-EKIKO izenlagunaren aldeko aldarria

Alfontso Mujika

Ahaztuxea dugu, edo baztertuxea, edo nahita zokoratua. Eta ez dakit zergatik. Horregatik egin nahi dut gaur aldarri -EKIKO izenlagunaren alde.

Gaia kokatzeko, ikus dezagun zer esaten duten bi estilo-liburu ezagunek.

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (Patxi Petrirena, Ikasmaterialen Aholku Batzordea, 2011), 172. or.

-ekiko, izenlagun eta batzuetan adizlagun

Gehienbat izenlagunak sortu ditu, oraintsu artean (…). Murritzagoa, eta Hegoaldera mugatua, izan du adizlagun-erabilera (…)

elkarrekiko solasak
lagunekiko harremanak
Estatu Batuek Libiarekiko harremanak eten dituzte
Jainkoarekiko ekinbidea
(…)

Izenlagun denean ere, -ekiko erabiltzeaz gain beste aukeraren bat dagoen pentsatzea komeni da: testuinguruaren arabera, bata edo bestea izan daiteke egokiago:

a. Lege-sistemarekiko mesfidantzaren…
b. Lege-sistemari dioten mesfidantzaren…

a. gorputzen urarekiko portaera
b. gorputzek zer portaera duten uraren aurrean

Labur landuta dago, baina garbi adierazten du -ekikok, batez ere, izenlagunak sortzen dituela. Adibideetan, dena dela, izen abstraktuei lotuta baino ez da ageri (solas, harreman, ekinbide, mesfidantza, portaera).

Euskal estilo libururantz (Xabier Alberdi, EHU, 2001), 127. or.

-EKIKO ATZIZKI KONPOSATUA

Atzizki honen inguruan bi eratako zalantzak era arazoak sortzen zaizkigu: a) alde batetik, murriztapen sintaktikoak daude (adizlagun gisa ere erabil ote daiteke?); b) beste aldetik, murriztapen semantikoak daude (zein ote dira forma konposatu honen balioak edo adierak). Aurrera baino lehen, esan dezagun Euskaltzaindiak ez duela gai honi buruzko arau edo irizpenik plazaratu.

(…)

Izenlagun erabilera

1a) “Bi norabideko erlazioa” adierazten duten izenak mugatuz (oinarrian –ekin kasu-marka): elkar, harreman, lokarri, tratu, jardun, elkarrizketa, solas, bizitza, adiskidetasun, batasun, guda, borroka, batzar, ibilaldi (…)

1b) “norabide bakarreko erlazioa” adierazten duten izenak mugatuz (gaztelaniaz, “para con…”, “en relación a…”, preposizio-sintagmen pareko izan daitekeena): eginkizun, obligazio, ardura, errespetu, eginbide, miserikordia, zor, pena, estimazio, obedientzia, amodio, debozio, jaiera, behar, eskubide, kreditu, gurari, zitalkeria, esker (…)

1c) Izen konkretuak mugatuz (sarritan, deskribapenetan). Erabilera hau XIX. mendetik aurrera dokumentatzen da, eta zenbait autorerengan bakarrik. Iparraldean erabili da gehien, eta Hegoaldeko euskaran ohikoagoak diren egitura batzuen baliokidea litzateke (-dun/-ko nahiz edun/ukan aditzaz baliatuz egindako perpaus erlatiboak).

  • Zaldi bakarrarekiko gurdia zan
  • Bat-batean agertzen zaizkigu, gizotsoak iduri, hiru begiekilako mamu beltz larri batzu
  • Han, ezkaratz-barneko athe hartan, ene lehenbiziko ikustaldian zitzitan bada agertu apez-jantziarekiko gizon ttipi gaztesko bat

(…)

Estilo-liburu horrek azalpen luze eta mamitsua eskaintzen dio -ekiko atzizkiari, batez ere adizlagun-erabilera berrien gehiegikerien inguruan. Eta 1b atalekoen gehiegizko erabilera ere kritikatzen du, gaztelaniazko “en relación a…” eta “con respecto a…” guztiak ordezkatzera igaro delako.

Gehiegikeriak eta desbideratzeak deskribatuta daude, eta ez diot horri heldu nahi, erabilera jatorrei baizik. Jatorra eta orokorra, izenlagun hori ez baita zoko-euskara, nonahiko euskara baizik: ekialdekoa (-ekilako), erdialdeko (-ekiko) eta mendebaldekoa (-gazko). Hona hemen literatura-tradizioko adibide bana:

  • Bidean heldu zirelarik, laminak erraiten dio emainari: Nola, lana zuk egin ondoan, hautatzerat emanen baitauzkitzute bi eltze, bat axalean urhearekin, bertzea axalean hautsarekin, hautaazu hautsarekilakoa, zeren urhea harek bakarrik izanen baitu barnean (Barbier).
  • …baita igaro bearko ere jasa andiarekiko ekaitz portitza (Iztueta).
  • Nire kotxiagazko abenturei jarraituez (Gerrikagoitia).

