Artxiboak hilabeteka: uztaila 2014

«Crudivegano»… eta beste

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Izenburua halakoa izanik ere, ez dut hemen abereekiko harreman mota horren gainean mintzatzeko asmorik, baina aitzakia zait hitz hori itzulpenetan maiz gertatzen zaigun arazo baten hona ekartzeko.

Beti sortu zait nolabaiteko ezinegon eta kezka «Nola esaten da *?» galdera, hitzetik hortzera, bota izan didatenean. Eman diodan erantzunak balioko ote dio? Zentzurik ote du erran diodanak, galdetu duenaren egoera niretzat ezezagun hartan? Beharbada zalantzetarako dudan jaiduratik etorriko zait hori; zuri ala beltz erabakitzeko nire zailtasuna izanen zait hor eragozpen. Gauza da lehengo egunean hala galdetu zutela ItzuLen: «Nola esaten da crudivegano?», eta niri horrek milaka demonio piztu zidan kasko barnean. Azkenean, gogoeta ildo nagusiaren haritik erantzutea bururatu zitzaidan, alegia: «Haragirik ez eta dena gordin jaten duena».

Bestelako erantzunak ere jaso zituen: «gordinjale» bat eta «gordinbegano» bat.

Ez dakit baten bat balio izan zitzaion, baina eskerrak emateko besterik ez zuen, horren ondoren, idatzi; moldatuko zen, nonbait, haiekin, edo moldatuko zuen besterik, bere kontura.

Hona heldurik, barka biezat Maddik nire erantzuna, bi aldetatik barka ere; lehenik, begano izateak ez dakarrelako, jateari dagokionean, soilik haragirik ez jatea, ezpada, abere produkturik (aberekirik?) batere ez jatea, eta beste aldetik, zalantza bat ezabatzeko baino, zalantza berriak plazaratzeko baliatu nuelako erantzuna. Bai, nire erantzunak txanponetik txanpon jokamoldetik urruntzeko ahalegina egin zuen, hau da: ez dakit zein testuingurutan erabilia zen gaztelaniazko hitz hori, eta, hartara, mila arrapostu iruditzen zitzaizkidan posible edo ezinezko; zein, baina, zitekeen ezagutzen ez nuen testuinguru baterako egokia?

Egunero itzultzen ari garenoi maiz gertatzen zaigu jatorrizko hizkuntzak eramaten gaituela, eta han izen dena izenez ordezkatzen dugu, eta izenondoa, izenondoz, eta hala eginik, esaten duguna desitxuratzen joaten zaigula. Espainolak erraz eramaten du dena izen-izenondo alorrera; berezkoa du eta oso lasai eta oparo dabil espainola izenondotan; euskarak ez du halako joera eta, gaztelaniazko hari jarraiki edo jarraitzen ahaleginduz, maiz baztertzen ditugu euskaraz esan nahi den hori laburrago, errazago, adieraz lezaketen moldeak. Esamolde nabarmenenetan ez da hala gertatzen, gehienetan bederen, edo itzultzen gutxieneko eskarmentua dugunon artean behintzat: «Sufrió una caida», gehienetan «Erori zen» bihurtzen zaigu euskaraz, nola esaten den gehiegi pentsatzeari ekin gabean, baina hizkera zerbait korapilatzen denean, horren segur ez zaigun esparru bateko esamoldeekin –maiz administrazio hizkerako ustezko teknizismoekin–, sekulako errespetua gorde ohi diogu jatorrizko estiloari eta haren kalkoa egitera mugatzen gara, badaezpada ere.

Nire erantzunaz, atzerasalto bat egin nahi nuen, bai eta egitera gonbidatu ere, hitzak ez baitira testuingurutik at sortzen; hitz baten sorlekua adierazpen eremu bat da eta hortik aldentzen badugu, hitza makal eta azkurririk gabe da sortuko, ezinbestean, beste testuingururen bat bilatuko du, eta beste hizkuntza batean du aurkituko. Hitz bat euskarara ekarri nahi badugu, euskarazko alorretan behar dugu landatu edo hazia bota, testuinguru desberdinetan baliagarri gertatuko bada. Hitz bat ez da soilik hitz bat; kontzeptu unibertso oso baten barruan den aletxoa da; hara nahi nuen crudivegano eraman.

