Artxiboak hilabeteka: azaroa 2015

Lyudmilla Ignatenko, suhiltzaile zendu Vasily Ignatenkoren emazte

miel a. elustondo

Ezkonberriak ginen. Artean eskutik heldurik genbiltzan, baita dendara besterik joan behar ez bagenuen ere. «Maite zaitut», esango nion. Baina artean ez nekien zenbateraino. Aztarrenik ez nuen… Lan egiten zuen suhiltzaile etxeko lotegian bizi ginen. Jakinaren gainean nintzen beti, zer gertatzen zen, non zegoen, nola zegoen.

Gau batean zarata aditu nuen. Leihotik begiratu nuen. Ikusi egin ninduen. «Itxi leihoa eta itzuli lotara. Erreaktorea sutan dago. Berehala etorriko naiz».

Ez nuen leherketa bera ikusi. Sugarrak besterik ez. Distiratsu zegoen dena. Zeru osoa. Gar garaia. Eta kea. Beroa beldurgarria zen. Eta bera ez zen itzultzen.

Zeuden-zeudenean joan ziren, elastikoa jantzirik. Inork ez zien ohartarazi. Sua zelako hots egin zieten, besterik ez.

Goizeko zazpiak. Zazpietan ospitalean zegoela jakinarazi zidaten. Korrika abiatu nintzen, baina ordurako inguraturik zuen poliziak, eta ez zioten inori igarotzen uzten. Anbulantziei besterik ez. Poliziak hoska ari ziren: «Anbulantziak erradioaktiboak dira, urrundu!». Lagun baten bila hasi nintzen, mediku baitzen ospitale hartan. Mantal zuritik oratu nion anbulantzia batetik irten zenean. «Utzidazu sartzen!». «Ezin dut. Gaizki dago. Denak daude gaizki». Oraturik neukan. «Ikusi besterik ez!». «Ongi da», esan zidan. «Etorri nirekin. Hamabost edo hogei minutu baizik ez».

Ikusi nuen. Guztiz errerik eta puzturik zegoen. Nekez ikus zeniezazkiokeen begiak.

«Esnea behar du. Esne mordoa», esan zidan nire lagunak. «Gutxienez hiruna litro edan beharko lituzke bakoitzak».

«Baina ez zaio esnea gustatzen».

«Oraingoan edango du».

Ospitale hartako mediku eta erizain asko –laguntzaileak, bereziki–, gaixotu eta hil egingo ziren. Baina orduan ez genekien hori.

Hamarretan, Xixenok kamera hil zen. Lehena izan zen.

Senarrari galdetu nion. «Vasenka, zer egin behar dut?». «Irten hemendik! Zoaz! Gure haurra daramazu». Haurdun bainintzen. Baina nola utzi bera? Esaten zidan: «Zoaz! Alde egin! Salbatu haurra». «Lehenengo esnea ekarri behar dizut, erabakiko dugu gero zer egin». Nire lagun Tania Kibenok korrika sartu zen. Haren senarra gela berean zegoen. Ondoan zuen aita, honek autoa baitzuen. Autoan sartu eta hurreneko herriraino joan ginen. Hiru litroko botila mordoxka erosi genuen, sei, denentzako lain izan zedin. Baina esnea edan eta goitika hasi ziren, inor beldurtzeko moduan.

Zentzuna galtzen segitu zuten, eta tantaz tantakoa jarri zieten. Medikuek esaten zieten gasak pozoitu zituela, zergatik ez badakit ere. Inork ez zuen erradiazioari buruz ezer esan.

Iluntze hartan ez zidaten ospitalera sartzen utzi. Jende oldea bildu zen. Senarraren leihoaren parean nengoen, bera hurreratu eta oihuka zerbait esan zidanean. Etsigarria zen! Jendetza artean, baten batek aditu zion: Moskura eramango zituzten gau hartan. Emazte guztiek multzo bat osatu zuten. Beraiekin joango ginela erabaki genuen. «Utzi gure senarrekin batera joaten! Ez duzu eskubiderik!». Kolpeka eta atzamarka saiatu ginen. Soldaduek –ordurako soldaduak zeuden–, atzera eragin ziguten. Orduan medikua irten zen, esanez Moskura zihoazela hegazkinez, baina beraien arropa ekarri behar geniela. Suhiltzaile etxean zituztenak erre egin zirela. Autobusek utzia zioten ibiltzeari, eta korrika zeharkatu genuen hiria. Atzera korrika itzuli ginen maletak harturik, baina hegazkina joana zen ordurako. Adarra jo ziguten. Han oihuka eta negar egin ez genezan.

Egun haren amaieran goitika hasi nintzen. Sei hilabeteko nengoen, baina Moskura iritsi beharrean nintzen.

(oharra: ingelesetik itzulia da pasartea, theparisreview.org webean Keith Gessen-ek egina duen itzulpena oinarri. ordea, irakurria nago jatorrizko testuaren bestelako bertsiorik, askoz osoagoa)

Iruzkin bat utzi

Miel A. Elustondo atalean

Erakunde II

Maite Imaz Leunda

Ekaineko ekarpenean azaldu nuen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren administrazio instituzionala erakunde autonomoek (organismos autónomos) eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek (entes públicos de derecho privado) osatzen dutela, eta beraz, erreferentzia argiko administrazio instituzionala aipatzeko erakunde hitza nahikoa izan daitekeela.

