“Que veinte años no es nada”

Alfontso Mujika

Bada tango zahar bat, malenkoniatsua eta ederra, oso ezaguna, Volver izena duena. Haren bertso-lerro batean, esaten da hogei urte ez dela ezer, eta “Que veinte años no es nada” esaldi eginen kategoriara ig(ar)o da gaztelaniaren kulturan.

Tangoak dioena ukatu nahi dut, eta euskararen mundu txiki gurean hogei urte badela zerbait aldarrikatu. Edo, zehatzago esanda, aldarrikatu hizkuntzaren historian hogeialdi guztiak ez direla berdinak. Azken hogei urteak inoizko garrantzitsuenak izan dira euskararen corpusaren normalizazioan; hala uste dut nik, behintzat, eta horixe nahi dut plazaratu gaur leihotxo honetatik.

Inoiz edo behin, corpusaren normalizazioaren ondorioen aurkako iritziak edo kexu gisakoak irakurri ditut, baita blog honetan ere noiz edo noiz, normalizazio hori euskara jatorraren Arkadiaren galgarritzat-edo harturik. Beude hor. Mezu baikorra zabaldu nahi dut nik, eta azaldu dezadan hogei urteena.

Komunikabideetan ez da agertu efemeridea, Euskaltzaindiak berak ez du ezer plazaratu, baina joan den hilean hogei urte bete dira Euskaltzaindiak Leioako biltzarra egin zuenetik (Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarra). Euskara batuak 25 urte bete zituela eta Euskaltzaindiak 75 urte bete zituela-eta egin zen biltzarra.

Han eszenaratu ziren ordurako egosten ari ziren corpusaren normalizazioaren hainbat kontu, eta biltzar hark abiarazi zuen araugintza.

Gogoratu dezagun duela 20 urteko egoera:

  • Gramatika-lan ofizialetan, EGLUren lehen hiru liburukiak besterik ez zegoen. Laugarrena, juntagailuena, urte horretan argitaratu zen.
  • Ez zegoen euskararen hiztegi ofizialik.
  • Orotariko euskal hiztegia F letran zihoan.
  • Ez zegoen corpusik. XX. Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa egiten ari zen.
  • Euskalterm ordainpeko zerbitzu bat zen; orain dituen sarrerak baino askoz gutxiago zituen, eta kontsulta telematikoa ondo motela zen.
  • Biltzarraren aurreko urtean, 1993an, lehenengo entziklopedia osoa argitaratu zen: Elhuyar hiztegi entziklopedikoa, eta Lur hiztegi entziklopedikoa zatika argitaratzen ari zen (1991-1995 bitartean argitaratu zen).
  • Hiztegi elebidunak “aurreko“ belaunaldikoak ziren.
  • Ez zegoen Jagonet, ez zegoen estilo-libururik. Joskera lantegi liburua ere ez zegoen.
  • Pentsamenduaren Klasikoak bilduma 1992an abiatua zen, eta dozena bat liburu besterik ez zuen.

Hogei urte geroago, gauzak nabarmen aldatu dira:

  • 173 arau eman ditu Euskaltzaindiak, ortografia, gramatika, lexiko eta onomastikari buruzkoak. Izango da zer aldatu, zer zehaztu eta zer hobeturik, baina ez da huskeria!
  • Hiztegi Batuak 36.776 sarrera ditu gaur egun. Gauza asko falta dira, barne-koherentzia hobetu behar du… bai, baina a ze tresna!
  • Euskaltzaindiaren hiztegia argitaratu da, 20.000 sarrerarekin.
  • Orotariko euskal hiztegia amaitu da, emendatu egin da eta bertsio elektronikoan kontsultatu daiteke.
  • Euskal Gramatika, Lehen Urratsak gramatika deskribatzailea, 7 liburukiz osatua, amaitu egin da, eta bertsio elektronikoan kontsultatu daiteke.
  • Hiztegi elebidunen belaunaldi berria 1996an abiatu zen Elhuyar euskara-gaztelania/gaztelania euskara hiztegiarekin, eta hiztegi elebidunak sarean kontsultatu daitezke.
  • Ikasmaterialen Aholku Batzordearen estilo-liburuak, 2004-2014 bitartean, zazpi liburuki argitaratu ditu, eta arauetan agertzen ez diren makina bat kontu jakingarri bildu ditu.
  • Euskalterm hazi egin da, hobetu egin da, eta azkar eta doan kontsultatu daiteke.
  • Zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa argitaratu da, eta sarean kontsultatu daiteke.
  • Pentsamenduaren Klasikoak bilduma, 130 liburuz osatua, amaitua dago, eta sarean eskuratu eta kontsultatu daiteke.
  • Hizkuntzaren erabilera errealaren berri izateko, hizkuntza-corpus ugari dugu, orokorrak eta espezializatuak, baita itzulpen-memoria batzuk ere, eta guztiak sarean kontsultatu daitezke.

