Artxiboak hilabeteka: ekaina 2015

Zuzentzaile baten eskutitz arrenezkoa

Maialen Berasategi Catalán

Bezero, lankide edo bere testua nire esku utzi duen gizaki agurgarri hori:

Ez da kontu pertsonala. Zin dagit. Ez naiz goizero jaikitzen zure idazkiak aldrebesteko modurik asmotsuenaren bila. Ez nau bereziki gogobetetzen zure hitzen barrunbeetan eskua sartzeak –baditut bestelako bizio batzuk–; zure testua irakurlearengana ulergarrixeago eta egokixeago iristeak, horrek gogobetetzen nau, eta baita, zertarako ukatu, eskua kontu handiz sartu bitartean ikasten dudan guztiak ere.

Bai: eskerrak eman behar dizkizut, zeren, zuri esker, ez baititut lo garuneko neurotransmisoreak.

Nahi nuke ulertzea sinbiosi-harreman bat dela gurea. Biok ateratzen diogula etekina elkarri, biok zukutu dezakegula elkar, eta, ezinbestean, biok eman beharko diogula amore elkarri inoizka, gure artekoak funtzionatuko badu.

Ez nizuke errukirik piztu nahi, baina uler ezazu, arren, zeinen delikatua, labaina, tabua, eufemismoz blaitua den gure lanbidea; hainbeste, batzuetan ez baitugu jakiten geure burua nola izendatu ere: zuzentzaile bai, baina gehiago omen gara hobetzaile, eta, batzuetan, orraztaile, ohargile edo gainbegiratzaile, edo auskalo zer. Duda profesional-existentzial eskizofreniko betiereko batean bizi gara, eta, zenbaitetan, badirudi lotsatu ere egiten garela gure ofizioaz: itzultzaile-zuzentzaile batzuek armairuan gorde behar izaten dute beren ogibidearen beste erdi hori. Izan ere, sorgin-aurpegiarekin eta boligrafo gorri odoltsu batekin irudikatzen gaituzte sarri. Eta nork nahi du hizkuntz polizia izan.

Gu ez gara buruan dituzun munstro horiek, besteren idazkiak apeta-ukaldiz zabartuz beren frustrazioak leuntzen dituztenak. Denok bezalaxe, baditugu indargune batzuk eta miseria dezente, eta baditu nork bere joeratxoak, baita maniaren bat ere, baina ahalegintzen gara halakoak arazten, egunero-egunero, bere bekatuak garbitu nahi dituenaren menekotasun erritualez. Ez dakigu den-dena, eta ez dugu sekula jakingo, baina saiatu, saiatuko gara. Hanka sartuko dugu, bai, baina barkatu beharko diguzu, zure eta gure osasunaren onerako, eta kontuan hartu beharko duzu ezen, proportzioen eta ehunekoen mundu honetan, dozenaka zuzenketatatik gutxi batzuetan okertzen garela, eta ez dela hori marka txarra.

Sinetsi, arren: anker gupidagabetzat jotzen gaituzten bakoitzean, hanka sartzen dugun bakoitzean, eztultxo bat egiten du gure bihotz koxkorrak.

Eta berriro diot: ez da kontu pertsonala. Testu oro da zuzengarri. Nireak ere bai. Gutun tamalgarri samar hau, adibidez, mila aldiz da zuzengarri, azkenik gabe zuzengarri. Zerorrek ere zuzenduko zenioke gauza bat baino gehiago, seguru.

Bada, zabal-zabalik naukazu.

Zure zuzentzailea(-edo)

3 Iruzkin

Maialen Berasategi atalean

Zerrenda beltza, zuzentzeko laguntza ederra

Karlos del Olmo Serna

Esan daroatenez «ez du inor behin ere gaizki jotzen hartzeak», hortaz, nori ez litzaioke gustatuko testuetako terminologia kontrolatu ahal izatea, dela itzultzean, dela idaztean, dela testuak zuzentzean? Zelan eutsi barne koherentziari, zelan errespetatu estu-estu bezeroaren gurari (edo apetaldi) terminologikoak? Wordfast (klasikoa nahiz Pro bertsioa) darabiltenek «ongi ohi dakite Zerrenda Beltza izeneko aukera zein den ona», ikaragarri errazten duelako aipatu programaren aukera horrek zerrenda beltzak eta debekuen ordezko terminoak kudeatzea. Baina, ordenagailuak lagunduriko tresna berezirik gabe ere behar egin dezakegu terminologia kontrolatzen.

