Argudio historikoa eta txioak

Gidor Bilbao

Josune Barandiaran musika-irakasle eta bazkideak proposatu zion GEU Gasteiz Euskalduna Elkarteari: zergatik ez gara saiatzen Gasteizko jaien hasieran Zeledonen kanta euskaraz kantatu dadin, Iruñeko entzierroetan 2009az geroztik egiten den moduan? Elkarteak, 2015eko maiatzean, bere egitekotzat onartu zuen horretarako urratsak ematea: itzulpena paratu, Gasteizko Blusa eta Nesken Batzordearekin adostu zabalkundea, Udaleko arduradunekin hitz egin…

Arabako Bertsozale Elkarteari eskatu zitzaion itzulpena egiteko, bereziki kontuan izanik kantatua izan behar zela. Ruben Sanchezek egin zuen itzulpen-bertsio ausart bat, 21. mendera moldatua: erlijio katolikoaren erreferentziak egokituta, emakumeen irudia aldatuta… Bi lerro nagusietarako, hau proposatu zuen:

Celedón ha hecho una casa nueva; / Celedón, con ventana y balcón.

Zeledoi, a ze etxe berria! / Zeledoi, leiho eta balkoi!

GEU Elkarteak bertsio hori onartu eta bultzatu zuen. Blusa eta Nesken Batzordeari ez zitzaion gustatu, ordea, eta uztaileko bigarren hamabostaldian (Zeledon abuztuaren 4an iristen da Gasteizera!), bazirudien ez zegoela aukerarik bertsio bat kontsentsuz adosteko, eta egokiagoa izango zela kontua 2016rako uztea…

Uztailaren 23an mirakulua gertatu arte. Argudio historikoa! Blusa eta Nesken Batzordeak «jatorrizko partitura» zelakoan ekarri zuten 1933ko argitalpen baten fotokopia, eta hor euskaraz eta gaztelaniaz agertzen zen testua! A ze lotsa «Informazioa eta dokumentazioa itzultzaile-interpreteentzat» asignatura irakasten dudan honentzat! Nola ez zitzaidan lehenago bururatu ea itzulpen zaharrik (edo euskarazko jatorrizkorik) ote zegoen aztertzea?

Uztaileko azken egunetan berreraiki genuen, parte batean behintzat, Sancho el Sabio Fundazioaren Bibliotekan eta Errenteriako Eresbil Musikaren Euskal Artxiboan gorderiko dokumentuetan oinarriturik, kantu ospetsuaren historia. Ezagutzen den partitura zaharrena 1918koa da, eta Mariano San Miguel Urzelai agertzen da egiletzat. Letra osoarekin aurkitu dugun lehenengo dolumentua 1923koa da; letra gaztelaniaz dago eta «Letra y música de M. San Miguel» dakar. 1933an, Tolosako Lopez-Mendizabal argitaletxeak eta Eusko Ikaskuntzak sorturiko Editorial de Música Vasca musika-argitaletxeak moldaketa bat argitaratu zuen, pianoarentzat eta ahotsarentzat; partitura horretan, gaztelaniazko letrarekin batera euskarazko itzulpena dator.

Ez dakigu itzulpen hori nork egin zuen (agian beste batean jardungo dugu horri buruz: Odon Apraiz? Kepa Enbeita?), baina partituran Mariano San Miguel agertzen da egile gisa. Ez dakigu konpositoreak euskaraz ote zekien ere: ama oñatiarra zuen, baina bera, Oñatin jaioa izan arren, gazte aldatu zen Madrilera. Edozelan ere, pentsatu behar da 1933ko itzulpenak gutxienez haren onarpena izango zuela, artean bizirik baitzen eta hain zuzen halako argitalpenak ondo ezagutzen baitzituen (Harmonia aldizkaria sortu zuen 1916an).

Itzulpena mendebaldeko euskaran egina zen eta garai hartako grafian idatzia:

Zeledon, etxe barria ein dok; / Zeledon, balkoi ta leio, bron!

Blusa eta Nesken Batzordeak bere horretan kantatzea proposatzen zuen. Geu Elkartean, argi genuen ezinbestekoa zela bertsio eguneratua paratzea. Horren eguneratze automatikoak honelatsuko bertsioa emango zukeen:

Zeledon! Etxe berria egin duk! / Zeledon! Balkoi eta leiho! Bron!

Bertsio berriaren arazoak eztabaidatu ziren: bron onomatopeia bitxia (denok ginen kentzearen alde), ta > eta aldaketarekin silaba bat gehiago izatea (kantatzeko izan arren, bagenekien idatziz zabalduko zela, eta gero ere eskoletan erabiliko dela pentsatu nahi genuen), Zeledoi / Zeledon aukerak (Euskaltzaindiko Onomastika Batzordearen irizpidea ala zeledoi txiki eta halakoetan bidea egina duen forma), duk erabiltzean Zeledonen gizon (eta ez emakume) izatea nabarmentzea (eta, gainera, gaztelaniazkoaren subjektua aldatzea)… Azkenean, 1933koaren bertsio doitu hau proposatzea erabaki zen:

Zeledon! Etxe berria egin duk! / Zeledon! Balkoian leiho on!

Euskaltzaindiaren arau, aholku, gomendio eta irizpide guztien meneko, gaztelaniazkoarekin leial baina aske, Zeledonen gizontasuna zalantzan jartzeko uzkur… baina, batez ere, 1933koaren oinordeko: argudio historikoa!

Hortik aurrerakoa txioek egin zuten. Hobeto esanda, Geu Elkarteko txiolari adituek (Naroa, Eñaut, Zuriñe, Saioa, beste Zuriñe…). Norbait Udalaren ordezkariekin eztabaidatzen ari zen artean ea letra hori balkoian pankarta batean ipintzea egokia zenetz, txiolariek Euskal Herri osotik hedatua zuten abuztuaren 4an Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan entzun nahi zuten kantua, 1933koaren oinordekoa.

Iruzkin 1

Gidor Bilbao atalean

One response to “Argudio historikoa eta txioak

  1. Pruden

    Mila esker azalpenagatik, Gidor!

    Eta orain imajinatzen dut txoko honetako irakurle bat baino gehiago ulertu ezinik zertara datorren Zeledonen kantaren euskaratze hori, zailtasun horiek, bilera hemen, bilera han… bai, urrun dago Gasteiz, batzuentzat ia Kamerun bezain urrun. Herri txikia gara, baina hain zatitua! Hain gutxi eta txarto komunikatua! Zazpigarren alaba, kantatzen zuen beste hark, eta gauza bera esateko modu dotoreagoa da.

    Baina harira: euskararen alde, ziur aski, ez da ezer garrantzizkoagorik egin Sanferminetako kanta euskaratu zenetik edota, aurreko mugarria, Hertzainak-ek bere lehen diska grabatu zutenetik. Araban ez behintzat. Horixe da nire iritzi xumea.

    Eskerrik asko langintza horrean ibili diren guztiei.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s