Gaur egun hizkuntza anitzetan hedatu da titulutan mintzatzeko ohitura, gizarteak hala ari direlako, sailka eta sailka, nortasun eta zertasun eskean: crudivegano, vegetariano, ecologista, español, vasco, vasco-español (isilpean, baina), feminista, heterosexual, celiaco eta abarreko etiketen bitartez adierazi eta mugatu nahi dugu bizitza. Hartara, beharbada, euskaraz ere beharko dugu hitz bakar batean erran crudivegano hori, baina, kasu, espainolezko adjektiboak –eta espainolezko beste molde anitz ere– euskaraz ere gaztelaniazko molde berean emateko ahalegin ikaragarriak egiten ari garela iruditzen zait; euskaraz ez da espainolez bezainbeste adjektibatzen eta espainolezko adjektibo oro, hortaz, ez dira euskaraz adjektibo. Norbaitek galdetuz gero –«Nola esaten da *?» hori bezala–, beste honako hau: «Zer zara zu?». Erantzun dakioke gordinjale begano (gordinjale begana?), lesbiano (lesbiana?) rockzale, babarrunjale amorratu, feministo (feminista?), euskaldun, euskaradun, basko (baska?), basko-espainol, hego-euskal herritar eta abar garela, baina hainbat eta hainbat testuingurutan, «ez dut aberekirik jaten» edo «babarrunak gustuko zituenez» edo antzeko adierazpideak zaizkigu egokiagoak. Lehen esan dut kasu gordinenetan hala egin ohi dugula, baina iruditzen zait ez dugula oraindik, beste hizkuntzetatik euskaratzerakoan, jatorrizko hizkuntzetan agertzen zaizkigun hitzenganako lilura galdu. (Horrenbeste lan «luzemetraila» ikasten eta hara non, orain «flim» den!)

Nola esaten da *? Maiz ez da inolaz ere esaten; beste hizkuntzetan ere, sortu berria da hitza eta euskaraz sortu beharra dugu –sortu behar bada– eta horretarako, azter dezagun zein alorretan mugi dadin dugun ekartzen, zein duen lur emankor, non emanen dioten abaro; erein dezagun, lehenik, lur emankorrean, haziko bada.

Administrazio hizkera aipatu dut lehen, lilura horren gerta eremutzat, baina ez da leku bakarra; honako esaldi hauek, adibidez, literatura alorrekoak ditugu:

«Arrotzaren promesak esker-adierazpenik beroena eragin zuen nigan»

edo:

«Hala ere, ohiz kanpoko gogo baten jabe zen C* eta berezkoa zuen adorea ere laguntza ematera etorri zitzaion halako zoritxarraren aurrean».

Ingelesaren kutsua dute bi esaldiok; euskaraz horrela ere esan daiteke, noski, hor esanikoa, baina hala esango genuke ingelesez hala sortua ez balitz? Euskara garatzen, aberasten, laguntzen du ala alorrak nahasten ditu, bideak ezabatzen eta irudiak lausotzen?

Horra gogoeta baterako hari mutur bat, tiratu nahi dionik bada.

Eta barka, berriz ere, Maddi eta milesker zure galderak eman baitit aspaldi buruan dabilkidan zerbaiterako tira hari mutur bat!

Iruzkin bat utzi

Bakartxo Arrizabalaga atalean

Errebokatu II

Maite Imaz Leunda

Hitz horren ordez Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak beste batzuk erabiltzeko gomendioa ematen duela aipatu nuen orain dela 3 hilabete blog honetara egin nuen ekarpenean. Euskaltzaindiaren gomendioak Terminologia Batzordeak onetsitako formekin eta lege itzulietan gehienbat erabiltzen direnekin ez zetozela bat ere aipatu nuen.

Orduko hura pixka bat osatze aldera, euskaratuta dauden legeetan Euskaltzaindiak proposatzen dituen ordainen (indargabetu, baliogabetu) erabilerari erreparatu diot oraingo honetan

 indargabetu = derogar

DISPOSICIONES DEROGATORIAS
Primera. Derogación de la Ley de 17 de julio de 1953

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK
Lehenengoa. 1953ko uztailaren 17ko Legea indargabetzea

Erantzunkizun Mugatuko Sozietateen Legea

Derogación terminoa legeak edo erregelamenduak egiteko ahalaren ondorioz lege edo arau bat ordezten dela adierazteko erabiltzen da; ez nuke esango revocación terminoaren sinonimoa denik.

indargabe utzi = suspensión

Base séptima: Medidas cautelares

Cuando se ponga en grave peligro la seguridad vial o se perjudique de forma también grave el interés público en el ámbito de las materias reguladas por esta Ley, la Administración competente podrá acordar, durante la tramitación del correspondiente procedimiento, mediante resolución fundada, la suspensión cautelar de las autorizaciones administrativas previstas en la base anterior, procediéndose a la intervención de los documentos acreditativos.

Zazpigarren oinarri-araua

Bide-segurtasuna arrisku larrian jartzen denean edo lege honen bitartez araututako gaien inguruan herritarren interesei kalte egiten zaienean, aurreko oinarri-arauan aurreikusitako administrazioaren baimenak zuhurtziaz indargabe uztea erabaki dezake eskumenak dituen administrazioak, arrazoietan oinarritutako erabakia emanda, prozedura gauzatzen ari den bitartean; horretarako, bahitu egingo ditu ziurtagiriak.