Europar Batasunaren Administrazioaren kasuan, ordea, araudian instituzioak eta organoak aipatzen dira; zehaztasunez adierazten da, gainera, zer diren instituzio eta zer organo.

Botere nagusiak instituzioez baliatzen dira Europar Batasunaren balioak sustatzeko, haren interesak eta herritarren eta estatu kideen interesak defendatzeko eta politiken eta ekintzen koherentzia, eraginkortasuna eta jarraipena bermatzeko. Europar Batasunaren Tratatuaren Bertsio Kontsolidatuaren 13. artikuluan ageri dira Batasunaren instituzioak:

Europako Parlamentua

Europar Batasuna osatzen duten estatuetako herritarrek hautatutako ordezkariak biltzen dituen parlamentua. 1979tik aurrera, bost urtez behin hautatzen dira ordezkari horiek, eta estatu bakoitzaren biztanleriaren arabera banatzen da ordezkari-kopurua. Hauek dira eginkizun nagusiak: Europako Batzordea izendatzea; Batzordearen proposamenak aztertu eta, Kontseiluarekin batera, legegintza-prozesua aurrera eramatea; eta urteko aurrekontua onartzea.

es     Parlamento Europeo
fr
     Parlement européen
en
    European Parliament

Kontseilu Europarra

Europar Batasuneko estatuetako gobernuburuek edo estatuburuek eta Europako Batzordeko Lehendakaria biltzen dituen kontseilua, Batasunaren norabide politiko orokorrak definitzeko ardura duena.

es      Consejo Europeo
fr      Conseil européen
en     European Council

Europako Kontseilua

1949an Londresen sortutako nazioarteko erakundea, Europako Erkidegoak sortuko zituen mugimenduaren aitzindaria, kide guztien ondarea osatzen duten ideiak eta printzipioak gorde eta sustatzea helburu duena. Europako estatu ia guztiak biltzen ditu.

es     Consejo de Europa
fr     Conseil de l’Europe
en    Council of Europe

Europako Batzordea

Europar Batasunaren interesak, eta ez estatu kideenak, ordezkatzen dituen estatuz haraindiko organo betearazlea. Eskumen hauek ditu: Kontseiluak emandako eskumen betearazleak egikaritzea, Europar Batasuneko Zuzenbidea aplikatzen dela zaintzea eta Tratatuen arloan gomendioak egitea edo irizpenak ematea. Estatu kide bakoitzak komisario bana du.

es     Comisión Europea
fr     European Commission
en    Commission européenne

Europar Batasuneko Justizia Auzitegia
Sin. EBJA (4)

Europar Batasuneko zuzenbidea interpretatu eta aplikatzeko ardura duen Europar Batasuneko justizia-erakundea. Europar Batasuneko estatu bakoitzeko epaile bana du Justizia Auzitegiak, eta zortzi abokatu nagusiren eta idazkari baten laguntza du. Hiru modutara batu daiteke: saletan (hiru eta bost epaile), Sala Nagusian (hamahiru epaile), eta, estatutuak hala ezartzen duen kasuetan, osoko bilkuran (epaile guztiak). Lisboako Tratatua onartu aurretik, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegia izena zuen. Luxenburgon du egoitza.

es    Tribunal de Justicia de la Unión Europea; TJUE
fr    Cour de justice de l’Union européenne; CJUE
en   Court of Justice of the European Union; CJUE

Europako Banku Zentrala (4)
Sin. EBZ (4)

Europar Batasuneko diru-erakunde zentrala; Banku Zentralen Europako Sistemak definitutako diru-politika erkidea aplikatzea eta prezioen egonkortasuna mantentzea ditu helburu nagusitzat. Gobernu Kontseilua eta Batzorde Betearazlea dira bertako organo artezkariak. 1999an sortua, Frankfurten du egoitza.

es     Banco Central Europeo; BCE
fr     Banque centrale européenne; BCE
en    European Central Bank; ECB

Kontu Auzitegia

Fiskalizazioa, edo Batasunaren kontuen kontrola egiten du. Estatu kide bakoitzeko herritar banak osatzen dute Kontu Auzitegia eta kideek independentzia osoz betetzen dituzte beren eginkizunak, Batasunaren interes orokorraren alde.

es     Tribunal de Cuentas
fr     Court of Auditors
en    Cour des Comptes

Instituzioez gain, organo aholku-emaileak ere badira; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren bertsio kontsolidatuaren 300-309 artikulu-bitartean daude jasota, eta hauek dira:

Europako Ekonomia eta Gizarte Komitea
Sin. EEGL (4)

Sektore ekonomiko eta sozialen interesak defendatzen dituzten 344 ordezkariz osatutako organo aholku-emailea. 1957an sortua, Bruselan du egoitza.

es      Comité Económico y Social Europeo; CESE
fr      Comité économique et social européen; CESE
en     European Economic and Social Committee; EESC

