Adi! ‘Hortaz’ hitza istripu bat izaten ari da

Juan Luis Zabala

Ez du guregan eragin bera istripu bat gertatu dela jakiteak eta istripu bat ikusteak. Geure begien aurrean gertatzeak handitu egin ohi du istripuak sentiarazten digun zirrara edo larritasuna.

Agian horregatik sentiarazten dit halako larritasun berezi bat hortaz hitzarekin gertatzen ari denak; zuzenean ikusten ari naizelako izaten ari den istripua (hiztripua, Iñigo Aranbarriri ikasitako hitzokeian).

Jakina denez, joera zabaldua da horretaz esan ordez hortaz esatekoa; honetaz esan ordez hontaz esatekoa bezala (edo huntaz, Txillardegiren aspaldiko liburu ezagun baten izenburuak erakusten duen moduan). Baina orain horretaz ordez hortaz erabiltzeko joera ahozkotik idatzira pasatzen hasi da, honetaz ordez hontaz –edo huntaz– idazteko joera ez bezala.

Zergatik?

Bada, nire ustez, Xuxen andere zorrotzak hortaz ez duelako gaitzesten, hontaz eta huntaz gaitzesten dituen bezala; hortaz, izan ere, beste hitz bat baita, horretazekin zerikusi zuzenik gabea bada ere. “Hori dela eta, beraz”, dio hortaz hitzaren sarreran Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak, eta adibide hau ematen du: “Hasiera duk polita; hortaz, has gaitezen ahalik eta gehienetan”).

Xuxenek emandako baimenak pentsarazten du hortaz erabil daitekeela horretaz erabili ordez. Uste okerra, neu ez banago guztiz oker.

Egin, ordea, ez dakit zer egin daitekeen horrelako istripu bat gertatzen ari dela ikusitakoan.

2 Iruzkin

Juan Luis Zabala atalean

2 responses to “Adi! ‘Hortaz’ hitza istripu bat izaten ari da

  1. Xabier Aristegieta

    Zure artikuluak nolabaiteko zerikusia daukaten bi kontu ekarri dizkit gogora:
    1.- Niretzat, aurkikuntza ez hain aspaldikoa da “honela” eta “horrela”ren ordez “hola” jartzea guztiz zuzena dela, Hiztegi Batuaren arabera. Eta aitortu behar dut deskubrimendu horrek halako zirrara bat eragin zidala, nik ahoz beti “hola” eta “holako” erabili izan ditudalako, eta, silaba bat janda zeukaten hitzak zirelakoan, “honela”, “horrela”, “honelako” eta abar pasarazi nituelako nire hizkerara.
    2.-Orain dela hilabete batzuk, Aingeru Epaltzak Diario de Noticias-en idazten dituen artikulu begizorrotz eta buruargi horietako batean, bitxia suertatu zitzaidan gauza bat irakurri nion. Esaldia hauxe zen:
    “Alfer lana da hemendik defendatzea Raimonen eskubidea iritzia emateko eta horregatik iraindua ez izateko” (Aingeru Epaltza, Diario de Noticias, 2014ko maiatzaren 13koa).
    Niri “horregatik” hori bitxia egin zitzaidan hor. Uste dut “horreNgatik” behar zuela. Ulertzen dut desberdintasun bat dagoela “zergatik iraindua ez izatea” eta “zerbaitengatik iraindua ez izatea”ren artean, eta, nire ustez, bigarrena da Aingeruk esan nahi zuenari aplikatzen zaiona.

  2. Erramun Gerrikagoitia

    Xelebrea iruditzen zait ikustea zelaco ardurea dagoen batzutan buruz punturic ttipien (eta acaso ere lar sarri intranscendentalen) tzat. Ikusiric zein margen guti (sobera lar guti) nahi zaion eman bakoitzaren margen personalari, garelaric ari buruz hain delaco eztequitzein norma eguiazco edo behintzat gomendio.

    Hori diot ze dut iracurtzen ari dela suffritzen orai tamal handiz accidentea -horregatio, accidente lexicala- hain delaco hitz batec, casu hontan (ezin da antza hartu licentziaric edo gogoric izquiriatzeco hontan ordez honetan).

    Baina loturic ki

    istripu hitza

    dezadan erran eta bidenabar galdetu, ea non -ea non coino, artean gu euscaldunac- istripu den erabiltzen nola accidente. Istripu hitza, zaina da ethorquiz significantza berecoa edo synonymo nola estropezu, ez da besteric baizic estropezua edo nahi baledi accidente ttipinno lebaric gabea zeinaz ascotan ez dugu casic conscientziaric hartzen. Halan, istripua da esateraco ari naizela arrautzac frigitzen baldin bazait sobera idortu arrautzea zeren egon naiz distraituric buruan beste gauza bat.

    Euscaraz conceptu bat da accidentea non malerusqui hain batec gal lezaque beso bat eta besteric litzaque baita tamalez aitzitic guera baledi gasolina edo ezantza baric doalaric autoan zeren joan da lar distraitua. Accidentean besoa badu, istripuan gueratu gaberic ezantza.

    Inorc informa baguintu non den erabiltzen istripu hitza nola conceptualki accidente eta ere accidente nola istripu, hain hori nuque nic erremerciatuco bihotzaren erditic. Zeren izan ahal da ari garela beguiratzen gueure beguico samarra gaberic ikusi -edo ikusi nahi- baita gueure begui propioan gapirio galanta, alimalea.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s