Ingelesik? Ez, eskerrik asko!

Aiora Jaka Irizar

Beti liluratu izan nau haurren gaitasun linguistikoak, inguruan duten edozein hizkuntza (izan bat, bi, hiru ala gehiago) ezin hobeki eta oharkabean ikasteko trebetasun harrigarriak. Eta beti izan naiz ahalmen horri ahalik eta zuku gehien ateratzearen aldekoa, haurrei inguruan dituzten hizkuntzetarako sarbidea erraztearen defendatzaile sutsua. Horregatik animatu izan ditut beti nire inguruko erdaldunak seme-alabak euskaraz eskolatu ditzaten, etxetik jaso ezin duten hizkuntza eskolaren bidez ikas eta barneratu dezaten: “baten prezioan bi” ikasiko dituztela azpimarratuz ahalegintzen naiz guraso erdaldunak konbentzitzen.

Hala eta guztiz ere, esango nuke modu arinegian ulertzen dugula askotan haurrak “belakiak” direlako ideia hori. Azkenaldian gurean nagusitzen ari den ingelesarekiko obsesioa dugu horren adibide: Euskal Herriko ikastetxe gehienetan umeak 4 urterekin hasten dira orain ingelesa ikasten, eta proiektu eleanitza ere gero eta gehiago ari da zabaltzen, sinetsita baikaude, nonbait, hain txikitan hasita eta irakasgai batzuk ingelesez landuta ingelesa ere ama-hizkuntza moduan ikas litekeela. Guraso erdaldunen seme-alabek guraso euskaldunen haurrek bezain ongi ikas badezakete euskaraz eskolari esker, zergatik ez dute ba ingelesa ere berdin ikasiko? Zoritxarrez edo zorionez, kontua ez da hain erraza. Argia aldizkarian gai horretaz jardun dute berriki Euskal Herriko hiru adituk: Itziar Elorzak, Uri Ruiz Bikandik eta Jasone Cenozek zalantzan jartzen dituzte ingelesa ikasten txiki-txikitatik hastearen abantailak, baita irakasgai batzuk ingelesez lantzeak ekar litzakeen onurak ere. Ez dirudi estrategia berri horiek aldaketa handirik eragin dutenik gure ikastetxeetako ikasleen ingeles mailan. Sarah Turtle itzultzaile ingeles euskaldunduak ere antzeko iritzia plazaratu zuen orain dela gutxi aldizkari berean: “Hor ikusten ditut gurasoak —dio—, estresatuta, umeek ingelesa ikas dezaten. Lasaitu egin beharko lukete, presarik ez izan. Garaia heltzen denean, ikasiko dute, ikasi behar baldin badute: joango dira ingelesez hitz egiten den herrialde batera, edo igaroko dute ikasturtea atzerrian”.

Eta, halere, hortxe jarraitzen dugu gure seme-alabak ingeles akademietara bidaltzen, udaleku ingelesetan inskribatzen, ingelesez dakiten haurtzainen eskuetan uzten, are urtebeteko haurrentzako hizkuntza-eskoletara eramaten. Zer nahi duzue esatea: ni gero eta konbentzituago nago alferrikako denbora-galtze, diru-xahutze eta indar-gastatzea dela. Izan ere, hizkuntza bat ama-hizkuntza moduan bereganatzeko, ez da nahikoa txikitatik ikasten hastea edota eskolako hainbat irakasgai hizkuntza horretan ematea; ezinbestekoa da, horretaz gain, hizkuntza hori “bizitzea”, norbere bizitzaren eta nortasunaren zati bihurtzea, inguruarekiko eta ingurukoekiko harremanetarako tresna natural moduan erabiltzea, hizkuntza horretan funtzionatzen duen sare oso bat izatea. Hizkuntza arrotz bat eskolarekin eta hizkuntza-akademiekin soilik lotzen duen umeak nekez bihurtuko du hizkuntza hori bere, eta hizkuntza arrotz moduan ikusten jarraituko du.

Gauzak horrela, merezi al du ingelesa umeei hain txikitatik irakasten tematzea? Ez ote da hobe haurrak gutxieneko heldutasun maila bat lortu arte itxarotea, hizkuntza arrotz bat ikasteak eskatzen duen borondate, kontzientzia eta ahalegin berezi hori egiteko gai diren unera arte? Gurea bezalako gizarte batean, gainera, iruditzen zait hobe genukeela ahaleginak euskararen harreman-sarea indartzera bideratzea, Euskal Herrian bizi diren haurrek bai baitauzkate aukerak, euskarazko murgiltze-ereduari eta bestelako ekimenei esker, euskara ama-hizkuntza moduan ikasteko.

