Uste dugunetik dakigunera, bitxikeriatik normaltasunera

Gorka Lekaroz Mazizior

«¡Qué pintoresco!», bota zigun duela hainbat urte Gaztelako emakume ikasi samarrak atzerrirako bidaia batean, emaztea eta biok euskaraz mintzatu ohi ginela esanda. Euskara, ulertezinaren ulertezinez eta bitxiaren bitxiz normaltasun osoz erabil daitekeela sinesteak berak lanak ematen dituen hizkuntza. Euskaraz aritze hutsak autobus bete turista japoniar argazkizale erakarri beharko balitu bezala.

Topikoa besterik ez da nik japoniarrez erabili berri dudana, baina euskararen ingurumarian badira horrelako beste asko. Euskal Herritik landa jaiotako adiskide on batek, esaterako, urteetako harremana eta elkarrenganako errespetua gorabehera, ez du gaurdaino lortu euskarak luzaroan iradoki izan dion tasun topikoa («hostil») gogotik zeharo uxatzea. Nola edo hala, erraietaraino sarrarazitako zerbait omen da beretzat eta beste hainbatentzat.

Folklorismoak eragindako irudi oker baina arinak direla, edota mezu ilun eta mingarriagoa daramaten asmazioak, aski ezaguna da ezjakintasunaren hegalpean hazitako hamaikatxo erreakzio eragin izan duela –eta eragiten duela– euskarak kanpoan; ez derrigorrez gugandik oso urrun.

Kanpoan bakarrik, ordea? Gurean ez? Seguru asko, geu ere euskararen inguruko hainbat uste erdi ustel sinetsita bizi gara. Eta haietako zenbait pozarren eta harro sinetsita, esango nuke.

Euskara hizkuntza bitxi, ezohiko eta arrarotzat jo izan dute kanpotar ugarik historian zehar. Euskal hiztegirik zaharrena utzi zigun Aymeric Picaud erromesak beste anitzek jarraitu duten arrasto sakona utzi zuen Erdi Aroan:

Sique illos loqui audires, canum latrancium memorares
(Hizketan entzungo bazenie, zaunka ari diren zakurrez oroituko zinateke)

Ez ziren hitz gozoak izan, bistakoa da. Baina esaldi horri onartezin iritziko liokeen etxeko askok ere, ez al du Aymeric Picauden hitzei darien euskararen arrarotasun uste hori bera baliatzen, hizkuntzaren goresgarri oraingo honetan, jatorri ezagunik gabea, hain zaharra (?) edo besteak ez bezalakoa (??) izatea meritu bailitzan?

Eta ez dira zuzenak, gainera, euskara deskribatzeko (goratzeko zein gaitzesteko) erabili ohi diren argudio horietako asko; ez da egia beste guztien aldean hizkuntza arraroa, bakartua edo zaharra dela. Horren adibide da, esaterako, perpauseko elementuen arteko ordena. Horri dagokionez SOV hizkuntza da euskara (subject-object-verb), albo-hizkuntzak ez bezala:

Mikelek (S) sagarrak (O) jan zituen (V)
Mikel (S) comió (V) manzanas (O)

Euskararen ordena ez da inguruan ohikoa, beraz; baina pentsa genezakeen baino askoz arruntagoa da. Euskararen ezaugarri hori ez da horren bitxia, ezta hurrik eman ere. Are gehiago, euskararen hitz ordena da usuena, eta ez bizilagunena, Europa mendebaldeko txokotik aldendu eta mundu zabaleko mintzairei so eginez gero:

gorka mapaGorka datuak 3Gorriz adierazitako auzo-hizkuntzekin erkatuta ezohikoa da euskara (eta ez ditu nolanahiko auzoak, esan gabe doa); ez, ordea, munduko hizkuntzen aniztasunaren argitan ikusiz gero.

Badu euskarak hari normaltasunez begiratu beharra, etxetik bertatik hasita. Ez erabilera egunetik egunera normalizatuagoa izan dadin bakarrik; baita hizkuntza den gisan ikusteko ere –gainerakoen pareko beste bat bezala, alegia– eta jakintza berriarekin baino gehiago mito zaharrarekin lotutako alferrikako apaingarrien pisua arintzeko. Mezu hori helarazi zigun joan den otsailean argudio ederrak lagun zituela Ekaitz Santaziliak, 2015ean zehar Gasteizko Oihaneder Jauregian burutzen ari den Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera mintegiaren karietara.

