Beste bi esapide, pasaeran adituak, erabiltzen ahaztu zaizkidanak

Oskar Arana Ibabe

Gertatzen da, lehenago ere esan izan dut, herriko edo ezagun euskaldun zahar gurearen aurreko belaunaldikoen ondoan egon eta norberak dagoeneko ahaztuak dituen edo erabiltzen ez dituen esapideak entzutea. Ez dute zertan gure gurasoen belaunaldiko euskaldun zahar horiek euskaraz oso ondo egin, ez dute zertan ereduzko izan mintzamenean. Euskaraz, askoz iaioagoak eta trebeagoak ziren belaunaldi horren aurrekoak, gure aittitte-amamak, haietako asko elebakarrak edo ia elebakarrak ziren eta. Beste belaunaldi honetakoak, nire ingurukoak bederen, errazegi ematen dute amore, errazago jotzen dute erdarara, are euskaldun artean egonik ere, are tartean erdaldunik izan gabe ere; hobeto moldatzen dira, edozein gaitaz ari direla, erdaraz. Baina haien gurasoak, ez, haien gurasoak hobeto moldatzen ziren euskaraz, eta, horregatik, euskara oso narrasturik eta mordoiloturik duten arren gaur egun, noizean behin, adierazmolde oso baliagarriak, bitxiak edo are ederrak ere baliatzen dituzte. Eta poza hartzen du belarriak, eta bihotzak ere bai.

“Urliak erein du patata honezkero” …nik iruzkina,….”hainbeste ere igual” erantzuna, etxekoak. “Litekeena da” edo “oso litekeena da”, “baliteke” aditu behar da testuinguru horretan esapide hori, edo “harrigarria bada ere, baliteke” ere bai, ñabardura erantsiz. Beste baliabide bat, gure zakuan sartzeko; eta, estandarrean ere, zergatik ez, lekua izan dezakeena,… ez diot nik eragozpenik ikusten. Ez dakit zenbateraino dagoen hedatuta beste euskalkietan, baina, hedatuta egon gabe ere, iruditzen zait erraz norberaganatzeko modukoa dela. Beharrezkoa ote baliabideak ugaritzea? Galde dezake baten batek. Baliabideak ugaritzeko ahalegina ez, ahazturik galtzeko zorian diren esapideak bizirik atxikitzekoa baizik, esango nuke, eder irizten diedalako, gure aurrekoen hizkuntza-senaren emaitza direlako, beste ezergatik ez.

Bestea hitz bat da, aski arrunta hiztegietan, ez ordea nire inguruko euskaldunen ahoan. “Aurrekoan, auzoan, TAO jarri dutenez geroztik badira hainbat bider, beste isun bat jarri zioten semeari”,…auzokoak. “Etxekoak eta auzokoak izanda aparkatzeagatik pagatu beharra, … beste pagakizunik ere badute horrelako huskeriengatik isunak pagatzen ibiltzeko”, haserre. Egingo nuke ez dudala sekula erabili hitz hori, hain gurea, hain arrunta, hain logikoa eta hain senezkoa izan arren.

Iturri onetik edan zuten euskaldun zaharren baliabide eta esapideak, lehengoekiko eta beren adineko hiztun onekiko jardunean ia oharkabean erabiltzen dituztenak, baina euskara guztiz narrastu eta mordoilotu zaienak, arrazoi soziolinguistiko guztiontzako ezagunengatik; lantzeko eta ikasteko aukerarik ere ez zuten izan, hori ere gauza jakina da. Gurea beste problematika bat da, bistan da. Hizkuntzarekiko jarrera, gure belaunaldian, oro har, beste ondasun askorekikoa bezalakoa izan da, onerako zein txarrerako. Eta, beharbada, geure esku ere ez dago erabat hizkuntzaren bilakaera (barkatu birao dirudien hori, ez du zerikusirik egunokaz hain boladan ibili den beste “gure esku dago” horrekin).

Hurrengo belaunaldiko kide batekin, etxean bertan, komunera abiatu naizelarik, atea itxita aurkitu eta barrutik erantzun dit: “nago egiten kaka”…

Ez dago, ez, erabat geure esku gure hizkuntzaren bilakaera…Tamalez eta zoritxarrez, esan nahi dut.

“Zagoz filosofik”,…erantzun dit hurrengo belaunaldiko horren eta nirearen tartean dagoen neska pertxenta batek gogoeta hauen berri eman diodanean.

Eta literaturara jo dut, etsita, aurkitu nahiko nukeen bezalako jarrera izango dutelakoan hizkuntzarenganako, kontsolamendu bila, …fidakaitz, ordea.

2 Iruzkin

Oskar Arana atalean

2 responses to “Beste bi esapide, pasaeran adituak, erabiltzen ahaztu zaizkidanak

  1. Aintzane Ibarzabal

    Zuk aipatu duzun bide beretik, ETB1eko Teleberrin, duela ez hilabete asko Igeldon izan ziren suteen albistea eman zen. Suteen lekuan bertan, kamara aurrean mendiaren egoeraz azalpena eman zuen basozaina, baserritar soila edo suhiltzailea izan zitekeen adinez 60 urte inguruko gizonezko batek. Amaiera aldera “mendia edo ingurua sukina” zela esan zuen, entzuleak sutearen arrazoia hobeto uler zezan.
    Hitzak atentzioa eman zidan, sukin (ik. sugin): combustible. Erabilera jasota dago Orotariko euskal hiztegian: sua egiteko ona dena; sua egiteko erabiltzen diren sastrakak edo landareak.
    Baina hitzak berak baino gehiago, arreta eman zidan bere naturaltasunak eta erabili zuen metonimiak , eta horrenbestez, euskaraz eskolatu gabeko hiztunen lexikoaren aberastasunak.

  2. Pruden

    Eskerrik asko, Oskar, asko gustatu zait.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s