Suspensión terminoa ondorio kaltegarriren bat eratortzeko arriskua dagoelako administrazio-egintzaren bat bertan behera uzten denean erabiltzen da. Esango nuke arrazoi bat behar dela suspensión bat eragiteko eta, beraz, ez dirudi revocación terminoaren berdin-berdina denik administrazio-zuzenbidean (La revocación de competencias puede realizarse en cualquier momento).

baliogabetu = inutilizarse

Artículo 414
Los legajos de documentos existentes en el registro que tengan matriz, hubiesen sido expedidos por duplicado o aparezcan registrados en otras oficinas, podrán inutilizarse una vez transcurridos veinte años desde que fueren formados. Pasado igual plazo se inutilizarán los legajos de cartas de pago y sus copias, los libros de estadística que sirvan de base a los estados a que se refiere el artículo 622 y los talonarios de recibos.

414. artikulua
Erregistroko paper-sortetan jasotako agiriek jatorrizko agiriak badituzte, agiriok bikoiztuta egin badira edo beste bulego batzuetan erregistratu badira, horiek baliogabe daitezke, egin direnetik hogei urte igarotakoan. Epe bera igaro eta gero baliogabe daitezke, dela ordain-gutunak eta euren kopiak, dela 622. artikuluko egoeren oinarri diren estatistika-liburuak, dela ordainagirien taloitegiak.

 Hipoteka Erregelamendua

baliogabetu = invalidar

Artículo 1266
Para que el error invalide el consentimiento, deberá recaer sobre la sustancia de la cosa que fuere objeto del contrato, o…

1266. artikulua
Okerrak adostasuna baliogabe dezan, oker hori kontratuaren objektu den gauzaren muinari buruzkoa izan behar da, edo…

Kode Zibila

baliogabetu = anular

Asimismo, la circulación de un vehículo durante el plazo de suspensión cautelar de la autorización de circulación que se haya acordado en el curso de los procedimientos de nulidad, anulación y pérdida de vigencia de dicha autorización dará lugar a la inmovilización del vehículo.

Halaber, baimena ezdeus deklaratzeko, baliogabetzeko edo indarra kentzeko prozedura batean zirkulazio baimena kautelaz etetea erabaki bada eta, epe horretan, ibilgailua zirkulatzen ari bada, ibilgailua ibilgetu egingo da.

Ibilgailuen Araudi Orokorra

Baliogabetu hitzaren adiera horietan ez zait iruditzen revocación hitzaren definizioan jasota dagoen kontzeptua esan nahi denik.

Uste dut hiru hitzen beharra (baliogabetu, indargabetu eta errebokatu) badugula, eta gehiagorena ere bai, zuzenbidean jasotzen diren kontzeptuak izendatzeko.

2 Iruzkin

Maite Imaz atalean

Helburu estrategikoen estrategikotasunaz

Estitxu Garai Artetxe

Estrategikoa. Horra hor modako hitza. Ildo estrategikoa, erabaki estrategikoa, ekintza estrategikoa, eta abar luze estrategikoa. Ezer ez da aintzat hartzekoa “estrategikoa” ez bada. Ezin ukatu alboan daramanari oihartzun berezia ematen diola, puztu egiten duela.

Estrategikoen artean estrategikoenak, nola ez, “plan estrategikoak” dira. Egunak joan egunak etorri, han-hemengo erakunde eta enpresek eurenak aurkezten dizkigute. Baina, nola jakin plan horiek benetan “estrategikoak” diren ala ez? Abiapuntua helburuak (beno, barkatu, helburu estrategikoak) aztertzea da, horiek esango baitigute planaren mamia zein den.

Herrialde anglosaxoietan, helburu estrategikoen egokitasuna xedatzeko, S.M.A.R.T.[1] akronimoa erabiltzen dute, hau da, honako ezaugarri-zerrenda: Specific (zehatza); Measurable (neurgarria); Achievable (egingarria); Realistic (errealista); Time-bound (denboran mugatua).

Tresna baliagarria iruditzen zaidanez, ADIMEN hitzaren bidez euskarara moldatzeko ahalegina egin dut. Eta, aldez aurretik, jakin ezazue: ingelesezkoa baino hobea da, aldagai gehiago hartzen baititu kontutan. Hori hala da nire iritzi-apalean (alegia, nire iritzien bilduman).