Egia da izen bati lotuta agertu beharrean izenondo bati lotuta agertzen denean ez dela ezinbesteko egitura, zilegia bada ere; baditu lehiakideak. Adibidez:

  • Zaldi bakarrarekiko gurdia = zaldi bakarreko gurdia
  • Soineko gorriarekiko neska = soineko gorriko neska = neska soineko gorriduna
  • Beste batzuetan, berriz, -ekiko ez erabiltzeagatik, perpus erlatiboak sortzen ditugu, esaldiak astunduz. Adibidez:
  • Arkabuzekiko erasoa.

Garbi dago –ko eta –dun aukerek ez digutela balio (arkabuzeko erasoa?? eraso arkabuzduna??). Halakoetan, perpaus erlatiboetara jo behar izaten dugu:

Arkabuzekin egindako erasoa / arkabuzak erabiliz egindako erasoa.

Egitura hori Iparraldekoa zein Hegoaldekoa da, eta ez da berria. Hala ere, gaur egungo testu estandarretan oso-oso gutxitan agertzen da izenlagun gisa izen konkretuekin. Dena dela, adibide ez gutxi aurkituko ditugu Euskaltzaindiaren lanetan. Adibidez, Euskaltzaindiaren hiztegian bertan:

  • Hiru pertsonarekiko adizkiak.
  • Arkabuzekiko erasoa.
  • Dunba handiarekiko mando lerro luzeak
  • Astoarekiko esneketari asko zetorren oraindik Hondarribira
  • Zaldunekiko erasoa.

Baita Euskaltzaindiaren EGLU lanetan ere (Beñat Oiartzabalen idazkera dela esango nuke):

datiboarekilako komunztadura, singularrekilako hondarkia, Ahal-ekilako perifrasi multzoak, aditz partizipioarekiko moldea, izenordain zehaztugabeekiko kontzesio perpausak, gertakari bururatuarekiko aldiberekotasuna…

Gaur egungo literatura arakaturik, agertzen dira, tarteka, horrelakoak, baina ez ugari. Ez dago desagertuta! (Jean Bordachar, Xubero; Lopez de Arana; Itxaro Borda; Pello Zabala; Jose Morales; Xabier Olarra; Monika Etxeberria; Patxi Zubizarreta; Oskar Arana; Fernando Rey; Patxi Iturritegi, Bernardo Atxaga, Koro Navarro, Matias Mujika, Juan Kruz Igarabide):

Goizean Xiberoko koralekiko meza / Emakume ile beltz hark artesia buru erdian zeukan eta mahuka zabalekiko jantzi berde argi bat soinean. / Berdez inguratutako argi arrosa eta morea ematen zuen arku elektriko baten azpian, laukiekiko jantzia zeukan gizona bi neskarekin gurutzatu zen. / Zain urdinekiko bere esku finez, amak zopa-platerkada bat ipini zuen mutilaren aurrean. / Behean, bi aldeetatik, kaleak argizko puntutxoez osatutako ilaretan barna luzatzen ziren, leiho beltzekiko eraikin karratuen artean. / Loak eta koltxoiek isuritako usain txarra limurtzen zen leiho estuekiko etxeetatik / Harri nabarra, adreilu gorria, errotulu gorri eta berdeekiko asfalto ñarñarkaria. / Jaka zuriarekiko gizona mahaira hurbildu zen. / Gizon gazteak marra gorri, berde eta urdinekiko gorbata zuen. / Pantaila lauarekiko telebista. / Gizonak oihukatu zion gontz erraldoiekiko borta astun eta beilegiaren atzealdean desagertu baino lehen. / Destinuaren aztarnak finkatzeko gai ez zen hosto zuriekiko liburua zen. / bihi gorrixkekiko patxaranak auskalo zenbat tripako-min sendatu dituen gure etxean…! / Ekuatore aldeko ludiaren gerriko horretatik ikus daitekeen elur iraunkorrekiko mendi bakar altua. / Zurezko kupula zaharrekiko eta erpin belztuekiko elizak. / Uda zein negu, inoiz irekitzen ez zituzten leiho txikiekiko gelatxo bat goiko solairuan. / Idazmahaiaren erdian estalki berdearekiko lanpara bat zegoen. / urrezko kirtenarekiko betaurrekoak. / belus horizko azalekiko koaderno mehe bat. / Ile zuriarekiko gizona. / Barraren ondoan ametsetan dagoen neskame atorra beltzarekiko hori. / marra gorri-urdinekiko galtzerdi zuriak. / maindire zuriekiko ohe batean lo egiteko. / begi beltz handiekiko haurren begitarteak. / leiho itxiekiko gelak. / belarrizulo iletsuekiko arlotea. / begi urduriekiko mutila. / bular txiki politak, titiburu tenteekikoak. / Makina bat amets egiten nuen pareta loredunekiko gelan. / Lehenbiziko solairuan egongela zegoen, besaulki handiekikoa./ letra urdinekiko ikonoa. / harri arrosa edo ia arrosekiko etxe hartan. / Neska handia eta mardula zen, esku itsusiekikoa. / beste bat betaurreko lodiekikoa. / Marra zuri eta gorriekiko korbata. / injinadore uniformearekiko gazte dotore bat. / Txinatar mamu bat, aurpegi zurbilarekikoa

Hor dago, bai. Ez da desagertu. Hala ere, ekuazioekiko problemak gisakoak ez erabiltzeko gomendioa ere iritsi zait aspaldi ez dela, eta ekuazioen problemak edo ekuazioak dituzten problemak erabiltzea aholkatu didate. Prentsa txarra du, nonbait, egitura horrek, herriarekiko harremanak, Jainkoarenganako jaiera eta gisako sintagma abstraktu eta “serioetarako” bakarrik balioko balu bezala.

4 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

4 responses to “-EKIKO izenlagunaren aldeko aldarria

  1. Igone Zabala

    Erabat ados, Alfontso. Nolanahi ere, gaineratuko nuke izenlagun erabileran batzuetan -ekiko postposizioaz abusatu egiten dela, eta izenaren arabera egokiagoak direla bestelako postposizio batzuk: -ren aurreko erantzuna, -ren gaineko eragina, -gatiko aldaketa…

  2. Alfontso Mujika

    Kaixo, Igone:

    Arrazoi duzu. Batzuetan, testu teknikoetan, abusatu egiten da, eta komeni da beste aukerarik dagoen ikustea.

    Harira datorrela eta, bazter-ohartxo bat, dena dela, “-ren aurreko” postposizioari buruz: “-ekiko” ez erabiltzeagatik “-ren aurreko” erabiltzea ez da beti-beti egokia, “aurreko” izenlagunak, beste ezer baino lehen, kokapen espaziala edo denbora-kokapena denotatzen baitu. Horregatik, inoiz, nahasgarri gerta daiteke. Adibidez, elektronikan, “sistemaren seinalearen aurreko eta ondoko erantzuna” denborazkoa izango litzateke: “sistemak seinalea baino lehen eta seinalearen ondoren duen erantzuna”.

    Horregatik, “sarrera-seinalearen aurreko erantzuna”, besterik gabe, “sarrera-seinalearen aurretik izan den erantzuna” ulertuko genuke. Baina adibide erreal honetan:

    baldin eta jotzen badugu sistema erlaxatua dela eta ckxk(n)-ren aurreko erantzuna ckyk(n) dela

    irakurleak ulertuko luke bi erantzun daudela, eta erantzun bat bestearen aurretik dagoela edo bestearen aurretik gertatzen dela. Ez da hori, ordea, esanahia:

    assuming that the system is relaxed and that the response to ckxk(n) is ckyk(n)

    Hau esan nahi du: “sistemak ckxk(n) seinaleari ckyk(n) seinalearekin erantzuten dio”.

    Horregatik, interpretaziorako aukerarik ez uzteko, hobe dugu, halakoetan, postposizioa, gramatikalki zilegia eta zuzena izanagatik, ez erabiltzea denbora- edo espazio-kokapenarekin ez nahasteko:

    baldin eta jotzen badugu sistema erlaxatua dela eta ckxk(n)-rekiko erantzuna ckyk(n) dela (edo parafarasietara jotzea, bestela).

    • Igone Zabala

      Ados nago, Alfontso, zenbaitetan anbiguotasunak gerta daitezke, baina anbiguotasunak testuetan gertatzen dira eta kasu bakoitzean bilatu behar zaizkie aterabideak, zehaztasuna gorde nahi izanez gero. Nolanahi ere, “sistemaren seinalearen aurreko eta ondoko erantzuna” adibidean, testuinguruak berak eramango gintuzke denbora-irakurketara. Jakintza-alor bakoitzean era bateko izenak eta adierazpideak ageri dira, gainera.
      Askotan aholkuak ematen dira hizkuntza-elementuak testuetatik isolatuta, eta nik esan nahi nuena da testuinguru batzuek -ekiko eskatzen dutela argi eta garbi eta beste batzuek, aldiz, beste postposizio batzuk. Aukerek neurri handian izenen semantikarekin eta subkategorizazioarekin dute zerikusia nire iritziz, eta hori da postposizioa hautatzeko orduan beharko den lehen irizpidea. Ondoren datoz, jakina, testua josteko orduan testuinguru jakin batean gerta daitezkeen konbinazioak eta interpretazioak. Gai interesagarria eta adibide interesgarriak eman dituzunak.

  3. Aintzane Ibarzabal

    Susmoa daukat gaur egungo gazteek “ekuazioena” erraz ulertu eta erabiliko luketela, gauza bera aipatu dituzun beste adibide abstraktu eta formalak: -ekiko ardura, kezka…. Aldiz, galzorian ikusten dut erabilera herritarragoa: la chica de la chaqueta roja…Esango nuke bakar batek ere ez lukeela erabilera horretarako aukeratuko ia gaur arte bizi bizirik egon den –ekiko atzizkia. Hor ikusten ditut nik aldeak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s