Kontronimoak

Garikoitz Knörr

Duela hilabete inguru, Xabier Mendigurenek (@xme64) honako txio hau bota zuen:

Handik pare bat astera, berriz, beste hau txiokatu zuen:

Itxuraz elkarrekiko loturarik ez duten tweet horiek, harrigarria dirudien arren, fenomeno berbera dute oinarri[1]: kontronimia (edo antagonimia, edo autoantonimia, edo…). Alegia, hitz bat bere antonimoa izatea, edo, bestela esan, hitz batek elkarren kontrakoak diren bi esanahi izatea.

Ingelesez, asko dira halako hitzez aritzeko erabiltzen diren terminoak, hala nola antagonyms, contronyms/contranyms, auto-antonyms/autantonyms, Janus words, enantiodromes, antilogies edo addad (arabierazko didd ‘aurkako, kontrako’ hitzaren plurala). Fenomenoari berari, berriz, enantiosemy, enantionymy edo antilogy esaten zaio, besteak beste.

Euskaraz, nik dakidanez behintzat, ez da honi buruzko azterketa sakonik egin. Beste hizkuntza batzuetan, aldiz, badirudi aspalditik izan dela azterketagai, Erdi Aroaz geroztik behintzat bai. Arabieraz, adibidez, ikerketa moderno batzuek hogei bat kasu baino zerrendatzen ez dituzten arren, filologo tradizionalek laurehundik gora adibide biltzen omen dituzte, artikulu honen arabera.

Gatozen orain adibideetara. Orotariko Euskal Hiztegian hau ageri zaigu izugarri sarreran: «Terrible[2], que infunde pavor; horrible, terriblemente desagradable, feo, etc.; asombroso, enorme, increíble, impresionante». Horrekin lotura handia du ingelesezko awfuli buruzko anekdota ezagun batek: Ingalaterrako Karlos II.ak katedral eraiki berri bat ikusi, eta «amusing, awful and artificial»tzat deskribatu omen zuen. Gaur egun deigarria gertatzen da berez laudoriozkoa zen esaldi hura; izan ere, awful izenondoak esanahi —batik bat— negatiboa du orain ingelesez (hirugarren adieran, ‘txundigarri’ ere badakar Morris Hiztegiak, Lit. oharrarekin), baina garai hartan zentzu positiboa zuen, edo izan ohi bide zuen; gaur egun awesome hitzak betetzen du funtzio hori.

Euskarara itzuliz, berriro ere Orotariko Euskal Hiztegian begiratuta, saretu sarrerak ongi erakusten du kontronimo batez ari garela:

saretu […]

  1. “Abrirse o deshilarse el paño, de tal modo que sea difícil el zurcir” […] “Gastarse y agujerearse una ropa. […] volverse transparente una tela por desgaste” […] “Izara orrek ziero saretuta dare eta botatzia onena” […]
  2. […] Zurcir. “Repriser, rentraire (linge, vêtements)” […] galtzerdi saretzen ari zen. […]

Bestalde, sareturi buruzko txioa irakurri, eta berehala etorri zitzaidan burura lumatu aditza, ‘lumaz estaltzea’ zein ‘lumak kentzea’ adieraz baitezake. Horra beste kontronimo bat, beraz:

lumatu […]

  1. Emplumecer, cubrirse de plumas. […] “Gazte helduak eta xori lumatu denak hegaldatzea maite” […] “Vestirse de plumas la nidada” […] Egaztirik txikienak bere ego biak osorik ta ondo lumaturik baditu. […] Zu oraindik lumatu gabeko txorikume, kabitik irten gabia zera. […] Xoriñoak lumaturik ohantzearen uztera doazi. […] Siñestearen azkurriz Elizaren kabian lumatuz egalak egiten bazitzazkien. […] Narru gorrian dagoan txoria, artean lumatu bakoa. […] Txantxangorria ondo lumatu zanean, esan nion osabari laster alde egingo zuala. […]
  2. […] Desplumar. Ill, lumatu ta gardostu ezkero ollaarra. […] Beriala lumatzea ollaskoak. […] Ollagorra lumatu, eta tripak atera gabe, ipintzen da burruntzian.

Hala ere, ohar bedi ezen lumatuk, ‘lumaz estali’ adieraziko badu, iragangaitza izan behar duela («txoria lumatu da»), eta alderantziz: iragankorra denean, ‘lumak kendu’ esan nahi du («oiloa lumatu du»). Eta orobat gertatzen da sareturekin.

Agur ere kontronimotzat jo litekeela esango nuke, ‘kaixo’ eta ‘adio’ esanahiak biltzen baititu. Eta, agurtu aurretik, irakurle, hona galdera bat: hemen aipatu ditudan lau horiez gain (saretu, izugarri, lumatu, agur), ezagutzen duzu edo bururatzen zaizu euskarazko beste kontronimorik?

