Artxiboak hilabeteka: apirila 2016

KO aurrizki berria

Maite Imaz Leunda

Orain dela urte batzuk copago neologismoa sortu zen, gizarte-zerbitzu baten ordainketa partekatua, bezeroaren eta administrazioaren artean egin beharreko ordainketa, adierazteko. 2007ko urrian galdetu ziguten, DUDANET kontsulta-zerbitzuaren bitartez, copago (copayment ingelesez) euskaraz nola eman. Gaztelaniaz pago compartido ere asko erabiltzen zen orduan, eta segur aski horren eraginez, euskaraz ordainketa partekatua ikusten eta entzuten genuen, kopago maileguarekin batera. Horixe izan zen gure proposamena: ordainketa partekatua. Ez ginen ausartu euskaraz ko aurrizkia erabiltzera. Bazen berrordainketa proposatzen zuenik ere, baina hori esanahian jauzi handi samarra egitea zela iruditu zitzaigun, eta beste neologismo baterako, repagar terminoaren ordain gisa, egokiagoa zela iritzi genion. Fundéuk ondo sortutako neologismotzat jo zituen copago eta repago 2012ko maiatzaren 9an; baita copagar aditza ere.

Gure proposamenak, ordea, ez zuen arrakastarik izan, gaur egun komunikabideetan nagusitzen den forma, eta Euskaltermen jasota dagoena, koordainketa da eta.

copago

Geroztik ere izan ditugu co– aurrizkiarekin lotutako kontsulta gehiago:

2012an codesarrollo nola eman galdetu ziguten; Sami Naïr politologo eta filosofo  frantziarrak 1997an sortutako kontzeptua da (codéveloppement frantsesez eta codevelopment ingelesez): migratzaileak beren jatorriko herrialdeen garapenerako proiektuetan inplikatzen direnean sortzen den lankidetza-mota adierazten du. Horretarako, elkargarapena proposatu genuen. Google-en galdetuta, agerraldi batzuk baditu, baina kogarapen ere ikusten da.

2014an cofinanciar eta cofinanciación (cofinancing edo part-financing ingelesez) nola eman galdetu ziguten eta finantzaketa partekatua proposatu genuen, baina kofinantzatu asko erabiltzen da.

2015ean co-construcción emateko ko-eraikitze emateari ondo irizten ote genion galdetu ziguten, baina guk, co-construcción, construcción colectiva-ren aldaera bat zela ikusita, eraikuntza kolektibo proposatu genuen. Hezkuntzaren lotutako kontzeptua da: helburu kognitiboak partekatzea esan nahi du; informazioa metatzea baino gehiago, informazioa parte hartzaile guztien artean lantzea, birformulatzea eta eraikitzea.

Inguruko hizkuntzetako ko aurrizkia mailegatu eta sarbidea eman behar ote diogu euskaraz? Laburragoa eta normalean hitz bakarreko ordain sortzaile izatearen abantaila badu behintzat. Garai batean oso modu hala-moduzkoan sortutako hezkidetzaren lekua ere hartu du, koedukazio terminoak, baterako hezkuntzarekin batera.

coeducación

2 Iruzkin

Maite Imaz atalean

Kaleko istorioak

Juan Luis Zabala

(Leonard Cohenen beste kantu baten hitzak)

Kaleko istorioak

Kaleko istorioak nireak dira,
espainiar ahotsak barrezka daude.
Cadillac autoak arrastaka jaisten dira
gauean eta gas toxikoan zehar.
Nik aukeratutako hotel zahar honetan,
nire leiho-hegian nago.
Bai, esku bat nire buru-hiltzean
eta beste bat arrosaren gainean.

Badakit amaiera gertu dagoela diotela
eta ziurtzat jo daitekeela gerra hastea.
Hiriak erditik puskatuta daude
eta bitartekariak joanak dira.
Baina utzidazue galdetzen berriro,
oi, hautseko umeok,
oihuka ari diren ehiztari horiek guztiek
guretzat hitz egiten dute?

Eta nora doaz autobide horiek guztiak,
orain, libre garenean?
Zergatik desfilatzen dute oraindik ere
niregana hurbildu behar zuten armadek?
Oi, zango ederreko dama,
oi, bolanteari eusten dion atzerritarra,
zuen oinazean harrapatuta zaudete
eta zuen plazerak zigilua dira.

