Artxiboa gaika: Aitor Blanco

Poesia itzultzeaz (eta III)

Aitor Blanco Leoz

Joan den hileko sarreran ikusi genuen poesia neurtua euskaratzeko biderik erabiliena forma lehenesten duen itzulbidea izan ohi dela, eta, itzulpen metriko deritzon horri dagokionez, hiru azpikategoria bereiz daitezkeela: metaforismo erritmikoa (jatorrizkoarekiko independentea den metroa), forma analogikoa (kulturalki baliokidea den metroa) eta forma mimetikoa (prosodikoki berdintsua den metroa). Hiru itzulpen mota horiek ezaugarri metriko jakin batzuk dituzte ardatz, eta horiek errespetatzea izaten da forman oinarritutako poesia-itzulpen baten lehentasuna, jatorrizkoaren edukiari eustearekin batera.

Gauzak horrela, betiko galdera datorkigu burura: zer dugu galtzeko eta zer irabazteko poesia neurtua euskaratzean? Munduko ikerketa akademikoek subjektibotasun handiko gaia dela erakutsi duten arren, argi dago itzultzaile batzuek –neurri handiagoan ala txikiagoan– formaren eta edukiaren uztarketa txukun eta orekatua lortu dutela beren lanetan. Itzulpen horiek gai dira –eta hala egiaztatu dugu aurreko sarreraren batean–, mezuaz gain, jatorrizko poemaren efektua edo funtzio berezia erreproduzitzeko, eta ezin daiteke uka itzulpenok, edukiaren aldetik jatorrizkoarekiko zintzoak izanez gero, mezua transmititzearekin batera prosazko itzulpenek eragiten ez duten sentsazio bat eragiten dutela irakurlearengan.

Alabaina, formaren baldintza metriko horiek itsututa agian, beste batzuek bigarren maila batean uzten dituzte xede-testuaren beste ezaugarri batzuk, eta esan genezake jokabide horrek urritasunak eragin ditzakeela xede-hizkuntzako poema berriaren zenbait testu-alderdiri dagokionez. Edukia aipatu dugu, baina horrekin batera erraza da testuaren joskerari, sintaxiari, ulergarritasunari eta abarri dagozkien gabeziak antzematea.

Ikus dezagun pare bat adibide:

1Lehenengo adibide horren kasuan, egia da Miranderen itzulpenean edukia zaintzeko saiakera handia hauteman daitekeela. Arazoa, baina, formarekin tematu izatetik dator, 8 eta 4 silabako bertso-lerroak motz geratu baitzaizkio jatorrizko poemaren edukia bere osotasunean erreproduzitzeko. Gainera, Keatsen poemak silaba bakarreko hitz ugari ditu –lehenengo ahapaldian, adibidez, 23tik 18– eta horrek are zailagoa egiten du euskaraz edukiari fidel mantentzea neurri-mugak ezarri badira. Oro har jatorrizko testuaren ideiak jaso ditu Mirandek, baina, azaldutako neurri-mugak direla-eta, ezin izan du Keatsen hizkera poetiko txukun eta landua modu berean erreproduzitu. Horrek nolabaiteko trinkotasuna eman dio xede-testuari, eta alde horretatik zertxobait urruntzen da jatorrizko poemaren mezuak eta efektuak betetzen duten funtziotik.

Antzeko arazoa antzeman dezakegu Juan Garziaren poesia-itzulpen honetan:

2Juan Garziak itzulitako Shakespeareren 154 sonetoen artean, nabarmentzekoa da poema jakin horretan ageri den fenomenoa, itzultzaileak gainerako sonetoetan erabilitako egiturari jarraitzearen ondorioz gertatutakoa. Ikus daitekeenez, jatorrizko poemako hamar bertso-lerro «And» lokailuarekin hasten dira. Ingelesez lokailuok oin erdi hartzen dute –proportzionalki, euskarazko silaba erdi inguru, itzultzaileak 5 oin euskaratzeko 11 silaba darabiltzala kontuan hartuta–, baina euskaraz bi silaba behar ditu beti «Eta» horiei eutsi ahal izateko. Gainera, aipatu beharra dago bere hautuak mugatu egiten duela Garzia, laneko 154 soneto horietan guztietan bertso-lerro bakoitzeko 11 silaba baliatzea eta laburtzapenik ez eta sinalefarik ez erabiltzea erabaki baitu. Hortaz, lerro bakoitzean 9 silaba geratu zaizkio ingelesez 4 oin eta erdian aipatzen dena erreproduzitzeko. Muga horren emaitza argia da itzulpenaren edukiari erreparatzen badiogu, beste sonetoen itzulpenetako trinkotasuna gabezia bilakatu baita soneto horretan: itzultzaileak ez du tokirik izan jatorrizko poemaren ideia guztiak adierazteko, lexikoaren zati garrantzitsu bat xede-testuan baliokiderik ez izateak adierazten duen moduan, eta hala ere itzulpenaren adierazpideak bortxatuegia izaten amaitu du, esaterako lehen bertso-lerroan hauteman daitekeenez, lokailuz hasitako beste lerro gehienez gain. Kasu horretan, forma lehenesteko erabakia ulergaiztasuna eragitera iritsi da, eta horrelakoetan garrantzia irabazten dute edukia/forma dikotomiaren eztabaidan edukia lehenestearen alde egiten dutenen argudioek.

Adibide horiek aztertuta, ondorio moduan esan daiteke zaila dela poema baten itzulpenean errespetatu beharreko alderdi guztiei eustea, eta, lortzekotan, are zailagoa dela guztiak egokiro uztartzea. Ados gaude poesia-itzulpen on bat horiek guztiak harmoniaz biltzea erdiesten duen lana dela, forma eta, ondorioz, erritmo jakin bat errespetatuz eta jatorrizko testuaren edukiari modu ulergarrian eutsiz, baina egia da itzultzaile guztiek ez dutela «itzulpen oso» izenda ditzakegun horiek egitea lortzen. Itzulpen osoa lortzekotan, baina, helburu komunikatiboa (ia-ia) erabat beteko da xede-hizkuntzan: mezua edo edukia euskal hartzailearengana iritsiko da –bere osotasunean, itzultzailearen lana ona bada–, eta horrela irakurleak mezua ulertzeko eta haren efektu estetikoaz gozatzeko aukera edukiko du. Hala, poemak jatorrizko hizkuntzan duen efektu paretsua sortzera irits daiteke xede-hizkuntzan, eta hori da poesia-itzultzaileak lor dezakeen helbururik altuena.

Edonola ere, gurean –egia esan, poesia-itzulpenaren diziplinan, oro har–, ez da erraza poemaren alderdien uztarketa bikaina lortu eta egoera komunikatiboa gauzatu ahal izatea. Ikusi dugun moduan, zenbait elementu gal daitezke bidetik eta horietako bat galtze hutsak edo hari uko egite hutsak xede-hizkuntzako poemari kalte egin diezaioke, edukia galduz, joskera naturala ilunduz, erritmoa edo errima urratuz nahiz ulergarritasuna murriztuz, esaterako. Baliteke galera horren ostean lortutako poesia-itzulpena onargarria izatea, baina inoiz ez da jatorrizko poemaren helburu komunikatiboa bere osotasunean betetzera iritsiko.

 

Iruzkin bat utzi

Aitor Blanco atalean

Poesia itzultzeaz (II)

Aitor Blanco Leoz

Aurreko sarreran aipatu nuen euskal poesia-itzultzaileek bi modutara jokatu ohi dutela poesia neurtua euskaratzeko orduan. Batzuek edukiari ematen diote lehentasuna eta estilo-baliabideak –bereziki neurria eta hoskidetasuna– alde batera uzten dituzte; besteek, berriz, forma lehenesten dute eta edukia alderdi formal horien baldintzapean erreproduzitzen dute, neurri handiagoan ala txikiagoan.

Gaurkoan, baina, bi itzulbide horietako batean sakondu nahiko nuke, hain zuzen gurean zabalduen dagoen eta zeresan gehien ematen duen horretan: forma lehenesten duen itzulbidean.