Esate baterako, nola jakin dezake zuzentzaileak, modu azkar eta automatizatu samarrean, testu luze bateko terminologia modu koherentetan erabilita ote dagoen, ordenagailuetan ohiko den testu prozesadoreetako bat bitarteko dela? Bezeroak terminologia jakin bat nahi izatea (hortaz, beste aukerak debeku izatea) ez da zerrenda beltzak edo aplikazio baterako hiztegi elektroniko egokituak paratzeko zio bakarra: susmo izan dezakegu testu luze batean ohiko zuzentzaileak txartzat edo ezezaguntzat jo ditzakeela ezagutzen ez dituen berbak, testu horretan ezinbesteko izanik ere; zenbait terminori saihets egin beharko diegula, estandarrean edo are jakintza alor jakin batean ere aukera bat baino gehiago egon daitekeen arren, bat besterik onartzen ez duelako harako testuak; letra larria edo xehea bereiztea muntadun gerta daitekeela («Bunsen metxero bat» ala «bunsen bat»)…

Kode irekiko OpenOffice doako programa, adibidez, erraz molda daiteke zuzenketa eginkizunetarako, zerrenda beltzak (eta zerrendako debekuak zuzentzeko proposamenak) sortzeko aukera eskaintzen duenetik.

Prozedura erraza da, errazik bada: Tresnak menuan Aukerak atalera joko dugu, eta Hizkuntza-ezarpenak aukera hautatuko dugu bertatik zabaltzen zaigun menuan. Hartan, Idazteko Laguntza deritzonera joko dugu, Erabiltzailearen Hiztegiak aukeran Berria botoia sakatu ahal izateko. Hari eragin ondoren, zabaltzen den leihotxoan gure hiztegia bataiatzeko moduan izango gara. Izendatu ostean, zein hizkuntzatarako den aukeratuko dugu menu hedagarrian, kontu muntadun bat ahaztu gabe: klik egitea salbuespena aukeran, horrexek adieraziko baitio programari hura zerrenda beltza dela, erabiltzailearen hiztegi arrunt horietako bat barik. Baietz adierazi ondoren, hiztegia zerrendan agertuko da, lagun dituela (-) bereizgarria eta laneko hizkuntza.

Hiztegia elikatzen hasteko, menu bereko Editatu botoia zapaldu eta behingoan, leiho bat zabalduko da, termino galarazia (Hitza) eta zuzendua (Iradokizuna) idatzi ahal izateko. Elikatu ondoren, erabilgarri izango dugu, besterik gabe. Behar beste hiztegi defini dezakegu eta elikatu, eta beharren arabera, bat edo edo gehiago «piztu» ala «itzungi», laukitxo batean ala batean baino gehiagotan klik eginda.

Mugakizun batzuk ditu, dena dela: sintagmarik ez ezagutzea eta puntuazio ikurrik edo espaziorik erabili ezina, hitzak mugatzeko erabiltzen dituelako halako ikurrak programak.

Hortaz, zuzendu beharreko dokumentua «hiztegi beltz» horrekin edo horiekin aztertzen hasiko litzateke zuzentzailea, gorriz azpimarraturiko ele bakoitzean programak proposaturiko iradokizuna ontzat eman ala dagoen-dagoenean uzteko.

Hiztegiok, zertan esanik ez, idazle, itzultzaile eta zuzentzaileen artean partekatu daitezke. Hartarako, nahikoa da sistema eragilean ezkutatuta dagoen karpeta hau bilatzea —karpeta ezkutuak agerian jartzeko adierazi beharko diogu, aurretik, sistema eragileari, Windowseko esploratzailean karpeta aukeretan artxibo eta karpeta gordeak erakusteko aginduta—.

Karlos1Zerrenda beltzerako irispidea honen moduko bat izango da, nahiz eta sistema eragilearen arabera alda daitekeen:

C:\Documents and Settings\”Erabiltzailearen izena”\Datos de programa\OpenOffice.org2\user\wordbook\

Mac OS sistema eragilean ere karpeta hori topatu behar genuke, Liburutegian, hortxe artxibatzen dituelako hiztegi berezi horiek sistemak.

