Artxiboak hilabeteka: ekaina 2015

Ogia eta arrosak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Nahi baino gutxiagotan joan izan naiz zinera azken urteotan eta, horrexegatik, beharbada, lehen baino plazer atsegingarriagoa bilakatu zait astegun zuri batean areto arruntean huts batera sartzea aldez aurretik poliki hautatu filma ikustera.

Halabeharrez, eta zorionez, Pride ikusi nuen udaberriaren hasmentan. Matthew Warchus-en filma feel-good-movie generokoa omen. Garratzetik ere baduela esanen nuke, baina, bai, egiari zor, aitortu beharra dut ongi sentiarazi ninduela bi talde subalternoren arteko aliantza egiazko batean oinarrituriko filmak. Ongi eta baikor, eta hunkiturik ere bai, hainbesteraino non bizitzan aurrenekoz poema bat itzultzeko irrika eutsiezina jabetu baitzen, egoskor jabetu ere, nitaz.

Filmaren eszenarik niretzat hunkigarrienean, Bread and Roses abesten hasten da emakumeetako bat, azkenerako inguruan bildutako guztiak batzen zaizkiolarik. Filma ikusi nuen egun hartantxe euskaratu nuen James Oppeheim-ek Rose Schneiderman sindikalistaren esaldian oinarrituta ondu zuen poema. Euskaratu eta bertsionatu, kantuaren doinura egokitzearren, abestia bera baitzen euskaraz nire baitan entzuten hasia nintzena.

Halabeharrez, eta zorionez, handik egun gutxira, Usoa Wyssenbach adiskide, itzultzaile eta abeslariak eskatu zidan bukatu berriak zituen itzulpen batzuk begiratzeko, patinaje eskolak eskainiz, ohi bezala, ordainetan. Usoaren eskaera jaso bezain laster, ohartu nintzen patinaje eskolak baino nahiago nuela euskaraturiko poema kantatu eta graba zezala niretako, itzulpenak kantuan nola ematen zuen jakiteko.

Eta, nolakoak diren gauzak –edo nolakoa halabeharra–, handik egun gutxira, Xerezaderen Artxiboko arduradunen mezua iritsi zitzaidan, Xerezaderen Jairako poemaren bat aukeratu eta itzultzeko prest ote nintzen galdezka. Poema banuela esan nien, baita itzulpena ere; baita poema kantatzeko gertu zegoen lagun bat ere.

Halabeharrari ezin baitzaio ihes egin, hark hartaratua prestatu dugu Usoak eta biok gaur hemen uzten dizuedan bideo hau. Ekain hondar honetan zabaltzea aproposa iruditu zaigu-eta, gaur mundu osoan barrena harro eta kokotsa goiti irtengo direnen oroimenez; hurrengo asteartean munduak Irun izena hartzen duen toki horretan harro eta kokotsa goiti irtengo diren emakumeen omenez, miresmenez.

7 Iruzkin

Itziar Diez de Ultzurrun atalean

Ludia eta xedapenak

Maite Urkia Inza

Aurreko astean bisitan izan nuen lagun batek, nire liburu bakan edo bakanduetan ikusmiran zebilela, aspaldiko garaietan ikastolan ibili genuen liburu bat atera zuen apaletik: Xabiertxo, Lopez-Mendizabal’dar Ixakarena (laugarren argitaldia, 1970ekoa, asko erabili izanaren arrastoak dituena, eta bosgarrena, 2003koa).

Biok ere memoria fotografikoaren antzeko zerbait sentitzen dugu liburu horretako orriak pasa ahala marrazkiekin topo egitean. «Jaungoikoa da gauz guztien egilea», horrela hasten da, eta bukaera aldera, «Ene ume maiteak: ikasi itzazute euskel-abestiak. Ayetxek dira zuen biotzaren samintasunak, zuen pozak, zuen atsegiñak ondoen azaltzen dituztenak».

Beste garai batzuk ziren (1923an azaldu zen lehen aldiz Xabiertxo; arreba ere bazuen mutiko hark, Iziartxo), ortografia artean finkatu gabea baina, hala ere, liburu polit eta irakurterraza da («ume ondo eziak» ateratzeko agertzen diren ideiak gorabehera). Beharbada liburu horretantxe ikusiko nuen lehenengo aldiz Euskal Herriaren mapa, zazpi probintziaz osatua, eta halaxe ezagutu nuen, orobat, Elkanoren bidaia («Elkano euzkotaŕa izan zan ludi guzia lenbizi inguratu zuena»).