Horretarako, errepara diezaiogun lehenik eta behin Antonio Pamies irakasleak poesia neurtuaren itzulpenari dagokionez proposatutako sailkapenari[1]:

  • Hitz lauzko itzulpena
  • Bertso aske bidezko itzulpena
  • Itzulpen metrikoa
    • Metaforismo erritmikoa (jatorrizkoarekiko independentea den metroa)
    • Forma analogikoa (kulturalki baliokidea den metroa)
    • Forma mimetikoa (prosodikoki berdintsua den metroa)

Pamiesen iritziz, hitz lauzko eta bertso aske bidezko itzulpenek kategoria homogeneoak osatzen dituzte, baina forma lehenesten duten poesia-itzulpenak, hots, itzulpen metrikoak, hiru motatakoak izan daitezke. Azpikategoria horietan kontuan hartutakoa itzultzaileak xede-testurako hautatutako formaren izaera eta jatorria dira; izan ere, itzulpenak jatorrizko poemaren eskema metriko berdina jarrai dezake, edo ahapaldi mota horrek jatorrizko kulturan daukan rol berdineko ahapaldi baliokidea bila dezake, edo, betiere, jatorrizkoarekin inolako zerikusirik ez duen forma metriko berria har dezake. Adibide moduan, ikus dezagun jarraian Gabriel Arestik itzulitako pare bat poema:

aitor1

Forma mimetikoko itzulpenaren adibide argia dugu lehenengo hori. Arestik jatorrizko poemaren neurriari eusteari eman dio lehentasuna, eskema metriko berdintsua erabilita –edonola ere, frantseseko sizain coué ahapaldiak ez du silaba kopuru zehatza eskatzen–, eta, aldi berean, edukia oso ongi zaintzea lortu du, zailtasun handikoa bada ere frantsesezko ahapaldiko 22 silabaren edukia euskarazko 26tan ematea, trinkoegia suertatu gabe.

Modu horretan, itzultzaileak jatorrizko kulturan existitzen den forma metriko bat ekartzen du gurera, jatorrizko poesia-sistemaren eta poemaren beraren kutsuari eutsita. Esan daiteke prosodikoki berdintsua den metro baten aurrean gaudela –euskararen prosodiari eta haren mugei buruzko teoria batzuk proposatu diren arren–, baina, gorago esan bezala, bada ere kulturalki baliokidea den metroa erabilita itzultzeko aukera. Hona hemen Arestiren beste adibide bat:

aitor2

Kasu horretan euskal literatur tradizioko neurri-moldeetan oinarritutako itzulpen baten aurrean gaude. Jatorrizko poema cuarteta bidez antolatuta egon arren, Arestik forma analogikoarekin lan egitea erabaki du eta lauko ertaina erabili du espainiar tradizioko ahapaldi horren ordainetan. Oraingoan ere jatorrizkoaren edukiari zintzo eutsita, XV. mendeko gaztelerazko herri-poesian ohikoa izan zen forma horren euskal baliokide kulturala izan zitekeena darabil itzulpenean, eta garaiko hizkera eta grafia imitatzearekin batera efektu analogiko interesgarria lortu duela esan daiteke.

Beraz, eta amaitzeko, ikusi dugu euskal poesia-itzulpengintzan bietara erabili direla itzulpen-forma mimetikoa eta analogikoa. Nahiz eta bataren eta bestearen ekarpena bestelakoa izan, biek ala biek dute helburu xede-testuaren forma itzulpenaren ardatz bilakatzea, betiere edukiari uko egin gabe, eta euskal itzultzaileen jardunak erakutsi digu hori dela gure itzulpengintzan maizen antzematen den jokabidea.

____________

[1] PAMIES, Antonio, 1990, “Métrica y traducción de textos poéticos”, in Margit Raders eta Juan Conesa (arg.), III Encuentros Complutenses en torno a la Traducción, Madril: Editorial Complutense, 197-202.

 

Iruzkin bat utzi

Aitor Blanco atalean

Poesia itzultzeaz (I)

Aitor Blanco Leoz

Askotan aipatu izan da poesia dela itzulpengintzak aurki dezakeen erronkarik zailena, eta testu mota itzulgaitzik badago, hura dela guztietan itzulgaitzena. Iritzi hori areagotu egiten da poesia neurtuaren kasuan, izan ere, ukaezina da metroari eta/edo errimari eusteak erabat baldintzatzen duela poema baten itzulpena.

