Artxiboak hilabeteka: azaroa 2014

Interferentzia eskatologikoak

Isabel Etxeberria Ramírez

Aurreko batean Segurako aterpetxera joan beharra suertatu zitzaidan. Eta han, bileraren eten batean komunera joan nintzenean, honako kartel hau ikusi nuen paretan itsatsita, pixatokiaren gainean:

31 eskutik - azaroa (isabel etxeberria) irudia

Gustatu zitzaidan kartela. Hizkuntzazko xehetasunen bat gorabehera (ura aurreztu / aurreztu ura), oso testu egokia iruditu zitzaidan pragmatikaren ikuspuntutik. Mezua zuzena eta argia zen. Ez tanga hustu…, ez tanga erdia husteko…, ez 6 litro / 12 litro isuriko dira… Eta oso ondo egokitzen zitzaien testuinguruari, egoerari eta helburu zituen hartzaileei. Uler bedi: Segurako aterpetxea Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen egoitza bat da, eskola, elkarte eta bestelako taldeen esku jartzen duena beren ikastaro, jardunaldi eta egonaldiak antola ditzaten. Ez dirudi bertako erabiltzaileak (6-8 oheko geletan lo egin eta korridoreko komunak eta dutxak erabiltzen dituztenak) eskandalizatuko direnik txiza hitza irakurrita.

Grafismoari eta oro har kartelaren diseinuari dagokienez ere, oso egokia iritzi nion oharrari. Koloreen erabilera argigarria zen (kolore berak erlazionatzen zituen hitza —ekintza— eta zegokion botoia). Eta bazen beste ezaugarri bat ere, horrelakoetan oinarrizko betebeharra izanik ere beti-beti ikusten ez dena: kartelak irudikatzen zuen irudia bat zetorren errealitatearekin; hau da, pixatokian sakatu beharreko botoia benetan zen kartelak irudikatzen zuena bezalakoa.

Ez zirudien, beraz, araudi bati men egite hutsagatik jarria zenik kartel hura han, ordenagailuren baten disko gogorrean gordetako artxibo bat enegarrenez inprimatuta. Komun horren erabiltzaileek benetan ura aurreztea nahi zuen mezu hura paretan itsatsi zuenak, edo hori ikusi uste izan nuen nik behintzat.

Eta, hala ere…

Txiza baldin bada… / Bestea baldin bada… Zergatik txiza vs bestea? Zer arazo zegoen ba txiza esan den lekuan kaka esateko? Gogorragoa al da kaka txiza baino? (Ez nabil bataren eta bestearen tasun fisikoaz, noski, baizik eta gure belarrietan hitzok sortzen duten asalduraz). Ezetz esango nuke. Baina bai beharbada gazteleraz: Botón pequeño para el pis / Botón grande para la caca?

Gauza jakina da hizkuntza bakoitzak bere-berea duela erregistroen mailaketa edo gradazioa. Eta, beraz, A hizkuntzan hitz jakin batek markatzen badu ere onargarritasunaren edo zuzentasun politikoaren edo gizalegearen atalasea, B hizkuntzan horren ordezkotzat jotzen den hitza atalase horretatik gorago edo beherago egongo da beharbada B hizkuntzako erregistro-mailaketan. Euskarazko larrua jo, nire belarrietan, onargarriagoa da, eta testuinguru gehiagotan erreparo handirik gabe erabiltzekoa, gaztelerazko follar edo joder baino, hiztegiek bata bestearen ordaintzat ematen badituzte ere.

Kaka eta cacari dagokienez ere, antzeko zerbait gertatzen delakoan nago. Zergatik, bestela, guraso gazteleradunen ahalegin bitxi hori, caca cacota(s) bihurtzekoa? Uy, vamos a tener que cambiar el pañal, porque me parece que te has hecho cacotas (ez, noski, bularreko umea asaldatuko zaien beldurrez, inguruko helduak aintzat hartuta baizik). Ez dut gogoan guraso euskaldunen artean kaka hitza leuntzeko edo gozotzeko halako ahaleginik.