Eskualdeetako Komitea
Sin. EL (4)

Eskualdeetako eta toki-erakundeetako 344 ordezkariz osatutako organo aholku-emailea, hainbat arlotan kontsulta egin behar zaiona. 1992an sortua, Bruselan du egoitza.

es     Comité de las Regiones; CDR
fr     Comité des régions; CdR
en    Committee of the Regions; CoR

Europako Inbertsio Bankua (4)
Sin. EIB (4)

Europar Batasuneko finantza-erakunde nagusia, kohesio ekonomiko eta sozialaren bitartez Batasuneko lurraldean garapen orekatua bideratzea helburu duena. Ogasun-ministroek osatutako Gobernadoreen Kontseilua da organo nagusia. 1958an sortua, Luxenburgon du egoitza.

es     Banco Europeo de Inversiones; BEI
fr     Banque européenne d’investissement; BEI
en    European Investment Bank; EIB

Terminologia Batzordeak oraindik ez du Europako Tratatuen Hiztegia onartu, baina aipatu ditudan sarrera ia guztiak daude ikusgai Euskaltermen.

Nazioarteko kontuetan, honelakoak adierazteko erabiltzen da erakunde:

NATO

ESLE

NBE

Iruzkin bat utzi

Maite Imaz atalean

Interbentzioak norantz, erabilera harantz?

Igone Zabala Unzalu

Duela hilabete batzuk, aspaldian ahaztua nuen gai bat etorri zitzaidan bila, EHUko irakasle euskaldunoi noizbehinka bidaltzen dizkiguten hizkuntza-aholkuetako baten eskutik. Aste horretako aholkuak tza atzizkiaren erabilera goiburua zeraman. Irakurtzen hasi, eta hara non, «Batzuetan, ordea, forma desegokiak erabiltzen dira erabilera ugariagoko formen ordez» baieztapenaren ostean, «norantza*e. noranzko» ikusten dudan, «ministeritza*e. ministerio» eta «solidaritza*e. solidaritate» bezalako adibideekin batera zerrendaturik. Erabat harrituta geratu nintzen. Zalantza izpirik ez neukan norantza hitzak ez duela –tza atzizkirik. Baina, guztiok egiten ditugu hanka-sartzeak —pentsatu nuen—. Autoan etxera bidean nindoala irratia piztu eta hor agertu zitzaidan berriro ere estigmatizatutako hitza: «…Istripu bat gertatu da A8 errepidean Donostiako norantzan». Oso ondo gogoratzen nuen Fisikako klaseetan norabide eta norantza terminoen arteko bereizketa ikasten genuela eta ondo gogoratzen nuen baita Ibon Sarasolak Euskara Batuaren Ajeak[1] liburuan atal bat eskaini ziola norantzari. Sarasolak zer zioen berrirakurtzea pentsatu nuen, orduan:

Euskaraz, dirección / direction-ren kidetzat norabide erabiltzen dugu, eta sentido / sens-en kidetzat, hizkera teknikoan, hots, bektoreetan eta errepideetan, norantza. Bereizketa arbitrarioa da, egiunezkoa, erdarazkoa bezala, eta erdaraz bezala norabide-k, hizkera arruntean, lerro zuzenaren bi muturretatik batekikoa adierazten du, ez lerroaren kokaera.

Norantza-ri dagokionez, gogorra da euskal belarrientzat, ez baikaude ohiturik galdetzaile bat izen gisa erabiltzera. Antzeko zerbait gertatzen da zergatia-rekin. Seguru nago norantza-ren erabiltzaileen artean gehienek diziplinaz —edo hizkuntzaren sentiberatasun gehiegi ez dutelako— erabiltzen dutela… Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko Batzordeak noranzko erabiltzea proposatu du, idazleek oro har eta —norantza-ren erabiltzaileek bereziki— lasaitu ederra hartuko dutelakoan aldaketarekin.

Denborak ematen digun perspektibatik begiratuta, Sarasolaren argudio linguistikoari hutsaren hurrengoa deritzot, zergati eta norantza ez baitira izen modura erabiltzen diren galdetzaileak, izenak baizik. Aurreko mendearen erdialdean jadanik Guilbert-ek[2] deskribatu zituen neologia edo hiztegi-sorkuntzarako bideetako bat da «konbertsio edo bihurketa». «Bihurketa» deritzo forma aldatu gabe hiztegi-elementu baten gramatika-kategoria aldatzen duen prozesuari. Horrela azal daiteke, adibidez, eduki eta ebaki hiztegi-elementuek aditz eta izen kategorietako sarrerak izatea, eta horrela azal daiteke baita zergati(k) eta norantz(a) hiztegi-elementuek galdetzaile eta izen kategoriako sarrerak edukitzea ere. Bihurketa da, hain zuzen ere, hizkuntzek duten hiztegi-sorkuntzarako biderik ekonomikoena, dituzten hiztegi-elementuen forman aldaketa handirik egin gabe kontzeptu berriak adierazteko elementu berriak lortzen baitituzte. Ingelesak erraztasun handia du horrelako bihurketak egiteko eta, hain zuzen ere, miretsi ohi den «berezitasuna» da hori.

