Arkatz gorria

Garikoitz Knörr de Santiago

Behin baino gehiagotan entzun-irakurri dut euskaldun bakoitzaren barruan badela euskaltzain txiki bat, besteren akatsak seinalatzeko prest beti. Twitterreko #euzkaras eta #zazpikia traolei begiratu bat emanez ikus daitekeen bezala, ez dira gutxi jendaurreko testuetan (iragarki, bide-seinale eta abarretan) lerratzen diren hanka-sartze txikiak eta ez hain txikiak.

Horren erakusgarri, duela egun batzuk sare sozialetan bolo-bolo zabaldu zen Behobia-San Sebastián lasterketaren berri ematen zuen afixa, honela baitzioen euskarazko bertsioak:

Grina, ahalegin eta dulantziz beteriko 20 kilometroko froga paregabea.

Ohar bedi «dulantzi» hitzaren erabilera, gaztelaniazko «alegría»ren ordain. Zinez bitxia. Izan ere, mota horretako itzulpen-hutsegiteak ez ohi dira bakarka ageri. Alegia, bestelako ortografia-, joskera- edo lexiko-akats batzuk lagun dituztela etorri ohi zaizkigu. Eta, oro har, aski euskara txukuna ageri du euskarazko bertsioak.[1] Hortaz, zaila da irudikatzea zerk eragin ote zuen huts hori, zerk bultzatu zuen gure itzultzaile itxuraz trebea hitz hori aukeratzera.[2] Edozein kasutan, egokia da salaketa, eta beharrezkoa.

Noizean behin, hala ere, gehiegi zorrozten dugu uneoro gainean daramagun zuzentzaile-arkatz gorria, eta hala gertatu zen, duela aste batzuk, Hirinet webguneko Euskaran kale atalean agertu zen ustezko itzulpen-akats batekin. Erabiltzaile batek bi argazki bidali zituen, afixa elebidun banarenak, Galdakaoko ospitalean hartuak omen.

Lehenengoan, «Ate gidariduna» irakurtzen zen, gaztelaniazko «Puerta corredera»ren ordain. Ez da kontu berria: gaztelaniazko hitza guztiz arrunta begitantzen zaigun arren, haren euskarazko baliokide txukunak, bat-batean, alarma guztiak pizten dizkigu. Besteak, berriz, hauxe zioen: «Ura eskuak txorrotaren azpian jarrita irteten da, ez dauka aginterik». Dirudienez, erabiltzaileari deigarria iruditu zitzaion «aginte» hitzaren erabilera guztiz zuzen hura.

Halakoek sutan jartzen naute, itzulpen (benetan) traketsek baino gehiago, edo bezainbeste behintzat bai. Zernahi gisaz, badakit —badakigu— zenbat lan, zenbat gogoeta eta —gehituko nuke— zenbat beldur dagoen termino batzuk aukeratu eta tekleatu aurretik: «Ni ote naiz hitz hau hiztegietatik kanpo ekartzen (edo, are, inongo hiztegitan ageri ez den hitz hau erabiltzen) duen lehena?», «Ulertuko ote da?», «Huts egin dudala pentsatuko ote du inork?»…

Itzulpen-akats egiazko zein ustezko berri horien aitzakiarekin, aspalditik buruan darabilzkidan galdera-gogoeta batzuk kanporatu nahi ditut hemen.

Zein da salaketen helburua?

Galdera horri erantzuteko, ziur aski psikologo baten laguntza beharko genuke. Izan ere, esango nuke salaketa horiek badutela halako punttu ilun-edo bat: salatzaileok ongi sentiarazten gaituzte, akats-egilearen gainetik jartzen gara, nolabait: gure egoa —eta EGA— indartzen dute.

Zer eragin dute salaketa horiek dena delako enpresa edo erakundearengan?

Honelako mezuren bat iritsi beharko litzaioke testuaren (afixa, idazkun, iragarki edo dena delakoaren) arduradunari: «Hurrengoan, jo ezazu itzultzaile profesional batengana». Hala ere, susmoa dut oso gutxitan gertatzen dela hori; ondorioz, hurrengoan ere hala moduzko itzulpen bat jarriko du jendaurrean, edo, are okerrago, ez du euskara erabiliko, berriro ere irrigarri ez gelditzearren.

Bestalde, uste dut tentuz jokatu behar dugula itzulpen-akatsak salatzerakoan. Gure artean (esan nahi baita, euskal hiztunon artean) gelditzen diren bitartean, ongi. Azken finean, irribarreño bat eragingo digute (batzuek kontrako efektua badute ere, negargura alegia). Bestela, gure euskal unibertsoaren mugez haraindi irteten direnean, eta publiko ez-euskalduneraino hedatzen, beldur naiz batzuek ez ote duten honelako zerbait ulertuko (edo ulerraraziko): «Euskaraz dena dago oker, horrenbeste diru euskara bultzatzeko-eta, eta alferrik, bistan da euskara hizkuntza akastuna dela berez, bla, bla, bla…».

Azkenik, eta esanak esan, modu baikorrean amaitu nahi nuke: hutsegite —barregarri zein penagarri, baina zorionez bakan— horiek guztiak gorabehera, argi dago gaur egungo euskararen kalitatea pozteko (ezen ez dulanzteko!) modukoa dela, eta itzulpen okerrak baino askoz ere ugariagoak direla, jakina, itzulpen egokiak, onak, finak. Hasiko ote gara, halakoak ere ikusarazteko, #euskaraona edo antzeko traol bat erabiltzen?