Gure kartelera bueltatuta, ez dakit bi bertsioetatik zein izan zen jatorrizkoa eta zein itzulpena: mezua euskaraz pentsatu eta gero gazteleratu zen, edo alderantziz gertatu ote zen. Baina esango nuke mezua euskaraz bakarrik plazaratzekoa izan balitz, txiza eta kaka agertuko zirela, arazorik gabe; alegia, gaztelerazko caca ezin esateak eta beraz lo otro irtenbidea bilatu behar izateak eragina izan zuela euskarazko testuan.

Hau dena hipotesi oso-oso pertsonala da, badakit; asmakeria hutsa, batere funtsik gabea. Ez kasu handirik egin, beraz. Balio ahalko du, hala ere, berriro ere ikusarazteko zeinen konplexua den itzulpen lana eta zenbat eta zenbat irizpide eta faktore neurtu eta balioetsi behar dituzten aldi berean itzultzaileek.

Iruzkin 1

Isabel Etxeberria atalean

Adizurtzez

Maialen Berasategi Catalán

Arte plastikoen erakusketa zenbaiten katalogoek piztu didate gogoa eta beharra gaurko gai hau pantailaratzeko, eta, ziur asko, literatura edo bestelako testu maiz abstraktuak euskaratzea egokitu zaion edo hautatu duen edonori ere egingo zaio ezaguna kontu hau.

Egia esan, luze aritu gintezke arte plastikoetako sortzaileek eta horien lagunek erakusketetarako idazten dituzten testuei buruz, bai eta idazki horiek –artelanak berak ikusi gabe– itzultzeari buruz ere, baina, oraingoz, halakoetan sarri aurkitutako hizkuntz arazo bat besterik ez dut plazaratuko: objekturik gabe utzitako aditz iragankor edo adizurtz gaixoena, hain zuzen.

Hona hemen adibide batzuk, gaztelaniazkoak:

  • “La selva indica
  • “Las tres dimensiones de la madera casi mojan
  • “Lleno de colores que escupen
  • “Sus pinceladas personalizan, concretan e individualizan

Zer egin halakoetan? Zurztasunari eutsi eta bere hartan itzultzen saiatu? “Oihanak adierazi egiten du”? Jarritako adibide horietan, esaterako, zer baten ezaugarriak adierazteko erabili dira objekturik gabeko aditzak, eta, horregatik, beste aukera bat da transposizioaz baliatu eta kategoria gramatikala aldatzea, funtzio berbera duten hitzak erabilita: “Oihana adierazle da”, adibidez. Beste zenbaitetan, euskarazko aditz batzuek esanahia osatzeko izaten duten objektu hori ere oso izan daiteke erabilgarria. Hor goiko hirugarren esaldiaren ordaina, esate baterako, “Tu egiten duten kolorez betea” izan liteke; horrela, ezkutuan edo, behintzat, disimuluan geratzen da zurztasun bitxi samar hori.

Itzulpengintzan, beste esparru askotan bezalaxe, bi korapilo modu berean askatzerik ez baitago, zeinek bere askabidetxoa izango du noski; baina zer iritzi duzue? Bestelako irtenbiderik bai –interbiderik behar baldin bada–?

Iruzkin bat utzi

Maialen Berasategi atalean

Etenaldi malapartatua

Bego Montorio Uribarren

Ordenagailu aurrean esaldi batekin trabaturik, ez atzera eta ez aurrera nabilela ikusita, etenaldi labur bat egitea erabaki dut. Bost minutu, ez gehiago, agindu diot neure buruari, pour mes changer les idées, frantsesek esan ohi duten moduan.

Nagiak atera, nabigatzailea zabaldu, eta, hara non jardunaldi gastronomiko batzuen berri aurkitu dudan; egitarauaren barruan, menu bereziak zenbait jatetxetan, abenduaren 15era arte. Debagoienan gainera, guretik ez oso urrun. Ez da plan txarra, pentsatu dut, eta zer jaki goxo dastatzeko aukera neukakeen begiratzeari ekin diot, tripa-zorriak dantzan eta arestiko esaldi makurra ia guztiz ahaztuta:

Onddo txigorkia tenperatura baxuan sukaldatutako gorringoarekin irakurri dut lehen jatetxeko menuan, eta sukaldaritza “modernoa” garaiko joeren kontra ari dela baieztatu dut behin berriro ere; gauzak ahalik eta laburren, ia batere zehaztasunik gabe esateko ohitura nagusitzen ari den honetan, menuetako izenburuak gero eta luzeagoak dira, gero eta ñabardura gehiagorekin hornitutakoak. Onddo txigorkia gorringoarekin –ez arrautza osoarekin, gorringoarekin bakarrik–, eta ez edonola egindakoa, tenperatura baxuan baizik. Jendearen dastamen-papilak aktibatzeko modu bat ote? Baliteke.

