Noiz esaten nizun?

Juan Luis Zabala

Sekulako zabalkundea hartzen ari den joera bat ekarri nahi dut txoko honetara, jakin nahian zer iruditzen zaizuen: “Oraintxe egon naiz Jonerekin, eta esaten zidan berari ez zaiola iruditzen gaizki hitz egiten dudanik”. Ez zaituzte urduri jartzen horrelakoak entzuteak? Edo zeuen buruak horrelakoak esaten harrapatzeak?

19 Iruzkin

Juan Luis Zabala atalean

19 responses to “Noiz esaten nizun?

  1. Erramun Gerrikagoitia

    Nic esango nuque ze horretan esaldian inorc ez luque atchamango ezer raroric, nic ez behintzat. Zein da, ba, joera hori zeina ari da hartzen seculaco zabalcundea?

  2. FEtx

    Ieup Juan Luis eta Erramun!

    Esta mañana un camión se salía de la carretera en el kilómetro x…

    Ez se ha salido edo se salió, baizik eta se salía: zenbat aldiz, etengabe irteten zen?

    Radio Euskadiko albistegietan ohikoa den esamoldea, super-ohikoa… eta hortik -besteak beste- pasatuko zen, diot nik, euskarara, gaur gauean zinemara joaten gara? bezalako galderetan bezala.

    Albiste ona, ba osasun seinale-edo izan daitekeela, hiztunak hizkuntzarekin aberratzen -Poch defuntuak esaten zuen moduan- hastea.

    Aberra dezagun euskararen aberrian ere, jojo.

    Urte aberri on!

  3. Gogora dezagun adibidea: “Oraintxe egon naiz Jonerekin, eta esaten zidan berari ez zaiola iruditzen gaizki hitz egiten dudanik”. Ez al litzateke normalagoa honako hau: “Oraintxe egon naiz Jonerekin, eta esan dit berari ez zaiola iruditzen gaizki hitz egiten dudanik”?

    Honako kasu hauetarako da egokiagoa, berez, “esaten zidan” forma: “Hilabete oso batez Jonerekin bazkaldu nuen, eta egunero esaten zidan berari ez zaiola iruditzen gaizki hitz egiten dudanik”.

    Tira, hori da teoria, eta baita orain dela gutxi arteko praktika ere. Baina badirudi hori amaitu dela, eta ez dagoela arazorik. Gaztelaniazko joera oker bat geureganatu dugu, antza denez, eta dagoeneko ez dugu okertzat jotzerik ere.

    Dena den, duda bat daukat: hedabideek erabilera “berri” hori onartzea, indartzea eta zabaltzea, zuzentzaileek kazetariak horretaz ohartarazi gabe, ez al da, gutxienez, eztabaidagarria?

    Antzeko beste joera bat, hau ere hedabideetan (irratian batez ere) oso zabaldua: “Horixe esatera nindoan” (“Horixe esan behar nuen”, Horixe esateko asmoa nuen” edo antzeko zerbaiten ordez). “Horixe esatera nindoan”. Nora zindoazen ba hori esatera? Sentitzen dut, baina niri belarrian min egiten dit, eta egingo dit, ez dakit noiz arte.

  4. Borja

    Kantatzera noazu…

  5. Bai, urrutiegi joan naiz, Borja, baina… ez dakit ba, “esatera nindoan” entzuten dudan bakoitzean…

  6. FEtx

    Ieup lagunok!

    Ibili nintzen, aurrekoan, beste buelta bat ematen kontu honi:

    “… eta esaten zidan berari ez zaiola iruditzen…”

    Ez al dago, “esaten” horretan, halako insistentzia moduko zerbait?

    Bertan ikusten ari naiz ñabardura, guk okertzat eta kitto jotzen dugun esamoldean.

    Imajina dezagun Iñakiren erantzun bat, guk idatzitako zerbaiten inguruan:

    “…eta esaten nizuen, bada, hau ez dela horrela, baizik eta honela…”

    Esaten nizuen, alegia, esan nizuela, baina badirudi ez zitzaizuela garbi gelditu.

    HIzkuntzak eboluzionatzeko joera dauka, ondo dakigunez, araudiaren gainetik pasata, baina ez, modu kapritxoso batean, inora ez ailegatzeko, baizik eta, normalean, ñabardura berri batzuen bila, eta iruditzen zait horrelako zerbait gertatzen dela okertzat eta kitto -Erramunen salbuespen txalogarriarekin, as usual!- jotzen ari garen preterito inperfektoaren -ez dakit nola esan euskaraz- erabilera horretan.