Gaurko zuzenketak eman du berea, laguntza hau bitartea, biharkoak balekar hobea.

 

Iruzkin bat utzi

Karlos del Olmo atalean

Selektibitatea eta terminologia akademikoa

Igone Zabala Unzalu

Laster hasiko dira unibertsitatera sartzeko hautaprobak eta, ohi denez, askotariko berriak plazaratuko dituzte komunikabideek: horrenbeste ikaslek egingo dituztela probak aurten, oso urduri eta estresatuta daudela nahi duten graduan sartzeko behar duten nota lortu nahian, LOMCE legea aurrera badoa azken selektibitatea 2017koa izango dela… Euskararekin lotutako berriak ere ez dira faltako: hautaprobak ikasle gehiagok egiten dituztela euskaraz gaztelaniaz baino eta, gainditu ere, ikasle gehiagok gainditzen dituztela euskaraz egiten dituztenen artean gaztelaniaz egiten dituztenen artean baino… Poza eta autoestimu-gorakada eragiten digute halako berriek baina, zoritxarrez, albiste ezkorragoak ere egon izan dira maiz, adibidez, itzulpenean egindako akats bategatik azterketa euskaraz egin behar zuten ikasleek galderaren bat egiterik ez dutela izan edo, duela urte pare bat gertatu zen bezala, Biologiako azterketan erretikulu endoplasmiko granulotsuaz galdetu eta zenbait ikaslek galdera erantzun gabe utzi dutela, ez baitute ezer ere ikasi erretikulu horretaz: erretikulu leuna eta pikortsua ikasi dituzte, baina zer ote da erretikulu granulotsua? (Buruz ari naiz, ez baitut aurkitu albiste edo gutuna, eta baliteke nire memoria faltak datu zehatza distortsionatu izana). Akats larriak dira. Eragin zuzena dute okerrok azterketak euskaraz egiten dituzten ikasleen kalifikazioetan, eta dezima bat gorabehera erabakigarria izan daiteke aukeratutako graduan onartua izateko. Euskararen balioa eta prestigioa ere kolokan jar ditzakete horrelakoek.

Bigarren hezkuntzan ezartzen dira terminologia espezializatuaren oinarriak. Izan ere, ez da posible kontzeptu espezializatuak adieraztea terminologiarik gabe eta, beraz, kontzeptu espezializatuak komunitate zientifikoak erabiltzen dituen denominazioekin batera ikasten dira hezkuntza-sistemaren mailaz maila. Testu akademikoen hezurdura kontzeptuala terminoak dira, eta ez dago testuok ulertzerik terminologia aditu gabe. Burura datorkit nire semearekin duela pare bat urte gertatutakoa. Fisikako ariketa batean ibilbidea eta desplazamendua definitzeko eskatzen zioten. Desesperazioak jota zegoen etxera heldu nintzenean. Liburuan ibilbidea bai, baina desplazamendurik ez zegoen inon. Liburura jo eta berehala aurkitu nuen nire semearen desesperazioaren arrazoia: desplazamendu gabe lekualdaketa ageri zen. Hiztegi Batuan biak daude jasota, baina desplazamenduk bakarrik darama Fis. marka. Euskaltermen ere desplazamendu ageri da Fisika alorrean.

Ziur naiz irakurle guztioi etorri zaizuela berehala azalpen edo gogoetaren bat hona ekarri dizuedan pasadizoaren harira baina, bestalde, zalantza handirik ere ez daukat zuetako batzuek Kepa Altonagaren Back to Leizarraga[1] liburuaren ildotik bideratuko zenutela zuen argudio-ildoa eta, beste batzuek, aldiz, Ibon Sarasolaren Euskara Batuaren Ajeak[2] liburuarenetik. Gure artean maiz aurkakotzat hartu izan diren iritzi-ildoez ari naiz, jakina, ez baitut uste aipatutako kasu zehatza ez Sarasolak ez Altonagak mintzagai izan dutenik. Ni ez naiz sartuko ildo horiek erkatzen edota eztabaidatzen, nire iritzia baita hizkuntza-zaindariek eta iritzi-emaileok jomugan dituzten (/ditugun) hizkuntza-ereduen balizko erroten gainetik daudela diskurtso-komunitateen erabilera errealak. Euskararen erregistro akademikoek badituzte hezur-haragizko erabiltzaileak, eta hil ala bizikoa da erregistro horien funtzionaltasuna zalantzan jar lezaketen jardunak eta interbentzioak saihestea. Iritziak iritzi, oraingoan parte interesatu bezala eskatzen diet hautaproben arduradunei zain ditzatela euskarazko azterketak akatsetatik, nire semeak aurten egin behar du eta selektibitatea.