Hemen dituzue helburuek bete beharreko A.D.I.M.E.N ezaugarriak:

  • Argia: Idazketa argia izan behar dute. Formulazio egokiaren bidez lehenengo irakurketan ulertu behar dira helburuen nondik norakoak.
  • Doia: Zehatzak izan behar dira. Ondo adierazi behar dute zer aldatu asmo den, nola, noiz eta non.
  • Ikerketan oinarritua: Egoeraren analisi zorrotza izan behar dute oinarrian, ezinbestekoa da jakitea non gauden eta nora iritsi nahi dugun.
  • Mugatua denboran: Noiztik nora beteko diren zedarritu behar dute. Helburuek ez dute zertan plan estrategikoaren indarraldiarekin bat etorri.
  • Egingarria: Eskura ditugun tresna eta gaitasunen arabera lorgarriak izan behar dute.
  • Neurgarria: Jarraipena egiteko aukera eman behar dute. Gomendagarria da xedea eta onurak kuantifikagarriak izatea.

Azken ezaugarria, neurgarria izatea, funtsezkoa da, eta, oro har, hori da helburu gehienek duten gabezia. Egia da alor batzuetan zenbakietara makurtzea arriskutsua izan daitekeela, baina beste zenbaitetan zenbakiei ihes egitea makurra da. Kuantifikatzeak, onerako eta txarrerako, zera dakar: egindakoa (eta egin gabea) lehen begi-kolpean ikustea.

Gonbitea luzatzen dizuet, hartu edozein plan eta helburuei ADIMEN zerrenda pasa. Emaitzaren arabera, zuek erabakiko duzue bertan azaltzen diren helburuak zer diren: estrategikoak ala itxurakeria estratosferikoak.

[1] Ingelesez SMART hitzak “adimentsua”, “azkarra” esan nahi du, beste adiera batzuen artean.

Iruzkin bat utzi

Estitxu Garai atalean

Hainbat gauza

Oskar Arana Ibabe

Idatzi ditudan ia guztien haritik, garai batean eta zenbait pertsonaren ahotan entzuten nituen hitz bat eta esapide bat aipatuko ditut gaurkoan, geroz eta bakanago entzuten ditudanak, eta neure buruan eta oroimenean ere geroz eta urriago agertzen direnak, erabiltzeko aukera ematen duten egoerak eta solaskideak ere urritzen ari-eta; neure buruarekiko solas txiki bat ere bai, horien ostean.

Saikolo… Gure inguruan bizirik egon den hitz bat, izenondoa; gaitzespenezkoa, burlazkoa, edo isekazkoa du adiera, beharbada tankera bereko kokolo, zozolo, momolo… eta abarren bidetik eratua, sai + ko + lo edo sai + kolo elementuak batuz. Ez dut aurkitu inongo hiztegitan jasorik, eta, erabiltzen duten hiztunei berei galdetuta, hau da eman izan didaten definiziorik zehatzena: saikoloa da ganorabako haundi bat. Gero, hitz hori zein egoeratan erabili izan den gogoratuta, zertxobait zehaztu ahal izan diot esanahia, zeren eta, esango nuke, ganorabakoa izateaz gainera lotsabakoa behar duela hori esaten zaionak, hau da, bere ganora eskasaz lotsatzen ez den pertsona bat izaten dela, alegia, gibel handia, eta, gainera, bere lotsarik ezaz eta gibel handiaz ere harrotu-edo egiten dena, isekari berari halako trufazko barre sendo eta geldoarekin erantzunez. Adar-jolea ere bada batzuetan, trufa edo trikimailu lotsagaberen bat baliatu ostean ere esaten zaio… Horregatik harritu izan naiz, sarritan, hala deitzen zaionak saiarekin izaten duen antzarekin, hegoak lasai zabaldu eta presarik gabe, urduritasunik gabe, jateari edo edateari edo potro jorran aritzeari ematen zaiolarik.

Euskaraz guk baino ahalegin txikiagoarekin egiten zuten pertsona horiek berek erabili ohi zuten Zer da berau? esapidea, haserrezkoa, sumindurazkoa, beren aginpidean edo eskumenean zituzten umeei edo adingabeei buruz. Umeak ginen, eta, hori esaten zigutenerako, oso-oso haserre egon ohi zen familian egun horretan gure ardura hartua zuen heldua, oso-oso petralduak behar genuen guk ordurako, helduak hori esana zuketenerako. Esapide horrek, sarrera gisa, Baine-baine… hitzak eramango zituen: “Baine, baine… Zer da berau?”… Eta, berau hori, gu geu ginen, umeok, zaborreria, katalanez la canalla, ordurako behar ez den bat edo bihurrikeriaren bat edo arduragabekeria larriren bat eginik. Egoskorkeriaren kontrako esapidea izaten zen, agintea nork zuen argi uzten zuena, eta urrun gabe izaten zen hori esan ostean zaplaztekoa edo belarrondokoa, edo etxe barrurako oinetakoren bat hegaz gure atzetik eta gu arineketan ihes… Petral-aldietako edo kasketaldietako esapidea, inondik ere, eta, beraz, oso erabil-eremu berezitukoa.

Itzultzaile aritu garenez, ezin edonon eta edonoiz eta edonola itzulpen-ariketak egiteko ohitura edo inertziari galga eman. Kalean oinez, edozein pareta edo zokotan hain ohikoak izaten diren idazkun beltz larderiazko bat: “Euskalduna naiz, edozer, ostia!”… Hori eta antzeko asko irakurria naiz gure paretetan, eta idazkun horri antzeman uste diodan esanahiaz oso bestera, pentsatu nahi nuke edonongo eta edonoizko eta edonolako pareta-mezu hori ez dela betikoa, alegia, idazkunak aditzera eman nahi uste duen izaera hori ez dela gure idiosinkrasiaren tasuna, areago dela industrializazio gaizki digeritu edo bolada beltz eta hipernegatibo baten lekuko aldi baterako, koiunturazko, bolada bateko. Zeren eta, ulertu, lehenbizikoan ulertu baitut, nahiz eta gero itzulpen ariketak egitera jarri: beharbada tabernariak “Zer hartuko duzu?” galdetu ostean emandako erantzuna da, auskalo zer kantatako lerroa, punk-a, edozein modutan ere… Edo zernahitarako gaitasunaren adierazlea, edo eroapen ezin handiagoarena, edo erresistentzia-gaitasun itzelezkoarena, nik dakit zer. Baina nahigabea sentitu dut. Euskara, kalean, hedabideetan, sarriegi ikusten dut antzeko kolorearekin loturik, estekaturik: haserrearekin, sumindurarekin, kritika garratzarekin. Edonor uxatzeko moduko giroarekin nabarmentzen da gure hizkuntza, sarriegi. Kalean eta paretetan, batez ere. Erantzungo nioke, haserrealdi horretan hori idatzi zuen gazteari, euskalduna izatea, gaur behintzat, gauza oso-oso soila eta, gaur egun, aldi berean, zaila dela: euskaraz egitea, zenbat eta txukunago, zenbat eta bizitasun handiagoa duela hizkuntzak ahoan, orduan eta euskaldunago, ez besterik. Beste alde batera okertu ditut begiak, erreka aldera, sahatsei eta haltzei begiratzeko; ez dute euskaraz egiten, baina baretu eta goxatu egin zait gogoa…

Iruzkin 1

Oskar Arana atalean

Santiago eguna

Mikel Taberna Irazoki

Mikel Laboak kantatu zizkigunetatik aparte, Xenpelarrenak bide diren bertze bertso batzuk ere badira haien gisara xexen moduko batek Pasai Donibanen eginiko balentriak kontatzen dituztenak. Segur aski lehenago ere irakurriak izanen nituen, baina ahantziak ere bai, eta orain, nire gaurko testua prestatzeko gai bila nenbilela ustekabean berriz ere begiz jo baititut, haietan eta bertso haien inguruko kontaketan kateatua gelditu naiz, gatibu.

Nire testua gaur argitaratuko zela jakinik, neure baitan pentsatu nuen zer egokiago Pasaiako herritik bertsoetatik abiatzea baino. Beraz, bertsio jatorrizko samar bat eskuratu nahiz, aita Zavalaren Xenpelar bertsolaria hartu, eta leitzen hasi naiz Pasai Sanjuan’go zezenak izenburua daraman kapitulua. Honat ekarriko ditut, zerttobait bakandurik, hango hitzak:

“Pasaia’ko zezenai buruz bi jarri-aldi arkitu ditut (…) Jarri-aldi aueri buruz argibide auek eman dizkigu ainbeste denboran Xenpelarren illobarekin bizi izana dan Florentina Pérez Salaberria’k:

«Pasai San Juan’go plazak aieka batetik itxasoa du, bañan bestetik etxeak. Ta mendi-aiekatik dute sarrera ango etxerik geienak.

Santiago-egun batez, zezenak iges egin zuen barrera-tartetatikan, eta mendi aldera jo zuan.

Jendea, ura libre ikusi zuanean, etxe-barrenetara sartu zan; baita zezena ere atzetikan. Orduan danak, nun izkutaturik etzutela-ta, oi-azpietan ta al zuten tokietan sartu ziran. Tellatura igoak ere izan bear zuten.

Bañan zezenak usaia-edo aditzen zuan, da sobrekama ta maindireai tira ta tira asi zan. Traba billatzen zuan ta orduan ta larriago zezena.

Gero, ixpillu baten aurrera joanda, ura txikitu bearrean asi zan adarrakin kolpeka, an beste zezen bat zualakoan.

Urrena, balkoira atera omen zan, bere maindire ta sobrekamarekin, ta jende dana kaletik karraxika.

Andik beera noizbait ere jetxi ta jendeari segika asi zan. Batzuk beren burua putzura bota zuten, ta bai zezenak ere berea atzetikan.

Andik atera egingo zuten nola edo ala arakiñak edo norbaitek, bañan eztakit ori.

Gu ere, neska koxkorretan, Pasai’ra joaten giñan Santiagotan ango zezenak ikustera, ta Joxepa Antonik, Xenpelarren illobak, onela esaten zigun:

– Gaur ere San Juan’a al zoazte? Joan, joan! Len ere an festa pollita pasia da ta zoazte! Or ibilli bearko dezute itxasora zeuen burua bota ta larri! Joan bestela mendira; ikusiko dezute zer daukazuten atzetik: zezena!

Pasai’ko gertaera ori bein baño geiagotan kontatu zigun.» (…)”

Hitz horien ondotik heldu dira segurtasun osoa ez izanagatik aita Zavalaren ustez Xenpelarrenak diren bertsoak (“liburu ontan jarri degu… Xenpelarrena ote dan susmo egiteko motiborik pranko badala iritzirik”): Bertso berriak Pasaia’ko zezenari jarriak. “Bertso berri batzubek, konsola gaitezen…”

Ez ditut hemen guziak paratuko, baina jakin ezazue denok ezagutzen ditugun sortakoak bezain ederrak direla, hauek ere dudarik gabe balio dutela konsolatzeko triste daguen guziya. Irakurgosea bizteko, hona hemen zazpigarrena eta hamalaugarrena (azkena):

“7) Bestia an zeguan
oiaren azpiyan,
eztul asko egin bage
nere iritziyan;
orlako konturikan
juan dan aspaldiyan
ez dala pasa nago
gure probintziyan

 

14) Balkoyian ziranak
ez dira errez gorde,
franko arrapatu ditu
aberats ta pobre;
maindiria ostuta
juan da gero ere,
asaltuan sartuta
sakiua libre.”

 

Liburuan, gero, jarraian datoz aboak ezagutarazi zizkigun Bertso Berriak: “Pasaia’ko plazatik dator notiziya … “. Horiei buruz, aita Zavalak Luis Jauregi apaiz jaunaren hitzak txertatu zituen liburuan, 1958ko bertze argitalpen batetik ekarrita: «Pasaia’n, Santiago-egunez, xexenak izan oi dira. Orretarako, erriko Enparantza Nagusian, esia ipintzen dute. Beste zenbait urtetan bezela, ba, juan zan gure Xenpelar xexenak ikustera egun ortan, ta ara nun esitik salto egin, ta jende-tartera jotzen dun zezenak. Ango zalaparta ta iskanbilla … !»

                        *                      *                      *                      *                      *

Eta horrekin guziarekin zer?, galdetuko duzue honaino irakurtzeko pazientzia izan duzuenok. Auspoako ale horretatik ebatsirik honat ekarri ditudan lerroetan bada hizkuntza konturik hemen ohi dugun maneran aztertzeko modukorik, eta nahi duenak egin lezake, baina, nire aldetik, iruditzen zait gaurko hau eskaintza bat izan daitekeela, bertzerik gabe, nire irakurketa bat zuekin partekatzeko. Hurrengoan itzuliko gara xehetasunetan piko egitera, xorroxtasunera.

Amaitzeko, pare bat ohar: nahiz eta Xenpelarren izena Joan Frantzisko/Prantxisku Petrirena zela jakin, ez nuen gogoan haren aitona, “Juan edo Juaquin Cruz de Petriarena”, Sunbillatik joana zenik Errenteriara. Pentsatzen hasi naiz blog honetako gobernadoreetako bat ( 😉 ) haren ondorengo jendakia ez ote den.

Bertzalde, Santiago eguna seinale Pasaian, bai, baina baita bertze hameka tokitan ere; eta Alkaiagan ere bai. Gure auzo koxkorrean ez da inoiz adardunik erabili, nik dakidala, ez libre ez sokaz loturik, jendea harekin jostetan (hura sufriarazten) aritzeko; gu baino zaharragoen denboran antzarak edo piroak paratzen omen zituzten zintzilik, Lekeition bezalatsu, eta haiek baino salbaiago zirenak behor gainetik lepoa kentzera saiatzen ziren tiraka. Gaur egun, horrelakorik ez da egiten, ezta nahi ere. Programako ekitaldi nagusia bizilagunen bazkaria izaten da, eta gero han ibiltzen da jendea salto eta irrintzi (aurten Balentin joan zaigu, eta sumatuko dugu haren falta inor ez baita plaza erdira aterako kriskitinak eskuetan dantza egitera); horretaz aparte, aurrekontu ttikiko bertze gauza mordoxka bat ere antolatzen dute bertako gazteek, gehienbat haurrei begira; azkeneko urteotan mendiko lasterketa polit bat asmatu dute, neska-mutilek taldeka egiten dutena. Inor animatzen bada, badakizue…

Uda ona pasa!

