Euskarazko terminologiaren gainegituraz (edo gainegiturarik ezaz)

Alfontso Mujika

Urtarrilaren 26an, bere arrangura adierazi zigun Mikel Tabernak blog honetan, “Maiatza noiz iritsiko” izeneko idazkian, Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeak 2012an argitaratutako Hauteskundeen hiztegia obran agertzen ziren euskarazko termino batzuen kariaz. Baina haren arranguraren zio nagusia ez zen desadostasun terminologikoa, baizik eta, aukera izanik ere, zergatik ez zaien aukera eman arlo horretan Nafarroan aritzen direnei terminologia-lan horretan iritzia emateko edo parte hartzeko.

Luze hitz egin liteke Eusko Jaurlaritzak terminologiaren sustapenaz eta kudeaketaz duen ikuspegi nire iritziz zurrunari buruz, errealitate berez poliedrikoari (terminologiaren sortzaileak eta erabiltzaileak, gaur egun, ez dira bat edo bi, zorionez, eta ez gaude duela 15 urte bezala) ikuspegi pixka bat estu, lau eta norabide bakarrekoaz erantzuten baitio nola kudeaketan hala sustapenean.

Hala ere, gai “politikoak” bazterrean utzirik, Mikel Tabernak plazaratutako gaiari helduko diot.

Terminologiako batzorde horretan parte hartzea egokitu zait 2008az geroztik, parte hartzeko eskatu zidatelako (blog honetako beste bi kide ere batzordekide ditugu). 176/2007 Dekretuak dioen “euskararen eta terminologiaren arloan ospe aitortua duten sei pertsona” horietako bat naiz (omen), neure buruaz hori esanda lotsatzen banaiz ere. Ez dago inon zehaztuta sei horiek zer arlotakoak izan behar duten. Gaur egun, sei horietako bi administrazioko itzultzaileak dira —Eusko Jaurlaritzan bata eta Gipuzkoako Foru Aldundian bestea—; beste kide bat ikus-entzunezkoen arloko euskara-teknikaria da; beste bat, zuzenbidean aditua; beste bat, natura-zientzietan eta terminologian aditua; eta ni —zientzia eta teknologiaren arloaren ingurukoa edo—).

Batzordekideok, guztira, hamalau gara; gainerako zortzi pertsonak entitate eta erakunde batzuen ordezkariak dira, eta gogoan daukat 2008an, lehen bilera egin genuenean (Terminologia Batzordearen bigarren aldian, zeren Terminologia Batzordea 2003an eratu baitzen), bazela Iparraldearen ordezkari ofizioso bat, Gexan Alfaro Mutuberria, baina aurkezpen-bilera horretan baino ez zen izan, hurrengo bileretara ez baitzen inoiz agertu. Lehen bilera hartan, norbaitek esan zuen komeni zela Nafarroako Administrazioaren ordezkariren bat ere izatea batzordean, eta erantzun ofiziala izan zen saiatuko zirela hori lortzen. Ez dakit saiatu ziren ala ez, baina nafar ordezkaririk ez da inoiz iritsi batzordera.

Eta jakin beharrekoa da Euskararen Aholku Batzordea aldatu zuen 176/2007 Dekretuak honela dioela lehenengo xedapen gehigarrian (azpimarra nirea da):

Euskararen Aholku Batzordeak, bere egitekoak gauzatzean, kontuan izan beharko ditu antzeko organismoen jarduketak, bereziki euskararen lurraldeetako organismoenak. Aholku Batzordeak organismo horiekiko harremanak eta lankidetza sustatuko ditu, euskararen hizkuntza-elkarteen batasun soziokulturalari eusteko eta bizitasun linguistikoa bultzatzeko.

Eginda iristen dira hiztegiak Terminologia Batzordera: behin-behineko bertsioa jasotzen dugu, eta batzordekideok epe bat izaten dugu oharrak egiteko. Hamalau batzordekide izanik ere, ohargileak hiruzpalau baino ez gara izaten (beste toki batzuetan bezala, gure tribuan ere buruzagi asko daude, baina eskulanerako indiarrak gutxi gara). Guri gainbegiratzeko iristen zaizkigun hiztegiak egiteko, berriz, lan-talde tekniko bat izaten da (ia-ia beti, UZEI), eta batzorde tekniko bat eratzen da, hiztegiaren gaia den arloko nolabaiteko adituz eta hizkuntzalariz osatua. Gehienez 4 kide izaten ditu batzorde tekniko horrek, eta 3 bilera egiten ditu gehienez.

Batzorde tekniko horietako kideak izendatzeko, ez dago inolako murriztapenik. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak izendatzen ditu, eta askatasun osoa du horretarako. Honela dio 176/2007 Dekretuak, 19. artikuluan:

Aztertzekoa den terminologia-arloaren arabera, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak beste aditu batzuk ere izenda ditzake, arlo horretako batzorde-atal bereziko kideei aholku emateko. Izendapenak dena delako lan hori amaitu artean iraungo du.

Alegia, nahi izanez gero, bada aukera Nafarroako administrazioaren teknikariak lantaldeetara biltzeko. Zergatik ez da egin? Ez dakit. Ziur asko, Mikel Tabernak aipatzen zuen erkidego urrun horretarako jaidura faltagatik.