    “Esaten nizuen, aurrekoan…”

    Azalean, esalmolde okerra… nahiz eta, sakonean, adierazkor adierazkorra izan: “neuk esan, esan nizuen, baina zuek, dirudienez, ez zenidaten kasurik egin, edo ez zineten konturatu, edo ez zenuten entzun nahi izan… edo zer gertatu zitzaizuen, nik esandakoaz zuek ez jabetzeko?”

    Uste dut hortik datorrela ekarpena.

    Txao lagunok!

  7. Ez dut uste, FEtx, nik aipatu dudan joerak zerikusi zuzenik duenik zuk aipatzen duzun insistentziaren adiera horrekin. Xehetasunak ahaztuak ditut, baina irratiko esatari bati honelako zerbait entzun nion duela pare bat aste edo: “Gaur goizean Halakorekin hitz egin dut gai honetaz, eta esaten zidan…”. Hor ez zegoen insistentzia adierazteko edo iradokitzeko inolako asmorik. Irrati esatari askori entzuten dizkiot noiznahi antzekoak, eta eguneroko hizketaldietan ere gero eta sarriago. Eta, dena esateko, neure burua ere harrapatu dut horrelakoak esaten, inguruak hartaratua. Insistentzia iradokitzeko edo adierazteko inolako asmorik gabe; “esan dit” ordez “esaten zidan” erabiliz, besterik gabe, modan dagoen edo haize alde dabilen joera bat delako edo; “baloratu” ordez “balioan jarri” erabiltzen denean bezala, gertukoa iruditzen zaidan adibide bat jartzearren..

  8. Fermin Etxegoien

    Bai, Juan Luis, agian gehiegi da “insistentzia” dagoela esatea… baina badago zeozer, halere, erabilera horretan, halako sujerentzia, iradokizun, ohartarazpen moduko zerbait… “esaten zidan ez zaizkiola txitxirioak gustatzen”… ummm… ez zaizkio gustatzen, irrelebantea dirudi baina agian ez da hain irrelebantea, eta horregatik erabiltzen du hizlariak aditz forma hori, esandakoaren oharkabetasun posibleari oharkortasunezko ñabardura bat ezartzeko, nago, ñabardura polit bat, izan ere…

    Kondizionala gaizki erabiltzen denean bezala, ingelesetik-edo -diotenez- hartua:

    “Gure etxera etortzen hasi zen, eta, denboraz, gizon ziztrin hark ekarriko zigun, goizero, egunkaria.”

    Ingelesez parekatzen dituzte “ekartzen zigun” eta “ekarriko zigun”, baina euskaraz gaizki dago, noski, erabilera horrek, guri, zalantza sortzen digulako -ekarriko zien ala ez?- eta, halere, euskarazko literaturan askotxo erabiltzen ari da gaur egun, ezta? Ba tira; hor ere, erabilera oker horretan, badago ñabardura interesgarri bat, “ekarriko zigun” horren bitartez hizlaria zera ari baita -nire ustez- sujeritzen: ez zuela ematen, aldez aurretik, gizon ziztrin horrek bukatu behar zuenik egunkaria goizero eramaten etxe horretara, baina aizue, azken batean horrela gertatu zen… edo, literarioago esanda… gertatuko zen.

    NIk ez dut oraindik erabili, ez bada oharkabean gertatu zaidalako, eta niretzat ere gaizki dago, ados, baina kondizionalaren erabilera oker horrek badakar ere ñabardura interesgarri bat, eta horregatik ere zabalduko zen, ez bakarrik hiztunon baldarkeriagatik, “esaten zidan” bezalako esamoldeekin gertatzen ari den bezala.

    Batak eta besteak ñabardura interesgarria dakarte, baina bai, egia da, momentuz, agerikoagoa zaigula esamolde oker horien alde intrusiboa. Benetan zabalduko balira, ordea, eremu semantikoan toki zehatz bat harrapatu arte, ez al litzateke albiste soziolinguistiko on bat?

