Grammaire euskarienne,  3. orr. Sarean: http://books.google.fr/books?id=yObJHJK0p6YC&printsec=frontcover&hl=fr&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false

[3] Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latin, Donostia, 1745,  sarrerako XIII. lerroaldea, xxvii. orr. Sarean: http://www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/1773

[4] Histoire primitive des euskariens-basques, Madrid et Bayonne, 1847, 179. orr. Sarean: http://books.google.fr/books?id=M0UOAAAAQAAJ&printsec=frontcover&hl=fr&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false

6 Iruzkin

Beñat Oihartzabal atalean

Izariz eta iraziz

Beñat Oihartzabal

Aitzineko aldian erran bezala, izenondoekin gutientasuna adierazten duen erabideaz ariko naiz, hitz batean, ondokoaren itxurakoez:

Aterabide ona ez bada ere, uste dut gutxien txarrena dela.

Laburbiltzen dut lehenik, bi hitzetan, gramatikako puntua: euskaraz, izenondo bati maila-kuantifikazioa ematerakoan, superlatibo erlatiboa baliatu nahi bada, -EN atzizkia, izenondoari lotzen zaiona, erabili behar da. Atzizki horrek goreneko maila adierazten baitu,  ez da, beraz, atzizkirik maila apalena adieraz dezakeenik. Maila apalena adierazi nahi izanez gero, nahi ala ez, GUTXI zenbatzaileaz baliatu behar da, -EN atzizkia hari eratxekirik. Erranbide hori ezohikoa baita euskaraz, eta guziz arrunta ondoko erdaretan, egiten den galdera da, hain zuzen, zenbatetaraino gure testuetako ateak ireki behar zaizkion.

Gaia ezaguna dute irakurle anitzek. Duela bederatzi urte jadanik, orduan ere Xabier Aristegietak sua pizturik, «la solución menos mala» eta «la menos blanca de tus camisas blancas» bezalako perpausak euskarara nola itzul eztabaidan ibili ziren dozena bat lagun ItzuL posta zerrendan (milesker Itziarri mezu horiek seinalaturik). Aterabide bila ibili ziren zerrendakideak bi multzotan sailka daitezke: alde batetik, euskarak, batzuetan bederen, gutientasunaren adierazteko erranbide berezi bat behar zuela zeukatenak, eta bestetik, kalkorik asmatzen ibili gabe, euskarak zituen tresnekin holako perpausak adieraz zitzakeela ziotenak, zuzenean ez bazen, zeharka edo inguruka.

Auzi horren trenkatzeko moldeaz,  ez dut deus gaineratzekorik hemen, orduan mezu haietan jadanik, molde batean edo bestean, adierazia izan ez zenik. Datuak biltzerakoan aurkitu ditudanak ekarriko ditut bereziki, iritzia hondar lerroan emanik.

Guti dira euskarazko testuetan gutientasuna izenondoekin markatzen duten adibideak. Ez da inola ere izan iraganean —gaur ere ez da— komunzki erabilia izan den erabidea. Joskeraren aldetik beste azalpen bat izan dezaketen partizipio burutuen eta IZENONDO + ADITZ lokuzioen kasuak bazterrean ematen badira [1], bizpahiru hamarrekotan biltzen dira adibideak corpus arruntetan. Ez gehiago, nik uste. Guti, beraz [2].

Orain arte erranbide horrek zer bide egin duen bilduko dut hemen, hiru puntu bereziki azpimarratuz:

  • Erranbidea ez da berria, testu zaharretan ere (17-19. mendeetakoak) agertzen baita;
  • Bi erabide nagusi aurkitzen dira, bat zaharra, bestea berriagoa, formazko aldaketa horri euskalkien aldetik ere beste bat darraiolarik;
  • Ez dirudi erranbidea itzulpenaren ondorio zuzena den.

Zehatz ditzagun hiru puntu horiek.

