Mendebaldetik dator gutuna

Estitxu Garai

Etsita, zuri idaztea erabaki dut. Zelan zabiltza? Egunkarien bidez baino ez dut zure berri, eta, egia esan, ez dakit ondo ala gaizki zauden. Batzuetan ederto zaudela dirudi, beste batzuetan, ordea, zuri buruz esaten dituztenak ez dira hain onak.

Zure buruari galdetuko diozu zergatik idazten dizudan orain. Bada, faltan botatzen zaitudalako. Urteak eman genituen batera, nire bizitzako une zoragarrienetarikoak. Ederra izan zen. Gogoan al duzu Urbasara egin genuen txangoa? Nola ahaztu. Andereño Miren guri errieta egiten, bainua hartu nahi genuela-eta. Izango dira hamar bat urte ordutik, ezin dut sinetsi hainbeste denbora pasa denik.

Ikasle garaian gauza mordoa egiten genuen batera. Nire eskola-ibilbidea, ostera, ez zen oso luzea izan. Ondo baino hobeto dakizu ez nintzela puntarengo ikaslea. Ikasketak utzi ostean, ez nuen zurekin kontaktuan jarraitzeko biderik izan. Harreman-sareak harrapatu gintuen. Inguraketa-sare bihurtu zen. Ez nuen gure artekoa zaindu, baina ba ote nuen zaintzeko modurik? Apurka-apurka, nigandik urruntzen joan zinen, zugandik urruntzen joan nintzen. Heldu ahala, ezin izan nizun heldu. Zugandik aparte zegoen nire heldu-lekua. Ni handitu, zu txikitu. Eta, konturatu orduko, alde egin zenuen.

Ez zaitut baloratu, nirekin ez zaudela jabetu naizen arte, galdu zaitudan arte. Gaur behar zintudan, eta ez zeunden hemen. Zu gabe ñimiño sentitu naiz, hankamotz. Nire burua madarikatzen dut behin eta berriro. Ni naiz gertatzen zaidanaren errudun, baina ni al naiz errudun bakarra? Zergatik ez zaitut aurretik behar izan?

Berreskuratu nahi zaitut, eta ez dakit nondik hasi. Egoera honi aurre egin behar diot, aurrera egiteko. Ezin esanaren jasanezinak bizi nau. Belarriak mutu. Ahoa gor. Euskara, itzuli nigana.

2 Iruzkin

Estitxu Garai atalean

2 responses to “Mendebaldetik dator gutuna

  1. Erramun Gerrikagoitia

    Amaiera inesperatua, sorpresivoa.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s