Giro hartan ikasi genituen gu ikastolara bidaltzeko nahia eta adorea izan zuten gurasoentzat berriak edo ez-ohikoak ziren hitz haiek guztiak, azkenean bakarren batzuk berenganatu bazituzten ere: ludia (mundua), orlegia (berdea), idatzi, irakurri, ulertu, ingia (papera), ingurraztia (koadernoa), arkatza, axota, izparringia (periodikoa), izadia, bultzia (trena), urrutizkiña (telefonoa), urrutikuskiña (telebista), akeita (kafea), berebila, espetxea, idatzi, (h)izkia, abestu, sendia, zenbakia…

Gure hizkuntzaren historiako adibide batzuk dira, eta joandakoak joan diren arren, gelditzen dira arrasto batzuk han-hemengo memorietan, kandelatxoak bezala.

Baina orainaldi honi begiratuta, administrazioko testuak itzultzen hastearekin batera, ordura arte ezezagunak genituen hainbat hitz agertu zitzaizkigun, nahiz eta ez dakidan nondik: ebazpena, xedapena, esleipena, helegitea, kudeaketa, sustatzea, ezestea, ingurumena, baliabideak, aniztasuna, hitzarmena, ustiatu, eginbidea, kontseilaria, araubidea, hornidura, zehapena…

Erabiliz erabiliz, ohikoak bihurtu zaizkigu, eta ia ematen du gure lehen hitzekin batera geureganatu genituela. Dena den, ez dut uste halako hizkerarekin batere ohituta ez daudenekin natural ateratzen zaizkigunik, ez behintzat gaur-gaurkoz. Ingurune eta erregistro kontua, eta enara asko behar oraindik udaberrian.

Iruzkin bat utzi

Maite Urkia atalean

Euskara eta subalternitatea

Juan Luis Zabala

Beste askori bezala, niri ere barrua astindu zidan Jule Goikoetxearen Euskaldun egiten gaituena artikuluaren hasierak (Berrian 2015eko ekainaren 10ean): «Euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaldun, batetik, eta emakume, bestetik».

Ez dakit zer neurritan idatzi zuen hori Jule Goikoetxeak benetan hala dela sinetsita, edo zer neurritan idatzi zuen probokazio gisa. Ez dakit ulertu dudan benetan zer esan nahi duen ere. Kontuak kontu, grazia egin zidan Angel Erroren egun bereko txioak: «Kiloek ez naute lodi egiten. Subalternitateak egiten nau lodi. Me quedo más tranquilo».

Ez nago ados Jule Goikoetxearekin, jakina. Nik behintzat ez dut inondik inora ere sentitzen subalternitatea denik euskaldun egiten nauena. Ni euskalduna naiz euskaraz badakidalako eta euskaraz hitz egiten dudalako. Eta nik ezagutzen ditudan euskaldunak ere euskarak egiten ditu euskaldun, nire ikuspegitik behintzat, ez subalternitateak[1].

Euskararen subalternitateak euskararen inguruan sentiberago eta kontzientziatuagoa egin nau. Ados. Euskaldun askorentzat euskararen subalternitatea izan da euskaldun egiteko arrazoi edo bultzada nagusia. Ameto. Subalternitateak ikaragarri baldintzatzen du euskarari buruz dugun ikuspegia, eta baita harekiko dugun jokabidea ere. Hori ere hala da.

Baina uste dut euskaldun eta euskaltzale izaten jarraituko nukeela euskara hegemoniko litzatekeen Euskal Herri —zein euskal herri— batean. Gustura egingo nuke proba behintzat. Subalternitateak erdaldun egingo ote gintuzke orduan?

* * *

[1] Ez nago ados, bide batez esanda, Jule Goikoetxeak euskaldun hitzaren erabilera asimetrikoaz dioenarekin ere. Jorge Oteiza, gaztelaniaz ari bagara, artista vasco izan zela onar dezaket, baina… Jorge Oteiza artista… euskalduna? Baita zera ere! Akabo ba! Auzi horretan bat nator lehen Euskaldunon Egunkariakoak bezala orain Berriako Estilo Liburuak egiten duen bereizketarekin: Jorge Oteiza artista euskal herritarra izan zen. Ez gaude, beraz, Jule Goikoetxeak dioen moduan, «Ilustrazio frantsesaren erdigune jakobinotik» pasatuta «euskal hiritarrak esatera kondenatuak».