Jarraituko dugu falta zaigunaz kezkatzen eta kexatzen; hala behar du, aurrera egingo badugu. Hala ere, une batez atzera begiratuta, uste dut “ez dago gaizki” behintzat esan dezakegula. Harrokeriarik gabe, baina.

“Las nieves del tiempo / platearon mi sien” jarraitzen du tangoak. Hogei urteotan askoren ilea urdinduko zen, eta bakandu, baina ez egonean egon izanagatik.

4 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

4 responses to ““Que veinte años no es nada”

  1. Irene Arrarats

    Erabat ados, Alfontso.
    Dena dela, datu bat zehaztu beharra dago. “Ez zegoen Jagonet, ez zegoen estilo-libururik”, diozu, baina kontuan izan ‘Euskaldunon Egunkaria’-k 1992an argitaratu zuela estilo liburua, orain dela 22 urte. Etengabe osatu eta eguneratu zen, eta guztira hiru bertsio izan zituen, 1992an, 1995ean eta 2001ean publikatuak.

  2. Alfotnso Mujika

    Arrazoi duzu, Irene. Eta ez da, estilo-kontuei dagokienez, aipatu gabe geratu zaidan lan sektorial bakarra.

  3. Zer ona Alfontso! Zorionak! Oso egokia! Bat nator diozun guztiarekin eta askotan izaten dut nik ere sentsazio hori, alegia, gauza asko egin direla eta ongi egin direla. Noizean behin gogora ekarri behar ditugu!!
    Ze oroitzapenak, Leioako biltzar hura!! Han aurkeztu genuen IXA taldeko hizkuntzalariok lehen artikulua: “Euskararen normalizazioa eta hizkuntzalaritza konputazionala” izenekoa, euliena eta kanoiena, gogoan duzue? Gurean ere alde ederra dago, orain ikusi ala orduan ikusi!! Ondo izan.

  4. Pruden Gartzia

    Harritu nau, Pentsamenduaren Klasikoak bilduma aipatuta ikusteak. Izan ere, esango nuke ez dela egongo euskaraz aipamen gutxiago jaso duen bildumarik, eta hori euskal kulturaren mundu txiki honetan kritika (edonako aipamenari horrelako deituko diogu, erosotasunez), kritika, diot, oso gauza marjinala izan arren. Baina Pentsamenduaren Klasikoak esango nuke bereziki ahantzia izan dela.

    Eta zer esan daiteke bilduma horri buruz? Nik irakurri ditudan aleen arabera, denetarik dago, onak eta ez hain onak, esperimentuak, esperimentu hutseginak… esperimentu gehiegi, oro har. Ziur aski ezin zen besterik egin, orain aletuko ez ditudan mila arrazoi bitarte. Badago, hala ere, pozarren irakurri nuenik, adibidez orain apalategira hurbildu eta hauxe hautatu dut, beste batzuen artean:

    Eichmann Jerusalemen / Hannah Arendt ; Koro Navarro Itzul. (2008)

    Baina pedantea litzateke orain liburu hori goratzen hastea (hori ote da kritika hain gutxiren arrazoietako bat?) eta itzulpenari dagokionez, egia esan, aitortu behar dut ez dudala gogoratzeko moduko ezer gogoratzen (irakurri nuen euskaraz, gaztelaniaz irakurriko banu bezala, beste barik). Baina utzidazue, bai, liburua zabaltzen eta ia-ia alitzira pasarte azpimarratu bat hona ekartzen:

    “Juduak bizi ziren lekuetan agintari juduak zeuden, eta agintari haiek, salbuespenik gabe ia, naziekin lankidetzan jardun zuten modu batean edo bestean, arrazoi batengatik edo bestearengatik.” (149. or.)

    Pufff! Latza izan behar du judu batentzat horrelakorik irakurtzea! Eta ez da pasarte galdu eta testuingurugabetu bat, aitzitik, liburuaren kode nagusiaren lagin bat da. Hamaika halako han eta hemen, liburuan zehar. Autokonplazentziarik ez, fitsik ere ez. Txapela kendu dezagun Arendt juduaren aurrean!

    Eta orain gurera bueltatuko naiz, Alfontso. Azken hogei urte hauek ederrak izan dira, arrazoi osoa duzu, eta ez dago zertan ezkutatu. Zer dugu eskas, ordea? Kritika. Hori da gure zulo nagusia.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s