1. Dozena bat adibide aurkitu ditut 20. mendea baino lehenagogo testuetan GUTXIEN + IZENONDO erakoak, denak lapurterazko testuetakoak. Adibide zaharrena Pouvreaurena da eta beraz 17. mendearen erdialdekoa. Ondotik, 18. mendean, Haranederrek eta Larregik ere bizpahiruna adibide eman zituzten, eta 19.ean Duvoisinek eta Goietxek ere, bira, bai eta 1864ko kozina liburuaren egileak ere beste bat. Hona lan haietarik hartu bost adibide:

  • Bertute handiago da, ene zinestez, presentatzen zaitzunetik hautatu gabe, eta presentatzen den bezala iatea, lehena lehenik, azkena azkenik, zure gustura delarik, edo eztelarik, ezen ez gutien on dena bethi hautatzea (Pouvreau, Philotea, 23. kap.).
  • egia batzu baiditu erakusten gutien jakintsun direnak ere hazteko propi direnak (Haraneder, Ebanjelioen itzulpenaren aitzinsolasa).
  • Iuduen artean, gutien sentikorrak berak admirazionez eta bihurkundez betheak kausitu ziren atheratzeaz itsasotik (Larregi, Testament zaharreko historioa, 42. kap.).
  • Hunen arramantzak pentsatzen baitzuen  / Beren etxetarik kolpez eraikiren,  / Zituela trantzituak / Laur atzetako guziak,  / Gutien iziak berak  (Goietxe, Alegiak, «Lehoina eta astoa ihizian»).
  • haren orde jarriren da gizonik putrusena, eta erregetasuneko ohoreari gutienik egokia (Duvoisin, Biblia, Dn 11,20).

Garbi da, beraz, lehenagoko mendeetan ez zela hainbat hedatu gutientasuna izenondoetan markatzen duen erabidea. Halere, ezin erran daiteke tradiziorik gabekoa dela.

2. Goiko aipuetako superlatiboarekilako erranbideari behaturik, berehala ikus daiteke ez dela, formaz, lerro hauen hastapenean ikusten dugun adibidekoa bezal-bezalakoa. Izan ere, Goietxeren adibide batean izan ezik, lapurtar idazleen holako perpausetan GUTXIENek laguntzen duen izenondoak ez dakar atzizki superlatiborik. Erabide hau desagertu ez bada ere [3], XX. mendeko eta gaurko testuetan, beste bat nagusitu da, iduriz: izan ere, egun, gutientasuna izenondo batean markatzean, superlatiboaren atzizkiarekin agertzen da gehienetan izenondoa. Superlatiboaren atzizkia bi aldiz agertzen da, beraz, bai kuantifikatzailean eta bai izenondoan, erredundantziaz edo. Hona zenbait adibide:

  • Irisartar koblaria zauku azkenean iduritu gutienik ahulena (Etxepare medikua, Buruxkak, Eskualdun phestak Baigorrin).
  • Azkenik, baina ez gutxienik garrantzizkoena, herritarrekin badakizue eragin handia duzuela (P. Sudupe, Argia, 2007-12-16, 2115. zbk., «Gutun irekia politikari euskaltzaleoi!»).
  • Azkenik, eta ez alderik gutxien aberatsena berau, emanaldia beste herri batzuetara eramateko eta hango ekimenak ekartzeko era natural bat zen (X. Amuriza, Olatu bat kuartelen gainetik).
  • Jainkoa esferoidea zen, zeren hori baita modurik onena, edo  gutxien txarrena, jainkotasuna irudikatzeko (J. Garzia / Jorge Wagensberg, Formen matxinada).

Hau da, beraz, erabideari dagokion aldaketa [4]:

gutxien  IZENONDO-(a) >>>  gutxien IZENONDO-en-a

Euskalkien aldetik ere aldakuntza bada. 17-19. mendeetan, lapurterazko idazleetan baizik ez zen kausitzen erranbide hau. Aldiz, 20. mendearen lehen partean, Iparraldean, baxenabarreraren eragina dutenen lanetan ere aurki daiteke (J. Etxepare medikua). Euskara batuko garaietan, eta bereziki egungo testuetan, Hegoaldeko testuetan atzematen da oroz gainetik. Halere, era markatua gelditzen da, eta testuen kopurua handitzearekin, adibideak, iduriz, ez dira hainbeste emendatu.