Baina, bestelako zerbait al dakigu, zenbait hamarkada beranduago, Sarasolak aipatzen zuen Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko Batzordearen erabakiaz? Hiztegi Batu Oinarridunera jo eta «norantza*e. noranzko» sarreraren barruan dagoen informazioan klik eginda, hauxe irakur daiteke, besteak beste:

Lantaldearen irizpideak

ERATORRI-KONPOSATU BAZTERTZEKOA DA, OSAERA OKERREKOA DENEZ

osaera okerrekoa da: -rantz kasu-marka ez da izengilea; egokiagoa da noranzko, -ko izengilea duena; eta hau proposatuko du batzordeak, kontu eginik erabiltzaile jakinak izango direla, eta posible dela aldaketa.

Berriro ere, argudio linguistikoa okerra dela esango nuke, hitz horren azpian dagoena ez baita –rantz atzizkiaren izaera, bihurketa prozesu bat baizik. Gainera, –ko ez da atzizki izengilea, noranzko hitzaren kasuan: -ko postposizioa da, izenlagunak sortzen dituena (noranzko bidea esate baterako), ez izenak. Beraz, bihurketa prozesu bat behar da horren kasuan ere izena lortzeko, hori bai, adizlagun modura jokatzen duen galdetzaileari izenlagun modura jokatzeko aukera ematen dion –ko postposizioa gaineratu ostean. Hartara, prozesu korapilatsuagoa behar da norantza hitzarenean baino.

Baina, nola islatu da norantz(a) sarrera Euskaltzaindiaren Hiztegian?

norantz adlg. (Galdetzailea). Zer alderantz? Norantz zihoan? // Norantz ari garen jakiteko.

norantza iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, norantza-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. noranzko].

Euskaltzaindiaren Hiztegiak ez die erreferentziarik egiten irizpide linguistikoei, erabilerari baizik, alegia, irizpide soziolinguistiko bati. Ez dakit zer erabilera-datu hartu dituen oinarritzat Euskaltzaindiak argudio soziolinguistiko hori emateko, baina garbi dagoena da Sarasolaren iritziak eta Hiztegi Batuaren erabakiak eragina izango zutela idazle, zuzentzaile eta hiztegigileengan, eta etengabe zuzendu eta autozuzenduko zela norantza testu asko eta askotan, azken hiru hamarkada hauetan. Erabilera baldintzatuaz ari gara, beraz, ez erabilera aske edo espontaneoaz.

Sarasolaren argudioa berrirakurri nuenean, pentsatu nuen ni hizkuntzarekiko sentiberatasun handirik ez duten hiztunetakoa naizela, ahoskatzeko eta entzuteko askoz ere arinago egiten baitzait norantza, noranzko baino. Eta gaiaz idazten jarri naizenean, pentsatu dut: Egongo al da ni bezalako hiztun askorik? Desagertu al da erabilera idatzietatik —ahozkotik badakit ez dela desagertu— norantza? Zer puntutaraino desagertu da? Zalantzak argitzeko, corpusetara jo eta zenbait bilaketa egin ditut:

Igone2Zenbait ondorio atera daitezke datuetatik:

  • Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoaren datuek erakusten dute Sarasolaren eta Hiztegi Batuaren Batzordearen interbentzioaren aurretik norantza baino ez zela erabiltzen: noranzko (hobeto esan, noruntzkoa) daukaten bi kasuek erabilera diskurtsiboen itxura daukate, lexikalizatutako izenena baino.
  • ZT corpusean ere, 1990-2002 tarteko zientzia-testuez osatuta dagoelarik, ikus daiteke tarte horretan oraindik norantza nagusi zela (% 77).
  • EPG (2000-2007 urteak) eta EPGD (2010-2015 urteak) alderatuta, agerian geratzen da antzeko ezaugarriak dituzten bi corpus horietan puntuak galtzen doala norantza, urteak aurrera joan ahala, % 37 izatetik % 11 izatera pasatu baita.
  • Are puntu gehiago galdu ditu norantzak Lexikoaren Behatokiaren Corpusean eta ETC corpusean. Bide batez, oso datu polita da hau, corpus bietan azaltzen baita ehuneko berean: % 8.
  • Unibertsitateko irakasleek eskolak emateko erabiltzen dituzten materialak biltzen dituen Garaterm corpusean, aldiz, norantza lemaren agerraldiak % 18 dira. Ez da oso proportzio handia, baina agerian uzten du kontrol linguistiko baxua duten testuetan oraindik ere baduela bere txokotxoa.
  • Azkenik, Web-corpusen Ataria dugu, zeinean norantza lemak agerraldien % 28 eman digun. Interneten dabiltzan testu asko eta asko kontrol linguistikorik gabekoak izateari zor zaio, seguruenik, proportzio altu hori.

