Euskararen desafektua (III)

Asier Larrinaga Larrazabal

Kezka handia sortzen dit euskaldun-belaunaldi gazteetan hizkuntza-leialtasun hain txikia igartzeak. Nik euskararen desafektua esaten diot eta, orain arte, hizkuntzarekin berarekin lotutako faktore bi aztertu ditut: sinesgarritasuna eta funtzionaltasuna. Serieko azken post honetan, hirugarren faktorea aztertuko dut, adierazkortasuna.

Ideia-ekaitz bat sortzen zait buruan adierazkortasunaz pentsatzen dudanean eta, horrenbestez, post hau zurrunbilo bat eta nahaste bat izateko arriskua dago. Hori dena ekiditeko, lehenengo, adierazkortasuna definitzen ahaleginduko naiz eta, gero, zerrenda moduko batean antolatuko ditut gainerako ideiak.

1. Niretzat, adierazkortasuna egokitasunaren hurrengo gradua da. Egokitasuna komunikazio-egoeraren araberako hizkera erabiltzea bada, adierazkortasuna, orduan, komunikazio-egoeran egoki aritzeko beren-beregiko hizkuntza-baliabideen jabe izatea da. Adibide baten bidez argituko dut.

«Barre asko egin genuen» esaten badut, egoki ari naiz lagunartean. Esaldi horretako hitz, esapide, adizki eta enparauek [ formala] ezaugarria dutenez, elementu bat ere ez dugu hizkera formalarekin indentifikatuko ezinbestean. Alegia, esaldiak lekua du hizkera kolokialean ―hizkera formalean ere baduen bezala, bide batez esanda―. Baina «hesteak bota genitian» esaten badut, modu adierazkorrean ari naiz lagunartean, «hesteak bota» esapideak eta hitanoko adizkiak [+ kolokiala] ezaugarria dute eta. Bestela esanda, «hesteak bota» esapidea eta hitanoa lagunarteko hizkeran baino ezin daitezke erabili eta, beraz, erabiltzen ditudanean, kolokialki ari naizela ematen dut aditzera; hizkera adierazkorra erabiltzen dut.

2. Adierazkorra izatea, bai hizkuntzari, bai hiztunari dagokien ezaugarria da. Edozein hizkuntza izan daiteke adierazkorra. Baldintza bi baino ez dira bete behar. Lehena da gauza bakoitza bere lekuan ipintzea. Madrileko chelia oso adierazkorra izango da garagardo batzuk jotzera bagoaz, baina guztiz eragozgarria hegazkineko pilotua kontrol-dorrearekin komunikatzeko. Areago, gaztelania bera ―gaztelaniaren edozein aldaera― izan daiteke eragozgarri eta desegoki egoera horretan, ingelesa baita aeronautikaren hizkuntza.

Bigarren baldintza hizkuntza lantzea da. Matematikan, egoki ari naiz «bi eta bi batuz gero, lau dira» esaten badut, eta, euskaraz, beti egon da aukera hori. Berariazko hizkera matematikoa, adierazkorra, ordea, duela gutxikoa da; XX. mendearen bigarren erdian landu zen. Orain, «bi gehi bi berdin lau» esan dezakegu, ezin adierazkorrago.

Hiztunen kasuan, antzera gertatzen da. Hizkuntza-ezagutza landuz gero, adierazpide berriak, hitz berriak, esakune berriak ikasiz gero, hizkuntza-baliabide gehiago izango dugu behar den egoeran moldatzeko. Izango gara berbaldunagoak, izango gara lehorragoak, izango gara zirikatzaileagoak, baina hizkuntza lantzeko ardura edukiz gero, beti etorriko zaigu ahora berariazko hitza.

3. Normalean, adierazkortasuna aipatzen denean, jakintzat ematen da lagunarteko egoeraz ari garela, testuinguru informalaz. Horrek ez du gezurtatzen 1. eta 2. puntuetan esan dudana, baina hurrengo puntuetan hizkera kolokiala izango dut gogoan denbora guztian.

Hala eta ere, aurrera egin baino lehen, hasierako puntuetako ideia nagusi biak azpimarratuko ditut. Lehena: adierazkorra izateko, berariazko hizkuntza-baliabideak erabili behar dira. Bigarrena: badago baliabideok lantzea eta ikastea.