Alabaina, itzultzaileen jardunak betidanik erakutsi digu badirela poesia-itzulpena posibletzat jotzen dutenak, eta gurean asko dira historian zehar poesia euskaratzeari heldu dioten itzultzaileak, Lazarragaren sasi-itzulpenetatik hasita gaur egun arte, jatorrizko hizkuntza edozein delarik ere.

Haietako gutxi batzuek hitz lau edo prosazko itzulpenetara jo izan dute, Bedita Larrakoetxea kasu –Shakespeareren itzulpen horiek xede berezi batekin egin baziren ere–, baina gehien-gehienek poema gisa antolatutako testua baliatu dute jatorrizko poema baten euskarazko ordaina emateko. Itzulbide horri buruz idatzi dutenek, halaber, desadostasun nabaria agertu dute poesia neurtua bertsotan itzultzearen inguruan, eta eztabaida dikotomiko dezente topa dezakegu jarraitu beharreko ildoari dagokionez: xede-testuak neurriduna ala neurrigabea izan behar du? Errimari eutsi behar zaio ala ez? Edukiari ala formari eman behar zaio lehentasuna?

Gauzak horrela, bi hautabide nagusi antzeman ditzakegu poesia neurtua itzultzeko orduan, eta adibide gisa bi itzultzaile garaikideren lan bana ekarri nahi dut jarraian:

Alde batetik, zenbait itzultzailek jatorrizko poemaren edukia hitzez hitz erreproduzitzea erabaki dutela aurki dezakegu, bertso-lerro bidezko egituraketari eutsita baina euskarazko poeman neurria eta errima kontuan hartu gabe. Jokabide hori antzeman daiteke, esaterako, Gerardo Markuletak eginiko poesia-itzulpenetan:

Sonetoa

Ikus daitekeenez, Markuletak sonetoaren itxura estetikoa errespetatzen badu ere, jatorrizko poemaren edukia erreproduzitzeari ematen dio garrantzia, alde batera utzita ahapaldiaren errima gurutzatuak eta, batez ere, hamaika silabako bertso-lerroak. Edukiaren aldeko lehentasun horrek ez dio itzulpenari inolako muga formalik ezartzen, eta esan daiteke edukia bera dela itzultzailearen lana markatzen duen baldintza bakarra.

Bestalde, itzultzaileen beste sektore batek, jatorrizko poemaren edukiari garrantzizko deritzon arren –azken batean, hura izan behar baitute abiapuntu–, poesiaren alderdi estetikoa ezinbestekotzat jotzen du, eta estetika horrek itzulpenean funtzio garrantzitsua bete behar duela defendatzen du. Hala, testu berriaren metroari eta/edo hoskidetasunari lehentasuna ematen diote zenbaitek, Xabi Payá bertsolari eta itzultzaileak adibidez:

Decima

Itzulpen horretan argi ikusten da jatorrizko poemaren egitura –hots, neurria eta errima– gordetzea izan dela Payáren lehentasuna: ahapaldi berdina –décima– darabil xede-testuan, eta horrek jatorrizkoaren efektu estetiko berdina lortzea bilatzeko balio dio. Edukiari dagokionez, esan beharra dago Payák neurri handi batean lortzen duela jatorrizko poemaren edukiari eustea eta, hortaz, zentzu hertsian itzulpen-lana egin duela, eta ez jatorrizko poema baten antzeko sorkuntza berri bat –batzuk arrisku horretan erortzen dira–. Edonola ere, argi dago formak baldintzatu egin duela euskarazko itzulpena, eta itzultzaileak prosazko itzulpen batek eginaraziko ez lizkioken hautuak egin dituela neurriari eta errimari eutsi ahal izateko.

Ondorio moduan, esan daiteke poesia neurtua itzultzeko bi bide nagusi argi eta garbi bereiz daitezkeela. Edukia eta forma lehenesten duten bi itzulbide horiek aldeko eta aurkako argudioak izan ditzakete, baina ezin daiteke esan bata zilegi denik eta bestea ez denik. Gustatu bai, gehiago ala gutxiago gusta dakioke irakurleari, baina hori bakoitzaren iritziaren araberakoa izango da, poesia –eta itzulpena– ulertzeko eta sentitzeko moduaren araberakoa.

Iruzkin bat utzi

Aitor Blanco atalean