Iruzkin bat utzi

Mikel Taberna atalean

Adi! ‘Hortaz’ hitza istripu bat izaten ari da

Juan Luis Zabala

Ez du guregan eragin bera istripu bat gertatu dela jakiteak eta istripu bat ikusteak. Geure begien aurrean gertatzeak handitu egin ohi du istripuak sentiarazten digun zirrara edo larritasuna.

Agian horregatik sentiarazten dit halako larritasun berezi bat hortaz hitzarekin gertatzen ari denak; zuzenean ikusten ari naizelako izaten ari den istripua (hiztripua, Iñigo Aranbarriri ikasitako hitzokeian).

Jakina denez, joera zabaldua da horretaz esan ordez hortaz esatekoa; honetaz esan ordez hontaz esatekoa bezala (edo huntaz, Txillardegiren aspaldiko liburu ezagun baten izenburuak erakusten duen moduan). Baina orain horretaz ordez hortaz erabiltzeko joera ahozkotik idatzira pasatzen hasi da, honetaz ordez hontaz –edo huntaz– idazteko joera ez bezala.

Zergatik?

Bada, nire ustez, Xuxen andere zorrotzak hortaz ez duelako gaitzesten, hontaz eta huntaz gaitzesten dituen bezala; hortaz, izan ere, beste hitz bat baita, horretazekin zerikusi zuzenik gabea bada ere. “Hori dela eta, beraz”, dio hortaz hitzaren sarreran Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak, eta adibide hau ematen du: “Hasiera duk polita; hortaz, has gaitezen ahalik eta gehienetan”).

Xuxenek emandako baimenak pentsarazten du hortaz erabil daitekeela horretaz erabili ordez. Uste okerra, neu ez banago guztiz oker.

Egin, ordea, ez dakit zer egin daitekeen horrelako istripu bat gertatzen ari dela ikusitakoan.

2 Iruzkin

Juan Luis Zabala atalean

Ingelesik? Ez, eskerrik asko!

Aiora Jaka Irizar

Beti liluratu izan nau haurren gaitasun linguistikoak, inguruan duten edozein hizkuntza (izan bat, bi, hiru ala gehiago) ezin hobeki eta oharkabean ikasteko trebetasun harrigarriak. Eta beti izan naiz ahalmen horri ahalik eta zuku gehien ateratzearen aldekoa, haurrei inguruan dituzten hizkuntzetarako sarbidea erraztearen defendatzaile sutsua. Horregatik animatu izan ditut beti nire inguruko erdaldunak seme-alabak euskaraz eskolatu ditzaten, etxetik jaso ezin duten hizkuntza eskolaren bidez ikas eta barneratu dezaten: “baten prezioan bi” ikasiko dituztela azpimarratuz ahalegintzen naiz guraso erdaldunak konbentzitzen.

Hala eta guztiz ere, esango nuke modu arinegian ulertzen dugula askotan haurrak “belakiak” direlako ideia hori. Azkenaldian gurean nagusitzen ari den ingelesarekiko obsesioa dugu horren adibide: Euskal Herriko ikastetxe gehienetan umeak 4 urterekin hasten dira orain ingelesa ikasten, eta proiektu eleanitza ere gero eta gehiago ari da zabaltzen, sinetsita baikaude, nonbait, hain txikitan hasita eta irakasgai batzuk ingelesez landuta ingelesa ere ama-hizkuntza moduan ikas litekeela. Guraso erdaldunen seme-alabek guraso euskaldunen haurrek bezain ongi ikas badezakete euskaraz eskolari esker, zergatik ez dute ba ingelesa ere berdin ikasiko? Zoritxarrez edo zorionez, kontua ez da hain erraza. Argia aldizkarian gai horretaz jardun dute berriki Euskal Herriko hiru adituk: Itziar Elorzak, Uri Ruiz Bikandik eta Jasone Cenozek zalantzan jartzen dituzte ingelesa ikasten txiki-txikitatik hastearen abantailak, baita irakasgai batzuk ingelesez lantzeak ekar litzakeen onurak ere. Ez dirudi estrategia berri horiek aldaketa handirik eragin dutenik gure ikastetxeetako ikasleen ingeles mailan. Sarah Turtle itzultzaile ingeles euskaldunduak ere antzeko iritzia plazaratu zuen orain dela gutxi aldizkari berean: “Hor ikusten ditut gurasoak —dio—, estresatuta, umeek ingelesa ikas dezaten. Lasaitu egin beharko lukete, presarik ez izan. Garaia heltzen denean, ikasiko dute, ikasi behar baldin badute: joango dira ingelesez hitz egiten den herrialde batera, edo igaroko dute ikasturtea atzerrian”.

