Artxiboak hilabeteka: Iraila 2014

1831, testamentu bat euskaraz

miel a. elustondo

“Gure ibilaldi folklorikoetako batean euskarazko testamentu hau aurkitu dugu Saran. Bitxitzat ematen dugu hemen –gauza arraro bat, menturaz–, ez dugulako gure hizkuntzan izkiriatuko testamenturik ezagutzen. Dokumentu honek ez du balio handirik testuaz denaz bezainbatean, egiazki; ukan lezake balioa, dena den, izkiriatu zuten aroa aintzat hartuz gero. Kasu bakarra da? Ba ote gisakorik? Baiezkoan, merezi luke argitaratzea.

Hona, beraz, erran delako dokumentua. Sarako Lehetchipia etxetik dator; Rosalie Dornaletchek sinatua da, egun etxearen nagusi diren Ariztia anderea eta Adrienne Diharasarry andereñoaren aitzindarietarik izan baitzen Rosalie Dornaletche.

Sare mayaxaren 25, 1831. Ditudan guciez eguiten dut iloba Caroline ondoco ditudan ontasun linya muble guciez solamente emanen dio ene aispa Virginiri ontasunaren erdiaren goçamena, Virgini biçi deino eta hura hil ondoan gucia carolinaençat… ene ascen disposioneac dire hauc. Rosalie Dornaletche ne varietur. E. Barbet, J. ff. de P. (Juge faisant fonction de Président).

Eta hona hemen itzulpen ofiziala:…”

Itzulpen ofizial horixe, frantsesez egina, gorde dizugu…

Iruzkin bat utzi

Miel A. Elustondo atalean

Kameleoien gisara

Itziar Diez de Ultzurrun

Fernando Rey lankideak Marta Merajver itzultzailearen hitzak eta iritziak ekarri zizkigun aurrekoan eztabaidagai, gogoetarako balia genitzan. Proposamenari heldu nik, eta hari horretatik tiraka hegaldatu zaizkidan gogoeta-krispetez mintzatu nahiko nuke gaurkoan. Merajverek esaten digu itzultzaileak gordean behar duela, eta zubi ikusezin bat sortu beharra duela egilearen eta irakurleen artean. Uste horretakoak izan dira berriki arteko itzulpen teoriak, Bakartxo Arrizabalagak 2007an idatzitako Itzulpena eta feminismoa artikuluan azaltzen zuen bezala:

Orain arteko itzulpen teoriak jatorrizko testuarekiko leial eta baliokide izango den itzulpen biribil bakarra lortzeko ereduaren bila ibili dira. Azken teoria postkolonial eta feministek, berriz, birkodetze prozesua baino areago komunikazio prozesua dute itzulpenean ikusten, eta prozesu horretan itzultzailea ez da jadanik bitartekari neutro eta ikusezina. Ardura berria hartzen du bere gain, bi erkidegoen arteko bitartekari lanetan, non bere hautuen erantzule agertzen baita”.

Ederra litzateke pentsatzea ikusezinak garela, ikusezin izan gaitezkeela, itzulpen biribil hori lortzerik badela eta posible dugula -bi gehi bi lau direla esaten dugun segurantzia berberaz- testu bat hartu, itzuli eta irakurleari esatea: “Tori, hemen duzu ITZULPENA”. Nire iritziz, ordea, xede ezinezko horretan indarrak xahutu beharrean, hobe da apalago agertzea eta irakurleari aitortzea: “Tori, hemen duzu nire ahaleginaren emaitza, nire hurbilpena; hauxe da hemen eta orain proposatu dezakedan bertsiorik onena”.

