Pidgin bat

Maite Urkia

Azken egunotan Islandian ibilitako euskal baleazaleen berri agertu da egunkarietan (Berria, Diario Vasco…). Nonbait, orain 400 urte, 1615ean, 32 euskal baleazale hil zituzten Islandian. Ekaitz baten eta izotz puska handien ondorioz hiru itsasontzi hondoratuta edo hondatuta geratu omen ziren, eta arrantzaleak bi taldetan banatu. Iparraldera jo zutenek gorabeherak izan omen zituzten, eta toki hartako gobernadoreak haiek hiltzeko agindua eman omen zuen. Jón Gudmunssonek gertakizun haien berri jaso zuen urte hartan bertan. Orain, Gipuzkoako Aldundiak eta Islandiako Gobernuak adiskidetze ekitaldi sinboliko bat egin dute, eta Biltzar bat ere antolatu da hainbat erakunderen artean, Reykjaviken.

Baina albistea irakurtzen ari nintzela begiak beste nonbait pausatu zitzaizkidan. Ternuan ibilitako arrantzaleen kontuak gehiago zabaldu diren arren, esango nuke Islandiakoak adituen munduan egon direla batik bat. XVII. mendean ez omen ziren gutxi iparraldeko uharte horretara joaten ziren euskal arrantzaleak eta, noski, komunikazio beharren batzuk izango ziren. Halaxe sortu zen, bada, euskara-islandiera pidgina.

XVII. mendearen amaierako eta XVIII. mendearen hasierako eskuizkribuen artean bi hiztegi txiki agertu ziren Islandian bertan, eta 745 hitz inguru dituzte bien artean. Henrike Knörr zenari M.A. Elustondok Argian egin zion elkarrizketan (2006) Glossaria Gallica eta Glossaria Biscaica izenez aipatzen dira. Knörr euskaltzainaren ustez, arrantzale asko Donibane Lohizune aldekoak izateak ematen dio izena lehenengo bildumari.

Adibide batzuk:

Ungetorre
(Ongi etorri)

Eskora
(Aizkora)

Schularua
(Eskularrua)

Christ Maria presenta for mi balia, for mi presenta for ju bustana
(Kristok eta Mariak bale bat emango balidate isatsa emango nizuke nik)

For ju mala gissuna
(Gizon gaiztoa zara)

Zer travala for ju?
(Zertan egiten duzu lan?)

Sumbatt galsardia for?
(Zenbat galtzerdigatik?)

Eta pidginaren ahaide urrunekoa, koinea. Administrazioko testuen itzulpena da nire lekua eta egia da testuak errepikatzen direla eta Trados programak asko erraztu duela gure lana, baina neuronak lantzeko tartea ere izaten da; izan ere, departamentu guztietako dokumentuak iristen zaizkigu, baita herrietakoak eta justizia arlokoak ere. Bizitzan gertatu ohi den bezala, gauzei nola begiratzen diegun, huraxe ikusten dugu. Administrazioko itzulpena aspergarria dela eta irudimenerako lekurik ez duela uzten pentsa daiteke baina, ikuspegia zabalduz gero, ahalegin handiz sortu zuten koineari, euskara batuari, ekarpentxoa egiten diogula esan dezakegu.

Eta, bidenabar, pago eder baten antzekoa iruditzen zait blog hau ere ahalbidetzen duen koinea. Enborrak eta adarrek egitura osatuko lukete (morfologia, ortografia…), eta hostoak hizkuntzaren hitz guzti-guztiak genituzke, lur orotakoak. Hori hala, esan beharrik ez, ongarria geure kontu.

5 Iruzkin

Maite Urkia atalean

5 responses to “Pidgin bat

  1. g2-3912a9688554129e5c0bf7d0f7bf858c

    Interesa duenak hemen ikus ditzake Maite Urkiak aipatutako bi eskuizkribuak digitalizaturik:
    Vocabula Gallica: http://www.arnastofnun.is/page/Bl__192r%E2%80%93199v (Gaur behintzat irudiak ez dira agertzen, baina helbidea zuzena da)
    Vocabula Biscaica: http://www.arnastofnun.is/page/Bl__200r%E2%80%93204v

  2. Erramun Gerrikagoitia

    Simplequi harritzen nau honec traductioneac

    Christ Maria presenta for mi balia, for mi presenta for ju bustana
    (Kristok eta Mariak bale bat emango balidate isatsa emango nizuke nik)

    zeren iruditzen zait logicoago eta ere justuago beste honelatsuco hau (ez naiz sartzen norc eguina duen traductionea baizic sartzen naiz prefosta kin traductionea)

    Christ Maria presenta for mi balia, for mi presenta for ju bustana
    (Kristok eta Mariak emango balidate balea, niretzat balea zuretzat buztuna)

    Piding-ean dakarren “bustana” hori ez daquit zergatic ez dan eman behar euscaraz “buztana” eta den emaiten “isatsa”. Nic ezin comprenitu.

    • Maite Urkia

      Ados Erramun. Itzulpena ez da nirea, baina zentzuari begiratu nion hitzari baino gehiago.

  3. Erramun Gerrikagoitia

    Bai, hortaz ari nintzen Maite ezen buruz traductionea eta ez horregatio buruz personea zeinac eguin duen traductionea. Berba batean, esanac reesanic quasic redundantequi, ez dala comprenitzecoa nola “bustana” itzultzen da euscarara nola “isatsa” noiz hor daucagun euscarazco “buztana” izanic gainera hori “bustana” mailegua tik euscarazco “buztana”. Benetan, incomprensiblea.

    Personalqui, zu Maite Urkia, zein beste edonor, egon tranquil zeren nire criticac zeinac dira bethi intentionez positivoac eta proactivoac’ ez doaz secula eguinac an dimensione individuala.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s