UEUk eta Aziti Bihia elkarteak eskainita, euskararen, haren historiaren eta filologiaren inguruko ikerketak zertan diren jakiteko aukera ederra eskaintzen ari da abendura arte iraungo duen mintegia. Euskarari buruzko uste erdi ustel horiek ehundutako jantzi zaharrak erantzi eta bitxikeriatik normaltasunerako inolako urratsik emango bada, euskaldunok ekin behar genioke bide horri inork baino lehen. Gasteizkoa bezalako ekimenek erraztu egingo dute zalantzarik gabe ezinbesteko lan hori.

18 Iruzkin

Gorka Lekaroz atalean

18 responses to “Uste dugunetik dakigunera, bitxikeriatik normaltasunera

  1. Maite Urkia

    Gasteizko Oihaneder Jauregian egiten ari diren mintegi hori interesgarria iruditu zaidanez, Interneten begiratu dut, eta mintegiko bi hitzaldi topatu ditut Youtuben: Ekaitz Santaziliarena, aurtengo martxoaren 16an argitaratua, eta Joseba Lakarrarena, apirilaren 27an argitaratua.
    Eskerrik asko, Gorka, mintegi horren berri emateagatik.

  2. Bittor Hidalgo

    Eta berriro eztabaidatzen badugu, Gorka, hain erraz adierazten duzun euskararen delako SOVtasuna? Bada denbora pixka bat nik behintzat uko egin niela halako baieztapen sinpleei. Jende askok esateak, batzuk besteen oihartzun, ez die zilegitasun handiagorik ematen ustekeria asmatu berriei, ez? Ala bai? Esaterako, zer esan nahi du zuretzat euskara SOV hizkuntza dela esateak? Eztabaida agerian edo bion artean egin genezake, nik nolanahi ere den, gustura asko.
    Ondo segi
    Bittor

  3. Borja

    Ez du esan nahi inolaz ere SOV denik egitura bakarra, ezta kasu batzuetan arruntena ere. Baina “Mirenek sagarra jan du”, orain arte behintzat, eta oraindik askorentzat, hitz ordena ez-markatua (izan) da. Kontua da SVO hizkuntzak “zurrunagoak” izan ohi direla (gure ingurukoak kasu), eta SOV hizkuntzak, aldiz, “malguagoak”; bestelako ordenak askoz errazago eta maizago onartzen eta erabiltzen dituzte.
    Beti ere esaldi labur eta bakunez ari gara.
    Ikus http://www.ehu.eus/seg/gizk/1/2/2 : “Emaitza hauek denak, bada, bat datoz euskal hizkuntzalaritzan egindako aldarrikapen nagusiarekin, hots, SOV hurrenkeraz bestelako hurrenkera guztiak eratorriak direla, ez-kanonikoak, eta, beraz, prozesatze-lan handiago eskatzen dutela euskaldunon garunean”.

    • Bittor Hidalgo

      • Diozu, Borja, SOV egitura ez dela kasu batzuetan arruntena euskaraz.
      – Galdetuko nizuke ea zein kasutan baden SOV ordena ‘arruntena’, baldin badakizu.
      – Galdetuko nizuke ere zure ustez zein kasutan ez ote den SOV ordena arruntena euskaraz, baldin badakizu.
      – Eta galdetuko nizuke ere ea zein ote den orduan ordena arruntena euskaraz, halakorik baldin badago zure ustez, edo baldin badakizu.

      • Diozu “Mirenek sagarra jan du” izan dela orain arte eta oraindik askorentzat hitz-ordena ‘ez-markatua’, eta nik argi galdetuko nizuke ea azalduko zenidakeen zer den hala zure ustez ordna ‘ez-markatua-, eta bide batez ‘markatua’, nola, nork erabakitzen duen hori.
      – Galdetuko nizuke ere “Mirenek sagarra jan du” esaldiaren aldean zergatik ez ote diren euskaraz ‘ez-markatuak’, esaterako, edo zergatik ote diren zure ustez ‘markatuak’, ondoko
      o “Mirenek jan du sagarra”
      o “Sagarra jan du Mirenek”, edo
      o “Sagarra Mirenek jan du” esaldiak.