Azken batean, ezin uka gurea sormen-lana dela, eta, sormen-lan orotan bezala, itzultzaileon egitekoaren puskarik handiena bururatzen zaizkigun aukera posible guztien artean gure ustez aproposena den hori hautatzea dela. Etengabe hautatu behar horrek berak erakusten digu, nire ustez, hainbat bertsio proposa daitezkeela beti, eta norberaren ezagutzaren eta gaitasunen, eta gabezien eta nahikundeen, eta filia eta fobien menean hartzen ditugula gure hautuak. Baztertzea baita, segur aski, sormen-prozesu guztietan egitekorik zailenetako bat (lana bukatuta dagoela erabakitzea bezain nekeza batzuetan), eta gure erabaki eta baztertze horietan bihurtzen da ezinbestean ikusgarri gure eskua, Bakartxok dioen bezala gure “hautuen erantzule” garelako. Onerako zein txarrerako, gurutzegunez, bide okerrez eta joan-jinez beteriko zeregina da itzulpena, eta ez, nire esperientzian behinik behin, barneko ahots irmo miresgarri bati jarraikiz egin daitekeen ibilbide zelaia. Eta ez al du, bada, aukeren ugariak kitzikagarriago bihurtzen gure lana?

Nire aburuz, beraz, interesgarria litzateke leialtasuna birdefinitzea gure lanbidean, ikusezintasuna aldarrikatu beharrean emankorragoa iruditzen baitzait nork bere eskuaren kontzientzia hartzea, gure erabakiak ohartuki hartzea (ahal dugun heinean, gutxienez; horretan saiatzea behintzat), gure aztarnen jakitun izatea eta haien gainean hausnartzea (nork bere buruarekin, gutxienez): gure lan moldeak -lan bideak- ikusgarri egitea eta, gehienez, nahi izanez gero, kameleoien estrategiez balia gaitezkeela pentsatzea, haien gisara azalaren kolorea aldatzen jakitea gure itzulpenaren mintza gardena izan daitekeela sinestea baino.

4 Iruzkin

Itziar Diez de Ultzurrun atalean

Itzulpen automatikoaren azala eta erraiak: deep learning-a

Karlos del Olmo

Gero eta jende gehiagok jotzen du aspaldi honetan itzulpen automatikora, batez ere sarean doan (?: espazio birtualean denak badu kostu bat, erabiltzaileak nahitaez pagatu beharrekoa, konturatzen ez bada ere) topa daitezkeen tresnen bitartez. Itzultzaile profesionalek badakigu emaitzak ez direla oso erabilgarriak izaten (oraindik) eta edizio lan handi eta neketsua behar izaten dutela (hasieratik itzultzea baino neke handiagoa gehienetan). Eta zergatik diogu “oraindinokarren”? Abiadura esponentzialean doalako garapena.

Horrelako robot batzuen erraietan datzan teknologiaren oinarria zelakoa den jakiteak lagundu diezaguke itzulpen ekintzan datzan adimen mekanismoa hobeto aditzen. Dirudienez, gainera, 2014. urtea itzultzaile automatikorik bikainena lortzeko lasterketa jomugaren batera ailegatuko omen da, eta itzultzaileak, apurka, zuzentzaile edo estilo jorratzaile bihurtuz joango gara: erne!, interpreteen lana ere heldu daiteke urte batzuen bueltan murriztera, azken xedea pertsonen ahozko berbaldia aldi berean beste hizkuntza batzuetara ahoz ere ematea, ahoak bota ahala —eta 80 bat hizkuntza dute, egun, laneko berbetatzat, hortaz…—.

Estatistika eta ekonomia dira, besteak beste, horrelako makinen bihotza eta odola. Adimen artifizial ere esan diezaiokegu. Eta zergatik esan dugu hizkuntzari eta itzultzeko ekintzari bestela begiratzera behartzen gaituztela? Hiztegiak eta gramatikak, haragizkoen tresna nagusiak, ez darabiltzatelako itzultzaile elektronikoek.

Internet arakatzeko bilatzailerik ezagunenetako batek linean eskaintzen duen itzultzaile automatikoak, egunean, mila milioi itzulpen ekintza automatiko gauzatzen ditu (ahaztu gabe haragizko itzultzaileek itzulpen memorietarako eskaintzen diguten lineako tresna erabiltzean ematen diegun bazka): milioi bat liburu adina, EGUNEKO!

Gaur arte, oraindik ez dute lortu ordenagailuak hizkuntza natural bat bera ere ikasterik, zer esanik ez, askozaz ere gutxiago 80, ahalegin titanikoa behar luke.