3. Adibideak nola gertatzen diren ikusirik, ez dirudi itzulpenari bereziki josia dela erranbidea. Erran gabe doana: itzulpen lanetan ere aurkitzen da, eta goragoko adibide batzuk gisa horretakoak dira. Halere, behin baino gehiagotan ikus daiteke, itzulpen lanetan beretan ere, erabidea bera jatorrizko testuari ez darraiola. Adibide gisa, gorago eman dugun Pouvreauren adibidea har daiteke (GUTIEN ON DENA, oraingo datuen arabera, erranbidearen lehen agerraldi ezaguna). Perpaus hura F. de Sales saindu beharraren Introduction à la vie dévote idazlanaren itzulpenetik ateraia da. Hona nola dioen frantsesez jatorrizko testuak:

C’est, comme je crois, une plus grande vertu de manger sans choix ce qu’on vous présente et en même ordre qu’on le vous présente, ou qu’il soit à votre goût ou qu’il ne le soit pas, que de choisir toujours le pire.

Aipuan ikus daitekeenaz, frantsesez gehientasunezko superlatiboa erabilia da, nahiz eta modu lexikalizatu batean egina den («le pire»). Euskaraz «txarrena» edo da haren baliokide zuzena. Halere, Pouvreauk nahiago izan zuen gutientasunezko superlatiboa erabili izenondo antonimoarekin uztartuz. Seinalatzekoa da ondoko mendean Haranederrek perpaus hura bestela itzuli zuenagatik, puntu horretan berdin egin zuela [5].

Horrelako zerbait gertatu zen beharbada Haranederren ebanjelioen itzulpenean ere. Vulgatak honela dio 1 Ko 1,27 pasartean:

sed quae stulta sunt mundi elegit Deus

Genevako frantsesezko itzulpenari jarraikiz, Leizarragak Vulgataren hurbileko itzulpena eskaintzen du:

Baina munduko gauza erho diradenak elegitu ukan ditu Jainkoak

Haranederrek, haatik, bestela ematen du pasartea:

Baina munduaren arauera gutien zuhur direnak ditu Jainkoak hautatu

Pasarte guzia hona ekarri behar litzateke Haranederren hautuaren ikertzeko, eta modu zuzenean itzul zezakeena zergatik era markatuago batean egin nahiago izan zuen argitzen saiatzeko. Dena den, garbi da, ene iduriko, ez zuela itzulpen leiala egiteko nahikeriak horretaratu. Badaiteke Haranedederren jokabideak garai hartako frantsesezko zenbait itzulpenetan duen iturburua (nahiz ikusi ditudan Testamentu Berriaren frantsesezko bertsioetan ez dudan araberako formarik aurkitu). Halere, ez da dudarik, nik uste, Vulgata ere begien aitzinean izan zuela, eta jakinaren gainean hobetsi zuela hartu zuen bidea [6].

Gaurko testuetan ere, ez da baitezpada itzulpenaren eraginez baliatzen erabidea. Ez Etxepare medikuaren goragoko adibidearen kasuan, ez eta haren ondotik ematen diren X. Amuriza edo P. Suduperenetan ere, ez da holako ingurumenik. Are gehiago, badirudi itzuli markatua izanik, itzultzaileek ez dutela itsura euskarara ekartzen erabidea, eta behar den kasuetako bereziki atxikitzen dutela [7]. Argi da, adibidez, gorago agertzen den J. Garziaren adibidean halako ingurumena dela, zeren «modurik onena» eta «gutxien txarrena» desberdintzen eta kontrastatzen baitira itzulgai zen perpausean.

Alderdi horretarik, gorago ematen dudan Etxepare medikuaren adibidea ere adierazgarria da. Etxeparek izigarriko mespretxua erakutsi zuen kronika hartan, 1905eko Baigorriko bestetan ari izan ziren ahal bezalako zenbait bertsolariren aldera. Testu hartan, koplari haietarik biga konparatzerakoan superlatibo erlatiboa erabili nahi izan zuen, eta orduan hoberenaz mintzatzeko ‘gutien ahulena’ aipatu zuen, dudarik gabe haren hitzek eman nahi zien trufazko ozpina izan zezaten. «Hoberena» erranik, ez xoilik motz eta geza geldituko zitzaion ateraldia, baina desegoki ere, tokilo bezain trunko iruditu baitzitzaizkion bi laborari bertsolari haiek.