Eta, halere, hortxe jarraitzen dugu gure seme-alabak ingeles akademietara bidaltzen, udaleku ingelesetan inskribatzen, ingelesez dakiten haurtzainen eskuetan uzten, are urtebeteko haurrentzako hizkuntza-eskoletara eramaten. Zer nahi duzue esatea: ni gero eta konbentzituago nago alferrikako denbora-galtze, diru-xahutze eta indar-gastatzea dela. Izan ere, hizkuntza bat ama-hizkuntza moduan bereganatzeko, ez da nahikoa txikitatik ikasten hastea edota eskolako hainbat irakasgai hizkuntza horretan ematea; ezinbestekoa da, horretaz gain, hizkuntza hori “bizitzea”, norbere bizitzaren eta nortasunaren zati bihurtzea, inguruarekiko eta ingurukoekiko harremanetarako tresna natural moduan erabiltzea, hizkuntza horretan funtzionatzen duen sare oso bat izatea. Hizkuntza arrotz bat eskolarekin eta hizkuntza-akademiekin soilik lotzen duen umeak nekez bihurtuko du hizkuntza hori bere, eta hizkuntza arrotz moduan ikusten jarraituko du.

Gauzak horrela, merezi al du ingelesa umeei hain txikitatik irakasten tematzea? Ez ote da hobe haurrak gutxieneko heldutasun maila bat lortu arte itxarotea, hizkuntza arrotz bat ikasteak eskatzen duen borondate, kontzientzia eta ahalegin berezi hori egiteko gai diren unera arte? Gurea bezalako gizarte batean, gainera, iruditzen zait hobe genukeela ahaleginak euskararen harreman-sarea indartzera bideratzea, Euskal Herrian bizi diren haurrek bai baitauzkate aukerak, euskarazko murgiltze-ereduari eta bestelako ekimenei esker, euskara ama-hizkuntza moduan ikasteko.

Uste dut badugula garaia barru-barruraino sartuak dizkiguten bi obsesiori aurre egiten hasteko:

Batetik, utz diezaiogun sinesteari ingelesa mundu guztiak nahitaez ikasi beharreko hizkuntza dela. “Gaur egun ezinbestekoa da ingelesa jakitea”, entzun ohi dugu gero eta maizago gure artean. Zergatik? Zertarako? Ez ote da komenigarriagoa inguruan ditugun herrietan hitz egiten diren hizkuntzak ikastea, herri horietako biztanleekiko harremanak nahitaez ingelesetik pasatu behar izan gabe? Tristea da gero espainiar batek eta frantses batek ingelesera jo behar izatea elkar ulertzeko, zergatik eta bata ez delako gai linguistikoki eta geografikoki hain hurbilekoa duen bestearen hizkuntza ulertzeko. Zoritxarrez, ordea, gero eta zabalduago dagoen errealitate bat dugu hori. Ingelesa lingua franca unibertsaltzat jotzea hizkuntza-aniztasunaren aurka joatea da, mundu anglosaxoiaren nagusitasun eta asimilazioa onartzea. Aho-bizarrik gabe esan zuen Moreno Cabrera hizkuntzalari espainiarrak orain dela hilabete batzuk egin zioten telebistako elkarrizketa sonatuan: espainiar batentzat baliagarriagoa da katalana ikastea ingelesa ikastea baino.

Burutik kendu beharreko beste obsesioa ingelesaren (edo ikasten ari garen beste edozein atzerriko hizkuntzaren) jakite mailaren ingurukoa da. Hor gabiltza denok tematuta Pet, First, Advanced, Proficiency eta ahal balitz baita hurrengo titulua ere lortu nahian, ingelesa Elisabet II.ak baino are hobeto hitz egiteko ahaleginean. Ez ote da baliagarriagoa ingeles pixka bat jakitea, eta frantses pixka bat, eta katalan pixka bat, eta portuges pixka bat… gure inguruko hizkuntza-komunitateekin hirugarren hizkuntza baten bitartekaritzarik gabe komunikatu ahal izateko? Atzerriko hizkuntza bakar bat bikain menperatzen tematu beharrean, beharbada hobe genuke gure inguruko hizkuntzetan oinarrizko maila bat eskuratzen saiatzea, are hizkuntza horien guztien azpiko oinarri komuna ulertzen ahalegintzea (gure inguruko erromantzeen kasuan, behintzat). Hartara, italiar bat, katalan bat, okzitaniar bat eta portugaldar bat gai izango lirateke nor bere hizkuntzan arituta elkar ulertzeko. Horrek egingo gintuzke benetan unibertsal, eta ez munduko hizkuntza-aniztasuna suntsitzen ari den eta “hizkuntza global” moduan saldu nahi diguten ingelesaren ezagutza obsesiboak. Ikas eta erabil beza nork berea lehenik, eta hurbilekoena ondoren.

7 Iruzkin

Aiora Jaka atalean