Adierazpenak eta erantzuleak

Igone Zabala Unzalu

Artikulu honetan erantzule izenaren zenbait erabilera zuzenez eta okerrez, eta horien diagnosia egiteko arrazoibideez arituko gara. Izan ere, erantzule izenaren eta antzeko beste batzuen erabilerak zalantzagarritzat jotzeko arrazoibideek askotariko gogoetak uztartzea eskatzen digute.

Jakina da diskurtso espezializatuaren garapenak hiztegi-baliabide zehatz eta sistematikoagoak baliatzea eskatzen digula eta behar hori hiztegi-elementu berriak sortzeko motibazio indartsua dela. Hain zuzen ere, hiztegi-elementu espezializatuak sortzeko motibazioak eta bideak izan genituen hizpide “Hiztegi espezializatua eta morfopragmatika” artikuluan. Ezaguna da, halaber, arrazonamendu metaforikoak garrantzi handia duela diskurtso espezializatuen garapenean. Arrazonamendu metaforiko horren ondorioetako batzuk dira hizkuntza-sistemaren baliabide lexikoen erabilera berriak eta zabalkuntza semantikoa. Arrazonamendu metaforiko termino-sortzailea, blog honetako ekarpenei hasiera emateko plazaratu genuen artikuluan (“Geneen adierazpen-askatasuna”) ere izan genuen hizpide, baina orduan ezkutatuta eta guztiz garatu gabe geratu ziren, artikuluaren iruzkin eta eztabaidetan, erabilera berriek eta zabalkuntza semantikoak hiztegi-elementuen interpretazioan, semantikan eta sintaxian dituzten zenbait ondorio.

Hasteko, euskal hiztegiek aditzek eraman ohi dituzten laguntzaileen berri ematen digute, baita adiera edo interpretazio desberdinetara eramaten dituzten aditz horien definizioak edota adibideak ere. Nolanahi ere, hiztegietako informazioa maiz ez da nahikoa erabilera berrien interpretazioa eta diagnostikoa egiteko. Adibidez, hiztegietan adierazi aditzak edun laguntzailea hartzen duela irakur dezakegu, baina izan laguntzailea daramaten (5) eta (6) adibideak ere zuzentzat hartu behar dira. Izan ere, gure diskurtsoaren gaia aldatzen denean, aldatu egiten dira aditzen subjektuen tasun semantikoak, eta subjektuaren ezaugarri semantikoek isla dute sintaxian. Geneek proteinen sintesia gidatzeko (daramaten informazioa adierazteko) berezko kasualitatea dute, Jaungoikoak adierazteko berezko kausalitatea duen bezala, eta berezko kausalitatea duten subjektuek izan laguntzaile iragangaitza eskatu ohi dute (zuhaitza loratu da, txoria lumatu da…): aditz inakusatiboak dira.[i] Gainera, aditz iragankorraren forma pertsonala (1-3) edo inpertsonala (4) daramaten adibideetako bakoitzean desberdin interpretatzen dugu adierazi aditza, subjektu mota desberdinekin (egilea, baliabidea, seinalea) konbinatzen denean esanahi konposizional desberdinak lortzen baitira.

(1) Medikuek adierazi dute gaixoaren osasun-egoera larria dela.
(2) Seinale horrek adierazten du arrisku biologikoa dagoela.
(3) Gaixoaren sukar altuak adierazten du infekzioren batek jota dagoela.
(4) Multzo hau Z/3Z moduan adierazten da.
(5) Adierazten diren DNAren sekuentziei exon deritze.
(6) Jainkoa bereala adierazo zan. [Lard 95.][ii]

Aditzetiko izenek haien oinarri den aditzaren eta haren argumentuen semantika heredatu, xurgatu edo blokeatu egiten dute. Hartara, (1-6) adibideen semantika konposizionalaren arabera interpretatuko ditugu medikuen adierazpena (=esandakoa), DNAren adierazpena (=proteinen sintesia), Jainkoaren adierazpena (=agerpena) eta Z/3Z adierazpena (=idazteko modua), konbinatutako aditzaren eta argumentuen semantika konposizionala heredatuko baitute. Sukar altua infekzioaren adierazlea da esaldian, aldiz, adierazle izenak sukar altuak subjektuaren semantika xurgatu duela esan daiteke.