Gogoetatxo honi bukaera emateko, nabarmendu nahi nuke erabileran ondo sustraitutako hizkuntza-elementu bati eragiten zaionean, ez dela erraza elementu hori guztiz desagerraraztea, behintzat, erabilera espontaneoetatik eta, bestalde, erabileran sustraitutako hiztegi-elementu bati zentzuzko arrazoi linguistikorik gabe eragiten zaionean, denbora aurrera joan ahala, azalpenik gabe geratzen garela konbentzitu nahi (/behar) ditugunean ikasle, irakasle edo hiztunak, oro har, estigmatizatutako elementua zuzentzeko edota ez erabiltzeko.

[1] SARASOLA, Ibon (1997) Euskara Batuaren Ajeak. Alberdania: 147-148

[2] GUILBERT, Louis (1965) La créativité lexical. Paris: Larouse: 55-104

Iruzkin bat utzi

Igone Zabala atalean

Hooligan

Iñaki Segurola

Aparteko adurra dauka J.L. Zabalak nere modukoei hizpidea ematen. Oraindik oraintsu, hementxe bertan adierazi digu «euskalzulo» izatea bihotzeko gorabehera bat dela, eta zerekin berdinduko? eta hooliganismoarekin berdindu ez digu ba! Nere gaurko hau berdintze edo konparazio horren okerra salatzera dator.

Tokatu ere halaxe tokatzen zait, neure eskutikakoa delako «euskalzulo» hitz horren gurasotza letrazkoa. Eta gogora ekar nezake nondik nora sentitu nuen nik ez nengoela batere gozo eta eroso «euskaltzale» hitzaren estalkipean. Orain urte batzuk, eta orain ere hortxe nonbait, euskaltzale hitzeko -zale horrek tankera haundiegia zeukan esnezale-ko zalearena: euskaltzaleak euskara-saltzailea gehiago zirudien euskaraz-egin-zalea baino. Dena zen –edo hala sentitzen nuen nik– euskalgintza (euskara egina ez balego bezala) eta dena zen euskararen industria, fakturazioa eta holako. Garaitsu hartan asmatu zuten Euskararen Unibertsoa izeneko haundikeria hura, eta garaitsu hartan gertatu zen estadioak «euskararen alde» bete beharra. Horrixe hartzen nion eta hartzen diot hooliganismoaren tankera, ezeri hartzekotan; ez bakarrik estadioetan izan zirelako ekitaldi eta erakustaldi jendetsu haiek, baina horregatik ere bai.

Zabalak elkarren parean ikusten ditu euskararekiko zaletasuna eta Donostiako Sozietate Reala deritzan fubol-taldearekikoa, eta nik ezin uler nezake inolako moduz nolaz izan litekeen hori. Ni ere izana naiz fubol-talde baten zalea, zale sutsua, baina Lagun Onak izeneko herriko taldearen zale izatetik ez nintzen sekula pasa, eta aspaldi itzali zitzaidan su hura, jakina. Oraindik ez daukat osotara atzendua ordea, eta, beraz, badakit zer den izen bat, kolore batzuk, herri bat… zer? bihotzean eramatea? sentitzea? Bai: egia da irabazitakoan poz hartzen zela, eta galdutakoan mina, baina poz-min haiek eta euskarak honako euskalzulo honi eman izan dizkionak ez dute gauak eta egunak baino elkarren antz haundiagorik.

Ez dut uste hooliganismoa oso barruko gauza denik; oso ikusgarria eta, nolazpait esateko, imintziotsua izan daiteke eta da, baina axaleko seta errea edo tema itsua delakoan nago funtsean. Nik esan behar banu, iruditzen zait zinezko deus sentitu edo adierazi ezinak daramala bat hooliganismoak duen senti-adierazte handizkatu eta lehertu horretara. Hooliganismoak etsai bat behar du, tamainako etsai bat, pareko etsai bat, baina euskalzuloak nahiago luke euskarak batere etsairik ez balu; hooliganismoak derbyak maite ditu, eta herri bat beste baten kontrako xextra amorratuan jartzen du, baina euskalzuloak ez dauka holakorik batere, eta munduko herri eta hiri guztiei opa die euskara eder batean mintzatzea.

Hooliganismoa «guka» mintzo da joan den aspaldian. Lehen, gehienaz ere, «irabazi dugu», «galdu egin dugu» eta holakoak esaten genituen, baina orain «gaizki jokatu dugu», «min hartu dugu» eta antzekoak botatzen dituzte, batasun eta inplikazio bat barregarrizko moduan antzeztuaz, fanatismo ikusmirante huts bat dela ezkutatu nahian eta ezinean. Fanatismo ikusmirantea, koloreak, izena, gutarrismo antzeztua: horiek oro egon litezke eta daude euskaltzaleen munduan, eta, besteak beste, horrexegatik atera behar izan genuen «euskalzulo» hitza plazara.

Euskararen amazuloak gara, eta bizia desengainutik desengainura daramagu. Galeraren eta galdu-beldurraren minak bizi gaitu. Ez da ideia bat, ez da izen bat, ez dira kolore batzuk, ez da etsai-premia bat. Ez dakigu zer den, baina bihotz-belarrietako zerbait da. «Maitasuna», «atxikimendua», «eraspena» dei dakioke, baina hobe da inolako moduz ez deitzea edo izendatzea: izen substantiboek ezinbesean sortzen dute zer diogun zehazki badakigulako irudipena, eta nik nahiago dut esatea bihotz-belarrietako zerbait dela, bere soilean eta bere ezean.