____________

[1]      Gainera, bizpahiru blogetan ikusi dut gaia azken bi hilabetean-edo, eta horregatik ere deitu zidaten atentzioa Mendigurenen bi txioek.

[2]      Neronek ere sartu nuen, gaztelaniaz, «terrible» faltsu bat elkarrizketa honetan, 00:14:30 minutuan: http://www.eitb.eus/es/radio/radio-vitoria/programas/aventureros/audios/detalle/3780766/impresiones-vitoriano-jordania–radio-vitoria/

17 Iruzkin

Garikoitz Knörr atalean

17 responses to “Kontronimoak

  1. Martin Rezola

    Niri “aiher izan”, “aiherkundea” hitzekin gertatu izan zait. Ikasitakoak dira, noski, eta beti nabil zalantzatan.

  2. Asier Larrinaga Larrazabal

    Nik aspaldi aztertu nituen halako fenomenoak eta antzekoak blog honetan bertan. Hemen, hain zuzen.

  3. Joxemari Sarasua

    “Etsi” dela eta, Mitxelenak hau zioen:
    “Jakina da “etsi” eta “etsipen-”-ekin oso xelebrekeria xelebrea gertatzen dela euskaraz; gaztelaniazko elkarren etsai amorratu diren “resignación” eta “desesperaciónk”-ek adina adierazten duela berak bakarrik”.
    Baina ez dakit horrek zuk aipatu “kontronimia” horrekin duen zer ikusirik, edo hizkuntza bakoitzak bere duen eremu lexikalen banaketa propioarekin.

  4. garret

    Samur: “haserre” vs “bigun, amultsu”.
    Lazki: “zakarki” vs “ederki”.

  5. Pruden Gartzia

    Uste dut ez dela fenomeno bera, baina ildo horretatik doa: beti arreta deitu izan dit “sorgin” hitzaren erabilerak:

    a) Printzipioz sexu markarik ez badu ere, gaur egun emakumeekin baino ez da erabiltzen (zergatik?).

    b) Era berean, adin batetik gorako emakume batekin erabilita, oso esanahi gaitzesgarria du, baina neskatilatxo edo neska gazteei aplikatuta, berriz, oso goxoa edo, gutxienez, maitagarria. Esango nuke banaketa hori, oro har, bat datorrela gaztelaniazko “bruja/encantadora” bikotearekin, ñabardurak ñabardura.

  6. Julen Manterola

    Euskaltzaindiaren Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikotik, bi adibide:
    1) Hitz beraren aldaeratzat hartzen dira bertan garbal ‘soil’ eta kalpar ‘txima, adats’. Modu bat baino gehiago dago hau azaltzeko, baina hauxe izan daiteke bat: bien adiera itxuraz kontrajarrien arteko lotura da zerbaiten gainaldeari egiten zaiola erreferentzia (mendi bati, pertsona baten buruari), ez hainbeste gainalde hori nolakoa den. Gainalde hori soila izan daiteke, mendien kasuan adibidez, edo, pertsonei begiratzen badiegu, buru gainean kalparra egon ohi da. Gero adiera banatan espezializatuko ziren bi aldaerak.
    2) Murri ‘urri’ (cf. murritz), haren jatorriari begira, urru ‘ugari, modu trinkoan’-rekin lot daiteke. Erromantze jatorrikotzat jotzen ditugu, ‘pila, mordo’ esanahia duen hitz batetik. Azken buruan, zerbait trinkotzen dugunean, metatu eta pilatzen dugunean, espazio ttiki batean zerbait hori ugaritzen dugu; era berean, zerbait trinkotzen dugunean, txikitu, urritu egiten dugu. Erromantzezko hitzak berak baditu bai ‘urritu, txikitu’ bai ‘asko’ esanahi duten eratorriak.

    Zerrenda luzatu daiteke. Beti egin zait deigarria jantzi/erantzi bikotea: berez, erantzi-k jantzi-ren kausatibo itxura du, eta ‘jantziarazi’ edo behar luke, ez ‘arropa kendu’.
    Etab.

  7. xaretu

    Niri, aukeran, gehiago interesatzen zait “saretu” aditzaren bilakaerak. Orotariko hiztegian, ondo diozunez, gastarse, agujerearse du esanahia, baina gaur egun gure artean gero eta gehiago ikusten dugu “sare gisa antolatuta jardun” esanahiarekin. “Gipuzkoa saretzen” ere irakurria diogu erakunderen bati…(juxtu kontra esaten ari zela batere konturatu gabe) Berriz ere, gaztelerazko “actuar en red” horri, euskal ordain bat eman nahian, eta “sukaldatu” ditxosozkoarekin pasa den bezalatsu…En fin

  8. Asier

    Egoskor.

