Artxiboa gaika: Alfontso Mujika

Erakusle-festa

Alfontso Mujika

Jainkoak Sinai mendian Moisesi hamar aginduak nola, euskara batuaren aginduak eman zizkigun Koldo Mitxelenak 1968an. Baina, Mitxelena ez baitzen jainkoa, ezin izan zuen dena zehaztu. Morfologiari buruz ziharduela, honela idatzita utzi zigun duela 47 urte:

Gogoan hartu eta eduki behar dugu, nahiz izenaren deklinazioa argi xamar dagoen, istilu larriak ditugula oraindik izen-orde edo izen-ordainekin. Erakusleak aipatuko ditut (hau, hori, hura, eta horien ondorengoak) gai honetan dauzkagun nahasketen oroikarri.

(Koldo Mitxelena, “Ortografia”, XIII – Euskera XIII, 1968).

Eta erakusleak arautzean agertu zen “istilu larri” horien isla, instrumentalean batez ere. 1979an izan zen. Honela zioen Patxi Altunak (Euskera XXIV, 1979-2):

(…) Orobat honetaz, horretaz, hartaz instrumental delako kasoan, horien ondoan honez, horrez eta harez ere sarturik, halaz ere, honez gain, harez gero eta hauen antzekoak esateko; -taz iruditu zaigu, beraz, egokiena, zaharrena ez bada ere, eta horrenbestez -zaz eta -tzaz baztertu ditugu.

(…) Hona, beraz, ondoren batzordearen proposamena:

honetaz               horretaz              hartaz
honez                   horrez                  harez
hauetaz               horietaz               haietaz
hauez                   horiez                   haiez

(…)

Euskaltzaindiak bi txandatan onartu zuen Erakusleen proposamena: Otsailaren 23ko batzarrean Donostian, eta Uztaileko 20an Elizondon. Aurreko zerrenda onartu zuen, xehetasun hauek gaineratuz:

(…)

-taz, -zaz: biak onartu ziren; -taz ageri da zerrendan, baina honezaz, horrezaz, harzaz; hauezaz, horiezaz, haiezaz ere ez dira gaitzesten.

Geroztik, beraz, hiru aldaera dabiltza dantzan, hirurak baitaude onartuak:

honetaz, honezaz, honez // hauetaz, hauezaz, hauez
horretaz, horrezaz, horrez // horietaz, horiezaz, horiez
hartaz, harzaz, harez // haietaz, haiezaz, haiez
(harzaz, 1979an onartu bazen ere, ez da ageri EGLUn. Ez dakit zergatik)

Hala ere, bada zalantza bat. Azken sailekoak besteak bezala erabil daitezke (edo erabiltzea komeni da) euskara batuan? Alegia, zuzentzekoak al dira, adibidez, esaldi hauek?:

  • Begien bistako lilura horrez gainera, badu horrek bestelako sinbolorik.
  • Eta etxe horrez mintzatu ziren.
  • Ez ziren lagun horiez oroitu.

Hiztegi Batuan, esamolde batzuetan ageri dira aldaera horiek:

honez aurrera, honez gain, honez gainera, honezkero, horrez aparte, horrez gain, horrez gainera, horrezkero, harrezkero.

Hala ere, ulertu behar dugu hor agertzeak esan nahi duela forma fosilduak direla. Horregatik ez dira agertzen hiztegian, adibidez, honetaz aurrera edo horretaz gainera, ez ezinezkoak direlako, baizik eta, alderantziz, aurre eta gain postposizio emankorren kasu arruntak direlako.

Argibidea eskatu nuen, 2003an, Euskaltzaindian, eta honela erantzun zuen Gramatika batzordeak:

Euskal idazleen tradizioa azterturik, Gramatika batzordeak honako hau adierazten du:

– Denetarik dago literatura tradizioan.

– Ez dute arau-balio bera Euskaltzaindiaren erabaki batek (1979koak) eta Gramatika batzordeak egindako lanek (esate baterako, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak-1 (Eranskina) liburuak edo Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna liburuak). Lehena, Euskaltzaindiak berak onartua da; bigarrena, aldiz, Euskaltzaindiko batzorde batek.

– Euskaltzaindiak ez du bertan behera utzi 1979ko erabaki hura (ikus Euskera XXIV (1979-2), 629.-632. or.). Hortaz, Gramatika batzordeak honako hau dio, nahiz Euskaltzaindiak ez duen hartu, esandakoaz gain, bestelako erabakirik:

o      honetaz, horretaz eta hartaz formak eta gainerakoak (honezaz, honez, horrezaz, horrez eta harez) baliokideak dira eta ezin dira bereizi erabilera-esparruaren arabera.

o      honetaz, horretaz eta hartaz (eta hauetaz, horietaz eta haietaz) hobesten ditu Gramatika batzordeak euskara baturako.

o      honezaz, horrezaz eta harzaz (eta hauezaz, horiezaz eta haiezaz) ez ditu gaitzesten.

o      honetzaz, horretzaz eta hartzaz (eta hauetzaz, horietzaz eta haietzaz) baztertzen ditu.

o      honez, horrez eta harez (eta hauez, horiez eta haiez) hainbat esapide jakinetan soilik erabili behar dira, ez erakusle soil moduan (Ikus Gramatika batzordearen 2001eko erabakia). “Antzeko esapideak” dira Euskaltzaindiak oraingoz Hiztegi Batuan onartutakoak (honezkero, horrezkero, harrezkero).

o      Gainerako formen gainean Gramatika batzordeak ez du ezer ere esaten. Nolanahi ere, esan daiteke literaturan goian aipatu erakusleekin gain, gero eta beste maizago erabili direla, eta horiek direla gehien ageri direnak, ezen ez aparte, landa, haraindi eta kanpo.

Horrela zeuden gauzak 2003an, eta ez da ezer aldatu geroztik (geroztik aldatu den bakarra zera da, Hiztegi Batuak, gerora, forma gehiago onartu dituela Gramatika batzordeak orduan aipatutako hirurez gainera). Noizbait zehaztuko du hori, beharbada, Euskaltzaindiak (ez batzorde batek), baina, bitartean, bada irizpide argi samarra Gramatika batzordeak emandakoa.

Irizpide horri helduta, honez, horrez, harez, hauez, horiez, haiez aldaerak ez ditugu emankortzat jotzen Elhuyarren, estilo-erabaki gisa, eta Hiztegi Batuak jasotzen dituen formak besterik ez dugu ontzat ematen. Horrenbestez, zuzendu egingo genituzke gorago azaldutako hiru adibideak. Honela:

  • Begien bistako lilura horretaz gainera, badu horrek bestelako sinbolorik.
  • Eta etxe horretaz mintzatu ziren.
  • Ez ziren lagun horietaz oroitu.

Adi lehenengo adibideari! horrez gainera ageri da, baina ez Hiztegi Batuak jasotzen duen lokuzio edo lokailu gisa (alegia, gainera lokuzioa jasotzen duen bezala) edo Gramatika batzordeak aipatzen duen “antzeko esapide” gisa (alegia, erakuslearen ezkerrean izenik ez dagoela), adibide horretan ez baitago inolako esapide edo lokuziorik, eraikuntza sintagmatiko arrunt bat baizik (izena + erakuslea + gain). Hau da, horrez gainera lokuzio bat da, eta horregatik ageri da hiztegian; aldiz, lilura horrez gainera ez da lokuzio bat. Ñabardura finegia irudituko zaizu, beharbada, baina ez da logikarik gabea.

Azken ohartxo bat: Gramatika batzordearen iritzia kontuan hartzera, egokitzekoak lirateke, adibidez, Euskaltzaindiaren hiztegian ageri diren bi esaldi hauek ere: Eritasun honez kutsaturik gertatzen bazara (gertatu sarrerako adibide bat da) eta Hitz horiez hasten den kristau otoitza (abemaria sarrerako definizioa).

Iruzkin 1

Alfontso Mujika atalean

-EKIKO izenlagunaren aldeko aldarria

Alfontso Mujika

Ahaztuxea dugu, edo baztertuxea, edo nahita zokoratua. Eta ez dakit zergatik. Horregatik egin nahi dut gaur aldarri -EKIKO izenlagunaren alde.

Gaia kokatzeko, ikus dezagun zer esaten duten bi estilo-liburu ezagunek.

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (Patxi Petrirena, Ikasmaterialen Aholku Batzordea, 2011), 172. or.