  9. Baliteke, FEtx, barka… Fermin, baliteke. Zuk aipatzen duzun adibidea ondo ekarria dago, eta hortik aurrera egiten duzun gogoeta ere bai. Baina oraingoz, entzuten dudana entzunda (eta neure burua batzuetan nola eta zertan harrapatzen dudan kontuan hartuta), ez dakit ba… Eskertzen da hala ere zurea bezalako ikuspegi ireki eta positibo baten berri izatea. Hobeto sentiarazten dit.

  10. Iñaki Segurola

    Hemengo auziarekin ez dakit deus ikustekorik daukan, baina aspalditik dabilkit gogoan itzulika nik “haurren jolas-iragana” deituko nukeena. Hasten dira haurrak jolasean, eta diote: “Ni nintzen behi bat, eta zu zinen zezena, eta…” (Beste zenbait hizkuntzatan ere orobatsu gertatzen delakoan nago.) Ez dute esaten “Ni behi bat izango naiz”; ez, hori helduen egiteko era da. Eta nik ez dakit nondik jaiotzen zaien hori haurrei. Ez diete helduei holakorik aditzen; ez dut uste eskolako erakutsia denik ere, eta are gutxiago haurrentzako literaturatik sartua. Beste hizkuntza batetik ez zaie itsatsi nik entzuten ditudan haurrei bederen, ez baitakite ia erdararik batere. Eta haurrentzat ez dauka zentzurik galdetzeak “noiz” nintzen ni behi bat, edo zezena, edo zernahi. Eta kontuan izatekoa da orain ari garela jolasean, baina orduan (?) nintzela behia. Ez: ez naiz gauza nere heldutasun edo heldukeriatik deusen argitzeko.

  11. Ipuinen imitazioa izan daiteke? Ipuin batean sartzen direla sentitzen dutela, alegia. Ipuinak iraganean kontatu oi direnez…

  12. Iñaki Segurola

    Ipuinen imitazioa? Baliteke, baina nik gehiago hartzen diot antzerkiaren tankera. Antzerki-jolasaren aurkezpenean botatzen dituzte holakoak. “Zu zinen”, “joaten nintzen”, “ekartzen nizun”. Ez dut uste kontatzea denik asuntoa: ez dute esaten “zu izan zinen”, “joan nintzen”, “ekarri nizun”. Ipuinetan iragan burutua posible da (“omen”-ekin edo gabe); hemen, aldiz, burutugabea nagusitzen da garbi. Neretzat iragan hau beste era batekoa da. Ez da helduok aise entenditzekoa.

  13. Borja

    Iragana eta “alegiazko denbora” oso hurbil daude, euskararen aditz morfologia lekuko 😉

    • Iñaki Segurola

      Neri behintzat, oso “kriptikoa” egiten zait zure esaldia. Pixkaren bat zehazterik bai, Borja?

  14. Borja

    Barka Iñaki! “Alegiazko denbora” horrekin Euskaltzaindiaren terminologia ari nintzen erabiltzen, “-lu-“, “-leuka-“, “-letor-“, bezalako “enborrei” dagokiena. Hizkuntzalaritza historikoaren aldetik, gertuko zein urruneko harremanak ikusi izan dira aspalditik “denbora” horren eta iraganekoaren artean : -(d)ator vs. -e(n)tor-.

    • Iñaki Segurola

      Orain ulertu dut.
      Nolanahi ere diren morfologiazko loturak, haurren jolas-iragana “denboratik ateratzeko” modu oso berezi bat dela iruditzen zait.
      Haurren jolas edo antzerki moduko horietan ez dago “noiz”-ik eta ezta ipuinetako “noizbait”-ik edo “behinola”-rik ere. Horregatik iruditzen zait haurren jolas hau denbora errealetik “kanporago” dagoela, nolazpait esateko, ipuinetako kontakizuna baino.

