Igandea, oskarbi ala belarri-atzeak eta belaun-koxkorrak garbitzeko eguna

Esti Lizaso

31eskutik_azaroa_elizaso_1

Jakinarazpen hau agertu zitzaidan lehengo igandean telefonoan. Lehen begiratuan ez nuen jakin oharra bera ezabatzeko eskatzen ari zitzaidan, telefonoaren pantaila zikinegi neukala leporatzen edo etxeko leihoak garbitu behar nituela gogorarazten.

Jakinarazpenari zegokion txartelean sartu eta argiago ikusi nuen:

31eskutik_azaroa_elizaso_2

Arazoa ez zen ez telefonoarena ez nirea, itzulpenarena baizik. Jatorrian, ingelesez CLEAR jarriko zuen, noski. Beraz, telefonoa ez zen ari ezer GARBITU behar zenik esaten, zerua OSKARBI zegoela jakinarazten baizik.

Softwarea itzultzearen arrisku handienetakoa da testuinguru faltagatik esanahi-akatsak egitea.

Testua tresna bereziekin itzultzen da eta, orokorrean, taula modukoetan zatituta egoten dira esaldi edo hitzak. Errenkada edo zati horietako bakoitzari “kate” esaten zaio. Gutxitan izaten da interfazeak amaieran izango duen itxuraren berri, eta ausaz hautatutako hitz solteen zerrenda bat itzultzen ari garela eman dezake.

Hala ere, beti izaten dira itzulpen egokia erabakitzeko erabil dezakegun informazioa eta pistak. Itzultzaile espezializatuaren egitekoa da informazio hori aurkitzen eta interpretatzen jakitea.

Batzuetan, itzulpen-programek eremu berezi bat izaten dute testuari buruzko informazioa (menu bateko aukera bat den, botoi bat, errore-mezu bat, sagua gainetik pasatutakoan agertuko den argibidetxoa…), testuingurua (zer aplikaziotan edo noiz ikusiko den) edota itzultzeko argibideak (zenbat karaktere erabil daitezkeen gehienez, itzul daitekeen ala ez…) erakusteko. Informazio hori informatikariek prestatzen dute, kodea idazterakoan. Eta itzultzailearen lehen lana, hitz edo esaldi bakoitza itzultzen hasi aurretik, eremu horretan ematen zaion informazio guztia irakurri eta ulertzea da.

Beste batzuetan, eremu hori ez da erabilgarri egoten, edo informatikariek hutsik uzten dute. Kasu horietan, informazioa beste nonbaitetik lortu behar izaten da. Itzuli beharreko kate bakoitzak, esaterako, identifikatzaile bat izan ohi du, softwarearen kodean non joango den adierazten duena. Askotan, identifikatzailearen izenak berak eman dezake behar dugun informazioa: “XXX_status_message” (egoera mezua) edo “XXX_button_label” (botoian agertzen den testua). Eta katea zer fitxategitan dagoen erakusten duen bide-izena ere lagungarria izaten da oso: “XXX/apps/weather” (eguraldiaren aplikazioa) edo “XXX/apps/calculator” (kalkulagailua).

Goiko kasua itzuli zen garaian informazio hori kontuan hartu izan balitz, seguru aski, itzultzaileak behar bezala aukeratu izango zuen “clear” aditz ala izenondo bezala itzuli.

Baina ez da itzultzailearen zabarkeria horrelako akatsen errudun bakarra. Orokorrean, software itzulpenen metodologiari buruzko kontzientziazio oso gutxi ikusi dut gure artean.

Softwarea itzultzen hasi berriak direnen artean joera nagusia zuzenean itzultzen hastea izaten da, lana nola edo hala garaiz bukatu eta egunean X mila hitzera iritsi ahal izateko. Lan erraza eta errentagarria dela sinetsita egoten dira batzuk, gainera, tarifa espezializatua altuagoa izaten delako, eta testuan hitz solteak eta esaldi laburrak direlako nagusi. Bizkor-bizkor itzultzeko modukoak. Itzultzaileei ez zaie erakusten lan berezia dela, eta gainerako itzulpenak egiteko dituzten teknikek ez dutela askorako balio izaten horrelako lanetan.

Softwarea itzultzea prozesu teknikoa izaten da normalean. Itzultzen hasi aurretik denbora asko behar izaten da tresna ezagutzeko, argibide guztiak irakurtzeko, estilo gida ikasteko eta baliabide guztiak prest ezartzeko. Eta, behin lanean hasitakoan, xede-testua idazten baino askoz ere denbora gehiago eman behar da testua non eta nola agertuko den ulertzen, bezeroarentzako galderen zerrenda prestatzen, aurreko eta ondorengo sintaxiekin bat etorriko den egitura bat aurkitzen eta erabili beharreko terminologiari atxikita ere gehienezko luzera gaindituko ez duen baina erabiltzailearentzat ulergarria izango den itzulpen bat asmatzen.

Software-lanetan aditua den itzultzaile profesional batek, batez beste, egunean 1500 bat hitz itzul ditzakeela kalkulatzen da. Hori besterik ez. Eta kalkulu hori egiteko aurrez aipatutako faktoreak hartzen dira kontuan: lana prestatzeko ordu mordoa beharko duela, eta itzultzen baino denbora gehiago eman beharko duela ikertzen.

