Artxiboak hilabeteka: maiatza 2015

publikotasun ≠ publizitate

Maite Imaz Leunda

Publiko izatearen irizpidea; horixe da publikotasun-printzipioa edo publikotasunaren printzipioa. Horrela jaso da Erregistro zibilaren hiztegian. Oraindik Terminologia Batzordearen bedeinkapena jaso ez badu ere, Euskaltermen jasota ageri da, nahiz eta termino normalizatua edo gomendatua adierazten duen eu zigilurik oraindik ez izan, hori Terminologia Batzordeak onartzen duenean ipiniko diote eta; gauzak ondo joanez gero, udan.

 publikotasun

Euskaltzaindiaren hiztegian ageri da publikotasun hitzaren definizioa: publikoa denaren nolakotasuna.

Baina lege-testuetan begiratuz gero, bestelako ordaina ikusten da. Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen itzulpenean publizitate-printzipio erabili zen; baita Herri Administrazioen Kontratuen Legeari buruzko testu bategina onartzen duen 2000ko ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legean, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan eta beste hainbatetan ere.

Publizitate hitza ere jasota dago Euskaltzaindiaren hiztegian: gertakari edo produktu berri baten zabalkundea egiteko bitartekoan multzoa: merkataritza helburuak direla medio, jendearen gogoa erakartzeko antzea edo teknika.

Administrazioaz ari garela, badirudi egokiagoa dela lehenengo definizioa, bigarrena baino. Euskaltzaindiaren webgunean ikus daitekeenez, lantaldeak besterik gabe onartu zuen publizitate sartzea 1993ko uztailaren 29an, eta geroxeago, 1996ko maiatzaren 29an, publikotasun.

Gaztelaniaz da polisemikoa publicidad:

publicidad

Gaztelaniazko hitz polisemikoek sarri buruhausteak ematen dizkigute itzultzerakoan, zein adierari buruzkoa den pentsatu eta erabaki beharra baitakar. Ez dirudi, ordea, kasu honetan erabakitzea zaila denik, Administrazioaren xedea ez baita gertakari edo produktu baten berri emanez jendearen gogoa erakartzea, publikoa denaren nolakotasuna bermatzea baizik.

Iruzkin bat utzi

Maite Imaz atalean

Joko bihurtu zen enkargua

Maialen Marin Lacarta

Orain dela bi aste enkargu bitxi bat iritsi zitzaidan lagun baten bidez: sukaldeko tresneria egiten duen IBILI izeneko Bergarako enpresak bere markaren izena txinerara itzultzea eskatu zidan. Beharbada itzuli terminoa erabili beharrean, kasu honetan lokalizatzeari buruz ari garela esan genezake. Blog honetan lokalizazioari buruzko hainbat sarrera irakurri ahal izan ditugun arren, definizioa ematea lagungarri izan daiteke enkarguaren nondik norakoak hobeto ulertzeko:

Localization involves taking a product and making it linguistically and culturally appropriate to the target locale (country/region and language) where it will be used and sold.

Jeremy Munday, Introducing Translation Studies, London: Routledge, 2008: 191.

Definizio hori LISA elkartea (Localization Industry Standards Association) zenak proposatu zuen. Baina itzul gaitezen harira: zergatik lokalizatu behar da marka bat txinerara? Zer zailtasun aurki ditzakegu izena egokitzeko garaian? Hemen doaz hiru adibide famatu, ea horrela zailtasunak zeintzuk diren asma dezakezuen:

Coca-cola
Idazkera 可口可乐
Ahoskera kěkǒukělè
Esanahia 可: ahal, gaitasuna izan, baimena eman, utzi, merezi izan, komenigarri izan…
口: ahoa
乐: zoriontasuna, zoriontsu
“Edanez gero zoriontasuna dakarrena”
Carrefour
Idazkera 家乐福
Ahoskera Jiālèfú
Esanahia 家: etxea, familia…
乐: zoriontasuna, zoriontsu, pozik…
福: zorte ona, zoriontasuna…
“Etxe zoriontsu zorte onekoa”
Nike
Idazkera 耐克
Ahoskera nàikè
Esanahia 耐: jasan, eutsi, jasateko gaitasuna, pazientzia…
克: gai izan, irabazi, kontrolatu…
“Eutsi eta irabazi”
.