Oinarria linguistikoa barik estatistikoa bada, zelan dihardu?: “dena delako hizkuntzako kate / hitz hau honela itzultzen da beste xede hizkuntza horretara beste berba edo segida horretatik hurbil egonez gero”. Gure burmuinak ere antzera dihardu? Ezetz? Zer egiten du itzultzaile on baten barruko ordenagailuak (sen deritzonak )? Estatistika erabili, helburuaren, testuinguruaren eta lortu nahi duen efektu estetikoaren arabera aukeratzeko.

Baina Interneteko zerbitzu-emaile horiek datu-base ikaragarri handiak eta haiek prozesatzeko makinak behar dituzte, hain suertez, erabiltzaileei esker egunik egun lortzen dituzten gauzak (doako corpusak eta publizitate bidezko dirutzez erositako makinak eta ordainduriko adituak).

Kalitatea hobetzeko bide bakarra, gero eta feedback handiagoa lortzea, baina pertsonei tresnak doan eskainita, erraz lortu ohi dute.

Nondik datoz, dena dela, akats horietako batzuk? Hizkuntza batetik bestera zuzen eta artez itzuli beharrean, ingelesa zubi hizkuntzatzat erabilita. Horren zioa ez da, dena dela, anglosaxoien egozentrismoa edo inperialismoa (hori ere bai?) ekonomia baino: zenbait industriatan edo aireportutan bezala, errazago gertatzen da salgai banaketa edo hegaldiak izar baten antzera antolatzea erdigune baten inguruan eta erdialde hartatik gero beste edonora bidaltzea. Hizkuntzekin, antzera dihardute, hau da spoke-hub edo hub and spoke bat darabilte: edozein berbetatik ingelesera itzuli eta, ostean, ingelesetik beste edozein mintzotara. Gainera, estatistikoki, beti izango zaie errazago horrelako tresnei ingelesaren eta beste edozein hizkuntzaren arteko testu itzuliak topatzea beste ezein hizkuntz bikoteren artean baino. Funtzionamendu ekonomiko horren zorra: akats tasa handiagoa gertatzea hizkuntz bikoteka jardunik baino. Esaterako: ingelesa zubi hizkuntza baliatuz, vous êtes formak ia beti izango du ordain bakarra, ingelesean tasun batzuk galdutakoan: “(zu) zara”

Eta zer da guztiaren oinarrian datzan dena delako deep learning hori? Algoritmo multzo bat, pertsonen garuna imitatzeko formula logiko eta matematikoen bilduma bat (besteak beste, egun zenbait telefono mugikorren ahozko morroiek darabilten sistema). Ikaskuntza sakon horri neurona sare sakon ere deritzote, bestela esanda, burmuinak hitzak edo aurpegiak ezagutzen saiatzen denetako ekina simulatzen du. Neuronen antzera, geruzak eta geruzak antolatzen dituzte makinan. Duela gutxi arte, geruza kopuru txikia erabiltzen zuten ingeniariek; egun, aldiz, gero eta gehiago (azken buruan, erabiltzaileen agindu zenbait ulertzeraino heldu dira mugikorrak).

Guztiarekin ere, neurona mota guztiak ez dituzte antzeratzen, ahotsa, ikusmena eta testuak besterik ez dutelako ulertu gura; azken helburua erabiltzaileei esker publizitatearen bitartezko irabaziak emendatzea da merkataritzako xedea, ez pertsonek eta kulturek elkar ulertzea.

Hizketak ezagutzeko orduan, beste programatzaile batzuk semantikaren alorrera hurbildu dira; gauza jakina baita sintaxi aldetik perpaus bat ondo eratuta egon arren, semantika aldetik esangurarik ez izatea gerta daitekeela. Hala, informatikari eta ingeniariekin batera, softwareari hitzen esangura irakasten ahalegin ari dira, “garun semantiko” halako bat sortzeko, makinak erabiltzailearen esana eta idatzia uler ditzan, ikaskuntza automatiko halako bat abiarazten duelako ikaskuntza sakoneko sistema horrek.