Bidenabar esanda, euskalzuloak gutxi gara. Euskaltzale imintziotsuak asko, eta axolagabeak, aldiz, gehiengoa. Ez ditut epaitzen: eskubide osoa dute axolarik ez izateko, eta boladatan neuk ere haietakoa izan nahi nuke, baina euskalzuloarentzat, bihotz-belarrietako euskalzuloarentzat, axolarik ez izate hori bihotz-gogortasun eta barruko gorraize bat besterik ezin liteke izan, eta horrexegatik nahigabetzen gaitu ezin esan ahalako moduan. Ez luke hala behar, baina euskalzuloak berekin dakar maiz belaka eta ustel-antxa izatea (hipersentibera, euskara zurian esanik).

Ohartxo bat, azkenik, hooliganismoa eta bihotza elkarren parean jartzeaz. Buru-bihotzen arteko etena da gure oker askoren zuztarra, bai, baina berez eta izatez, gauza burutsuek ez dute zertan izanik bihozgabeak eta ankerrak eta, orobat, bihotzeko gauzek ez dute zertan izanik burugabeak, arrazoigabeak eta hooligantiarrak. Komeni da esanda uztea ama euskarak erakutsitako era argi eta gozoan.

2 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

Erakusle-festa

Alfontso Mujika

Jainkoak Sinai mendian Moisesi hamar aginduak nola, euskara batuaren aginduak eman zizkigun Koldo Mitxelenak 1968an. Baina, Mitxelena ez baitzen jainkoa, ezin izan zuen dena zehaztu. Morfologiari buruz ziharduela, honela idatzita utzi zigun duela 47 urte:

Gogoan hartu eta eduki behar dugu, nahiz izenaren deklinazioa argi xamar dagoen, istilu larriak ditugula oraindik izen-orde edo izen-ordainekin. Erakusleak aipatuko ditut (hau, hori, hura, eta horien ondorengoak) gai honetan dauzkagun nahasketen oroikarri.

(Koldo Mitxelena, “Ortografia”, XIII – Euskera XIII, 1968).

Eta erakusleak arautzean agertu zen “istilu larri” horien isla, instrumentalean batez ere. 1979an izan zen. Honela zioen Patxi Altunak (Euskera XXIV, 1979-2):

(…) Orobat honetaz, horretaz, hartaz instrumental delako kasoan, horien ondoan honez, horrez eta harez ere sarturik, halaz ere, honez gain, harez gero eta hauen antzekoak esateko; -taz iruditu zaigu, beraz, egokiena, zaharrena ez bada ere, eta horrenbestez -zaz eta -tzaz baztertu ditugu.

(…) Hona, beraz, ondoren batzordearen proposamena:

honetaz               horretaz              hartaz
honez                   horrez                  harez
hauetaz               horietaz               haietaz
hauez                   horiez                   haiez

(…)

Euskaltzaindiak bi txandatan onartu zuen Erakusleen proposamena: Otsailaren 23ko batzarrean Donostian, eta Uztaileko 20an Elizondon. Aurreko zerrenda onartu zuen, xehetasun hauek gaineratuz:

(…)

-taz, -zaz: biak onartu ziren; -taz ageri da zerrendan, baina honezaz, horrezaz, harzaz; hauezaz, horiezaz, haiezaz ere ez dira gaitzesten.

Geroztik, beraz, hiru aldaera dabiltza dantzan, hirurak baitaude onartuak:

honetaz, honezaz, honez // hauetaz, hauezaz, hauez
horretaz, horrezaz, horrez // horietaz, horiezaz, horiez
hartaz, harzaz, harez // haietaz, haiezaz, haiez
(harzaz, 1979an onartu bazen ere, ez da ageri EGLUn. Ez dakit zergatik)

Hala ere, bada zalantza bat. Azken sailekoak besteak bezala erabil daitezke (edo erabiltzea komeni da) euskara batuan? Alegia, zuzentzekoak al dira, adibidez, esaldi hauek?:

  • Begien bistako lilura horrez gainera, badu horrek bestelako sinbolorik.
  • Eta etxe horrez mintzatu ziren.
  • Ez ziren lagun horiez oroitu.

Hiztegi Batuan, esamolde batzuetan ageri dira aldaera horiek:

honez aurrera, honez gain, honez gainera, honezkero, horrez aparte, horrez gain, horrez gainera, horrezkero, harrezkero.

Hala ere, ulertu behar dugu hor agertzeak esan nahi duela forma fosilduak direla. Horregatik ez dira agertzen hiztegian, adibidez, honetaz aurrera edo horretaz gainera, ez ezinezkoak direlako, baizik eta, alderantziz, aurre eta gain postposizio emankorren kasu arruntak direlako.

Argibidea eskatu nuen, 2003an, Euskaltzaindian, eta honela erantzun zuen Gramatika batzordeak:

Euskal idazleen tradizioa azterturik, Gramatika batzordeak honako hau adierazten du:

– Denetarik dago literatura tradizioan.