Argi dago izenak txinerara itzultzeko garaian bi ezaugarri garrantzitsu izan behar direla kontuan: esanahia eta ahoskera. Txinerak hitz homofono ugari ditu. Horregatik, ahoskera errespetatu arren, esanahi egokia aukeratzea izan liteke gakoa; aukeratutako hitzak zorte txarra badakar edo itsusia bada, izenak ez baitu batere funtzionatuko. Beste hizkuntzen artean ere antzeko zerbait gertatzen da, ezta? Denok egin dugu barre Pajero auto-marka ikustean. Uste dut Espainiar merkatuan izena aldatu ziotela.

IBILIkoek hasiera batean ez zekiten horrelakorik, eta IBILI izena erregistratu zuten Txinan ere. Berehala esan zieten, ordea, izen txinatar bat edukitzea ere komeni zitzaiela. Izena itzultzeko zailtasunen berri ere eman zieten. Beraz, niregana jo zutenerako oso ondo zekiten zer nahi zuten. Eta, egitekoa azaltzerakoan, buruan nituen irizpide berak aipatu zizkidaten:

  • IBILIren antzeko ahoskera izatea
  • Ahoskatzeko erraza izatea
  • Txinatarrentzat esanahi polita izatea
  • Ahal izanez gero, sukaldaritzari lotutako esanahia izatea

Beste irizpide bat ere etorri zitzaidan burura, eta ibili hitzak euskaraz duen esanahia nolabait islatzea nahi zuten ala ez galdetu nien. Eskerrak ezetz esan zuten!

Hala ere, gehitu nuen haiek aipatu ez zidaten irizpide bat: tonuena. Txinerak lau tonu ditu, pinyin transkripzio-sisteman marratxoekin markatzen direnak: mā, má, mǎ, mà. Aukeratutako izenaren tonu-konbinazioa “polita” edo atsegina izan zedin ahalegindu nahi izan nuen.

Pentsa dezakezue izen aproposenaren bilaketa joko moduko bat izan zela niretzat. Itzultzaileei gustatzen zaizkigun joko horietako bat. Banan-banan azalduko dizkizuet etapak, hobeto uler dezazuen:

Lehen pausoa: Txinan saltzen diren sukalderako tresnen marka ezberdinak bilatzea

Bilaketaren helburua zer-nolako lexikoa erabiltzen zuten ikustea zen. Eta, ahal izanez gero, ingelesez erabiltzen zuten izena kontsultatzea. Egia esanda, adibideek ez zidaten gehiegi lagundu, denetatik aurkitu nuen eta. Itzulpenei dagokienez ere, gehienak ez ziren gorago eman ditudan adibide idealetara hurbildu ere egiten. Esanahia bakarrik itzuli eta ahoskerari jaramonik egiten ez zioten itzulpenak aurkitu nituen (Cooker King 炊大皇 chuīdàhuáng, sukaldeko erregea); ahoskera errespetatu baina esanahi aldetik sukaldaritzarekin loturarik ez zutenak ere bai (Delicious 得利仕 delìshí, lortu mozkina guardia (xake txinatarrean)); baita esanahia eta ahoskera kontuan hartzen zituztenak baina ahoskatzeko zailak zirenak ere (Machor 迈切尔 màiqièěr; qiè hitzak ‘labanarekin moztu’ esanahi du).

Marka horiek txinatarrak dira berez. Horregatik egin zitzaidan kuriosoa Delicious markaren kasua, txinerazko izenak ez duelako sukaldaritzarekin loturarik eta bai, ordea, ingelesezkoak. Halere, txinatar merkatuan baino ez dira salduko ziur asko; hori izan liteke azalpena.

Bigarren pausoa: IBILIren ahoskera imitatzen duten karaktereak bilatzea

Txineraz, karaktere bakoitzari silaba bat dagokionez, silaba hauek erabili nituen bilaketak egiteko: ai/yi/bi/bei/li. Yibili, aibili eta yibeili konbinazioak nituen buruan. Sukaldaritzari lotutako karaktere bat bilatzea izan zen zailena. Baina aurkitu nuen! 焙 bèi: su txikian egosi. Halere, bigarren karaktere gisa erabil nitzakeen bi eta bei silaben beste adiera batzuk ere politak iruditu zitzaizkidan, eta, guztiz baztertu aurretik, zerrenda txiki bat egin nuen: zazpi aukera denera. Liren kasuan ez zeuden hainbeste aukera, eta bi aukeratu nituen. Baina lehen karaktere gisa erabili beharreko yirentzat zerrenda luzea bildu nuen oso: hemezortzi karaktere denera.