4. Kolokialerako adierazkortasuna ez da eskolan ikasten. Eskolan, kimika, musika, filosofia eta beste ikasten ditugu, eta bakoitzari dagokion berbeta lantzen. Nahikoa eta lar dugu horrekin. Hezkuntza-sistemari ezin dakioke gehiago eskatu. Egia da, dena dela, horrek frustrazio handia sortzen diela eskolan euskaldundu diren askori, eremu horretatik kanpo ahalegintzen direnean konturatzen direlako oso hizkuntza kamutsa darabiltela, adierazkortasunik gabea, etxeko zereginik sinpleenei buruz ere hitz egiteko baliagarri ez zaiena.

5. Hizkera kolokialean, berariazko hizkuntza-baliabideak lexikoak izan daitezke, jakina, baina, baita ere, prosodikoak (palatalizazioa, e. a.), sintaktikoak (aditz-elipsia, SVO ordena, e. a.), pragmatikoak (kode-nahasketa, ahots bikoitza[1], e. a.).

6. Adierazkortasun-baliabideok etengabeko eboluzioan daude, eta asko, aldian behin, zaharkituta geratzen dira. Egungo gazte hiritarrentzat, [+ baserritarra] marka daukate belaunaldi zaharragoetako euskaldunentzat mamitsu eta pipertsu diren esapide askok eta askok. Beste kasu batzuetan, neutralizazioa gertatzen da. Adibide adierazgarria da izorratu aditza, hainbat tokitan hitz tabua izateari utzi diona; areago, kolokialtasun-kutsua ere galdu duena, «hondatu» edo «matxuratu» esangurarekin. Halako eboluzioen ondorioa da nahitaezkoa dela adierazkortasun-baliabideak etengabe sortzea eta lantzea.

7. Egun, euskarazko lagunarteko hizkeran, “harrobi” bi daude adierazkortasun-baliabideetarako. Lehena geolektoa da, euskalkia. Bigarrena, gaztelania (alde batera utziko dut kode-nahasketa, alegia, hitz bi euskaraz botatzea, eta hortik aurrerako bost kilometroak gaztelaniaz). Euskaldun gazteek ez dute ahotik kentzen, esate baterako, «sin mas». Bai gauza pobrea! Esango nuke, oro har, harrobiok ―gaztelaniak eta euskalkiek― oso produktu pobrea ematen dutela. Eta esango nuke horrek desafektuaren bidean jartzen dituela euskaldunak, batez ere hezkuntza-sisteman euskaldundu direnak. Euskarak Facebookeko kontu bat baleuka, ez lituzke «atsegin dut» asko bilduko Ondarroako ―edo Brinkolako― euskararen arkanoekin asmatu ezinda dabiltzanengandik.

8. Hedabideetan ―telebistan―, batez ere umorea edo / eta bat-batekotasuna tartean direnean, gupida barik ustiatzen dira gaztelania eta euskalkiak adierazkortasun-baliabide modura. Gehiagotan ere ipini dut adibide hau:

«Haietako bolada batean liburuak erosteagatik eman zidan. Eta lehenengo erosi nuen liburua izan zan Cómo comprar en las rebajas y no perder la cabeza. […] Eta denetako liburuak daude. Eta liburuak denetarako. Begira. Esate baterako, jenio txarra daukazula? Orduan erosi Cómo superar el mal genio. Ederra liburua. Edo txikia sentitzen zerala, tapoi bat? Ba, badago liburu bat oso ona: Cómo crecer 15 cm de manera absolutamente natural. Apuntatu, apuntatu lasai. Ondo etorriko zaizue. Edo hizkuntzak ikasi nahi dituzuela? Ze hori beti ondo etortzen da, ze biajatzera-eta joan beharra dezue. Ba, badago liburu bat: Aprenda inglés, francés y alemán en el puente del Pilar» (“Irrikitan”, 2002).

Beharbada, barregura emango zizuen. Niri, pena. Pena, hogeita hamar urtez ez garelako gai izan bestelako umorerik egiteko ETBn, “Txiskola”-ren eta ―hein apalagoan― “Irrikitown”-en salbuespenarekin.

Pena, alferrik galtzen dugulako hedabideen potentziala, adierazkortasun-baliabideen erakusleiho garrantzitsuak baitira ―gazteentzat, esate baterako― beste edozein hizkuntzatan [2].

9. Telebistako hainbat programatan erabiltzen den hizkera kolokialak, nolanahi ere den, badu, nire ustez, arazo askoz handiagoa. Gaztelania gordinari, dialektalismo hiperlokalari, hizkera zaindugabea gaineratzen zaie; hizkera zabarra, behe-mailakoa eransten zaie. Batuketa horretatik sortzen denari Wazemank eredua esaten diot nik.

«Tarta mantzana nahi det».
«Bueno, ba; atentak, ordun!».
«Aroma de limon ditek eta!».
«Ni jaikitzen naiz dos y media, ze geo repartua eiteko bestela denboaik eztet izaten».

