Literatur lanen izenburuen itzulpenaz (eta III)

Xabier Olarra

Bi izenburu-zerrenda hauek parekatzeko eskatuko baligute, jakinik batean jatorrizko ingelesezko izenburuak daudela, eta bestean frantsesezkoak, iritsiko ginateke, akaso, hiruzpalauren kasuan, zein zeini dagokion asmatzera, nahiz eta itzulpen zuzenekorik apenas dagoen zerrendan. Batzuek badute hitz gakoren bat, soluzio egokia aurkitzen lagunduko ligukeena. Baina bada kasu pare bat, itzulpenean izenburua erabat aldatu (edo ordezkatu) dena. Kasu horietan, asmatzea zoriaren mende legoke, ez itzulpenean aurki daitekeen inolako korrespondentziatan.

Lehenbiziko koadro honetan nahasian jarri ditut, entretenimendu hoberik ez duenak saiatzeko aukera izan dezan.

tit1

Hona hemen behar bezala parekatuta.

tit2

Gallimard etxeko Série Noire sail ospetsuko 1.000. liburuaren atzealdeko zerrendara jo, eta lehenbizikoa hautatu dut: La nuit furtive, M. E. Chaber goitizena erabiltzen zuen idazlearena. Gero, idazle horrexen beste zenbait izenbururekin zer gertatzen den aztertu dut (ez but, beraz, bila eta bila ibili beharrik izan). Hor goian duzue bilduta, bila eta bila ibili gabe, aurkitu dudana.

Jakina da liburu bera askotan argitaratu izan dela bi izenburu desberdinekin, argitaratzen den lekuaren arabera, Ingalaterran izenburu batekin eta Estatu Batuetan beste batekin. Ez dakit zergatik gertatzen den hori. Kasu batzuk ospetsuak dira, eta arrazoituak. Esate baterako,  Agatha Christieren Ten Little Niggers  maisulana And Then There Were None eta Ten Little Indians izenburuekin argitaratu zela Estatu Batuetan. Ikus honi buruz, esate baterako:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Eta_ez_zen_alerik_ere_geratu

Nigger hitzak Estatu Batuetan zuen kutsu iraingarria egon omen zen erabaki horren oinarrian. Ingalaterran onargarria zena ez omen zen hala Estatu Batuetan (1939an gaudela gogoratu behar da). Kontua da orain egile eskubideen jabeek izenburua aldatuta argitaratzea gomendatzen dutela lan hori.

Kasu honetan nigger hitzaren kutsu arrazialak Ingalaterran eta Estatu Batuetan desberdina izateak behartzen duela izenburua aldatuta argitaratzera bai ingelesez (jatorrizkoa) eta bai gainerako hizkuntzetan. Horregatik bihurtu zen euskaraz Koro Navarrok itzulitako Hamar beltx, Txertoa 1990 > Eta ez zen alerik ere geratu, igela, 2005.

Hala ere, esan behar da izenburu hori haur-kanta batetik hartua dela, eta bere testuinguruan ez duela inolako konnotazio arrazistarik. Estatu Batuetan estilo bereko haur-kanta baten izenburua da Ten Little Indians, eta izenburu horixe jatorrizkoaren ordain (edo ordezko) gisa erabiltzeko ez zuten inolako problemarik izan bertako argitaratzaileek. Eta itzulpenari dagokionez, berriz, Frantziako Série Noiren gertatzen denaren juxtu alderantzizkoa gertatzen da: bi kasuetan zuzeneko itzulpena erabili izan da hizkuntza gehienetan. Eta jatorrizkoa aldatu denean, itzulpena ere aldatu egin da.

Goiko koadroan ikus daitekeenez, berriz, izenburu bikoitz horien kasuan, hirutik bitan itzulpena ez dagokio ez batari ez besteari, erabat arbitrarioa dela esan daiteke informazio gehiago izan ezean (beharbada jatorrizkoa edo itzulpena ezagututa ikus liteke justifikazioren bat, baina ez da nire kasua, ez baitut ez egilea ez haren obra bakar bat ere ezagutzen).

Ohikoa da, beraz, Série Noiren agertzen den itzulpen baten izenburua jatorrizko zein libururi dagokion jakin nahi badugu,  entziklopedietara eta obra espezializatuetara jo beharra. Hona hemen bi klasiko:

  • SN, voyage au bout de la Noire : inventaire de 732 auteurs et de leurs œuvres publiés en séries Noire et Blème : suivi d’une filmographie complete. Claude Mesplède et Jean-Jacques Scheleret.
  • Dictionnaire des littératures policières, Claude Mesplède (dir).

Eta hiru saioko jardunaldi honen ondoren, atera ditzadan bizpahiru ondorio:

1.- Izan daiteke arrazoirik izenburua aldatzeko (edo egokitzeko): hizkuntza batetik bestera igarotzean gerta daitezkeen distortsio edo okerbideak.

2.- Halakorik ezean, ez litzateke zilegi itzultzaileak (are gutxiago argitaratzaileak), besterik gabe, izenburua aldatzea, «belarrira hobeto jotzen duelako edo».

3.- Zoritxarrez, badirudi aztertu ditugun kasu askotan «arrazoi komertzialak» nagusitzen direla izenburuak jartzean. Kontua ez da gaurkoa. Ikusi, bestela, Ford Madox Forden The Saddest Story (1939) zergatik bihurtu zen The Good Soldier, liburu horren beraren hitzaurrean (nahiz Historiarik Goibelena itzulpenean, igela, Iruñea, 1999).

Iruzkin 1

Xabier Olarra atalean

One response to “Literatur lanen izenburuen itzulpenaz (eta III)

  1. Pruden Gartzia

    Eskerrik asko hiru artikuluengatik, Xabier, oso interesgarriak iruditu zaizkit.

    Dena den, bitxia egiten zait editore batek horrelako destainaz aipatzea “arrazoi komertzialak”. Izan ere, niri oso arrazoi errespetagarriak iruditzen zaizkit, oro har hartuta, eta balioko balukete euskal liburuen salmenta eta kontsumoa handitzeko, aurrera dudarik gabe.

    Jakina, ez edozein liburu motari aplikatzeko, edo edozein argitaletxetan, apika. Baina literatura beltz komertzialean, adibidez, zergatik ez? Irizpide berdinak balio dute liburu mota guztientzat? Ez dut uste.

    Purismoa gutxitan da ona.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s