    Uste dut egosgogor idatzi izan dela adiera baterako, baina gaur egun egoskor maizago.

    Izan liteke kontronimoa?

    • Pruden Gartzia

      “Egoskor” irakurrita beste hitz bat etorri zait burura, hori ere bitxia: “geldigorra”. Garai batean nire inguruan oso arrunta zen entzutea “ume hori oso geldigorra da”, adibidez.

      Nik umetan ikasi nuen esanahia eta euskaldun arrunt batek berehala aurkituko ziokeen (sasi)etimologia guztiz aurkakoak dira. Badaezpada OEHn begiratu dut hau idatzi aurretik, beraz, begiratu zuek ere (edo ez, agian oso hitz ezaguna eta erabilia da, nahiz eta nik neuk sekulan ez dudan entzun Gipuzkoako herri zehatz batetik kanpo). OEHko esanahia neuk umetan ikasitako hura da.

      • Asier

        OEHn begiratu gabe ari nintzen, baina han bi adierak daude jasota, ez?

  9. Iñaki Uritz

    Altxatu hitza.
    Orokorrean “jaso”, “goititu” erran nahi du. Baina Nafarroako hainbat bazterretan “gorde”, “ezkutatu” da. Horrela erabiltzen da Baztanen, Bortzirietan, Ultzaman… Sakana aldean ez hainbertze, baina badago horren lekukotasunik.
    Orotarikoak ere zentzu horretan jasotzen du. Eta badirudi Nafarroako gaztelanian ere “alzar” aditza “guardar” adierazteko erabili izan dela.
    Beraz, “eskuak altxatu” entzutean giputz-bizkaitarrek goitira eramanen dituzte eta nafarrok poltsikoan sartuko ditugu.

    • poliki

      “Poliki” hitzarekin gertatzen da gauza beretsua. “Gaur poliki jokatu du Baskoniak”. Poliki=motel ala poliki=ederki
      “Txukun” hitzak ere baditu bi zentzu kontrajarri, baita “polit” hitzak ere. “Txukuna jarri zara!”, “polita jarri zen”, esaldi horiek berez espero dugunaren kontrakoa esaten ari dira.
      Tankerako esaldi bat ere badute Bortzirietan. Zonalde horietan, “itxusi” hitzak zentzu handitzailea ere badu, eta era honetako esaldiak entzun litezke, adibidez, pertsona bat oso polita dela esateko: “itxusi polita” esaten dute.

      • Mikel Taberna

        Gorka, “itsusi” beharrean ez ote da “itsuski” Bortzirietan zuk diozun hori? Nik hala erranen nuke, nire beharriek han aditu dutenarengatik… eta Orotarikoan ere hala aipatzen delakoz (ez Bortzirietan bakarrik):
        2. (H). Terriblemente, enormemente. “Itsuski hazkarra da, il est énormement fort” H. Zuñen itxuski mündia herratzen den. “Graviter”. Mst III 20, 5. Ostikoka itsuski joiten. Arb Igand 85. Etsorta bat eman zeiek, gizona, itsuski ederra. HU Aurp 163. Etsorta bat eman zeiek, gizona, itsuski ederra. Eskual 10-1-1908, 2. Ithurria itsuski laket dute. JE Bur 35. Bikhe guzia eskueri itsuski lothurik. Barb Sup 31. Bero ari zuen itsuski. Ib. 62. Begiak itsuski esten ditioztela. FIr 192. Itsuski kolpatu zen. Zerb IxtS 77. Haurrak itsuski maite zituen. Etchebarne 140. v. tbn. Jnn SBi 108.

        “Itsuski ederra”; “izugarri ederra” diogun bezalaxe (hor ere “izugarri” + “eder”).

  10. Edorta Amurua

    Nire harridurarako, solaslagunekin ari nintzela, “koska” hitzaren esanahia azaltzeko eskatu zidaten, eta ohartu nintzen hitz horrek aldi berean barrualdera egindako ebakia (berez laua den inguruan falta den zatia) eta aldi berean kanpokaldera agertzen den irtengunea (berez laua den inguruan sobera den zatia) adierazten zuela, beraz kontronimo bat dela esanen nuke.

  11. Mikel Taberna

    Barka, Gorka! Nire aitzineko mezuan zure izena aipatu dut, baina uste dut ez zirela zureak nik aipatzen nituenak, “Poliki” sinatu duenarenak baizik.

    • poliki

      Bai, aurrekoan Gorkaren mezuari erantzun nion deskuidatuta, baina berez orokorrean bota nahi nuen komentarioa. “Itsusi” eta “itsuski”-ri buruz seguru arrazoi daukazuela.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s