Beste ohar txiki bat gai honetaz: Ibai Iztuetak dio, Cultura vasca vs Euskal kultura saiakeran (Utriusque Vasconiae, 2015) euskal herritarra hitzaren erabilera ez dela zabaldu, eta egia da; baina uste dut euskarazko hedabideek, batez ere Euskadi Irratiak eta ETBk, aukera daukatela, oraindik ere­, erabilera horren zabalkundea nagusitu arte bultzatzeko.

 

27 Iruzkin

Juan Luis Zabala atalean

Iribas, zuretzat (IV)

Asier Larrinaga Larrazabal

Serie honi ekin nionean, orain hil batzuk, Nafarroako gobernuan zirenek jarrera guztiz pasiboa ―areriozkoa ez esatearren― zeukaten euskararen sustapenarekiko, Nafarroako agintariek 1979tik 2015eko maiatzera arte eduki duten bezala. Jarrerak berak kezka handia eragiten zidan, baina handiagoa jarrera horri eusteko argudioek. Hil hauetan, kontrargudio batzuk eskaini ditut ―hau, hau eta beste hau―, eta Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilari izan dena egin dut nire mezuen hartzaile.

Ez dut aurreikusten halako mezu gehiagoren beharrik, Nafarroak lehen aldiz lehendakari euskalduna izan behar baitu, baina ez dut gogoeta hau itxi nahi Iribasen orain dela hil batzuetako esanak gogoratu barik. Iribasen arabera, nafar bat ez da nafar hobea euskaraz jakiteagatik, ez espainiar bat espainiar hobea flamenkoa dantzatzen jakiteagatik. Hitzen mamia garrantzitsua da, baina garrantzitsuena, intentzioa: euskara gutxiestea, huskeria baten pare uztea.

Gehienetan, halako argudioak darabiltzatenek errespetu-koloreko berniz batekin estaltzen dituzte euren hitz umiliagarriak. Errespetu handiz hartzen dute batek euskara ikasi nahi izatea, baina errespetu bera nahi dute arku-tiroa ikasi nahi dutenentzat. Ez dute trabarik jartzen euskara-eskolak antola daitezen, baina erraztasun berdina nahi dute makrame-ikastaroak antolatzeko.

Euskararen balioa ezdeuskerien mailara jaitsiz, euren ezjakin-mailara jaitsi nahi gaituzte elebidun garenok, kultura bi ditugunok, munduan ibiltzeko komunikazio-baliabide bat baino gehiago erabil dezakegunok.

Eraso-argudioa: Batzuek euskara ikasi nahi dute; beste batzuek dantza flamenkoa, eta hori ere errespetagarria da.
Defentsa-argudioa: Ez nauzu zure ezjakin-mailara jaitsiko.

Euskara jakiteak hizkutza bat jakiteak duen balioa du, inondik inora ere konparatu ezin dena flamenkoa dantzatzen, makramea egiten edo musean jokatzen jakiteak duen balioarekin. Euskarak, ordea, ez du kosturik halako ondasunaren jabe egin nahi duenarentzat. Euskaldunok, gainera, doan eta atseginez partekatzen dugu, euskara zenbat eta banatuago aberatsago sentitzen garelako. Iribasek eta konpainiak, partekatu beharrean, euskarari uko egin diezaiogun nahi dute, ezin baitezakete eraman hain hizkuntza apal batek agerian uztea zein ezgauza eta zein ezjakin diren.

Nafarroan, garai berri bat hastekoa da, eta euskara sustatzearen aurkako argudio ergelak itzaliz joango dira. Beraz, gauza bat baino ez diet esan nahi Nafarroako legebiltzar eta gobernu berriei: nafar gaztetxoek ETB1eko “Gu ta Gutarrak” ikusi beharra dutela, une honetan gure pantailetan 12-16 urtekoentzat dagoen programarik onena da eta.

Iruzkin bat utzi

Asier Larrinaga atalean

Erakunde

Maite Imaz Leunda

Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera, erakunde hitzak adiera hauek ditu:

1. iz. Estatuak edo nazioak, bere burua gobernatzeko edo egiteko funtsezkoenak bideratzeko eratzen dituen elkarte nagusietako bakoitza.

2.  iz. Gizartean egiteko bat betetzen duen elkarte egituratua.

Gaztelaniaz lau termino behintzat erabiltzen dira mota horretako antolaketa edo egitura adierazteko: institución, organismo, entidad eta ente.

Hona DRAEk nola dituen definizioak:

institución.

3. f. Organismo que desempeña una función de interés público, especialmente benéfico o docente.

4. f. Cada una de las organizaciones fundamentales de un Estado, nación o sociedad. Institución monárquica, del feudalismo.

7. f. pl. Órganos constitucionales del poder soberano en la nación.

organismo.

3. m. Conjunto de leyes, usos y costumbres por los que se rige un cuerpo o institución social.

4. m. Conjunto de oficinas, dependencias o empleos que forman un cuerpo o institución.

entidad.

1. f. Colectividad considerada como unidad. Especialmente, cualquier corporación, compañía, institución, etc., tomada como persona jurídica.

ente.

3.      m. entidad ( con personalidad jurídica, particularmente si se halla relacionada con el Estado). Ente público Radiotelevisión Española.

Euskaraz erakunde da gehien ikusten den forma.

erakunde1

erakundex

erakunde3

Baina beti izaten dugu behar adinako zehaztasunez itzultzen ari ote garen, generikoegia den hitz bat erabiltzen ari ote garen zalantza, ez baitakigu gaztelaniaz institución, organismo, entidad eta ente zehatz-mehatz zer diren.

Eta bestelako ordainak ere ikus daitezke:

erakunde4

Gaztelaniaz ente, entidad eta organismo termino berezitu gisa erabiltzeko premia justifikatua ote dagoen ikusteko, legediak zer dioen begiratu behar dugu. Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektuaren II. tituluan (33. artikuluan) ageri da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren sailkapena. Eusko Jaurlaritzak ez zuen lege-proiektu hori Eusko Legebiltzarrera eraman, oposizioaren babesik ez zuelako, baina beste proposamen bat prestatzen ari da orain.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa: administrazio orokorra

1. Administrazio Instituzionala.

1.1. Erakunde —edo organismo?— autonomoak (organismos autónomos)

1.2. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoak (entes públicos de derecho privado)

2. Administrazio instrumentala edo erakunde instrumentalak (entes instrumentales)

2.1. Sozietate publikoak (sociedades públicas)

2.2. Fundazioak (fundaciones)

2.3. Partzuergoak (consorcios)

Ez dirudi euskarazko ordainak ematerakoan erakunde instrumentalek arazorik ematen dutenik; zalantza administrazio instituzionalari dagozkion terminoek eragiten dute. Lege-proiekturen sailkapen hori kontuan hartuta, banan-banan izendatu behar direnean, eta erreferentzia argikoak direnean, kasu bakoitzean dagokiona itzultzeko modua izango dugu; organismo autónomo erakunde autonomo eta ente público de derecho privado zuzenbide pribatuko erakunde publiko. Eta izen osoa azaldu beharrean organismo bakarrik ageri bada? edo ente bakarrik? Horrelakoetan euskaraz izen osoa eman beharko genuke, argi gera dadin zeri egiten dion erreferentzia (erreferentzia argikoa denean nolanahi ere).

Kontua da erreferentziak askotan ez direla argiak izaten. Sailkapenak ere ez dira uniformeak izaten administrazio batean eta bestean. Eta sailkapenak bat ez datozenez, abokatuek hiru forma modu generikoan eta erreferentzia argirik gabe erabiltzeko joera izaten dute maiz, badaezpada, ezer ez uzteko kanpoan. Adibidez:

Cualesquiera entes, organismos o entidades con personalidad jurídica propia, que hayan sido creados específicamente para satisfacer necesidades de interés general que no tengan carácter industrial o mercantil (…)

Zer egin horrelakoetan? Erakunde bakarrik erabili modu generikoan? Mimetismoz jokatu eta maileguak hartu, modu generikoan erabilita daudela jakin arren? Maileguak erabiltzekotan, zein? Hirurak? Hiztegi Batuak jasotzen dituenak (organismo eta entitate) bakarrik?

Iruzkin 1

Maite Imaz atalean

Soluzio ausartegia?

Maialen Marin Lacarta

Maiatzean idatzi nuen blog-sarreran, sukaldeko tresneria egiten duen euskal enpresa baten izena txinerara nola itzuli nuen azaldu nuen. Artikulu horretan argi geratu zen txineraz marka baten izena aukeratzean ahoskerak eta esanahiak duten garrantzia. Horrekin lotuta, beste adibide bati buruz hitz egin nahi dut gaur. Kasu honetan, Aiora Jakak eta biok Mo Yanen Hori da umorea, maisu! (Elkar, 2013) itzultzean aurre egin behar izan genion zailtasun bati buruz arituko naiz.

Itzuli behar izan genuen marka fabrika baten izen alemaniarra zen. 1990eko hamarkadan Mendebaldeko Alemaniako teknologia erabiltzen zuen fabrika txinatar bat zen, irekidura errazeko latak ekoizten zituena. Aurreko hilabetean idatzi nuen sarrera irakurri baldin baduzue, erraz asmatuko duzue Mo Yanek esanahiarekin jolasteko aukera aprobetxatu zuela. Mo Yanek asmatutako izena hau zen: 西拉斯 (xīlāsī). Lehenengo karaktereak «mendebaldea edo mendebaldekoa» esan nahi du. Bigarrenak, «tira egin edo ireki», eta hirugarrena transliterazioetan erabili ohi den karaktere fonetiko bat da eta esanahi aldetik ez du ezer gehitzen. Txineraz, izena transliterazio bat dela nabari da, eta Silas hitzaren transliterazioa dela asma genezake[1].

Buelta asko eman behar izan genizkion hitz honen itzulpenari, izenak, txineraz, informazio asko ematen baitigu:

1. Jatorri aldetik: transliterazio bat dela, hau da, alemanetik txinerara itzulitako izen bat.

2. Esanahi aldetik: mendebaldekoa dela (西) eta irekitzeko zerbait ekoizten duela (拉; karaktere hau «irekidura errazeko latak» hitzean ere ageri da).

Itzultzeko garaian alemaniar kutsu hori mantentzea garrantzitsua zela iruditu zitzaigun, eta euskarara itzuliz gero guztiz galtzen zela. Beraz, «Mendebaldeko Lata …» eta horrelakoak berehala baztertu genituen.

Beste aukera bat, «Silas» edo «Xilasi» uztea zen, baina, orduan, berriz ere, transliterazioak txineraz sortzen zuen efektua guztiz galtzen zen. Gainera, esanahia ere ez zen mantentzen. Bestalde, hitz-joko moduko bat zenez, oin-ohar bat jartzean grazia galtzen zuela iruditu zitzaigun.

Zer soluzio uste duzue etorri zitzaigula burura? Alemanarekin jolastea, jakina! Horrela, esanahia irakurle batzuek baino ulertuko ez zuten arren, alemaniar kutsua mantentzea lortuko genuen. Aiorak buelta pare bat eman zizkion eta izen hau bururatu zitzaion: Aufreißdeckeldosen. Ez da, berez, hitz-joko bat, alemanezko hitz arrunt bat baizik, hizkuntza horrek hitzak bata bestearen atzean jarrita hitz elkartu luze-luzeak osatzeko duen joeraren adibide garbia: «Aufreiß(en)»ek ‘kolpe batez ireki’ esan nahi du, «Deckel»ek ‘tapa’, eta «Dose(n)»ek ‘lata’. Beraz, kolpe batez irekitzen den tapa duten latak, edo horrelako zerbait.

Testuinguru honetan ageri da hitz hau:

市农机修造厂的前身是资本家的隆昌铁工厂 ,当时的主要产品是菜刀和镰刀 ,公私合营后改名为红星铁工厂 , 五十年代生产过名噪一时的红星牌双轮双铧犁 , 六十年代生产过红星牌棉花播种机 ,七十年代更名为农机修造厂 , 生产过小麦脱粒机和玉米脱粒机 , 八十年代生产过喷灌机和小型收割机 , 九十年代从西德引进了一套先进设备 , 生产马口铁易拉罐 , 厂名也改为西拉斯农业机械集团 , 但人们还是习惯称呼它是农机修造厂