Dena dela, neurona sareak alorretako bat besterik ez da, bestelako ikasbide batzuk ere dituztelako makinek: erabaki zuhaitzak, elkarketa arauak, kasuen araberako arrazoitzea, azalpenean oinarrituriko ikaskuntza… Halere, ikaskuntza sakona da teknologi enpresa erraldoien kuttunena, bakarra ez bada ere, galdera-erantzunen metodoa darabilelako beste enpresa handi batek gaixotasunak makina bidez diagnostikatzeko, neurona geruzen teknika erabiltzeke.

Gaurko sistema horietako batzuek makinaren neuronak entrenatu dituzte 20 orduan 500 milioi hitz ikasi eta itzulpen automatikoan erabiltzeko. Semantikan oinarriturikoek oso emaitza onak lortu dituzte makinak dakien hiztegiari tasun semantikoak maila sakonean txertatuta, besteak beste, ingelesa eta alemanaren artean nahiz frantsesaren eta ingelesaren artean.

Azkenean, makinek halako maila bat lortzen dutenean (eta ez du horrek oso luze joko), itzulpengintza eta interpretazioa izango dira, ezinbestean, teknologia berrien albo kalteetako batzuk —egun, teknologia horien onuradunak diren arren—: makinak itzulitakoa pertsonaren batek zuzenduko du, baina zuzenketa berori erabiliko du makinak berriro akats hori ez errepikatzen ikasteko; hortaz, gero eta haragizko zuzentzaile gutxiago beharko. Ba ote irudikatzerik Nazio Batuen Erakundea edo Europako Legebiltzarra interpretazio kabinarik gabe edo itzultzaile gehienak (guztiak?) makinen laguntzaile bihurtuta?

Gehiago jakin gura? http://research.microsoft.com/apps/pubs/?id=209355

Iruzkin bat utzi

Karlos del Olmo atalean

Marta Merajver-en hitz batzuk

Fernando Rey Escalera

Marta Merajver esperientzia handiko itzultzailea da, idazlea ere bai. Argentinan bizi da, eta, berriki, El Ulises de James Joyce: una lectura posible argitaratu du. Txikitatik eginkizun zirraragarria iruditzen zitzaion itzulpen-lana.

Elkarrizketa bat irakurri nion orain dela hilabete batzuk, eta interesgarriak iruditu zitzaizkidan Martak esandako gauza batzuk. Erantzun honetan, zeresan asko ematen duten bi gai aipatu ditu: bata, itzulpen-lana zenbateraino den edo izan behar duen liburuaren bertsio bat; bestea, zer egin behar duen itzultzaileak jatorrizko liburua gaizki idatzia dagoenean.

Batean zein bestean, itzultzaile-lanaren irudi bat proposatzen digu: itzultzaileak zubi ikusezin bat izan behar du, oharkabean pasatu, eta egileari hitz egiten utzi.

Dena dela, hemen utziko dizuet elkarrizketa horretan irakurritakoa, neronek itzulia gaztelaniatik, eta balio diezazuela gogoetarako, niri balio izan zidan bezala. Iritziak, gero, libre. Eta eztabaida, jeneralean, aberasgarria.

Batzuek uste dute itzulpena ia-ia liburuaren beste bertsio bat dela, beste idazle baten lana. Zuri zer iruditzen zaizu?

-Uste dut ez lukeela hala izan behar. Itzultzaileak gordean egon behar du, oharkabean pasatu, eta egileari bere ahotsez hitz egiten utzi. Kontua da hizkuntzen arteko desberdintasunek, bai kulturalek bai egiturazkoek, zenbait distortsio egitera behartzen gaituztela, ezin baititugu helburu-hizkuntzaren mugak hautsi, baina ahalik gehiena egin behar dugu egileari traiziorik ez egiteko. Egileak zerbaitengatik erabaki zuen hitz bat eta ez beste bat, eraikuntza gramatikal bat eta ez beste bat, esamolde edo hitz-segida jakin bat. Nire iritziz, itzultzaileak zubi ikusezin bat sortu behar du egilearen eta irakurlearen artean, eta, egia esan, hori ez da lan makala. Cien años de soledad liburuaren ingelesezko bertsioa harribitxi bat da, eta ohartu ere ez zara egiten itzulpena dela. Bestetik, maiz ikusten duzu obra bat oso gaizki egina dagoela; halakoetan, “hobetu” behar duzu liburua? Nik uste dut ezetz. Hori bai, jakin behar duzu jaso zenuen bezala uzten baduzu irakurleek zuri aurpegiratuko dizkizutela egilearen akatsak.