Edukiaren zailtasunaren edo itzultzailearen trebetasunen arabera, beti egongo dira bizkorrago egin ahal izango diren lanak, baina baita dokumentatu beharragatik testuan ia aurreratu gabe joaten diren egunak ere. Kontuak kontu, errealitate hori ukatu eta software-itzulpenak gainerakoen zaku berean sartzeak ez du itzulpenen kalitatea kaxkartu, zabarkeriari bide eman eta gure lanaren duintasuna kaltetu besterik egiten. (Atzetik datorren zuzentzaileari, zorionez halakorik bada, txerrikeria galanta egitearekin batera…)

4 Iruzkin

Esti Lizaso atalean

4 responses to “Igandea, oskarbi ala belarri-atzeak eta belaun-koxkorrak garbitzeko eguna

  1. bizarduna

    Egon badagoen zabarkeria zuritzeko batere asmorik gabe esango dut hurrengoa, baina uste dut itzultzaile askok ditugun lan-baldintzek (tarifek, egonkortasun faltak, lan-bolumenen gorabehera izugarri eta aurreikusi ezinek, zerga kargek, softwarearen nahiz hardwarearen kostuak gure gain izatea, baina amortizazioa agentziaren alde…) ere itzulpengintzaren duintasuna eta lanen kalitatea kaltetzen laguntzen dutela, prozesuaren inguruko kontzientziazio faltaz eta itzultzaile batzuon (nahiz agentzia batzuen) berezko zabarkeriaz/saldukeriaz gain… Lanaren kalitatearen eta lan baldintzen kalitatearen arteko sorgin gurpila ikusten dut kontu honetan, baina euskararen kasuan, beste hizkuntza batzuetan baino erantzukizun kultural handiagoa izanda… Nik ere ez nituzke kontratatuko hortik itzultzen ari diren asko (agian, nire burua ere ez nuke kontratatuko), baina 120 urte dauzkan enpresa euskaldun “peto-peto” batek zabarkeriaz, berandu eta ordainketekin zuhur jokatzen badu, euskara eta “pertsonak” alde batera utzita, etekinak eta marketina ez den beste ezer alde batera utzita, nik hartu behar dut nire gain hori guztia “pagaré” ziztrin batekin eta hiru hilabeteren buruan kobratzeko? Bada, bai, hartuko dut nire gain erantzukizuna, baina bakarka eta zuk maiz esan bezala “guztien aurka” ezin da… Kontzientziak berotutako besarkada handi bat zuri eta gainerako gremiokideei!!!

  2. Erramun Gerrikagoitia

    Nola niri gaur -eguaztena 19 azaroa 2014- heldu zait nire blogera (referentziak.blogspot.com, commentarioa titulatzen Euscaraz dirudienez importantea azquen[http://referentziak.blogspot.com.es/2014/11/euscaraz-dirudienez-importantea-azquen.html]) commentario bat zeinac du zerikusi zuzena honequin eta du adierazteco bere eretchia ganic XE dut hona rebotatzen gal ez dezan bere valioa eta coca dadin behar duen leku apraposean

    Hara

    Erramun jauna,

    Desegokikeria sintaktikoen ehiztari esportzatua zaren aldetik iruditu zaut atsegin har zenezakeela irakurrik “31 eskutik” web orrian gaur bertan kausitu dudan perpaus bat aski kuriosa. Kuriosa diot ez soilik “negargarri” ez esatearren, bainan orobat zeren modu antologikoan ematen baitauku ikustera nolako errabia itsu eta deliberatua duten euskal izkribatzaile zenbaitek bazter uzteko, joskeraz kestione, zentzu elementalenak agintzen dituen antolamendu logikoak eta besarkatzeko haien lekuan Altube jaunak duela anitz urte bere burmuineko laborategi irakituan erditu zituen eldarnio espantigarriak.

    Hauxe duzu aipu dudan perpausa:

    “Batzuetan, itzulpen-programek eremu berezi bat izaten dute testuari buruzko informazioa (menu bateko aukera bat den, botoi bat, errore-mezu bat, sagua gainetik pasatutakoan agertuko den argibidetxoa…), testuingurua (zer aplikaziotan edo noiz ikusiko den) edota itzultzeko argibideak (zenbat karaktere erabil daitezkeen gehienez, itzul daitekeen ala ez…) erakusteko.”

    Eta orain, ene galdera:

    Zer mirakulu, zer epifania, zer lurrikara kosmiko behar da euskal jende komunari ulertarazteko horrelako esaldi batean aditza posizione horretan kokatzea dela suizidio komunikativo latza, kolosala eta, oroz gain, batere premiarik gabea?

    Nola liteke artikulu bat hain ongi argudiaturik izkribatzeko gauza den presuna argi eta jantzi bat ez izatea gauza ikusteko horrelako sintaxiarekin arrasetik lehertzen duela bere izkribuaren ahalmen komunikativoa eta zigortzen duela irakurlea deus ez konprenitzera lehen behakoan eta bi aldiz irakurtzera gauza bakoitza?

    Altube jauna pozik dateke bere zeruko txokoan ikusiz nolako erro sendoak bota dituzten bere teoria letalak gure artean.

    Ondikoz.

    XE

    • Erramun, gogo gaizto barik: usteot lar kuriosua dala benetan klaridadearen izenean berbaitie estandarra potrozorrotik igarota, artikulua zeharka bakarrik aipatute eta iraganeko kontuen aurka, hildakoen aurka ostabere borrokatzen tematute… Eskerrak poloniar asko (eta euskaldun gitxi batzuk) geure biharra egiten ari diren… Agur t’erdi… Momentuz…

  3. Esti Lizaso

    Mila esker, Erramun, iruzkina helarazteagatik. Kontuan izango dut hurrengoetarako.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s