– Ez dute arau-balio bera Euskaltzaindiaren erabaki batek (1979koak) eta Gramatika batzordeak egindako lanek (esate baterako, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak-1 (Eranskina) liburuak edo Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna liburuak). Lehena, Euskaltzaindiak berak onartua da; bigarrena, aldiz, Euskaltzaindiko batzorde batek.

– Euskaltzaindiak ez du bertan behera utzi 1979ko erabaki hura (ikus Euskera XXIV (1979-2), 629.-632. or.). Hortaz, Gramatika batzordeak honako hau dio, nahiz Euskaltzaindiak ez duen hartu, esandakoaz gain, bestelako erabakirik:

o      honetaz, horretaz eta hartaz formak eta gainerakoak (honezaz, honez, horrezaz, horrez eta harez) baliokideak dira eta ezin dira bereizi erabilera-esparruaren arabera.

o      honetaz, horretaz eta hartaz (eta hauetaz, horietaz eta haietaz) hobesten ditu Gramatika batzordeak euskara baturako.

o      honezaz, horrezaz eta harzaz (eta hauezaz, horiezaz eta haiezaz) ez ditu gaitzesten.

o      honetzaz, horretzaz eta hartzaz (eta hauetzaz, horietzaz eta haietzaz) baztertzen ditu.

o      honez, horrez eta harez (eta hauez, horiez eta haiez) hainbat esapide jakinetan soilik erabili behar dira, ez erakusle soil moduan (Ikus Gramatika batzordearen 2001eko erabakia). “Antzeko esapideak” dira Euskaltzaindiak oraingoz Hiztegi Batuan onartutakoak (honezkero, horrezkero, harrezkero).

o      Gainerako formen gainean Gramatika batzordeak ez du ezer ere esaten. Nolanahi ere, esan daiteke literaturan goian aipatu erakusleekin gain, gero eta beste maizago erabili direla, eta horiek direla gehien ageri direnak, ezen ez aparte, landa, haraindi eta kanpo.

Horrela zeuden gauzak 2003an, eta ez da ezer aldatu geroztik (geroztik aldatu den bakarra zera da, Hiztegi Batuak, gerora, forma gehiago onartu dituela Gramatika batzordeak orduan aipatutako hirurez gainera). Noizbait zehaztuko du hori, beharbada, Euskaltzaindiak (ez batzorde batek), baina, bitartean, bada irizpide argi samarra Gramatika batzordeak emandakoa.

Irizpide horri helduta, honez, horrez, harez, hauez, horiez, haiez aldaerak ez ditugu emankortzat jotzen Elhuyarren, estilo-erabaki gisa, eta Hiztegi Batuak jasotzen dituen formak besterik ez dugu ontzat ematen. Horrenbestez, zuzendu egingo genituzke gorago azaldutako hiru adibideak. Honela:

  • Begien bistako lilura horretaz gainera, badu horrek bestelako sinbolorik.
  • Eta etxe horretaz mintzatu ziren.
  • Ez ziren lagun horietaz oroitu.

Adi lehenengo adibideari! horrez gainera ageri da, baina ez Hiztegi Batuak jasotzen duen lokuzio edo lokailu gisa (alegia, gainera lokuzioa jasotzen duen bezala) edo Gramatika batzordeak aipatzen duen “antzeko esapide” gisa (alegia, erakuslearen ezkerrean izenik ez dagoela), adibide horretan ez baitago inolako esapide edo lokuziorik, eraikuntza sintagmatiko arrunt bat baizik (izena + erakuslea + gain). Hau da, horrez gainera lokuzio bat da, eta horregatik ageri da hiztegian; aldiz, lilura horrez gainera ez da lokuzio bat. Ñabardura finegia irudituko zaizu, beharbada, baina ez da logikarik gabea.

Azken ohartxo bat: Gramatika batzordearen iritzia kontuan hartzera, egokitzekoak lirateke, adibidez, Euskaltzaindiaren hiztegian ageri diren bi esaldi hauek ere: Eritasun honez kutsaturik gertatzen bazara (gertatu sarrerako adibide bat da) eta Hitz horiez hasten den kristau otoitza (abemaria sarrerako definizioa).

Iruzkin 1

Alfontso Mujika atalean

Argudio historikoa eta txioak

Gidor Bilbao

Josune Barandiaran musika-irakasle eta bazkideak proposatu zion GEU Gasteiz Euskalduna Elkarteari: zergatik ez gara saiatzen Gasteizko jaien hasieran Zeledonen kanta euskaraz kantatu dadin, Iruñeko entzierroetan 2009az geroztik egiten den moduan? Elkarteak, 2015eko maiatzean, bere egitekotzat onartu zuen horretarako urratsak ematea: itzulpena paratu, Gasteizko Blusa eta Nesken Batzordearekin adostu zabalkundea, Udaleko arduradunekin hitz egin…

Arabako Bertsozale Elkarteari eskatu zitzaion itzulpena egiteko, bereziki kontuan izanik kantatua izan behar zela. Ruben Sanchezek egin zuen itzulpen-bertsio ausart bat, 21. mendera moldatua: erlijio katolikoaren erreferentziak egokituta, emakumeen irudia aldatuta… Bi lerro nagusietarako, hau proposatu zuen:

Celedón ha hecho una casa nueva; / Celedón, con ventana y balcón.