-ekiko, izenlagun eta batzuetan adizlagun

Gehienbat izenlagunak sortu ditu, oraintsu artean (…). Murritzagoa, eta Hegoaldera mugatua, izan du adizlagun-erabilera (…)

elkarrekiko solasak
lagunekiko harremanak
Estatu Batuek Libiarekiko harremanak eten dituzte
Jainkoarekiko ekinbidea
(…)

Izenlagun denean ere, -ekiko erabiltzeaz gain beste aukeraren bat dagoen pentsatzea komeni da: testuinguruaren arabera, bata edo bestea izan daiteke egokiago:

a. Lege-sistemarekiko mesfidantzaren…
b. Lege-sistemari dioten mesfidantzaren…

a. gorputzen urarekiko portaera
b. gorputzek zer portaera duten uraren aurrean

Labur landuta dago, baina garbi adierazten du -ekikok, batez ere, izenlagunak sortzen dituela. Adibideetan, dena dela, izen abstraktuei lotuta baino ez da ageri (solas, harreman, ekinbide, mesfidantza, portaera).

Euskal estilo libururantz (Xabier Alberdi, EHU, 2001), 127. or.

-EKIKO ATZIZKI KONPOSATUA

Atzizki honen inguruan bi eratako zalantzak era arazoak sortzen zaizkigu: a) alde batetik, murriztapen sintaktikoak daude (adizlagun gisa ere erabil ote daiteke?); b) beste aldetik, murriztapen semantikoak daude (zein ote dira forma konposatu honen balioak edo adierak). Aurrera baino lehen, esan dezagun Euskaltzaindiak ez duela gai honi buruzko arau edo irizpenik plazaratu.

(…)

Izenlagun erabilera

1a) “Bi norabideko erlazioa” adierazten duten izenak mugatuz (oinarrian –ekin kasu-marka): elkar, harreman, lokarri, tratu, jardun, elkarrizketa, solas, bizitza, adiskidetasun, batasun, guda, borroka, batzar, ibilaldi (…)

1b) “norabide bakarreko erlazioa” adierazten duten izenak mugatuz (gaztelaniaz, “para con…”, “en relación a…”, preposizio-sintagmen pareko izan daitekeena): eginkizun, obligazio, ardura, errespetu, eginbide, miserikordia, zor, pena, estimazio, obedientzia, amodio, debozio, jaiera, behar, eskubide, kreditu, gurari, zitalkeria, esker (…)

1c) Izen konkretuak mugatuz (sarritan, deskribapenetan). Erabilera hau XIX. mendetik aurrera dokumentatzen da, eta zenbait autorerengan bakarrik. Iparraldean erabili da gehien, eta Hegoaldeko euskaran ohikoagoak diren egitura batzuen baliokidea litzateke (-dun/-ko nahiz edun/ukan aditzaz baliatuz egindako perpaus erlatiboak).

  • Zaldi bakarrarekiko gurdia zan
  • Bat-batean agertzen zaizkigu, gizotsoak iduri, hiru begiekilako mamu beltz larri batzu
  • Han, ezkaratz-barneko athe hartan, ene lehenbiziko ikustaldian zitzitan bada agertu apez-jantziarekiko gizon ttipi gaztesko bat

(…)

Estilo-liburu horrek azalpen luze eta mamitsua eskaintzen dio -ekiko atzizkiari, batez ere adizlagun-erabilera berrien gehiegikerien inguruan. Eta 1b atalekoen gehiegizko erabilera ere kritikatzen du, gaztelaniazko “en relación a…” eta “con respecto a…” guztiak ordezkatzera igaro delako.

Gehiegikeriak eta desbideratzeak deskribatuta daude, eta ez diot horri heldu nahi, erabilera jatorrei baizik. Jatorra eta orokorra, izenlagun hori ez baita zoko-euskara, nonahiko euskara baizik: ekialdekoa (-ekilako), erdialdeko (-ekiko) eta mendebaldekoa (-gazko). Hona hemen literatura-tradizioko adibide bana:

  • Bidean heldu zirelarik, laminak erraiten dio emainari: Nola, lana zuk egin ondoan, hautatzerat emanen baitauzkitzute bi eltze, bat axalean urhearekin, bertzea axalean hautsarekin, hautaazu hautsarekilakoa, zeren urhea harek bakarrik izanen baitu barnean (Barbier).
  • …baita igaro bearko ere jasa andiarekiko ekaitz portitza (Iztueta).
  • Nire kotxiagazko abenturei jarraituez (Gerrikagoitia).

Egia da izen bati lotuta agertu beharrean izenondo bati lotuta agertzen denean ez dela ezinbesteko egitura, zilegia bada ere; baditu lehiakideak. Adibidez:

  • Zaldi bakarrarekiko gurdia = zaldi bakarreko gurdia
  • Soineko gorriarekiko neska = soineko gorriko neska = neska soineko gorriduna
  • Beste batzuetan, berriz, -ekiko ez erabiltzeagatik, perpus erlatiboak sortzen ditugu, esaldiak astunduz. Adibidez:
  • Arkabuzekiko erasoa.

Garbi dago –ko eta –dun aukerek ez digutela balio (arkabuzeko erasoa?? eraso arkabuzduna??). Halakoetan, perpaus erlatiboetara jo behar izaten dugu:

Arkabuzekin egindako erasoa / arkabuzak erabiliz egindako erasoa.

Egitura hori Iparraldekoa zein Hegoaldekoa da, eta ez da berria. Hala ere, gaur egungo testu estandarretan oso-oso gutxitan agertzen da izenlagun gisa izen konkretuekin. Dena dela, adibide ez gutxi aurkituko ditugu Euskaltzaindiaren lanetan. Adibidez, Euskaltzaindiaren hiztegian bertan:

  • Hiru pertsonarekiko adizkiak.
  • Arkabuzekiko erasoa.
  • Dunba handiarekiko mando lerro luzeak
  • Astoarekiko esneketari asko zetorren oraindik Hondarribira
  • Zaldunekiko erasoa.

Baita Euskaltzaindiaren EGLU lanetan ere (Beñat Oiartzabalen idazkera dela esango nuke):

datiboarekilako komunztadura, singularrekilako hondarkia, Ahal-ekilako perifrasi multzoak, aditz partizipioarekiko moldea, izenordain zehaztugabeekiko kontzesio perpausak, gertakari bururatuarekiko aldiberekotasuna…

Gaur egungo literatura arakaturik, agertzen dira, tarteka, horrelakoak, baina ez ugari. Ez dago desagertuta! (Jean Bordachar, Xubero; Lopez de Arana; Itxaro Borda; Pello Zabala; Jose Morales; Xabier Olarra; Monika Etxeberria; Patxi Zubizarreta; Oskar Arana; Fernando Rey; Patxi Iturritegi, Bernardo Atxaga, Koro Navarro, Matias Mujika, Juan Kruz Igarabide):

Goizean Xiberoko koralekiko meza / Emakume ile beltz hark artesia buru erdian zeukan eta mahuka zabalekiko jantzi berde argi bat soinean. / Berdez inguratutako argi arrosa eta morea ematen zuen arku elektriko baten azpian, laukiekiko jantzia zeukan gizona bi neskarekin gurutzatu zen. / Zain urdinekiko bere esku finez, amak zopa-platerkada bat ipini zuen mutilaren aurrean. / Behean, bi aldeetatik, kaleak argizko puntutxoez osatutako ilaretan barna luzatzen ziren, leiho beltzekiko eraikin karratuen artean. / Loak eta koltxoiek isuritako usain txarra limurtzen zen leiho estuekiko etxeetatik / Harri nabarra, adreilu gorria, errotulu gorri eta berdeekiko asfalto ñarñarkaria. / Jaka zuriarekiko gizona mahaira hurbildu zen. / Gizon gazteak marra gorri, berde eta urdinekiko gorbata zuen. / Pantaila lauarekiko telebista. / Gizonak oihukatu zion gontz erraldoiekiko borta astun eta beilegiaren atzealdean desagertu baino lehen. / Destinuaren aztarnak finkatzeko gai ez zen hosto zuriekiko liburua zen. / bihi gorrixkekiko patxaranak auskalo zenbat tripako-min sendatu dituen gure etxean…! / Ekuatore aldeko ludiaren gerriko horretatik ikus daitekeen elur iraunkorrekiko mendi bakar altua. / Zurezko kupula zaharrekiko eta erpin belztuekiko elizak. / Uda zein negu, inoiz irekitzen ez zituzten leiho txikiekiko gelatxo bat goiko solairuan. / Idazmahaiaren erdian estalki berdearekiko lanpara bat zegoen. / urrezko kirtenarekiko betaurrekoak. / belus horizko azalekiko koaderno mehe bat. / Ile zuriarekiko gizona. / Barraren ondoan ametsetan dagoen neskame atorra beltzarekiko hori. / marra gorri-urdinekiko galtzerdi zuriak. / maindire zuriekiko ohe batean lo egiteko. / begi beltz handiekiko haurren begitarteak. / leiho itxiekiko gelak. / belarrizulo iletsuekiko arlotea. / begi urduriekiko mutila. / bular txiki politak, titiburu tenteekikoak. / Makina bat amets egiten nuen pareta loredunekiko gelan. / Lehenbiziko solairuan egongela zegoen, besaulki handiekikoa./ letra urdinekiko ikonoa. / harri arrosa edo ia arrosekiko etxe hartan. / Neska handia eta mardula zen, esku itsusiekikoa. / beste bat betaurreko lodiekikoa. / Marra zuri eta gorriekiko korbata. / injinadore uniformearekiko gazte dotore bat. / Txinatar mamu bat, aurpegi zurbilarekikoa