Irakurtzen jarraitu, eta “erara” esamoldearen erabilera (niretzat bitxi) batek eman dit arreta: Sorbetea cava erara. Esateko modu xelebrea izan ala ez, cava txorrota duen sorbetea delakoan, aurrera egin dut; nire kalterako, zinez diotsuet, non-sense espiral eroan abiatu bainaiz. Beste menu batean, Entrekota piperbeltz berde erara eskaintzen dute. Piperbeltz berdea? Piperbeltz (berde) erara? Ez dakit. Niri ez galdetu.

Hurrengo jatetxe batek Garaiko onddo nahaski pastela berakatz freskoarekin iragartzen du. Onddo–nahaski–pastela izen errenkadak zurturik, otu zait ondo berakatz potoloa behar zuela, bakarraz moldatu behar bazuten. Eta gero, Odolki kurruskari krepea eta kipula melatua pikilo berde saltsarekin etorri da (seguru odolkia dela kurruskaria?), eta haren atzean Labean egindako legatz garondoa baratxuri eta pipermin gorriz eginiko olio errearekin. “Legatz garondo” horrek, “baratxuri eta pipermin gorriz eginiko olioa”z batera, azken zartakoa eman dit, bete-betean.

Nahikoa da! –esan dut, haserre puntu batez–. Begiratu azkar bat Debagoienera hurbiltzeko autobusak noiz diren, eta lanera!

Sartu naiz Bizkaibus-eko webgunera, eta sartu banaiz, sartu naiz! Etorriko ibilbidea kontsultatu behar nuela ikusi dudanean, hondoa jo dut.

Hau marka! Burua arindu beharrean, lanerako adorerik gabe nago orain, ezin esaldia taxuz formulatu. Eta gainera, goseak amorratzen. Banoa ezkaratzera, ea porru-patata sinple batzuk atontzeko gauza naizen.

Iruzkin bat utzi

Bego Montorio atalean

I(ra)kasgaiak

Igone Zabala Unzalu

Blog honen jarraitzaileak zareten hiztun, idazle eta irakurle finentzat, agian ezaguna eta begi-bistakoa izango da, baina niri atentzioa eman zidan gaurkoan azalduko dizuedan gertaerak. Zuetako batzuek agian ez duzue jakingo, baina egun unibertsitatean ebaluazio jarraitua lehenesten da bukaerako azterketa bakarraren bidezko ebaluazioaren aurretik, eta irakaskuntzaren kudeaketarako araudian zehaztuta ageri dira ikasleei bukaerako azterketa bakarraren bidez ebaluatuak izateko onartzen zaizkien arrazoiak. Araudi horren testuingurua baliatzen dugu Komunikazioa Euskaraz irakasgaian ikasleei eskatzeko idatz diezaiotela eskabide bat Fakultateko Idazkari Akademikoari, araudian zehazten den arrazoiren batean oinarrituta, bukaerako azterketa egiteko baimena eman diezaien.

