AISE

Estitxu Garai

Komunikazioak bizi gaitu. Alferrikakoa da esateko duzunak berebiziko interesa izatea, ez baduzu era erakargarri eta gustagarrian egiten. Publizitatearen eremuan, noski, hori da eguneroko ogia: esan beharrekoa (eta ez beste ezer) ahalik eta modu eraginkorrenean helaraztea.

Erronka hori lortzeko, bada publizistek zorrotz jarraitzen duten arau bat: gauzak ahalik eta soilen esan behar dira. Ikerketek ere halaxe diote, mezu labur eta ulerterrazak arinago interpretatzen ditugu. Era berean, hobeto hartzen ditugu gogoan, eta, iragarkien kasuan behintzat, oroimena giltzarri da. Hortaz, aparteko ahalegina egin behar da testuak orrazten eta soberan dagoen guztia kentzen.

Printzipio hori adierazteko (eta adierazten duena oinarri hartuta) publizistek hitz bakarra baliatzen dute: KISS («musu» ingelesez). Izan ere, KISS hori akronimoa da, barruan «Keep it Simple, Stupid!» esaldia gordetzen duena. Euskaraz, hona nire proposamena: AISE. Hitza, bere kabuz, bada gai mintzagai dugun kontzeptua adierazteko, baina, gainera, ingelesezkoa bezalaxe, akronimoa ere bada: «Aizu Inozo, Egizu Sinple!» arauaren laburtzaile doia.

Publizitatean ez ezik, badirudi molde hori alor guztietara hedatzen ari dela, azken finean, ahozko zein idatzizko testu orok helburu bera baitu: hartzaileari mezua ahalik eta egokien helaraztea. Eta, «egoki» irakurtzean, uler bedi «bilatutako efektua lortzea». Testu gehienen lehenengo langa ulermena da. Eta «gehienen» diot, badirelako ulergaitzak izatea helburu duten testuak ere, dela esnobismoarengatik, dela teknikotasun itxura emateko. Salbuespenak salbuespen, komunikatzea izan ohi da lortu nahi dena. Hartara, aspaldidanik hedatu da «hizkera xaloa» («plain english» edo «plain language») delako mugimendua. Batez ere erakundeen (publikoen zein pribatuen) komunikazioari buruz dihardu mugimendu horrek, eta aldarrikatzen du xede-taldeari argi, labur eta hizkera teknikoa saihestuz hitz egin behar zaiola.

Euskarara etorrita, badut sentsazioa itzultzaile eta idazleak aspalditik saiatzen direla modu horretan jarduten. Hala ere, supermerkatuetan erosten ditugun produktuetan, ez dakit, bada, printzipio horri men egiten zaion. Euskarazko izendapena soilik irakurrita, nik behintzat, ez nuke produktu horietako asko zer diren ulertuko. Duela gutxi twitter-en sesioan ibili ginen «zerrenda itsaskorra» zela eta ez zela, gazte batek hanka-sartze gisa aurkeztu baitzuen. Egia esan, nik ere hasieran halaxe zela pentsatu nuen, harik eta azaldu zidaten arte euskaraz “tirita” esateko modu jatorra hori dela. Nik, kasu horretan behintzat, ez daukat inongo zalantzarik, lehenengo komunikatu egin behar da, horretarako mailegua erabili behar bada ere. Alferrikakoa da produktuen ontzietan «zerrenda itsaskorra» idaztea, gero egunerokoan euskaldun peto eta jantzienak ere ez badu erabiltzen. Ederto deritzot termino jatorrak berreskuratzeari, eta baita berriak asmatzeari ere. Haatik, zenbaitek funtzionatu egiten dute eta eguneroko berbaldietan txertatzen ditugu, eta beste askotan, ordea, ez.

Badakit euskara bezalako hizkuntza batentzat zaila dela oreka mantentzea; noraino den zilegi inguruko hizkuntza handi eta menperatzaileen terminoak neurri gabe txertatzea. Edonola ere, xedea euskara komunikatiboa izan behar da, eta ahaleginak horretara bideratu behar dira. Nik neuk, hortaz, «zerrenda itsaskorra» baztertuen zerrendan utziko nuke.

Hala ere, tentuz jorratu beharreko gaia da, eta ziurrenik honetan (ere) buru hainbat aburu egongo dira. Haize onik ez dago nora doan ez dakienarentzat. Aise aritzeak ez al digu haize onik ekarriko?

15 Iruzkin

Estitxu Garai atalean

15 responses to “AISE

  1. Erramun Gerrikagoitia

    Ez al digu ekarriko.

    Aise aritzeak ez al digu ekarriko haize onik?

    Bestalde, kin aguertzen diren ideiac ni concordantzian nago. Dakust commentario arras positivoa. Principioac aplicatzeracoan egon ahal dira divergentziac horregatio eta zorionez.

