Euskalkien «osasunaz»

Irantzu Epelde Zendoia

Hemengo (Irun-Hondarribiko) euskalkiaren ‘osasunaz’ galdetu zidan lehengoan kazetari gazte batek. Irunero aldizkarian egiten du lana, eta ezagun zuen gaia interesatzen zaiona. Mmm… Ea urtebete barru-edo orain baino ideia garbiagoa izateko gai garen hemengo euskalkiaren nondik norakoaz. Bien bitartean, asmoez bakarrik daukat zerbait esatea.

Gauza ezaguna da hizkuntzak, gizarte ekoizpenak diren aldetik, beti aldatuz doazela eta horien ezaugarrietako bat dela denboran etengabe aldaketak izatea, nahiz aldaketa horiek maiz ez diren hiztunen borondatez gertatzen.

Azken urteetan interes berezia piztu da azken hamarkadetako aldaketa soziologiko eta soziolinguistiko nabarmenek hizkuntzaren egituran ekar ditzaketen berrikuntzak bildu eta aztertzeko. Aldaketa soziolinguistiko horien bilakaera kontuan hartzea erabakigarria da hizkuntzaren barruko dinamikak ulertzeko.

Euskararen kasuan, euskalki tradizionalak eta euskara estandarra landu izan dira azken hamarkadetan, baina euskararen errealitate soziolinguistikoa izugarri aldatu da azken hogeita hamar urteetan, ez bakarrik tokien arabera hiztunen kopuruetan gertatu diren gorabeherengatik, baita bestalde euskara gorde dutenen artean ere euskararen transmisioa ez delako orain arteko baldintzetan egin. Mendeetan zehar iraun duen bizimodua goitik behera aldatu da, 1960tik hona gehienbat. Gaur egungo komunikabide eta garraiobideei esker, erraz eta maiz joan gaitezke edozein tokitara, eta, hedabideei esker, geure etxetik irten gabe entzun dezakegu edozein alderditako euskara. Dudarik gabe, euskara batzea eta berdintzea ekarri du aldakuntza giro honek.

Berdintze hori zenbateraino gertatu den, Euskal Herri osoan ikusi beharko litzateke, eta interes berezia luke belaunaldi guztiak kontuan hartuz egiteak, baina abiatu besterik ez gara egin alor honetan. Oraintxe, Irungo Udaleko Euskara Sailarekin lankidetzan, Hondarribiko eta Irungo gazteekin lan egin ahal izango dugu, eta, hiztun horiengandik jasoko ditugun datuei esker, gure garaiko hiztun talde gazte honen gramatika-ezagutzaren eta lexikoaren parte bat bilduko da, gerora, denboran aldaketak nola doazen ikusi ahal izateko.

Egitasmo hau ahotsezko datuetan oinarrituko da erabat. Bakarkako elkarrizketen bitartez, helburua da lehen eskuko datuak bildu ahal izatea. Gaur egungo hiztunen gramatiketan ager daitezkeen fenomenoen berri izateko, soziolinguistikoki ezaugarri desberdinak dituzten hiztun motak hartu behar dira kontuan. Desberdintasun horretako eragile nagusiak hiru dira: adina, bizitokiaren ingurumena (euskararen gizarte presentzia, hiri txikiagoetan eta baserrialdean handiago izanez), eta euskarak eskolatzean izan duen tokia (hiztuna murgiltze sisteman –D ereduan– ibilitakoa den edo ez).

Adin tarteari dagokionez, 30-40 urte arteko hiztunak hartzearen aldeko hautua egin da, besteren artean ondoko arrazoiengatik: i) interes berezikoa iruditzen zaigulako eskolatze osoa murgiltze sisteman egin dutenen hizkera D ereduan ibili ez direnekin konparatu ahal izatea; ii) D ereduan eskolatu ziren gazte horiek euskara batuan jaso zutelako eskolatzearen parte handi bat (ez Haur Hezkuntzan, baina bai Lehen eta Bigarren Hezkuntzan).

Bada aintzat hartu beharreko beste kontu bat ere: ikastolak, ikastetxeek, hedabideek eta bestelako mugimenduek euskara batua ekarri dute euskaltegi, eskola eta hedabideetara. Gaurko hiztun euskaldunek, bakoitzak izan duen ibilbidearen arabera, hartu-eman gehiago edo gutxiago izan dute euskara estandarrarekin, eta kontaktu horren bizitasunak zuzeneko lotura du euskalkia gehiago, gutxiago, estandarrarekin nahasiago edo batere ez erabiltzearekin. Egitasmo hau hizkuntzaren erabilera mota horiek denak kontuan hartuz gauzatu nahi da, eta egungo hiztun gazte horiek euskara baliatzean dituzten egitura gramatikalen eta hiztegiaren bilduma bat eskaini nahi da. Bailarako ahozko hizkuntza bizia entzuteko aukera ere eskainiko da lanaren bitartez, baina oraingo honetan eta lehendabiziko aldiz gure eskualdean, belaunaldi gazteago bati ahotsa emanez.

Ea datorren urtean Irunero-ko kazetariak galdetu zigunari erantzunen bat emateko moduan gauden…

Iruzkin 1

Irantzu Epelde atalean

One response to “Euskalkien «osasunaz»

  1. Agurtzane Elordui

    Ikerketa soziolinguistiko benetan interesgarria abian jarri duzuena. Zuen emaitza horien zain izango gara. Animo!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s