Goroldiorik ez

Maialen Berasategi Catalán

Hara-hona firin-faran dabilenak ez du goroldiorik izaten. Otsailaren 14a joan berri zaigu, eta jardun nezakeen lorez lore eta maitalez maitale dabiltzanez, baina, txoko honetarako aproposxeagoa izango delakoan, lantokiz lantoki dabiltzanez arituko naiz. Abantailatxo hori baitu behin-behineko lan batetik bestera dabilen itzultzaileak: goroldiorik ez.

Egokituko zaio orain herri-elkarte baten estatutuak itzultzea, eta, horren ondoren, errepide bat egiteak ibai bateko alga, arraintxo eta zapaburuei zer kalte ekarriko dien aztertzen duen ingurumen-txostena, eta, gero, torloju-enpresa baten webgunea, eta, horren ostean, udal baten diru-laguntzen deialdi bat… Ikasiko du hizkera administratiboa, ikasiko du kale-izendegiren bat, eta, beharbada, neurozientzia- edo mikroekonomia-ikastaro trinkoren bat ere egingo du, ia nahi gabe.

Ikasiko du hitz-elkarketetan hautazko marratxoak jartzen eta ez jartzen. Ikasiko ditu –lehenago jo eta zoratzen ez bada– leku jakin bakoitzeko ortotipografia-arauen berezitasunak, eta, lantoki batean ohartu ez bada, bestean jakingo du ez dakit zer hitz sartu dutela Hiztegi Batuan. Ikusiz joango da zein irizpide betetzen dituzten leku guztietan eta zein ez; ohartuko da batean ezinbestekotzat dutena apetatxotzat dutela bestean. Eta, garbizaletasunaren zerotik hamarrerako eskalan, ezagutuko ditu hamaikatxo bat koska.

Aukera izango du, beharbada, mendebaldeetako euskaretatik ekialdeetako euskaretarainoko bidaiatxoa egiteko –edo alderantzizkoa–. Itzulpenzaleagoa denari, menturaz, interprete aritzea egokituko zaio inoiz, eta interpretaziozaleagoa denari, berriz, zuzentzaile ibiltzea. Wordfast zerabilenak Tradosera moldatu beharko du, eta Trados zerabilenak, Transitera edo Déjà Vura. ES-EU itzulpenak egitera ohitua zegoenak, berriz, FR-EU edo EN-ES itzulpenak egin beharko ditu bat-batean. Ezin –nahita ere– bertan goxo egin. Beti esna.

Abantailetan abantailena, ordea –barkatuko didazue kurtsikeria–, bateko eta besteko lankide andanaren beroa da; beste hamaika garunez inguraturik egotea eta ikuspegi bakar baten ur loan ez itotzea. Itzultzailearen uhartea penintsula bihurtu, eta ohartzea denek dutela zer irakatsia, eta norbera ere izan daitekeela, hara-hona horretan, mezulari ere, ikasitakoak batetik bestera eramanez, esporatxo baten antzera. Azken batean, ederra ere bada –eta kontsolagarria– ikustea han-hemengo inurritxo langileek, nork bere berezian ere, norberaren duda, grina eta kezka idiotamiko, ui, barkatu, idiomatiko antzekoak izaten dituztela maiz.

Iruzkin bat utzi

Maialen Berasategi atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s