Desiraren aroa jaiotzen ari da
baina bi gurasoek maitagarrien ipuinak
kontatzeko eskatzen diote erizainari
beiraren bi aldeetatik.
Orain haurra bere lokarriarekin
jaso dute kometa bat balitz bezala,
begi bat proiektuz betea
eta bestea gauez.

Oi, zatoz nirekin, ene txikia
eta landetxe hura aurkituko dugu,
eta belarra eta sagarrondoak haziko
animalia guztiak epelean izan daitezen.
Eta ausaz gau batez esnatu eta
eta galdetzen badut nor naizen,
oi, eraman nazazu hiltegira.
Han izango naiz zain bildotsarekin.

Esku bat hexagrama batean
eta esku bat neska batengan,
aldaroka nabil gizon guztiek mundu
deitzen dioten desioen putzu batean.
Hain gara txikiak izarren artean,
hain handiak zeruaren kontra.
Eta metroko jendetzaren artean galduta,
zure begirada harrapatzen saiatzen naiz.

* * *

Stories of the street

The stories of the street are mine,
the Spanish voices laugh.
The Cadillacs go creeping down
through the night and the poison gas.
I lean from my window sill
in this old hotel I chose.
Yes, one hand on my suicide
and one hand on the rose.

I know you’ve heard it’s over now
and war must surely come.
The cities they are broke in half
and the middle men are gone.
But let me ask you one more time,
O children of the dust,
these hunters who are shrieking now,
do they speak for us?

And where do all these highways go,
now that we are free?
Why are the armies marching still
that were coming home to me?
O lady with your legs so fine,
O stranger at your wheel,
You are locked into your suffering
and your pleasures are the seal.

The age of lust is giving birth
but both the parents ask
the nurse to tell them fairy tales
on both sides of the glass.
Now the infant with his cord
is hauled in like a kite,
and one eye filled with blueprints,
one eye filled with night.

O come with me my little one
and we will find that farm,
and grow us grass and apples there
to keep all the animals warm.
And if by chance I wake at night
and I ask you who I am,
O take me to the slaughter house.
I will wait there with the lamb.

With one hand on a hexagram
and one hand on a girl,
I balance on a wishing well
that all men call the world.
We are so small between stars,
so large against the sky.
And lost among the subway crowds
I tray to catch you eye.

Iruzkin bat utzi

31 eskutik atalean

Arafaten eta Nerudaren zera

Iratxe Goikoetxea Langarika

Honako idaztea ez da erraza: artikuluaren ernamuina aukeratu eta gero, garatu egin behar da, hitzetaratu eta egituratu. Eta azkenik, blogeratu, ahal dela izenburua amutzat erabilita.

Blogeratu eta hitzetaratu berbak, hitzegietan jasota egon ez arren, guztiz ulergarriak eta arruntak ere egingo zaizkizue ziurrenik, eratorpen bide normaletik sortuta daude eta.

Aditzgintzarako oparotasuna gure hizkuntzaren ezaugarrietako bat. Esana da edozein izen edo adjektibo hartuta aditza sor dezakegula. Normalean, izen edo adjektibo horren ezaugarriak ematen dira aditzaren bidez: otsotu, astakirtendu, marroitu, enbortu, plastikotu

Mugimendu aditzak sortzeko, berriz, lekutzat har daitekeen edozein izeni NORA adlatiboa erantsi diezaiokegu eta harako mugimendua adierazten duen aditz bat eratu: kotxeratu, elurretaratu, zuganatu, tontorreratu, bularreratu, Hawaiiratu… Horrela sortutako aditz batzuek, erabileraren erabileraz edo premia lexikologikoengatik, lekua hartu dute hiztegietan: auzitaratu, ilargiratu, botilaratu, eskolaratu, pantailaratu, hilobiratu… Auzi, botila, hilobi edo dena delakoetara joan edo eraman.

Itxuraz, horrela eratu da nire artikuluko ernamuina ere: deshobiratu.

Aditz sortu berria da (2001ean du lehen agerraldia Egungo Testuen Corpusean), eta, adlatiboaren artizkia ez ezik, des- aurrizkia ere badu. Aurrizki horrek beste aditz baten kontrako ekintza adierazten du, buelta emateko ekintza: hidratatu/deshidratatu, armatu/desarmatu, jabetu/desjabetu

Ondo lotzen ote dira, ordea, des- eta -ra- aditz berean? Deshobiratu kenduta, adibide parea baino ez dut topatu elementu biokin: desbideratu eta deserriratu. Kasu biotan, baina, badira desbide eta deserri izenak, eta pentsa liteke izenon gainean eraiki direla aditzak.