[1] Altonaga, Kepa (2015) Back to Leizarraga. Pamiela.
[2] Sarasola, Ibon (1997) Euskara batuaren ajeak. Alberdania.

Iruzkin bat utzi

Igone Zabala atalean

-EKIKO izenlagunaren aldeko aldarria

Alfontso Mujika

Ahaztuxea dugu, edo baztertuxea, edo nahita zokoratua. Eta ez dakit zergatik. Horregatik egin nahi dut gaur aldarri -EKIKO izenlagunaren alde.

Gaia kokatzeko, ikus dezagun zer esaten duten bi estilo-liburu ezagunek.

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (Patxi Petrirena, Ikasmaterialen Aholku Batzordea, 2011), 172. or.

-ekiko, izenlagun eta batzuetan adizlagun

Gehienbat izenlagunak sortu ditu, oraintsu artean (…). Murritzagoa, eta Hegoaldera mugatua, izan du adizlagun-erabilera (…)

elkarrekiko solasak
lagunekiko harremanak
Estatu Batuek Libiarekiko harremanak eten dituzte
Jainkoarekiko ekinbidea
(…)

Izenlagun denean ere, -ekiko erabiltzeaz gain beste aukeraren bat dagoen pentsatzea komeni da: testuinguruaren arabera, bata edo bestea izan daiteke egokiago:

a. Lege-sistemarekiko mesfidantzaren…
b. Lege-sistemari dioten mesfidantzaren…

a. gorputzen urarekiko portaera
b. gorputzek zer portaera duten uraren aurrean

Labur landuta dago, baina garbi adierazten du -ekikok, batez ere, izenlagunak sortzen dituela. Adibideetan, dena dela, izen abstraktuei lotuta baino ez da ageri (solas, harreman, ekinbide, mesfidantza, portaera).

Euskal estilo libururantz (Xabier Alberdi, EHU, 2001), 127. or.

-EKIKO ATZIZKI KONPOSATUA

Atzizki honen inguruan bi eratako zalantzak era arazoak sortzen zaizkigu: a) alde batetik, murriztapen sintaktikoak daude (adizlagun gisa ere erabil ote daiteke?); b) beste aldetik, murriztapen semantikoak daude (zein ote dira forma konposatu honen balioak edo adierak). Aurrera baino lehen, esan dezagun Euskaltzaindiak ez duela gai honi buruzko arau edo irizpenik plazaratu.

(…)

Izenlagun erabilera

1a) “Bi norabideko erlazioa” adierazten duten izenak mugatuz (oinarrian –ekin kasu-marka): elkar, harreman, lokarri, tratu, jardun, elkarrizketa, solas, bizitza, adiskidetasun, batasun, guda, borroka, batzar, ibilaldi (…)

1b) “norabide bakarreko erlazioa” adierazten duten izenak mugatuz (gaztelaniaz, “para con…”, “en relación a…”, preposizio-sintagmen pareko izan daitekeena): eginkizun, obligazio, ardura, errespetu, eginbide, miserikordia, zor, pena, estimazio, obedientzia, amodio, debozio, jaiera, behar, eskubide, kreditu, gurari, zitalkeria, esker (…)

1c) Izen konkretuak mugatuz (sarritan, deskribapenetan). Erabilera hau XIX. mendetik aurrera dokumentatzen da, eta zenbait autorerengan bakarrik. Iparraldean erabili da gehien, eta Hegoaldeko euskaran ohikoagoak diren egitura batzuen baliokidea litzateke (-dun/-ko nahiz edun/ukan aditzaz baliatuz egindako perpaus erlatiboak).

