Azkena, hainbat konturen gainean

Oskar Arana Ibabe

Mendebaldeko euskalkietan erakusleak erabiltzen diren modua estandarrean erabiltzerik ba ote den argitzeko, ez dut ezer aurkitu estandarrari buruzko liburuetan; hauxe baino ez (Euskal Gramatika, Lehen Urratsak,1, 88. or.):

Bestalde, erakusle hauek artikulu modura ere erabil daitezke:

a) Erlatibozko perpausetan, lehen edo bigarren pertsona singularrari
badagozkio:

(236) Hainbeste bidegabekeria egin duzunorrek ez duzu errukirik merezi

b) Erlatiboaren pareko egituretan, erlatiboaren aditza azaltzen ez bada ere:

(237) (a) Nik pekatarionek (nik, pekatari naizen honek)
(b) Zuk zerriorrek

(Hala ere, batipat bizkaieraz, pertsonari ez loturik ere azal daiteke, baina aurretik gradu bereko erakuslean doan neurrian:

(238) Hau etxeau benetan polita da

baina ez *etxeau benetan polita da).

Ikus beste adibide ezagun hau:

(239) Maritxu nora zoaz, eder galantori

Kantu honetan, –ori elementuak ez du ezer seinalatzen. Izen sintagma horrek eskatzen duen artikulua baizik ez da. Alde honetatik esan dezakegu erakusle bakoitza bilaka daitekeela (eta bilakatu dela) artikulu:

(240) Nik bekatarionek aitortzen diot ..

Azken batetan, –a bera ere hirugarren graduko erakusle artikulu bilakatua baizik ez da. Gaur egun, –au eta –ori, lehen eta bigarren pertsonari loturik erabil ditzakegu forma markatu bezala; –a, berriz, edozein kasutan erabil daiteke. Hain zuzen, –au, –ori oraindik ere maiz erabiltzen ditugu erlatibozko perpausen ondoren:

(241) Zeure bizitzan dirua barra-barra erabili duzunorrek, proba ezazu oraín nolakoa den miseria

Beraz, era horretako erabilerak mendebaldeko euskalkiaren eremukotzat deskribatzen ditu EGLU 1ak. Hala ere, era horretako zenbait egitura baliagarriak izan daitezke estandarrean ere. Aurreko batean, esapide honen inguruan gogoetan jardun nintzen, hiztun adindu baten ahoan entzun eta nire baliabideen errepertoriotik desagerturik edo desagertzekotan zela oharturik: “Ilobak Bilbora joan behar zuen domekan, eta bertantxe egunean joan nintzen neu ere”. Badakit ugariak direla estandarrak hori esateko ematen dizkigun baliabideak, eta, beharbada, debekatu ere ez du debekatzen nik aipatutako hori, baina esapide hori eta antzeko beste batzuk (orduan sasoian, ipuin edo kontakizun bati ekiteko egitura, bururatzen zait) estandarrezko erabileratik kanpo geratzen dira sarri, euskalkiaren eremuan hesiturik. Esango duzue Bertantxe egunean beste era askotara esan litekeela beste formula batzuekin, egun hartantxe, orduantxe, ber egunean, …baina tokia eman beharko litzaioke estandarrean. Badu beste baliabideek ez duten trinkotasun bat, indar bat, intentsitatea bat. Eta berdin orduan sasoian egiturak ere.