Dena dela, deshobiratu-ren kasuan, ez dakit deshobi-rik ez dagoelako ala zergatik, baina deserosotu egiten nau. Hiztegietan ere ez du onarpenik oraingoz, nahiz eta deshobiratze gero eta gehiago erabiltzen den erdaretako exhumation/exhumación-en pare. Izan ere, hiztegi gehienetan aditz lokuzio berberak ematen dira exhumar-en eta desenterrar-en ordainetan: «lurpetik / hilobitik atera». Hor bada beste aukera bat, bazterrean gelditu dena: desehortzi[1]. 5000 hiztegiak bakarrik dauka jasota, eta desenterrar-erako soilik.

Hiztegien hautuak erakusten duenez, «lurpetik / hilobitik atera», «hilobia ireki» eta halakoak esapiderik berezkoenak eta arruntenak dira euskaraz. Baina termino zehatzagoa (edo errespetuzkoagoa[2]) behar da batzuetan, honelakoak esateko: «No podemos continuar con las exhumaciones por falta de fondos», «Detrás de las exhumaciones no hay ánimo de revancha», «L’exhumation des rois», «The Stories Behind 5 Famous Exhumations».

Halakoetan zer egin? Deshobiratze deserosoari bide egin? Desehorzketa esangaitza bultzatu? Nire erabakia, exhumazio nazioarteko kultura hitza erabili.

_____________

[1] Xabier Amurizak 1974an argitaratutako zerrenda honetan ageri da, baina bertako euskal erroko beste aditz askorekin gertatu den bezala, ez du aurrerabide handirik egin.

[2] Errespetuzkoa da adibidez lur eman (erritual batzuei jarraituz egindako ekintza adierazten du), eta errespetubakoa lurperatu.

Iruzkin bat utzi

Iratxe Goikoetxea atalean

Quandoque bonus dormitat Homerus II

Xabier Olarra

Aurrekoan Lino Novás eta Agurea eta itsasoan hark egindako irristada bat nuen hizpide, eta oraingoan Ulysses gaztelaniara itzultzearekin bere osperik handiena lortu zuen itzultzaile bat ekarriko dut gogora, José María Valverde, eta haren Ulisesko irristada pare bat.

Gogoan dut Maria Garikanok Hotsa eta ardaila (The Sound and the Fury, William Faulkner) argitara eman zuenean esan zuela akats nabarmenak aurkitu zituela gaztelaniazko itzulpenean, eta horrek ulertezin eta zentzurik gabe bihurtzen zituela hainbat pasarte. Han Benji pertsonaiaren diskurtsoaren imitazioak (pertsona atzeratua) pasarte horien zentzugabetasuna oharkabean pasatzea errazten zuen, eta itzulpen-konparaketa sakon batek bakarrik jar zezakeen hori agerian.

Ulisesen edo Hotsa eta ardailaren irakurketaren zailtasunak noiz edo noiz itzultzailearen lan pattal edo aldrebesari egotzi izan zaizkio (Borgesek edo Gabriel García Márquezek Ulisesen gaztelaniarako lehenbiziko itzulpena, José Salas Subiratena, ederki larrutu zuten –«mala» edo «muy mala» zela esanez zakarrontzira botaz–, nahiz eta itzulpen hura, ni bezalako zenbaiti gaztetan eztarrian trabatu zitzaiguna, oraindik ere gaur egun argitaratzen den, batez ere Atlantikoaz haraindian), baina obra horien berezko zailtasunari eman izan zaie gehienetan irakurgaiztasunaren errua. Ez naiz hasiko besterik gabe itzultzaileen lanaren alde, baina lasai esango dut hain txarra omen zen itzulpen haren ondoren gaur hizpide izango dudan –eta hainbatek hainbeste famatu izan duten– J. M. Valverderenarekin ere berdintsu trabatu nintzela, irakurle helduxeagoa nintzen garaian bigarren aldiz heldu nionean irlandarraren maisulanari. Ez dut honekin esan nahi zailtasunak, funtsean, itzulpen horietako akatsen edo irristaden ondorio direnik, baizik eta, batzuetan, lortutako fama edo fama txarra ez dagoela beti erabat justifikatua.