  • Zaldi bakarrarekiko gurdia zan
  • Bat-batean agertzen zaizkigu, gizotsoak iduri, hiru begiekilako mamu beltz larri batzu
  • Han, ezkaratz-barneko athe hartan, ene lehenbiziko ikustaldian zitzitan bada agertu apez-jantziarekiko gizon ttipi gaztesko bat

(…)

Estilo-liburu horrek azalpen luze eta mamitsua eskaintzen dio -ekiko atzizkiari, batez ere adizlagun-erabilera berrien gehiegikerien inguruan. Eta 1b atalekoen gehiegizko erabilera ere kritikatzen du, gaztelaniazko “en relación a…” eta “con respecto a…” guztiak ordezkatzera igaro delako.

Gehiegikeriak eta desbideratzeak deskribatuta daude, eta ez diot horri heldu nahi, erabilera jatorrei baizik. Jatorra eta orokorra, izenlagun hori ez baita zoko-euskara, nonahiko euskara baizik: ekialdekoa (-ekilako), erdialdeko (-ekiko) eta mendebaldekoa (-gazko). Hona hemen literatura-tradizioko adibide bana:

  • Bidean heldu zirelarik, laminak erraiten dio emainari: Nola, lana zuk egin ondoan, hautatzerat emanen baitauzkitzute bi eltze, bat axalean urhearekin, bertzea axalean hautsarekin, hautaazu hautsarekilakoa, zeren urhea harek bakarrik izanen baitu barnean (Barbier).
  • …baita igaro bearko ere jasa andiarekiko ekaitz portitza (Iztueta).
  • Nire kotxiagazko abenturei jarraituez (Gerrikagoitia).

Egia da izen bati lotuta agertu beharrean izenondo bati lotuta agertzen denean ez dela ezinbesteko egitura, zilegia bada ere; baditu lehiakideak. Adibidez:

  • Zaldi bakarrarekiko gurdia = zaldi bakarreko gurdia
  • Soineko gorriarekiko neska = soineko gorriko neska = neska soineko gorriduna
  • Beste batzuetan, berriz, -ekiko ez erabiltzeagatik, perpus erlatiboak sortzen ditugu, esaldiak astunduz. Adibidez:
  • Arkabuzekiko erasoa.

Garbi dago –ko eta –dun aukerek ez digutela balio (arkabuzeko erasoa?? eraso arkabuzduna??). Halakoetan, perpaus erlatiboetara jo behar izaten dugu:

Arkabuzekin egindako erasoa / arkabuzak erabiliz egindako erasoa.

Egitura hori Iparraldekoa zein Hegoaldekoa da, eta ez da berria. Hala ere, gaur egungo testu estandarretan oso-oso gutxitan agertzen da izenlagun gisa izen konkretuekin. Dena dela, adibide ez gutxi aurkituko ditugu Euskaltzaindiaren lanetan. Adibidez, Euskaltzaindiaren hiztegian bertan:

  • Hiru pertsonarekiko adizkiak.
  • Arkabuzekiko erasoa.
  • Dunba handiarekiko mando lerro luzeak
  • Astoarekiko esneketari asko zetorren oraindik Hondarribira
  • Zaldunekiko erasoa.

Baita Euskaltzaindiaren EGLU lanetan ere (Beñat Oiartzabalen idazkera dela esango nuke):

datiboarekilako komunztadura, singularrekilako hondarkia, Ahal-ekilako perifrasi multzoak, aditz partizipioarekiko moldea, izenordain zehaztugabeekiko kontzesio perpausak, gertakari bururatuarekiko aldiberekotasuna…

Gaur egungo literatura arakaturik, agertzen dira, tarteka, horrelakoak, baina ez ugari. Ez dago desagertuta! (Jean Bordachar, Xubero; Lopez de Arana; Itxaro Borda; Pello Zabala; Jose Morales; Xabier Olarra; Monika Etxeberria; Patxi Zubizarreta; Oskar Arana; Fernando Rey; Patxi Iturritegi, Bernardo Atxaga, Koro Navarro, Matias Mujika, Juan Kruz Igarabide):