Hor dago, bai. Ez da desagertu. Hala ere, ekuazioekiko problemak gisakoak ez erabiltzeko gomendioa ere iritsi zait aspaldi ez dela, eta ekuazioen problemak edo ekuazioak dituzten problemak erabiltzea aholkatu didate. Prentsa txarra du, nonbait, egitura horrek, herriarekiko harremanak, Jainkoarenganako jaiera eta gisako sintagma abstraktu eta “serioetarako” bakarrik balioko balu bezala.

4 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

Gure hitzak

Alfontso Mujika

Gure hitzak
esan, berriz esan.
Ez daitezela ahaztu,
ez daitezela gal,
elur gainean
txori anka arinek
utzitako arrasto sail
ederra bezalaxe.

Bernardo Atxagak olerkia idatzi, eta ezin ederrago musikatu eta abestu zuen Mikel Laboak. Zein dira, baina, gure hitzak?

Galdera hori egin dio behin baino gehiagotan Euskaltzaindiak bere buruari. Eta erantzuten ere saiatu da behin baino gehiagotan. 1959ko apirilaren 2an, agiri hau plazaratu zuen:

Euskaltzaindiaren agiria euskal itzei buruz

Euskaltzaindiak, idazlari ta izlariei zuzenbide batzuek eskeiñi naiez, eta asko zuzenbide aien zain-antzean daudela jakiñik, onako agiri au azaltzen du:

OIÑARRI-LEGEA

Iztegi-saillean ezta bidezko itz asmatuetara jotzea ezin bestez baizik, eta orduan ere itzen erabidean izkuntzaren joerak gordeaz. Ori iztegiari gagozkiola. Gramatikaren barrutian, ordea, ezta sekula zillegi asmatzen ibiltzea edo izkuntza aldatu nai izatea.

EUSKAL-ITZAK ZEIN DlRAN JAKITEKO BIDEA

Eta iztegiaren auzi au xehetasun geiagorekin garbitu naiez, euskal-itzak zein diran, au da, euskal-literaturan erabiltzeko itz jatorrak eta bidezkoak zein diran jakiteko, bidea eta neurria finkatu nai du aurrenik Euskaltzaindiak: Euskal itzak dira euskera bizian sustraituak daudenak. Sustrai ori zenbat eta sakonagoa izan, ainbat eta eskubide geiago du itz batek erabillia izateko. Itz baten zabaluneak, antziñatasunak eta idazle zaarrak itz ori erabili ote duten jakiteak, asko esan nai du itzaren sustraia zenbateraiñokoa dan neurtzeko. Sustrai aundiko itzak, bada, euskal-itzak dira, naiz eta erderatik etorri.

Bada gure iztegian olako itzen pilloa: jatorriz kanpotik sartuak, baiña euskeran gogotik erratuak daudenak, alegia. Beraz, etxeko biurtuak dauzkagu, gure gureak dira itz oiek. Euskal-itzak dira bada, erderatikakoak izan arren. Itz oiek eskubide osoz erabilli ditezke, eta aien lekuan erabiltzeko asmatu diran itz berriak eztira geienetan euskal-itzak eta eztute aiek ainbat eskubide erabilliak izateko.

Ona emen olako euskal-itz jatorren zerrenda bat. Erderatikakoak izanarren, etxeko biurtuak dauzkagu eta emandako neurriaren araura, euskal-itz jatorrak dira:

Abendu, aingeru, alkate, amodio, arima-anima, abade-apaiz-apez, apostolu, arraza, arrazoi-arrazoin, bake-pake, balio, bekatu-pekatu, berba, bertso, bedeinkatu-benedikatu, birjina, birtute, borondate, doe-doai, damu, deabru, denbora-denpora, dantza-jantza, diru, desegin, errcge, erregiña, erlijio-erlegiño, eliza-eleiza, elexa, eskola, espiritu-izpiritu, familia-pamili, fede, frutu-fruitu, finkatu, gorputz, gramatika, gloria-loria, grazia-garazia, imajiña, inpernu-infernu, imitazio-imitaziño-imitazione, jende-jente, joku, kantatu, kolore, kafe, karidade, komunio-komuniño-komunione, kanpo, kontra, kanta, liburu, lore-lora, lege, mundu, meza, modu, molde, moldatu, obeditu, olgeta, partitu, paradisu-parabisu, barkatu-parkatu, bekatu-pekatu, pentsatu, pentsamentu-pentsamendu, sakramendu-sakramentu, santu-saindu, seiñale, testamentu, umil, zapata, zentzu-zentzun, zeru…

Euskaltzaindiak, bada, itz auek eta antzekoak diran beste asko eskubide osoz erabilli ditezkeala erabagitzen du, euskaldunak, jatorrak cta garbiak diralako. Eta idazle ta izlariei erabilli ditzatela eskatzen die, itz asmatuetara jo gabe.

Berebat, izkuntza berezien gaiñetik zabaldurik dauden kultura eta zivilizaziozko itzak ontzat artzea eta erabiltzea Euskaltzaindiak begi onez ikusten du. Adibidez; politika, teknika, literatura, liturjia, metro, kilometro ta abar.

Duela 55 urteko testua. Polita, ezta? (hitz-zerrendak eliz zoko usain nabaria duela alde batera utzita). Euskal itzak dira euskera bizian sustraituak daudenak dio agiriak. Garbizalekeriaren aurkako aldarri garbia izan zen.

32 urte geroago, 1991n, iruditu zitzaion Euskaltzaindiari beste arrisku bat zegoela, eta beste agiri hau plazaratu zuen 1991.eko apirilaren 26an:

Euskaltzaindiaren bigarren agiria euskal hitzei buruz

Hogeitahamabi urte igaro dira Euskaltzaindiak euskal hitzei buruz lehen agiria eman zuenetik (ikus Euskera, 1959, 214-217 or.). Agiri haren ondorenak guganaino heldu dira, hari eskerrak sendatu baitzen garai hartan euskarak zituen gaitzetatik bat: garbizalekeria.

Beste garaiak ziren haiek eta beste garaiak eta gaitzak dira gaurkoak, eta euskararen egungo eguneko gaitz bat askoren ustez mordoilokeria da, lehengoaren kontrakoa, bai baitirudi bazter batetik besterantz joan dela gaitz zaharra sendatu beharraren beharrez. Eta beste gauza askotan bezala hemen ere bazterrek elkar jotzen dutelako, orduko Euskaltzaindiak gaitz haren erremedioa ezarri zuen Oinarri legeak balio luke oraingoa ere sendatzeko. Honela zioen (grafia gaurkotuz):

“Hiztegi sailean ez da bidezko hitz asmatuetara jotzea ezin bestez baizik, eta orduan ere hitzen erabidean hizkuntzaren joerak gordeaz. Hori hiztegiari gagozkiola. Gramatikaren barrutian, ordea, ez da sekula zilegi asmatzen ibiltzea edo hizkuntza aldatu nahi izatea”.

Zenbait idazlek, izan ere, hitz asmatuetara jotzen zuten orduan beste zenbait hitz nardatuz eta arbuiatuz, erdal usaina zeriela eta euskal hitzak ez zirelakotan; eta asmatuak gaitzesteaz gainera Euskaltzaindiak euskal hitzak zein ziren irakatsi nahi izan zuen behin betiko ondoko lerroetan, esanez: Euskal hitzak dira euskara bizian sustraituak daudenak.

