Zuzentzaile baten eskutitz arrenezkoa

Maialen Berasategi Catalán

Bezero, lankide edo bere testua nire esku utzi duen gizaki agurgarri hori:

Ez da kontu pertsonala. Zin dagit. Ez naiz goizero jaikitzen zure idazkiak aldrebesteko modurik asmotsuenaren bila. Ez nau bereziki gogobetetzen zure hitzen barrunbeetan eskua sartzeak –baditut bestelako bizio batzuk–; zure testua irakurlearengana ulergarrixeago eta egokixeago iristeak, horrek gogobetetzen nau, eta baita, zertarako ukatu, eskua kontu handiz sartu bitartean ikasten dudan guztiak ere.

Bai: eskerrak eman behar dizkizut, zeren, zuri esker, ez baititut lo garuneko neurotransmisoreak.

Nahi nuke ulertzea sinbiosi-harreman bat dela gurea. Biok ateratzen diogula etekina elkarri, biok zukutu dezakegula elkar, eta, ezinbestean, biok eman beharko diogula amore elkarri inoizka, gure artekoak funtzionatuko badu.

Ez nizuke errukirik piztu nahi, baina uler ezazu, arren, zeinen delikatua, labaina, tabua, eufemismoz blaitua den gure lanbidea; hainbeste, batzuetan ez baitugu jakiten geure burua nola izendatu ere: zuzentzaile bai, baina gehiago omen gara hobetzaile, eta, batzuetan, orraztaile, ohargile edo gainbegiratzaile, edo auskalo zer. Duda profesional-existentzial eskizofreniko betiereko batean bizi gara, eta, zenbaitetan, badirudi lotsatu ere egiten garela gure ofizioaz: itzultzaile-zuzentzaile batzuek armairuan gorde behar izaten dute beren ogibidearen beste erdi hori. Izan ere, sorgin-aurpegiarekin eta boligrafo gorri odoltsu batekin irudikatzen gaituzte sarri. Eta nork nahi du hizkuntz polizia izan.

Gu ez gara buruan dituzun munstro horiek, besteren idazkiak apeta-ukaldiz zabartuz beren frustrazioak leuntzen dituztenak. Denok bezalaxe, baditugu indargune batzuk eta miseria dezente, eta baditu nork bere joeratxoak, baita maniaren bat ere, baina ahalegintzen gara halakoak arazten, egunero-egunero, bere bekatuak garbitu nahi dituenaren menekotasun erritualez. Ez dakigu den-dena, eta ez dugu sekula jakingo, baina saiatu, saiatuko gara. Hanka sartuko dugu, bai, baina barkatu beharko diguzu, zure eta gure osasunaren onerako, eta kontuan hartu beharko duzu ezen, proportzioen eta ehunekoen mundu honetan, dozenaka zuzenketatatik gutxi batzuetan okertzen garela, eta ez dela hori marka txarra.

Sinetsi, arren: anker gupidagabetzat jotzen gaituzten bakoitzean, hanka sartzen dugun bakoitzean, eztultxo bat egiten du gure bihotz koxkorrak.

Eta berriro diot: ez da kontu pertsonala. Testu oro da zuzengarri. Nireak ere bai. Gutun tamalgarri samar hau, adibidez, mila aldiz da zuzengarri, azkenik gabe zuzengarri. Zerorrek ere zuzenduko zenioke gauza bat baino gehiago, seguru.

Bada, zabal-zabalik naukazu.

Zure zuzentzailea(-edo)

3 Iruzkin

Maialen Berasategi atalean

3 responses to “Zuzentzaile baten eskutitz arrenezkoa

  1. Erramun Gerrikagoitia

    Gogoeta polita.

  2. Iñaki Ibañez

    Hunkigarria, benetan!

    Zurekin bat egiten dut sentipen guztietan.

    Ni ere itzultzaile-zuzentzailea(-edo) naiz: itzultzailea, gogoz; zuzentzailea, nahitaez.

    Zure baimenarekin, nire zuzenketen pean jartzen direnei bidaliko diet zure eskutitza (egiletza aipatuta, noski), zuzenketaren batekin “sentsazio txar horrekin” gelditzen naizenetan, batez ere.

  3. Maialen Berasategi Catalán

    Eskerrik asko bioi.
    Eta bai noski, Iñaki, erabili nahieran gutuna. Balioko ahal dio norbaiti zerbait argitzeko…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s