H

Iñaki Segurola

Izeiak zazpi urte ditu eta idazten ikasten ari da. Dena muxinduta dabil aspaldi honetan ez duelako ulertzen zergatik idatzi behar duen H letra. Beste letra guztiek zerbait adierazten dute, hots bat «ateratzen» dute, baina H-k ez. Orduan, zertarako idatzi behar da? Ez da berriketa: bere protesta oso benazkoa eta sentitua da.

H zergatik idatzi behar den badakigu guk: halaxe agindua emana dagoelako; zekitenek eta zezaketenek halaxe erabaki zutelako noizbait. Berez, ondo sentipentsatzen jarri ezkero, ez dago arrazoi naturalik euskara ofizialean H letra erabiltzeko; arrazoi kultural edo historikoak bai, egon litezke, baina arrazoi natural baliozkorik ez. Arrazoi naturala diodanean adierazi nahi dut gaurko hiztunaren hizkuntza naturalaren barrutian kabitzen den arrazoi klasea, eta alde horretatik esan beharra dago ia mundu guztiarentzat H letra mutua edo alferrikakoa dela, eta salbuespena direla ipar-ekialdeko zenbait eremutako hiztunak, haien hizkeran hasperena baitago, eta hura H-ren bidez adierazten baita. Eremuz eta hiztun kopuruz ordea, oso gutxiengo urri edo apurra dira hasperendunak, eta horrek ez luke eman behar biderik H bazter orotara zabaltzeko eta are gutxiago Batasunaren izenean. Eta hau dena diogu jakintzat emanik letrak, berez eta jatorriz, hotsen (teknikoki esanda, fonemen) zerbitzurako asmatu zirela eta ez beste ezertarako; kulturmunduan hori aspalditik ahaztutako gauza da ordea, eta idazten hasten diren umeak dira hori gogora dakarkigutenak.

Ez dakienik balego, hasperena deitzen den hori –H letrak adierazten duen edo adierazi behar lukeen hori– noizbait orokorra izan zen euskaraz: oso oso noizbait, hobeki esanda, zeren joan deneko mende luzeetan mugaz iparraldean bakarrik gorde baita hots hori, eta han ere murriztuz joan baita denborarekin. Arrazoi edo desarrazoi kultural edo historiko horiengatik sartu zen H letra Euskara Batuaren ortografian orain mende erditsua, eta hautsak harrotu ziren, eta hautsak ez zirenak ere bai. Iparraldetik Lafittek eman zuen abisua ez holakorik egiteko, H-rik ez sartzeko Batuan, zeren, iparraldean euskarak zekarren atarramentu eskasa ikusirik, bere ustez ez baitzuen merezi holako lanik hartzerik. Baina H-k arrakasta izan zuen, zeren dakienak bai baitaki eta dezakeenak bai baitezake, eta haundia baita gizabanako argituek dakitenengan eta dezaketenengan daukaten fedea. (Bidenabar esanda, ni sinistuta nago H letraren auzia gaur erabakitzekoa balitz, H-rik gabea aterako litzatekeela euskararen alfabetoa.)

1968tik aurrera H-ren kontra zeudenak atzerakoitzat jo zituzten, zeren H-zaleak oso aurrerakoi eta ezkertiarrak baitziren gehienak. Bai: «gaztedi berria» H letrarekin tematu zen; letra mutu batekin itsutu zen, eta ikaragarrizko gauza xelebrea gertatu zen: gazte ustez bihurriak tradizio zaharraren, kultura hilaren eta letra hilagoaren banderadun agertu ziren. Egundo holakorik! Mitxelena eta Villasante bezalako gizon ustez zentzudun batzuen bedeinkapenarekin atera zen aurrera H dontsua, eta orduz geroztik, umeak joan eta umeak etorri, alferrikako lan bat hartu behar izan dugu geure letratxoak historiko-kulturalki edertzen.