Uste dut badugula garaia barru-barruraino sartuak dizkiguten bi obsesiori aurre egiten hasteko:

Batetik, utz diezaiogun sinesteari ingelesa mundu guztiak nahitaez ikasi beharreko hizkuntza dela. “Gaur egun ezinbestekoa da ingelesa jakitea”, entzun ohi dugu gero eta maizago gure artean. Zergatik? Zertarako? Ez ote da komenigarriagoa inguruan ditugun herrietan hitz egiten diren hizkuntzak ikastea, herri horietako biztanleekiko harremanak nahitaez ingelesetik pasatu behar izan gabe? Tristea da gero espainiar batek eta frantses batek ingelesera jo behar izatea elkar ulertzeko, zergatik eta bata ez delako gai linguistikoki eta geografikoki hain hurbilekoa duen bestearen hizkuntza ulertzeko. Zoritxarrez, ordea, gero eta zabalduago dagoen errealitate bat dugu hori. Ingelesa lingua franca unibertsaltzat jotzea hizkuntza-aniztasunaren aurka joatea da, mundu anglosaxoiaren nagusitasun eta asimilazioa onartzea. Aho-bizarrik gabe esan zuen Moreno Cabrera hizkuntzalari espainiarrak orain dela hilabete batzuk egin zioten telebistako elkarrizketa sonatuan: espainiar batentzat baliagarriagoa da katalana ikastea ingelesa ikastea baino.

Burutik kendu beharreko beste obsesioa ingelesaren (edo ikasten ari garen beste edozein atzerriko hizkuntzaren) jakite mailaren ingurukoa da. Hor gabiltza denok tematuta Pet, First, Advanced, Proficiency eta ahal balitz baita hurrengo titulua ere lortu nahian, ingelesa Elisabet II.ak baino are hobeto hitz egiteko ahaleginean. Ez ote da baliagarriagoa ingeles pixka bat jakitea, eta frantses pixka bat, eta katalan pixka bat, eta portuges pixka bat… gure inguruko hizkuntza-komunitateekin hirugarren hizkuntza baten bitartekaritzarik gabe komunikatu ahal izateko? Atzerriko hizkuntza bakar bat bikain menperatzen tematu beharrean, beharbada hobe genuke gure inguruko hizkuntzetan oinarrizko maila bat eskuratzen saiatzea, are hizkuntza horien guztien azpiko oinarri komuna ulertzen ahalegintzea (gure inguruko erromantzeen kasuan, behintzat). Hartara, italiar bat, katalan bat, okzitaniar bat eta portugaldar bat gai izango lirateke nor bere hizkuntzan arituta elkar ulertzeko. Horrek egingo gintuzke benetan unibertsal, eta ez munduko hizkuntza-aniztasuna suntsitzen ari den eta “hizkuntza global” moduan saldu nahi diguten ingelesaren ezagutza obsesiboak. Ikas eta erabil beza nork berea lehenik, eta hurbilekoena ondoren.

7 Iruzkin

Aiora Jaka atalean

7 responses to “Ingelesik? Ez, eskerrik asko!

  1. Itziar Diez de Ultzurrun

    Guztiz konforme, Aiora. Gaiaz idazteko asmoa nuen eta poz handia hartu dut gaur goizean zure testua irakurtzean. Ea obsesio sozial hori baretzen den (dugun).

  2. Eskolako ingeles goiztiarraren balorazio pedagogikoa egiteko ez naiz gai. Inor tematzea tituluetan alferrekoa iruditzen zait. Baina “gaur egun ezinbestekoa da ingelesa jakitea”, hori bai, guztiz sinesten dut.

  3. Bada, niri beste hau egia biribila iruditzen zait, gaur gaurkoz: “espainiar batentzat baliagarriagoa da katalana ikastea ingelesa ikastea baino”.
    Dena den, eztabaida ez da ingelesa ikasi / ez ikasi, ingelesa noiz ikasten hasi baizik (eta noraino ikasi ere, aztertu behar litzateke).
    Negozio ikaragarria dago ingelesaren inguruan antolatuta, eta Aiorak esan bezala, dirua eta denbora andanak xahutzen dira alferrik, sarri, erridikulua egiteraino.