Hasiera batean, Nekazaritza Tresneria Ekoizteko Udal Fabrika enpresa kapitalista bat zen; sukaldeko aiztoak eta igitaiak egiten zituen nagusiki, eta Oparotasunaren Errementaldegia zeritzon. Kapital mistoko enpresa publiko-pribatu bihurtu zenean, izena aldatu eta Izar Gorria Errementaldegia jarri zioten. 1950eko hamarkadan, Izar Gorria markako bi gurpileko eta bi nabarreko goldeak ekoizten zituen, garai hartan hain entzutetsuak zirenak; 1960ko hamarkadan, berriz, kotoia ereiteko makinak, marka berekoak; 1970eko hamarkadan, izena aldatu zioten: Nekazaritza Tresneria Ekoizteko Fabrika izendatu zuten, eta garia eta artoa aletzeko makinak merkaturatu zituen; 1980ko hamarkadan, aldiz, ihinztagailuak eta uzta biltzeko makina txikiak; azkenik, 1990eko hamarkadan, Mendebaldeko Alemaniatik puntako ekipamendua inportatuta, irekidura errazeko latorrizko latak ekoitzi zituen; Aufreißdeckeldosen Nekazaritza Elkartea izena jarri zioten orduan, baina jendeak Nekazaritza Tresneria Ekoizteko Fabrika deitzeko ohiturari eutsi zion.

Testua historian zehar fabrikak izan zituen izen ezberdinei buruz ari da, eta letra lodiz markatu dut zaila egin zitzaigun izena. Testu amaierak dio jendeak betiko izenari eutsi ziola, alemaniar izen konplikatu eta ahoskagaitz hori erabili beharrean; horregatik, guk aukeratu genuen izen luze eta arrotz hori primeran egokitzen da.

Soluzio ausarta zela iruditu zitzaigun; baina bururatu zitzaizkigun beste soluzioak baino askoz aberatsagoa, dudarik gabe. Ziur nago bi itzultzailek ez luketela inoiz hitz hau era berean itzuliko. Adibide honek argi eta garbi erakusten digu itzultzean soluzio ezberdin ugari daudela eta sormena ezinbesteko gaitasuna dela.

[1] Horrela transkribatzen dira hainbat pertsonaia famaturen izenak; adibidez, Xavier Silas, Paul Silas, Sir Silas Atopare eta abar.

Iruzkin bat utzi

Maialen Marin atalean

Muga dezagun «mugatu»

Xabier Aristegieta Okiñena

Mugatu aditzari oinarrizko bi zentzu ematen zaizkio hiztegietan eta testuetan:

a) Zentzu kuantitatiboa: zerbait gutxitu edo, behintzat, zerbait horri gehieneko muga bat jartzearena. Esate baterako, abiadura mugatu, erantzukizun mugatuko sozietatea, gonbidapen kopurua mugatu (azken adibide hori, Zehazki hiztegian jasoa).

b) Bereizketa-zentzua: gauza bat (edo gehiago) mugarritu edo zedarritzearena; hau da, «mugak finkatuz zehaztu», Euskaltzaindiaren hiztegiak dioen bezala. Eta adibide hau ematen du: euskara idatziaren ohiturak ongi finkatuak eta mugatuak zeuden punturik gehienetan.

Kontua da esanahi-bitasun horretatik esaldi anbiguoak eratortzen direla. Adibide gisa, har dezagun esaldi hau:

  • Toki-entitateen eskumenak mugatu behar dira.

Esaldia bi modu hauetara uler daiteke (eta argi dago honako bi esaldi hauek ez dutela inola ere gauza bera esan nahi):

  • Hay que limitar las competencias de las entidades locales.
  • Hay que delimitar las competencias de las entidades locales.

Eta, hiztegien arabera, bi ulerkera horiek dira zilegiak.

Horregatik, hiztegiek diotena diotela ere, uste dut mugaturentzako adiera bakarra adostea beste erremediorik ez zaigula geratzen. Nire proposamena da mugatu «limitar» zentzurako uztea, eta zedarritu edo mugarritu erabiltzea «delimitar»erako.

Ez dadin egia izan Elhuyar hiztegiak mugatu aditzari –hain zuzen– ematen dion hirugarren adieran eskainitako adibidea, zeina xelebrea ez ezik bi bider etxekaltea ere iruditu baitzait, euskarazkoa eta hiztegia den obra batean jasotako adibidea den aldetik:

«euskal hitzak ez daude gaztelaniazkoak bezain zehazki mugatuak: las palabras vascas no están tan bien definidas como las del castellano»

4 Iruzkin

Xabier Aristegieta atalean