Laburtu beharraz, labur antzean

Bego Montorio Uribarren

Itzultzerakoan erabil daitezkeen tekniken artean, murrizpena da beti aipatzen denetako bat; hau da, jatorrizko enuntziatua murriztea, hartan agertzen diren zenbait elementu ez jasotzea itzulpenean. Teknika hori, batzuetan, arrazoi estilistikoek beharturik erabiltzen da, edo ulergarritasunaren mesedetan, baina, zenbait itzulpen motatan, berezko eta ezinbesteko ezaugarria da.

Azpititulazioa, esaterako, murriztearen artea dela esan ohi da, eta ez dut uste inork kontra egingo dionik horri (zalantza izanez gero, hartu Woody Allenen filmetako berba-jario amaiezin horietako bat, eta saiatu azpititulutan jartzen ezer kendu gabe).

Interpretazioak ere —batez ere esan ostekoak— laburbiltzea eskatzen du etengabe; esandakoaren mamiari, muinari heldu, eta albait argien eta txukunen adierazi beste hizkuntzan. Denbora jakin baten barruan, beti ere.

Halakoetan, ezarritako konbentzioen arabera jarduten dugu: irakurle/entzuleak badaki “bertsio laburtua” hartuko duela, eta ez du horregatik ezbaian jarriko itzulpenaren kalitatea. Itzultzailea edo interpretea, bere aldetik, edukia pasarazteaz arduratuko da, murrizketak gorabehera.

Nolanahi ere, beste zenbait kasutan, luze-laburraren garrantzia ez da hain begi bistakoa, ez da lan erraza murrizketak egitea azken emaitza (neurriz gain) lardaskatu gabe. Komikietan, esaterako.

Komikietako testu gehienek oso muga fisiko argia dute: bunbuilo, bulle, bocadillo, globo… deitzen dugun hori. Hots, hau:

 Bocadillo comic[1]

Zer horren barruan sartu behar dugu guk itzulitako testua, eta, ahal dela, jatorrizkoan bezainbeste espazio hartuta. Bai, horrek ere badu garrantzia, zeren bunbuiloa irudiaren parte baita, eta zuriunea zenbatekoa den, irudi osoari eragiten dio. Marrazkigileek kontuan hartu ohi dute hori, eta, beraz, itzultzaileak ere kontuan hartu behar.

Halako lanetan nabil egunotan, eta borrokan aritzen naiz marra dontsu horiekin behar den tartea gordetzeko. Ez da horrela izaten komiki guztietan, bakoitzak bere ezaugarri eta berezitasun propioak baititu, baina, oraingo honetan…

Euskal aditzak ere ez du askorik laguntzen, luze-zabalean puzteko duen joera horrekin. Adibide bakar bat emango dut, argi egiten lagunduko duelakoan: espainolez, 3 letra, iré; frantsesez, apur bat luzetxoago, subjektua dela eta, 7 karaktere: j’irais; eta euskaraz?, horiek batu, bat gehitu eta horra, guk hamaika: joango naiz. Esaldi berean holako bi suertatuz gero, akabo!

Gainera, ezin da edonola laburtu. Komikietako testu gehienak elkarrizketak izaten dira, eta berariaz markatu ohi dira ahozko hizkeraren zenbait ezaugarri: onomatopeiak, errepikak, deiktikoak… Sinesgarritasuna ematen diote kontakizunari, pertsonaien nortasunaren adierazle dira, hortaz, ezin ditugu ezabatu espazioaren aitzakian.

Zenbaitetan, erraz antzean aurki daiteke irtenbide bat:

Nunca llama, ¡je, je! Cuando llegue a recepción ya no se acordará de a qué ha ido”. 81 karaktere.

Lehen itzulpena: Ez du inoiz deitzen, kar-kar! Harrera-lekura heltzen denerako ez du gogoratuko zertara joan den. 95 karaktere.

Bigarren bertsioa: Ez du inoiz deitzen, kar-kar! Harrera-lekura orduko ez du gogoratuko zertara joan den. 85 karaktere (jatorrizkoan baino lau karaktere gehiago dira, baina bunbuiloa zein den, onargarria izan daiteke).

Beste batzuetan, ordea, dezente urrundu beharra dago formulazio egoki bat topatzeko:

“Ahora sólo repite lo que oye”. 28 karaktere.

Orain, entzuten duena errepikatu baino ez du egiten. 52 karaktere.

Orain, besteena errepikatzen du. 31 karaktere.

Beste askotan, aldiz, esamolde ezin hobearen faltan, aukera bat baino gehiagoren artean erabaki behar izaten da, eta guztiek daukate bere alde ona eta txarra.

“No, Zurdo. No voy a pagarte ni un euro más”. 43 karaktere.

Lehen itzulpen hitzez hitzekoa: Ez, Ezkerra. Ez dizut ezta euro bat gehiago ere ordainduko. 59 karaktere.

Lehen aukera: Ezkerra, ez dizut euro bat gehiago emango. 42 karaktere. Luzera egokia, baina hasierako “Ez, Ezkerra, ez.” horren kolorea galtzen da.

Bigarren aukera: Ez, Ezkerra, ezta euro bat gehiago ere. 38 karaktere. Jatorrizkoa baino zakarragoa.

Eta horrela jarrai daiteke, jarraitzen du itzultzaileak, aukera hoberenaren bila; harik eta, hor ere, muga pare-parean agertzen zaion arte. Oraingoan, denborarena.

Eta lana entregatuko du, “halako eta halako esaldietan buelta pare bat gehiago emanez gero…” esaten diolarik bere buruari. Emaitzak ez du sekula guztiz aseko, baina, ez esan lanbidea bera polita ez denik!

Iruzkin bat utzi

Bego Montorio atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s