Bada orduan zenbait hitzen euskal nortasuna defendatu zuen bezala, egungo egunean beste zenbaiten arroztasuna salatu nahi du Euskaltzaindiak, esanez: Euskara bizian sustraituak ez daudenak ez dira euskal hitzak, sustraitzen ez diren bitartean bederen; eta orduan bezala nahi du irakatsi hitz baten sustraiei igertzeko hiru irizpide daudela: alegia, hitzaren hedadura, hitzaren antzinatasuna eta hitzaren erabilera idazle zaharretan, ezen erdaratikako hitzak izan daitezke noski euskal hitzak, baina horrek ez du esan nahi erdaratikako hitz guziak euskal hitz direnik.

Hiru irizpide horiei begira, ezin uka azken urteotan euskal hitzak ez diren mordo bat entzuten dela, telekomunikabideetan batez ere. Batzuk ezinbestean erabiltzen dira, ordain ezagunik ez dutelako. Beste asko ez, ordea, zabarkeriaz baizik. Ez da beharrezko lehengo agiri hartan bezala hemen zerrenda luzea eskaintzea euskal hitzak ez direnena. Askiko da ale batzuk ematea.

Ez dira euskal hitzak muntra, butxet, rehen, amotinatu, frakaso, sorteo, arratxa (“Errealak oso arratxa ona du”) erreskatatu, entzerrona. Ez eta ez dira erabat euskal hitzak gaztelera edo frantsesa jakin gabe euskaldun batek ezin adi ditzakeenak, non baitirudi zenbait euskal telekomunikabidetako zenbait programa aditzeko bortxatzen direla Iparraldeko euskaldunak lehenik gaztelera ikastera eta Hegoaldekoak frantsesa.

Euskaltzaindiak bada hitz hauek eta hauen antzekoak diren beste asko ahalik gutxiena erabil ditzaten eskatzen die euskal idazle, hizlari, irakasle eta gainerako telekomunikabideetako esatariei eta horien ordez jo dezaten betiko hitz zaharretara.

Berez hitz berrien eratzea Euskaltzaindiari ez dagokion arren, Euskaltzaindia prest dago bere aldetik egiteko honetan laguntzeko.

Azkenik orduan esana berriz errepikatuz, inork gaizki adi ez dezan mezua: kultura eta zibilizazioko hitzak, mailegatuak izanik ere, ontzat hartzen dira, hala nola politika, teknika, literatura, liturgia, metro, kilometro, eta abar.

Bitxia da oso bigarren agiriaren mamia, lehenengoaren mezu bera baita, ezezko bidez definitua: Euskara bizian sustraituak EZ daudenak EZ dira euskal hitzak. Eta hiru irizpide, epaitzeko: hitzaren hedadura, hitzaren antzinatasuna eta hitzaren erabilera idazle zaharretan (1959ko agiriko berak). Ez ahaztu 1991. urtea zela, hau da, ez corpusik (Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa corpus estatistikoa bidean zen), ez Internetik ez genuen garai hura.

Gainera, garai hartako euskararen stablishmentean bazebilen irizpide bat, zioena azken 25 urteetako euskararen produkzioa (inoizko emankorrena euskararen ordurainoko historian) ez zela kontuan hartu behar euskal hitzak zein diren definitzeko orduan.

Eta “ideologia” horretan kokatu behar da 6 urte geroagokoa, 1997koa, den Euskara batuaren ajeak liburua. Azkenaldion, liburu horretaz arnegatu da egilea, baina garbi dago garai hartako establishmentaren adierazgarria dela.

Eta nola ditugu gauzak orain, ia mende-laurden geroago? Orain, gauzak aurrera doazen seinale, ez dugu “Euskaltzaindiaren hirugarren agiria euskal hitzei buruz”, zorionez. Hiztegi Batua dugu, orain, hitzen euskalduntasunaren epaile. Eta oso adierazgarria da ikustea zer gertatu den bigarren agirian aipatzen diren 9 hitzekin, 1991n euskal hitz ez ziren 9 hitzekin.

1991n ez zen euskal hitza 2015ean, Hiztegi Batuan
amotinatu mutinatu, mutina, mutinatzen. da ad.
arratxa arratxa* e. bolada; aldi
butxet butxet* e. buxet
buxet
iz. Ipar. ‘aurrekontua’
entzerrona  
erreskatatu erreskatatu, erreskata, erreskatatzen. 1 du ad. ‘berrerosi’ 2 du ad. ‘salbatu’;’berreskuratu’
frakaso frakaso* e. porrot
muntra montra iz. Ipar. g.er. ‘eskumuturreko edo sakelako erlojua’
rehen  
sorteo  
   

Alegia, 1991n anatema ziren 9 hitzetatik 4 ( % 44,4) euskal hitzak dira gaur egun.

Gaurkoa luze doa eta, zerorrek atera ondorioak.

5 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

Nola jokatu zenbakiak digituz idaztean? Orain, kontrakarrean ari gara

Alfontso Mujika

Zenbaki batek digitu asko dituenean, digitu guztiak bata bestearen ondoan jarriz gero, nekeza gertatzen da zenbakia irakurtzea. Horregatik, hirunaka antolatu ohi dira digituak, eskuinetik hasita, eta mugatzaile bat erabiltzen da hirukote bakoitza beste hirukoetatik (edo gainerako digituetatik) bereizteko.

Txikitan, eskolan (Hego Euskal Herrian, bai; Ipar Euskal Herrian, ez dakit), mugatzaile hori puntu bat zela irakatsi ziguten guztioi. Hau da:

                Honela idatzi beharrean: 56789

                Honela idaztea: 56.789

Euskaltzaindiaren 7. arauan (Zenbakien idazkeraz), adibidez, sistema hori erabili da. Honela ageri da:

1.000.000             milioi bat

10.000.000           hamar milioi

1.000.000.000     mila milioi (miliar bat)

Sistema hori zenbaki osoei bakarrik dagokie. Zenbaki dezimaldunen kasuan, zenbakiaren zati osoan bakarrik erabiltzen da; zenbakiaren parte dezimalean, ez da erabiltzen puntua. Hau da:

                Honela idazten da: 56.789,43219

                Eta ez honela: 56.789,432.19

Sistema hori, hala ere, ez da nazioartekoa (beste herrialde batzuetan —zenbakiaren parte osoa eta parte dezimala bereizteko puntua erabiltzen dutenetan—, koma erabiltzen dute horretarako). Nazioarteko arauek (ISO/IEC 80000; SI/ISO 31-0) berariaz diote puntua ez dela erabili behar horretarako. Zehazki, hau da araua:

D’après la 9e Conférence générale (1948, Résolution 7) et la 22e Conférence générale (2003, Résolution 10), les nombres comportant un grand nombre de chiffres peuvent être partagés en tranches de trois chiffres, séparées par un espace, afin de faciliter la lecture. Ces tranches ne sont jamais séparées par des points, ni par des virgules. Cependant, lorsqu’il n’y a que quatre chiffres avant ou après le séparateur décimal, il est d’usage de ne pas isoler un chiffre par un espace. L’habitude de grouper ainsi les chiffres est question de choix personnel ; elle n’est pas toujours suivie dans certains domaines spécialisés tels que le dessin industriel, les documents financiers et les scripts qui doivent être lus par ordinateur.

  • 43 279,168 29 mais pas 43.279,168.29 • 3279,1683 ou  3 279,168 3

En ce qui concerne les nombres d’un tableau, le format utilisé doit être cohérent dans une même colonne.

Nazioarteko arau hori ez da berria: 1948koa da, eta berariaz berretsia izan zen 2003an. Arauak dio digituak hirunaka taldekatu daitezkeela irakurketa errazteko (aukerakoa dela, ez nahitaezkoa), eta hiruko taldeak besteetatik bereizteko hutsune bat erabil daitekeela, baina komak eta puntuak ezin direla erabili horretarako.

Nazioarteko arau hori gero eta gehiago erabiliz joan da azken urteotan, eta finkatuz doa nazioarteko argitalpenetan, baina, gainerakoan, ez zaio oraintsu arte kasu handirik egin, eta herrialde bakoitzak bere ohiturari eutsi dio.

Horren guztiaren jakinean zegoen EAEko ikasmaterialetan erabiltzeko estilo-liburuaren zientzia eta teknikako atala prestatu zuen lantaldea (Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak, Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko Aholku Batzordea, Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza, 2011ko urtarrila), eta, egoera ikusirik, hau zehaztu zuen:

4. Bestalde, zenbaki oso batek digitu asko dituen kasuan, digituak hiruko taldetan antolatzeak erraztu egiten du zenbakiaren identifikazioa eta irakurketa. Horretarako, eskuinetik hasita, marka bat jartzen da hiru digitutik behin. Horretan ere, bi ohitura izan dira nagusi hiru digituko taldeen arteko markari dagokionez, lurraldeen arabera*:

*Gauzak horrela, nazioarteko sisteman, hiru digituko multzoen artean hutsuneak uztea proposatu da (123 456 789, alegia), nahiz horrek arriskua duen inprimategian, zenbakia lerro berean idatzi behar izaten baita osorik (ikus ISO 0-3.3.1 araua). Adibideetan, eta testu zientifikoetan, honela idazteko dio arauak: 230 945; 2 345 678 091…

Nolanahi den, arau hori nazioarteko argitalpen zientifikoetan finkatzen ari bada ere, testu orokorretan, lurralde bakoitzak bere ohiturari eutsi dio.