Ikasleen lanak zuzendu nituenean, deigarri gertatu zitzaidan ikasle guztiek erabili zutela ikasgai hitza, abiapuntutzat hartu genuen araudian eta gure instrukzioetan irakasgai hitza ageri bazen ere. Berehala konturatu nintzen erabat logikoa zela ikasleen eta irakasleen hautuen arteko aldea. Izan ere, unibertsitatean edo beste edozein irakaskuntza-zentrotan irakasten direnak ‘irakatsi beharreko gaiak’ dira irakasleontzat eta, ikasleentzat aldiz, ‘ikasi beharreko gaiak’. Euskararen morfologia lexikoaren gardentasunaren ondorio da objektu beraren esanahia bi ikuspuntutatik kontzeptualizatzeko aukera hori. Irakasleok irakasgai edo ikasgai hitzak erabil ditzakegu testuinguruaren eta xedearen arabera, baina irakasgai hitza ez da ondo uztartzen ikasleek ekoitz ditzaketen enuntziatuekin.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, jakina, ez da ageri enuntziatuaren ekoizlearen izaeran oinarritutako bereizketarik, baina adiera batean bi hitzak erdisinonimotzat hartzen dira. Nolanahi ere, batean eta bestean ageri diren definizioak (‘irakasten den gaia, irakasteko gaia’ vs ‘ikasteko gaia, ikaskizuna’ erraz asko uztar daitezke hizpide dugun bereizketa semantiko-pragmatikoarekin.

irakasgai 1 iz. Irakasten den gaia, irakasteko gaia. Ik. ikasgai, Gizarte antolaketa zuen bere irakasgairik behinena. Hizkuntzak ere sarbidea aurki lezake Unibertsitatean, ikasgai eta irakasgai bezala, noski, eta agian, zenbait gaitan, ikasbide eta irakasbide gisa.
2 iz. Ikastaro baten gaia, eta, batez ere, ikasketa plan bat osatzen duten gaietako bakoitza. Oraingo batxilergoko irakasgaiak. Bigarren ikasturteko irakasgai guztiak gainditu ditu.

ikasgai 1 iz. Ikasliburu edo ikasbide bat banatzen den zati edo gai bakoitza. Hamar irakasgaitan zatitutako irakasbidea. Bederatzigarren ikasgaia.
2 iz. Ikasteko gaia, ikaskizuna. Ik. irakasgai. Udako unibertsitatean ikasgai guztiak ematen dira euskaraz.

3 Iruzkin

Igone Zabala atalean

Mixiyua

Koro Garmendia Iartza

Gaurkoan, bitxikeria polit batekin natorkizue.

Jakingo duzue kamioi askotan, aurrealdean, parabris edo haizetakoaren goialdean, izen bat edo batzuk eramateko ohitura dagoela. «Aitzol eta Amaia». «David y Elena». «José Antonio y Paula». «Ainhoa eta Xabier».

Bada kamioi bat goialde horretan «Mixiyua» jarrita daramana. Aurreneko aldiz ikusi nuenetik gustatu zait izena. Inongo hiztegitan ez dugu ikusiko, baina euskal izen peto-petoa dela esan genezake, eta grazia handikoa, gainera.

Kontua da aurreko batean euskaldun berri batekin nindoala, eta hortxe azaldu zitzaigula kamioia. Eta hona euskaldun berriaren ateraldia: «Txinatar izenak jartzen hasi dira kamioietan!».

Mixiyua hitzari txineraren kutsua hartu zion lagunak. Ez dut ukatuko baduela izenak halako aire exotiko bat, baina erroak hemen bertan dituen hitzarekin bidaia luze samarra egin zuen lagunak. Azaldu nion, beraz, «la misión» zuela gaztelaniaz adierazten…

Hortxe bitxikeria.

4 Iruzkin

Koro Garmendia atalean

Eromenetik

Iñaki Segurola

Normaltasuneko argi jakinegitik ihesi, eromenera nator gaur argi biziagoaren bila, eta eromen izendun batera gainera: Jon Otero Uribarrenen eromenera, hain zuzen. (Eromenean argi bizia bilatzea bera ere eromena izango da agian: neure eromen edo erokeria, hain juxtu.)

Jon Otero Uribarren ezaguna dut fedabideetara aldian behin bidaltzen dituen gutunetatik, eta gehienbat, Arrasaten suertatzen naizen aldietan, Goienkaria-n irakurtzen ditudanetatik (sarean ere badaude).