Baztertutako hainbat karaktere

匕 (bǐ): ‘daga’ esan nahi du, baita antzina erabiltzen zen koilara antzeko bat ere. Zergatik baztertu, orduan? Dagaren zentzua hilketari eta indarkeriari lotuta dagoelako.

屄 (bī): alua, motxina. Ejem, ez du azalpenik behar.

弊 (bí): gaiztoa, mina, txarra…

痍 (yí): zauria

悒 (yí): kezkatuta, deprimituta…

Esku artean ibili nituen karaktereen zerrenda askoz luzeagoa da. Baina karaktere horiek, esate baterako, zuzenean baztertu ahal izan nituen. Adibide gutxi horiek nahikoa dira argi ikusteko zeinen garrantzitsua den arauak ondo ezagutzea joko honetan jokatzeko!

Hirugarren pausoa: inkesta egitea

Inguruan nituen sei lagun txinatarrei azaldu nien jokoa zein zen, eta silaba bakoitzerako bildutako zerrendatik gehienez hiru karaktere aukeratzeko esan nien. Zergatik aukeratu zituzten azaltzeko ere eskatu nien. Lehendik nituen Yiren zazpi adierekin, biren batekin, beiren batekin, eta liren bakarrarekin amaitu nuen hirugarren pausoa.

Laugarren pausoa: bigarren inkesta egitea

Doktoretza-ikasleen bulegoan ari nintzen hiru lagunei inkesta egiten, laugarren bat azaldu zenean: “A, zer da, sukaldaritza marka batentzat?” esan zuen inkesta egiteko erabiltzen ari ginen papertxoetan idatzitako izenak ikustean. Erdiko silabarako hautatutako bei hori (“su txikian egosi”) esanguratsua zela ikusi genuen, behinik behin. Inkestan ere 5 puntu jaso zituen karaktereak, beste aukera zen bi karaktereak jaso zuen puntu bakarraren aldean.

Hirugarren karaktererako, aukera bakarra geratu zitzaidan aurreko pausoan dagoeneko: 利 (lì), onuragarria. Bigarren eta hirugarren karaktereak aukeratuta zeuden, beraz.

Lehenengo yi hori baino ez zitzaidan falta. Geratzen zitzaizkidan zazpi aukeretatik hiru zihoazen garaile argi eta garbi; horregatik utzi nituen beste lauak alde batera. Baina geratzen ziren hirurak iruditzen zitzaizkidan onak. Horregatik, bigarren inkesta honetan hiru marka-izen eman nizkien aukeran lagunei, eta lehenengo karakterea bakarrik aldatu nuen izen batetik bestera. Hauek ziren hiru yi posibleak: 易 (praktikoa), 艺 (artea), 宜 (komenigarria).

Denak onak, ezta? Ba… oraindik ezin dizuet esan jokoa nola amaitu genuen; izan ere, IBILIkoek marka patentatu arte ezin dut izena publiko egin! Hala ere, azken pauso hau zuen kabuz ematen saia zintezkete, ea ondorio berera iristen garen:

Ibili
Idazkera 易焙利 / 艺焙利 / 宜焙利
Ahoskera Yìbèilì / Yìbèilì / Yíbèilì
Esanahia 易 / 艺 / 宜: praktikoa / artea / komenigarria
焙: su txikian egosi
利: onuragarria, lagungarria

 

2 Iruzkin

Maialen Marin atalean

Ardura eta erantzukizuna

Xabier Aristegieta Okiñena

Badakit izenburua aski janeaustendarra gelditu zaidala, baina nahigabeturik ohartarazi beharrean nago Austen-en aipamenak ez duela lerro honetatik aurrerako jarraipenik, haren prosa baino dezente prosaikoagoak diren bidezidorretatik eraman behar dudalako gaurko aztergaia.