Goizean Xiberoko koralekiko meza / Emakume ile beltz hark artesia buru erdian zeukan eta mahuka zabalekiko jantzi berde argi bat soinean. / Berdez inguratutako argi arrosa eta morea ematen zuen arku elektriko baten azpian, laukiekiko jantzia zeukan gizona bi neskarekin gurutzatu zen. / Zain urdinekiko bere esku finez, amak zopa-platerkada bat ipini zuen mutilaren aurrean. / Behean, bi aldeetatik, kaleak argizko puntutxoez osatutako ilaretan barna luzatzen ziren, leiho beltzekiko eraikin karratuen artean. / Loak eta koltxoiek isuritako usain txarra limurtzen zen leiho estuekiko etxeetatik / Harri nabarra, adreilu gorria, errotulu gorri eta berdeekiko asfalto ñarñarkaria. / Jaka zuriarekiko gizona mahaira hurbildu zen. / Gizon gazteak marra gorri, berde eta urdinekiko gorbata zuen. / Pantaila lauarekiko telebista. / Gizonak oihukatu zion gontz erraldoiekiko borta astun eta beilegiaren atzealdean desagertu baino lehen. / Destinuaren aztarnak finkatzeko gai ez zen hosto zuriekiko liburua zen. / bihi gorrixkekiko patxaranak auskalo zenbat tripako-min sendatu dituen gure etxean…! / Ekuatore aldeko ludiaren gerriko horretatik ikus daitekeen elur iraunkorrekiko mendi bakar altua. / Zurezko kupula zaharrekiko eta erpin belztuekiko elizak. / Uda zein negu, inoiz irekitzen ez zituzten leiho txikiekiko gelatxo bat goiko solairuan. / Idazmahaiaren erdian estalki berdearekiko lanpara bat zegoen. / urrezko kirtenarekiko betaurrekoak. / belus horizko azalekiko koaderno mehe bat. / Ile zuriarekiko gizona. / Barraren ondoan ametsetan dagoen neskame atorra beltzarekiko hori. / marra gorri-urdinekiko galtzerdi zuriak. / maindire zuriekiko ohe batean lo egiteko. / begi beltz handiekiko haurren begitarteak. / leiho itxiekiko gelak. / belarrizulo iletsuekiko arlotea. / begi urduriekiko mutila. / bular txiki politak, titiburu tenteekikoak. / Makina bat amets egiten nuen pareta loredunekiko gelan. / Lehenbiziko solairuan egongela zegoen, besaulki handiekikoa./ letra urdinekiko ikonoa. / harri arrosa edo ia arrosekiko etxe hartan. / Neska handia eta mardula zen, esku itsusiekikoa. / beste bat betaurreko lodiekikoa. / Marra zuri eta gorriekiko korbata. / injinadore uniformearekiko gazte dotore bat. / Txinatar mamu bat, aurpegi zurbilarekikoa

Hor dago, bai. Ez da desagertu. Hala ere, ekuazioekiko problemak gisakoak ez erabiltzeko gomendioa ere iritsi zait aspaldi ez dela, eta ekuazioen problemak edo ekuazioak dituzten problemak erabiltzea aholkatu didate. Prentsa txarra du, nonbait, egitura horrek, herriarekiko harremanak, Jainkoarenganako jaiera eta gisako sintagma abstraktu eta “serioetarako” bakarrik balioko balu bezala.

4 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

Uste dugunetik dakigunera, bitxikeriatik normaltasunera

Gorka Lekaroz Mazizior

«¡Qué pintoresco!», bota zigun duela hainbat urte Gaztelako emakume ikasi samarrak atzerrirako bidaia batean, emaztea eta biok euskaraz mintzatu ohi ginela esanda. Euskara, ulertezinaren ulertezinez eta bitxiaren bitxiz normaltasun osoz erabil daitekeela sinesteak berak lanak ematen dituen hizkuntza. Euskaraz aritze hutsak autobus bete turista japoniar argazkizale erakarri beharko balitu bezala.

Topikoa besterik ez da nik japoniarrez erabili berri dudana, baina euskararen ingurumarian badira horrelako beste asko. Euskal Herritik landa jaiotako adiskide on batek, esaterako, urteetako harremana eta elkarrenganako errespetua gorabehera, ez du gaurdaino lortu euskarak luzaroan iradoki izan dion tasun topikoa («hostil») gogotik zeharo uxatzea. Nola edo hala, erraietaraino sarrarazitako zerbait omen da beretzat eta beste hainbatentzat.

Folklorismoak eragindako irudi oker baina arinak direla, edota mezu ilun eta mingarriagoa daramaten asmazioak, aski ezaguna da ezjakintasunaren hegalpean hazitako hamaikatxo erreakzio eragin izan duela –eta eragiten duela– euskarak kanpoan; ez derrigorrez gugandik oso urrun.