      • Ez dakit zergatik diozun ‘beti esaldi labur eta bakunez ari gara’. Noiz arte da esaldi bat labur, edo ez da? Badu zerikusirik laburtasunak, zure ‘markatua’, ‘ez-markatua’ binomioarekin? Ze zerikusi edo?

      • Lakaren aipamen bat dakarkiguzu amaieran, eta agian berari galdetu beharko genioke, baina zuk ekarri duzunez zuri egingo dizkizut galdeak, erantzun gura badizkidazu
      1. Argituko zenidake mesedez zer den zure ustez hurrenkera ‘kanonikoa’? Edota ‘ez-kanonikoa’?
      2. Eta argituko zenidake era berean zer den zure ustez hurrenkera ‘eratorria’? Edota ‘ez-eratorria’? Nola definitzen da hori?
      3. Esaten du Lakak “SOV hurrenkeraz bestelako hurrenkera eratorriak direla […] eta, beraz, prozesatze -lan handiago eskatzen dutela euskaldunon garunean”. Baina zuk aipatu ikerketan konparatzen dituzte batere testuingururik gabe emanak SOV esaldi iragankorrak, subjektua objektuaren aurretik emana -askogatik ohikoena munduko hizkuntzen % 96 inguruan (≈ % 45 SOV; % 42 SVO; % 9 VSO)-, eta bestetik OVS esaldiak, ohikoenak munduko hizkuntzen % 1 inguruan. Ondo harrigarria litzateke euskaraz errazago prozesatzea esaldi ‘bitxienetako edo’ horiek.
      Esperimentua, gainera, esperimentatzaileek apropos prestaturiko esaldien irakurketaren gainean egiten da, eta hauen irakurketaren ondoren, esperimentatzaileek beraiek irakurketa hauen gainean prestaturiko ulermen-galderen erantzunen bitartez. Ba, hori! Hori esperimentu bat da. Eta hortik ondorioztatu ahal izango da, esperimentatzaileek apropos prestaturiko esaldi horiekin eta hauen irakurketaren ondoan, esperimentatzaileek beraiek irakurketa hauen gainean prestaturiko ulermen-galderen erantzunen bitartez, eman dela ondorio bat.
      Baina hortik ondorioztatzea ‘euskaldunon garunak’ zer egiten duen orokorrean, zer egiten duen beste baldintza batzuetan, halako izena merezi duketen zientzialariek, uste dut ez luketela egingo. Zergatik hemen bai?
      Zer gertatzen da ‘euskaldunon garunean’ hizkuntza modu naturalean darabilgunean? Esaterako, hizketan libre ari garenean bat-batean? Aztertu genezake hasteko Lakaren hala moduzko jardun bat, edota zeurea Borja, ea ze ondorio eratortzen dugun…
      4. Aldarrikatzen da halako esperimentuen ondorioak bat datozela ‘euskal hizkuntzalaritzan egindako aldarrikapen nagusiarekin’ (SOV…). Ez ote dago beste euskal hizkuntzalaritzarik gure artean, euskaldunon benetako hizkuntza aztertzen duena? Darabilgun hizkuntza, eta erabili ohi duguna mendeetan, hau testuetatik-eta ezagutu genezakeen neurrian? Eta ez aldez aurretik frogatu gura den zernahiren gainean apropos sorturiko konstrukto, aldian-aldian transformazional, context-free, sortzaile, X barra, hatsarre eta parametro, unibertsalista, mentalista, I(diotic) grammar [hau da gr. norberaren barneko gramatika], …, edo unean-unean frogatu gura denari komeniko konstrukto artifizialen gainean?

      Ze gauza bat da gramatika unibertsal bat asmatu nahi izatea, zertarako oraindik ere nahikoa bide zaien komeni zaien ingeles parte hari begiratzea (bejondeiela!), eta beste bat darabiltzagun hizkuntzak ezagutzea, hauek benetan darabiltzagun moduan.

      Hustu dot pixka bat barrena. Ez dakit ulertu dostazun, eta jarraitu gura duzun eztabaidan…, ahal bada topikoak errepikatu barik…

      Ondo izan

      Bittor

  4. Borja

    Ez dut uste nik esandakoa norberaren iritzi hutsa denik, ezta argia ez denik. Zerorrek ere honela esana (idatzia) duzu:

    “Nolanahi, datu hauek guztiek zerikusi estua dute esaldien luzerarekin. Zenbat eta osagai gehiagoko esaldia, orduan eta aukera gehiago esaldi nagusiak bere pisu informatibo nagusia aditzaren ondoretik emateko, eta mendeko esaldiak osagaiak erakusteko aditzaren ondoretik” (Hidalgo 2004: 167).

    Ergo, zenbat eta osagai gutxiagoko esaldia, orduan eta aukera gehiago esaldi nagusiak bere pisu informatibo nagusia aditzaren aurretik emateko? Bide batez, pasarte horretan aditza beti amaieran (uler bedi subjektuaren eta objektuaren atzean).

    Baina ikus beste hau, nahiago baduzu: http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/literatura/26/26343379.pdf

    Nolanahi ere, Gorkak esandakoari ñabardura bat erastearren idatzi ditut aurreko mezukoak. Berak, ez nik, ez beste inork (dakidanez) ez baitu proposatzen euskara “SOV zurruna” denik (badira holako hizkuntzak, halere).

    • Bittor Hidalgo

      o Ez dut uste esan dudanik zuk esandakoak ‘zure edo norbere iritzi hutsa denik’. Ezta ere ‘argia ez denik’, nahiz nik hala uste.
      Eskatu dizudana da ea mesedez azalduko diguzun zure usterako ‘argia bide dena’ . 5 bat galdera egin dizkizut Lakaren aipua hitz artean hartu aurretik, zer ote den zure ustez ordena ‘arrunta’, euskarazko balizko SOV ordena, balizko ordena ‘ez markatua’ eta ‘markatuak’, zer den esaldi laburra… Eta eskatu dizut ere hiru esaldiren ‘markatutasuna’ argituko ote diguzun, zuk aipatuaren ‘ez markatutasunaren aldean’. Eta oraindik ere eskatuko nizuke.

      o Nire aipu ongi dokumentatuaren ondorio galdetzen duzu, erretorika soil bada ere, ea alderantzizkoa egia ote den, eta zenbat eta osagai gutxiagoko esaldia izan, orduan eta aukera gehiago dukeela esaldi nagusiak bere pisu informatibo nagusia aditzaren aurretik emateko.
      Eta erantzungo dizut, nire lanetan hainbat arrazoitu moduan, eta agian jada dakikezun moduan ezagutzen badituzu, zenbat eta esaldi laburragoa izan -zenbat eta osagai gutxiagoko esaldia-, orduan eta aukera gehiago dukeela euskal esaldiak aditza amaieran emateko. Informazioaren banaketa esaldian ez baita berez ‘hitzka’ edo ‘osagaika’ egiten, baizik eta Informazio Unitateka (kontzeptu hori ere saiatu naiz ongi argitzen nire lanetan), esaldien ‘informazio’ banaketa egiten ez denez ‘gramatika unitateka’, gramatikak, berez, Informazio Unitateak ere erabiltzen ez dituen legez bere osgarriak zedarritzerakoan.

      o Diozu gainera, ez dakit ze inkontsistentzia erakutsi nahian edo, nire pasartean ‘aditza beti amaieran’ doakeela. Baina eransten duzu ‘uler bedi subjektuaren eta objektuaren atzean’.
      Eta ez dakit zergatik esan gura baduzu esaldi bateko aditza ‘subjektuaren eta objektuaren atzean’ doala esaten duzun ‘amaieran’ doala. Ez dirtudi hori ere, zehaztasun ikertzailea.
      Baina gura baduzu, espres eztabaidatu genezake zuk aipatu esaldi nire horietako bakoitzaren ordena eta egitura informatiboa. Ze, bi esaldi nagusietatik, bakarra da aditz nagusia agerian duena, eta honetan nekez defendatu liteke, ez da hala?, aditzaren aurreko osagaiak jasotzen duenik kasuan esaldiko pisu informatiboa, eta ez aditzaren ondoren emanak.
      Badira ere nire aipuan agerian emanak mendeko bi esaldiren aditzak, bata mendeko esaldiaren amaieran doana eta bere aurreko osagaiarekin batera, Predikazio Gune (bat) osatuko lukeena (PG termino hau ere definitzen da nire lanetan), eta bestea berriz esaldi barruan emana, zeinetan Predikazio Gunea soilik osatuko lukeen aditzaren ondoren emaniko osagaiak. Ez dakit interesatu dakizukeen iritzi trukaketa. hala bada, ni prest.

      o Azkenik, zure erantzun honetan termino berri bat agertzen duzu, ‘SOV zurruna’, eta dioskuzu euskara ez dela ‘SOV zurruna’. Eta ni berriro geratzen naiz zure iluntasunean, eta argitu diezaguzun gogoz nola neurtzen den halako ‘zurruntasuna’, aurreko erantzunean zenionez “SVO hizkuntzak “zurrunagoak” izan ohi direla, eta SOV hizkuntzak, aldiz, “malguagoak””. Agian hemen ere erantsi beharko zeniguke bestean egin duzun legean halako zerbait: “SVO hizkuntzak “zurrunagoak” izan ohi direla (gure ingurukoak kasu), eta SOV hizkuntzak, aldiz, “malguagoak” (uler bedi…)”. Eta eskertuko nizuke argituko bazenigu orduan euskara ZER DEN. Ze azkenean ez dakit argi dukezun euskara zelakoa den, SOV bai, baina ez oso SOV zurrun (zenbateko ez zurrun?), eta bai malguagoa (zenbat malguagoa?) SVO hizkuntza ‘zurrunagoak’ baino…

      o P.S. Eskerrik asko Mikel Martinezen artikulu aipu eta estekagatik. ez nuen ezagutzen, eta gustura irakurriko dut.

  5. Ikus mesedez nire posta titulatzen: “Erdozia (2006) edo zelan desitxuratu ondorio enpiriko batzuk” (http://balbula.blogspot.com.es/2015/03/erdozia-2006-edo-zelan-desitxuratu.html).

    Hor Erdoziak báditu konparatzen SOV eta SVO ordenak, eta hor vistan da zéin ordenak ateratzen dituen emaitza hobeagoak an proba oinarrizkoena (ulermen-ariketa). Gainera, bi ordena aditz-azkenek (SOV eta OSV) lortu dituzte emaitza eskasenak.

    Hala ere, autoreak (Lakaren diszipulua baita) aurkitzen du ezbidea afin desitxuratu emaitza enpiriko estatistikoki-esanguratsu hori, zein, gainera, ez bide den publikatu inglesez (edo bestela, non publikatu da?).

    Inglesez bai publikatu dutena da Borjak aipatuko konparazioa arten SVO eta OVS, zein ez den hain interesgarria, edo gutxienez askoz gutxiago interesgarria ezen konparazioa arten SOV eta SVO.

    Gero etorriko dira irakurle akritikoak afin eman bizitza ki ondorio desitxuratu horiek. Eta horrela gabiltza.

    Hau guztia iruditzen zait oso larria, zientifikoki oso larria.

    • Bittor Hidalgo

      Interesagarria iruditu zait zure iruzkina Kepa Erdoziaren artikuluaren eta lan moduen inguiruan, eta gogoan hartzekoa.
      Bestetik saiatu naiz aurkitzen aipatzen duzun Borjaren (Borja Ariztimuño pentsatzen det) artikulua-edo inglesez publikatu bide dutena konparazioa eginez SVO eta OVS ordenen artean, nahiz hain interesgarria ez izan. Erreferentzia ematerik bai? Eskertuko nizuke. (Edo Borjak berak, ze lehen pasatu egin zait eskatzea)

      Ondo izan

      Bittor

      • Jakina. Hona hemen bi referentzia:

        (1) “Processing Derived Word Orders in Basque”
        http://www.ehu.eus/HEB/KEPA/erdozia_derived.pdf

        (2) “Processing verb medial word orders in a verb final language”
        http://www.ehu.eus/HEB/KEPA/Erdocia10_encabezado.pdf

        Lakak dio an bere artikulua ti Sareko Euskal Gramatika:

        “Esperimentu honen emaitzek erakutsi dute ez dagoela alde nabarmenik aditza tartean duten hurrenkera bi hauen artean; biek antzeko denbora-tartea behar dute prozesatzeko. Nabarmentzekoa da ez dugula inolako prozesamendu-abantailarik aurkitu subjektua lehenengo duen hurrenkeraren kasuan (SVO) [respektu OVS!!!!!!! (azken hau nirea da)].”

        Kuestioa da zergatik ez du aipatzen ze:

        “Nabarmentzekoa da bádugula aurkitu prozesamendu-abantaila nabarmena an ordena SVO respektu SOV.” (Esaldi hau nirea da).

        Horixe bai dela nabarmentzekoa!

      • Bittor Hidalgo

        Mila esker, esker mila!

        Bittor

      • Bittor Hidalgo

        Glup! Eskerrik asko Erdozia eta Laka-eta horien erreferentziengatik. Ez nituen ere ezagutzen, baina zelan Borjarena aipatzen zenuen zure erantzunean, nik harena espero nuen aurrena…

        Zaindu

        Bittor

  6. Sentitzen dut gaizkiulertzea.

    Noiz nioen: “Borjak aipatutako konparazioa arten SVO eta OVS”, ari nintzen buruz konparazioa zein agertzen an artikulua titulatzen “SVO eta OSV hurrenkerak” (Itziar Laka: http://www.ehu.eus/seg/gizk/1/2/2), zein Borjak dun aipatu an bere lehenengo komentarioa.

    Eta noiz nioen: “Inglesez bai publikatu dutena da Borjak aipatutako konparazioa arten SVO eta OVS”, ari nintzen referitzen ki artikuluak zein Lakak eta Erdoziak publikatu dituzten buruz aipatutako konparazioa arten SVO eta OVS.

    • Bittor Hidalgo

      Kosta zait zure oharra zentzuz ulertzen, baina eskerrik asko edonola.

      Bittor

      • Eskerrik asko zuri zure ahaleginagatik.

        Baina, nork explikatuko dit hurrengo hau?

        Ohartu berri naiz ze ulermen-ariketan (http://www.ehu.eus/HEB/wp-content/uploads/2012/KEPA/31.%20K%20%20Erdoziak%20zirri.pdf) SVO da ordena bakarra zein baita esanguratsuki eraginkorragoa ezen beste hiru ordena konparatuak (OVS, SOV, OSV). Hots, prozesamendu-ariketa oinarrizkoenean SVO ordenak ditu esanguratsuki akats gutxiago ezen beste hiru ordenak.

        OVS soilik da esanguratsuki eraginkorragoa ezen SOV eta OSV.

        SOV soilik da esanguratsuki eraginkorragoa ezen OSV.

        Eta OSV ez da esanguratsuki eraginkorragoa ezen beste ezein ordena.

        Hortaz, zertara dator esatea (nola dioen Lakak noiz konparatzen “SVO eta OVS hurrenkerak”) ezen “nabarmentzekoa da ez dugula inolako prozesamendu-abantailarik aurkitu subjektua lehenengo duen hurrenkeraren kasuan (SVO)” [respektu OVS] [“SVO eta OVS hurrenkerak”, 3. paragrafoa]?

        Norbaitek explikatu al dit?

        (ikus ere: http://balbula.blogspot.com.es/2015/06/laka-norbaitek-explikatuko-al-dit.html)

      • Bittor Hidalgo

        Galdera interesgarria pentsatzen zait zurea (ikasi berria det Arrasaten PENTSETAN JAT egitura), baina noski Itziarrek erantzun behar lioke horri. Ez dirudi ordea blog honetan inori gehiegi interesatzen zaionik gure eztabaida, eta bai soilik beren ‘aurkikuntzak’ denoi erakustea.