Otero Santagedako zoroetxean bizi da, edo dago, edo daukate. Ero ofizial edo deklaratua da, beraz. “Arrasatearra naiz eta Arrasateko San Juan de Dios psikiatrikoan nago”. “Hemen gaudenok ez gaude gustura, ematen dituzten farmakoak –gaizki deituak, sendagaiak– ez ditugulako gogoko gehienok. 19 urte daramatzat.” Zenbaiten arabera, arrazoiari leialegia izatea da eromena bere muinean; arrazoiari leialegia bezainbat munduari desleialegia. Azio desegokiak egina da Otero, berak aitortzen duenez. “Alacant-eko Fontcalent espetxe­-psikiatrikoan hamar urte eman nituen, guardia zibil bati ebaki bat egin bainion eskumuturrean aizkorarekin”; orobat izan zen “etxetik egotzia, telebista puskatzeagatik”. Azio desegokiak edo, bestela esanda, egokiegiak edo arrazoizkoegiak.

Eroak galdetzen dio munduari gauzen izanaz, eta munduak ez daki zer erantzun. Eroak ez du galdetzeko beldurrik, guk dugun bezala. “Zer dira ordenagailuak, mugikorrak, ordulari digitalak” eta abarrak? “Goi teknologia”, erantzuten omen dio munduak, baina Oterok ez du barkatzen. “Gezurra: ez dira goi teknologia; mirariak dira.” Otero erotzat joa dago eta, beraz, ez du erotzat hartua izateko beldurrik, guk dugun bezala. Eta segitzen du galdetzen, eta ezagutzen ditu “ordenagailuak konpontzera dedikatzen den gizon bat” eta “elektroniko-elektrizista bat”, eta galderak egiten dizkie haiei gailu horien gainean, eta erantzuten diote badakitela “nola dabiltzan” eta “nola konpontzen diren”, baina ez “nola diren posible”. Normalak badaki nola dabiltzan, baina ez daki zergatik (zientziaren ustezko esplikazioak ere ipuin matematikoak dira funtsean); eroak ez daki nola dabiltzan, baina badaki mirariak direla, hots, izanaren eta ezin-izanaren arteko ezkontza harrigarriak.

Gatozen hizkuntzara, bada ordua eta. Telebista (“nire etxean 1971n erosi zuten, 6 urte nituela; gogoan dut zorionak alde egin zidan garaia izan zela”), polizia, psikodrogak eta hemen aitatzeko lekurik ez dugun beste zenbait gauza alde batera utzirik, erdara da Oteroren etsai haundia. Erdara eta erdaldunak, asko behintzat, edo gehienak. “Erdaldunei ez zaie serioa iruditzen euskara, askori”. Bere arrazoi desegoki edo arrazoizkoegiak darama proposatzera erauzi beharrekoa dela gaztelera (baina ez ingelesa) hemengo eskola guztietatik eta orobat gizarte osotik.

Jakitea eta maitatzea bi dira Oterorentzat. Erdaldunei ez zaie serioa iruditzen euskara, baina euskaldun askori ere ez, “zeren euskaraz jakiteak ez du esan nahi euskara maitatzea derrigorrez”, eta, kontrako aldetik, “nik gaztelera gorrotatzen dut, eta ezin hobeto dakit”.

Baina gorroto duen horrexekin bizitzera kondenatua dago Otero. “Euskara maite dut, eta euskaradun psikiatra nahi dut”. Eta egin die eskaria Osakidetzari eta Euskadiko Lehendakariari, baina alferrik. Protesta erdiragarria egiten du eroak bere itxituratik. “Itotzen ari naiz erdararekin. Noiz arte?”

