Bola dabilen artean

Iratxe Goikoetxea Langarika

Urrutikoetxea eta Irujoren arteko kaiolako finalak aitzakia ona eman dit aspalditik plazaratu nahian nenbilen esaera bat hona ekartzeko.

Ziurrenik badakizue zer gertatu zen: Irujo, zuloa bilatu eta bilatu, 10-20raino aurreratu zen. Irabazita zeukan partida. Ia-ia. Eta irabaziak poltsikoan sumatuko zituzten ia-ia haren alde dirua jokatutakoek. Baina ustezko irabaziekin ez da fidatu behar, honelako atsotitzek ohartarazten dutenez: Arratsa etorri aurretik, ez aipatu egun ederrik. Ez altxa sarea arrain guztiak sartu artean. Idia baino lehen, ez erosi zintzarririk

Ezagunak dira esaerok, batez ere azkena, eta denak garaile jotzen denari zuzenduta daude. Eta ustezko galtzailea, zer?

10-20. Egoera horretan askok egingo zuten txil. Askok pentsatuko zuten ez zegoela zer eginik. Ez Urrutikoetxeak. Segurutik ez hitz hauekin, baina honelako zeozer pentsatuko zuen berak: Bola dabilen artean, ez dago txorrarik[1]. Hau da, azken-azkenera arte ez dela itxaropena galdu behar, ezin baita jakin nondik nora joko duten gauzek.

____

[1] Txorra bola jokoko esapidea da. Bola labur gelditzea da, atzeko enborra jo barik. Jokaldia balio barik uzten du, beraz. Lekuan-lekuan eta jokaeraren arabera, izen bat edo beste ematen zaio, eta horietako hainbat daude jasota Juan Jose Zorrilla Lopezek idatzitako Bola jokoa liburuan.

Atsotitza, berriz, Domingo Zuluaga zenak bildu zuen Ibarrangelu kantu eta kontu liburuan. Nik dakidala, ez dago beste inon era horretan jasota. Bai aldaera bat, Gotzon Garateren bilduman, beste adiera bat emanda: Dabillen bolie, ondo dabil txorra eiñ arte. (gazt. Piedra movediza no coge musgo).

2 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

2 responses to “Bola dabilen artean

  1. Juanjo Respaldiza

    Nik bola jokoan ez dakit eta gaur arte ez dut jakin txorra egitea zeri esaten zaion joko horretan. Gurean, hala ere, badauka beste erabilera bat, pare-parekoa izan arren beste kontestu batzuetan gauzatzen dena. Frakasatu, porrot egin, esateko darabilgu Orozko aldean (Orotarikoak beste eremu-geografiko batzuetan ere kokatzen du erabilera): “Horrek tabernea zabaldu joan lehengo urtean baina txorra egin jok eta beste behar baten hasi dok”.

    • orotarikoa

      Bai, Juanjo, orotarikoa zurekin ados:
      2 txorra (V-arr-gip-al). Ref.: A; Iz ArOñ. 􀂍 “Quiebra. Txorra egin, no poder más, por ej., no llegar la bola a su término” A. “Txorra eiñ, al juego de bolos, morra. Txórria ifiñi” Iz ArOñ.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s