Iruzkin 1

Fernando Rey atalean

Lotsaizuna, 2001-2011

Isabel Etxeberria Ramírez

Ariketa polita iruditu izan zait beti hitzen erabileraren arrastoei jarraitzea. Egun batean konturatzen zara halako hitza —halako nobelan irakurri zenuena duela ez asko, eta ezezaguna edo ezohikoa zitzaizulako begira jo zizuna—, halako zutabegileak erabili duela bere eguneroko testuan. Handik gutxira hirugarren egile baten blogean agertuko zaizu delako hitz hori, eta hurrengoan laugarren baten txio batean. Hitzen berraurkikuntzak, zabalkundeak eta erabilera-modak fenomeno misteriotsuak dira. Nola uler daiteke, adibidez, azken urte hauetan begitandu hitzarekin gertatzen ari dena? Ziur naiz corpusen laguntzaz erraza litzatekeela hitz horren baturako berraurkikuntzaren bideari jarraitzea: zein mendebaldetar idazle edo kazetari garaikidek (ber)erabili zuen zein testutan lehenengoz; zer unetan egin zuen salto hitzak literaturatik prentsara, edo prentsatik literaturara, edo literaturatik sare sozialetara; zenbat hilabete edo urte behar izan diren Mendebaldekoak ez diren hiztunak hitzaren exotikotasunaz jabetu eta haiek ere (ondo edo gaizki) erabiltzen hasteko…

Batzuetan euskalki batek beste hiztunen belarrietan piztutako lilurak eragiten ditu halakoak. Beste batzuetan berrikuntzak izaten dira, nahitakoak zein laprast batetik sortutakoak (aix, ramegante dotore hura!, nik ikusten nizkion aukerak, ba, baina bidean galdu zitzaigun). Askotarikoak dira sorburuak eta pizgarriak. Eta horietako bat, beste hizkuntza-fenomeno askotan gertatzen den bezala, itzulpena delakoan nago: itzultzaileek erdal testuak euskaratzean testuok ezartzen dizkieten zailtasunei erantzun nahian proposatzen dituzten (ber)aurkikuntzak.

Aspalditik dut gogoa horrelako hitz bati arrastoa jarraitzeko, eta gaurko post hau erabiliko dut horretarako. Zuzenean, eta aurretiko probarik gabe. Itzulpen lan batek egindako ekarpen zehatz bat nola hedatu den aztertzen saiatuko naiz, Egungo Testuen Corpusa erabiliz.

2004. urtean, J.M. Coetzee hegoafrikar idazlearen nobela bat argitaratu zen lehenegoz euskaraz, Elkar argitaletxean, Oskar Arana blogkidearen itzulpen lanari esker. Disgrace zuen izenburu jatorrizko testuak, eta euskarazkorako Lotsaizuna aukeratu zuten. Ingelesezko Merriam-Webster hiztegiak honela definitzen du disgrace hitza:

1               a :  the condition of one fallen from grace or honor
                b :  loss of grace, favor, or honor

2               a source of shame <your manners are a disgrace> <he’s a disgrace to the profession>

Euskaraz desohore, lotsa, ahalke, ahalkeizun, laido edo lotsaizun, Elhuyar eta Morris hiztegien arabera. Gaztelerazko itzulpenerako Desgracia erabili zuten (deshonor edo deshonra egokiagoen kaltetan), eta eztabaidatxoren bat piztu zuen erabaki hark, Idoia Santamaríak duela gutxi argitu zigunez. Frantsesez ere gazteleraz bezala jokatu zuten: Disgrâce.