Izariz eta iraziz erabiliz gero, nik hasteko, duda guti dut, gorago erakutsi bezalako kontraste jokoak egin nahi direlarik bereziki, franko egokia gerta daitekeela hemen aztertu erabidea euskaraz ere. Hain argi ez daukadana da ea forma berriagoak (-en atzizkia izenondoan ere duena) aitzinekoa bazterrarazi behar digun.

— — —

[1] Adibide gehiago balitzateke bestela, partizipio burutuak kontuan hartzen balira bereziki: «gizonik zuri atsegin egitera gutienik ekarriak» (Duvoisin), «ez ziren gutienik loriatuak goiz eder hartan» (Barbier), eta horrelakoak.

[2] J. Landaren laguntzari esker egin ahal izan baitut ikerketatxo hau, doakiola hari ere ene esker ona.

[3] Molde zaharra ez da desagertu halere, eta gaurko testuetan ere agertzen da. Hona hiru adibide:

  • Politikan dagoen diskurtsoak dio, paradisuan ez gaudela, baina oso ondo gaudela, kasik Leibniz-en «mundu posibleetarik hoberenean» alegia, edo gutxien txarrean, hori omen baita demokrazia (J. Azurmendi, Euskal Herria krisian, 211. or.).
  • Ezaugarri bitxi ugari dituzte halako materialek; bitxietan ez gutxien bitxia: guztiek ere eremu magnetikoak egozten dituztela supereroaten ari direnean. (F. Morillo / G. Farmelo,  Eder behar du, 238. or.).
  • badira gertaldi batzu hetan gutienik bortitza den gizona bertzetarik hain urrundua baita nun gizalde osoa hiltzen ikus bailezake bihotz pilpira bat ukan gabe. (J-B. Orpustan / G. Flaubert, Maitasunaren ikasten, 6. kap.).

[4] Ez dut kontuan hartzen testuan 19. mendetik hona GUTXIEN formaren ondoan, bi erabideetan, erabilia izan den GUTXIENIK aldaera (ikus adibideak). Ohargarri da, bestalde, lapurterazko adibide zaharrenetan (Pouvreau, Haraneder) izenondoa IZAN aditza ondotik duela agertzen dela, eta honen mendeko forma jokatuari  («den-») lotzen zaiola numero komunztaduraren marka (artikulua). Larregirekin («gutien sentikorrak») hasten da gero nagusitzen den moldea, hartan IZAN aditza ez baita agertzen, eta izenondoak zuzenean hartzen baitu numero komunztadura marka: «gutien zuhur dena» >>> «gutien(ik) zuhurra».

 [5] Konpara testuko Pouvreauren itzulpena (berriz kopiatzen dudana hemen) eta Haranederrena:

  • Bertute handiago da, ene zinestez, presentatzen zaitzunetik hautatu gabe, eta presentatzen den bezala iatea, lehena lehenik, azkena azkenik, zure gustura delarik, edo eztelarik, ezen ez gutien on dena bethi hautatzea (Pouvreau, Philotea, 3-23. kap.).
  • Uste dut bertute handiago bat dela, hauturik gabe iatea, presentatzen zaitzunetik, eta presentatzen zaitzun bezalakorik, ala den, ala ez den zure gustukoa, ezen-ez guttien on dena beti hautestea (Haraneder, Philotea, 3-23. kap.).

[6] Haranederren bide bera hartu zuen Larregik ere hogeita hamar bat urte geroago pasarte hura bera aipatzean («munduaren arabera gutien zuhur direnak», Testament zaharreko historioa, 65. kap.). Haranederren itzulpena ez baitzen haren garaian argitaratu (P. Altuna euskaltzain zenak egin zuen ez aspaldi), ez dakigu Larregik haren ikusteko paradarik izan zuen, eskuzko kopia zenbaitetan, naski. Halere, franko bitxia litzaidake niri, biek pasarte hura molde markatu hartan zeinek bere alde euskaratu izana. Inposiblez, Larregik Haranederren lanaren kopia bat eskuen artean izan zukeen.

