I(ra)kasgaiak

Igone Zabala Unzalu

Blog honen jarraitzaileak zareten hiztun, idazle eta irakurle finentzat, agian ezaguna eta begi-bistakoa izango da, baina niri atentzioa eman zidan gaurkoan azalduko dizuedan gertaerak. Zuetako batzuek agian ez duzue jakingo, baina egun unibertsitatean ebaluazio jarraitua lehenesten da bukaerako azterketa bakarraren bidezko ebaluazioaren aurretik, eta irakaskuntzaren kudeaketarako araudian zehaztuta ageri dira ikasleei bukaerako azterketa bakarraren bidez ebaluatuak izateko onartzen zaizkien arrazoiak. Araudi horren testuingurua baliatzen dugu Komunikazioa Euskaraz irakasgaian ikasleei eskatzeko idatz diezaiotela eskabide bat Fakultateko Idazkari Akademikoari, araudian zehazten den arrazoiren batean oinarrituta, bukaerako azterketa egiteko baimena eman diezaien.

Ikasleen lanak zuzendu nituenean, deigarri gertatu zitzaidan ikasle guztiek erabili zutela ikasgai hitza, abiapuntutzat hartu genuen araudian eta gure instrukzioetan irakasgai hitza ageri bazen ere. Berehala konturatu nintzen erabat logikoa zela ikasleen eta irakasleen hautuen arteko aldea. Izan ere, unibertsitatean edo beste edozein irakaskuntza-zentrotan irakasten direnak ‘irakatsi beharreko gaiak’ dira irakasleontzat eta, ikasleentzat aldiz, ‘ikasi beharreko gaiak’. Euskararen morfologia lexikoaren gardentasunaren ondorio da objektu beraren esanahia bi ikuspuntutatik kontzeptualizatzeko aukera hori. Irakasleok irakasgai edo ikasgai hitzak erabil ditzakegu testuinguruaren eta xedearen arabera, baina irakasgai hitza ez da ondo uztartzen ikasleek ekoitz ditzaketen enuntziatuekin.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, jakina, ez da ageri enuntziatuaren ekoizlearen izaeran oinarritutako bereizketarik, baina adiera batean bi hitzak erdisinonimotzat hartzen dira. Nolanahi ere, batean eta bestean ageri diren definizioak (‘irakasten den gaia, irakasteko gaia’ vs ‘ikasteko gaia, ikaskizuna’ erraz asko uztar daitezke hizpide dugun bereizketa semantiko-pragmatikoarekin.

irakasgai 1 iz. Irakasten den gaia, irakasteko gaia. Ik. ikasgai, Gizarte antolaketa zuen bere irakasgairik behinena. Hizkuntzak ere sarbidea aurki lezake Unibertsitatean, ikasgai eta irakasgai bezala, noski, eta agian, zenbait gaitan, ikasbide eta irakasbide gisa.
2 iz. Ikastaro baten gaia, eta, batez ere, ikasketa plan bat osatzen duten gaietako bakoitza. Oraingo batxilergoko irakasgaiak. Bigarren ikasturteko irakasgai guztiak gainditu ditu.

ikasgai 1 iz. Ikasliburu edo ikasbide bat banatzen den zati edo gai bakoitza. Hamar irakasgaitan zatitutako irakasbidea. Bederatzigarren ikasgaia.
2 iz. Ikasteko gaia, ikaskizuna. Ik. irakasgai. Udako unibertsitatean ikasgai guztiak ematen dira euskaraz.

3 Iruzkin

Igone Zabala atalean

3 responses to “I(ra)kasgaiak

  1. Borja

    Niki hala bereizi izan ditut, hain zuzen ere Igonek aipatzen duen ezberdintasun pragmatikoaren arabera, baina uste dut irakasgai hobesten dela “asignatura” adierazteko, eta ikasgai “ikasi beharrekoak” orokorragoa adierazteko. Interesgarria litzateke hitzon “tradizioa” behatzea eta EPG edo Google-etik erabilera datuak ateratzea.

  2. g2-3912a9688554129e5c0bf7d0f7bf858c

    Igonek eta Borjak adierazitakoei, Komunikazioa Euskarazen ikasleek “ikasgai” erabiltzeko beste arrazoi posible bat erantsi nahi nieke: pedagogoen eragina.

    Unibertsitatean Bolognako saltsa kontsumitzen dugunetik behintzat, erlijio berriaren pedagogoek “ikasgai” terminoa sustatu dute, “irakasgai”-ren kaltetan. Horrela, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren ardatza ikaslea dela hobeto islatzen delakoan, diote. Hitzen magia, nonbait.

    Hori dela eta, azken urteotan “ikasgai” hitza bolo-bolo dabil ‘asignatura’ adierazteko eta, beraz, pentsatzen dut Igoneren ikasleek, Fakultatearen araudian eta haien instrukzioetan “irakasgai” agertu arren, ikasketak hasi direnetik maiz entzun eta (ziurrenik) erabili dutela “ikasgai”, eta hor ere aurkitu dezakegula arrazoia.

    • Igone Zabala

      Eskerrik asko zuen iruzkin eta ekarpenengatik. Borjari erantzunez, egia da “ikasgai” izenak baduela, ‘asignatura’ adieraz gain, baita ‘ikasi beharrekoak edo ikasten direnak’ adiera zabalagoa ere. Bestalde, egia da gaur egun “irakaskuntza-ikaskuntza” prozesuei buruz hitz egiten dela eta prozesu horren ardatza ikaslea izan behar dela aldarrikatzen dela. Nolanahi ere, nabarmendu nahi nuena zen helburu didaktikoak alde batera utzita, iruditzen zaidala bi hitz horien morfologiak berak baduela zerikusia ikasleek egindako aukerakerekin, alegia, badirela arrazoi linguistikoak aukera hori egiteko.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s