Vade retro, -ero

Iratxe Goikoetxea Langarika

Esana da euskaraz ez dagoela genero gramatikalik. Hau da, hitzek eta atzizkiek ez dutela forma bat femeninorako eta beste bat maskulinorako. Eta mendebaldeko euskaldunon erabilera bestelakoa bada ere (Ad: txotxolo/txotxola; txarrito/txarrita; temoso/temosa; koplero/koplera…), hartakotzat dugu batuko irizpidea.

Harritzekoa da, beraz, Hiztegi Batuan sarrera hau egotea: parrandera izond. Heg. Herr. ‘(emakumezko) parrandazalea’. Ez da berria, 2001ean onartu baitzen, baina horrek eman dit gaurko hizpidea.

Latineko -arius atzizkiaren ondorengoa da gaztelaniako -ero/-era (-ario eta euskarazko -ari bezala), eta adiera bitako hitzak sortzeko erabiltzen da nagusiki: batetik, gauza izenak eratzeko (costurero, mosquitera, jardinera…), eta bestetik, zerbaitetan diharduena izendatzeko (ogibidea: panadera, mamporrero…; kalifikazioa: friolero, sandunguera…).

Euskaraz, maileguen bidez sartu da gehienbat: txiskero, kulero, kafetera; torero, dultzainero Baina euskal erroaren gainean eratutako hitzak ere badira: litxarrero, kuxkuxero, txorroskilero, zurrutero.

Bederatzi berbok Hiztegi Batuan jasota daude. Dena dela, berrogeita hamar ere ez dira orain arte bahea pasatutako –ero/-era atzizkidun hitzak. Gauza izenak alde batera utzita, osterantzeko gehienak sasoi bateko lanbide izenak dira (borrero, filibustero, danbolintero), eta bada kalifikatzaileren bat edo beste (enbustero, saltsero).

Izan ere, erdarakada gordintzat edo jota, maileguzko hitza baztertu izan da askotan euskal erroko hitzen mesedetan: bonberosuhiltzaile; ganadero abeltzain. Beste batzuetan, -ariri edo beste euskal atzizki bati eman zaio lehentasuna: albaitero albaitari; bentero → bentari, bentazain.

Inoiz edo behin, -ari eta -ero, atzizki biak onartu dira, konnotazio ezberdina emanda: politikari vs politikero [peioratiboa]; zalapartari vs zalapartero [Heg. Beh. ‘(gizonezko) zalapartaria’]. Kasu honetan zehaztu egin da hitza maskulinoa dela, baina ez da jaso femeninoko formarik. Ezta gainerako kalifikatiboetan ere.

Esan bezala, Hiztegi Batuan bildutako gehienak lanbideari lotutako berbak dira: alero (ala motako txaluparekin dabilena), botilero, borrero, gaitero, haxero, jornalero, juntero, kaminero, kanpero, poltsero, tokero, trapero, txorroskilero... Eta ogibideotako gehienak, tradizioz, gizonenak izan dira. Baina ez denak: Hiztegi Batuak onartutako enplastero eta kartero-ekin batera enplasterak eta karterak ere izan dira. Baita batelerak ere.

Zer gertatu da emakumeen ogibide tradizionalekin? Sardinera, partera, eskabetxera, martxantera, bendejera… Gaitzesteko ere ez dira ageri Hiztegi Batuan[i], nahiz eta batzuek aparteko adierazkortasuna izan eta kalifikatzaile modura ere erabiltzen diren oraindik ere: sardinera (emakume zaratatsua eta lotsabakoa); martxantera (neska bizia, sorgina).

Itaun banaka bat sortu dit gai honek: Neutrotzat ala maskulinotzat hartu behar da –ero forma euskara batuan? Eta zer dela eta zaio halako ezinikusia? Neutrotasuna gordetzearren, ala ekialdeko eta mendebaldeko hizkeren arteko bereizketa ez handitzearren?

Hiztegi Batuak baino zabalago jokatu du Elhuyarrek, eta “ausartu” da gaurko euskaldunon lexikoaren parte diren txikitero, bakero, rockero eta halakoak jasotzera. Dena dela, anekdotikoa bada ere, deigarri egin zait falkoneria onartu eta horretan dabilena aipatzeko izenik ez jaso izana. Falkonero tokatuko litzatekeelako, beharbada[ii]?

Euskara ez dago baliabideak harrika botatzeko, eta kalifikatzaileak sortzeko baliabide emankorra da orain ere –ero.

______________

[i] Oker ez banago, bakarra jaso da: kantinera iz. Heg.: alardeetako eta danborradetako kantinera.

[ii] Martin Rezola blogkideak idatzitako artikulu interesgarrian eskuratu zizkigun esteka ederretan, Louis Dassancek eta Jean Elizaldek hiztegietan jaso gabeko beste izen bat aipatzen dute, polit askoa: mirotzai (mirotzez artha zaukan muthila).

 

2 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

2 responses to “Vade retro, -ero

  1. errekardera

    Oso interesgarria artikulua! Donostia aldean, emakumezkoen beste ofizio bat “errekardera” da, baserritarrei berdura erosten diena, gero azokan saltzeko. Askotan bera ere baserritarra izaten da, baina postua daukana, “bitartekari” moduko bat. “Errekardero” ez dut inoiz entzun, “errekardera” askotan.

    • Erramun Guerricagoitia

      Nic uste ze hori -errekardera- hemen gure inguruan esaten dugula errecadistea zeina gazteleraz den recadista, errecaduac entregatzen zituena. Nic ezagutu nituen Munitibarren (Donata eta beste) baina gaurregun ez dago guehiago holacoric.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s