  4. Koro

    Konforme samar Aiorak esaten dituenarekin.
    1) Erabat konforme eskolan ingelesa txikitandik sartuta ere mirarik ez dela izango, eta ez dela behar gainera. Duela gutxi irakurri dut Suedian (Europako herrialde lehenetako bat ingeles-kontuetan) atzeratu egingo ote duten ingelesaren irakaskuntza eskolan… 14 urtera edo! (ezin izan dut konprobatu, lastima). Dena dela, Espainiako eta Suediako ingelesaren irakaskuntza alderatzen dituen artikulu interesgarri bat hemen. http://www.fedeablogs.net/economia/?p=23063- Honako hau azpimarratzen da bertan, besteak beste: “Hay una diferencia muy importante en el momento en que se empieza el aprendizaje de inglés, en España es alrededor de tres años antes que en Suecia. De hecho, España es el único país de los que participan en el programa de evaluación – junto con la comunidad alemana de Bélgica, en el que la enseñanza de una primera lengua extranjera es obligatoria desde la Educación Infantil. Además de empezar muy pronto, los alumnos reciben más horas de inglés a la semana que en Suecia – aproximadamente 50 minutos más en media.”
    2) Zorionez eta zoritxarrez, ingelesa ikastea behar-beharrezkoa da. Zorionez: ingeles (pixka) batekin mundu osora irits gaitezke, errealitate errealean eta pantailakoan. Zoritxarrez: ingelesaren nagusitasuna beste hizkuntza guztien gainetik. Perfume baten iragarkia ingelesez aditu beharra ere!
    3) Euskarari dagokionez, (etxe erdaldunetako haurrek) “etxetik jaso ezin duten hizkuntza eskolaren bidez ikas eta barneratu dezaten”: desira gisa oso ondo dago, errealitate gisa berriz… Ez bada (abisua: Donostiatik ari naiz eta asko ibiltzen naiz Gasteizen) “ez nahi dut”, “nago haserre” , “da tonto” etab. etab. euskaratzat hartzen direla. Ez dut hortik jarraituko luzeegi joko lukeelako. Eta tristeegi.
    4) Beraz, etorkizun zoriontsu horretako eleaniztasuna, nere iritzian… beldurgarria.

  5. Ingelesa bai, eskerrik asko

    Ingelesa oso ona da mundutik ibiltzeko.

    Niri ez dit pena tantarik ere ematen frantziar eta espainiar bat ingelesez hitz egitera “behartuta” ikusteak. Are gehiago, pozten naiz beraien hizkuntza inperial linguizidak beste hizkuntza boteretsuago baten “menpean” egoteaz.

    Niri honek ematen dit min:
    10 euskaldun + argentino bat = 11 pertsona gaztelaniaz hitz egiten. Ia-ia konturatu gabe, sistematikoki, beti.
    Aldiz 10 euskaldun + australiar bat, ez dira 11 pertsona ingelesez hitz egiten hasten sistematikoki, halabeharrez eta ia-ia konturatu gabe.

    Baita ere dinozu “Euskal Herrian bizi diren haurrek bai baitauzkate aukerak, euskarazko murgiltze-ereduari eta bestelako ekimenei esker, euskara ama-hizkuntza moduan ikasteko.” Beno, ez dakit non bizi zaren, non amaitzen den zuretzat Euskal Herria, baina benetan Bilboko auzo askotan ez da horrela.

    Esandakoak esanda, ados nago adinaren eta obsesioaren kontuekin. Goizegi hasteak hizkuntza bat ikasten ez ditu derrigorrez ondorio hiztun “hobeagoak” bilakatzen eta beraz, ez da derrigorrez hobeagoa den zerbait.

  6. Nere postekin loturak: ‘Traducir del rumano’ - Teketen

  7. Arantza

    Mila esker artikulu interesgarri honengatik. Bat nator lehendabiziko ideiarekin, ingelesa goiztiarrak gerora begira ez dituela horrenbesteko onurak ekartzen. Ez dut uste 4 urtekin ingelesa ikasten hasteak inori kalte egingo dionik baina emaitza antzekoak izan daitezke etorkizunari begira ingelesa beranduago ikasten hasita ere, hala nola, 8, 9 urterekin edota beranduago hasita ere. Are gehiago, ingeleseko eskolak jasotzeaz gain, badira hizkuntza bat barneratzeko garrantzizkoak diren beste faktore asko ere, inpakto bisuala hizkuntza horretan, ahozkoa eta entzumena lantzeko aukerak, eskolaz aparte hizkuntzari eskaintzen zaizkion ordu kopurua, eta abar eta abar, hitz batean, testu ingurua ezinbestekoa da, eskolez gain. Beraz, hizkuntza hitzegiten den herrialdean bizitzeak dakartzan onurak ezin dira ezerrekin alderatu.
    Beste ideiarekin ez nator bat. Ingelesaren garrantzia ez nuke zalantzan jarriko. Azken finean, gizakiok geure artean komunikatzeko hizkuntza komun bat behar dugu, eta kasu honetan ingelesa izatea suertatu bada, ikasteko erraza delako, gramatikari dagokionez bereziki, ez nioke bere garrantzia kenduko.
    Arantza

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s