— Europa kontinentalean, puntu batez banandu izan dira hiru digituko multzoak: 230.945; 2.345.678.091
— Ingelesezko tradizioan, ordea, puntuaren ordez koma erabili izan da gauza bera adierazteko: 230,945; 2,345,678,091

Euskarari dagokionez, Euskaltzaindiak gai horretaz erabakirik hartu ez duen arren, Ortotipografia liburukian (ikus 44. or.) ageri dira ikasmaterialetako arau-gomendioak:

«Bestalde, eta nazioartean bestelako joerarik ageri bazaigu ere, honela ematen segituko dugu zenbakiak: batetik, milatik gorako zenbaki osoetan, digituak hirunaka multzokatuz eta puntuz bereiziz; bestetik, zatiki hamartarrak komaz bereiziz.

15.756.552,1724 15[puntu]756[puntu]552[koma]1724

100 € = 16.638,6 pezeta 16[puntu]638[koma]6[hutsunea]pezeta»

Zientzia eta teknikarako ere, bide bera proposatzen dugu. Nabarmendu behar da digitu dezimalen kasuan ez dela punturik jartzen hiruko multzoak bereizteko.

Alegia, ikasmaterialetarako estilo-liburu horretan, nazioarteko araua zein zen jakinik ere, puntua erabiltzea gomendatu zen hiru digituko multzoak bereizteko, hori zelako/delako ohitura Hego Euskal Herrian (Ipar Euskal Herrian, ez dakit), hala agertzen zelako jada estilo-liburuaren lehen atalean (Ortotipografia, 2004) eta hala erabilita agertzen delako Euskaltzaindiaren 7. arauan (arau horretan puntu hori esplizituki agertzen ez bada ere).

Hala ere, estilo-liburu hori inprimategian zegoenean (2011ko urtarrilean argitaratu zen), egoera aldaraziko zuen zerbait gertatu zen: 2010eko abenduaren 16an Ortografía de la lengua española obraren edizio berria aurkeztu zuen Espainiako Errege Akademiak (RAE). Eta edizio berriak aurrekoak ez zuen arau garbi bat ezarri du:

2.2.1.1 Los números enteros y el separador de millares

Advertencia. No deben utilizarse ni el punto ni la coma para separar los grupos de tres dígitos en la parte entera de un número. Para ello solo se admite hoy el uso de un pequeño espacio en blanco.

[A principios de siglo Madrid tenía una población de 3 132 463 habitantes]

Horren ondorioz, Hego Euskal Herriko gaztelaniazko eskola-liburu berrietan hasi dira arau hori aplikatzen, eta puntuaren ordez hutsunea erabiltzen.

Beraz, gaur egun, euskarazko ikasmaterialetan erabiltzen den irizpidea ez dator bat gaztelaniazko ikasmaterialetan erabiltzen denarekin, eta ez dator bat nazioarteko arauarekin ere (halaber esango nuke ez datorrela bat frantsesezko ikasmaterialetan erabiltzen denarekin, baina hori ezin izan dut egiaztatu).

Aldatu egin da egoera, eta hobe genuke euskaraz ere nazioarteko araura bilduko bagina, batez ere ikusi ondoren aldamenean dugun hizkuntza erraldoiak ere —gaztelania— bat egin duela nazioarteko bide horrekin.

Euskaltzaindiak egin lezake aldaketa hori. Horretarako, nahikoa litzateke 7. araua eguneratzea. Gizartean legeak nola, hala hizkuntza-arauak eta estilo-hobespenak ere egokitu behar zaizkio errealitate aldakorrari, eta duela 21 urte Euskaltzaindiak arau hori argitaratu zuenean genuen egoera eta gaur egungoa ez dira berdinak. Baina gure Akademiaren makineria ez dago behar bezala koipeztuta arlo batzuetan, eta, zoritxarrez, ez dut uste berehalakoan helduko dionik gai horri, konponbide erraza badu ere.

Euskaltzaindiari itxaron gabe, Ikasmaterialen Aholku Batzordeak egin lezake aldaketa (garbi dago, adibidez, 2005ean argitaratutako Ortotipografia lanak baduela orraztu eta eguneratze handi baten premia), baina ez dut uste hori luze gabe ikusiko dugunik.

Bitartean, hor jarraituko dugu, urlaster nagusiaren kontra txikikeria horretan, aurreragoko lanik ez bagenu bezala.

Gai hau hutsaren hurrengoa dela irudituko zaizu, beharbada; baina, itzultzaile bazara, eta eskola-materialak itzuli behar badituzu, “iakiteko duzu” (Piarres Etxeberrik Itxasoko Nabigazionekoa liburuan etengabe erabiltzen duen moldea parafraseatuz) hor aritu beharko duzula —hitzekin, sintagmekin, perpausekin eta esaldiekin borrokatzea aski ez eta— zenbakiak arakatuz hutsuneen bila puntuz ordezteko “euskal erara” jartzearren (neroni egun hauetan gertatu zaidan bezala).

Eta, amaitzeko, arauak arau, ez al zaizu irakurgarriago iruditzen hutsunea (A) puntua (B) baino?

(A) 12 123 152,342 535           B) 12.123.152,342535

7 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

Hamartarren eta dezimalen ur nahasietan

Alfontso Mujika

Letretakoa, zientzietakoa edo ez batekoa ez bestekoa bazara ere, ez zaizkizu arrotz. Eskolan ikasi zenituen, eta egunero ikusten dituzu fruta erostera joaten zarenean (gaur, tomatea 2,85 €-an kiloa) edo fakturaren bat iristen zaizunean (135,48 €): tartean koma bat duten zenbaki horiek dira, bi zifraren artean koma bat dutenak. Zer zenbaki-mota da 2,85? Nola deritzo? Eta komatik eskuinera dauden horiek —8 eta 5— zer dira?

Erdaretan, ez dago zalantzarik:

2,85

número decimal / nombre décimal / decimal number

Eta komatik eskuinera dagoen edozein zifra (adibidez, aurreko adibideko 8 eta 5):

decimal /décimal /decimal

Eta euskaraz?

Euskaltzaindiaren hiztegira jotzen badugu, dezimal ez dugu aurkituko, baina hamartar bai.

hamartar izond. Zenbaki, neurri edo pisu sistemez mintzatuz, maila bat azpiko mailako hamar unitatez osatzen dena. Neurri Sistema Hamartarra. Dewey-ren Sailkapen Hamartar Unibertsala.

Definizio hori egokia da, baldin eta zenbaki-sistema horren bidez zenbakikuntza-sistema adierazi nahi bada (DRAE: decimal: Se dice del sistema métrico de pesas y medidas, cuyas unidades son múltiplos o divisores de diez respecto a la principal de cada clase. Le Petit Robert: décimal: Qui procède par dix; qui a pour base le nombre dix. Numération décimale, a base dix.), baina ez gara horretaz ari. Bestela, tomatearen prezioaren adibideko 2 zifra ere (zenbaki horren parte osoa, alegia) zenbaki hamartarra da, zenbakikuntza-sistema hamartarreko zenbakietako bat den aldetik. Eta ez gara horretaz ari, jakina.

Alegia, beste adiera bat eman beharko litzaioke Euskaltzaindiaren hiztegian hamartar sarrerari, edo azpisarrera bat sortu beharko litzateke (zenbaki sarreran, beharbada) baldin eta número decimal / nombre décimal / decimal number euskaraz adierazteko zenbaki hamartar erabili nahiko balitz:

DRAE

número decimal. m. Mat. El que consta de una parte entera y una decimal, separadas por una coma.

(parte decimal. f. Mat. parte fraccionaria. f. Mat. En la representación decimal de un número, la situada después de la coma y que corresponde a un número fraccionario con valor absoluto menor que la unidad.)

Le Petit Robert

décimal, ale, aux. adj. et n.

Nombre décimal, pouvant s’écrire sous la forme d’ une fraction dont le dénominateur est une puissance de dix. 3,25 est un nombre décimel.