Kanpoan bakarrik, ordea? Gurean ez? Seguru asko, geu ere euskararen inguruko hainbat uste erdi ustel sinetsita bizi gara. Eta haietako zenbait pozarren eta harro sinetsita, esango nuke.

Euskara hizkuntza bitxi, ezohiko eta arrarotzat jo izan dute kanpotar ugarik historian zehar. Euskal hiztegirik zaharrena utzi zigun Aymeric Picaud erromesak beste anitzek jarraitu duten arrasto sakona utzi zuen Erdi Aroan:

Sique illos loqui audires, canum latrancium memorares
(Hizketan entzungo bazenie, zaunka ari diren zakurrez oroituko zinateke)

Ez ziren hitz gozoak izan, bistakoa da. Baina esaldi horri onartezin iritziko liokeen etxeko askok ere, ez al du Aymeric Picauden hitzei darien euskararen arrarotasun uste hori bera baliatzen, hizkuntzaren goresgarri oraingo honetan, jatorri ezagunik gabea, hain zaharra (?) edo besteak ez bezalakoa (??) izatea meritu bailitzan?

Eta ez dira zuzenak, gainera, euskara deskribatzeko (goratzeko zein gaitzesteko) erabili ohi diren argudio horietako asko; ez da egia beste guztien aldean hizkuntza arraroa, bakartua edo zaharra dela. Horren adibide da, esaterako, perpauseko elementuen arteko ordena. Horri dagokionez SOV hizkuntza da euskara (subject-object-verb), albo-hizkuntzak ez bezala:

Mikelek (S) sagarrak (O) jan zituen (V)
Mikel (S) comió (V) manzanas (O)

Euskararen ordena ez da inguruan ohikoa, beraz; baina pentsa genezakeen baino askoz arruntagoa da. Euskararen ezaugarri hori ez da horren bitxia, ezta hurrik eman ere. Are gehiago, euskararen hitz ordena da usuena, eta ez bizilagunena, Europa mendebaldeko txokotik aldendu eta mundu zabaleko mintzairei so eginez gero:

gorka mapaGorka datuak 3Gorriz adierazitako auzo-hizkuntzekin erkatuta ezohikoa da euskara (eta ez ditu nolanahiko auzoak, esan gabe doa); ez, ordea, munduko hizkuntzen aniztasunaren argitan ikusiz gero.

Badu euskarak hari normaltasunez begiratu beharra, etxetik bertatik hasita. Ez erabilera egunetik egunera normalizatuagoa izan dadin bakarrik; baita hizkuntza den gisan ikusteko ere –gainerakoen pareko beste bat bezala, alegia– eta jakintza berriarekin baino gehiago mito zaharrarekin lotutako alferrikako apaingarrien pisua arintzeko. Mezu hori helarazi zigun joan den otsailean argudio ederrak lagun zituela Ekaitz Santaziliak, 2015ean zehar Gasteizko Oihaneder Jauregian burutzen ari den Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera mintegiaren karietara.

UEUk eta Aziti Bihia elkarteak eskainita, euskararen, haren historiaren eta filologiaren inguruko ikerketak zertan diren jakiteko aukera ederra eskaintzen ari da abendura arte iraungo duen mintegia. Euskarari buruzko uste erdi ustel horiek ehundutako jantzi zaharrak erantzi eta bitxikeriatik normaltasunerako inolako urratsik emango bada, euskaldunok ekin behar genioke bide horri inork baino lehen. Gasteizkoa bezalako ekimenek erraztu egingo dute zalantzarik gabe ezinbesteko lan hori.

18 Iruzkin

Gorka Lekaroz atalean

Futboletik argia

Iñaki Segurola

Aspaldi honetan hizkuntzen gizarteko gorabeheren gainean argirik hoberena futbolaren mundutik etorri zaigula esango nuke nik. Gure moduko axkar-ustekoek gizakaxkar edo gizakoxkortzat hartu izan dugu maiz futboleko jende hori, baina aitortu beharra dago haietako batzuk bederen gai direla futbolaz kanpoko gauzen gainean gu baino askozaz garbikiago eta egokiago jarduteko. Adibide aski ezagun batzuk dakartzat lekuko.

