Miyesker

Irantzu Epelde Zendoia

Oso erraz irakurtzeko modukoa egiten ari zait, ongi idatzia egoteaz gain gaia gustukoa dugulako, Garbiñe Bereziartuak orain dela gutxi aurkeztu duen ikerlana: Ingurune euskalduneko gazteak eta hizkuntza idatzia, eskolan eta eskolatik kanpo. Esan dezagun, lehen-lehenik, inguru euskaldun hori egilearen jaioterria dela, Azpeitia, eta gazteen jardunetan oinarritu duela, osoki, bere lana. Gaurko sarrerarako hizpidea izenburuko eskolatik kanpoko horrek emango digu, hain zuzen; zehatzago, ikasle gazte horiek sare sozialetan-eta erabiltzen duten hizkerak. Hobeto esanda, hizkeraren ezaugarri batek.

Hemen tesian transkribatuta datorren elkarrizketa pasarte bat[1]:

____

15. elkarrizketa zatia

1- Eneeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeee (:

bizi al alaiz?

2- ke pasaaaaaaaaa

ba bai emenxeeeee jaja

zmz

1- bienn bienn alaa berdU (:

ba ondo taa zuu?

2- baitare earki emenxe jajaj

poztn naiz

1- pOzztee naaaizz nire zuu ondo eotieez (:

2- jaja

1- aazpaldiyen hitzein gaabee eeee! hitzein genun azkena oindala 5 iyebetee inguru izengoozan… santo tomasetan!

____

Gazte horiek esparru informalean erabiltzen dituzten hizkuntza ezaugarri nagusiak, egilearen corpus hedatuan ageri denez, hauexek dira: euskalkia erabiltzea, laburdurak erabiltzea, eta, askotan, ahozkora hurreratzeko bestelako bide edo estrategia batzuetara jotzea: letrak eta puntuazio ikurrak errepikatzea, hizki larriak erabiltzea (oihu egiten dutela simulatzeko), eta abar.

Ez dakit ahozkora gerturatzeko ahalegin horregatik izango ote den, edo bestela bi letraren ordez bakarrarekin (ll > y), motxago, moldatu nahi izateagatik, baina begira eman dit azken aldera azaltzen den 5 iyebetee horrek. Ohituta naukate iyabeteetara Txingudialdeko gazteek, ez pentsa, baina Urola ez da Txingudi, eta beharbada, barren-barrenean, ez nuen espero —aitortu behar dut— azpeitiarren mezu-trukeetan miyesker-eta topatzea, han eta hemen.

Teknikoki, fonetika-fonologiaren aldetik, ez ninduke honenbesteraino harritu behar kontu honek: artikulatorioki eta akustikoki oso antzekoak dira, nonbait, illebete eta iyebete aldaeren bokalarteko lehen kontsonanteak. Lehena izanik markatuena, artikulatorioki konplexuena, ulertzekoa da hizkuntzak bat galtzekotan horixe galtzea[2]. Nolabait esateko, fonetikoki onenak irauten duela. Gaztelaniaren historia hurbilean gertatu da hori, eta euskaraz ere ari da gertatzen, nahiz oraindik ez den sakon ikertu fenomenoaren hedadura zehatza. Nahi nuke jakin Azpeitialdean, eta oro har ingurune euskaldunetan, nola diren kontuak.

Millesker

[1] Bereziartua, G. 2013. Ingurune euskalduneko gazteak eta hizkuntza idatzia, eskolan eta eskolatik kanpo. EHUko doktore tesia., 278. or.

[2] Oñederra, L. Ahoskeraren jabekuntza (H1) vs ikaskuntza (H2) elebitasunaren esparruan. EHUren XXXII. Uda Ikastaroetan emandako hitzaldia. 2013ko uztailaren 29a.

4 Iruzkin

Irantzu Epelde atalean

4 responses to “Miyesker

  1. ander

    Ba azpeitiar gazte bat naiz eta bai, hemen behintzet, batez ere whatsapp eta holakoetako elkarrizketetan, erabat erabiltzen da “y” “ll”-ren ordez. geu ere konturatuta gaude jeje

  2. Irantzu Epelde Zendoia

    Eskerrik asko, Ander!

    Eta ahozko elkarrizketa arruntetan, zuen artean? Zein da zure pertzepzioa?

  3. Borja

    Goierritar batek “mutil bat” baina “mutiyak” idatzi izan dit niri (ahoskatu bezala, nire ustez). Alofono berrien sorrera begibistan, gaztelaniazko “galera” hutsa baino askozaz interesgarriagoa! 😉

  4. Saroi Jauregi

    Niri, atzo, Zaldibiako 14 urteko neska batek: «miyesker».

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s