Kontua da euskaraz trukagarritasun erabatekoz erabiliak ikusten ditudala ardura eta erantzukizun hitzak: hori nire ardura da / hori nire erantzukizuna da. Ziur aski, biak izan daitezkeelako gaztelaniazko responsabilidaden ordain eta, halatan, gaztelaniazko hitz hori ikusten dugun bakoitzean euskaraz lasaiegi jotzen dugulako ardura nahiz erantzukizun hitzak erabiltzera.

Baina esango nuke ardura eta erantzukizuna ez direla gauza bera, eta horregatik, arduraz jokatu dute esan dezakegula, baina ez erantzukizunez jokatu dute.

Nire hipotesia da ardura hitzak jarrera bat adierazten duela, eta, hedapenez, jardun-esparru bat. Erantzukizun hitzak, aldiz, besterekiko betebehardun posizio baten berri emango luke, besteri dena delako aferari buruzko kontuak ematekoa. Eta, ardura hitzarekin bezalaxe, jardun-esparru bat ere adierazten du, hedapenez.

Hori horrela, ardura eta erantzukizun hitzen esanahi-eremuak elkargainkatu egiten dira xede duten jardun-esparru hori adieraztean, eta axola praktiko handirik gabea gertatu ohi da kontabilitatea zure ardura da nahiz kontabilitatea zure erantzukizuna da esatea.

Esanahi-bategite puntu horren alde bakoitzera, esanahi desberdinak hartzen dituzte, gorago ohartarazi dudanez: jarrera bat da ardura, funtsean; erantzukizuna, besteren aurreko posizio bat, are posizio juridiko bat.

Ondorioztapen horren oinarri, hitz horiei buruz honako hiztegiek ematen dituzten azalpenak.

Euskaltzaindiaren hiztegian:

ardura: 1 iz. Zerbaitetan jartzen den gogo oharmena. Ik. Axola; arreta. Haien nagitasuna eta ardura gutxia. Hezkuntzaz duten ardura berezia. Hirigintzaz ardura izpirik agertu gabe (…)

2 iz. Kezka. Berandu ez heltzea zen bere ardura guztia. Arduraren bat al duzu?

erantzukizun iz. Erantzule izatea; hortik datorren eginbidea. Ik. erantzunbehar. Langintza osoaren azken hitza eta erantzukizuna bere gain hartzen du. Erantzukizun handiko kargua (…). Erantzukizun zibila.

Orotariko Euskal Hiztegian:

1 ardura (V, G-goi, AN, L; SP, Lar, Añ, Mg Nom, Dv (BN), H (V, G, L)). Ref.: A; Iz ArOñ; Etxba Eib; Elexp Berg. Tr. Al Norte se documenta en textos de autores labortanos del s. XVII (Materre, Etcheberri, Axular, Haramburu, Argaignarats), en Haraneder, Duvoisin y Larre, en la mayoría de ellos en las exprs. ardura izan, ardura eduki; tbn. lo emplea Goyhetche, pero sólo para las acepciones (2) y (3). Al Sur, donde se documenta ya a mediados del s. XVI (v. infra ARDURA HARTU), es más extendido y frecuente su empleo en la tradición vizcaína, con una mayor variedad de usos y construcciones. En DFrec hay 97 ejs. de ardura, más 31 de ardurape-.

  • 1. Responsabilidad, cuidado; preocupación; interés. “Soin continuel” SP (cf. 2 ardura). “Cargo, cuidado”, “pena, cuidado” Lar y Añ. “(Tú te lo) quisiste, tú te lo ten, zure naia, biz zure gaia, zeurea zan gura, areago ardura” Lar. “Aplicación”, “tiento, miramiento” Añ. “Tráfagos, cuidados, (c.) ardurak, burukominak” Ib. “Ajola (G), arduria (V), cuidado” Mg Nom. “Soin, souci (BN). Ardura eskasa, négligence” Dv. “1.º cuidado, diligencia, providencia; [….] 4.º (? L), estudio” A. “Cura, cuidado. Jolasak dira zure arduria! Las diversiones son tu preocupación” (…)
  • 2. (Dv A, H). “Mine, santé. Ardura on du, il a bonne mine” Dv. “Mine, air extérieur” H. “Aziendak bezelako ardura eztu nagusiak, el dueño no tiene tan buen aspecto como el ganado” A. v. ardore. Hire gorphutza duk ardura ederrean: / Ase-on baten gaia neretzat menean. “En merveilleux état”. Gy 236 (v. tbn. 48). —Agur, kide, derro, zer! zu toki hautan? / —Bai, Yauna, baztertu naiz ustekabetan. / —Ardura eder duzu, milla demuntxoa. / —Badukezu, Yauna, bardiñ horlakoa. Ib. 32.
  • 3. (Dv A). Temperamento. “Ardura bihurria, tempérament irascible (Gy)” Dv. Azkue da la frase nola baitzuen ardura biurria como G-goi, lapsus por Goy(hetche) [= Gy 143]. Cf. LzG: “Ardura. Vigor; dinamismo (Contrasta). “Fulano no tiene ardura para nada” (Apellániz)”. Cf. ARDURA GAIZTOKO. v. ardore. Ezen nola zuen sortzez ardura bihurria, / Bere kider zeukatena khentzera net pendia. Gy 143.

