Moltsoak eta hitzak astintzeko

Estitxu Irisarri Egia

Gaur bi amonaren ahotik irtendako bi hitz ekarri nahi ditut lerrootara. Izan ere, haiek ere izan dira eta badira gure hezkuntzaren eta hizkuntzaren hezitzaile eta irakasle. Aipatu nahi ditudan bi hitz horien existentziaren berri bizitzako garai desberdinetan izan dut, baina hausnartu ostean, nire lexikoko harribitxi egin nahi ditut.

Nire garunean betiko hitza da moltsoa. Markina-Xemeingo Larruskain auzoko jatorria duen amonak horrela deitzen dio ura eroritakoan lehortzeko erabiltzen dugun trapu edo baietari, eta horrela deitzen diogu etxeko besteok ere. Hala ere, unibertsitate garaiko asteburu pasa batean konturatu nintzen hori ez zela horrela beste etxe askotan. Bazkariko garbiketako kide nuen mutilari pasau moltsua, mesedez esan nionean, aurpegi arraroarekin begiratu eta zer esan dozu? Zer da moltsua? erantzun zidan.

Hura ere euskalfilotarra[1] zen, baina hitz berria zen harentzat. Azalpena eman nionean, gustatu egin zitzaion, multzo eta moltsu arteko loturaz ohartu baitzen eta ondorioz, baita ni neu ere. Hasiera batean agian trapu-multzoa izan zena, laburduraz eta metatesiz, moltsua bilakatu da gurean. Gerora ez diot beste inori entzun, nahiz eta Hiztegi Batuan honelaxe jasota dagoen: moltso iz. Bizk. ‘multzo nahasia’. Aitortu behar dut niri neuri baieta edo trapu (hori gure glosarioan hautsa garbitzeko edo platerak eta eskuak lehortzeko baita) baino egokiago zaidala. Ahal dudan bitartean eta ahal dudan testuinguruan, txokokeriari eutsiko diot.

Estitxu1Bestalde, hitzari tiraka, ezin aipatu gabe utzi Orotariko Euskal Hiztegiak dakarren adiera hau:

(G-bet ap. A; vEys (G), Lh). “Parties sexuelles de la femme” vEys. “Palabra que denota lo pudendo femenino” A. “(Lf), vulve” Lh. Cf. Humb in RIEV 1923, 230: “Molsua (V-ger), miembro viril” (v. nota de Arzdi, que dice que hay error de sexo).

Hain zuzen ere, blogeko kide den Iratxe Goikoetxea Langarikak bere garaian Erabili.eus-en esan zuen bezala, hizkera kolokialean edo lagunarteko hizkeran aluaren sinonimoetako bat dugu, guztiz erabilgarria noizbehinka aluari atseden apur bat eman nahi badiogu.

Bigarren hitza, bestalde, orain dela gutxiko aurkikuntza da. Lagun on batekin berbetan nenbilen, hirugarren bati opari bat egiteko asmotan, eta gizon-koxkor bat erosikoyou? bota zidan. Haren ahotik ezin zitekeen gizakien salerosketari buruzko ezer izan, baina batzuetan pentsaera bihurritu egiten zaigula eta, zelakua? galdetu nion ustezko jolasari jarraituz. Ba barrun haziyek dazkena pentsatze nun nik. Hortxe jarri zen goraka dantzan nire ezkerreko bekaina eta ezinbesteko galdera egin behar: zer da gizon-koxkorra? Poltsatxo termikoak omen dira, uhin-labean berotu eta ohean beroa ematen diguten horietakoak. Gizon-koxkor, eta hortik abiatuta sor litezke nahi bada, emakume-koxkor (norberaren preferentzia sexualak kontuan izanik) edo gizaki-koxkor orokorra. Gustatu zitzaidan asmakuntza. Ez dakit Bidania-Goiatz aldeko amona horren kontua den edo hedatuago den zerbait, baina niri poltsa termikoa baino familiartekoagoa eta lagunartekoagoa iruditu zait. Beraz, berrerabilpenak duen garrantziaz ohartuta, astin ditzagun oihalak eta baita gure amonen hitzak ere!

Estitxu2___________

[1] Euskalfilotar: Euskal Filologia ikasten ari denari edo ikasi duenari deitzeko erabilia.

 

3 Iruzkin

Estitxu Irisarri atalean

3 responses to “Moltsoak eta hitzak astintzeko

  1. Jasone

    Gure amak nire alabari “Ai, gure moltsotxue” esaten eutson, txikia zanean.

  2. Iñaki

    Zehatz begiratuta, OEHk ez du zuk aipatzen duzun “moltso” ‘trapu” hori “moltso” ‘alu’-rekin lotzen, ezpada “multzo”-rekin, ondotik zehaztapen hauek emateko. Ematen du “txokokeria” ez dela hain txokokeri:

    3. moltso (V; -ls- Lar, Añ), moltzo (V-gip), multsu (B), multxu (B). Ref.: A (moltso, multxu); Urkia EEs 1930, 10; Iz ArOñ (moltzo); Izeta BHizt (multsu); Elexp Berg (moltso). “Pegujón de lana o pelos, molsoa” Lar y Añ. “Estropajo, toda clase de revoltijo” A. “Moltzo, platerak garbitzeko espartzaz egindako moltzoa” Urkia EEs 1930, 10. “Multsuekin garbi zazu” Izeta BHizt. “Moltsuakin sukalde guztia pasau neban” Elexp Berg. v. ilemultzo. Tr. Documentado en autores vizcaínos y guipuzcoanos. La única forma documentada es mol(t)so. Petri molso (1366). Arzam 344. Xagi banadi itxiko deustat moltsuarekin aoa. Acto 144. Olio santua ta mullo molso batzuek artu, ta argi batekin orazio deboziozko bat esango dizu. Cb Eg III 238. –Zelan batiatu leitez moltso baten irudian urten daruenak? CrIc 129. Amulu edo kirru goruban biribilduba ijezten edo iruten [dabee] moltsoti ari meia egiteko. Mg PAb 126. Lanbasa: oial zar zatiakaz egindako moltsoa, egur baten buruan ultzez josita. Ag Kr 78n. Labeoia garbitzeko ipizkia (isatsa edo moltsoa). Ag G 15. Atzean pozua ta aurrean moltsoa (V-m). “Detrás pozo y delante estropajo”. A EY III 387. Aga baten puntan lotuta jartzen dan erropa zarrezko moltsua. And AUzta 136n. Artille-moltso oiek. Gand Elorri 12. Ene, bixar moltsua / erre yaka atsuari! “El bigote”. Laux AB 64.

  3. Estitxu

    Jasone, eskerrik asko horren berri ematearren!

    Iñaki, arrazoi osoa duzu, OEHn “moltso” hitza bilatuz gero, lehenengo adiera da nik testurako hautatu dudana, eta bigarrena zuk ekarri duzuna, eta bi adierak ez dira lotzen forma aldetik ez bada.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s