Nik lehenengoz irakurri nuen lotsaizun hitza 2004. urte hartan. Ez dut uste bakarra izan nintzenik. Eta harrezkero gero eta gehiago irakurri dudalako susmoa dut. Nobela ezagun bateko izenbururako hitz orain arte ezezagun samarra aukeratu izanak hitz horren erabilera bultzatu zuela uste dut, alegia. Eta Egungo Testuen Corpusa erabiliz saiatuko naiz susmo hori egiaztatzen.

ETCk 2001etik 2011ra bitarteko testuak jasotzen ditu une honetan. 204,9 milioi hitz guztira, prentsatik eta literatura lanetatik jasoak gehienak. Testu itzuliak zein zuzenean euskaraz sortutakoak. Bilaketa egin dut, bada, honako erabaki hauek hartuta:

  1. Hiru multzotan banatu ditut emaitzak: literatura itzulia, euskaraz sortutako literatura eta prentsa.
  2. Bi datu mota jaso ditut: zenbat agerraldi dituen hitzak, batetik, eta agerraldi horiek zenbat testutan biltzen diren, bestetik.
  3. Bazter utzi ditut Lotsaizuna nobelaren literatur kritika eta abarretan eginiko izenburuaren aipamenak.

Hona datuak:

laukia

 

Eta testu kopuruak diagrama gisa adierazita

grafikoa

Onartu beharra dut: emaitza ikusgarriagoak espero nituen. (Lehenago ere esan dut: aurretiko probarik gabe egin dut bilaketa, post hau idatzi ahala, eta atzera egiteko asmorik —eta astirik— gabe).

Eta, hala ere, datuak interpretatu eta ondorio batzuk atera daitezke:

  1. Hitzaren erabilera ia hutsaren hurrengoa zen euskal idazleen literatur lanetan Oskar Aranaren itzulpena argitaratu aurretik, eta zertxobait handiagoa harrezkero.
  2. Hitzaren erabilera nabarmen handiagoa izan da hamar urteotan itzulpenetan euskal idazleen literaturan baino.
  3. Erabilera proportzioek modu paraleloan egin dute gora eta behera literatura itzulian eta ez itzulian (marra urdina eta gorria paraleloak dira, eta behin baino ez dira gurutzatzen).
  4. Prentsan gorakada handia izan du hitzaren maiztasunak 2008tik aurrera. Egia da erabilera zehatz batek pisua izan duela (lotsaizunaren/lotsaizuneko harresia), baina ez erabakigarria izateraino: azken lau urteetan lau testutan erabili da termino zehatz horretan.
  5. Guztizkoei erreparatuz gero, erabilera handiagoa nabari da 2004tik aurrera.

Bistan da ezin dela ondorio erabatekorik atera (edo ez behintzat nik nahi eta espero nuen bezain erabatekorik), baina joera apalak identifikatzeko balio dute datuok: lotsaizun hitzaren erabilera ez behera, ez berdintsu; gora egin du azken urteotan. Coetzeeren itzulpenaren eragina ote den, frogatu gabe geratu beharko da. Oraingoz eta ziur aski betiko.

Iruzkin bat utzi

Isabel Etxeberria atalean

Metafora hilak

Maialen Berasategi Catalán

1967-1968ko ikasturtean, Borgesek poesiari buruzko zenbait hitzaldi[1] eman zituen Harvardeko Unibertsitatean. Besteak beste, metaforei buruz aritu zen, eta eman zituen adibide batzuk txit ederrak eta jakingarriak:

Gogora ekartzen saiatuko naizen metafora ugarietan lehena Ekialde Urrunetik dator, Txinatik. Oker ez banago, txinatarrek hamar mila gauzak deitzen diote munduari, edo –itzultzailearen gustuaren eta apetaren arabera– hamar mila izakiak.

Hizkuntza oro dago metaforaz betea. Baina, Borgesek hitzaldi hartan esan zuenez, batzuk bizirik daude, irudizko zentzuari argi eta garbi eutsita; beste batzuk, aldiz, hilik, irudizko zentzua galtzeraino ihartuta.