[7] Frantsesez franko zabaldurik baitago (ustez) gutientasunezko superlatiboa, J. Landak emanikako datuetan oinarriturik,  behako bat eman diet bi frantses eleberririren (Madame Bovary eta Du côté de chez Swann) euskarazko bertsioei, gisa horretako pasarteak nola itzuliak izan ziren ikusteko. Lehenik seinalatzeko da uste baino kopuru ttipiagoan agertu direla holako adibideak jatorrizko testuan: bat Flaubert-en eleberrian eta bi Proustenean. Flauberten adibide bakarra erabide bera harturik itzuli du P. Apalategik; hartan, haatik, izenondoa partizipio burutua zen (ez da beraz hemen ikertu dugun konfigurazio bera; ikus [1]): «la moins scandalisée» > «gutxien eskandalizatu». Prousten eleberriko bi adibideetan, JA. Arrietak, antonimoen bidea hobetsi du: «la moins longue» (bi bide konparatuz) «laburrena» itzuliz, eta «le moins susceptible de généralité», berriz, «orokortzen zailena»; nire ustez, testuinguruak ikusirik, irazkia zuhurki erabiliz.

Iruzkin bat utzi

Beñat Oihartzabal atalean

Erretorikak gramatikari ximiko

Beñat Oihartzabal

Gauza ezaguna da desberdintasunezko maila-konparazio perpausak beti norabide positiboan egiten direla euskaraz. Ondoko adibideetakoak, beraz, gaizki eratuak dira, gutiagotasunezkoak baitira:

*Jon  gutiago handi da Gorka baino.
*Aitatxi amatxi baino gutiago zaharra  da.

Ondoko erdaretan, aitzitik, menos/moins konparazio hitzen bidez, arazorik gabe moldatzen baitira horrelako perpausak, euskal itzultzaileek beste bide bat erabili beharra dute gutiagotasuna adierazten duten maila konparazioak euskarara itzultzean. Biderik ohikoena da orduan, berdintasunezko konparazio perpausak ezezkoan erabiltzea :[1]

Jon ez da Gorka bezain handia.
Aitatxi ez da amatxi bezain zaharra.

Nik uste, orain arte, hizkuntzaren erabilera arruntean bederen, ongi begiratua izan da euskarazko maila konparazio perpausen berezitasun hori, desberdintasunezko konparazioen morfologia izenondoekin atzizki batean gauzatu beharrak ekarria. Ez da harritzekoa, beraz, Euskarazko Prosa Gaur corpusean maiztasun handiko dozena bat izenondo baliatuz egin dudan bilaketak kontrako adibide bihirik ez baitit eskaini.

Bizkitartean, testuetako lekukotasunei behatuz, iduri luke badela gutiagotasunezko konparazioa izenondoekin ere nolabait zilegiztatzen duen testuinguru bat. Era honetakoa da:

Ez da gutiago IZENONDOA

Hona zenbait adibide molde horretakoak, azken bi mendeetako Iparraldeko testuetarik hartuak:

  • Zure konduita gordea izan arren, ez da gutiago adoragarria (Mihura)
  • Estonagarri bada hainbertze neskatxa gazte ikustea, bere gaztetasunetik hasirik debruari betiko emaiten, ez da gutiago espantagarri  jakitea nola debrua nahi zen guziz jabetu haur gaztez (M. Elizanburu)
  • Nork ez ditu ezagutzen Xuriko, Pilotariak, Betirisants? Kopla hoik oro kasik pollitak dira biziki. Erlisioneari doazkon koplak ez dira gutiago ederrak (Hiriart-Urruty zaharra)
  • Ez da gutiago trebe xinaurri hatzemaiten (Almanaka)
  • Ez da gutiago atsegingarri orain berean Agorrila disketxearen bidez plazaratzen duen “Goazen!” bigarren diska (Herria)

Ikus daitekeenaz erabide horretan konparazio ardatza den izenondoa predikatu osagarria da eta ezezko perpaus batean jarria. Ohargarri da, bestalde, desberdintasunezko konparazioen morfologia erabilirik ere, baino konparazio hitza ez dela agertzen adibideetan, konparazio kanoniko ez direlako seinale, hain segur.