Ildo horretatik, ikus dezagun zer harreman dagoen erantzun aditzaren adiera-erabileren eta hizpide dugun erantzule izenaren artean. Euskaltzaindiaren Hiztegiak erantzun aditzaren hiru adiera jasotzen ditu.

erantzun, erantzun, erantzuten 1 du/dio ad. Galde, oihu edo keinu bat egiten duenari, bere galde, oihu edo keinuari dagozkion hitzak edo egiteak zuzendu. (dio ad. denean, nor osagarririk gabea da). Ik. ihardetsi. Norbaiti zerbait erantzun. Galdetu nion baina ez zidan erantzun…Galdera bati erantzun. Norbaiten agurrari erantzun… Tiroka erantzun zuten. Desafioari erantzun. 2 dio ad. (nor osagarririk gabe). Mesede, ondasun, maitasun edo kidekoez mintzatuz, jasotakoaren arabera bihurtu. Haren eskutik hartutako mesedeei ondo erantzuteko. Indarrari indarraren bidez erantzun3 dio ad. (nor osagarririk gabe). Zorrez, betebeharrez, premiez eta kidekoez mintzatuz, kitatu, bete, lagundu. Eskabideei erantzun. Egungo premiei erantzuteko… Eginbideei erantzun. Zorrari erantzuteko.

Ikus daitekeen bezala, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotako adiera eta adibide guztietan [+gizaki] tasun semantikoa duten subjektuak ageri dira eta, gainera, aditzaren ekintzaren gaineko kontrola edo intentzionalitatea dutenak. Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri ez diren (7) bezalako esaldietan ere, [+gizaki] tasuna du subjektuak.

(7) Hiltzen saiatzeko eta eraso egiteko delituengatik ere erantzun beharko du epailearen aurrean.

Nolanahi ere, ez da zaila erantzun aditza [-gizaki] tasuna duten subjektuekin konbinatuta aurkitzea (8-10),

(8) Material honek oso ondo erantzuten du tenperatura-aldaketen aurrean.
(9) Auto honek nire premiei erantzuten die.
(10) Hasieran gorputzak ondo erantzun zion tratamenduari, baina okerrera jo du berriki.

Gainera, [+gizaki] tasuna duten subjektu guztiak ere ez dira berdinak. Izan ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibide guztietan, aditzak adierazten duen ekintzaren gaineko kontrola du subjektuak eta, (11) adibidean aldiz, subjektuak ez du ekintzaren gaineko kontrolik.

(11) Gaixoen % 80k bakarrik erantzuten diote tratamenduari.

Aditzaren ekintzaren gaineko kontrola sintaxian eragin handia duen tasun semantikoa da. Galdera bati, desafio bati, agur bati edo zor bati erantzuteko, ekintzaren gaineko kontrola eduki behar du subjektuak. Azken lau adibideen kasuan, aldiz, subjektua ez da ekintzaren kontrolatzailea, eta horrek isla du helburuzko perpausekin konbinatzekorakoan (12-14 vs 15-16) edota kontrol-egiturak onartzeko edo ez onartzeko orduan (17-18 vs 19).

(12) Galdera guztiak erantzun ditu, gertaerak argitzearren.
(13) Zorrari erantzun dio, etxean jarraitu ahal izateko.
(14) Bere delituengatik erantzun beharko du, gizartearekin duen zorra kitatzeko.
(15) Materialak ondo erantzuten du tenperatura-aldaketen aurrean, #arkitektoa pozik egon dadin.
(16) Gaixoek tratamenduari erantzun diote, #medikua lasaitzeko.
(17) Akusatua behartuta dago epailearen galdera guztiei erantzuten.
(18) Delitugileek beren delituengatik erantzun behar dute.
(19) # Organismoa behartuta dago tratamenduari erantzuten.

Ekintzaren gaineko kontrolaren tasun semantikoa heredatu egiten du erantzun izenak (20 vs 21-22).

(20) Mikelen erantzun azkarra / egokia / behartua
(21) Organismoaren erantzun azkarra / egokia / #behartua
(22) Materialaren erantzun #azkarra / egokia / #behartua

Azpimarratu beharrekoa da (18) bezalako esaldien semantika ezin duela heredatu erantzun izenak, (23) esaldiaren interpretazioak agerian uzten duen bezala:

(23) Delitugileen erantzuna (= ihardespena)

Baina zer nolako semantika du –le/-tzaile atzizkiaren bidez eratorritako erantzule izenak? Espero zitekeen bezala, adiera desberdinetako erantzun aditzaren subjektuen semantika xurgatzen du erantzule izenak. Euskaltzaindiak jasotako lehen adierak (12) adibidearen antzeko esaldiekin du harremana eta, bigarren adierak, aldiz, (7) adibidearen modukoekin.

erantzule 1 iz. Erantzuten duen pertsona. Erantzulea bortxatu gabe bai ala ez esatera. Inkestaren erantzuleetatik erdiak gazteak dira. 2 iz. Zerbaitek eragindako ondorioak bere gain hartu behar dituen pertsona. Hilketaren erantzulea. Aldizkari honetan argitaratzen diren lanen erantzulea egilea da.