      • Koro Navarro

        Iñaki: Rafael Sánchez Ferlosio idazle handiak aztertzen du haurren jolaseko “iragana” aspaldi atera zen liburu batean, Las semanas del jardín. Baneukan, baina ez dut aurkitzen, lastima. Dena dela, antzerki-jolasetan erabiltzen dute umeek forma hori, zuk emandako adibide beretan, eta hizkuntza askotan gertatzen da seguruena: “Ni indioa nintzen eta zu bakeroa”, “paperak” banatzekotan batez ere. Errealitatetik gezurrerako saltoa markatuz, inondik ere.
        Hasierako adibideari dagokionez, “Oraintxe egon naiz Jonerekin, eta esaten zidan berari ez zaiola iruditzen gaizki hitz egiten dudanik”, ez diot ezer txarrik ikusten; bai insistentzia-ñabardura bat izan dezakeela; edota “Nik esan/esaten nuen Xek arrazoia duela eta lagunak ezetz esaten zidan…” bezalakoetan, berriz, nolabaiteko kontrakotasuna azpimarratzen dela. Beste kontu bat da halakoak prentsan-eta gehiegi erabiltzea (espainolez, hasteko), moda guztiekin gertatu ohi den bezala: kasu berezi bat, estilistikoki edo dena delakoagatik markatua, forma arrunta ez delako hain zuzen, barra-barra erabiltzea: komeni denean eta komeni ez denean. Lo que molesta es la insistencia, beste hark esaten zuen bezala. Aditz-saltsarik larriena, ordea, euskaraz, etorkizunekoa da (arazoa oraingoa): “Ama etorriko denean kafea egingo dugu”. Letra inprimatuetan ere ikusia naiz…

  15. Juanjo Respaldiza

    Belu nator saltsara, belu! Gabonaldian ez naiz hemen sartu eta gerora ere egunak errez joan zaizkit. Hala ere, hau poza eman didazuna, Juan Luis, bai horixe! Baten batek kontua aipatu duenean, sikeran! Ni neu etsita nengoen horrela zela gurea ez beste euskalki guztietan eta ez zegoela bestelakorik aldarrikatzen hasterik.
    Ni bai, ni urduri ipintzen nau sobrako lehenaldismoak. Gaztelaniak preterito imperfectoa “nonahi” baliatzeko daukan joerari lotuta datorrela uste dut. Erdaldunak “¿Dónde estabas?(oraintxe)” dioen lekuan, euskaldunak “Non egon zara?” esango luke, baina asko hedatu da “Non zeunden?” esatea ere.
    Guk mendebalde honetan badugu aditz-molde bat lehenaldi batzuk behintzat emateko guztiz erabilgarria, eta erabilia ere bai, estandar batuaren olatuak laster irentsiko duela ematen badu ere. Guk “-ten izan dot/naz” darabilgu; beraz, bizi dugun denboraren barruan gertatzen denean ekintza ez dugu lehenaldiko aditzaren bitartez ematen. “Gaur”, “orain”, “aurten”, “aste honetan”… gertatzen denean ekintza, ezin dugu ZUEN/ZEN erabili. Gainera, aipatu duzuen “insistentzia”rena ere adierazita geratzen da “-ten izan…” perifrasi zatiarekin. Gaztelaniako “Pensaba que…” esateko “Pentsetan izan dot” esaten dugu, ez “pentsatzen NUEN”. Beste adibide bat: “Aititak eroaten izan du umea ikastolara, baina gaixotu zenetik amama dabil zeregin horretan”. Ñabardura akoko aditz-moldea da, ezin dut hemen zehatz azaldu, baina, hori bai, ez da Orozkoko erabilera “bitxi” bat. Entzun dut Ondarroan, entzun dut Markinan, entzun dut Durangon, entzun dut Gernikan, entzun dut Arratian… Gipuzkoako bizkaieran ez dakit zelan diren kontuak baina Bizkaian behintzat zabala da erabilera hori. Beti pentsatu dut bizkaierak batuari egin liezaiokeen ekarpen eder bat izango litzatekeela hau, baina ez da izango, tamalez.
    Mendebalde elkartearen jardunaldi batzuetarako prestatu nuen lan batean, orain dela hainbat urte, ahalegindu nintzen adizkera hau esplikatzen. Baten batek interesa badu, interneteko bilatzailean “ten izan naz/dot” idatzita aurkituko duzue. Ez nago harro bertan erabili nuen “literaturaz” baina mamia baliagarria delakoan nago.
    Hala ere, Juan Luisen lehenengo adibidekoa (… eta esaten zidan…) ezin da eman gorago ekarri dudan aditz-perifrasiaren bidez. Nire ustetan, “eta esan dit” tokatzen da hor.

  16. Eskerrik asko, Juanjo. Nik ez dut inoiz “Aititak eroaten izan du umea ikastolara” bezalakorik erabili, eta oraingoz erabiltzen hasteko asmorik ere ez dut, baina ez zaizkit arrotzak egiten.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s