Horrelako perpausen gibelean, erretorika figura ezaguna dugu: negazioaren bidezko litotea, konparazio  jokoa  gaineraturik. Horrela, Hiriart-Urrutyren adibidea hartzen badugu, lehenik gogoratzen du Ademak zenbait kopla ezagun, biziki politak, egin zituela, ondotik erlijio gaiez egin zituenak ere hala zirela azpimarratzeko; hauek ere ederrak zirela, hots, besteak bezain ederrak. Horren egiteko, haatik, ezezkoan emanikako gutiagotasunezko konparazioa baliatzen du, horrela gauzaturik aipatu erretorika figura.

Baliabide diskurtsibo hau euskarara ekartzean ezinbestekoa gertatzen da izenondoekin ere gutiagotasunezko konparazioen morfologia baliatzea, eta, itzulika markatua izanagatik, badirudi azken bi mende hauetako idazleek, Iparraldekoek bederen, arazo handiegirik gabe egin izan dutela, frantsesezko testuetarik ekarririk, seguraz ere.[2] Erran gabe doa, oker geundekeela, hortik ondoriozta bageneza aldatua dutela idazle horiek maila-konparazio perpausen eratzeko gramatika. Nekez, adibidez, hizkuntzaren izkutuko xikana guziekin jostatzen hain trebe zen Hiriart-Urrutyk horrelakorik egin zezakeen maila konparazio kanonikoak josterakoan. Erretorikaren pribilejioen ondorioa da, urrunago joan gabe, delako erabidea.

Azken hitz bat, eredu horri jarraikirik Iparraldeko testuetan, 19. mendean hasirik, biziki hedatu den erranbide baten seinalatzeko. Hartan, izenondoaren orde, egia izena baliatzen da: «ez da gutiago egia … -ela», ondoko adibidean bezala:

  • Ezen politika makurrak ondorio gaixto anitz, ikusten dugun bezala, balin badakarzke, ez da gutiago egia, bertze asko eta asko gaitzen eta gaizkiren ondorio bat dela politika tzarra delakoa ere. (Hiriart-Urruty zaharra)

Kasu honetan ere, lehen aipatu litote mota bera dugu, eta morfologiazko arau-urratze bera ere, predikatu osagarri gisa baliatzen diren izenek desberdintasunezko konparazioetan izenondoek bezalako morfologia hartzen ohi baitute: -ago atzizkia. Gertatu zaio A. Lukuri egiago hartaz baliatzea hemen aipatu litoteaz beste erretorika joko batzuk erabiliz. Balia bekit, bada, haren ateraldi hau, luzeegi joan zaidan ele-mele honen besterik gabe bururatzeko:

Batzutan gezurrak egia baino egiago dira. (Botoiletan)


[1] Antonimoen baliatzea, edo konparazio kideen ifrentzikatzea dira beste itzulbide baliagarriak (perpausen egia balioa aldarazten ez duten neurrian):

Gorka baino ttipiago da Jon. / Jon baino handiago da Gorka.
Aitaxi gazteago da amatxi baino. / Aitatxi baino zaharrago da amatxi.

[2] Hegoaldean, erabidea izenondoa isildua izanik bereziki, aurkitzen da, nik uste. Gaurko testuetan bederen. Hona JM Irigoienen hiru adibide, gisa horretakoak (EPG corpusetik):

Sara urduri zegoen, bai… baina ama ez gutxiago, itxura batean
Ekain berezia zen, Leire ez gutxiago
Maizterrak gogorrak dira, bai, baina ez gutxiago nire emaztea

Hiru adibide horietan, isildua da gutiagoko mailakatzea hartzen duen izenondoa, aurreko perpausean adierazia baita. Iparraldeko adibideetako erretorika figura bera baliatua da, baita morfologiazko tresna berak (gutxiago) ere. Izenondoaren isiltzeak, halere, errazten bide du erabidea.

7 Iruzkin

Beñat Oihartzabal atalean