Ez da zaila Euskaltzaindiaren definizioekin ondo uztartzen diren adibideak aurkitzea corpusetan:

(24) Erantzulea ez dago derrigortua galdegilearen presuposizio joko bera  onartzera, nahiz bai, kooperazio printzipioz, galderari erantzun pertinente bat ematera.
(25) Ingurumenaz arduratzea gizarteko alor guztiei dagokie, eta guztiak dira erantzule (administrazioa, gobernuz kanpoko erakundeak, finantza-erakundeak, enpresak eta, jakina, biztanle oro).
(26) Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta kontseilariak erantzule solidarioak dira Nafarroako Parlamentuaren aurrean beren kudeaketa politikoa dela-eta.
(27) Komunikabideetan norbera da sinatzen duen albistearen, iritziaren edo sormenlanaren erantzule bakarra; baina askotan horien barruan beste protagonistek emandako azalpenak, iritziak, kontakizunak eta abar jasotzen dira.

Bestalde, Euskaltzaindiak jasotako adierekin bat ez datozen, baina erabat zuzentzat har daitezkeen adibideak ere aurki daitezke. Esate baterako (28) adibidea (10) eta (11) adibideetako adierekin lotutako adibideak dira: immunizazioei erantzuten dieten eta erantzuten ez dieten anduiak.

(28) Peptido konkretuekin egindako immunizazioetan, andui erantzuleak eta ez-erantzuleak aurkitu dira.

Nolanahi ere, oso maiz aurkitzen dira zuzenak ez diren adibideak ere, askotariko jakintza-alorretan koka daitezkeen testu espezializatuetan. Kasu gehienetan eragile (zerbait eragiten duena) beharko litzateke erantzule ageri den tokian. Izan ere, (29-37) adibideetan adierazi nahi dena ez da zerbaiti erantzuten diona edo zerbaitegatik erantzun behar duena, zerbait eragiten duena baizik.

(29) Anomalia magnetikoen #erantzule diren mineralen orientazioa lurrazal ozeanikoaren azaleko 2 kilometrotara mugatuta dago.
(30) Lehenengo grafikoak erakusten digun bezala, ekoizpenaren hazkundea izugarria izan zen, eta arma-motak azterturik, argi dago, errebolberra izan zela salmentetan izandako arrakastaren #erantzule
(31) Teknologia informatikoak lagundutako jarrera-aldaketa hori da, beraz, mapagintzan izan den iraultzarik handienaren #erantzule.
(32) Distantzia handitzean indar nuklear ahula agudo txikitzen da ( 10 -17 m ); elektroien, protoien eta neutroien desintegrazio erradiaktiboan beta erradiazioa sortzearen #erantzulea da indar hori (prozesu erradiaktiboen #erantzule).
(33) Hirugarren Munduko lurzoruaren narriaduraren #erantzule nabarmenen artean hiru faktore aipa daitezke: deforestazioa eta landaretza naturalaren ezabapena, abereen gehiegizko larratzea, eta uztekin erlazionatutako nekazaritzako gain-ustiakuntza.
(34) Konposatu hori da lurraren usain bereizgarriaren #erantzulea.
(35) Bakterioen zelula-horman bada geruza zurrun bat, hasiera batean haren gogortasunaren #erantzulea
(36) Gaitz askoren (baina ez guztien) #erantzule direnez, oso interesgarriak dira birusak ikerketarako.
(37) Nolabait, aldagai askea diferentzien #erantzulea dela esan dezakegu, tratamendua diferentzien sorburua delakoan edo.

[i] Subjektuen ezaugarri semantikoek sintaxian duten islari buruz, ikus artikulu hau: Zabala, Igone (2003) “Causation and semantic control. Diagnosis of incorrect uses in minorized languages”. ASJU 46, 255-283
Ikus baita blog honetako “Geneen adierazpen-askatasuna” artikuluarekin lotutako eztabaida.

[ii] Ikus Orotariko Euskal Hiztegian adierazi sarreraren 6. adiera (Manifestarse, pronunciarse).

Iruzkin bat utzi

Igone Zabala atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s