        Zuk aipatu erdoziaren lehen artikulua gainetik irakurrita, ondo aipagarria iruditu zait (pentsatu jat) 2.2.2. atalean metodologia-eta azaltzeko darabilen esaldi hau, dioenean Erkiziak: “Dena den, eztabaidako atalean (3. atala) ikusten den bezala, litekeena da, galderak egiteko aukeratu den prozedurak eragina izatea ulermen ariketako emaitzetan.” Eta harritu nau. Komtua da, 3. atalera joanda ikusi litekeen bezala, esperimentuko zenbait emaitza ez bide zaizkiela ‘gustatu’, eta orduan ‘esperimentua’ aldatu beharra aipatzen dute. Ez, benetan lortutako emaitza horien (eta besteen) azalpena lortzea, baizik esperimentuen diseinua aldatze beren ‘gustuko’ emaitzak lortzeko / lortu arte…. Hala dio Erkiziak: “Euskarazko hitz hurrenkera desberdinak aztertzen dituen esperimentu honetarako, prestatu dudan ulermen ariketan (5. irudia), lortutako emaitzak azaltzeko zailtasunak eraginda, esperimentuaren diseinua goitik behera berrikusi da.”

        Nonbait lortutako emaitzak erosoak ez zaizkienean ‘prozedura’ izan liteke arazoa eta honek eragin emaitzak ‘biased-ak’, erabat lerratuak izan (gura ez zen aldera, noski).

        Esperimentua hasieratik diseinatua izan bada (hau da, guztiz lerratua) emaitza jakin batzuk lortzearren, baina emaitzak espero bezalakoak ‘gustukoak’ baldin badira, orduan bururatu ere ez bide zaie egiten, esperimentuaren diseinua hasieratik egon daitekeenik guztiz ‘biased-a’ eta lerratua. Ez. Orduan, esperimentuaren emaitzak, ‘zientzia’ gisa aurkezten dira (eta beraz, eztabaida ezin edo).

        Nik horren argi ikusten dudana, eta seguru asko zuk ere Jesus, ezin ote dute hala ikusi erabat isilik dauden Gorka, Borja, Itziar, Kepak…?

        Gustatuko litzaidake hitzño bat bederen izatea beren aldetik, hemen edota beste zeinahi forotan…

        Ondo segi

        Bittor

  7. Ikus mesedez hau:

    Prozesamendu-kostua ez da soilik neurtzen an irakurketa-denborak (http://balbula.blogspot.com.es/2015/06/prozesamendu-kostua-ez-da-soilik.html)

    Bide batez, gogorarazi nahi dut ze Laka da hizkuntzalari ikertzailea an universitate publiko bat (bai-eta ikertzaile-burua an taldea non ari da Erdozia, zeini zuzendu baitzion tesia non agertzen gure hizpideko experimentuak) eta gainera euskaltzain osoa:

    Ez al da erantzukizun gehiegi isilik gelditzeko?

  8. Gorka Lekaroz

    Ez nuen idatzitakoak horrelako erantzun parrasta eragiterik espero!

    Bittor, barkatuko didazu SOVtasunari buruzko eztabaida hau eragin izana, aipamena horrelako asmorik gabe egin nuelarik. Ez naiz zurekin eztabaidan hasiko, ez bainaiz inola ere aditua, ez ur sakonetan murgiltzeko pertsona egokia. Askok ontzat ematen duten konbentzio bat nire argudioaren adibide gisa baliatzea nuen helburu bakarra.

    Dena den, eragindako guztia adibide polita izan daiteke, batzuek ontzat emandakoaren azpian beste batzuek zer esan ugari izan dezaketela agertzeko, Eta adibideak adibide, egokiago edo traketsago, euskararen balizko arrarotasunaren inguruan ere horixe bera gertatu ohi dela azaltzea izan da nire asmoa.

    Lortuko ahal nuen!

    Ondo segi!

    • Bittor Hidalgo

      Mila esker erantzunagatik, Gorka. Ondo segi, hik eta familiak. Valparaisotik, Bittor

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s