“Wazemank”-en sagatik kanpo ere aurki daiteke eredu trauskil hori.

«Ze guapo! Calvito bat ipini du sare sozialetan. Argazki batzuk dira de traca y barraca, e! La risa floja ematen dizute, ezta? Baina gorde argazkiak, tíos. Agian balio dizuete etorkizun baterako».

Ez dut uste euskara horrek inor maitemintzen duenik.

10. Ni sinetsita nago euskara batuan posible dugula hizkera kolokialerako adierazkortasun-baliabideak sortzea eta lantzea, gaztelania alde betera utzita, hizkuntza zabarra eta behe-mailakoa alde batera utzita, eta euskalkietako baliabideak estandarraren arauetara ekarriz.

Bereziki azpimarratu nahi dut azken puntua. Ez daukagu zertan euskalkiei bizkarra emanda ibili. Euskalkiak harrobi oparoak izan daitezke, haien baliabideak denontzako baliabide egiten asmatuz gero. Ni naizen bilbotar honentzat, «zoaz globoan», adibidez, esapide baliagarria da. «Zuz globun», exotismo bat baino ez, behabada inoiz esango ez dudana.

Berriro diot: sinetsita nago posible dela euskara batu kolokial adierazkor bat. Ezinezko egiten tematzen bagara, euskaldun hiritar ikasi teknologikoari eskaintzen zaion lagunarteko hizkera bakarra Wazemank eredukoa bada, gero eta handiagoa izango da euskararen desafektua.

_________________________________________

[1] Hiztunak, ahots bikoitza erabiltzen duenean, beste inork ―telebistako famatu batek, pelikularen bateko pertsonaia batek, kirolari ezagun batek edo beste norbaitek― botako lukeen esaldi bat imitatzen du, haren indarra, intentzioak eta esangurak transmititzeko.

[2] Alemanez, esaterako, nahiko aztertuta dago.
•Androutsopoulos, Janis (2001). «From the streets to the screens and back again: On the mediated diffusion of ethnolectal patterns in contemporary German»
•Muhr, Rudolf (2003). «Language change via satellite: The influence of German television broadcasting on Austrian German»

5 Iruzkin

Asier Larrinaga atalean

5 responses to “Euskararen desafektua (III)

  1. Pruden Gartzia

    Ados zurekin, Asier, guztiz.

    Zalantza: ez dakit esan nahi dudana den “ados nago” edo “ados egon nahi nuke”, zeren botatzen dituzun arrazoiak ederrak dira zinez… praktikoak ere bai? Beti liluratu izan nau adineko jendearen hizketa natural eta aberatsa, baina beti argi izan dut ez zela nirea. Orain, aldiz, “gazteen” Wazemank eredu hori amorruz entzuten dut (entzuten dudanean) baina ez dakit inon ote dagoen alternatiba errealik. Euskalgintzan ere “Ahal dugu”-ren tankerako zerbait behar ote dugu, euskararen urloak mugitzeko? Ez dakit.

  2. Alfontso Mujika

    Eskerrik asko, Asier, zure gogoetengatik. Gustura asko irakurri ditut.

    • Asier Larrinaga Larrazabal

      Ezin dezaket esan barik utzi gogoeta horien copyrighta 🙂 EiTBko Euskara Zerbitzuko kideekin partekatu behar dudala gutxienez.

  3. Borja

    Erabat ados ni ere. Egokitasun eta adierazkortasunaz gain, txukuntasun kontzeptua ere landu beharrekoa iruditzen zait: tartamanzana nahi det (gaztelaniazko zetaz askoturik) ez da euskara kolokiala, ez dialektala: euskara zabarra da.

    Batu kolokial adierazkorrean egin liteke, nola egin bailiteke euskalki jaso, dotore, denek ulertzeko modukoan.

  4. Asier Larrinaga Larrazabal

    Testuan diodana praktikoa ote den? Esango nuke ez dela hori galdera. Galdera da zer nahi dugun. Euskara batu kolokial adierazkor bat nahi dugu? Orduan, apaltasun osoz, esango nuke nahiko praktikoa dela testuan egin dudan proposamena.

    Ez dut errepikatuko testuan esandakoa. Emaitzen froga bat eskainiko dut, besterik ez: HIKEA, EiTBren datu-basea. Hizkera kolokialaren atala arakatzeko gonbita egiten dizuet. Badakit gauza asko zaharkituta geratu direla; beste askok ez luketela “korta” usaina kenduko gainetik… Baina gauza asko daude, eta oso baliagarri izan zaizkigu bikoizketan eta hainbat programatan.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s