Aurreko artikuluan irakur daitekeenez, Guillermo Cabrera Infanteren pertsonaietako batek Tres tristes tigresen esaten zuen Agurea eta Itsasoaren lehenbiziko orrialdean hiru akats nabarmen aurkitu zituela. Hala ere, esan beharra dago pasarte horretan bi pertsonaia agertzen direla eta bien arteko elkarrizketan batak oso aintzat hartzen duela Lino Novás itzultzailea, eta besteak, berriz, oso txartzat daukala. Idazlearen beraren iritziaz gehixeago jakin nahi duenak hona jo dezake:  http://www.trans.uma.es/pdf/Trans_5/t5_207-215_SJillLevine.pdf

Gaur J. M. Valverderen itzulpeneko adibide bat aipatuko dut –irristada bat–, nahiz eta beharbada ez den oso dotorea bere buruaren defentsan argudiorik eman ez dezakeenari horrelako eztenkadak ematea. Baina, itzulpen horrek defendatzaileak eurrez dituenez, agian aterako zaio baten bat alde.

Erdi txantxetan Twitterren Ulisesen zatiak ematen hasi nintzenean, jatorrizkoa neure kabuz itzuli ondoren J. M. Valverderen bertsioarekin konparatzen nuen, nire desbiderapenak zenbatekoak ziren ikusteko, eta haren arabera hasi nintzen nirea «txukuntzen», hark zituen defendatzaileen jarraitzaile ez itsu baina bai betoker samar bihurturik. Oraindik ez nuen aldamenean hurrengo urteetan bilduko nuen metro eta erdi zabaleko bibliografia lagungarria –Ulysses Annotated, eta frantsesezko bi bertsioak, Francisco García Tortosa eta María Teresa Venegas-Lagüensen gaztelaniazkoa (aurrekoak baino fidagarriagoa nire ustez), katalanezkoa, alemanezko biak, italierazkoa, galegozkoa eta besteren bat–. Esan behar dut, itzulpenean aurrera egin ahala, nire hasierako jarrera fidakorra laster samar bihurtu zela eszeptikoxeagoa, eta hurrengo hilabeteetan neure buruaz bezain gutxi fidatzen hasi nintzela maisuaz. Hona zergatik.

Ulyssesen lehenbiziko orrialdean honako esaldi hau aurkitzen dugu:

–For this, O dearly beloved, is the genuine christine: (James Joyce 1922)

–Porque esto, oh amados carísimos, es lo genuinamente cristino. (J. M. Valverde, 1976)
–Porque esto, oh amados míos, es el verdadero Cristo (José Salas Subirat, 1946)
–Porque esto, oh amadísimos, es la verdadera cristina: (García Tortosa Venegas-Lagüens, 1999)

–Denn dies, geliebte Gemeinde, ist das wahre Eucharistilin: (Georg Goyert, 1927)
–Denn dies, o geliebte Gemeinde, ist der wahre eucharistische Jakob: (Hans Wollschläger, 1975)

–Car ceci, ô mes bien-aimés, est la fine-fine Eucharistie: (Auguste Morel et alii, 1929)
–Car ceci, ô mes bienaimés, est l’authentique Christine (Jacques Aubert et alii, 1999)

–Perché questo, o miei diletti, è il genuino cristino: (Giulio de Angelis, 1960)
–Poiché questa, o miei dilettissimi, è genuina e cristina sostanza… (Gianni Celati, 2013)

–Porque isto, ó amadisimos fillos, é a verdadeira cristina: (Eva almazán et alii, 2013)
–Hau, ene maite bihotzekook, bene-benetako kristina da-ta: (X. Olarra, 2015)

Non dago koska? Ba, «christine» harrigarri horretan, jakina. Espero zena –eta egoerak berez zekarrena– «christian» izan zatekeen, baina Joycek «christine» idatzi zuen, eta hiztegietara jotzen badugu, Christine azalduko zaigu ordaintzat, baina izen berezi gisa, ez, ordea, bestelako adierarik. Gainera, «christine» letra xehez idatzi izanak ere ez du asko laguntzen.