Eta, amaitzeko, beste puntu bat aipatu nahi dut, terminologia zabaltzearekin zerikusia duena. Lanak —onak edo txarrak edo erdipurdikoak— egiten dira, baina ez da horren berri ematen, edo ez behar bezain ozen eta zabal. Ez al da harrigarria Mikel Tabernak 2015ean esatea «bat-batean ohartu gara Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeak Hauteskundeen hiztegia argitaratu zuela 2012an»? Arloko profesionalek berek ez bazuten hiztegi horren berri (eta, zalantzarik gabe, Nafarroako Administrazioko itzultzaileak ez dira lasakak, profesional prestu eta arduratsuak baizik), garbi dago oso jende gutxik dakiela hiztegi hori badela. Ez dakit zein den konponbidea, baina begira zer egiten duten katalanek: beren aldizkari ofizialean argitaratu. Terminoak normalizatzen dituztenean, terminoak berak argitaratzen dituzte aldizkari ofizialean.

Honela diote (gaztelaniazko bertsiotik hartu dut, katalana baino errazago ulertuko dugulakoan):

El uso del catalán en los ámbitos socioeconómico, técnico y científico requiere la elaboración y la difusión de los recursos terminológicos que permiten designar y definir los nuevos conceptos que se ponen en circulación en nuestra sociedad.

El artículo (…)  establece que el Termcat debe difundir periódicamente los términos procedentes de los trabajos de normalización formal que hayan sido aprobados por el Consejo Supervisor (…)

El artículo (…) establece que en el uso del catalán la Administración de la Generalidad debe emplear los términos normalizados por el Centro de Terminología Termcat para designar en esta lengua los conceptos a los que se refieren.

Resuelvo:

—1 Dar publicidad a los términos catalanes aprobados (…) que aparecen en el anexo de la presente Resolución, que se acompañan de las definiciones y de las equivalencias en otras lenguas.

—2 (…) la Administración de la Generalidad debe emplear los términos del anexo para designar en catalán los conceptos a los que se refieren en su documentación técnica y administrativa.

Nik ez dakit hori den biderik egokiena gure kasurako, baina garbi dago orain egiten dena baino zerbait gehiago egin beharko litzatekeela terminologia-lanen berri emateko.

2 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

2 responses to “Euskarazko terminologiaren gainegituraz (edo gainegiturarik ezaz)

  1. Martin Rezola

    Garai batean, UZEIk bazuen BERBA izeneko berripapera, terminologiaren inguruko albisteak zabaltzeko oso egokia, nire ustez.

  2. Mikel Taberna

    Egun on, Alfontso
    Eskerrik asko, gai honetan azpimarra egiteagatik.
    Ahalik eta llaburren, gauza pare bat gehitu nahiko nituzke.
    Argitu nahi nuke, aipagai dugun hiztegiaren kasuan ez bezala, bertze aldi batzuetan izan dela harremanik “horko” eta “hemengo” administrazioen eta itzultzaileon artean. Denen berri ez dut (itzultzaile soil bat naiz), baina neronek parte hartu izan dut ekimenen batean; Gasteizera joan-etorri batzuk eginak gara denbora batean (aspaldiko kontuak dira), eta geure tokitik mugitu gabe izan dugu glosario edo hiztegi proiektu batzuetan iritzia emateko aukera.
    Proiektuen ekimena, ia beti, EAEn sortu da; nafarrok noizbait partaide izan garela uste dut, eta bertze batzuetan (gehienetan) gonbidatu huts. Erranen nuke desoreka handi samarra dagoela bi administrazioen artean arlo horretan, gureak askoz ere baliabiabide gutxiago erabili duela gisa honetako lanak egiteko.
    Baliteke hori izatea hemengo jendea “kontuan ez hartzeko” arrazoia (edo arrazoietako bat). Ez dakit. Nolanahi ere, hala baldin bada, “hor” hori erabakitzen duenak jakin beharko luke ez diola administrazio honi kalte egiten (ez dut uste nirea bezalako arrangura-gutunik sinatuko luketenik gure agintariek) eta bere produktua (hiztegia edo dena delakoa) onartua izan eta hobeki zabaltzeko aukera mugatzen ari dela.
    Beraz, administrazioak kritikatzen ari gara (ados); garbi utzi nahi nuke, halere, kritika jasotzeko eta autokritika ere egiteko prest nagoela. Segur aski, langile gisara, egin duguna baino gehiago egiten ahal genuen, egiten ahal dugu.
    Amaitzeko: hauteskundeen gaiarekin bezalaxe, hemendik guttira hasiko gara Ogasunak urtero egiten duen kanpainarako testuak itzultzen (errenta eta ondarea aitortzeko). Ekonomian, oro har, eta Ogasunean bereziki, terminologia ez dugu (nik dakidala!) behin betiko finkaturik. Gure lantaldean zer egiten dugun? Urtez urte halabeharrez finkatzen joan behar izan dugun hitzen zerrenda hartu, eta horiexek erabili. Zalantza sortzen zaigun aldiro, sartu Interneten eta begiratzen hasi ea zer aurkitzen dugun: zer erabiltzen duten Araban, Gipuzkoan, Bizkaian…
    Jakinik urtero garai bertsuan antzeko problemei aurre egin behar izaten diegula horko hiru aldundietan eta gure diputazioan, nola ez gara oraindik gauza izan harremanetan jarri eta bide bat elkarrekin egiteko?
    Orain norbaitek erranen dit Ogasuneko terminoen hiztegia prestatzen ari direla ez dakit zer bulego sekretutan…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s