Ohar horrekin batera, gogoeta bat ere egin nahi dut nire azken ale honetan; ohiko kezka, gertaera baten inguruan. Beharbada ez nuke aipatu beharko, gure blog hau, berez, ez baita hizkuntzaren normalizazioaz aritzeko. Baina sarri erabili izan dugu bestelako kezkak, beti gure hizkuntzaren ingurukoak, husteko leku gisa, psikoanalistaren etzaleku baten moduan, eta halaxe egingo dut nik ere oraingoan, inor aspertzeko asmorik gabe. Hona hemen gogoeta: Arrasaten izan zen, hirurogei familia bizi diren dorre edo etxe-orratz bateko ugazaben batzarrean. Obra batzuen gainean berri eman behar zuela-eta, ugazaben komunitateko zuzendaritza-batzordeak batzarrerako deia egina zuen. Gai zail samarra zen, teknikoa, eta erdara hutsean egin zen osorik, hasi eta buka. Zuribidea, “erdaraz arinago egingo dugu batzarra”. Ez zen kexurik izan. Etxe horretan, euskaldun asko bizi da, baina inork ez zuen ezertxo ere esan, nik neuk ere ez. Jokabide horren zergatikoa, hortxe aipatua, zuribide labur horretan, “erdaraz arinago egingo dugu batzarra”. Garaion seinale. Efikazia, arintasuna. Ez dagokio, beharbada, gertaera bakar horretatik, gizarte osoan hizkuntzari buruz gertatzen dena azaltzeko estrapolazioa egitea. Baina Arrasate zen, ez Gasteiz, ez Iruñea. Gizartea bada bezeroa eta euskararen arloko profesionalok hornitzaileak edo saltzaileak, eskariaren ahula ikusita, gureak egiten hasia dela esango nuke. Corpusa, estatusa, prestigioa edo ospea, erabilera eta ezagutza omen dira, europar teknikarien esanetan, hizkuntzaren osasuna neurtzeko indizeak. Indize horien guzti-guztien oinarrian, hauxe dagoela esango nuke: norberak bere hizkuntzari edo hizkuntzei buruz duen jokabidea, norberaren baloreen eskalan zer maila dagokion, zer balio ematen dion, zer garrantzi duen norberarentzat norberaren hizkuntzak edo hizkuntzek mundualdi hau egiteko, eta zer balio aitortzen diogun gure hizkuntzari edo hizkuntzei gure ondorengoei utziko diogun munduan. Hori argituta, gero dator bigarrena: zer balio edo zer garrantzi aitortzen dioten botere publikoek, gureek zein gure gaien eta auzien gaineko agintea bereganatua dutenek, hizkuntzari, berezkoari (hala deitzen dio Gernikako estatutuak euskarari; Euskal Herri osoan ez du oraindik estatusik aitorturik), gure Euskal Herri honetan aditzen direnetan ahulenari. Baina lehen eta bigarren maila horietan, lehenengo maila igo behar da hasteko, lehena da oinarria. Bigarrena gero dator. Joan Fuster valentziarrak erantzun zion kazetari bati, Valentziar herriaren katalan izateko valentziar moldeari buruz galdetu ziolarik, ea zer nahiko lukeen Valentziar herriarentzat, autonomia, federalismoa, burujabetasuna edo zer; erantzun zion berak nahiko lukeela Valentziar herriak kontzientzia izatea bere valentziartasunaz, bere katalantasunaz, kontzientzia zela lehengo, berak hori nahiko lukeela, eta kontzientzia hori bermatuz gero, zernahi joko zukeela ontzat; kontzientzia hori zela, ez beste ezer, herri izateko bidean egin beharreko lehen urratsa…

Eskerrik asko denoi, antolatzaile, irakurle, idazlekide nahiz editatzaile, blog honetan parte hartzen uzteagatik. Gauza handia izan da. Ikasteko eta disfrutatzeko modua. Pozbidea izan da niretzat horrenbeste lagunen ondoan iritzia eman ahal izatea, eta hain jende ikasiaren ondoan idaztea, betiere gehiago ikasteko eta hizkuntza maitagarri honen zokomokoetan barrena argi eginez jolasteko eta atsegin hartzeko. Gustura irakurriko ditut zuenak aurrerantzean, eta, beharbada, aurrerago, neure burua jantziago nahiko nukeelarik, joko dut atea, tartetxo bat egin diezadazuen.

Laster arte.

5 Iruzkin

Oskar Arana atalean

5 responses to “Azkena, hainbat konturen gainean

  1. Itziar Diez de Ultzurrun

    Eskerrik asko zuri, Oskar. Eskerrik asko hilabeteotan blogeratu dituzun ekarpen mamitsu eta interesgarri guztiengatik, eta eskerrik asko gaur aipatzen dituzun egitura baliagarri horien berri emateagatik (ez nituen ezagutzen). Bestetik, guztiz konforme egiten duzun azken gogoeta horrekin. Ongi segi!

  2. Bigarrenetik

    Ba, nik ere, nahiz eta itzultzaile izan ez, esan egin nahi dizut irakurri egin izan ditudala zure artikuluak (azalpen filologikoen tarteak beharbada ez hainbeste) eta zure hitzek hunkitu egin izan nautela, hizkuntza hain maitea duzulako. Itzultzaile finez gain, beharrezkoak dira tarteka egi borobilak botatzen dituzten euskaldunak ere. Segi lanean. Adiorik ez, hurren arte baizik!

  3. Mikel Taberna

    Eskerrik asko, Oskar, plaza honetara ekarri (eta ekarriko, espero) dituzun iritzi eta gogoetengatik. Segi hor, segi hemen, nonahi, bizkor!

  4. Koro Garmendia

    Bai hitz polit eta atseginak zureak, Oskar.
    Eskerrik asko zuri, eta (poz)bide on!

  5. Martin

    Beti bezala, azkenengo honetan ere ituan jo duzu, Oskar. Plazer bat izan da zureak irakurtzea.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s