[1] Beharbada zuzenagoa zatekeen «Grinaz, ahaleginez eta dulantziz beteriko…», baina gai horri hurrengo batean helduko diot, beharbada.

[2] Angel Errok «mendeku txiki» bat ikusten du horren atzean; nahita eginiko oker maltzurra litzateke, haren ustez. Nik ere ez nuke hipotesi hori baztertuko: http://www.berria.eus/paperekoa/1740/019/001/2015-11-12/dulantziz.htm

6 Iruzkin

Garikoitz Knörr atalean

6 responses to “Arkatz gorria

  1. Joxemari Sarasua

    Ederra, testua.

    “Grina, ahalegin eta dulantziz beteriko 20 kilometroko froga paregabea.”

    Goiko “froga” horrek ere txirtxir egiten dit neroni. Baina baliteke akats-pirri zorrotzegia izatea neu ere.

    Bertzetik, zer pentsa ematen du, adibidez horrelako esaldi arrunta euskaratzeko, «itzultzaile profesional batengana» jotzeko ematen duzun aholkuak: ez gomendioa errealista ez delako, euskararen normalizazioaren benetako neurria ematen duelako baizik.

    • Mila esker zure iruzkinagatik, Joxemari. Bai, arrazoi duzu: «froga» hitzari buruz ere, hor, balegoke zer esanik. Hala eta guztiz, egia bada ere hiztegi eta ikasliburuetan aski zehaztua eta finkatua dagoela «froga» eta «proba», zein noiz erabili, OEHn sarrera berean bildurik ageri dira biak, bat eginik, eta horri hel liezaioke egileak, zurigarri.
      Eta zure bigarren puntuarekin ere, guztiz ados: egia esan, zer pentsatua ematen du horrelako esaldi arrunt bat euskaratzeko (edo zuzenean euskaraz sortzeko) hizkuntza-teknikari batengana jotzen ibili beharrak. Behin baino gehiagotan pentsatu dut Gasteizko (esate baterako) edozein fruitu-saltzailek arazorik ez lukeela izango «Melocotones a 2 €/kg» dioen karteltxo bat gaztelania txukunean idazteko. Euskaraz gauza bera idatzi nahi izanez gero, aldiz, gogoeta hauetan galdurik irudikatzen dut gure fruitu-saltzaile eskolatu –ikastolatu– eta EGAduna: «Muxikak, mertxikak… zein aukeratu?… Eta ulertuko da, hemen, Gasteizen? Eta “melokotoiak” jartzen badut? Ba al dator Hiztegi Batuan “melokotoi” hitza?… Tira, eta gero, zera… “2 €/kg”, besterik gabe, ala “2 €/kg-an” ote da forma zuzena? Ala “kg-a 2 €-an”? Beharrezkoak ditut marratxoak?…», eta abar.

  2. Mikel Arana Etxarri

    Dena dela, inork ikusi al du delako kartel hura bere begiekin? Ez dakit, susmoa dut horren jatorrian txiste errazaren bila egindako muntaiaren bat izan litekeela. Atzo bertan, beste watsap batean, Errenteriako loteria-denda batean “decimo” itzultzeko “diogu” jartzen omen zuen ohar bati buruzkoa iritsi ziatzaidan; kosta egiten zait sinestea. Nik badaezpada ez dut horrelakorik sekula zabaltzen, ez dut uste mesederik egiten diotenik euskarari, eta are gutxiago itzulpengintzari.

    • Mikel, niri ere zalantza hori sortu zitzaidan, eta oraindik ez dut guztiz argi. Egia da egun haietan zabaldu zen argazki hura besterik ez dela —ez dugula— ikusi. Artikulua idazten hasi nintzenean, lasterketaren webgunean-eta ere bila aritu nintzen, baina esaldiaren arrastorik ez, ez euskarazkoarenik eta ez gaztelaniazkoarenik ere. Gauzak horrela, aitortu behar dut lehenengo idatzaldian «omen» bat sartu nuela esaldi honetan: «[…] Behobia-San Sebastián lasterketaren berri ematen zuen afixa, honela baitzioen, omen, euskarazko bertsioak». Geroago, «itxura denez» idatzi nuen, eta azkenik ezer ez, zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta sinesgarriagoa iruditzen baitzitzaidan argazkia.

      Loteria-dendakoari dagokionez, esango nuke egiazkoa dela, eta interesgarria, ziurrenik, itzultzaile automatikoek nola funtzionatzen duten (edo funtzionatzen ez duten) ikusteko. Hortik aurrera, zurekin bat nator, oro har: oraindik ez dakit zerk bultzatzen gaituen horrelakoak partekatzera (ez bada goian aipatu dudan indar ilun-maltzur samar horrek), ezta zer helbururekin egiten dugun hori ere; baina bistan da ez dela euskararen mesedarako. Tira, salbuespen batekin: argazki hori bidali edo jasotzen duten guztiak, trufa hutsetik haratago joan, eta itzulpen zuzena zein litzatekeen pentsatzen hasiko balira behintzat, gaitz erdi!

  3. Koro Navarro

    Nik Behobia-San Sebastián-koa ikusi nuen, Amaran, kartel batean. Ezin ulerturik egon nintzen kartelari begira, eta gero ahaztu egin zitzaidan, hemen berriz irakurri dudan arte.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s