  2. Fermin Etxegoien

    Tirita bai ala ez, diskusio teologiko baten antzera jorratzen da, duzue, hemen, espezialiston artean, euskal hitzen arimaz erabakitzerakoan: euskal arimarik bai ala ez, tirita hitzak?

    Superbibentzia kontuetan, ordea, erabakitzea askoz errazagoa da: tiritarekin, euskara salbatuko da… ala ez da salbatuko (inork ez daki).
    Baina zerrenda itsaskorrarekin, seguru ezetz.

    Soziologiak linguistikaren gainetik behar du aro honetan eta gero gerokoak.

  3. Joxemi

    Estitxu, oro har, nik ere uste dut komunikagarritasuna izan behar dela irizpide nagusia sortzen ditugun testuetan, eta hartzailea kontuan hartu behar dugula; baina ez, ordea, aukeratu duzun adibidearekin. Izan ere, tirita (eta garbi dago horrela deitzen diogula guztiok) izen komertziala baino ez da, marka zehatz batena, eta, berez, ezin da erabili marka horrena ez diren produktuetan. Gaztelaniaz, tira adhesiva sanitaria da izen arrunta (batere arrunta ez dena), edo apósito adhesivo (apósito, nik uste, arruntagoa da, baina ez batere ulergarria).

    Gainera, gaztelaniaz behintzat, supermerkatuetan eta horrelako saltokietan ez da lehenesten zuk proposatzen duzun irizpidea, gogoratu bestela “apósito” bera, “colutorio”, “dentífrico (“pasta de dientes” askoz ere gardenagoa da), detergente biodegradable edo kirol denda erraldoi batean behin irakurri nuen txartela “carbohidratos de asimilación lenta” fruitu lehor zorro ziztrinak adierazteko.

  4. Joxemi

    Kontua sinpleagoa da Fermin:

    Euskarak tiritak eta zerrenda itsaskorrak behar ditu, eta litekeena da nahikoa ez izatea. Eta, kontu anekdotikoa ematen badu ere, erregistroen bereizketan dauka euskarak gabezia nagusienetakoa; beraz, aurreko erantzunean garbi azaldu ez badut ere: bi terminoak iruditzen zaizkit beharrezkoak, baina tirita ez da egokia saltokietako txarteletan jartzeko.

    • Joxe Mari

      Ni ere zure iritzikoa naiz; guztiak eta gehiago beharko ditugu, segun zertarako. Ferminen lehen erantzuna ikusi orduko, inguruan begiratzeko tentazioa izan dut, eta ezin izan diot eutsi:

      INGURU HURBIL-HURBILEAN

      Eustalterm
      es tiritas
      – Merkataritza > Drogeria –
      eu lotura itsaskorrak (4)
      [Hipermerkatuetako Produktuen Hiztegia] [2009]

      Zehazki
      tirita f lotura itsaskor, tirita beh.

      Elhuyar
      es > eu
      • s.f. lotura itsaskor; tirita (Heg.)

      5000 (Adorez)
      tirita: f. lotura itsaskor, tirita

      Nola erran
      pansement adhésif
      lotura eratxikor

      adhésive 1 adjectif
      lotkor – eratxikor – itsaskor (MD) Mendebaldeko testu tradizionala

      INGURUAN
      es-en
      tirita nf (bandita, curita) (UK) sticking-plaster n
      (US: trademark) Band-Aid n
      es-fr
      tirita
      (r)ƒ pansement m

      fr-es
      pansement m
      1 (apósito) venda; p. adhésif tirita

      es-de
      tirita
      (Heft)pflaster nt

      de-es
      2. Pflaster: (Verband)
      esparadrapo m
      Pflaster (Heftpflaster)
      tirita f

      de-it
      Heftpflaster SUST nt
      cerotto m

      it-en
      cerotto [tʃe•ˈrɔt•to] SUST m MED
      Band-Aid ®

      Denborapasa polita eta merkea, gaur egun, eta egokia, nire ustez, “Hau bai eta hori ez” biribilegiak bota aurretik, tartetxo bat (hartzen/hartu nahi) duenarentzat.

      Tartetxo bat baino gehiago eta nirea baino ezagutza sakonagoa behar da, ordea, inguruko hizkuntzetako erregistroen arteko mugak ondo zehazteko; gehiago ere esan nahi dut, ordea: foroetan pixka bat begiratuta, agerian geratzen da noiznahi, hizkuntza “handi eta normalizatu” horietan ere antzeko eztabaidetan ibili ohi direla.

      P.D. Estitxu Garairi, zorionak; gustura irakurtzen ditut zure artikuluak ere. Huskeria bat, dena den: akronimoaren azalpenean zuzenketa txiki bat egin behar dela iruditzen zait. “AISE. «Aizu Inozo, Egizu Sinple!» barik, «Aizu, Inozo, Sinple Egizu!». Ondo-ondo bizi.