Zer egin zuten hasierako itzultzaile gehienek? «Ad sensum» itzulpen bat, logikaren araberakoa, edo saihesbideren bat bilatu. Baina berriki itzuli dugunok, Don Gifforden Ulysses Annotateden ageri den oharrari jarraituz, episodio osoan meza santuaren parodia disimulatu bat dagoela onartuta, kontuan harturik Meza beltzetako elementuetako bat aldaretzat emakume baten gorputza erabiltzea zela, interpretazio horren araberako ordaina eman dugu. Eta horregatik itzuli dugu nola edo hala «gorputz bihurtzen zen ogia» emakume batena zela –Kristina kasu honetan, Kristoren emakumezkoa–, eta pasarte horretan zehar-adierazpen hori dagoela nabarmendu dugu nola edo hala. Interpretazio hori egokia izan daitekeela egiaztatzeko aski genuke Googlen «misa negra» bilaketaren emaitzei begirada bat ematea.

messes noires

mn2

Zer gertatu zitzaion J. M. Valverderi? Berak itzulpen hori egiten zuen garaian bereizi ohi zen gaztelaniaz –Espainiako Real Academiaren hiztegian agertu ez arren–, esate baterako, «marxista» eta «marxiano» (bata jarraitzaileei buruzko adjektiboa zen eta bestea sortzaileari buruzkoa). Ingelesezko hiztegian, berriz, onartzen da «marxian» eta «marxist». Badirudi Valverdek «christine» horrekin topo egin zuenean «cristiano» (jarraitzailea) eta «cristino» (sortzaileari berari zegokion adjektiboa) bereizi nahi izan zituela, ohartu gabe «cristino» bazegoela dagoeneko gaztelaniazko hiztegian, eta, garai batean historiako eskoletan ikasi behar izan genuenez, hitz horrek hau adierazten duela, R. A. E. dioenez:

cristino 1. adj. Partidario de Isabel II, bajo la regencia de su madre María Cristina de Borbón, contra el pretendiente don Carlos.

1984an Hans Walter Gablerrek Ulysses (the corrected text) argitara eman ondoren, Valverdek berak atzera egin zuen bere lehenbiziko irristada hartatik eta «cristiano» paratu zuen 1988 inguruan Lumenek egin zuen argitalpenean. Bertsio zuzenduaren hitzaurrean berean sumatzen zaio ez zuela oso gogotsu hartu zuzenketa lan hori, eta esango nuke axaleko ukitu batzuk baizik ez zizkiola eman. Hori iruditzen zait larriagoa irristada bera baino, aukera hori galdu izana.

Bukatzeko, esan dezadan Francisco García Tortosak (Joyceren obran aditua eta gaztelaniazko hirugarren bertsioaren itzultzaile) María Teresa Venegas Lagüensekin batera egindako itzulpenaren Atarikoan esaten duen bezala: «Joyceren Ulysses itzultzeari aurre egiten dion edonork merezi duen errespetuak gaitzespenezko iritziak ematetik begiratu behar gaitu, eta biak [bere gaztelaniazko itzulpenaren aurreko beste biak, alegia], bakoitza bere modura, Joyceren obraren zabalkunde eta ezagupenerako baliagarriak izan ziren espainolaren lurraldeetan –esan gabe doa gure itzulpenak garbi uzten duela biak hobegarriak direla». (Oharra: ez da plural maiestatikoa, baizik eta itzulpena biren artean egin izanaren aitorpena).

Badut beste adibide bat, baina gaurko «pheredikia» gehitxo luzatu denez, hurrengorako utziko dut bigarrena.

Iruzkin bat utzi

Xabier Olarra atalean

Helduko gara horra ere

Isabel Etxeberria Ramírez

Itzuli beharra bezalakorik ez dago hizkuntzen bereizgarriez jabetzeko. Gure familiako kide elebakarrak eta elebidunak elkarrekin solasean ari direnean (erdaraz, noski), kide elebakarretako batek egin berri duen bidaia edo bisitatu berri duen herri, jatetxe, paraje…. zoragarriren bat aipatuz gero, kide elebidunetako batek han botako du, buruaz baietz eginez, onespena edo mira edo inbidia adieraziz bezala: «¡Ahí también ya llegaremos!» Eta jarraian, beharbada, jiratu eta begi keinu bat egingo dio bidaide izan ohi duen pertsonari, edo ukitu bat egingo dio ukondoaz, jostari, saihetsean, proposamena egiteko.