Oteroren arabera, “heziketa”, “beldurra”, “lotsa” eta “pazientzia” dira erdaldunari aurreneko hitzetik erdaraz egitera garamatzatenak, eta horrela “gehiegitan makurtzen dugu burua elebidunok elebakarren aurrean”. “Baina hi, zu, berori, euskaldun: bukatu bazaio pazientzia, eta erdaldunei euskaraz egiten badie, lasai, ez baita erokeria.” Eroak diosku ez dela erokeria, eta hark badaki zerbait. Baina orobat diosku zer ondorio gaizto dakarren jarrera beldurgabe horrek. “Orain dela zenbait egun hasi nintzen erdaldunei euskaraz mintzatzen. Bada, jantokian esan didate gazteleraz egiten ez badut, astebukaerako baimenik gabe geldituko naizela. Ez da lehen aldia psikiatriko honetan euskaraz mintzatzen naizena erdaldunekin, aurrekoan eguneroko pasea kendu eta bi pilula gehitu zizkidaten. (…) Ez zen ezer gertatzen erdaldunekin (koadernotxo batean idazten nizkien erdaraz gauza garrantzitsuenak), baina kontsulta pasatzea tokatzen zitzaidanean, euskaraz egin eta berehala sartzen zidaten gehienetan injekzio madarikatu bat edo pilulak. Behin Maria Angeles Lopez psikiatrak idatzi zuen: Cuando empieza a hablar en vasco entra dentro de una fase de enfermedad crónica.” Aise zigortzen da zoroetxeko zoroa. Eta zer esanik ez, hura baldin bada heziketarik, beldurrik, lotsarik eta pazientziarik gabea. Eta zer esanik ez, ero-hizkuntzan egiten baldin badu, eta ez hizkuntza normal edo serioan. Munduak jakin behar luke bertako hizkuntzan libreki eta zoroki mintzatzen denarentzat zainak zulatzerainoko zigorra dagoela Gesalibarren, Arrasaten, Euskal Deserrian. Euskaraz egin eta berehala, gainera.

Euskara eromenaren ispiluan edo eromena euskararen ispiluan ikusteko eginahaltxo honen azkenerako, Iñigo Jaca Arrizabalaga medikuaren artikulu bateko pasartea dakart. “Medikuntzako ikasle nintzelarik eta Gipuzkoako Ospitale Probintzialean praktiketan nenbilela, Azpeitiko paziente euskaldun bat ingresatu zuten, eta egiten zioten edozein galderari hau erantzuten zien, ez zela gose [“no tengo hambre” edo holako zerbait izango zen; hango jatekoa ez jateagatik beharbada?], gaztelaniaz horixe esateko esana baitzion Zaharren Egoitzako mojak. Historia klinikoa egitera joan zitzaionak esan zigun psikiatrikora eraman beharko litzatekeela. (…) Orain gutxi entzun nion esaten Luis Rojas-Marcos psikiatra ospetsuari, gizarte kulturaniztunetan paziente asko bidaltzen direla erratuta arreta psikiatrikora, bidaltzen dituen medikuak pazientearen hizkuntza ulertzen eta hitz egiten ez duelako.” Ezjakintasun harroa eta ezjakintasun umil edo ahula ikusten ditut nik hor buruz buru.

Eta horrela dabiltza gure gauzatxoak, gaitz kronikoaren fasean aspaldi sartuak.

10 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

Igandea, oskarbi ala belarri-atzeak eta belaun-koxkorrak garbitzeko eguna

Esti Lizaso

31eskutik_azaroa_elizaso_1

Jakinarazpen hau agertu zitzaidan lehengo igandean telefonoan. Lehen begiratuan ez nuen jakin oharra bera ezabatzeko eskatzen ari zitzaidan, telefonoaren pantaila zikinegi neukala leporatzen edo etxeko leihoak garbitu behar nituela gogorarazten.

Jakinarazpenari zegokion txartelean sartu eta argiago ikusi nuen:

31eskutik_azaroa_elizaso_2

Arazoa ez zen ez telefonoarena ez nirea, itzulpenarena baizik. Jatorrian, ingelesez CLEAR jarriko zuen, noski. Beraz, telefonoa ez zen ari ezer GARBITU behar zenik esaten, zerua OSKARBI zegoela jakinarazten baizik.

Softwarea itzultzearen arrisku handienetakoa da testuinguru faltagatik esanahi-akatsak egitea.

Testua tresna bereziekin itzultzen da eta, orokorrean, taula modukoetan zatituta egoten dira esaldi edo hitzak. Errenkada edo zati horietako bakoitzari “kate” esaten zaio. Gutxitan izaten da interfazeak amaieran izango duen itxuraren berri, eta ausaz hautatutako hitz solteen zerrenda bat itzultzen ari garela eman dezake.

Hala ere, beti izaten dira itzulpen egokia erabakitzeko erabil dezakegun informazioa eta pistak. Itzultzaile espezializatuaren egitekoa da informazio hori aurkitzen eta interpretatzen jakitea.

