Julenentzat (ala Julianentzat?)

Maialen Marin Lacarta

Lagun bati Yu Hua nor den kontatzen ari naizela, idazle asko medikuntzan aritu izanak direla konturatzen naiz. Azaltzen diot Yu Hua, idazten hasi baino lehen, bost urtez dentista izan zela. Eta Lu Xun ere medikuntza ikasten hasi zela, bere karrera guztiz aldatu eta literaturagatik interesatu zen arte. Orduan, adi entzuten ari zaidan lagunak Conan Doyle aipatzen du, eta niri Txekhov etortzen zait burura.

Aitak ere bide hori jarraitu du: berrogei urtez mediku izan eta gero, erretiratu denetik idatzi eta idatzi dabil. Beti izan da irakurle amorratua, baina azken bi urteotan klasiko guztiak irakurtzeari edo berrirakurtzeari ekin dio, idazketa-lantegi batera joaten hasi da eta egunak ordenagailu aurrean pasatzen ditu, linfomei buruzko txostenak idatzi beharrean, gaixo baten fikziozko istorioari bueltaka. Orain dela bi urte, erretiratu zenean, idazteari ekiteaz gain, berriz ere frantsesa ikasten hasi zen. Baina kurtso hasieratik, beste eginkizun batek dauka lanpeturik: euskara ikasten hasi da berriz ere. Erretreta erdizka utzitako pasioak berreskuratzeko garaia omen da.

Txikitatik gogoratzen dut aita euskara ikasten saiatzen. Behin baino gehiagotan klaseak hartzen hasi zen, baina, azkenean, lan gehiegi zuenez, amore eman eta ikastaroa erdizka utzi behar izaten zuen. Euskarak beti frustrazioa sentiarazi diola iruditzen zait. Baina zerk piztu dio berriz ere saiatzeko gogoa?

Julen izan da arrazoi nagusia. Azaroaren 14an ahizpak bere lehen umea ekarri zuen mundura eta aitaren omenean Julen jarri zion izena. Nolabait loturik daude aitona Julian eta Julen jaioberria. Julianek Julenekin euskaraz egin nahi duelako hasi da berriz ere euskara ikasten.

Antzeko erabakia hartu zuen amak orain dela berrogei eta bi urte. Seme-alabei euskaraz egin nahi zielako hasi zen ikasten, nire anaia nagusia jaio baino lehen. Lau seme-alabak ikastolara joan ginen eta txikitan amak beti euskaraz egin zigun, bere ama hizkuntza ez den hizkuntza batean. (Euskalduna ez den norbaiti hau kontatzen diodanean ulertzea kostatzen zaio!). Erabaki horri esker lau anai-arrebak elebidunak gara eta ez dugu orain aita dabilen legez nor-nori-nork taularekin ero moduan ibili behar izan. Nire gurasoek bezala beste guraso askok hartutako erabaki horri esker berpiztu zen euskara. Batzuetan ahaztu egiten zaigu erabaki pertsonal horietako bakoitzak bat eginik hartu duten garrantzi historikoa.

Orain dela gutxi lankide batek Pema Tseden izeneko idazle, itzultzaile eta zinemagile tibetar baten inguruko kongresu bat antolatu zuen. Kongresuan parte hartu zuen irakasle batek zera esan zidan: norbait Txinako hizkuntza minoritarioen egoera tamalgarriaz kexatzen denean, berak euskararen ereduzko kasua aipatzen duela; euskararen historiak itxaropena pizten diola, hizkuntza minoritarioak berpiztea eta hizkuntza horiek sortze-lanerako erabiltzea posible dela erakusten baitigu.

Iruzkin bat utzi

Maialen Marin atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s