Berez, ezer txarrik ez du «¡Ahí también ya llegaremos!» horrek. Zuzena da gramatikari dagokionez, eta ulergarria. Eta hala ere, entzuten dudan bakoitzean (behin baino gehiagotan: bidaiazaleak dira, antza, gure familian!), zerbaitek krak egiten dit nire gaztelera-senean. Esaldi hori, komunikazio-egoera horretan, ez zait naturala egiten. Hitz hoberik ez dut, sortzen didan harridura azaltzeko: ez zait naturala iruditzen.

Eta, aztertzen hasita, konturatzen naiz esaldi horren ezegokitasunak zerikusirik ez duela «ha venido la prima y ha dicho…» edo «lo he aprendido de cabeza» edo «te ayudo yo a casa» esaldietan ageri diren gorabeherekin. «Ahí también ya llegaremos» esaldian ez dago kalko morfosintaktikorik (mi prima > lehengusina > la prima), ez kalko lexikalik (buruz > de cabeza), ezta polisemia barruko ordezkapenik ere (lagundu = ayudar/acompañaracompañar > ayudar). Orduan, zein da arazoa?

«Helduko gara horra ere!». Horrelaxe botako luke gure familiako kide elebidunak bere lehen hizkuntzan, euskaraz, ariko balitz. Ziur aski, badira esaldi horren hitzez hitzeko itzulpenean zenbait alderdi hizkuntza bakoitzaren barne-arauei eta erabilera-ohiturei lotuak. Heldu/llegar binomioa, adibidez. Gaztelera natural batean, ir aditza erabiliko genuke, translazioa adierazteko aditz bat erabili nahi izatekotan, eta ez helburua hain markatua duen llegar aditza. Euskarazko gu itzultzean gaztelerazko yo ohikoagoa baztertzeak eta nosotros gordetzeak ere (helduko gara = ya llegaremos > iré, tengo ganas de ir) ez dio naturaltasunari mesede egingo. Eta hala ere…

Nola edo zer erantzungo genioke, gazteleraz, leku zoragarri baten berri ematen ari zaigun norbaiti? Nire buru sortzetik erdaldunean, honelako aukerak bururatzen zaizkit: «¿Ah, sí? ¡Fíjate, qué interesante! ¡Que envidia! Ya tengo ganas de conocer aquello. No, no conozco ese lugar, pero ya me gustaría ir»… Horietakoren bat, edo horietako batzuen nahasketa bat. Hau da, helduko gara horren ordain, tengo ganas de ir, me gustaría ir edo antzekoren bat erabiliko genuke, halakorik esatekotan. Gauzak horrela, ez didazue ukatuko euskal hiztuna ausartagoa, adoretsuagoa, zirt edo zartekoagoa agertzen dela bere erantzuteko moduan. Harentzat, ez nahiko nuke, ez gustatuko litzaidake… Euskalduna, zirt edo zart, helduko da.

Kontua, nire ustez, ez da erdaraz ez genukeela horrela esango, baizik eta erdaraz ez genukeela hori esango. Euskarazko «Helduko gara horra ere» esaldiko lau hitzen atzean ―eta barkatuko ahal didazue gehiegikeria parodikoa― horrelako zerbait ulertzen dut nik: «Guri ere gustatzen zaigu hara eta hona ibiltzea, eta ibili ere ibiltzen gara, ez ezazu pentsa, eta ez, zuk aipatu duzun leku horretara ez gara heldu oraindik, baina aizu, zuri entzunda gogoa sartu zait, ba, eta bizitzak eta osasunak eta diruak hara-hona ibiltzeko aukera ematen diguten bitartean halaxe ibiltzeko asmoa dugunez, izango dugu aukera oraindik ere, eta helduko gara horra ere, ze demonio».

Adibide xume bat baino ez da hau, baina behin baino gehiagotan izan dut inpresioa, euskaldun peto-petoak erdaldunekin hizketan (erdaraz berriro ere, noski) ari direnean, elebakarrak harritu egiten direla elebidunaren zenbait adierazpide entzunda. Ziur aski, nire buru gaur-elebidun-baina-sortzez-elebakarrak aukera eskaintzen didalako bai elebidunaren gazteleraz komunikatzeko zailtasuna bai erdaldunaren harridura ulertzeko (euskaldun berria izateak ere izan behar du, ba, abantailaren bat!). Eta hizkuntzaren barne-arauetatik edo ohiko erabileretatik harago, ezegokitasuna beste zerbaitek sortu duela pentsatu izan dut maiz. Hau da, erdaldunen belarrietan bitxia edo ezegokia edo ulergaitza suertatzen den adierazpide horren gakoa ez datzala soilik gramatika-akatsetan edo erabilera ezegokietan edo lexiko-hautu okerretan. Eta zenbaitetan, zer esaten den, hots, hiztunak egoerari erantzuteko zer hautatzen duen, horrek ere zerikusia duela. Hiztunaren jarrera, nortasuna, mundu ikuskera…? Hitz potoloegiak dira horiek niretzat. Baina izan zerbait badela esango nuke.

Egia esan, Helduko gara horra ere esaldia beste adibide eta gogoeta baterako abiapuntu gisa nahi nuen erabili post honetan: ingelesezko bi hitz, sinpleak, ezagunak eta oso erabiliak. Esanahirik gabeak dira ia, baina era berean arazo handiak sortzen dizkidate niri, asko esan nahi dutela iruditzen baitzait. Oraingoan luzatu naiz, eta hurrengorako utziko dugu. Helduko gara horra ere.

2 Iruzkin

Isabel Etxeberria atalean

Warsan Shireren poema bat

Garazi Ugalde Pikabea

Hizkuntzak ez dio errealitateari iskin egiten, eta ez dugu guk ere halakorik egingo atari honetako lehenengo postean. Bestelako burutazio posibleak ordenagailuko karpetan gerorako utzita, Warsan Shire gaztearen poema bat ekarriko dugu blogera: «Home».

Warsan Shire (1988) Nairobin jaiotako poeta somaliarra da, Londresen hazia, eta egun ere hiri britainiarrean bizi da. Idazle eta aktibista, idatziz lantzen ditu traumaren zirrikituak eta joan-etorrien inguruko istorioak. 2011n eman zuen argitara lehen liburua (Teaching my Mother How to Give Birth, flipped eye publishing, 2011), baina haren poemak han-hemenka aurki ditzakegu aldizkari eta antologietan ere (esaterako: The Salt Book of Younger Poets, Salt, 2011 eta Ten: The New Wave, Bloodaxe, 2014). Dena dela, inon izatekotan, sarean zabaldu dira batik bat Shireren poemak —poema bakoitzaren bertsio bat baino gehiago ere bai zenbaitetan—, bereziki, errefuxiatuen krisia bere gordinean ikusten hasi garenetik. Azken urteotan hainbat sari eskuratu ditu somaliarrak, tartean, African Poetry Prize, eta 2013an hiriko lehenengo poet laureate gazte izendatu zuten. Britainia Handian ez ezik nazioartean ere ibili da poemak irakurtzen, besteak beste, Hego Afrikan, Italian, Alemanian, Kanadan, Ipar Amerikan eta Kenyan.

Badirudi batzuetan hizkuntzak hozka egin nahi izaten diola errealitateari. Halakoxeak behar lukete nazioarteko larrialdi neurriek.

Etxea

inork ez du etxea uzten
etxea marrazo-aho izan ezean
mugarantz egiten duzu korri soilik
hiri osoa ere korrika ikusten duzunean

bizilagunak zu baino azkarrago korrika
eztarrietan odoltsu arnasa
eskolara zurekin joan zen mutila
lata fabrika zaharraren atzean mozolo musu eman zizuna
gorputza baino handiagoko fusila eskuan
etxea uzten duzu soilik
etxeak geratzen uzten ez dizunean

inork ez du etxea uzten etxea jarraika izan ezean
oinpean sua
odol beroa sabelean
inoiz ez zenuen halakorik egiterik pentsatu
erre zizun arte labana-ahoak lepoa
mehatxuz
eta orduan ere himnoari eutsi zenion
ahopean
pasaportea aireportuko komunetan negar-zotinka puskatzeak
paper ahokadaka bakoitzak baino ez zuen argi utzi
ez zenuela atzera egingo

ulertu behar duzu
inork ez dituela seme-alabak ontziratzen
ura lurra baino seguruagoa izan ezean
inork ez ditu esku-ahurrak erretzen
trenen azpialdean
bagoipean
inork ez ditu egunak eta gauak ematen kamioi baten urdailean
egunkariak janez, egindako kilometroak
bidaia baino zerbait gehiago izan ezean
inor ez da hesi azpitik arrastaka igarotzen
inork ez du jipoirik
errukirik nahi

inork ez ditu errefuxiatu-eremuak
edo gorputza minberaturik uzten duten
arroparik gabeko miaketak hautatzen
edo espetxea,
seguruagoa delako espetxea
suzko hiri bat baino
eta espetxe-zaindari bat
gauean
hobe delako zure aitaren eiteko
kamioikada bat gizon baino
inork ezingo luke jasan
inork ezingo luke pairatu
inoren larrua ez litzateke hain sendo

zoazte-etxera
beltzak
errefuxiatuak
immigrante zikinak
asilo-eskatzaileak
gure herrialdea xurgatzen ari zaretenak
eskuak kanpoan dituzten beltzak
usain arraroa dute
basatia
beren herrialdeak hondatu eta orain
geureak hondatu nahi dituzte
nola erortzen ote zaizkizue hitzak
begirada zikinak
bizkarrean behera
akaso kolpea leunagoa delako
gorputz-adar erauzi bat baino

edo samurrago direlako hitzak
zure hankartean
hamalau gizon baino
edo errazagoak irensten
irainak
zaborra baino
hezurrak baino
zure haur gorputz
zatikatua baino.
etxera joan nahi dut,
baina etxea marrazo-ahoa da
etxea arma baten kanoia da
eta inork ez luke etxea utziko
etxeak kostaraino jarraitu ezean
etxeak esan ezean
azkartu hankak
utzi atzean arropak
zoaz arrastaka desertuan
igaro ozeanoak
ito zaitez
salbatu
izan gose
ibili eskean
ahaztu harrotasuna
kontuzkoago zaizu bizirautea

inork ez du etxea uzten etxea belarrian ahots izerditu izan artean
esanez:
zoaz,
zoaz orain nigandik urrun
ez dakit zer bihurtu naizen
baina badakit seguruago zaudela
hemen baino beste inon

Jatorrizkoa interneten: http://www.revistafogal.com/2016/03/15/warsan-shire-dos-poemas/

 

Iruzkin bat utzi

Garazi Ugalde atalean

Izenburuak nahasbide

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Xabier Olarrak literatur lanen izenburuen itzulpenaz hiru artikulu mamitsu oparitu berri dizkigu plaza honetan, itxuraz sinple beharko lukeen gai baten koxka ugariren berri emanez. Artikulu sail horren lehen esaldia nire egin nahiko nuke, aproposa baita –hitz bat kenduz gero– gaurko gaiari heltzeko: «Izenburuaz agertzen denez edozein literatur lan mundura, arreta eta errespetu berezia merezi luke».

Itzultzaileoi aunitzetan gertatzen zaigu erdaraz izanen den ekitaldi, saio edo zernahiri buruzko informazioa euskaratu beharra, eta halakoetan sarri iruditzen zait arazotsu izenburua nola eman. Izenburua besterik gabe euskaratuz gero, maiz egin ohi den bezala, testuaren hartzaileak dena delako ekintza hori euskaraz dela pentsa dezake, ez bazaio nolabait adierazten, parentesi arteko ohar baten bidez-edo, zein hizkuntzatan izanen den saioa. Gaztelaniazko idazlariek, ordea, argi izaten dute nola jokatu eta, euskarazko saioren baten berri gaztelaniaz ematerakoan, beti eransten dute hizkuntzari buruzko informazioa, inor tronpa ez dadin.

Erabileretan dagoen asimetria horrek ongi erakusten digu zein den hemen hizkuntza ustez neutrala eta zein markatua. Halere, horrek arazoak sortzen dituelakoan, erdarazko jardueren izenburuak erdaraz emateko hautua hartua zutela azaldu zidan behin Iruñeko liburu-denda bateko arduradunak. Hautu egokia dela iruditzen zait, edo, bestela, erdarazko edozein ekitaldiren izenburua euskaraz emanez gero, parentesi artean erdara zehaztu beharra legokeela uste dut, interesa dutenek garbi jakin dezaten zein hizkuntzatan burutuko den eta geure buruari oroitarazteko ez dagoela hizkuntza neutralik ez hemen ez inon.

3 Iruzkin

Itziar Diez de Ultzurrun atalean