Ez dakit txinatarrek hamar mila gauza –edo izaki– irudikatzen ote dituzten munduaz mintzatzen direnean, baina susmoa dut hiztunok askotan ez garela askorik ohartzen zeinen metaforikoak diren barra-barra erabiltzen ditugun hitz batzuk. Niri neuri, beti gustatu izan zaizkit zurtu eta harritu, pare bat adibide aipatzearren. Ezustekorik ezustekoena izanda ere, inor ez da harrizko bihurtzen, Medusaren begirada hilgarriak jota, baina, hala ere, eder-ederra da metafora.

Eta, oharkabean joaten direnekin segituz, zer esan zabalkuntza semantikoaz. Iragan uztailean bertan jakin nuen, Berria-ren estilo-liburuaren txio bat irakurrita, nondik zetorren izerdi-patsetan egote hori. Orduan bai gelditu nintzela zur eta lur! Ez bakarrik pats horren jatorriaren berririk ez nuelako, baizik sekula ez niolako neure buruari galdetu ere egin zer esan nahi ote zuen hitz horrek benetan.

Hartzen dugu adiera jakin bat duen hitz bat, hasten gara erabiltzen beste zerbait ere izendatzeko, eta, ohartzerako, ahaztua dugu zer esan nahi zuen hasieran. Edo hartzen dugu zenbait esanahi zituen hitz bat, hasten gara adieretako batean bakarrik erabiltzen, eta ahazten zaizkigu beste esanahi guztiak. Hizkuntz prozesu natural askoak biak.

Eta ez dakit nola izango den beste hizkuntzetan, baina, euskaraz, euskaraz eta gaur, irudipena dut –nahiko seguru nago– bizimodu moderno kaletar honetan hazitako belaunaldioi etengabe gertatzen zaigula hori; bereziki –patsaren ildoan–, beste garai eta bizimodu ez hain urrunekoetako hitzen zabalkuntza semantikoekin. Burura datozkit, esate baterako, alor, jorratu, ardatz, ataka eta uztartu. Burura datozkit, halaber, eguzkiarenak ez diren printzak –egurrarenak, adibidez– eta izpiak –ile-izpiak…–. Orain dela ez hainbeste, batzuk hasi ziren telefono mugikorrari segapoto esaten ere –ez dakit azkenean bidea egin ote duen erabilera horrek, baina badakit askok orduan ikasi genuela zer zen segapoto bat–. Eta egongo dira beste hamaika adibide, sarri oharkabean joaten zaizkigunak.

Adi samar egon behar –edo memoria zorroztu behar–, metafora hilen poesia ezkutuari antzeman ahal izateko.

[1] Entzun nahi dituenak hementxe du aukera: http://www.openculture.com/2012/05/jorge_luis_borges_1967-8_norton_lectures_on_poetry_and_everything_else_literary.html

2 Iruzkin

Maialen Berasategi atalean

Sotanak eta bestelako gonak

Bego Montorio Uribarren

Lanbide zaharra da itzulpengintza; zaharrenetako bat seguruen, ahozko jardunari erreparatzen badiogu. Gaur egungo aldibereko itzulpenaren edo interpretazioaren hastapenak 1945-46an kokatzen dituzte liburuek, Nurenbergeko prozesuan hain zuzen, baina auskalo zenbat gizon eta emakume arituko zen, hori baino lehen, ahozko mezuak hizkuntza batetik bestera pasatzen, trujaman zereginetan. Baita euskaraz ere; dokumentaturik dago, esaterako, Pierre de Lancrek sustatu sorginkeriaepaiketetan –XVII. mende hasieran– euskara-frantseseko interpreteak egon zirela, alabaina, lepoa egingo nuke haiek ez zirela izan lehendabizikoak.

Noizbait, beharbada, jakingo dugu nortzuek egiten zuten hizkuntza-bitartekotza urruneko herrietatik etorritako merkatariekin (sosaren hizkera toki guztietan bat bera izan arren, hiztun eleanitzen beharra izango zutelakoan nago). Edota nola ikusten zituen jendeak gure aitzindariak: traidore?, laguntzaile? Ba ote zen, lehenagoko garaietan, bizimodua jardun horretatik ateratzen zuenik?