Zeledoi, a ze etxe berria! / Zeledoi, leiho eta balkoi!

GEU Elkarteak bertsio hori onartu eta bultzatu zuen. Blusa eta Nesken Batzordeari ez zitzaion gustatu, ordea, eta uztaileko bigarren hamabostaldian (Zeledon abuztuaren 4an iristen da Gasteizera!), bazirudien ez zegoela aukerarik bertsio bat kontsentsuz adosteko, eta egokiagoa izango zela kontua 2016rako uztea…

Uztailaren 23an mirakulua gertatu arte. Argudio historikoa! Blusa eta Nesken Batzordeak «jatorrizko partitura» zelakoan ekarri zuten 1933ko argitalpen baten fotokopia, eta hor euskaraz eta gaztelaniaz agertzen zen testua! A ze lotsa «Informazioa eta dokumentazioa itzultzaile-interpreteentzat» asignatura irakasten dudan honentzat! Nola ez zitzaidan lehenago bururatu ea itzulpen zaharrik (edo euskarazko jatorrizkorik) ote zegoen aztertzea?

Uztaileko azken egunetan berreraiki genuen, parte batean behintzat, Sancho el Sabio Fundazioaren Bibliotekan eta Errenteriako Eresbil Musikaren Euskal Artxiboan gorderiko dokumentuetan oinarriturik, kantu ospetsuaren historia. Ezagutzen den partitura zaharrena 1918koa da, eta Mariano San Miguel Urzelai agertzen da egiletzat. Letra osoarekin aurkitu dugun lehenengo dolumentua 1923koa da; letra gaztelaniaz dago eta «Letra y música de M. San Miguel» dakar. 1933an, Tolosako Lopez-Mendizabal argitaletxeak eta Eusko Ikaskuntzak sorturiko Editorial de Música Vasca musika-argitaletxeak moldaketa bat argitaratu zuen, pianoarentzat eta ahotsarentzat; partitura horretan, gaztelaniazko letrarekin batera euskarazko itzulpena dator.

Ez dakigu itzulpen hori nork egin zuen (agian beste batean jardungo dugu horri buruz: Odon Apraiz? Kepa Enbeita?), baina partituran Mariano San Miguel agertzen da egile gisa. Ez dakigu konpositoreak euskaraz ote zekien ere: ama oñatiarra zuen, baina bera, Oñatin jaioa izan arren, gazte aldatu zen Madrilera. Edozelan ere, pentsatu behar da 1933ko itzulpenak gutxienez haren onarpena izango zuela, artean bizirik baitzen eta hain zuzen halako argitalpenak ondo ezagutzen baitzituen (Harmonia aldizkaria sortu zuen 1916an).

Itzulpena mendebaldeko euskaran egina zen eta garai hartako grafian idatzia:

Zeledon, etxe barria ein dok; / Zeledon, balkoi ta leio, bron!

Blusa eta Nesken Batzordeak bere horretan kantatzea proposatzen zuen. Geu Elkartean, argi genuen ezinbestekoa zela bertsio eguneratua paratzea. Horren eguneratze automatikoak honelatsuko bertsioa emango zukeen:

Zeledon! Etxe berria egin duk! / Zeledon! Balkoi eta leiho! Bron!

Bertsio berriaren arazoak eztabaidatu ziren: bron onomatopeia bitxia (denok ginen kentzearen alde), ta > eta aldaketarekin silaba bat gehiago izatea (kantatzeko izan arren, bagenekien idatziz zabalduko zela, eta gero ere eskoletan erabiliko dela pentsatu nahi genuen), Zeledoi / Zeledon aukerak (Euskaltzaindiko Onomastika Batzordearen irizpidea ala zeledoi txiki eta halakoetan bidea egina duen forma), duk erabiltzean Zeledonen gizon (eta ez emakume) izatea nabarmentzea (eta, gainera, gaztelaniazkoaren subjektua aldatzea)… Azkenean, 1933koaren bertsio doitu hau proposatzea erabaki zen:

Zeledon! Etxe berria egin duk! / Zeledon! Balkoian leiho on!

Euskaltzaindiaren arau, aholku, gomendio eta irizpide guztien meneko, gaztelaniazkoarekin leial baina aske, Zeledonen gizontasuna zalantzan jartzeko uzkur… baina, batez ere, 1933koaren oinordeko: argudio historikoa!

Hortik aurrerakoa txioek egin zuten. Hobeto esanda, Geu Elkarteko txiolari adituek (Naroa, Eñaut, Zuriñe, Saioa, beste Zuriñe…). Norbait Udalaren ordezkariekin eztabaidatzen ari zen artean ea letra hori balkoian pankarta batean ipintzea egokia zenetz, txiolariek Euskal Herri osotik hedatua zuten abuztuaren 4an Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan entzun nahi zuten kantua, 1933koaren oinordekoa.

Iruzkin 1

Gidor Bilbao atalean