Dena dela, ez gaitezen zorrotzegiak izan Euskaltzaindiaren hiztegiarekin, lehen bertsioan dago eta. Jo dezagun orain haren iturri den Hiztegi Batura. Bigarren bertsioan dago (edo n-garrenean, dagoeneko ez baitu bertsio zenbakiturik. Esan dezagun, besterik gabe, 2014-03-10eko bertsioan dagoela). Hau aurkituko dugu:

hamartar izond.

dezimal 1 izond. ‘hamartarra’ 2 iz. ‘hamarrena’

Hara! Orain, dezimal hitza agertu zaigu (Hiztegi Batuaren lehen bertsioan ez zegoen). Ederki! Aurrera goazen seinale. Eta bi adiera ditu, eta bi kategoria:

– Batetik, izenondoa da, eta hamartar esan nahi du. Hala ere, gorago ikusi dugun bezala, hamartar sarrerak, Euskaltzaindiaren hiztegian duen adierarekin, ez digu balio número decimal / nombre décimal euskaraz adierazteko.

– Bestetik, izena da, eta hamarren esan nahi duela dio. Eta zer da hamarren? Euskaltzaindiaren hiztegiak esaten digu:

hamarren 1 iz. Hamar zati berdinetan banatu den zerbaiten zati bakoitza. Lurraren zazpi hamarrenak. Bost segundo eta hiru hamarren. Olioz oratutako hiru hamarren irin lore.

Ene! Beste arazo bat dugu orain. Oraingoan, hamarren ondo definituta dago Euskaltzaindiaren hiztegian, nire ustez, baina Hiztegi Batuan dezimal hitzari, izen kategoriarekin, hamarren esanahia esleitzea dezimal hitzaren esanahia erabat kamustea da (eta ezertarako behar ez dugun sinonimo bat ematea). Izan ere, hauxe da hamarren gaztelaniaz eta frantsesez:

DRAE

décimo, ma. (Del lat. decĭmus). (…) 2. adj. Se dice de cada una de las diez partes iguales en que se divide un todo. U. t. c. s. m.

Le Petit Robert

dixième. Adj. fractionnaire. Se dit d’une partie d’un tout également divisé ou divisible en dix. ◊ N.m. Neuf secondes trois dixièmes (ou 9 s 3/10). La fièvre a baissé de deux dixiémes (de degré).

Alegia, gure bi auzo-erdaretan, decimal/décimal ez da décimo/dixiéme-ren sinonimoa. Eta, bestalde, bada decimal/décimal erdal hitzaren adiera bat, izen kategorian, guztiz beharrezkoa eta Hiztegi Batuan ageri ez dena:

DRAE

decimal. 5. adj. Mat. Se dice de cada uno de los dígitos que aparecen a la derecha de la coma en la notación decimal de un número. U. t. c. s. m.

Le Petit Robert

décimale. – nom féminin. Chacun des chiffres placés après la virgule, dans un nombre décimal. 3,25 a deux décimales : 2 est la première, 5 la seconde décimale.

Hori definitzea eta horretarako hitza falta dira Hiztegi Batuan eta Euskaltzaindiaren hiztegian, eta hor ari dira itzultzaile batzuk —Administrazioan, adibidez—, borondatez onez, hamartar orohartzaile eta nahasgarri hori erabiltzen, eta irakasle asko ere bai, irakaskuntzan, horixe aurkitzen baitute eskola-material ez gutxitan. Eskatu Googlen “bi hamartarrekin”, adibidez, eta ikusi emaitzak.

Konponbide errazeko kontua da, eta espero dut Euskaltzaindiaren hiztegian dezimal hitza definitzen dutenean konpontzea orain Hiztegi Batuan dagoen arazoa eta hutsunea.

EIMAren estilo-liburuan, Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak liburukian, garbi adierazita dago proposamena. Beraz, uste izatekoa da aurrerantzean eskoletan ere onbideratzen joatea orain dagoen saltsa-maltsa. Hau da bidea, EIMAren liburutik laburtua:

Gaztelaniaz eta frantsesez, decimal/décimal terminoak bi adiera ditu: sistema decimal vs cifra/dígito decimal eta système décimal vs chiffre décimale. Euskaraz bereiztekoak dira bi terminoak, zein bere adierarekin.

Zenbaki-sistemari dagokion kasuan, euskaraz hamartarra erabiliko dugu:

Zenbaki-sistema hamartarraren oinarria 10 zenbakia da.

Sistema hamartarra (eu) = sistema decimal (es) = système décimal (fr) = decimal system / decadic system (en)

(…)

Aldiz, cifra decimal eta número decimal adieran, zifra dezimala eta zenbaki dezimalduna erabiltzea gomendatzen dugu (edo dezimala soilik):

Bi zifra dezimal ditu 3,51 zenbaki dezimaldunak.

Bigarren kasu horrekin ados, dezimalen koma eta parte dezimala esango dugu, eta baztertu egingo ditugu koma hamartarra eta parte hamartarra terminoak.

Beraz, artikuluaren hasierako tomataren prezioa zen 2,85 € hartan, 2,85 zenbaki dezimaldun bat da, dezimalak dituelako; bi dezimal, zehazki: lehen dezimala (hamarrenei dagokien dezimala, alegia) 8 da, eta bigarren dezimala (ehunenei dagokien dezimala, alegia) 5 da. Letretakoa, zientzietakoa edo ez batekoa ez bestekoa bazara ere, aplikatzen erraza, ezta?

9 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

Euskarazko terminologiaren gainegituraz (edo gainegiturarik ezaz)

Alfontso Mujika

Urtarrilaren 26an, bere arrangura adierazi zigun Mikel Tabernak blog honetan, “Maiatza noiz iritsiko” izeneko idazkian, Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeak 2012an argitaratutako Hauteskundeen hiztegia obran agertzen ziren euskarazko termino batzuen kariaz. Baina haren arranguraren zio nagusia ez zen desadostasun terminologikoa, baizik eta, aukera izanik ere, zergatik ez zaien aukera eman arlo horretan Nafarroan aritzen direnei terminologia-lan horretan iritzia emateko edo parte hartzeko.

Luze hitz egin liteke Eusko Jaurlaritzak terminologiaren sustapenaz eta kudeaketaz duen ikuspegi nire iritziz zurrunari buruz, errealitate berez poliedrikoari (terminologiaren sortzaileak eta erabiltzaileak, gaur egun, ez dira bat edo bi, zorionez, eta ez gaude duela 15 urte bezala) ikuspegi pixka bat estu, lau eta norabide bakarrekoaz erantzuten baitio nola kudeaketan hala sustapenean.

Hala ere, gai “politikoak” bazterrean utzirik, Mikel Tabernak plazaratutako gaiari helduko diot.

Terminologiako batzorde horretan parte hartzea egokitu zait 2008az geroztik, parte hartzeko eskatu zidatelako (blog honetako beste bi kide ere batzordekide ditugu). 176/2007 Dekretuak dioen “euskararen eta terminologiaren arloan ospe aitortua duten sei pertsona” horietako bat naiz (omen), neure buruaz hori esanda lotsatzen banaiz ere. Ez dago inon zehaztuta sei horiek zer arlotakoak izan behar duten. Gaur egun, sei horietako bi administrazioko itzultzaileak dira —Eusko Jaurlaritzan bata eta Gipuzkoako Foru Aldundian bestea—; beste kide bat ikus-entzunezkoen arloko euskara-teknikaria da; beste bat, zuzenbidean aditua; beste bat, natura-zientzietan eta terminologian aditua; eta ni —zientzia eta teknologiaren arloaren ingurukoa edo—).

Batzordekideok, guztira, hamalau gara; gainerako zortzi pertsonak entitate eta erakunde batzuen ordezkariak dira, eta gogoan daukat 2008an, lehen bilera egin genuenean (Terminologia Batzordearen bigarren aldian, zeren Terminologia Batzordea 2003an eratu baitzen), bazela Iparraldearen ordezkari ofizioso bat, Gexan Alfaro Mutuberria, baina aurkezpen-bilera horretan baino ez zen izan, hurrengo bileretara ez baitzen inoiz agertu. Lehen bilera hartan, norbaitek esan zuen komeni zela Nafarroako Administrazioaren ordezkariren bat ere izatea batzordean, eta erantzun ofiziala izan zen saiatuko zirela hori lortzen. Ez dakit saiatu ziren ala ez, baina nafar ordezkaririk ez da inoiz iritsi batzordera.

