HONDAR alea euskararen IBIAN

Irantzu Epelde Zendoia

Auzoko bat etorri zitzaidan lehengoan, gonbidapen batekin: euskara elkarte bat sortzeko asmotan dabiltzala Hondarribian, eta ahal bezainbat zabaldu nahi dutela mezua: hiru ostiral arratsaldetan elkartu, eta eztabaida sortu nahiko lukete, ekimena hemendik lasterrera abian jartzeko asmoz. Topagunea-k parte hartuko omen du bilkuretan, dinamizatzaile lanetan, beste herri batzuetako esperientziak-eta ekarriz.

Ostiral arratsalde horietako saioen berri zabaltzeko, afixa bat egin dute, eta Facebooken bitartez ere hasi dira deia egiten.

«Hondarribian euskara gutxixko entzuten dela iruditzen zaizu?

Euskara eta hondarbitar [sic] hizkera gehiago entzutea gustatuko litzaizuke?

Horren guztiaren inguruko iritzia edo kezka baduzu: Ongi etorri!»

Gaurko sarrerarako hizpidea kartelak berak emango digu, edo hartan azaltzen den adibide sortak, “hondarbitar hizkeraren” perla sortak.

Erdi parean, ezkerretara, buruz behera-bezala dagoen harea ordulari bat ikus dezakezue, dariola, bertako hiztegikotzat jotzen diren aldaera eta esamolde batzuk isurtzen dituela: kapen egin ‘(uretan) murgildu, pulunpatu’, kaxota ‘etxola’, blagan ‘berriketan, ele-meleka’, itxeki ‘eutsi, heldu’, atzaman ‘harrapatu’, bakotxa eta abar. Gehienak ez dira Hondarribian bakarrik erabiltzen, baina orain inporta duena da afixa egiteko bilduman ibili direnentzat hemen-hemengoak direla, eta nolabait bertako hizkeraren marka[1].

Hizkuntza gutxituen testuinguruan, ez da batere arraroa hiztun batzuek –ez denek– identitatea nabarmentzeko hautu jakin batzuen alde egitea. Esan nahi dut –ez kondenatuz, baieztapen hutsa da– badirela goikoak bezalako hitzak nahitara maizago erabiltzen dituzten hondarribiarrak, hondarbitar hizkera areagotuz, jakitun direlako horietako asko galbidean direla, batetik, eta nolabait norberaren identitatea (hondarribiar petoa) markatzeko bide ematen dutelako, bestetik.

Gogoan dut nola, adibidez, Iparraldeko hiztun batzuek areagotu egiten duten hasperenaren ebakera, bereziki solaskidea Hegoaldekoa dutenean, edo bokal sudurkarien ahoskera. Hots, Hegoaldeko fonologian ez dauden ebakerak, betiere. Estilo jakin baten aldeko hautuak zeresan handia du identitatea markatze kontu honetan. Guztiz gomendagarria, honen harira (eskerrik asko, Agur), Peter Auer-en lan hau: Style and Social Identities. Alternative Approaches to Linguistic Heterogeneity (Mouton de Gruyter, 2007). Aipatzen ari naizen hau bezalako hainbat kasu biltzen ditu.

Gertatzen al da zuen herrian honelakorik? Eskertuko nizueke informazioa.

[1] Hiztegiari, jakina, ezaugarri fonologiko batzuen zerrenda gehitu beharko litzaioke, eta era berean morfologiari eta joskerari dagozkion beste ezaugarri batzuk.

2 Iruzkin

Irantzu Epelde atalean

2 responses to “HONDAR alea euskararen IBIAN

  1. Aitor Etxebarria

    Ni lekeitiarra naiz, eta Lekeition askotan gertatzen da honelakorik. Bereziki, herriko ormetan jartzen diren karteletan, bereziki gazte-jendeak idatzia, bilera edo ekitaldiren bat iragartzeko edo egoera edo arazoren bat salatzeko, zerbait erreibindikatzeko.
    Azterketa sakonik egin gabe, bereziki ortografia mailan ematen dela esango nuke, hitzak ahoskatzen diren bezala idatziz. Adibidez:
    “Guztijok juan biar gara egoeria salatzeko”

  2. Irantzu:
    Plazaratu duzun hori ez bide dabil oso urruti gure hemengo aspaldi samarreko “Idazteko moduez” sarreratik (izan zituen erantzunak eta guzti: https://31eskutik.com/2012/12/10/idazteko-moduez/) eta Ana Telletxearen “Ikusi eta ikasi” sarreratik (hau ere erantzun eta guzti: https://31eskutik.com/2012/12/06/ikusi-eta-ikasi/).
    Segi ongi

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s