Batzuetan, itzulpen-programek eremu berezi bat izaten dute testuari buruzko informazioa (menu bateko aukera bat den, botoi bat, errore-mezu bat, sagua gainetik pasatutakoan agertuko den argibidetxoa…), testuingurua (zer aplikaziotan edo noiz ikusiko den) edota itzultzeko argibideak (zenbat karaktere erabil daitezkeen gehienez, itzul daitekeen ala ez…) erakusteko. Informazio hori informatikariek prestatzen dute, kodea idazterakoan. Eta itzultzailearen lehen lana, hitz edo esaldi bakoitza itzultzen hasi aurretik, eremu horretan ematen zaion informazio guztia irakurri eta ulertzea da.

Beste batzuetan, eremu hori ez da erabilgarri egoten, edo informatikariek hutsik uzten dute. Kasu horietan, informazioa beste nonbaitetik lortu behar izaten da. Itzuli beharreko kate bakoitzak, esaterako, identifikatzaile bat izan ohi du, softwarearen kodean non joango den adierazten duena. Askotan, identifikatzailearen izenak berak eman dezake behar dugun informazioa: “XXX_status_message” (egoera mezua) edo “XXX_button_label” (botoian agertzen den testua). Eta katea zer fitxategitan dagoen erakusten duen bide-izena ere lagungarria izaten da oso: “XXX/apps/weather” (eguraldiaren aplikazioa) edo “XXX/apps/calculator” (kalkulagailua).

Goiko kasua itzuli zen garaian informazio hori kontuan hartu izan balitz, seguru aski, itzultzaileak behar bezala aukeratu izango zuen “clear” aditz ala izenondo bezala itzuli.

Baina ez da itzultzailearen zabarkeria horrelako akatsen errudun bakarra. Orokorrean, software itzulpenen metodologiari buruzko kontzientziazio oso gutxi ikusi dut gure artean.

Softwarea itzultzen hasi berriak direnen artean joera nagusia zuzenean itzultzen hastea izaten da, lana nola edo hala garaiz bukatu eta egunean X mila hitzera iritsi ahal izateko. Lan erraza eta errentagarria dela sinetsita egoten dira batzuk, gainera, tarifa espezializatua altuagoa izaten delako, eta testuan hitz solteak eta esaldi laburrak direlako nagusi. Bizkor-bizkor itzultzeko modukoak. Itzultzaileei ez zaie erakusten lan berezia dela, eta gainerako itzulpenak egiteko dituzten teknikek ez dutela askorako balio izaten horrelako lanetan.

Softwarea itzultzea prozesu teknikoa izaten da normalean. Itzultzen hasi aurretik denbora asko behar izaten da tresna ezagutzeko, argibide guztiak irakurtzeko, estilo gida ikasteko eta baliabide guztiak prest ezartzeko. Eta, behin lanean hasitakoan, xede-testua idazten baino askoz ere denbora gehiago eman behar da testua non eta nola agertuko den ulertzen, bezeroarentzako galderen zerrenda prestatzen, aurreko eta ondorengo sintaxiekin bat etorriko den egitura bat aurkitzen eta erabili beharreko terminologiari atxikita ere gehienezko luzera gaindituko ez duen baina erabiltzailearentzat ulergarria izango den itzulpen bat asmatzen.

Software-lanetan aditua den itzultzaile profesional batek, batez beste, egunean 1500 bat hitz itzul ditzakeela kalkulatzen da. Hori besterik ez. Eta kalkulu hori egiteko aurrez aipatutako faktoreak hartzen dira kontuan: lana prestatzeko ordu mordoa beharko duela, eta itzultzen baino denbora gehiago eman beharko duela ikertzen.

Edukiaren zailtasunaren edo itzultzailearen trebetasunen arabera, beti egongo dira bizkorrago egin ahal izango diren lanak, baina baita dokumentatu beharragatik testuan ia aurreratu gabe joaten diren egunak ere. Kontuak kontu, errealitate hori ukatu eta software-itzulpenak gainerakoen zaku berean sartzeak ez du itzulpenen kalitatea kaxkartu, zabarkeriari bide eman eta gure lanaren duintasuna kaltetu besterik egiten. (Atzetik datorren zuzentzaileari, zorionez halakorik bada, txerrikeria galanta egitearekin batera…)

4 Iruzkin

Esti Lizaso atalean