Aliantza eta trukeak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Poz eta interes handiz irakurri nuen martxoaren 8ko Berrian agerturiko solasaldi luze-sakon-zabala, zeinean Eskisabelek, Agirrek eta Estebanek euskalgintzaren eta feminismoaren arteko aliantza proposatzen zuten emakumeen eta euskaldunen kontrako zapalkuntzek dituzten antzekotasun ugariak oinarri harturik. Esteban antropologo feministak orain dela urte gutxi plazaratu zuen ideiatik abiatuta, garabiderako aukera anitz ematen ahal dituzten ertzak aletzen eta ikusarazten saiatu ziren elkarrizketa horretan: subalternitatearen kontzeptua; hegemonia eta bazterrak; zapalkuntza biak zilegiztatzeko baliatzen diren naturalizazio prozesuak… Bereziki gustatu zait Esteban antropologo eta irakaslearen honako gogoeta hau: “erabil dezagun feminismoaz dakiguna euskararen munduan. Biak uztartzeak baliagarria izan behar luke: gure gizartean dauzkagun baliabide teoriko guztiak erabili, ez gorde konpartimentuetan…”.

Feminismoaren soak, nire irudikoz, ez digu soilik balio hobeki eta argiago ulertu eta deseraikitzeko hizkuntza/hiztun-talde baten indarra edo/eta besteren baten mendekotasun soziala oraindik ere argudio linguistikoetan edota naturaletan (hizkuntzen berezko zer-nolako aldaezinetan) funtsatu nahi dutenen diskurtsoak; edo soilik konprenitzeko Marcela Lagarde antropologo feministak emakumeoi buruz dioena –emakumeok oraindik ari garela negoziatzen nolako gutxiagotasun mailan geldituko garen– guztiz aplikagarria zaigula euskaraz bizi nahi dugunoi. Feminismoa, horretarako guztirako ez ezik, oso onuragarria gerta dakiguke orobat ikertzeko nolakoak irudikatu eta irudikatzen diren (euskal) emakumeak euskal imajinarioetan: Jone Miren Fernandez antropologoa han eta hemen ematen ari den hitzaldia horren adierazgarri (Andereñoak, transmisoreak, kontulariak, traidoreak… emakumeak euskararen unibertsoan).

Bestetik, laguntzen ahal digu ulertzen nola izan den posible gurea bezalako hain sexismo gutxiko hizkuntza ikasi eta erabiltzeko urteetan eta urteetan hainbeste baliatu genuen Hiztegia 2000 hartan honela irudikatzea sukaldea (noiz eta euskal matriarkalismoaren lilurapean bizi zirenean hainbat):

clip_image002

Edo nola izan zen posible Itzulisten 2002an sortu zen eztabaida mikatz samar hura, batzuen ustez onartezina zelako genero hitza euskarara ekartzea, sexua eta generoa gauza bera zirelakoan, eta genero-ikasketak moda pasakor hutsa.

Ongi etorriak, hortaz, feminismoaren, genero-ikasketen eta antropologiaren kontzeptuak, tresneria teorikoak eta baliabide intelektualak oro euskararen aldeko borroketara, euskararen intrahistoriaren azterketetara eta euskal hiztegigintzara. Uzta oparoa bilduko dugulakoan nago, feministok eta euskahaldunok badugulako zer irabazia aliantza eta truke horien bitartez. Aurtengo korrikaren leloa dugu horren erakusgarri.

[1] Irudia, Hiztegia 2000k zekarren berbera da eta Elkarrek 1997an argitaraturiko Euskara-Frantsesa / Frantsesa-Euskara hiztegitik hartu dut, hain aspaldi-aspaldiko kontuak ez direla erakusteko.

6 Iruzkin

Itziar Diez de Ultzurrun atalean

6 responses to “Aliantza eta trukeak

  1. Xabier Aristegieta

    Marrazki horrena “oso fuertea” iruditzen zait.

  2. Urmeneta

    Mila esker, Itziar: asko gustatu zait artikulua. ‘Ikusgarria’ da marrazkia, bai horixe.
    Hiztegi berriagoei erreparaturik, niri zer pentsa eman didate Euskaltzaindiaren Hiztegiko definizio asimetriko hauek (2012):

    ‘aita’. Seme edo alaba bat edo gehiago sorrarazi dituen gizona.
    ‘ama’. Seme edo alaba bat edo gehiago dituen emakumea.

    ’emakume’. Gizaki emea, bereziki heldua dena.
    ‘gizon’. 1. Gizaki arra. 2. Gizaki ar heldua.

    ’emakumezko’. Sexu emekoa; sexu emeko pertsona.
    ‘gizonezko’. Gizona, gizaki arra.

    Batean, ‘sorrararazi’; bestean, ‘dituen’. Batean, adiera bakarra; bestean, bi adiera. Batean, ‘sexu’; bestean, ‘gizaki’…

    • Itziar Diez de Ultzurrun

      Eskerrik asko zuri. Eta bai, ongi diozu, bada zer pentsatua asimetria horiek irakurrita.

  3. Bakartxo Arrizabalaga

    Bestetik, laguntzen ahal digu ulertzen nola izan den posible gurea bezalako hain sexismo gutxiko hizkuntza …

    Sexismo gutxiko? Zein hizkuntzaz ari zara? Euskara ez da batere sexismo gutxiko hizkuntza; besteak bezalaxe da sexismoan blai.

    Bakartxo

    • Itziar Diez de Ultzurrun

      Ados, Bakartxo, eta horrexegatik erabili nuen letrakera etzana “sexismo” idazteko, hain zabaldurik dagoen uste horrekin bat ez natorrela adierazteko.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s