Egin dezagun galde: jende gazte eta biziena nolatan har dezake mendean letra hil baten aldeko suak? Esplikazio eske dagoen gauza da hori neretzat, zeren gazte-bizitasuna eta letra hil bat ez baitira aise ezkontzen diren gauzak. Mitxelenaren kontua ere latza da: etorkizunerako euskara batu bat egin behar, eta 800-900 (?) urte lehenagoko –hasperena orokorra zeneko– egoera bat irudikatzen duen letra hori bedeinkatu behar, aizue![1] Ez: ez dago esplikazio itxurazkorik, eta arrazoiak ezkutuagoak izango dira. Nik esan behar banu… betikoa esango dut: hizkuntza herriaren inbentua da, eta kulturgizonek ezin eraman dezakete hori aise, ezin etsi dezakete beren moztasun eta hitz-moteltasun bere-berezkoan, eta orduan holakoxe martingala historiko-kulturalak atera behar izaten dituzte «gainetik jartzeko». Orduko belaunaldi berriak bere arrastoa utzi nahi izan zuen ama euskararen gorputz atsotuan: bere jakitezko eta izatezko gehiagotasuna agerian utziko zuen arrastoa, hain zuzen[2].

Mende erditsua igaro da, eta H-ren sartzaileak hil dira edo zahartu dira, eta euskaldun haurrek –gehien-gehienek– segitzen dute galdetzen zertarako idatzi behar den H. (Erdaldunek ere berdin-berdin galdetuko dute, eta haiek gauza gehiago dituzte galdetzeko gainera, zeren letrakuntzaren lainezak ez baitu mugarik, baina orain aski dut neure jendearekin.)

Zain daukat Izeia. Ulertzeko moduko esplikazio bat eman beharko diot, eta esplikatu ez ezik, esperantza bat ere helaraziko diot, esanez H alu mutu-tonto hori ez badute maite, ba beren esku dagoela protesta egin eta kentzea. Eta ni alde izango nautela, eta aldean izango nautela.

[1] Mitxelenak «iraganean» bilatu zuen maiz batasuna, eta «zaharrago eta jatorrago» dei daitekeen metafisika bat zabaltzen lagundu zuen. Funtsean, desformazio profesionalaren lanak ziren horiek, nere iritzirako: gogoan itsatsiegiak zeuzkan hark hizkuntzalaritza historikoan «berreraiketa» deitzen dena eta antzinatasunaren izen ona edo balio operatiboa. Hasperena (eta H letra), beraz, oso zaharra, oso jatorra, oso beneragarria eta oso euskalduna izango zen, nahiz hori gauza sinesgaitza eta sentigaitza izan euskaldunik gehienentzat.

Baina horiek hola direlarik ere, Batu H-dunaren alde «arrazoi biologikoak» zeudela ere adierazi izan zuen inoiz Mitxelenak. Esan nahi zuena zen gazte-jende tematua ari zela Batu H-dun horren alde gogorki bultzaka.

[2] Nik esango nuke Axular eta Leizarragagan liluraturik aurkitu zuten «gehiagotasun» hura beren garaira aldatzea besterik ez zutela egin funtsean, beren buruak «gehiagotuz» bidenabar, gehiagotasun eta gehientasun horretan partaide zirenez gero. Gehiagotasuna zekarren prosa hura H-rekin zegoen idatzia, eta euskarazko prosa garaikideak ere H-duna beharko zuen izan baitezpada. Lapurtar zaharren ustezko gehiagotasun hori beste letrazko tradizio guztien ukazio moduan hartu zuten orduko gazte haiek, eta horretan bai esan daitekeela «gazteki» jokatu zutela.

7 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

7 responses to “H

  1. Ignazio Txalupalari

    Hire alabatxoari esplikatu behar diok, Zegurola, hizkuntza bat (euskara ere bai) ez dela izadiaren produktu naturala, baizik eta gizakiaren asmakizun artifizial bat (haren kulturaren adierazpen gorena, inondik ere)…

    Artifiziala, bai, gizonak kreatu edo asmatu dituen gauza guztiak bezala, giza kultura eta folklore guztia bezala, gizona bera (eta emakumea, noski) izaki artifiziala baita.

    Eta, zergatik da gizona izaki artifiziala? Ba, gizakiak Heriotza onartzen ez duelako… Hara, hor dago koska: heriotza zer naturala da, guztiz naturala, Bizitzaren ifrentzua baino ez (hiltzeko jaiotzen gara, eta jaiotzen garelako hiltzen gara), baina gizonok ez dugu onartzen.

    Tira, eta bost xentimoko arrazoi filosofiko horiek ulertzeko gai ez bada, esaiok H horiek guztiak non jarri estudiatzen egiten duen ahalegina (hik esan duan bezala, ez da hainbestekoa, haur erdaldunek egin behar dutenaren aldean; pentsa ezak txinatarrek ikasi behar duten ikur mordoa) lagungarri izango duela bere bizitzan zehar ikasi beharko dituen gauza artifizial (alferreko baina ezinbesteko) guztiak ikasiz joateko.