erantzukizun, erantzunkizun.

1. Responsabilidad. v. erantzunbehar, erantzuki (4), erantzupen (4). Tr. Documentado en autores de la segunda mitad del s. XX. En DFrec hay 32 ejs. de erantzukizun y 23 de erantzunkizun. Norberak erantzukizuna leporatzen dunean. Etxde Itxas 205. Etzukean inoren erantzukizunik bere gain eta bere lepora bearrik. Zait Plat 102. Langintza osoaren azken itza ta erantzukizuna bere gain artzen du. Vill Jaink 78. Ezkongaidenboran jolasean ibilli dira, eztituzte ikasi bizibide berriak eskatzen diskien erantzukizunak. EgutAr 13-1-1962 (ap. DRA). Zer erantzukizun Jaunaren aurrean! MAtx Gazt 58. Zeñen erantzunkizun aundia. Ib. 43. Hutsegite haren errua ta erantzukizuna oso-osorik neure gain eta neure gain bakarrik hartuz. Azurm ZArg 4-8-1974, 5. Oro beren kargu, egiteko eta erantzukizunekin. Larre ArtzainE 185. Batuarekin hasita, noraino izan zen zure erantzukizuna, edo noraino izan zinen batuaren aitajauna? In MEIG IX 76.

 Obligación contraída. Zintzo jokatuta, baña Aurrezki-Kutxako erantzunkizunak ondo betetzen zituzten. TxGarm BordaB 173.

2. erantzukixun. Adivinanza. Erantzukixuna igarri dagidan eta neure battukarija jaso al ixan. Otx 152.

Tankera horretako hitz-bereizketez ohartuta egoteak lagundu egingo digu, dudarik gabe, euskarazko esanahi-aldeei distira eginarazten eta alde horiek balioan jartzen.

Iruzkin 1

Xabier Aristegieta atalean

Udalekuak oporleku

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Sargori zakarra garaiz kanpo etorri zaigu bisitan egunotan, Iruñera bederen, udaldia hurbiltzen ari zaigula iragarriz-edo, eta harekin batera, hain juxtu, udarako haurrendako aisiaguneen eskaintzak iristen hasi zaizkit hainbat bidetatik: udalekuak, egonaldiak, udako hiri-kanpamentuak, kanpaldiak…

Garai batean gaztelaniazko «colonia(s) (de verano)»  eta frantsesezko «colonie/sejour de vacances» kontzeptuari euskaraz eman zitzaion ordaina oso egokia izan zen,  nire ustez. Udaleku hitzak arrakasta izan zuen eta haurrendako udako egonaldiak izendatzeko hitz nagusia izan zen anitz urtez, harik eta haurrei begirako eskaintza horiek urteko beste opor sasoietara ere hedatu ziren arte. Orduan zerbaitek kra! egin zuen. Normala, «eguberrietako udalekuak» bezalako konbinazioak deigarri samarrak suertatzen baitira.

Xelebrekeria horiek saihesteko eta, horrez gain, gaztelaniazko «campamento» hitzari baliokide literala emateko, seguruenik, kanpamentu eta kanpaldi hitzak zabaldu zaizkigu orain euskaraz. Ingelesezko «(summer) camp» egonen da, segur aski, gaztelaniazko hitzaren zabalkundearen gibelean, eta baliteke luze gabe bi hitz horietako bat erabat nagusitzea haurren oporretarako oro har eskaintzen diren jarduera mota horietarako, aintzat hartu gabe egiazko kanpamentuak diren ala ez, edo, eguneko —eta hiriko— jarduerak izanik maiz, lotarako nor bere etxera joaten den ala ez.

Dena den, bitartean, eztabaidagune honetan gaur plazaratu nahi dudan galdera da ea itsu-itsuan erabili behar dugun euskaraz kanpamentu edo kanpaldi hitza adiera horretarako, edo ez ote litzatekeen aproposagoa izanen udaleku hitz errotu eta arrakastatsuaren bidetik jo eta oporleku edo aisialeku baliatzea, adibidez. Biak ala biak aski ulergarriak begitantzen zaizkit. Gainera, aisialdiko aktibitate horiek orokorrean izendatzeko egokiagoak izan litezke besteak baino, eta kanpaldi/kanpamentu bikotea oporretako egonaldi jakin batzuk izendatzeko gorde daitezke.

Ez bata ez bestea ez dira ez Elhuyar ez Labayru hiztegietan agertzen, ezta Orotarikoan  ere.  Hiztegi batuan ezta ere. Kepa Altonagaren Back to Leizarraga liburu aski interesgarria irakurtzen ari naiz egunotan, eta, beraz, neure burua psikoanalizatzen hasita, aitor dezadan balitekeela nire proposamen hau urdailean sustraiturik daramadan garbizalekeria lirdingatsu baten ondorioa baizik ez izatea, edo azken egunotako hego-haize sargoritsuak eragindako gogoeta funtsik gabea.

4 Iruzkin

Itziar Diez de Ultzurrun atalean

Ezkanitzen sortua

Miel A. Elustondo

Noiztenka testuren bat itzuli ez baina zuzentzea gertatzen da gurean. Lan gaitza liteke, liteke errazena ere. Horietakoa da ondoren paratuko duguna: gaitza izanagatik ere, erraza ere bada. Bihirik ez ukitzea, bere horretan uztea erabakitzea da onen.

Komiki baten gidoiarekin batera heldu zitzaigun testua Dani Fano ilustratzailearen eskutik. Asisko Urmeneta da egile. “Etnolingus” darama izenburu, eta Koldo Artolaren Ziorditik Uztarrozera liburutik hartua da. Arantzadi Elkarteak argitaratua 2014n.

Antologikoa.

—Izena?

—Xeledonia Barrinagaerrementeriaurionabarrenetxea

—Non sortu zinen?

—Ezkanitzen

—Non?

—EZKANITZ! Irurozkitik goitik, Elkoatzera gabe, hor berean, eskumatra… Denboraz berrahun jente, eta orai ordea… Bortz…

—Bost biztanle…

—BORTZ AXOLA herri porkeria hartaz!!!  Bi xahar, hirur oilo… Leher egin bezate!

—Eta noiz galdu zen euskera?

—GALDU? Ekendu egin juen, ekendu!

—Baina zu ez zara Eskamitzen bizi…

—PREFOSTIA! Ameriketara fan nindian, ezkapi! Praube bizi gintian, praube: babak armozatzeko, babak baskaiteko, eta ahualtzeko…

—Txitxirioak?

—Ze zitzi eta zitziburduntzi! BABAK !

—Babek indarra ematen omen dute…

—KAKA HIRE! Sar’tzak uzkizilotik indarra nahi baduk!

—Beno, eta… konta ezazu Idahoko bizitza…

—Aida! Jo! Euskaldunen artean, liho batean…

—Liotan?

—LIÑUE!!! Sanababitx!!!

—Eta kontatzen ahal duzu nola egiten zenuten linua?

—Eraikitzen zuta zemendien, eta jayo ondorean zaborra atratzen zakiyon…

—Zitzaion?

—ZAKIYON!!! Eta orduan florea, xuri-xuria, pollita! Gero liliak botatzen juan hazia… Eta maz batekilan JO-TA KASKA! Dena joka: TRAKA-TRA TRAKATRA-TRA!!! Gero sartzen ginakokan makil haunnnndi bet, eta bueltak emanda eman gelditzen zuan fiiiiiiin fin-fin fiña. Zenbat luze izain zian makil harek… Otxenta zentimetro, edo metroa igoal…

—Tia Cele, cante aquella copla tan bonita al chico!

—Sar balakio urde sortu behar gabe horri !!!

—Esa no, la otra…

—Eta hola lixtua emannnda txulo txipia estaltzen gunian. Eta lixiba egosirik zagolarik…

—Maindire lehun-lehunak …

—Earki bustiak ba! Miss Mihise diaitzen zireteta Kanadako mugaraino.

Iruzkin bat utzi

Miel A. Elustondo atalean

Fede onez

Maialen Berasategi Catalán

Zenbat aldiz ez ote zaion gertatzen itzultzaileari jatorrizko testua nahasgarria edo ia ulertezina izatea. Izan ere, maiz, arazorik handiena ez da izaten hemengo ortografia-hutsa edo hango koma aldrebesa edo haragoko sintaxi behartua, baizik eta horien guztien saski-naski bat, eta, azkenerako, testu batzuk, sortzailearen buru sortzailetik kanpo, zoratzaile eta sorgortzaile izaten dira kasik.

Irakurlea zoratzeko propio idatzitako testu kriptiko ulertezin batzuk badaude, jakina, baina pentsatzekoa da testu gehienak uler daitezen idazten direla. Beraz, deskalabruak saihesteko eta komunikazioaren izenean, itzultzaile fede onekoak, jatorrizkoa behar adina aldiz irakurri, deszifratu, eta esanahia txukun antzean ematen saiatzen dira, irudimena, aierumena, logika eta jakinduria gastatuz ugari, eta arriskatuz ere bai noski, hamaika interpretazio —edo bakar bat ere ez— duen testu batetik esanahi bat hautatzeak erraza baitu okerbidea.

Itzultzaile hertsiro leial eta itsu-itsu izango bagina, ez genuke egin behar halako ahaleginik; jatorrizkoan ulertzen ez dena xede-testuan ere ulertezin utzi, eta listo. Oro har, baina, zilegitzat jotzen dugu ahal den heinean hobetzaile-lan hori egitea, eta, areago, beharrezkotzat ere bai sarri; izan ere, askoren arrazoibidea hauxe izaten da: “Aprobetxa dezagun aukera euskarazko testua erdarazkoa baino ulergarriagoa eta erakargarriagoa izan dadin behingoagatik”. Eta ideia ona da hori, badenez.

Baina galdera da: berdin jokatu behar al dugu jatorrizko testuaren arazoa ulergarritasuna ez baizik beste bat bada, hala nola arazo etiko edo deontologiko bat? Literatur itzultzaile batek, adibidez, gizaki jarri behar al du jatorrizkoan hombre generikoa zegoen lekuan? Eta agintari batek dokumentu batean agerian utzi badu negargarri idazten duela, zenbateraino dagokio itzultzaileari haren idazkera hobetzea? Herritar euskaldunek ere eskubidea izango dute, bada, nork gobernatzen dituen jakiteko, ezta?

Zalantza-balantzan ibiltzen garenontzat, ez legoke gaizki jakitea zer arauditxo erabiltzen duten halakoetan beste itzultzaile batzuek eta zer egiten duten ohiko fede on horrekin…

Iruzkin bat utzi

Maialen Berasategi atalean

Tratu txarra balioetsi?

Karlos del Olmo

«Bileran, zer esku-hartze behar den aztertuko eta balioetsiko da tratu txarrik badagoen edo ez dagoen zehaztuko duen informazioa biltzeko». «(…) ongi balioetsi behar da biktima eta pertsona erasotzaileak edo ikusleak fisikoki banantzeko babes-neurri bat hartu behar den edo ez». «Ongizate Sailak abian jarritako pertsona adindunen tratu txarra hauteman, balioetsi eta desagerrarazteko programak». «IKUSI, BALIOETSI, EKIN: indarkeria lesbianen eta homosexualen harremanetan». «Gero, 101 pertsonetan —programa erabat bukatu zutenak— balioetsi zuen egindako tratamenduaren eraginkortasuna, zeinak bere barnean hartzen baititu tratamendu aurreko eta tratamendu ondoko neurriak eta jarraipen-neurriak». «Ezintasunak balioesteko taldea».

Aurreko adibideetan, balioetsi aditzak duen erabilera ez omen dator bat, aditu batean, izan ohi duen tasun semantikoarekin: ‘zerbait baliozkotzat edo balioduntzat jotzea’. Balioetsiren ordez, haren sinonimo bat ezarriko bagenu, estimu egin, esaterako, onartezinago emango lukete laginok. Zein izan daitezke lerratze horren zioak? Lehenengoa, ageri-agerikoa da: Euskaltzaindiak baloratu aditza hiztegian jaso arren, balioetsi eta balioztatu hobesten ditu. Hortaz, baloratu ez beste aukeretako bat erabili besterik ez du idazle edo itzultzaile txukunak. Kontua da «balorazio» horietako batzuen muina ez dela izango baliokotzat edo balioduntzat jotzea, ebaluatzea edo beste ekintzaren bat baizen.

Bestalde, balioztaturik ez da agertzen adibide horietan, menturaz, argiago hautematen direlako honen ohiko esangurak: ‘gauza bati delako balioa taxutzea’. Gaztelaniazko validar-en ordaintzat jotzen dugunez gero, nekezago sortuko dugu «txartu txarra baliozkotu» edo antzekorik.

Kontua da, DRAEren arabera, valorar aditzak gaztelaniaz ondoko esangurak dituela:

  1. tr. Señalar el precio de algo.
  2. tr. Reconocer, estimar o apreciar el valor o mérito de alguien o algo.
  3. tr. Aumentar el valor de algo (valorizar).
  4. tr. Quím. Determinar la composición exacta de una disolución.

Hortaz, pentsatu beharrekoa da nahiz gaztelaniaz nahiz euskaraz ohiko erabileratik harantzago doan beste erabil ohitura berri honek beste jatorriren bat izan lezakeela, beharbada, itzulpen bidez sasiko kideren modura heldu zaigula. Zantzuetan ibiliz gero, Euskaltermek lorratz egoki-egoki bat eskaini zigun 1998an, baina urteen poderioz, atzendu egin bide zaigu:

valorar
– Merkataritza > Aseguruak –
eu: ebaluatu
Definizioa: ebaluazio bat egin.
es: evaluar, valorar, estimar
en: evaluate, to; rate, to; appraise, to; estimate, to
[Hiztegi terminologikoa] [1998]

Eta 2004an ere beste makulu bat ere eskaini zuen:

valorar
– Kimika > Orokorra –
eu: baloratu, balioetsi
es: valorar
fr: évaluer
en: value, to
[Hiztegi terminologikoa] [2004]

Ez ginateke, beharbada, oso oker ibiliko pentsatuko bagenu to value hori izan daitekeela kulpantea —errugabea, jakina—, dela euskaraz dela gaztelaniaz, ebaluatu edo neurtu barik, balioetsi / baloratu / balioztatu / baliozkotu erabilirik ordaintzen dugunean.

Elhuyar hiztegian, to value honela ematen dute:

value, to
1 vt. [estimate price of] prezioa / salneurria finkatu, prezioa / salneurria ipini
2 vt. [cherish] estimatu, aintzat hartu

Begiratzeaz batera ohartuko gara hasierako adibide horietako batzuetan (guztietan?) zaila ere zaila gertatuko zaigula adiera horien oihartzunak onartzea. Eta ez da harritzekoa, azken buruan, hurbilago dagoke-eta esangura mota hori gaztelaniazko tasar aditzetik:

Euskalterm:

tasar
– Merkataritza > Aseguruak –
eu: tasatu, peritatu
Definizioa: tasazio baten mende jarri.
es: peritar, tasar
fr: évaluer, estimer, priser, taxer
en: appraise, to

Beste hainbeste gertatzen da valoración etsaminatzen hasiz gero: zenbaitetan hurbilago egon ohi da ebaluaziotik edo azterlanetik; bestetzuetan, ostera, tasaziotik; noizbehinka, ontzat jotzetik ere bai, zertan esanik ez. Hortaz, erabiltzaileei dagokigu sustraietara jotzea, ustezko «balorazio» ekintza horren azpian zer datzan so egitera; tratu txarrei gagozkiela, adibidez, gertatu diren eta gertatu diren aztertzea izan daiteke auzia, edo tratu txarrak zenbaterainokoak diren neurtu, ebaluatu nahiz tasatzea; jakina, irizpide moral, etiko, mediko, psikologiko edo juridikoren baten arabera, bestela esanda, neurgarriren bat erabilita. Inondik inora ere baliozkotzat jo barik, aurki!

Iruzkin bat utzi

Karlos del Olmo atalean