  5. Fermin Etxegoien

    Ba nik uste dut baietz, TIRITA jarriko nuke arazorik gabe, niretzat, momentu honetan -formulazioa ezin muturrerago eramanda- erdara euskara baita, baldin eta euskararen alde egiten badu, eta euskara, ordea, erdara bilakatzen da, baldin eta erdararen alde egiten baitu.

    Tira…

    Tirita…

    (Kontu aldrebesak, bai, baina ez dezagun umorea galdu, muaks!)

  6. Fermin Etxegoien

    Barka: “baitu” ez, baizik eta “…erdararen alde egiten badu”

  7. Juan Garzia

    Komunikazioak bizi gaitu?!
    Ala propagandak eta populismoak eta, barka, herrixkeriak?
    Tiritatzen uzten nau, bestalde, mugaz bestaldekoen zauri zerrenda itsaskorreztatu gabeak.

    • Fermin Etxegoien

      Iparraldean ere, askoz errazago eta gustorago erabiliko dute tirita, zerrenda itsaskorra baino.

      Izan gaitezen sinpleak, ingelesak bezala.

      Nola esaten da “apósito adhesivo” euskaraz?

      TIRITA!

      Eta nola esaten da “aglomerado contrachapado”?

      EGURRA!

      • Urmeneta

        Arotzik balego inguruotan: Etxegoieni lanen bat eginez gero, ‘aglomerado contrachapado’ erabili, eta fakturan ‘egurra’ jarri eta kobratu. Komunikazioaren izenean.

  8. Fermin Etxegoien

    Jajaja

    Zuek zarete espezialistak, ok, baina batzuon intuizioa da guk ez dugula egin behar hizkuntza handi eta normalizatu horietan egiten den berbera, kaoz irabazten digutelako, ikusi den moduan, ring-era igo orduko .

    Haiek egin dezakete ia,nahi dutena, hain zuzen ere normalizatuta daudelako, baina guk ez: bestela jokatu behar dugu, normalizatuen antzera jokatzen hasi aurretik, aspaldiko sentsatzioa bai baita hau guztia bilakatu zaigula halako… alperrikako enerjia isurketa amaitezin bat-edo, ez?, eta, horren aurrean, ba sinplismoa litzateke aukera lojikoenetako bat, normalizazio guneak lortzen goazen bitartean, ezen ez kontrakoa (konplejismoa, bere adiera guztiekin).

    Beste aukerarik?

    Bai: infiltratu euskaltzain zenbait Real Academian… eman, hemen duten poterea… eta txo, lau egunetan… espainola minoritario!

    • Borja

      to! baina zerorri izan zara “ingelesak bezala” izan behar dugula aldarrikatu duena! jeje
      Ados nago haiek (hizkuntza nagusiek) bezal-bezala ezin joka dezakegula, baina gauzak “ondo” egiteko beldurrik ere ez genuke izan behar, ezta? Tira, ez dakit. Ni ere ez naiz honetan aditua…

  9. Fermin Etxegoien

    Hiztun ingelesak bezala…

    Han ez baitago akademikorik, ezta?

    (There is no such thing as a Royal Academy of English. The closest thing to a central authority on the language would be dictionaries and grammar books, but these report how words are used – not how they should be used.)

    • Borja

      Hain zuzen ere, ez dute akademiarik (beharrik ez baitute?), eta orduan guk ere ez dugu behar? Nago euskara izan ere ez litzatekeela izango akademiarik gabe.
      Zoritxarrez (?), ezin joka dezakegu ingelesek ez espainol edo frantsesek bezala. Baina, noren antzerago behar (ez nahi)?

      PD: Ingelesek, azken batean, ejerzitoa/boterea (izan) dute, espainolek eta frantsesek bezala. Baina, hori, beste kontu bat da…(?)

  10. Fermin Etxegoien

    Bai, Borja, bai, ez nuen esan nahi akademiarik behar ez dugunik, noski, baina tira, tirita… erlaja daitezela pixka bat… eta integra dezatela, akademiaren estrategia soziolinguistikoaren barruan -horrelakorik baldin badago- euskarazko jarioari eusteko hiztun ez profesional gehienek -jende arruntak- behar izaten duten -dugun- “erdara kopuru hori”.

    Erdara euskara da…
    Gorago bou-tatako bou-tade hori… erabat egia da ingelesentzat:
    Not having a regulatory body allows English to be dynamic, growing and evolving naturally. Since in any case it’s a mixture of Anglo-Saxon, French, Latin, Greek and many other languages, regulation would simply suffocate its development and flexibility.

    PD: Ingelesen kasuan, inoiz bururatu zait:
    Hain hizkuntza adierazkorra dute indarrez boteretsu direlako eta kitto… ala hain boteretsu bilakatu dira, besteak beste, oso hizkuntza adierazkorra dutelako?

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s