Eta jakin beharrekoa da Euskararen Aholku Batzordea aldatu zuen 176/2007 Dekretuak honela dioela lehenengo xedapen gehigarrian (azpimarra nirea da):

Euskararen Aholku Batzordeak, bere egitekoak gauzatzean, kontuan izan beharko ditu antzeko organismoen jarduketak, bereziki euskararen lurraldeetako organismoenak. Aholku Batzordeak organismo horiekiko harremanak eta lankidetza sustatuko ditu, euskararen hizkuntza-elkarteen batasun soziokulturalari eusteko eta bizitasun linguistikoa bultzatzeko.

Eginda iristen dira hiztegiak Terminologia Batzordera: behin-behineko bertsioa jasotzen dugu, eta batzordekideok epe bat izaten dugu oharrak egiteko. Hamalau batzordekide izanik ere, ohargileak hiruzpalau baino ez gara izaten (beste toki batzuetan bezala, gure tribuan ere buruzagi asko daude, baina eskulanerako indiarrak gutxi gara). Guri gainbegiratzeko iristen zaizkigun hiztegiak egiteko, berriz, lan-talde tekniko bat izaten da (ia-ia beti, UZEI), eta batzorde tekniko bat eratzen da, hiztegiaren gaia den arloko nolabaiteko adituz eta hizkuntzalariz osatua. Gehienez 4 kide izaten ditu batzorde tekniko horrek, eta 3 bilera egiten ditu gehienez.

Batzorde tekniko horietako kideak izendatzeko, ez dago inolako murriztapenik. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak izendatzen ditu, eta askatasun osoa du horretarako. Honela dio 176/2007 Dekretuak, 19. artikuluan:

Aztertzekoa den terminologia-arloaren arabera, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak beste aditu batzuk ere izenda ditzake, arlo horretako batzorde-atal bereziko kideei aholku emateko. Izendapenak dena delako lan hori amaitu artean iraungo du.

Alegia, nahi izanez gero, bada aukera Nafarroako administrazioaren teknikariak lantaldeetara biltzeko. Zergatik ez da egin? Ez dakit. Ziur asko, Mikel Tabernak aipatzen zuen erkidego urrun horretarako jaidura faltagatik.

Eta, amaitzeko, beste puntu bat aipatu nahi dut, terminologia zabaltzearekin zerikusia duena. Lanak —onak edo txarrak edo erdipurdikoak— egiten dira, baina ez da horren berri ematen, edo ez behar bezain ozen eta zabal. Ez al da harrigarria Mikel Tabernak 2015ean esatea «bat-batean ohartu gara Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeak Hauteskundeen hiztegia argitaratu zuela 2012an»? Arloko profesionalek berek ez bazuten hiztegi horren berri (eta, zalantzarik gabe, Nafarroako Administrazioko itzultzaileak ez dira lasakak, profesional prestu eta arduratsuak baizik), garbi dago oso jende gutxik dakiela hiztegi hori badela. Ez dakit zein den konponbidea, baina begira zer egiten duten katalanek: beren aldizkari ofizialean argitaratu. Terminoak normalizatzen dituztenean, terminoak berak argitaratzen dituzte aldizkari ofizialean.

Honela diote (gaztelaniazko bertsiotik hartu dut, katalana baino errazago ulertuko dugulakoan):

El uso del catalán en los ámbitos socioeconómico, técnico y científico requiere la elaboración y la difusión de los recursos terminológicos que permiten designar y definir los nuevos conceptos que se ponen en circulación en nuestra sociedad.

El artículo (…)  establece que el Termcat debe difundir periódicamente los términos procedentes de los trabajos de normalización formal que hayan sido aprobados por el Consejo Supervisor (…)

El artículo (…) establece que en el uso del catalán la Administración de la Generalidad debe emplear los términos normalizados por el Centro de Terminología Termcat para designar en esta lengua los conceptos a los que se refieren.

Resuelvo:

—1 Dar publicidad a los términos catalanes aprobados (…) que aparecen en el anexo de la presente Resolución, que se acompañan de las definiciones y de las equivalencias en otras lenguas.

—2 (…) la Administración de la Generalidad debe emplear los términos del anexo para designar en catalán los conceptos a los que se refieren en su documentación técnica y administrativa.

Nik ez dakit hori den biderik egokiena gure kasurako, baina garbi dago orain egiten dena baino zerbait gehiago egin beharko litzatekeela terminologia-lanen berri emateko.

2 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

Sozietate anonimo eta bestelakoen inguruan: laburdurak, siglak eta komak

Alfontso Mujika Etxeberria

Itzultzaile askoren zalantza izan da, eta gaur egun ere zalantza da: zer egin enpresen izenetan gaztelaniaz (edo beste erdaretan) agertzen diren sozietate anonimo, sozietate mugatu, kooperatiba-sozietate / sozietate kooperatibo horien laburtzapenekin (S. A. edo SA…)? Euskaratu ala ez?

ItzuL posta-zerrendan, maiz atera da gaia: 2004an, 2005ean, 2007an, 2010ean eta 2011n. Gauzak oso garbi ez dauden seinale.

Batzuek diote legeak ezartzen duela nola erabili behar den eta, horren ondorioz, horrek behartzen duela euskaraz ezertxo ere ez aldatzera, enpresaren izen ofizialaren parte delako. Eta, horretarako, Espainiako 1989ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretua aipatzen dute, Sozietate Anonimoen Legearen testu bategina, honela baitio 2. artikuluan:

Artículo 2. Denominación.

1. En la denominación de la compañía deberá figurar necesariamente la indicación «Sociedad Anónima» o su abreviatura «S. A.».

Nire ustez, interpretazio legalista hori pixka bat murriztailea da, eta, gaztelanian bertan, zaharkitua dago. Hona hemen zergatik:

RAE Real Academia Españolaren 1999ko Ortografía obran, lehen eranskinean (“Lista de abreviaturas, siglas y símbolos”), hau ageri zen:

S. A. sociedad anónima
S. L. sociedad limitada

Alegia, puntuz idatzita, laburdura dela (eta ez sigla) argi agertzen zela.

Hala ere, 2010eko Ortografía de la lengua española obra berrian, aldatu egin dira gauzak. Honela ageri da orain:

3.2.1 LECTURA

Las abreviaturas son un fenómeno de reducción meramente gráfica, por lo que su lectura corresponde a la realización de la forma plena de la palabra abreviada: Sr. se lee [señór]; cap. se lee [kapítulo], etc. No obstante, hay algunas abreviaturas de expresiones pluriverbales, formadas solo con la inicial de cada palabra abreviada, en las que hoy es más habitual la lectura por deletreo o, si su configuración formal lo permite, como palabras (modos de lectura que corresponden a las siglas; v. § 3.3.2), pese a que en su escritura aún se conserva el punto abreviativo detrás de cada letra. Se trata, entre otros, de casos como S. A., S. L. o R. I. P., que pueden leerse reponiendo la expresión completa abreviada, esto es, sociedad anónima, sociedad limitada, requiescat in pace (expresión latina que significa ‘descanse en paz’), pero que hoy resulta más habitual leer [ése-á], [ése-éle], [rríp]. En estos casos, cuando la lectura por deletreo o como palabra llega a desplazar a la lectura como abreviatura, puede prescindirse de los puntos abreviativos, considerando que esas secuencias, originariamente abreviaturas, han pasado a funcionar ya como siglas: SA, SL, RIP.

Eta “Lista de abreviaturas” eranskinean, beste hainbeste:

S. A. sociedad anónima (…). También SA, como sigla.
S. L. sociedad limitada. También SL, como sigla.

Orain, gatozen euskarara. Laburdura erabiltzeak badu arazo bat: deklinatzea. Laburdurak, ahal dela, hobe ez deklinatzea, puntu bat baitute eta hori estetikoki (estetika tipografikoaz ari naiz) itsusia da: Euskaltel, S. A.ko langileak (Eta, bestetik, nola deklinatu? Alecop, S. Coop.eko langileak ala Alecop, S. Coop.ko langileak?). Horregatik, laburdurak ez deklinatzea eta, deklinatu behar izanez gero, osorik idaztea proposatzen da, adibidez, EIMAren Ortotipografia estilo-liburuan eta Berriaren estilo-liburuan. Siglak, berriz, arazorik gabe deklinatzen dira: nire PCko disko gogorra, BEZaren igoera.

Hala ere, arazo estetikoa baino askoz arazo larriago bat dugu hor: koma. Euskaraz, koma horrek ez du zentzurik, eta sintaktikoki hankaz gora, ulertezin, uzten du izen-sintagma, batez ere deklinatu behar denean:

Gaur, Eusko Jaurlaritza, Euskaltel, S.A.ko langileak eta sindikatuak eztabaidatzen hasi dira.

