Zain ezazu mendia!

Garikoitz Knörr de Santiago

Hitzak itzuli ala ideiak itzuli? Hitzez hitzezko itzulpena (xede-hizkuntza nolabait bortxatuz —aberastuz?— bada ere), ala xede-hizkuntzaren adierazmolde ohiko, betiko, arruntei loturikoa? Nola aurkitu bi joera horien arteko bidea, oreka hori bilatu nahi bada, edo bilatzerik badago behintzat? Izan ere, W. von Humboldtek zera idatzi zion A.W. Schlegeli, 1796ko gutun batean[1]:

Itzultzaile orok, nahitaez, bi oztopo hauetariko batekin huts egingo du: edo hurbilegi egongo da jatorrizkotik, bere herriaren gustuaren eta mintzairaren kaltean, edo estuegi atxikiko die bere herriaren berezko ezaugarriei, itzulgaiaren kaltean. Bien arteko erdibidea aurkitzea, zaila ez ezik, zinez ezinezkoa da.

Karlos del Olmok, Itzulpenera hurbiltzea. Zenbait errezeta (II) artikuluan[2], honela laburbildu zuen San Jeronimoren garaitik itzulpengintzaren teorialariak lanpeturik eduki dituen bidegurutze (eta, batzuetan, gurutze-bide!) hori:

Egile batzuen arabera, ideiak itzuli behar dira, eta ez hitzak. Hitzak itzultzearen aldekoek esaten dute ideiak itzuliz gero, itzulpengintzan errotik kenduko dela berritasun linguistik[o]rako bidea, etengabe joko delako lehendik zeuden esamolde edo egituretara. Bestalde, hitzez hitzeko itzulpena de facto desagertzen dela. Azken argudio gisa, hitzei jaramonik egin ezean, ideiak itxuragabetu eta, beraz, txarto itzul daitezkeela.

Bada, ideiak itzultze horren adibide muturreko bat dakarkizuet gaur hona.

Apodaka

Hona hemen xehetasuna:

ApodakaXehet

Argazkiak gure lehengusu Aritz Estarronak helarazi zizkidan, Apodakatik (Araba). Bertakoei galdetuta, 1980ko hamarkadakoa dela esan zioten, Zigoitiko orduko alkateak —Lapuente alkateak— jarri edo jarrarazia omen.

Gaztelaniaz, hauxe dio, beraz, seinaleak:

PROHIBIDO
PASAR VEHICULOS
HACER FUEGO CON LEÑA

Euskaraz, berriz:

ZAIN EZAZU MENDIA!

Stop. Hizkuntzaren ekonomiaren adibide ederragorik ere! Dena dela, jatorrizko itzulpenak bere xarma duela onartzen badut ere, neuk nola itzuliko nukeen galdetu diot neure buruari. Hona aukera batzuk:

Debekatua dago/Debeku da
Ibilgailuak igarotzea/igaroaraztea
Egurrarekin/egurrez(?) su egitea

Azkenik —batzuk ohartuko zineten honezkero—, seinaleak badu beste bitxikeria bat: «Arabako Foru Aldundia» dio behean, erakundearen euskarazko izena baino ageri ez dela, beraz. Baten bat sutan jarriko luke horrek, egurrik erabili gabe ere!

____________
[1] Hemendik hartua eta neronek itzulia: Wolf, Friedrich (1969). Technik des Übersetzens. English und Deutsch. Eine systematische Anleitung für das Übersetzen ins Englische und ins Deutsche für Unterricht und Selbststudium. München: Max Hueber, 32-33 orr.
[2] Senez 15 (1994).

5 Iruzkin

Garikoitz Knörr atalean

5 responses to “Zain ezazu mendia!

  1. alberto

    Nik elebiz idatzitako kartel bat dakusat, ez itzulpen bat. Eta bide egokia delakoan nago, halako mezu sinpleak helarazteko.

  2. Alberto: lehenik eta behin, mila esker zure iruzkinagatik. Bai, ziurrenik zuzen zaude. Neuk ere gogoan erabili nuen aukera hori, alegia, ez zela itzulpenik egiteko asmoz ere egin, 1980ko hamarkadako Araba hartan euskarazko mezu aski erraz, ez-euskaldunek ere ulertzeko moduko bat txertatzearren baizik. Gaur egun ere ikusten ditugu noski horrelakoak: «Contra la precariedad y los recortes laborales y sociales, y en defensa del empleo. Langileok borrokan!». Baina egia da –edo hala uste dut nik behintzat– gaztelaniazkoak adierazten duen *ideiaren* itzulpen gisa ere funtzionatzen duela nolabait hor euskarazkoak, eta bide horretatik jo nuen goiko lerro horiek idazteko.

  3. Joxemari Sarasua

    HAEE-ko argitarapen ez hain aspaldiko batean, etxeko kontu arruntak euskaraz nola txukun erran, halako zerrenda bat ematen dute, bertzeak bertze, “euskara ikasi berria duten” gurasoak hizkera jator eta naturalaren bide pikoetan gidatzeko. Eta bertan ale hau, ideiak itzultze horren bertze adibide bat:

    “Ez heldu labanari hortik: ¡Coge el cuchillo por el mango!”

    Hau da: “por el mango: hortik”.

    Ezin uka, ez, jatortasunik proposamenari…

    • Onaaaa!! Zeintzuk ziren aukerak, bestela? Ikus dezagun:

      a) Giderretik heldu labanari!
      b) Ez heldu labanari xaflatik!

      Uf! Ez batak ez besteak ez dute (gaur egungo?) hizkera naturalaren testa gainditzen… Giderra? Xafla? Zertarako behar ditugu hitz arraro horiek, aukera «normalagoak» eskura izanik? Esate baterako… ba… zera… «hori», adibidez!

      Bai, egia da goiko adibide horietan euskarazkoa gaztelaniazkoaren baliokidea dela erabat, testuinguru gehienetan behintzat, eta oso irtenbide burutsua iruditzen zait, benetan; baina inori ez zaio itzurtzen (!) gaztelaniazko «¡No cojas el cuchillo por ahí!» ere guztiz arrunta dela. Ondorioa: Gaztelaniak 2, euskarak 1. Eta hori da, askotan, partidaren emaitza.

      • Agustin

        Giderra ez, baina kierra gure euskalkian egunero erabiltzen dugu…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s