(1) “EZ! ‘BERDIN DA’ EZ!” Raül Agnék esana, Gironako entrenatzailea zela. Aragoiko katalana da Agné, nolazpait esateko, eta Mekinentzan jaioa. Katalanez egindako galderari katalanez erantzuten ari zela, Oskako hirian, kazetari elebakar, belarrimotz edo bihotzustelek galdegin diote kastillanoz egiteko faborez, berdin dela eta kontua elkar ulertzea dela, eta orduan Agnék: “no lo entiendo esto… ¡no!, ¡’da igual’ no!, ¡’da igual’ no!… con el rollo… ¡no hay rueda de prensa!”. Eta jaiki eta martxa etxera. Ez dago garbiago hitzegiterik eta egiterik. Arrazoiak eskatzen dizkigute hizkuntza boteretsu edo erosora ez makurtzea esplikatzeko, hizkuntza eraginkorrenean ez etsitzeko, ustezko elkar-ulertze unibertsala zailtzeko. Arrazoi bakarra dago, eta oso astun edo pisuzkoa da: ez da berdin.

(2) “ZER DUK HIK?” Eibarko entrenatzaile Gaizka Garitanoren afera Almerian. Denek dakitena. “¿Pasa algo? ¿Pasa algo, o qué? ¿Pasa algo?” Ulertzen ez den hizkuntza (ahula) belarriz eta barnez ezin jasan eta purrustaka ari denari galdetu behar zaio: “zer duk hik?” edo “ze (ostia) gertatzen zaik?” Esango bagenu bezala: ahularen hitza ezin jasan baldin baduk, higan baduk okerren bat; oker zabaldua, oker ia normaltzakoa, baina okerra.

(3) “HAU ERRESPETU FALTA DA, JAUNAK!” Almeriako prentsaburu Juan José Morenok esana edo botea da, Garitanoren aferaren barruan, kazetari purrustagileei agiraka eginez. Ahularen libertate hitzezkoa urratu nahi lukeenarena da errespetu falta, eta ez, boteretik esaten den moduan, elkar-ulertze erraz edo merkea ustez zailtzen duenarena. Hau errespetu falta da; errespetu falta hau da.

(4) “HIZKUNTZA BAT DELAKO.” Josep Guardiola i Sala, entrenatzaile Munichen. Almeriako gorabeheren ondotik egindako adierazpenak, katalanetik itzuliak: “Lehentxoago edo gerotxoago lortuko dugu denek ulertzea munduan diren mila hizkuntzetan hitzegin daitekeela, eta katalana horietako bat da. Ez hizkuntza koofiziala delako; hitzegiten da hizkuntza bat delako, eta edozeinek hitzegin dezakeen hizkuntza da. Eta ulertzen ez bada, itzulpena egiten da. Ez dago arazorik”. Ez ‘eskubide bat delako’, ‘nazio bat garelako’, ‘garapen pertsonalarentzat ona delako’ edo auskalo zergatik edo zertarako. Ez: munduko edozein hizkuntzak eskatu bezala egiten du hitzegina izatea. “Eta ulertzen ez bada, itzulpena egiten da”: hortxe daukazue, itzultzaile jaun-andreok, zuen ofizioaren funtsa ezin garbikiago adierazia.

Mundua alde erantzira jantzia bezala. Egundo ez bezalako argia dator gugana futboletik, eta orain falta dena da, ordain moduan, ikusirik nola laguntzen zaigun futbolaren mundutik gure espirituko anabasa bere onera eta xuhurrera ekartzen, ordain moduan, beraz, faltako litzatekeena da gure moduko jendea izatea, nolazpait esateko eta adibidetxo bat besterik ez aitatzeagarik, ortzai[1] zergatik galarazten duten sekula ulertu ez dugun jende-modua izatea futbolaren izena daukan putetxe megamilioitsua bere onera, bere senera eta bere xuhurrera bihurtzen lagunduko lukeena. Alde erantzira jantzita, har lezake munduak ondu bat.

[1] Hola esaten diogu edo genion “jokoz kanpo” delakoari, ingelesezko off side euskarara egokiturik. Jakineko hitz-jokotxoa zuen berekin: “Ortzai? Nun eongoepa zai? Ortxe eon ber ba zai!”

Iruzkin bat utzi

Iñaki Segurola atalean