Galderak ez dira falta, idazteke eta idazteko dugun historia luze horretarako; ez naiz, ordea, hain atzera joango, iragan hurbilean geratuko naiz.

Nor da Nor datu-baseak[1] EIZIEko ohorezko bazkideen bio-bibliografiak jarri berri ditu sarean, eta horiei begira ibili naiz egunotan, XX. mende hasierako euskal itzultzaile aipagarrienak nor ziren-edo jakin guran. Eta begiratzen hastearekin batera, datu batek egin dit kosk: EIZIEk izendatu dituen 51 ohorezko bazkideetatik bi baino ez dira emakumezkoak, Maria Dolores Agirre eta Maritxu Urreta, biak antzerki itzulpenetan aritutakoak. (Esker bereziak zuei, Maritxu eta Maria Dolores).

Datu berriagoek gizon-emakumeen proportzio guztiz bestelakoa agertzen dute: 2006an SIADECOk egin zuen ikerketan, galdetegiari erantzun zioten 220 itzultzaileetatik %50,5 emakumezkoak ziren; EIZIEko bazkideen artean (ohorezkoak salbu), %56 gara emakumeak, eta EHUko itzulpengintza ikasleen gehiengo erabatekoa neskak dira.

Oso irudi desberdina, beraz, azken estatistikek eta ohorezko bazkideen zerrendak erakusten digutena: batean, erdia baino gehiago emakumeak, bestean berriz, bi emakume eta 49 gizonezko; horietatik 26, apaiz edo fraide. Bitxia koadroa: 26 sotana, 23 praka eta bi gona.

Egia da mendebaldeko emakumeon egoera ikaragarri aldatu dela azken hamarkadetan. Egia da, halaber, Biblia dela Europa-Ameriketan gehien itzuli den liburua (batzuek diote mundu osoko itzuliena dela), eta ukaezina da horrek itzulpengintzan oro har izan duen eragina; gurean, Elizen Arteko Biblia eta liturgia euskaratzeko egin duten lan handia errekonozitzeko izendatu zituen ohorezko zenbait bazkide EIZIEk 2002an. Eta gogoan hartzekoa da eliz gizonek XX. mendeko (lehen erdian gehienbat) euskal kulturan izan duten garrantzia. Nolanahi ere, zeharo harritzen nau itzulpengintzaren estanpa horrek, non sotanak diren nagusi.

Esango nuke begiratzeko moduek ere badutela zerikusirik. Eta hori diodanean ez naiz ari jasotako informazio horren irakurketaz (nik neuk generoaren elementua baino ez dut kontuan hartu, nahiz beste irakurketa ugari egin ahal eta behar diren, denak baititugu beharrezko: zer testu mota itzuli zituzten, norentzat, noren eraginez…). Errealitateari begiratzeko moduaz ari naiz. Kontziente izan ala ez, nork bere heziketa, kultura, interes eta abarren arabera bideratzen dugu begiratua, eta hala, aurrean mundu bera izan arren, ez dugu denok gauza bera ikusten: batentzat figura nagusi agertzen den hori, fokoz kanpo gera daiteke beste batentzat; batek orban lausoa baino ikusten ez duen tokian, zehaztasun handiko irudia antzeman dezake ondokoak.

Argiago esanda: ondo legoke euskal itzulpengintzaren garai horri berari beste begi batzuekin ere begiratzea; seguru nago oraingo argazkian azaltzen ez diren asko agertuko litzaizkigukeela.

A! Eta soinu apur bat jarri nahi badiozue testuari, hemen duzue Imanol, Koldo Izagirreren testua kantatzen: …Nire euskaltasuna liburu bat da, eta ez du sotanarik

[1] Asteartean, irailak 16, aurkeztuko da webgunea jendaurrean, Donostiako KM Kulturunean.

Iruzkin bat utzi

Bego Montorio atalean