    “Errazkeria ez baita bidea, ahalegina eta lana baizik…”

    Lama Txintxo

  2. Pruden Gartzia

    Beti aztoratu nau gauza “naturalei” buruz hitz egiten duen jendeak. Zer ote da “naturala”? Galderak zaila dirudi, baina, ustekabean, gure tradizio “naturalean” apur bat ikertuta, erantzun “natural” bat aurkitu dut, euskaldun “natural” guztiek duela gutxi arte “naturalki” pentsatu izan dutena zehatz-mehatz azalduz. Zer da euskalduna? Horra:

    “AU DA EUSKALDUNA

    Lau orduko bidean
    jeistenda etxetik
    dituen seme danak
    ondotik arturik;
    naiz elurrez mendiak
    egon estalirik,
    igande ta jaietan
    eztu usten mezik.

    Euskalduna berez da
    biotz onekoa,
    eta bestetik berriz
    oso fedetsua;
    orreingatik egiten
    maiz maiz du errezua,
    gogoan daukalako
    beti Jaungoikoa.”

    Eta orain askoz ere lasaiago sentitzen naiz, jakitean H-a bai ala H-a ez, azken finean, bigarren mailako kontua dela. Arazoa, benetako arazoa, funtsaren funtsa, mezetara joatea da. Horrela pentsatzen zuten H-a idazten ez zuten euskaldun “natural” guztiz gehienek, duela ez horrenbeste urte.

    Mitxelena minoria nahastaile baten buru sasiletraua besterik ez zen izan, jakina.

    • Jende sano eta natural hauek uste dute Kulturara iristea “erraxa” dela, baina ez dakite goi-mailako kultura beti izan dela aristokratikoa, gutxi batzuena, onena soilik, Luis Mitxelena bezalako gizon handi eta jakintsuena… eta hara iristeko lan handia egin behar dela urte askoan.

  3. Mikel

    Zenbait ikaskiderekin alderatuta, nahiko aise ikasi nituen h-ak ikastolan, baina hitz batzuk trabatuta gelditu zaizkit oso beranduan ere: ziur, zehar, herren, heste, elbarri… Irakasleak metodo polit bat erakutsi zigun ‘hurbil’ eta ‘urrun’ bereizteko: “hurbil-ek h-a hurbil du!, eta urrun-ek urruti!”. Kasu honetan, naturala ikusten dut herritar batek uatxapa esatea eta besteak uatzapa, baina ingurukoek uatxapa gehiago erabiltzea eta erabilera hedatzea, eta ez-naturala gizon talde batek talai batetik erabaki kolpe batez h-a idatzi behar dela hedatzea. Besterik da erabaki egokia izan ote zen herriarentzat, baina artikulu honek zer pentsatua ematen du… Nik urrutiko kontuak ikusten ditut…

  4. Baten

    On deizuela!
    BatetiK:
    Umeak okertu egiten ditugu, beharrezko ez diren kontu pillo batez. “H”-a barne.
    Bestetik:
    “Asmakizun artifizialetaz”……..Gizakiok, zerbait asmatu, aurkitu bakarrik egin dezakegulakoan naiz. Eta AUKERAK hor daude zai….Beraz, berez ez dugu ezer ezin-danik asmatu…Asmatu dezakegu suntsitzen. Hortan bai, asmatu genuela!!
    Zer esan hizkuntzari buruz? Gizakion bizipenak eta gogoan egin ditzazkegun irudikapen guztiak, hizkuntzari ezker egiten ditugu.
    “Neure buruari, zer esateko gai naizen neurrian, bizi naiz eta BIZIA DA”.
    Euskerak ageri duen osaketa. Euskaltzaleok!! inguruko hizkuntzen ondoan, Miraria da.

  5. Baten

    Beste bideo bat nahi nuen ipini!!!

  6. SLEID (Segurolaren liburuak erosi eta irakurtzen dituena)

    Euskaldun geienok es dugu szxak bereisten, es eta tstztxak ere, sergatik ez bulchatu chearen erabilera, eskerroso gaste isandako oriek asmatutako digrafo eta katramila orien gustien ordes? Hala isanik, hacheak erabilera sinchoa isango luke, chearen barruan, eta etorkisuneko umeak es lirateke ainbeste ernegatuko tstztxak selan jartzen asmatu esinik, eta euskal deiturak es lirateke euskaldundu bearko, echeguren-goikoechea-sarachaga eta alakoak susen idachita egongo lirateke eta!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s