Izan ere, Euskaltel, S. A. idaztea —komaz, alegia— Txindoki, mendia. edo Ibaizabal, ibaia. idaztearen parekoa da; alegia, gramatikala da, baina esanahi jakin batekin:

Txindoki, mendia. = “Txindoki, mendia esan nahi dut [eta ez Txindoki izena duen gure elkartea].”

Komarik gabe, berriz, aldatu egiten da esanahia:

Txindoki mendia. = “Txindoki izeneko mendia.”

Horrenbestez, has gaitezen hortik:

1- Euskaraz, koma horrek ez du zentzurik. Beraz, ez dezagun idatz. Gainera, RAEk berak esan du gaztelanian bertan ez dela desegokia komarik gabeko erabilera. Begira zer erantzun zuen RAEk 2004an kontsulta egin ziotenean (ItzuLen argitaratua 2004an):

[Begoña Azpiri] Orain dela pare bat aste gai honen inguruan ibili ginenez, horra hor RAEren erantzuna:

Es habitual incluir una coma antes de abreviaturas como S. A. y S. L., considerándolas como una aposición al nombre de la empresa:

Telefónica móviles, S. A.
Industrias Jari, S. L.

No obstante, esta abreviatura puede considerarse también parte integrante del nombre de la empresa, por lo que no sería incorrecto omitir la coma:

Repsol S. A.

Reciba un cordial saludo.

Departamento de Español al día
RAE

Begira koma horrek eragiten duen arazoaren adibide erreal bat, EHAAn argitaratua:

IRAGARKIA, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua, SA (SPRI SA) erakundearena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren Idazkaritza Teknikoari laguntzeko aholkularitza zerbitzua kontratatzeari buruzkoa.

Zer ulertu behar dugu Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua, SA (SPRI SA) erakundearena irakurrita? “Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua” delako sozietatea “SA (SPRI SA) erakundearena” dela, ezta? Baina ez da hori, jakina, erdal moldearen kalkoa baizik (ANUNCIO de la Sociedad para la Promoción y Reconversión Industrial, S.A. (SPRI, S.A.), relativo a…). Ulertuko genuke, bai, baina bigarren irakurraldi bat beharko genuke.

2- Izendapena osorik aipatu behar bada (hau da, zer sozietate-mota den aipatzea beharrezkoa bada; adibidez, itzulpen batean, jatorrizkoan agertzen delako), erabil dezagun sigla, eta ez laburdura, bai absolutiboan, bai absolutibotik kanpo:

Euskaltel SA nabarmen hazi zen iaz.
Telefónica móviles SAren 2015eko aurrekontua.
Maiatzetik aurrera, Industrias Jari SLk ordezkaritza izango du Iruñean.

3- Eta sigla euskaratu dezakegu, ala jatorrizkoa erabili behar da?

Espainiako legeriaren arabera, konpainiaren izendapenean nahitaez agertzekoa da nolako sozietatea den. Beraz, konpainiaren izendapenaren parte da. Horregatik, dokumentu ofizialetan, arazo-iturri izan daiteke sigla (edo laburdura) euskaratzea. Kontuan izan behar dugu, bestalde, Espainiakoak ez diren sozietateen kasuan ere erabiltzen direla siglak edo laburdurak eta ez dela komeni halakoak sistematikoki euskaratzea, ezezagunak eta, horren ondorioz, ulertezinak liratekeelako. Adibidez, zertarako euskaratu Frantziako SARL (société à responsabilité limitée), edo Belgikako SPRL (société privée à responsabilité limitée), edo Herbehereetako BV (besloten vennootschap met beperkte aansprakelijkheid) edo Alemaniako GmbH (Gesellschaft mit beschränkter Haftung) edo Erresuma Batuko Ltd (private company limited by shares) edo Estatu Batuetako Inc. (incorporated) siglak. Beren horretan uztea da zuhurrena eta logikoena.

Kontuan izan behar dugu, gainera, arazoak gerta daitezkeela siglak itzuliz gero. Adibidez, har dezagun Alemaniako Siemens AG enpresa (Aktiengesellschaft hitza laburtzeko erabiltzen da AG sigla; Aktiengesellschaft hitza sozietate anonimo terminoaren baliokidea da Alemanian): Siemens AG da gaztelaniaz, eta ez *Siemens SA. Izan ere, Espainian bada Siemens SA izeneko enpresa bat (ofizialki, osorik: Siemens, S. A. España), Alemaniako nagusiaren mende dagoena. Alemaniakoa aipatzeko SA erabiltzea nahasgarria litzateke.

4- Orduan, zertarako behar ditugu euskarazko siglak?

Aurreko puntuan esan badut enpresen izenetan zuhurrena dela jatorrizkoa uztea, ez da esparru handirik gelditzen euskal sigletarako (enpresen izenaren ondoren erabiltzeko kasuaz bakarrik ari naiz). Euskal enpresek erabil lezakete beren euskarazko komunikazioetarako, edo euskaraz erregistratzeko.

5- Eta kooperatibak?

2010ean argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak Laburtzapenen hiztegia, eta Euskaltermen ere kontsultatu daiteke. Bada hiztegi horren barne-sailkapenean zerbait harrigarria: sozietate anonimo (SA), sozietate mugatu (SM) eta komanditazko sozietate (KS) terminoak “laburdura arrunten” sailean sailkatu dira (laburduratzat hartuak, eta ez siglatzat, nahiz eta, harrigarriro, punturik gabe idatzi); Kooperatiba Sozietate (Koop. S.), berriz, beste sail batean ageri da, “merkataritzako laburduren” sailean. Eta bada are harrigarriagorik: sozietate anonimo, sozietate mugatu eta komanditazko sozietate letra xehez agertzen dira, normala den bezala, baina Kooperatiba Sozietate terminoaren bi hitzak letra larriz hasita agertzen dira, eta ez kooperatiba(-)sozietate, behar lukeen moduan. Bestalde, eztabaidatzekoa litzateke zer komeni den: kooperatiba-sozietate edo sozietate kooperatibo. Biak gramatikalki zuzenak izanik, nik, aukeran, sozietate kooperatibo nahiago (Euskaltzaindiaren hiztegia: kooperatibo izond. Kooperatibari dagokiona. Guyanako Errepublika Kooperatiboa. Enpresa kooperatiboak.), “anonimo” eta “mugatu” izenondoekin batera, sigla S letrarekin has dadin, baina tira (Googlen bilatuta, ikusten da sozietate kooperatiboa terminoa ez dela orain asmatua; askotan erabili da euskaraz).

Beste kontu bat da sigla erabili nahi izanez gero zer egin. Garbi dago Laburtzapenen hiztegiak proposatzen duen Koop. S. laburdura dela eta gaztelaniazko S. Coop. laburduraren kalkoa dela. Halaber dago garbi Koop. S. laburdura ezin dela sigla bihurtu S. A. laburduratik SA sigla ateratzen den bezala (KOOPS!!!). Nire iritziz, sigla erabiltzera, SK (sozietate kooperatiboa) edo KS (kooperatiba-sozietatea) dira aukera bakarrak.

Amaitzeko, adibide erreal bat, EHAAren 2012ko martxoaren 9ko zenbakian agertua:

IRAGARKIA, Ipar Kutxa Rural Kredituko Koop. S.ren Ohiko Batzar Nagusirako deialdiari dagokiona. / ANUNCIO de la convocatoria de Asamblea General Ordinaria de Ipar Kutxa Rural, S. Coop. de crédito.

Koop. S.ren erabili da euskarazko bertsioan. Izendapen ofiziala euskaratu egin da, nahiz eta izen ofiziala gaztelaniazkoa izan. Hemengo enpresa izanda, ulergarria da. Baina laburdura erabili da, ez sigla, eta deklinatu egin da, estilo-liburuek adierazten dutenari kasurik egin gabe. Nire ustez, hobe litzateke laburdura ez erabiltzea:

Ipar Kutxa Rural kredituko kooperatiba-sozietatearen [edo sozietate kooperatibaren])

edo sigla erabiltzea:

Ipar Kutxa Rural kredituko KSaren (baldin eta jotzen bada S. Coop. de crédito ez dela izenaren parte, hau da, KSaren deklinatuta, PCaren deklinatzen dugun bezala. Gaztelaniaz, adibidez, letra xehez agertu da crédito EHHAren testuan; horren arabera, pentsa daiteke ez dela izenaren parte) edo:

Ipar Kutxa Rural Kredituko KSren (baldin eta jotzen bada izenaren parte dela, hau da, KSren deklinatuta, EHUren deklinatzen dugun bezala).

Postdata: honaino iritsi bazara eta itzultzaile ez bazara, ez duzu meritu makala.

3 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean